Eusko Jaurlaritzak 500.000 euro onartu ditu musika jarduera profesionalak diruz laguntzeko (Gobernu Bilera 2017-05-02)

logoconsejo.jpg

2017.eko maiatzak 02

Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko deialdi honek iaz baino 25.000 euro gehiago izango ditu

Gobernu Batzordeak 2017an musika jarduera profesionaletarako diru-laguntzak emateko modua arautzen duen agindua onartu du bere gaurko saioan. Guztira, Eusko Jaurlaritzak 500.000 euroko kontu-saila izango du musika ekitaldiak sustatzeko eta, oro har, musika lanak garatu edo zabaltzeko. Deialdiak iaz baino 25.000 euro gehiago izango ditu.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailetik sustatutako deialdi honek lau jarduera mota ezberdin garatuko ditu: partiturak argitaratzea, musika proiektu unitarioak, musika enpresa ekimenak eta musika programazioa. Lehenengo esparruak 30.000 euro izango ditu eta Euskadiko musikarien obren partiturak editatzea du helburua. Bigarrenaren bidez, 135.000 euro banatuko dira eta musika proiektu propioak kudeatzen dituzten eragileei dago zuzenduta.

Hirugarren diru-laguntza motari dagokienez, 195.000 euroren bitartez diruz lagunduko dira eragileek kudeatzen dituzten musika ekimen enpresarialak. Azkenik, 140.000 euro izango dira euskal musika taldeen programazioa musika areto pribatuetan sustatzeko.

Deialdiaren aurtengo igoerari esker 15.000 euro gehiago izango dira bigarren modalitatean eta 10.000 gehiago hirugarrenean.