Adierazpen Instituzionala azaroaren 25eko "Emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko Nazioarteko Eguna" dela eta (Gobernu Bilera 2017-11-21)

logoconsejo.jpg

2017.eko azaroak 21

Azaroaren 25a “Emakumeen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna” dela eta, Eusko Jaurlaritzak bere gaitzespen irmoa adierazten du indarkeria sexistaren adierazpide guztien aurrean, eta bere konpromisoa emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko berdintasunezko gizarte bat eraikitzeko.

 Testuinguru horretan, aurten bereziki gogoratzen du biktimak erreparatzeko eskubidea emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean emandako erantzunean gehitzeko erronka. Beharrezkoa da ahotsa eta protagonismoa ematea indarkeriaren biktima diren emakumeei zein horiek biltzen dituzten elkarteei, eta haien legitimitatea aitortzea erreparaziorako bideak proposatzeko.   

Aldi berean, jakitun izanik indarkeriaren jatorria emakume eta gizonen arteko desberdintasunean dagoela, berdintasun-politiken alde egiten jarraitzen dugu giza eskubideen urratze onartezin hau prebenitzeko eta ezabatzeko bide eraginkorrena delako, ahaztu gabe jarduten ere jarraitu behar dugula indarkeria jasan duten emakumeei babes eta arreta integrala emateko neurriak eta baliabideak antolatuta. 

Jaurlaritzak gogoratzen du gizarte osoaren inplikazioa funtsezkoa dela emakumeen aurkako indarkeriari heltzeko, eta berresten du bere sailak arlo horretan Emakunderekin inplikatzen eta lan koordinatua egiten jarraituko dutela.

Azkenik, herritarrak animatzen ditu emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean beren gaitzespena erakuts dezaten, azaroaren 25erako hainbat herri eta hiritan deitu diren mobilizazioetan parte hartuta.