%7an adostu dute defizitaren helburua 2016rako eta %6an 2017rako
2016.eko abenduak 05
-Ogasun eta Ekonomia sailburu Pedro Azpiazuren eta Ogasun eta Funtzio Publikoko ministro Cristóbal Montororen artean izan den alde biko bileran, Defizitaren helburuak adostu dira 2017-2019 hirurtekorako eta 2016rako (%0,7).
-Lehen hurbilpena izan da, adostasunak lortu ahal izateko Kupoaren kotizazioaren oinarrian eta Kontzertu Ekonomikoa gaurkotzeko orduan.
Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia sailburu Pedro Azpiazuk eta Espainiako Gobernuko Ogasun eta Funtzio Publikoko ministro Cristóbal Montorok alde biko lehen bilera egin dute gaur, Azpiazu Eusko Jaurlaritzako sailburu izendatua izan ondoren. Bilera horretan, 2016ko defizitaren muga onartu dute, hain zuzen, BPGren %0,7. "Erakundeen arteko normaltasun beteko giroan egin da bilera", adierazi du Pedro Azpiazuk. Halaber, baimena ematen da, 2016ko abenduaren 31n, Euskadiko zorpetze garbiaren gehitzea zor publikoaren bolumen osoaren kopurutik kanpo uzteko.
Horrez gain, 2017-2019 hirurtekorako datuak adostu dira, baina haien onarpena Kongresuan eta Senatuan izapidetu behar da. 2017rako adostu den defiziteko eta zorpetzeko helburua Euskadiko BPGren %0,6 da, hau da, aurreikusitakoa baino 5 hamarren gehiago, eta 320 milioi euroko tarte gehigarria euskal administrazio guztientzat. 2018rako %0,3 adostu dute eta 2019rako %0,0
Bestalde, bileran, lehen hurbilpena egin dute, Kupoa dela-eta bi administrazioen arten dagoen aldea negoziatzeko, eta Kontzertu Ekonomikoa gaurkotzeko. Izan ere, bi administrazioek interpretazio desberdina egiten dute Kupoaz, kotizazio-oinarritik abiatuta. Eusko Jaurlaritzaren arabera, 2012-2016 urteetako kupoak finkatzeko, 2007-2011 bitartean erabilitako metodologiari jarraitu behar zaio. "Horixe da gure proposamena oraindik, eta lanean aritu gara balorazioan dauden aldeak arintzeko", azaldu du Azpiazuk.
Kontzertu Ekonomikoari dagokionez, "batez ere, tentsioa baretzeko eta gatazkak desagerrarazteko eskatu dugu, ez baitira lagungarri, ez erakunde batentzat, ez eta bestearentzat ere", argitu du Ogasun eta Ekonomiako sailburuak; "Montoro ministroari adierazi diot bi ogasunen artean dauden zerga-arloko gatazkak ezinbestez konpondu behar direla, eta edari azukredunen gaineko zerga berria adosten denean hitzartu behar direla, besteak beste", gaineratu du.
"Ziur nago bilera honek hasiera emango diola bi erakundeen arteko harreman iraunkorren bideari, eta lagungarria izango dela Estatuko Gobernua eta Eusko Jaurlaritza gai ekonomikoak, finantzakoak eta zerga-arlokoak normalizatzen has daitezen", esan du sailburuak amaitzeko.
Horrezaz gain, Pedro Azpiazuk, topaketaren mahai gainean jarri du Eusko Jaurlaritzak Abiadura Handiko Trenaren zenbait tarte bere gain hartzeko aukera kupoaren kontuari dagokiona.