Ogasun eta Finantza Saila

Argitalpen-data: 2016/04/06

Eroskiren MFE-en titularrek tituluen %62 trukatzen dute Kontsumobidek gainbegiratuta

Kontsumobideko zuzendari Xabier Legarretak agerraldia egin du gaur goizean, berak hala proposatuta, Eusko Legebiltzarreko Osasun eta Kontsumoko Batzordearen aurrean, Kontsumoko Euskal Institutuak egindako negoziazioaren ondoriozko truke-prozesuan Eroskiren Mendeko Finantza Ekarpenen (MFE) titularren eskubideak bermatzea xede, Kontsumobidek gauzatu dituen jarduerak eta lortu dituen emaitzak azaltzeko. Urtarrilaren 15ean jarri zen abian finantza-erakundeetan Eroskiren truke-prozesua eta urtarrilaren 27ra arte luzatu zen, tituluen % 62 Eroskiren mendeko obligazioekin trukatzea lortuz. Zehazki, 2002 eta 2004 urteen artean jaulkitako MFEen % 63,59 eta 2007an jaulki zirenen % 60 trukatu dira.

Eusko Legebiltzarrak Kontsumobideri agindu zion bitarteko Eroski-ren, finantza-erakundeen eta Mendeko Finantza Ekarpenen titularren artean. Honi esker, hiru bide izan dituzte aukeran Eroskiren MFEen titularrek, guztiak ere borondatezkoak: tituluari eustea, auzibidera jotzea edo trukea egitea.

Kontsumobidek lan handia egin du Eroskiren truke-prozesua hasi baino lehen, hasi ondoren eta amaitu ostean, informazio-, koordinazio- eta ikuskaritza-ekintzak eginez, betiere ekarpenen titularrak laguntzeko eta babesteko asmoz. Esaterako, Kontsumobidek informazio-sistema bat jarri du abian eta laguntza eskaini die eskatu duten guztiei.

Era berean, Kontsumobidek Eroskirekin eta banku-erakunde guztiekin koordinatuta egin du lan. Bereziki, egiaztatu du trukearen gainean emandako informazioa egiazkoa, osoa, objektiboa eta ulergarria izatea, eta arriskuen gaineko ohartarazpen beharrezkoak barne hartzea, betiere kontsumitzaileek jakinaren gainean eta segurtasunez aukera egin ahal izatea bermatzek.

Horretarako, Kontsumobidek ikuskaritza-kanpaina bat egin du urtarrilaren 15etik otsailaren 25era bitartean. Ikuskaritza-kanpainak bi fase izan ditu. Lehendabizikoan, finantza-erakundeei dei egin zaie Institutuari hainbat alderdiren gainean idatziz erantzuteko, abian jartzekoa zen merkaturatze-prozesua zehatzago ezagutze aldera. Bigarren fasean, truke-epea amaituta, Kontsumobidek EMFE gehien zituzten erakundeetan ikuskaritza-bisitaldiak egin zituen. Zehazki, 7 finantza-erakunderen 15 bulego bisitatu zituen (4 Araban, 6 Bizkaian eta 5 Gipuzkoan) eta 28 eragiketa amaituren gaineko dokumentazioa bildu zuen (8 Araban eta 10na Bizkaian zein Gipuzkoan).

Dokumentazioa aztertuta, ateratako ondorioak zehatz ezagutarazi ditu Kontsumobideko zuzendariak.

Finantza-erakundeek trukearen berri eman diote bezeroari, produktu berriaren ezaugarriak eta horri loturiko arriskuak zehaztuz, bereziki, likideziari dagokionez. Zehazki, kasu guztietan eman zaie liburuxkaren kopia bana kontsumitzaileei, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalaren webgunera jo behar izatea ekidinez. Gainera, informazio gehigarria eman zaie, finantza-erakundeen beraien dokumentuak barne, kasu batzuetan bi produktuak, EMFEak eta OMEak (Eroskiren mendeko obligazioak) konparatzeko taulak zituztenak. Halaber, eragiketen dokumentazioan arreta berezia eskaini zaio bezeroak trukeari eta produktu berriari buruzko kontratu aurreko informazio osoa jasotzeari, kontsumitzaileari hainbat agiritan sinaraziz.

Era berean, Kontsumobideren ikuskaritza-kanpainaren arabera, oro har, erakundeek, MIFID araudia jarraikiz, bete dute produktu berria bezeroentzat egokia den ebaluatzeko betebeharra. Testak egokitzat jo ditu 20 kasu. Gainerakoak ez egokitzat jo ditu, bat izan ezik; bezeroei ohartarazpena egin zaie, araudiak agindutakoa betez, eta agiriak sinarazteaz gain, «Produktu hau konplexua da eta ez da egokia niretzat» esaldia eskuz idatzarazi zaie.

Azkenik, informazio-liburuxkak truke-eragiketari loturiko gastuak edo kostuak jasotzen zituen.