Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

32. Albeizeko San Juan Bataiatzailearen eliza (ALBEIZ, ASPARRENA)

4. ETAPA: ARAIA • ALDA

XVI. mendea, Arabako probintziaren loraldi-mendea

XVI. mendea oparotasun ekonomiko, sozial eta kulturaleko garaia izan zen Arabarentzat. Alde batetik, probintziaren sorrera eta bando-borroken amaierari esker (XV. mendearen amaieran), hiribilduetan finkatuta zeuden kapareen mesederako izan zen bake-aldi bat iritsi zen. Bestetik, XVI. mendearen lehen erdialdean nekazaritzak izan zuen oparoaldiak zereal eta mahatsondo-esportatzaile handi bihurtu zuen probintzia, eta horrek bere merkataritza-garapena erraztu zuen, bai lurraldearen barruan, bai kanpoan. Horren ondorioz, lurraldeak gorakada demografikoa izan zuen 60ko hamarkadara arte. Loraldi horrek eliza eta jauregien eraikuntzaren gorakada ekarri zuen, garaiko abangoardiako arkitektura zibil eta elizakoaren eraikin ugari eraiki baitziren.

Halaber, Albenizko herrigune txikia (30 biztanle baino ez zituen) oparotasun honen lekuko izan zen, 1550ean Calahorrako Elizbarrutiko bisitariak jaso bezala. XVI. mendeko oparotasunak bere arrastoa utzi zuen San Joan elizan. Eliza horretan hobekuntza-lanak egiten hasi ziren, eta tenplu ia berri bat eraiki zen azkenean, probintziako erretaula errenazentistarik garrantzitsuenetako batekin hornitu zena.

San Joan elizako erretaula nagusia, Errenazimentuko harribitxia

Elizak oinplano angeluzuzena eta burualde zuzena ditu, eta hiru atal eta tertzeletedun gangaz estalita dago barrualdean. Gangetako nerbioen giltzarrietan behe-erliebez egindako ikurrak ageri dira, hala nola gurutzeak, koroak eta izarrak. Gaur egungo eliza ia goitik behera berria egin zuten XVI. mendean, aurreko eliza erromanikoaren gainean, estilo gotiko-errenazentistan. Sakristia ere garai horretakoa da, oinplano angeluzuzenekoa, eta tertzeletedun nerbio-ganga du, lotailu kurbatuak dituena. XVIII. mendekoak dira dorrea, korua eta Arrosarioko Ama Birjinari eta Santa Barbarari eskainitako alboko erretaulak.

Erretaula nagusia Lehen Errenazimentuko ale bikaina da, Pierres Picart eta bere tailerrak egina. Garrantzi handiko beste lan batzuk ere egin zituzten Gipuzkoan, Oñatiko Unibertsitatea kasu. Albenizko erretaula 1540an egin zuten Oñatiko Kondearentzat, parrokiaren jabe baitzen, eta 1543an eraman zuten elizara bertara. Oñatiko Unibertsitateko kaperako erretaularekin antzekotasunak ditu: kutxatilategi-tipologiakoa da eta bost kaleko hiru gorputzetan eta atikoan antolatzen da. Bere dekorazio manierista aberatsean ikus daitekeenez, Fontaineblauko Errege Jauregia apaintzen zuten motiboetan inspiratzen da neurri handi batean, XVI. mendeko grabatu flandestarren eta frantsesen bidez ezagutzera eman baitziren motibo horiek. Ondoko apainduretan ageri dira: kolometako puttietan, oihal zintzilikatuz eta fruta-saskiz hornituak; pilastrak apaintzen dituzten burezur eta bukraneoetan; frisoetako animalia fantastiko eta kerubin hegodunetan; eta irudikatutako lore-motiboetan. Garaiko modari jarraiki, oso eskultura adierazkorra du, Pierres Picart eta bere tailerraren oso bereizgarria ere badena (Berruguete eta Juan Juniren eraginetik datorren berezitasuna). Eskultura-aberastasunaz gain, erretaula bere jatorrizko polikromiagatik nabarmentzen da, non hondo urdin eta zuriak eta urre koloreko grutesko elementuak ikusten diren. Programa ikonografikoari dagokionez konbinazioa ikusten da: gai erlijiosoa, salbamenaren mezua helaraztea helburu duena; eta profanoa eta humanista, bertuteak eta bizioak duten etengabeko borrokaren gaia jorratzen duena.

Partekatu

Azken aldaketako data: