Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

125. AHVko 1 Labea (Sestao)

7. ETAPA: BILBAO • PORTUGALETE

Tradizio baten sinboloa

“Eta gaurko erromantiko bat denboraren joanari eta gauzen etengabeko aldaketari buruz meditatzera Begoñako dorretxera joan daitekeen bezalaxe, halaxe, etorkizuneko erromantiko bat gure oraingo labe garaiez geratuko diren hondarretara joan ahal izango da bihar, meditazio bera meditatzera, beti antzinakoa eta beti berria, eguzkia bezain zaharra eta bera bezala egunero berria”.

Geroaren ikuspegi horrexekin deskribatu zuen Migel Unamunok Ecos Literarios bilbotar aldizkarian: bere garaiko modernitatearen ikurretako bat (labe garaia), denboraren poderioz, gure duela gutxiko historiaren sinbolo bihurtzea. Eta hala da egiaz; gaur egun Bizkaiko Labe Garaietako 1 Labe Garaiari begira egotea irudi sinbolikoa izan daiteke: kanpotarrei Industri Iraultza gogorarazten die; bizkaitarrentzat, aldiz, emozioz beteta dago, Bizkaiak burdinarekin eta industria enblematiko horrekin bat eginda egin baitzuen aurrera.

Bizkaiko Labe Garaiak siderometalurgiako bi enpresa handiren fusiotik sortu zen 1902an: batetik Altos Hornos de Bilbao (lehen Nuestra Señora del Carmen) eta La Vizcaya, eta bestetik, latorrizko fabrika bat, La Iberia. Bizkaiko Labe Garaien eragina izugarria izan zen bere eragin-eremuan. Bizkaiko burdina eta altzairua ia Europa osora esportatu zuen, eta bere garrantzi estrategikoaren arrazoiak izan ziren, batetik, burdin mineralaren ustiaketan eta eraldaketan tradizio historiko zabala zuen lurraldean aurkitzea, baina, batez ere, baliabide natural handiak eta horiek garraiatzeko itsasoaren gertutasuna. Beraz, esan dezakegu Labe Garaien inguruan honako sektore hauek garatu zirela: meatzaritza, trenbide sarea, ontzigintza-industria eta itsasadarraren Ezkerraldeko industria laguntzaile guztia. 1996an enpresa guztiz itxi zuten.

1 Labe Garaia

Bizkaiko Labe Garaietako zazpi labeetatik zutik dirauen bakarra da, eta enpresa zahar honetatik geratzen den industria-ondareko elementu bakanetakoa. 1959an inauguratu zuten eta ondoan zuen 2 Labe Garaiaren bikia zen. Hasieran, mota honetako instalazioek bere aurrekoen bikoitza ekoizten zuten (600 tona/eguneko). Bizitza erabilgarriaren amaieran (1995ean) eta hainbat berrikuntza egin ostean, 1.500 tona/eguneko ekoizten zituen. 1 Labe Garaiaren altuera osoa 80 m da. Zutabe biribil baten gainean eusten da, arragoak 6 m-ko diametroa du, barne-altuera 25 m da, eta barne-bolumen erabilgarria 720 m3. Barrualdea materia erregogorrez egina da, eta kanpo-armazoia xafla soldatuz.

Labea funtzionarazteko, goialdetik burdin minerala, koke eta karea sartzen ziren urgarri gisa. Bitartean, azpitik airea (aurrez berotua) eman behar zitzaion, eta horretarako 14 haizebide edo tobera zeuzkan oinarrian. Materiala urtzean gasak kanporatzen ziren, eta arragoaren hondoan arrabioa geratzen zen egoera likidoan, eta haren gainean zepa soberakina. Biak ala biak erreten batzuetatik kanporatzen eta jasotzen ziren. Labeak ondo funtzionatzeko 9 pertsonako lantaldea behar zen: erauzte-maisua, laguntzaile bat, bi mutil, zeparia, hozketa zaintzailea, makinista, kontramaisua eta txandako burua.

Partekatu

unesco