Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2024ko uztailaren 9koa, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, 2024. urtean literatura argitalpenetarako dirulaguntzak ematea arautu eta deialdia egiten duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 142
  • Hurrenkera-zk.: 3554
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2024/07/09
  • Argitaratze-data: 2024/07/19

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua; Ekonomi jarduerak
  • Azpigaia: Gobernua eta Administrazio Publikoa; Informazio etak komunikazioak

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren arabera, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren eskumenekoak dira artearen eta kulturaren arloko jarduerak eta horien zabalkundea. Eskumen horiek Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari esleitzen dizkio otsailaren 23ko 73/2021 Dekretuak, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duenak.

Euskal Autonomia Erkidegoan literatura-lanak argitaratzeko ahalegina sustatzeko xedez, material horiek argitaratzeko dirulaguntza sistema bat ezartzea nahitaezkotzat jotzen du sailak.

Kultura arloko estatu-laguntzei buruzko Europar Batasunaren araudia aldatu egin zen, 2014ko uztailaren 1ean erregelamendu hau indarrean jarri zenean: 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamendua, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarri direla deklaratzen duena Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzearen ondorioz (2014-06-26ko AO, L 187). Erregelamendu horren nobedade nagusietariko bat izan zen jakinarazpen beharrik ez daukaten estatuko dirulaguntzen kategoriak zabaltzea Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren (EBFI) 108. artikuluaren 3. atalean jasoak. Kategoria horien artean daude kulturarako eta ondarearen kontserbaziorako dirulaguntzak, eta zehatz-mehatz musika eta literaturaren edizioa.

Beraz, literatura argitalpenetarako dirulaguntzen kasuan, Itunaren 108. artikuluaren 3. atalean ezarritako jakinarazpen beharrik ez dago.

Horregatik, agindu honen bidez, literatura-argitalpenetarako dirulaguntzak aipatutako 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamendura egokituko dira (53. artikulua eta I. kapitulua). Erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarri direla deklaratzen da, Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzearen ondorioz (2014-06-26ko AO, L 187).

Deialdi hau, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren 2021-2024 urteetako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan dago, eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2024ko maiatzaren 28ko Aginduaren bidez onartutako 2024ko Dirulaguntzen Urteko Planean.

Horiek horrela, hau

Agindu honek euskarazko eta gaztelaniazko literatura argitalpenetarako dirulaguntzetarako deialdia egiten du, eta horiek jasotzeko araubidea ezartzen, 2024. urterako.

Dirulaguntzen helburua literaturaren argitalpena sustatzea da. Eta horretarako 2024. urtean argitalpengintzan diharduten enpresek garatu beharreko euskarazko eta gaztelaniazko literatura-lanen urteko argitalpen-planen eta euskarazko audioliburuen argitalpen-kostuen parte bat ordainduko da.

  1. Agindu honetan jasotzen diren dirulaguntzak finantzatzeko 760.000 euro bideratuko dira; diruz lagun daitezkeen honako jarduera-eremu edo modalitate hauen arabera banatuko dira:

    1. Euskarazko literatura argitalpenak; 515.000 euroko zuzkidura izango du.

    2. Gaztelaniazko literatura argitalpenak; 125.000 euroko zuzkidura izango du.

    3. Euskarazko literaturako audioliburuen argitalpenak; 60.000 euroko zuzkidura izango du.

    4. Euskarara itzulitako bestseller literarioen argitalpenak; 60.000 euroko zuzkidura izango du.

  2. Modalitate bakoitzean zehaztutako diru kopuruak direnak direla, eskabiderik ez dagoelako edo baldintzak betetzen ez dituztelako edo aurkeztutako eskabideek behar adina kalitate-maila ez dutelako, modalitateren batean erabakitako diru kopuru guztia baliatzen ez bada, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak proposamen arrazoitu hau egingo dio Kulturako Sailburuordeari: sortutako soberakina beste modalitate baten diru kopuruari gehitzeko. a) modalitatearen zuzkidura agortzen ez bada, soberakina d) modalitatera joango da lehendabizi, c) modalitatera bigarrenez eta b) modalitatera azkenik. Eta b), c) edo d) modalitateetan soberakina badago, a) modalitatera joango da lehendabizi. Eragiketa hori egiteko, soberakina izan duen eremuaren edo modalitatearen prozedurak aldez aurretik ebatzia egon beharko du, eta soberakina jasoko duen modalitatearen prozedurak, aldiz, ebatzi gabe.

  1. Deialdi honetan finkatutako betebeharrak betetzen dituzten argitaletxeek eskatu ahal izango dituzte dirulaguntzak. Argitaletxetzat hartuko dira bakarrik, 2022. urtetik 2023. urtera bitartean gutxienez hiru egileren bost liburu paperean edo formatu digital irakurgarrian argitaratu dituzten merkataritza-erakunde pribatuak edo pertsona fisikoak. Erakunde pribatuen kasuetan, bere gizarte xedearen barruan argitalpengintza izatea, eta pertsona fisikoentzat jarduera ekonomikoen zergako 476.1 edizio-jardueretarako epigrafean alta izan beharko dute.

    Ez da dirulaguntzarik emango elkarteek eta fundazioek aurkeztutako eskabideentzat.

  2. Euskarazko literatura argitalpenen modalitatean, euskarazko literaturako audioliburuen argitalpenen modalitatean eta euskarara itzulitako bestsellerren argitalpen modalitatean, pertsona eta entitate eskatzaileek Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoko estatu kideren batean izan beharko dute egoitza, eta eskabidea aurkezten duten momentuan hitzeman beharko dute, behin dirulaguntza emanez gero establezimendu egonkor bat izango dutela euskararen eremu geografikoan. Hau hartzen da euskararen eremu geografikotzat: Euskal Autonomia Erkidegoa, Nafarroako Foru Komunitatea, eta Iparraldeko Euskal Hirigune Elkargoa. Gainera, euskarazko literaturako audioliburuen argitalpenen modalitatean laguntza jaso ahal izateko, pertsona edo erakunde eskatzaileek aurreko bost urteetako edo aurtengo deialdi honetako euskarazko literatura argitalpenaren modalitatean laguntza jasota eduki behar dute.

    Gaztelaniazko literatura argitalpenen modalitatean, pertsona eta entitate eskatzaileek Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoko estatu kideren batean izan beharko dute egoitza, eta eskabidea aurkezten duten momentuan hitzeman beharko dute, behin dirulaguntza emanez gero establezimendu egonkor bat izango dutela Euskal Autonomia Erkidegoan.

    Pertsona juridiko batek establezimendu egonkor baten bidez diharduela zehazteko, Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Ituna onartzen duen maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen 21.2 artikuluan dioena hartuko da aintzakotzat.

  3. Pertsona fisiko eta juridikoek deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak eskuratu ahal izateko, zergak eta Gizarte Segurantzako kuotak ordainduta eduki behar dituzte, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren arabera xedatutakoa bete dadin; agindu hori Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da.

  4. Ezingo dute deialdi honetako dirulaguntzarik jaso laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penal bat duten pertsona edo erakundeek, ezta ere horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekuren bat dutenek ere.

  5. Ezingo zaie laguntzarik edo dirulaguntzarik eman sexuan oinarrituta diskriminazioa dakarten jarduerei, ez eta sexuan oinarrituta diskriminazioa egiteagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenen bat ezarri zaien pertsona fisikoei eta juridikoei ere, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan.

    Halaber, laguntzak eta dirulaguntzak jasotzetik kanpo geratuko dira estatu-araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean eduki behar duten baina halakorik ez duten enpresak, eta, estatu-legeriak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen bezala, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko edo haien aurka egiteko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak.

  6. Ezingo dute deialdi honetako dirulaguntzarik jaso krisi egoeran dauden enpresak, betiere krisialdian dauden enpresak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko Erkidegoaren jarraibideetan jasotako definizioaren arabera (DO L 187, 2014-06-26koa).

  7. Ezingo dute deialdi honetako dirulaguntzarik jaso berreskuratzeko agindu baten pean dauden enpresek, batzordeak aurretiaz hartutako erabaki baten bidez laguntza bat legez kanpokotzat eta barne-merkatuarekin bateraezintzat jo izanaren ondorioz.

  8. Era berean, ezingo dute deialdi honetako dirulaguntzarik jaso Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan jasotako gainerako egoeraren batean dauden pertsonek edo erakundeek.

  1. Argitaletxeek argitalpen-plan berezituen proiektuak aurkeztu ditzakete dirulaguntza deialdi honetako modalitate bakoitzerako; liburu hauek sartuko dira modalitate bakoitzaren argitalpen-planetan:

    1. modalitatean, 2024. urtean argitaratuko diren euskarazko literatura liburuak, paperean edo formatu digital irakurgarrian.

    2. modalitatean, 2024. urtean argitaratuko diren gaztelaniazko literatura liburuak, paperean edo formatu digital irakurgarrian.

    3. modalitatean, 2024. urtean argitaratuko diren giza ahotsez grabatutako euskarazko literaturako audioliburuak.

    4. modalitatean, 2024. urtean argitaratuko diren euskarazko literatura-liburuak, paperean edo formatu digital irakurgarrian, baldin eta euskara ez den beste hizkuntza batean idatzitako lanen euskarazko itzulpenak badira, eta jatorrizko bertsioan bestsellerrak izan badira liburua argitaratu den herrialdean. Bestsellertzat jotzeko, jatorrizko argitalpen-herrialdean salmentan jarritako lehen bi asteetan gehien saldutako hamar liburuen artean egon behar du, edo herrialde horretan bere argitalpen-urtean gehien saldutako hamar liburuen artean egon behar izan.

      Liburuek ezingo dute agertu dirulaguntza hauen aurreko deialdien ebazpenetan dirulaguntza jasotzeko modukotzat, eta haurrentzako, gazteentzako, edo helduentzako liburuak izan daitezke, eta genero hauetako batekoak: eleberria, ipuina, poesia, antzerkia, komikia edo literatura saiakera.

      Modalitate bakar baterako eska daiteke dirulaguntza: euskarazko literatura argitalpenak, gaztelaniazko literatura argitalpenak, euskarazko literatura audioliburuak edo euskarara itzulitako bestsellerren literatura-argitalpenak, edo horietako bitarako, hirutarako edo lautarako. Modalitate bakoitzean eskatutako baldintzak bete beharko dira. Liburu bera ezingo da sartu modalitate ezberdinetarako aurkeztutako planetan.

      Liburu zer den ulertzeko, Irakurketa, liburu eta liburutegien ekainaren 22ko 10/2007 Legearen definizioari jarraituko zaio, eta paperean inprimatuta edo irakurgarria den beste edozein euskarritan argitaratu daiteke.

  2. Aurkeztutako argitalpen-planetan sartutako liburuek ezaugarria hauek bete behar dituzte:

    1. Jabetza intelektualari buruz indarrean dagoen arautegia betetzea, bai eta ISBNa eta lege-gordailua eskuratzeko egin beharreko lege-izapide guztiak betetzea ere.

    2. Paperean inprimatutako lana bada, euskarazko lanen kasuan gutxienez 800 aleko tirada izatea, itzulpenen, poesiaren, saiakeren, antzerki-lanen eta irakurketa errazeko lanen kasuan izan ezik, zeinetan 300 alekoak izango baitira gutxienez. Eta gaztelaniazko lanen kasuan gutxienez 1.000 aleko tirada izatea, poesiaren, saiakeren, antzerki-lanen eta irakurketa errazeko lanen kasuan izan ezik, zeinetan 750 alekoak izango baitira gutxienez.

      Irakurketa errazeko formatuko obratzat hartzen dira, hizkuntzari, edukiari eta formari dagokienez, IFLAren (International Federation of Library Associations an Institutions) eta Inclusion Europeren nazioarteko jarraibideak betetzen dituzten argitalpenak.

    3. Testuak 50 orrialde izatea gutxienez, komikiek, haurrentzako liburuek, poesiak, antzerki-lanek eta irakurketa errazakoek izan ezik.

    4. Paperean inprimatutako lana denean, gutxienez 500 ale merkaturatzea liburu-dendetarako, euskarara itzulitako lanen, euskarazko poesiaren, euskarazko saiakeren, euskarazko antzerki-lanen eta irakurketa errazeko beste edozein euskarazko lanen kasuan izan ezik; kasu horietan nahikoa izango da 200 ale merkaturatzea. Eta euskarri digitalean argitaratutako lana bada, plataforma digital batean salgai egotea.

    5. Lehen argitalpenak izan behar dute, edo berrargitalpenak ere bai, baldin eta aurreko argitalpenetik sei urte baino gehiago igaro badira. Berrargitalpentzat hartzeko, ISBN berria eta laguntzen deialdiari dagokion urteko lege-gordailua eduki behar dituzte.

    6. Euskarazko audioliburuen kasuan, obra beraren euskarazko aurreko beste argitalpen bat egon behar da, edo aldi berean paperean argitaratu behar da.

Ez dira diruz lagunduko apartatu hauetakoren batean sartutako liburuak:

  1. Testuliburuak, zientzia-liburuak, dibulgaziozko liburuak, bidaia edo beste gai batzuei buruzko gidak, sukaldaritza-errezeten liburuak, entziklopediak, hiztegiak eta hezkuntzaren arloko argitalpenak.

  2. Bibliofilo-liburuak eta argitalpen mugatua eta zenbakitua dutenak.

  3. Eguneratu daitezkeen lanak, atalka argitaratuak eta koadernatu gabeko orrietan argitaratutakoak, lan osoari kalterik egin gabe kendu edo alda daitezkeen zatiak dituztenak.

  4. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde-administrazioak diruz laguntzen dituen obren argitalpenak.

  5. Agindu honen dirulaguntzak eskuratzerik ez duten entitateen aginduz (erakunde publikoak, argitaletxe ez diren enpresak, irabazi asmorik gabeko entitateak...) onuradun izan daitezkeen entitateek egindako argitalpen-lanak.

  6. Liburugileak berak argitaratutako lanak, salgarri ez direnak eta argitaratzaileak berak egindako antologiak.

  7. Epeka saltzeko argitalpen-lanak, eta liburu-klubek edo antzekoek bazkideentzat eta atxikientzat bakarrik argitaraturikoak.

  8. Albumak, ebakigarriak, pintatzeko liburuak, eranskailudunak, denbora-pasakoak eta kaligrafia koadernoak.

  9. Urtekariak, aldizkako argitalpenak eta eranskinak edo horien zenbaki monografikoak, dietarioak eta antzekoak.

  10. Ale berean hizkuntza bi edo gehiagoko testuak dituztenak, poesia liburuetan jatorrizko testua agertzen den kasuetan izan ezik.

  11. Berrinprimatutako obrak.

  1. Agindu honetako dirulaguntzak jasotzeko eskabideak Kulturako sailburuordeari zuzenduko zaizkio. Eskabide bat aurkeztuko da modalitate bakoitzeko.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bitartez aurkeztuko dira eskabideak, artikulu honetako 5. apartatuan adierazten den helbideen bidez.

  3. Pertsona eta erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskabidea, atxikitako dokumentazioarekin batera. Halaber, pertsona edo erakunde eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabiliko da prozedura osoan, Euskararen Erabilpena Arauzkotzeko 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duten moduan.

  4. Datuak ematerakoan gezurretan ibili edo irregulartasunak eginez gero, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak akats hori egin duen argitaratzailearen liburuei dirulaguntzarik ez ematea edo dirulaguntza zati bat kentzea erabaki dezake.

  5. Izapideak nola egin azaltzen duten argibideak, eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak helbide elektroniko hauetan daude eskuragai:

    Euskarazko literatura argitalpenak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0094419

    Gaztelaniazko literatura argitalpenak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0094420

    Euskarazko literaturako audioliburuak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0094421

    Euskarara itzulitako bestseller izandako literatura argitalpenak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0094422

  6. Eskabidearen osteko izapideak elektronikoki egin beharko dira esteka honetan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

  7. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

  1. Deialdi honen organo kudeatzaileak egiaztatuko ditu, automatikoki, dirulaguntza eskatu duten pertsonen edo entitateen identitateari buruzko datuak, eta zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko baldintzak betetzen dituztela, eta horretarako ez du pertsona edo entitate horien oniritzia beharko, halaxe xedatzen du-eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluak. Hala ere, pertsona fisikoen kasuan, eskatzaileak baimen hori berariaz ukatu dezake, baina, kasu honetan, dagozkion egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.

  2. Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.5 artikulua aplikatuz, eskabidearekin batera egindako erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, betekizun hauek egiaztatuko dira:

    Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta dituela.

    Ez dagoela krisian, estatuek krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko ematen dituzten laguntzei buruzko jarraibideen definizioaren arabera (DO L 187, 2014-06-26koa).

    Ez dagoela berreskuratze-agindu baten mende, Europar Batasuneko Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta merkatu erkidearekin bateraezina dela.

    Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuei eskatutako eta, hala badagokio, haietatik jasotako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea, eta gainfinantzaketarik ez izateko konpromisoa hartzea.

    Konpromisoa hartzen duela euskararen eremu geografikoan establezimendu iraunkor bat irekitzeko, euskarazko literatura-ekoizpenaren, euskarazko audioliburuen literatura-argitalpenaren eta euskarazko bestsellerren literatura-argitalpenaren modalitateen kasuan, edo EAEn, gaztelaniazko literatura-ekoizpenaren modalitatean.

    Eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla, eta pertsona edo erakunde eskatzaileak betetzen dituela dirulaguntzen onuradun izateko deialdi honetan ezarritako baldintzak.

  3. Modalitate bakoitzeko aurkezten den proiektuari buruzko dokumentazioa:

    1. argitalpen-plan berezituak, argitaratuko diren euskarazko literatura liburuen argitalpengintzarako, gaztelaniazko literatura liburuen argitalpengintzarako, euskarazko audioliburuentzat eta euskarazko bestsellerren liburuen argitalpengintzarako. Argitaletxeak plana proposatutako ezaugarriekin gauzatzeko dirulaguntza beharrezkoa dela justifikatu beharko du. Plan bakoitzean alderdi hauek jasoko dira: 2024. urtean zenbat liburu argitaratuko diren, liburu bakoitzaren edukia eta ikuspegia, egilearen ibilbidea eta argitalpen-epeak. Gainera, euskarazko audioliburuen kasuan, ekoizpen-prozesua, interpreteak eta salmenta-kanalak azaldu beharko dira (dokumentu bakarrean formatu digitalean), eta bestsellerren literatura ekoizpenari dagokionez, berriz, bestsellerra dela egiaztatzen duten agiriak.

    2. Argitaletxearen ibilbidea, modalitate bakoitzari dagokiona, adieraziz azken hamar urteetan zer lan argitaratu dituen, zer formatutan, eta azken 10 urteetan zer berrinprimaketa egin dituzten, bai eta euskaraz zer audioliburu argitaratu dituzten eta e-liburutegian zer obra dituzten adierazi beharko dute, euskadi.eus gunean eskuragai dagoen eredua erabiliz.

    3. Argitaletxearen katalogoa (dokumentu bakarra formatu digitalean).

    4. Modalitate bakoitzeko marketin-plana, segmentazio-estrategiak eta hartzaileak, komunikazio-estrategia, banaketa-kanalak eta nazioartekotze-estrategia adierazita, euskadi.eus egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen ereduaren arabera.

    5. Argitalpen-planean sartutako liburu bakoitzeko:

      Datu orokorrak, argitalpenaren ezaugarri teknikoak eta argitaratzearen kostua, euskadi.eus gunearen eskuragai dagoen eredua erabiliz.

  4. Aurkeztuko diren dokumentu elektronikoek ezaugarria hauek izan beharko dituzte:

    1. Deskargatzeko ereduak erabiliko dira, eta, ahal dela, ereduaren formatuan aurkeztuko dira.

    2. Gainerako dokumentazioa PDF formatuan aurkeztuko da, ahal dela.

    3. Dokumentazio elektroniko guztiaren gehienezko tamaina 30 Mb izango da.

    4. Katalogoak web helbide baten bidez aurkeztu daitezke.

Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen diren dokumenturen bat falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartaraziko zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez.

Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntzen kudeaketa-lanak egitea, eta Kultura Sustatzeko zuzendaria izango da arduraduna, orobat.

  1. Agindu honen 2.1 artikuluan jasotako lau modalitateetarako, balorazio-batzordeari dagokio aurkeztutako eskabideak aztertzea, agindu honen 4. artikuluan ezarritako baldintzak aintzat hartuta, argitalpen-planak baloratzea eta dagokion txostena egitea.

  2. Balorazio Batzordea eratzean, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko bizitzeko Legearen testu bateginaren 3.10 artikuluan ezarritakoa bete behar da (testu bategin hori martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen).

  3. Hauek osatuko dute balorazio-batzordea:

    Kultura Sustatzeko zuzendariak. Batzordeburua izango da eta kalitate-botoa izango du, boto-berdinketa gertatuz gero azken erabakia emateko. Bera ez badago, batzordekiderik zaharrena izango da batzordeburua.

    Argitalpenetan aditu diren 3-5 bat kidek, Kulturako sailburuordeak izendatuak.

    Balorazio-batzordearen idazkari izango da Kultura Sustatzeko Zuzendaritzako teknikari bat, zeina ez baita Balorazio-batzordeko kide izango, eta, orobat, hitza izango du, baina botorik ez.

  4. Balorazio-batzordearen osaera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Kulturako sailburuordearen ebazpen baten bitartez, lehenengo bilera egin aurretik.

  1. Balorazio-batzordeak argitalpen-planetako liburuek 4. artikuluko baldintzak betetzen dituztela egiaztatuko du. Horren ondotik, liburu bakoitzaren argitalpen-kostuak finkatuko du, honako bi hauen artean baxuena aukeratuz: enpresa eskatzaileak aurkeztutako informazio ekonomikoa, eta deialdi hau argitaratzen den unean Eusko Jaurlaritzako Argitalpen Zerbitzuko argitalpenetarako indarrean dauden prezioak. Argitalpen-kostu hori kalkulatzeko, argitalpengintzaren alorreko adituen iritzia bil dezake batzordeak.

  2. Liburu bakoitzaren argitalpen-kostuaren kontzeptuan, a), b) eta d) modalitatetan hauek sartzen dira: maketazio-kostu mekanikoak, 1.000 ale (edo hortik behera, egin beharrekoak) inprimatzeko eta koadernatzeko kostuak, lanaren digitalizazioa, jatorrizkoak prestatzeko eta beharrezko argitalpen-diseinuak egiteko kostuak. Euskarazko audioliburuen kasuan, obra bihurtzeak dakarren prestaketa-kostua, grabaziorako baliabide teknikoen eta interpreteen ordainketa-kostuak. Gainera, diruz lagundu daitezkeen kostuak izango dira egiletza-eskubideengatik ordaindutako aurrerakinak.

  3. Balorazio-batzordeak argitaletxe bakoitzak aurkezturiko argitalpen-planen argitaratze-kostuak zehaztuko du, hau da, 4. artikuluko baldintzak betetzen dituzten liburu guztien kostuen batuketa, kontuan hartuta a) eta b) modalitateetan lan bakoitzak ezin duela 8.000 euroko kostua gainditu, 5.000 euroko kostua c) modalitatean, eta 9.000 euroko kostua, d) modalitatean.

  4. Dirulaguntza eskatu den argitalpen-planaren kostu subentzionagarriaren % 70erainokoa izan daiteke dirulaguntza.

  5. Zenbateko dirulaguntza eman zehazteko, modalitate bakoitzerako aurkeztutako argitalpen-planei dagozkien balorazio-irizpide hauek hartuko dira kontuan:

    1. Argitalpen-planean sartutako lanen kultura- interesa, gehienez % 50. Alderdi hauek hartuko dira kontuan, plana bere osotasunean begiratuta:

      Lanen kalitatea (% 10).

      Lanen edukia (% 10).

      Egileen ibilbidea (% 10).

    1. eta c) modalitateetan Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroako Foru Komunitatean eta Iparraldeko Mankomunitate Bakarrean jaiotako edo bertan bizi diren egileek idatzitako lanen proportzioa (% 10): 10 puntu, baldin eta obren % 60 edo gehiago EAEn edo Nafarroako Foru Komunitatean edo Iparraldeko Mankomunitate Bakarrean jaiotako edo bizi diren egileek idatziak badira; eta 5 puntu, obren ehuneko hori % 40 bada. b) modalitatean, Euskal Autonomia Erkidegoan jaio edo bizi diren egileak bakarrik hartuko dira kontuan. d) modalitatean, Europan jaio edo bizi diren egileak hartuko dira kontuan. Obrak idazle bat baino gehiago badu, guztiek bete beharko dute baldintza.

      Emakumeek idatzitako lanen proportzioa (% 10). 10 puntu lortuko dira lanen % 60 edo gehiago emakumeek idatzita badira, eta 5 puntu emakumeek idatzitako lanen ehunekoa % 40 bada. Lanak idazle bat baino gehiago badu, guztiak izan beharko dira emakumeak.

    2. Eskabidea egin duen argitaletxearen katalogoa eta modalitate bakoitzeko ibilbidea, gehienez % 33. Honako hauek hartuko dira kontuan:

      Azken hamar urteetan euskaraz edo gaztelaniaz argitaratutako lanak, modalitatearen arabera (% 10).

      Azken hamar urteetan euskaraz edo gaztelaniaz berrinprimatu diren lanak, modalitatearen arabera (% 5). 5 puntu lortuko dira laguntza-deialdi honen aurreko hamar urteetan dirulaguntza eskatu den hizkuntzan paperean argitaratutako literatura-lanen % 50 gutxienez berrinprimatuak izan badira, 3 puntu % 25era iristen bada eta puntu 1 % 10era iristen bada.

      Argitalpen-marketineko plana (% 15): segmentazio-estrategia, 3 puntu gehienez; komunikazio-estrategia, 4 puntu gehienez; banaketa-kanalak, 5 puntu gehienez, eta nazioartekotze-estrategia, 3 puntu gehienez.

      Argitaletxearen lanen presentzia Eusko Jaurlaritzaren eLiburutegia liburu digitalen mailegu-plataforman (% 3): 3 puntu lortuko dira, baldin eta deialdi honen urtearen aurreko hiru urteetan dirulaguntza eskatu den hizkuntzan argitaratutako literatura-lanen % 50 gutxienez eLiburutegian eskuragarri badaude; 2 puntu, literatura-lanen % 25 badago plataforma horretan, eta puntu 1, % 5 badago.

    3. Proposatzen den argitalpen-planaren ezaugarri teknikoak, gehienez, % 17.

    1. , b) eta d) modalitateetan, hauek hartuko dira kontuan:

      Euskarri digitala erabiltzea (% 7). 7 puntu lortuko dira urteko argitalpen-planean jasotako obren % 90 gutxienez, digitalean argitaratzen bada; 3,5 puntu, % 50 bada digitala, eta 1,5 puntu, % 20 bada.

      Paperezko liburuaren formatua, azal mota, paperaren gramajea eta inpresio mota (% 10). Paperezko libururik ez badago, liburu digitalen kalitatea.

    1. modalitatean, hauek hartuko dira kontuan:

      Euskarazko audioliburua ekoizteko prozesua (% 2).

      Interpreteen profesionaltasuna (% 5).

      Audioliburuetan espezializatutako nazioarteko plataforma batean salgai egotea (% 10).

  6. Balorazio-baremotik gutxienez puntuen % 60 lortzen ez duten proiektuak baztertuta geratuko dira, eta ezin izango dira hautatutako proiektu izan.

  7. Dirulaguntzen zenbatekoa zehazteko, norgehiagoka-prozedura bat erabiliko da, eta proportzionaltasun-irizpide bat aplikatuko da. Diru-zuzkidura aurreko atalean ezarritako gutxieneko puntuazioa lortu duten argitalpen-planeko proiektuen artean banatuko da, eta, betiere, argitalpen-planaren kostuaren arabera. Argitalpen-plan bakoitzari dagokion dirulaguntzaren kopurua honela kalkulatuko da: argitalpen-planen kostu globalari, ezarritako irizpideen arabera balorazio fasean lortutako puntuazioari dagokion zuzenketa-koefizientea aplikatuta (1 =>60 eta <70 puntu lortuz gero; 1,5 => 70 eta < 80 puntu lortuz gero, eta 2 => 80 puntu lortuz gero).

  8. Prozedura bakoitzean, Balorazio Batzordeak, ezarritako esleipen-irizpideen aplikazioa oinarri hartuta, txosten bat egingo du, eta bertan adieraziko ditu zer dirulaguntza ematea proposatzen den, onuradun nor izango diren, balorazio-fasean eta dirulaguntza ematea proposatzen den jarduketan zer puntuazio lortu duten, eta zeini ukatzea proposatzen den eta zergatik. Era berean, zein eskabide ez diren onartu adieraziko da.

  9. Organo kudeatzaileak, espedientea eta Balorazio Batzordearen txostena aztertu ondoren, behin-behineko ebazpen-proposamena egingo du. Interesdunei jakinaraziko zaie, eta 10 eguneko epea emango zaie alegazioak aurkezteko. Interesdunek aurkeztutako alegazioak aztertu ondoren, behin betiko ebazpen-proposamena egingo da.

Agindu honetan ezarritako dirulaguntzak bateragarriak izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraz eta haren erakunde-administrazioaz bestelako erakunde publiko edo pribatu batzuek helburu berarekin emandako beste edozein dirulaguntzarekin, baina ez da, inola ere, balorazio-batzordeak ezarritako argitalpen-kostuaren % 70 gainditzen duen dirulaguntzarik emango. Hori gertatuz gero, sobera dagoena deialdi honen babesean emandako dirulaguntzari kenduko zaio.

1. 2.1 artikuluaren prozedura bakoitzean, Kulturako sailburuordeari dagokio aurkeztutako eskabideak ebaztea, organo kudeatzaileak proposatutakoa ikusi eta gero. Egiten den ebazpena jakinarazi egingo da deialdi-agindu honek ondorioak sortu eta sei hilabeteko; ebazpen horretan laguntza eman den edo ez zehaztuko da; ebazpena baiezkoa den kasuetan, dirulaguntza nork edo zer erakundek jaso duen eta zenbateko dirulaguntza eman zaion adieraziko da. Ebazpena dirulaguntza ukatzekoan den kasuetan, nori ukatu zaion eta zergatik adieraziko da.

  1. Aurreko paragrafoan aipatutako ebazpenek ez diote amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haien aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

  2. Ebazpenak elektronikoki jakinaraziko zaizkie pertsona eta erakunde interesdunei, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko Nire karpetaren bidez (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta). Jakinarazpen hori gorabehera, ebazpen horien edukia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Lehenik egindako jakinarazpena hartuko da jakinarazpen-datatzat, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 41.7 artikuluan xedatutakoaren arabera.

  3. Ebazpena emateko epea igarota, pertsona edo entitate interesdunak bere eskabidea ezetsi dela ulertuko du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan jasotako ondorioetarako.

  4. Eskatutako dirulaguntzen gaineko ebazpenak emateko eta horiek jakinarazteko epeak direla eta, baldin aplikagarria bada agindu honen 9. artikuluan aurreikusitakoa, ebazpena emateko epea eten egingo da izapide horrek behar duen beste denboraz, aintzat hartuta jakinarazpena noiz jasotzen den eta erantzuna emateko zein epe dagoen.

  5. Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira betiere, dirulaguntzaren xedea bete bada edo beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatuetatik beste dirulaguntzarik jaso bada, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25 artikulua aplikatuz.

Agindu honetan araututako dirulaguntzak jasotzen dituzten pertsona eta entitate onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

  1. Emandako dirulaguntza onartzea. Horrela, dirulaguntza ematen zaiela jakinarazteko gutuna jaso eta hamabost eguneko epean ez badiote dirulaguntzari espresuki eta idatziz uko egiten, onartu dutela ulertuko da.

  2. Ekonomia eta Ogasuna Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari deialdi honen bidez jasotako dirulaguntzei buruzko informazioa ematea, eskatuz gero.

  3. Dirulaguntza eman zaien helbururako erabiltzea.

  4. Dirulaguntza jaso duten liburuetan Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren dirulaguntza jaso dela espresuki adieraztea.

  5. Dirulaguntza emateko orduan kontuan hartu ez den edozein gorabehera objektibo nahiz subjektibo aldatu bada, horren berri ematea Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari.

  6. Dirulaguntzaren onuradun enpresa bat denean, merkataritza-eragiketetan diruz lagundu daitezkeen gastuak aplikatu beharreko araudi sektorialean aurreikusitako ordainketa-epeetan ordaindu beharko dira, edo, bestela, Merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako epeetan.

  7. Oro har, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan jasotako beste edozein betebehar.

Dirulaguntzak bi zatitan ordainduko dira:

  1. Lehenengo ordainketa, dirulaguntza osoaren % 50, ebazpena jakinarazi ondoren eta 15 a) artikuluan ezarritako epea ukorik gabe igaro eta gero.

  2. Dirulaguntzaren beste % 50a, agindu honetan ezarritako baldintzak bete direla justifikatu ondoren, eta, betiere, 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera.

    Dirulaguntzak ez dira ordainduko onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta ez baditu, edo dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean ez baditu.

    Dirulaguntza eskatzen duen pertsona edo erakundea erregistratu gabe badago Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantzak Saileko Hirugarrenen Erregistroan, edota Erregistroan dauden bere bankuko datuak aldatu nahi baditu, eskabidearekin batera Eusko Jaurlaritzako hirugarrenaren altari buruzko agiria, aurkeztu beharko du. Agiria https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/ helbidean dago eskuragarri.

  1. Dirulaguntza justifikatzeko dokumentazioa 2025eko martxoaren 10era arte aurkez daiteke.

  2. Justifikazioak bide elektronikoaren bidez aurkeztu behar dira, https://www.euskadi.eus/nirekarpeta gunetik.

  1. Diruz lagundutako argitalpen-planaren exekuzio gisa argitaratutako liburuen zerrenda, honako hauek adierazita: izenburua, egilea, ISBNa, lege-gordailua eta argitalpen-data, euskadi.eus-eko egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen ereduaren arabera.

  2. Diruz lagundutako lan guztiek sorrarazitako gastuen ordainagiri guztiak jasotzen dituen zerrenda zehatza, euskadi.eus egoitza elektronikoan agertzen den ereduaren arabera.

    Balio erantsiaren gaineko zergari dagokion zenbateko kengarria ezingo da egindako gastutzat hartu.

  3. Diruz lagundutako argitalpen-planeko lan bakoitza argitaratzeko egindako gastuen egiaztagiriak, inprimaketa-fakturetan zenbat ale ekoitzi diren adieraziz.

  4. Paperez egindako argitalpenen ale bat, eta edizio digitalen eta euskarazko audioliburuen fitxategia.

  5. Paperean argitaratutako lanen kasuan, banatzaileak liburu-dendetan zabaltzeko jaso duen liburu kopurua ziurtatzen duen egiaztagiria.

  6. Argitalpen-kontratua, testuaren, ilustrazioen eta itzulpenaren egile-eskubideen titularrak nor diren edo obra jabari publikoko araubidean dagoela justifikatzen duen agiriarekin batera.

  1. Pertsona edo erakunde onuradunak hirugarrenekin hitzartu ahal izango du diruz lagundutako jarduera gauzatzea, diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 75, gehienez, azpikontratu guztien prezioak batuta. Kontzeptu horretatik kanpo geratzen dira argitaratzaileak diruz lagundutako plana bere kabuz egiteko edukiko dituen gastuak.

  2. Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 23/2023 Legearen 32. artikuluaren arabera, diruz lagun daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen dituenean, erakunde onuradunak gutxienez 3 hornitzaileren eskaintzak eskatu beharko ditu obra egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa kontratatu aurretik, salbu eta, dituen ezaugarri bereziak direla-eta, merkatuan ez badago eskaintza horiek egiten, ematen edo hornitzen dituen nahikoa erakunde, edo gastua dirulaguntzaren aurretik egin bada.

  1. Hauek izango dira dirua itzultzeko arrazoiak:

    1. Jasotako dirulaguntzak, osorik edo zati batean, agindu honetan aurreikusitakoez bestelako jardueretarako erabiltzea.

    2. Agindu honetan ezarritako betebeharrak ez betetzea.

    3. Dirulaguntzaren likidazio-ebazpenean adierazitako zenbatekoa ez itzultzea horretarako ezarritako epean.

    4. Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan ezarritako gainerako edozein itzulketa-kausa.

  2. Halako kasuren bat gertatuz gero, jasotako zenbatekoak eta dagozkion legezko interesak itzuli beharko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitakoaren arabera, bai eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutako Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua aplikatzekoak diren oinarrizko manuen arabera ere.

Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta «literatura-ekoizpen editorialerako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueran sartuko.

Arduraduna: Kultura Sustatzeko Zuzendaritza, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila.

Helburua: kultura- eta sormen-sektoreko dirulaguntzak kudeatzea.

Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoen izenean burututako eginkizun bat betetzeko.

Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea.

Hartzaileak: gaian eskumena duten administrazioak.

Eskubideak: datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko eskubidea duzu, bai eta datuen tratamendua mugatzeko nahiz tratamenduaren aurka egiteko ere, informazio gehigarrian azaltzen den bezala.

Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehiago duzu webgune honetan: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/024300-capa2-eu.shtml

Laguntza-deialdi hau barne-merkatuarekin bateragarri diren laguntza-kategorien barruan sartzen da, Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduak 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honen aurka, zeinak administrazio-bidea agortzen baitu, aukerako berraztertze-errekurtsoa jar diezaiokete interesdunek Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezake Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan bi hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko uztailaren 9a.

Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

IBONE BENGOETXEA OTAOLEA.