Ogasun eta Finantza Saila

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2024ko urriaren 22koa, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, EAEko eta lurraldeetako kirol-federazioen hauteskunde-erregelamenduak prestatzeko eta hauteskundeak egiteko irizpideak finkatzen dituena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 214
  • Hurrenkera-zk.: 5005
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2024/10/22
  • Argitaratze-data: 2024/11/04

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Segurtasuna eta justizia; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Herrizaingoa; Gobernua eta Administrazio Publikoa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Euskadiko Kirol Federazioen urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuak 75. artikuluan xedatzen duenez, EAEko eta lurraldeetako kirol-federazioen batzar orokorrak lau urtean behin aukeratuko dira, dagokien kirol-modalitateko udako edo neguko Joko Olinpikoak egiten diren urteetan. Olinpikoak ez diren modalitateetako federazioek udako Joko Olinpikoak ospatzen diren urteetan egingo dituzte hauteskundeak. Ondorioz, 2024a Parisko Joko Olinpikoak ospatu diren urtea izan denez, EAEko eta lurraldeetako federazio gehienek 2024an egin behar dituzte hauteskunde-prozesuak.

Aurreko urte olinpikoetan kirol-federazioen hauteskunde-araubidea ezartzean, kontuan hartu da 2012ko otsailaren 19ko Agindua, zeinaren bidez finkatzen baitira EAEko eta lurraldeetako kirol-federazioen hauteskunde-erregelamenduak prestatzeko eta hauteskundeak egiteko irizpideak.

Hala ere, ezin da jo agindu hori guztiz indarrean dagoenik, kontuan hartuta Euskadiko jarduera fisikoaren eta kirolaren martxoaren 30eko 2/2023 Lege berriko xedapen indargabetzailea. Izan ere, xedapen horrek hauteskunde-berrikuntza garrantzitsuak dakartza, eta berariaz indargabetzen du Euskadiko Kirolaren ekainaren 11ko 14/1998 Legea, aipatutako aginduaren oinarri moduan erabili zena, eta, aldi berean, indarrik gabe uzten ditu lege berrian ezarritakoaren aurkakoak diren maila bereko edo beheragoko arauak. Bestalde, 2012ko otsailaren 19ko Aginduan aipatzen diren zenbait lege-xedapen indargabetuta eta ordeztuta geratu dira: besteak beste, abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa, Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzkoa, eta 30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoarena eta Administrazio Prozedura Erkidearena.

Martxoaren 30eko 2/2023 Legearen zioen azalpenean adierazitakoari jarraikiz, «federazioen hauteskunde-sistema ere nabarmen sinplifikatuko da. Orain arte, euskal federazioen hauteskunde-prozesuak lurralde-federazioen hauteskunde-prozesuetan oinarrituta egiten ziren, eta federazio horien gatazkek hauteskunde-sistema baldintzatzen zuten; izan ere, euskal federazioen batzar orokorrak lurralde-federazioen batzar orokorretatik abiatuta osatzen ziren. Lege berriarekin, ordea, kirol-federazioen batzar orokorrak kirol-erakundeetako ordezkariek baino ez dituzte osatuko, errealitateak agerian utzi baitu kirol-federazioek bigarren mailako elkarte gisa dihardutela, kirol-erakundeen elkarte gisa, alegia. Horrela, lege berriarekin, kirol-klubak eta kirol-elkarteak kirol federatuaren erabakigune bihurtuko dira».

Era berean, martxoaren 30eko 2/2023 Legearen 34.4 artikuluaren arabera, zuzendaritza-batzordea administrazio-organoa izango da. Batzar orokorrak hautatu beharko du zerrenda itxien bidez, eta federazio-estamentu guztietako ordezkariak bildu beharko ditu.

Martxoaren 30eko 2/2023 Legearen 34.6 artikuluak xedatzen duenez, kirol-federazioek, organoak hautatzeko, beren hauteskunde-erregelamenduari jarraikiz egingo dituzte hauteskunde-prozesuak, epeen barruan, eta, hala badagokio, Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean kirol-arloko eskumena duen sailak horretarako duen araudiaren arabera. Ez da beharrezkoa urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretua berariaz eta partzialki indarrik gabe uztea; izan ere, martxoaren 30eko 2/2023 Legearen xedapen indargabetzaileak indarrik gabe uzten ditu «lege honetan xedatutakoaren kontrakoak diren maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak».

Bestalde, martxoaren 30eko 2/2023 Legearen 43.6 artikuluak xedatzen duenez, Eusko Jaurlaritzak erregelamendu bidez mugatu beharko ditu kirol-federazioen ordezkaritza- eta administrazio-organoetako agintaldiak, federazio-erakundeak berritzen direla bermatzeko. Aurrekoa betetzeko, aginduen mugak arautuko dituen dekretua egitea aurreikusten da.

Agindu hau egitean, kontuan hartu da 2012ko otsailaren 19ko Agindua, beharrezko doikuntzak egin dira martxoaren 30eko 2/2023 Lege berrira egokitzeko, eta kirol-federazioetako administrazioko kide anitzeko organoetan emakume eta gizonen ordezkaritza orekatua lortzeko konpromisoa finkatu da. Horrenbestez, erabaki-espazioetan emakumeen presentzia handiagoa sustatzen da, eta federazio-egituren demokratizazio handiagoa bultzatzen da.

Testuinguru horretan, eta lehen aipatutako lege-gaikuntzaren babesean, beharrezkoa da beste agindu bat onartzea, 2024rako eta ondoko urte olinpikoetarako hauteskunde-erregelamenduak prestatzeko eta federazioetako hauteskundeak egiteko irizpideak finkatzeko.

Horrenbestez, hau

Agindu honen xedea da EAEko eta lurraldeetako kirol-federazioen hauteskunde-erregelamenduak prestatzeko eta hauteskundeak egiteko irizpideak finkatzea.

  1. EAEko eta lurraldeetako kirol-federazioen hauteskunde-araubidea honako xedapen hauetan xedatutakoari egokituko zaio: Euskadiko jarduera fisikoaren eta kirolaren martxoaren 30eko 2/2023 Legea, Kirol Federazioen Eraketa eta Funtzionamendua arautzen duen urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretua, agindu hau berau, eta kasuan kasuko federazioaren estatutu eta erregelamenduak.

  2. Zentsura-mozio eraikitzaileen bidez zuzendaritza-batzordeak aukeratzean, agindu honetako xedapenak aplikatuko dira, bidezkoak diren heinean.

  1. Agindu hau Euskal Autonomia Erkidegoko kirol-federazioei aplikatuko zaie, baldin eta, urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuan xedatutakoaren arabera, 2024an zehar edo udako eta neguko hurrengo urte olinpikoetan beren federazio-organoetarako hauteskunde-prozesuak burutu behar badituzte.

  2. EAEko eta lurraldeetako kirol-federazioek urte olinpikoaren ondoko urteko urtarrilaren 31 baino lehen izan beharko dituzte amaituta beren hauteskunde-prozesuak.

  3. EAEko kirol-federazioek beren hauteskunde-prozesuak hasi ahalko dituzte, nahiz eta lurraldeetako federazioek oraindik amaitu gabe izan beren batzar orokorra osatzeko prozesuak. EAEko federazioen batzar orokorren eraketa ez da lurraldeetako federazioen batzar orokorren eraketaren menpe egongo.

  4. Salbuespen moduan, eta administrazioak berariaz hala baimenduta, hauteskunde-prozesuen amaiera atzeratu egin ahalko da, ezinezkoa bada agindu honetan aurreikusitako epemuga betetzea. Baimen-eskari hori egitea kasuan kasuko federazioko administrazio-organoaren ardura izango da.

  5. Edonola ere, aurreko hauteskundeetan aukeratutako administrazio-organoen agintaldia hauteskunde-deialdi berriarekin amaituko da, eta handik aurrera jardunean egongo dira, behin-behineko kudeatzaile moduan. Artikulu honetan aurreikusitako epea amaitu eta hauteskunde-deialdirik egin ez bada, epemuga horietan ere amaituko da agintaldi hori. Jarduneko edo behin-behineko administrazio-organo horien eginkizuna izango da federazioa administratzea eta kudeatzea, harik eta egiteke dagoen hauteskunde-prozesua gauzatzen den arte, halako moduz non ohiko administrazio- eta kudeaketa-egintzak baino ezingo baitituzte egin, bai eta hauteskunde-prozesua arazorik gabe bermatzeko beharrezko direnak ere, hauteskunde-prozesuak gobernatzen dituen araudiak dioenari men eginez.

  6. Hauteskundeetara deitzeak ez du eragingo dagokion batzar orokorra desegitea, jardunean jarraituko baitu beste batzar orokor bat eratzen den arte.

  7. Jarduneko administrazio-organoek ezingo dituzte egintzak egin, baldin eta zuzenean edo zeharka hautesleen botoaren zentzua baldintzatzen badute. Halaber, hautagai-zerrenden artean berdintasuna bermatu beharko dute, eta hauteskunde-prozesuaren objektibotasuna, neutraltasuna eta gardentasuna ziurtatu. Aurreikuspen horiek federazioko langileek eta federazioko gainerako organoek hauteskunde-prozesuan zehar garatzen duten jardueran ere aplikatuko dira.

  1. Abuztua ez da baliodun izango hauteskunde-ondorioetarako.

  2. Bozketak egiten diren egunetan ez da hauteskunde-prozesua garatzen duen federazioko lurralde-mailako inolako kirol-lehiaketa zein proba ofizialik izango.

  3. Agindu honetan edo federazio-erregelamenduetan ezarritako epeak, kontrakoa dioen xedapenik ematen ez bada berariaz, egun baliodunei buruzkoak dira; hau da, larunbatak, igandeak eta bestelako jaiegunak baztertuta daude.

  1. Kirol-federazioek hauteskunde-erregelamendu bat izango dute ezinbestez. Ezin izango da hasi hauteskunde-prozesua, harik eta hauteskunde-erregelamenduaren administrazio-baimena, esanbidez zein isilbidez, onartu arte eta erregistro-inskripzioa egin arte. Edonola ere, Agindu honen hirugarren xedapen gehigarrian aurreko hauteskunde-erregelamenduen eta estatutuen aplikazioari buruz xedatutakoa kontuan hartuko da.

  2. EAEko kirol-federazioen hauteskunde-erregelamenduaren proiektua kasuan kasuko batzar orokorrak onartu beharko du, eta kirolaren gaineko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzara igorri beharko da, bertan behin betikoz onartzeko.

  3. Lurraldeetako kirol-federazioen hauteskunde-erregelamenduaren proiektua kasuan kasuko batzar orokorrak onartu beharko du, eta dagokion foru-aldundiko kirolaren gaineko organo eskudunera igorri beharko da, bertan behin betikoz onartzeko.

  4. Erregelamenduok Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan aurkeztu beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Kirol Erakundeen Erregistroak adierazitako euskarri informatikoan. Era berean, hauteskunde-erregelamenduak hizkuntzaren erabilera inklusibo eta ez-sexista eginda aurkeztu beharko dira.

  5. Organo eskudunak erabakiko du aurkeztutako proiektua legearekin bat ote datorren. Legea betetzen badu, erregelamendua onartu egingo da, eta Eusko Jaurlaritzako Kirol Erakundeen Erregistrora igorriko da, hark inskribatu dezan (helbide elektronikoa: https://www.euskadi.eus/erregistroa/kirol-erakundeen-erregistroa/web01-tramite/eu/), bertan zehazten diren baldintzen eta agirien arabera. Horrela ez bada, dagokion kirol-federazioari eskatuko dio aurkitutako akatsak zuzentzeko. Federazioko presidenteak edo, hala badagokio, zuzendaritza-batzordeak ahalmena izango du administrazioak eskatzen dizkion zuzenketak egiteko, betiere zuzenketa horiek administrazio-organoak egindako ohartarazpenak egitean badautza.

    Hauteskunde-erregelamenduak baliogabetzea eskatzeko arrazoibideen funtsa baldin bada batzar orokorraren borondatearekin loturiko arau aplikagarriak hautsi izana, ezingo da administrazio-bidea erabili, jurisdikzio eskuduna baizik.

  6. Bi hilabeteko epean ez bada horrelako administrazio-jakinarazpenik egiten, testua onartutzat joko da. Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikoko erregistro elektronikoak egindako inskripzioaren osteko izapide eta jakinarazpen guztiak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira, «Nire karpeta» baliatuta. Bertan, interesdunek espedientea kontsultatu ahalko dute, izapidetzearen edozein unetan, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

  7. Kirol-federazioen hauteskunde-erregelamenduek bete eta osatu egin beharko dute federazioaren estatutuetan aurreikusitakoa, eta halatan, federazio bakoitzean honako alderdi hauek arautu beharko dira:

    1. Estamentuen ehuneko banaketa, martxoaren 30eko 2/2023 Legearen 34.3 artikuluan aurreikusitako salbuespeneko kasuan.

    2. Hauteskunde-mahaiaren eta hauteskunde-batzordearen osaketa, izendapen- eta eraketa-modua, eskumenak eta funtzionamendua.

    3. Errekurtsoak eta erreklamazioak aurkezteko araudia, eta horiek ebazteko prozedura.

    4. Hauteskunde-errolda egiteko irizpideak, hala badagokio.

    5. Hauteskunde-egutegia egiteko irizpideak.

    6. Hautagai-zerrendak aurkezteko eta aldarrikatzeko baldintzak eta epeak.

    7. Hauteskunde-prozesuaren berri emateko araudia.

    8. Batzar orokorra hautatzeko prozedura.

    9. Zuzendaritza-batzordea hautatzeko prozedura.

    10. Bajak eta hutsuneak ordezkatzeko sistemak eta epeak.

  8. Hauteskunde-erregelamendu bat erregistroan onartzeak eta inskribatzeak ez dakar berekin ekintza baliogabeak baliokidetzea, ez eta bertan sarbidea duten ekintzen arau-hasteak ezabatzea ere.

  9. Hauteskunde-erregelamenduak, administrazioan onartu eta EAEko Kirol Erakundeen Erregistroan izena emandakoan, dagokion kirol-federazioaren web-orrian argitaratuko dira. Gainera, EAEko federazioen hauteskunde-erregelamenduak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren zuzendaritza egokiaren egoitza elektronikoan argitaratuko dira, eta lurralde-federazioetako hauteskunde-erregelamenduak lurralde historikoko foru-organo egokiko egoitza elektronikoan argitaratu beharko dira. Bi euskarrietan osorik argitaratu arte, ez dira indarrean egongo.

  1. Federazio bakoitzaren hauteskunde-batzordea da hauteskunde-prozesua bultzatzeko erakunde arduraduna; bide batez, berari dagokio prozesua modu egokian burutzea, azken batean bermatu egin beharko baitu hauteskunde-prozesua zuzenbidearen araberakoa dela.

  2. Hauteskunde-batzordearen eginkizunak hauek dira:

    1. Hala badagokio, hauteskunde-errolda eta hauteskunde-egutegia onartzea.

    2. Aurkeztutako hautagai-zerrendak onartzea, aldarrikatzea eta argitaratzea.

    3. Hauteskunde-mahaia izendatzea.

    4. Hauteskunde-mahaiaren erabakien aurka aurkezten diren inpugnazioak, erreklamazioak, eskariak eta errekurtsoak ebaztea.

    5. Hauteskunde-aginduak interpretatzea eta aurkitzen diren arau-hutsuneak moldatzea.

    6. Boto-paperen, gutun-azalen, hautagai-zerrenden inprimakien eta antzeko agirien eredu ofizialak onartzea, hizkuntza inklusibo eta ez-sexista erabiltzeko betebeharra betez.

    7. Baimena ematea hauteskunde-ekitaldiak kasuan kasuko federazioaren lokaletatik aparte egiteko.

    8. Egiten zaizkion kontsultei erantzuna ematea.

    9. Kasuan kasuko diziplina-batzordeari aditzera ematea diziplina-haustetzat har daitezkeen hauteskunde-prozesuarekin lotutako gertakizun guztiak.

    10. Hautatutako hautagaitzak aldarrikatzea.

    11. Kirol-klub bakoitzari dagokion boto haztatua aplikatzea, boto-aurreikuspen hori badago.

    12. Martxoaren 30eko 2/2023 Legearen 34.3 artikuluan aurreikusitako salbuespeneko kasuan, plazak berriz esleitzea, kirol-kluben boto haztatuak kirolarien estamentuaren gaineko ehunekoa errespeta dezan.

    1. Hauteskundeen martxari zuzenean eragiten dioten gorabehera guztiak.

  1. Hauteskunde-batzordea kide bakarrekoa izan daiteke. Kide anitzeko organo gisa eratzen bada, pertsona fisiko kopuru bakoiti batez osatuko da, bost gehienez; presidentea eta idazkaria adinez nagusiena eta adinez gazteena izango dira, hurrenez hurren, non eta federazioak inolako arau-aurreikuspenik egin ez duen horretarako. Hautatua izan den kirol-klub edo kirol-taldeak izendatutako pertsona fisikoa batzordekide izan ahalko da. Pertsona juridikoak ezingo du pertsona fisiko hori ordezkatu haren agintaldi osoan, salbu eta haren heriotza, dimisioa, desgaitzea, gaixotasuna eta pertsona juridikoaren borondatetik kanpoko beste edozein kausa gertatzen bada.

  2. Hauteskunde-batzordeak kasuan kasuko kirol-federazioak ematen dion aholkularitza juridikoaren laguntza eduki ahalko du, hala badagokio.

  1. Hauteskunde-batzordeko kideak, eta horien guztien ordezkoak, federazioaren estatutu edo erregelamenduetan ezarritako prozedurari jarraikiz izendatuko dira.

  2. Aipatutako federazio-estatutu edo -erregelamenduetan horrelakorik jaso ezean, hauteskunde-batzordeko kideak zozketa publiko bidez izendatuko dira, hautagai ez diren hautesleen artetik.

  3. Federazio-estatutu edo -erregelamenduek ezin dute inondik ere onartu federazioaren presidenteak edo zuzendaritza-batzordeak hauteskunde-batzordeko kideak zuzenean izenda ditzaten. Orobat, batzar orokorrak ezingo ditu kideak izendatu, aurrez federazioaren presidenteak edo zuzendaritza-batzordeak zuzenean aukeratutako zerrenda murriztu baten gainean.

  1. Hauteskunde-batzordearen agintaldia lau urtekoa izango da; edonola ere, epe hori amaitu aurretik, batzar orokorrak kargutik kendu eta beste hauteskunde-batzorde bat izendatzeko eskumena du.

  2. Kargutik atera den hauteskunde-batzordeak lanean jarraituko du, harik eta hauteskunde-batzorde berria izendatzen den arte.

  1. Federazio bakoitzaren hauteskunde-mahaia da bozketa eta zenbaketaren faseak behar bezala garatzeko ardura duen organoa.

  2. Hauteskunde-mahaiaren eginkizunak hauek dira:

    1. Bozketa bakoitza behar bezala garatzeko ardura bere gain hartzea, boto-emaileen nortasuna eta hautesle izaera egiaztatuz.

    2. Emandako botoen baliozkotasuna erabakitzea.

    3. Botoak kontatzea.

    4. Bozketarekin edota zenbaketarekin lotutako beste edozein gorabehera erabakitzea.

  3. Hauteskunde-mahaiak kasuan kasuko kirol-federazioak ematen dion aholkularitza juridikoaren laguntza eduki ahalko du, hala badagokio.

Hauteskunde-mahaia kide bakarrekoa izan daiteke. Kide anitzeko organoa bada, estatutuetan edo erregelamenduetan bestela aurreikusi ezean, kideak bakoitiak izango dira eta, gehienez ere, bost pertsona fisiko izango dira. Presidentea eta idazkaria pertsona fisiko nagusiena eta gazteena izango dira, hurrenez hurren. Hautatua izan den kirol-klub edo kirol-taldeak izendatutako pertsona fisikoa izan ahal izango da kide. Pertsona juridikoak ezingo du pertsona fisiko hori aldatu haren agintaldi osoan.

Hauteskunde-mahaiko kideak, eta horien guztien ordezkoak, hauteskunde-batzordeak izendatuko ditu, zozketa bidez, hautagai ez diren hautesleen artetik.

  1. Hauteskunde-mahaiaren agintaldia lau urtekoa izango da; edonola ere, epe hori amaitu aurretik batzar orokorrak kargutik kendu eta beste hauteskunde-mahai bat izendatzeko eskumena du.

  2. Kargutik atera den hauteskunde-mahaiak lanean jarraituko du, harik eta beste hauteskunde-mahai bat izendatzen den arte.

  1. Hauteskunde-batzordeko zein hauteskunde-mahaiko kideen artean ez da, inolaz ere, aribidean den hauteskunde-prozesuren bateko hautagairik egongo. Bateraezintasun hau zehazteko, kontuan hartuko da zein egunetan adierazi den hautagaia izateko borondatea, alegia, hautagaien onarpena biltzen duen hautagaitza aurkeztu beharko da, aldarrikapenaren zain egon beharrik gabe.

  2. Hauteskunde-batzordeko zein hauteskunde-mahaiko kide direnak ezingo dira, inolaz ere, batzar orokorreko edo zuzendaritza-batzordeko hauteskunde-prozesuetan hautagai gisa aurkeztu. Debeku horrek indarra izango du, baita hauteskunde-organo horietan dimisioa eman ondoren ere.

  1. Hauteskunde-mahaia eta hauteskunde-batzordea kide anitzeko organo moduan osatuta daudenean, eratu ahal izateko, gutxienez kideen erdiak eta bat gehiago egon beharko dira bertan.

  2. Hauteskunde-batzordearen eta hauteskunde-mahaiaren erabakiak, kide anitzeko organoak direnean, botoen gehiengoaz hartuko dira. Berdinketa gertatuz gero, presidentearen kalitate-botoa nagusituko da.

  3. Gehiengoaren aurkako botoek, baldin eta nominatiboki arrazoituak badira, zuzenbidearen kontrako erabakiak hartzetik ondoriozta daitezkeen erantzukizunetatik salbu uzten dute.

  4. Hauteskunde-mahaiak hartzen dituen erabakien aurka, errekurtsoak aurkeztu ahal izango dira, hauteskunde-batzordean, bi egun balioduneko epean. Epe hori erabakiak jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da, edo, hala badagokio, erabakiak argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

  5. Hauteskunde-batzordeak lehen instantzian hartzen dituen erabakien aurka, errekurtsoak aurkeztu ahal izango dira, hauteskunde-batzordean bertan, bi egun balioduneko epean. Epe hori erabakiak jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da, edo, hala badagokio, erabakiak argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Errekurtso horiei buruzko ebazpenen aurka, errekurtsoa jarri ahal izango da, Kirol Justiziaren Euskal Batzordean, zazpi egun balioduneko epean.

  6. Hauteskunde-batzordearen eta hauteskunde-mahaiaren erabakien berri emango zaie interesdunei, eta kasuan kasuko kirol-federazioaren iragarki-taulan ere argitara emango dira.

  7. Hauteskundeetako kide anitzeko organoetako bilerak ez dira zertan aurrez aurre egin, justifikatutako arrazoiak daudenean. Halakoetan, bideokonferentzia, posta elektronikoa edo antzeko komunikabide teknikoak erabiliko dira, betiere informazio- eta boto-eskubideak eta bileren egiazkotasuna bermatuta.

Hauteskunde-mahaiko eta hauteskunde-batzordeko kideei halako diru-ordainketa bat egin dakieke, organo horiei dagozkien eginkizunak betetzearen truke, hain justu. Kasuan kasuko kirol-federazioaren batzar orokorrak finkatuko ditu ordainketa horien baldintzak, izendapenaren aurretik inondik ere.

Hauteskunde-batzordearen eta hauteskunde-mahaiaren saio bakoitzaren akta egin beharko da. Bertaratutako kide guztiek izenpetu beharko dute akta hori. Urteko edo denboraldiko aktekin akta-liburua osatuko da, hau da, PDF formatuko artxibo bakar bat, zenbakitutako orriak izango dituena eta azalean honako hauek jasoko dituena: zer liburu den, zer ekitaldiri buruz ari den eta erakundeak zer izen duen. Akta-liburua Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikora igoko da, helbide honetako Liburuak/Liburuen legeztatzea atalean: https://www.euskadi.eus/erregistroa/kirol-erakundeen-erregistroa/web01-tramite/eu/

Hauteskunde-batzordearen eginkizunak kasuan kasuko kirol-federazioaren egoitzan burutuko dira. Aparteko kasuetan, eta kideek aho batez hartutako erabakia baldin bada, hauteskunde-batzordeak beste lokal batzuetan burutu ahal izango ditu bere eginkizunak.

  1. Hauteskunde-batzordeko eta hauteskunde-mahaiko kide izateko, pertsonek kargua onartu beharko dute.

  2. Kargua onartu behar horretatik libre eta inolako diziplina-erantzukizunik gabe geratuko dira beren lan, familia, ikasketa, osasun edo antzeko arrazoiak direla-eta beren eginkizunak behar bezala betetzerik ez duten pertsonak.

Eusko Jaurlaritzaren kirolaren gaineko zuzendaritza eskuduna eta foru-aldundi bakoitzean kirol-arloan eskumena duten organoak ahaleginduko dira EAEko zein lurraldeetako kirol-federazioei laguntza ematen arlo honetan, behar diren baliabide materialak zein giza baliabideak eskainiz.

Hauteskunde-erroldan jasota ageri da hautagai eta hautesle izateko baldintzak betetzen dituzten pertsona fisiko eta juridikoen zerrenda, hain zuzen ere kasuan kasuko federazioan sufragiorako eskubidea aldi baterako edo behin betiko galdu ez dutenena, agindu honen 40. artikuluan aurreikusitako batzar orokorraren salbuespeneko osaeretan. Batzar orokorra soilik kirol-federazio bakoitzak ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen dituzten kirol-klubek osatzen badute, ez da beharrezkoa izango errolda onartzea. Kasu horretan, hauteskunde-batzordea izango da egiaztatuko duena kirol-klubek baldintzak betetzen dituztela eta, boto haztatua baldin badago, berak erabakiko du zenbat boto dagozkion kirol-klub bakoitzari.

Hauteskunde-erroldako inskripzioak, gutxienez, izen-abizenak, nortasun-agiria, sexua eta federazio-lizentziaren zenbakia jasoko ditu pertsona fisikoen kasuan. Pertsona juridikoen kasuan, berriz, inskripzioak gutxienez sozietatearen izena, identifikazio fiskalaren zenbakia, Euskal Autonomia Erkidegoko Kirol Erakundeen Erregistroko inskripzio-zenbakia eta federazio-afiliazioaren zenbakia bilduko ditu.

  1. Hautesle eta hautagaien errolda ataletan antolatuko da, estamentuen arabera.

  2. Pertsona fisiko bakoitza atal batean inskribatuta egongo da. Inor ezin da atal batean baino gehiagotan inskribatuta egon. Pertsona batek hainbat estamentutan baldin badu federazio-lizentzia, bat aukeratu beharko du. Egoera horretan dagoen pertsona batek ez badu aukeraketa hau berariaz egiten, automatikoki geratuko da lizentzia-kopururik txikiena duen estamentuari atxikita.

  1. Kasuan kasuko federazioaren hauteskunde-errolda onartzeko, hauteskunde-batzordeak kontuan hartuko ditu erroldak, fitxategiak, estatistika-datuak, zigor-erregistroak eta abar; horiek guztiak, hauteskunde-batzordeak berak eskatuko dizkio lurraldeko edo EAEko federazioaren administrazio-organoari. Hauteskunde-batzordeak ez du eskumenik federazio-lizentziak baliogabetzeko edo ezeztatzeko, eta, horrenbestez, aintzakotzat hartuko ditu administrazio-bidean edo bide judizialean baliogabetu edo ezetsi ez diren federazio-lizentzia guztiak. Horrek ez du esan nahi edozein interesdunek eskubidea ez duenik organo eskudunei eskatzeko lizentziak baliogabetu edo ezets ditzan.

  2. EAEko eta lurraldeetako federazio guztiek lankidetzan aritu beharko dute dagokien hauteskunde-batzordeak eskatzen dien informazio eta dokumentazio guztia ahalik eta azkarren igortzearren.

Kirol-federazio bakoitzaren hauteskunde-erroldaren zabalpen egokia bermatzearren, errolda onartzen duen hauteskunde-batzordeak kasuan kasuko federazioaren web-orriko iragarki-taula elektronikoan jarri beharko du errolda hori; bide batez, errolda behar bezala ezagutzeko egoki diren neurri osagarri guztiak hartu beharko ditu, datu pertsonalen babesaren gainean indarrean den araudia betez.

  1. Interesdunek bost egun naturaleko epea izango dute hauteskunde-batzordeak behin-behinean onartutako hauteskunde-erroldari buruzko alegazioak egiteko. Alegazio horiek hauteskunde-batzordearen aurrean aurkeztuko dira, eta hark erabakiko du bidezkoak diren ala ez, behin betiko onespenaren unean.

  2. Hauteskunde-batzordearen errekurtsoak ebatzi ondoren, eta hauteskunde-errolda irmoa denean, ez da inolako inpugnaziorik egiterik izango erroldaren inguruan hauteskunde-prozesuaren beste faseetan zehar; nolanahi ere, prozesua amaitutakoan, aukera egongo da Kirol Justiziako Euskal Batzordean edo auzibidean inpugnazioak egiteko.

Ez da inola ere onartuko EAEko eta lurraldeetako federazioen hauteskunde-prozesuetan posta bidez bidalitako botorik.

  1. Hautagaiek adinez nagusia den eta bere gaitasun zein eskubideez baliatzeko moduan dagoen edozein pertsonaren aldeko ahalordeak eman ahal izango dituzte, kontu-hartzaile gisa aritu ahal izan daitezen, hautagaien beren izenean, hauteskunde-ekitaldietan.

  2. Ordezkaritza egiaztatzeko, bere izatea eta irismena sinesgarritasunez erakusten duen edozein bide erabili ahal izango da, zuzenbidean baliozkoa bada.

Kontu-hartzaileen eginkizun bakarra bozketa ekintza bera eta boto-zenbaketa ikustea izango da; edonola ere, eskubidea izango dute hauteskunde-ekitaldiaren garapenari buruz egiten dituzten adierazpenak aktan jasota gera daitezen, bai eta bozketari eta zenbaketari buruzko erreklamazioak ere.

Hautagaiek izendatutako kontu-hartzaile horien parte hartzeak ez du eragotziko urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuak 18. eta 19. artikuluetan administrazioari ematen dion esku-hartzeko ahalmena.

Kontu-hartzaileek beren izaera egiaztatu beharko dute hauteskunde-mahaiaren aurrean; horretarako, ahalordea eta nortasun-agiri nazionala, pasaportea edo antzeko identitate-agiriren bat aurkeztu beharko dituzte. Hauteskunde-mahaiak aukera emango die kontu-hartzaile horiei bozketa eta boto-zenbaketa gauzatzen diren tokian egoteko.

Hauteskunde-mahaiaren eta hauteskunde-batzordearen erabakien aurkako errekurtsoak hauteskunde-batzordeari berari zuzenduko zaizkio, Kirol Justiziako Euskal Batzordeari dagozkion kontuetan izan ezik. Errekurtsoak aurkezteko epea bi egun baliodunekoa izango da.

  1. Hauteskunde-batzordeak gehienez lau egun balioduneko epean emango du ebazpena, errekurtsoa aurkezten denetik kontatzen hasita.

  2. Ebazpenak oso-osorik edo zati batean baiets edo ezets ditzake errekurtsoan azaldutako asmoak, edota besterik gabe baztertutzat jo.

  3. Errekurtsoa ez bada berariaz ebazten ezarritako epean zehar, ezetsitzat jo ahal izango da, eta, hala, zabalik geratuko da Kirol Justiziako Euskal Batzordera jotzeko bidea.

  4. Hauteskunde-errekurtsoen gainean hauteskunde-batzordeak ematen dituen ebazpenek amaitutzat ematen dute federazio-bidea, eta haien kontra Kirol Justiziako Euskal Batzordean jar daiteke errekurtsoa.

  5. Organo eskudunen hauteskunde-ebazpenak gauzatzea federazioaren hauteskunde-batzordearen eginkizuna da, kasuan kasuko federazio-organoen lankidetzaz.

  6. Hauteskunde-batzordearen erabakiak exekutiboak izango dira.

  7. Halako ekintza batzuk baliogabetuz gero, bere horretan mantenduko dira irregulartasuna bete ez balitz ere bere edukiaz berdin-berdin garatuko ziren ekintzak eta izapideak.

  8. Hauteskunde-prozesuen kontrola eginkizun publiko administratiboa da, eta ezin da inongo arbitrajeren menpean egon.

Hauteskunde-batzorde bakoitzak bermatu beharko du kasuan kasuko kirol-federazioko kide guztiek behar besteko informazioa izatea hauteskunde-prozesuari buruz, eta halaz, dagozkien eskubideak erabili ahal izan ditzaten.

Hauteskunde-prozesu batean sartuta dagoen kirol-federazioan jardunean den administrazio-organoak behar adina baliabide material zein giza baliabide eskaini beharko dizkio hauteskunde-batzordeari, hauteskunde-prozesuaren zabalkunde egokia lortzeko.

Hauteskunde-prozesu bakoitzari dagozkion agiri eta erabaki guztiak federazio bakoitzaren web-orriko iragarki-taula elektronikoetan azaldu beharko dira, nahitaez.

  1. Interneten web-orri bat duten kirol-federazio guztiek bertan sartu beharko dituzte hauteskunde-erroldaren testuak, hauteskunde-erregelamendua, eta interes orokorrekoak diren hauteskunde-batzordeen ebazpenak. Publizitate horrek bertan aipatzen diren pertsonen ohorea eta intimitatea errespetatu beharko ditu.

  2. Federazio batek web-orririk ez badu, haren bidez dokumentazioaren zabalkundea egiteko betebeharrak (Agindu honetan jasotakoak) kasuan kasuko federazioen elkartearen web-orriaren bidez bete ahalko dira.

  3. Hizkuntzaren eta irudien erabilera inklusibo eta ez-sexista bermatu beharko da.

Kirol-federazioek hauteskunde-erroldaren, hauteskunde-egutegiaren eta hauteskunde-erregelamenduaren kopia bana igorriko diote dagokion administrazio-organoari, hauteskunde-prozesuaren zabalkunde osagarria zertzeko, bere egoitza elektronikoaren bidez.

  1. Batzar orokorra, oro har, estatutu edo erregelamendu bidez ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen dituzten kirol-klubek eratuko dute soilik.

  2. Batzarkidearen izaera pertsona juridikoari dagokio, ez haren ordezkari diharduen pertsona fisikoari.

  1. Salbuespen kasuetan, banakakoak soilik parte hartzeko diren kirol-modalitateetan, eta, gainera, lizentziak zuzenean kirolariei ematen zaizkien horietan (kirol-klubetatik aparte), batzar orokorreko kide izan ahalko dira kirolariak beraiek ere. Aipatutako bi baldintzak betetzen dituzten EAEko federazioek kasuan kasuko hauteskunde-erregelamendua aurkeztu beharko dute, erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko kirolaren gaineko eskumena duen zuzendaritzan, baldintza horiek betetzen dituela aitortuz. Lurraldeetako federazioek betebehar berbera izango dute kasuan kasuko foru-organoaren aurrean.

  2. Aurreko atalean kirol-federazioen batzar orokorra osatzeko ezohiko araubidea aplikatzeko ezarri diren baldintzak bete egin beharko dira hauteskunde-prozesua egiten den denboraldian eta aurreko denboraldian.

  3. Aipatutako bi baldintzak betetzen dituzten kirol-federazioek ahamena izango dute, baina ez betebeharra, beren batzar orokorrak eratzeko baita kirolarien estamentuarekin eurekin ere. EAEko federazio batek ezingo du inola ere jo lurraldeetako federazioen erabakiaren aurka, batzar orokorra era batera edo bestera eratzearren. Era berean, lurraldeetako federazioek ere ezingo dute erabaki horren aurka jo.

  4. Kirol-federazioen batzar orokorrean estamentuei, kirol-klubei edo kirolariei dagokien ehunekoa horien estatutuetan ezarriko da. Edonola ere, kirol-kluben estamenturako gutxieneko ordezkaritza batzar orokorreko kideen % 20koa izango da. Hauteskunde-batzordeak kirol-klubei esleitzen dien boto haztatuak beti errespetatu beharko du ehuneko hori.

  1. Batzar orokorreko kide hautatu batek galtzen badu hautatzeko unean baliagarri izan zitzaion izaera, automatikoki baja izango da batzar orokorrean.

  2. Boto haztatuaren ondorioz kirol-kluben kirol-egoeran egiten den aldaketak ez du boto haztatu hori aldaraziko lau urteko agintaldian. Kirol-klubek baja ematen dutenean soilik kalkulatuko da berriro boto hori. Kasu horretan, hauteskunde-erregelamendu bakoitzak edota hauteskunde-batzordeak ezarritako irizpideari jarraituz alta ematen duten kirol-klub berriek ordeztuko dituzte kluben bajak.

  3. Federazio bakoitzaren hauteskunde-erregelamenduak zehatz-mehatz arautu beharko du batzar orokorreko kirolarien postu hutsak betetzeko sistema, ezohiko moduan estamentu horrekin eratu den kasuetan. Hori ezean, hauteskunde-batzordeak xedatuko ditu postu hutsak betetzeko irizpideak. Horretarako, postu hutsak betetzeko egunean eguneratuta dauden erroldak erabiliko dira beti.

  4. Sistema horrek lehentasuna emango dio kirolarien hutsuneak ordezkoekin estaltzeari. Ordezkoen bidez ez bada nahikoa, hauteskunde partzialak egingo direla bermatu beharko du kirol-federazio bakoitzak. Hauteskunde partzial bana egin ahal izango da, gehienez, lau urteko agintaldietan. Hauteskunde partzial hori ezingo da egin agintaldiaren hasieratik gutxienez bi urte igaro arte. Aurreko irizpideak erabilita ere ezin badira postu huts guztiak bete, postu horiek amortizatu egingo dira.

Hauteskunde-deialdia egin ahal izateko, kirol-federazio bakoitzeko presidenteak kargua utzi eta hauteskunde-batzordeari dei egingo dio, hauteskunde-prozesua abiatzeko behar diren erabakiak har ditzan.

  1. Eusko Jaurlaritzako Kirol Erakundeen Erregistroan inskribatuta egonda hauteskundeak egin diren denboraldian eta aurrekoan kirol-jarduera esanguratsuren batean parte hartu duten kirol-klubak soilik izan ahalko dira batzar orokorren parte. Hauteskundeak egiten diren denboralditzat hartzen da hauteskunde-prozesua abian jartzen denekoa.

  2. Kirol-jarduera esanguratsutzat zer hartzen den jakiteko, kasuan kasuko estatutuetara edo hauteskunde-erregelamendura joko da. Dena dela, kirol-klub batek kirol-jarduera burutzen duela aitortzeko, hauteskundeak egiten diren urtean eta aurrekoan indarreko lizentzia duen gutxieneko kirolari-kopuru bat izan behar du. Gainera, klubak lehiaketa federatu batzuetan parte hartu beharko du (gutxieneko bat ezarriko da). Klub bakoitzak gutxienez zenbat lizentzia izan behar dituen eta gutxienez zenbat lehiaketatan eta zeintzuetan parte hartu behar duen federazio bakoitzak ezarriko du, hauteskunde-erregelamenduan edo estatutuetan. Datu horiek zehazteko, kirol-federazioek beren lurralde, erkidego edo goragoko mailetako lehiaketetan parte hartzeko eskatu ahalko dute.

  3. Aurreko baldintzak gorabehera, kirol-federazioek botoaren haztapen-araubidearen gainean hautatutako aukera ezarri ahalko dute beren estatutuetan. Hartara, ezinezkoa izango da hauteskunde-erregelamenduan sartzea, aurretik estatutuen bidez estali ez bada. Eskala bidez ezartzen bada kirol-klub bakoitzak igorri beharreko boto-kopurua, datu objektiboetatik ateratako irizpide hauetako edozein jarraitu beharko da, ordezkaritza bereiztekotan:

    1. Kasuan kasuko modalitatean lizentzia duten kirolarien kopurua.

    2. Lehiaketa desberdinetan parte hartzen duten taldeen edota kirolarien kopurua.

    3. Antolatutako proba ofizialen kopurua.

      Kirol-federazioek aldi berean irizpide horietako hainbat onartu ahalko dituzte, behar bezala zehaztuta. Era berean, federazioen estatutu eta erregelamenduek beste irizpide objektibo batzuk erants ditzakete botoa haztatzeko, baldin eta horrelakoen bidez inolako bazterketarik ezartzen ez bada eta kasuan kasuko kirol-modalitatearen ezaugarriak kontuan hartuz justifikatuta badaude.

  4. Hauteskunde-batzordeak finkatuko du kirol-klub bakoitzari batzar orokorrean dagokion boto-kopurua, lau urteko agintaldian baliagarria izango dena. Hauteskunde-batzordeak erabakitzen du zein kirol-klubek parte hartzen duen batzar orokorrean eta horietako bakoitzari zenbat boto dagozkion.

  5. Batzar orokorraren zenbait bozketatan isilpekotasuna bermatze aldera, kirol-klub bakoitzaren botoa sekretua izango dela ziurtatzeko neurri teknikoak hartuko dira. Kirol-klubek, boto haztatua dagoenean, beren boto haztatuari dagokion paper-kopurua jasoko dute hauteskunde-batzordearen eskutik.

  6. Lurraldeetako federazioen batzar orokorretan botoa haztatzeak ez dakar nahitaez EAEko federazioen batzar orokorretan ere botoa haztatu behar denik.

  7. Batzar orokorrean parte hartzen duten pertsona juridiko guztiek pertsona fisiko bana edukiko dute ordezkari bertan, alde batera utzita esleiturik duten boto-kopurua.

  8. Inongo kirol-klubek ezingo ditu boto haztatuaren bidez eskuratu beste kirol-entitate baten boto-kopurua halako bost.

  9. Federazioek ezingo dute ezarri batzar orokorrean parte hartzeko edo botoak haztatzeko betekizun gisa, ez kirol-ekipamenduen titulartasuna, ezta ekipamendu horien erabilgarritasuna, edukitzea edo jabetza ere.

Lurraldeetako federazioen estatutu eta erregelamenduek beste baldintza batzuk erants ditzakete, baldin eta horrelakoen bidez inolako bazterketarik ezartzen ez bada eta kasuan kasuko kirol-modalitatearen ezaugarriak kontuan hartuz justifikatuta badaude.

  1. Agindu honen 40. artikuluan aurreikusitako salbuespeneko kasuan, batzar orokorreko kirolarien ordezkariak hauteskunde-errolda onartzen den unean hemezortzi urte baino gehiago dituzten kirolarien artean erabakiko dira, betiere lizentzia indarrean badute eta kirol-jarduera batean aritu badira hauteskundeak hasi diren denboraldian eta aurre-aurrekoan. Bozketaren unean hamasei urtetik gora dituzten eta aurreko baldintzak betetzen dituzten kirolariek aukeratuko dituzte ordezkari horiek.

  2. Kirolarien hautagai-zerrendak hauteskunde-batzordeak onartutako ereduan aurkeztuko dira. Federazio bakoitzaren administrazio-zerbitzuek zuzemen bat egin beharko dute, bertan jasota lagaz hautagai-zerrenda aurkeztu den eguna, eta bide batez horren erreziboa emanez zerrenda aurkeztu duenari.

  3. Kirolarien botoa sekretua izango da, eta hauteskunde-batzordeak emandako boto-paper ofiziala erabiliko da horretarako. Hautesle bakoitzak bere nortasuna egiaztatu beharko du, nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidatzeko baimena edo nortasuna adierazteko baliagarria den beste agiriren bat aurkeztuz.

  4. Izapide hori bete eta gero, kirolari bakoitzak boto-papera emango dio hauteskunde-mahaiaren presidenteari, eta horrek hautetsontzian sartuko du.

  5. Bozketa amaitu eta gero, hauteskunde-mahaiko kide diren kirolariek gauza bera egingo dute; lehenik idazkariak emango du botoa eta azkena presidentea izango da.

  6. Botoa ematen duen kirolari bakoitzak estamentu horretan hautatzekoak diren hautagai adina batzarkide bozkatu ahalko ditu.

  7. Estamentu batean aurkeztutako kirolarien hautagai-kopuruak aukeratu beharreko pertsona-kopuruarekin bat egiten duenean edo txikiagoa bada, zuzenean egingo du haien aldarrikapena hauteskunde-batzordeak, bozketa egin beharrik izan gabe.

  8. EAEko federazioko batzar orokorreko kideak hautatzeko prozedura, Agindu honen 40. artikuluko salbuespenezko kasuaren arabera, lurraldeetako federazio bakoitzeko kirolarien eta kirol-kluben kupoak esleitzearekin batera hasiko da. EAEko federazioko hauteskunde-batzordeak egindako esleipen hori lurraldeetako federazioek dituzten kirol-kluben eta kirolarien kopuruaren araberakoa izango da. Lurraldeetako federazio bakoitzaren ordezkariak izendatzeko (egintza hori hauteskunde-ekitaldi bat da eta, beraz, hauteskunde-batzordean errekurtsoa jar daiteke), EAEko federazio bakoitzaren hauteskunde-batzordeak bere erroldak, artxiboak edo fitxategiak erabiliko ditu, bai eta lurralde-federazioei eskatzen zaien dokumentazio guztia ere.

  9. Ordezkarien izendapena agiri bidez jakinaraziko zaio lurraldeko kirol-federazio bakoitzari, eta EAEko eta lurraldeetako federazioen iragarki-taula elektronikoetan jarriko da, hauteskunde-erregelamenduak zehazten duen epean zehar.

  10. Bozketa-ekitaldia amaitu eta gero, hauteskunde-mahaiak botoak zenbatuko ditu.

  11. Hauteskunde-batzordeak ofizialki onartutako ereduaz besteko gutun-azal edo boto-paperetan emandako botoak baliogabeak izango dira, eta baita gutun-azaletik gabeak edota hautagai-zerrenda desberdinetako boto-paper bat baino gehiago duten gutun-azaletan emandakoak ere. Gutun-azaletan hautagai-zerrenda bereko boto-paper bat baino gehiago baldin badago, baliozko boto bakartzat zenbatuko da.

  12. Boto-paperean hautagaien izenak aldatu, erantsi, markatu edo ezabatu baldin badira, edota jarrita dauden hurrenkera moldatu, baliogabeak izango dira; gauza bera beste edozein aldaketa gertatu bada boto-paperean.

  13. Zuriz emandako bototzat hartuko dira boto-paperik gabeko gutun-azalak edota boto-paper zuriz agertzen direnak.

  14. Kasuan kasuko posturako boto-kopururik handiena eskuratzen duen hautagai-zerrenda edo kirolaria izango da irabazlea.

  15. Boto-berdinketa gertatuz gero, emakumeek aurkeztutako hautagai-zerrenda izango da irabazlea. Berriro ere berdinketa gertatzen bada, federazioan antzinatasun handiena duen pertsona edo entitatea izango da irabazlea.

  16. Berdinketak bere horretan segitzen badu, hauteskunde-batzordeak zozketa egingo du, berdinduta dauden hautagai-zerrenden artean.

  1. Zuzendaritza-batzordea hautatzeko hautesle-multzoa batzar orokorreko kide guztiek osatuko dute.

  2. Hautagaiak izan ahalko dira pertsona fisikoak, izan kirolari, entrenatzaile edo epaile, baldin eta hauteskunde-errolda onartzeko unean hemezortzi urte baino gehiago badituzte, federatuta badaude edo federatuta egon badira kirol-federazioek ezarritako aldian. Era berean, kirol-klubak ere hautagai izan ahalko dira, pertsona juridiko gisa.

  3. Batzar orokorreko kide diren pertsona juridikoen ordezkaritza, beren presidenteari edota ordezkaritza hori behar bezala egiaztatzen duen pertsonari dagokio. Ordezkaritza hori egiaztatzeko, nahikoa izango da kirol-klubeko idazkariak emandako ziurtagiria aurkeztea, presidentearen oniritziarekin, non adieraziko den nor den presidente edo nor izendatu den kirol-erakundeko ordezkari.

Batzar orokorreko kideak behin betiko aldarrikatu ondoren, gutxienez 7 egun naturaleko epea izango da zuzendaritza-batzorderako hautagai-zerrendak aurkezteko.

  1. Hautagai-zerrendak aurkezteko inprimakiak hauteskunde-batzordeak ofizialki onartutakoak izango dira; era berean, federazio bakoitzaren hauteskunde-erregelamenduak finkatutako epean eta moduan aurkeztuko dira. Hauteskunde-batzordeak egiaztatu egin beharko du, ofizioz, hautagaiek beren agintaldiaren mugei buruz federazio-arauek diotena betetzen dutela, presidentziak bidaltzen dion dokumentazioan oinarrituta.

  2. Zuzendaritza-batzorderako hautagai-zerrendetan kide guztien sinadurak izango dira. Hautagai-zerrenda hauek itxiak izan beharko dira.

  3. Hautagaitzak ezingo dira aldatu aurkeztu ondoren, eta ordezkoak egon ahalko dira aurkezten direnetik aldarrikatzen diren arte egoten diren bajak estaltzeko.

  4. Zuzendaritza-batzordeko hautagaitzek, kide diren pertsona fisikoei dagokienez, emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izan beharko dute. Ordezkaritza orekatutzat joko da, baldin eta bi sexuok, gutxienez, % 40ko ordezkaritza badute. Hauteskunde-prozesuaren denboraldian gizonen edo emakumeen federazio-lizentziak % 40tik behera diren kirol-federazioetan nahikoa izango da gutxiengoa den sexuaren ordezkaritza berdintzea edo gainditzea berari dagozkion federazio-lizentzien ehunekoa.

    Pertsona fisikoen estamentu batek zuzendaritza-batzordeak pertsona fisiko ordezkari bat baino gehiago baditu, nahitaez egon beharko da estamentu horren ordezkari maskulino eta femenino bat.

  5. EAEko federazioen zuzendaritza-batzorderako hautagai-zerrendetan ez dira sartuko lurralde-federazioetako presidenteak, zeren 16/2006 Dekretuaren 90.3 artikuluan xedatutakoaren arabera eskubide osoko kide baitira.

  6. Zuzendaritza-batzordeetako hautagai-zerrendek nahitaez jaso beharko dituzte federazio-estamentu guztietako ordezkariak.

  1. Hautagai-zerrendak aurkezteko epea amaitu ondoren, hauteskunde-batzordea bilduko da, zerrendak onargarriak diren ala ez erabakitzeko.

  2. Hautagai-zerrendak onartzeari edo ez onartzeari buruzko errekurtsoak jar daitezke hauteskunde-batzordean bi egun balioduneko epean.

  3. Hautagai-zerrendaren batek konpontzeko moduko akatsik baldin badu, eskatu egingo zaio jakinarazitako akats horiek bi egun baliodunetan konpontzeko.

  1. Hautagai-zerrendak behin betiko onartu eta gero, presidenteak batzar orokorrerako deialdia egingo du, hori formalki eratzeko eta hautagai-zerrendak bozkatzeko. Deialdia egin egingo da, nahiz eta hauteskunde-egutegian bertan batzar orokorrerako eguna zehaztuta egon.

  2. Batzar orokorra bildu eta hauteskunde-mahaiaren presidenteak bilkurari hasiera eman ondoren, hautagai bakoitzak hitz egin ahal izango du bere programa azaltzeko. Horretarako gehieneko denbora hauteskunde-erregelamendu bakoitzak zehaztuko du.

  1. Hauteskunde-mahaiaren presidenteak haien izenaz hots egingo die batzarkideei, hautatzen duten hautagai-zerrendaren boto-papera jar dezaten propio jarritako hautetsontzian.

  2. Botoa sekretua izango da, eta hauteskunde-batzordeak emandako boto-paper ofiziala erabiliko da horretarako. Botoa emateko, hautesle bakoitzak bere nortasuna egiaztatu beharko du, nortasun-agiri nazionala, pasaportea, gidatzeko baimena edo nortasuna adierazteko baliagarria den beste agiriren bat aurkeztuz. Pertsona juridikoek entitatearen idazkariak eman eta presidenteak ontzat emandako ziurtagiri bat aurkeztuko dute, bertan adierazi beharko baita nork duen erakundearen ordezkaritza legala, edota nork duen botazioetarako ahalordea. Kirol-klubek, boto haztatua dagoenean, beren boto haztatuari dagokion paper-kopurua jasoko dute hauteskunde-batzordearen eskutik.

  3. Izapide hori bete eta gero, hautesle bakoitzak boto-papera emango dio hauteskunde-mahaiaren presidenteari, eta horrek hautetsontzian sartuko du.

  4. Batzar orokorraren baitan ez da botoa eskuordetzan ematerik zein posta bidezko botorik onartuko. Kirol-klub baten ordezkari den pertsona fisikoak ezingo du beste kirol-klubik ordezkatu.

  1. Bozketa-ekitaldia amaitu eta gero, hauteskunde-mahaiak botoak zenbatuko ditu.

  2. Hauteskunde-batzordeak ofizialki onartutako ereduaz besteko gutun-azal edo boto-paperetan emandako botoak baliogabeak izango dira, eta baita gutun-azaletik gabeak edota hautagai-zerrenda desberdinetako boto-paper bat baino gehiago duten gutun-azaletan emandakoak ere. Gutun-azalean hautagai-zerrenda bereko boto-paper bat baino gehiago baldin badago, baliozko boto bakartzat zenbatuko da.

  3. Boto-paperean hautagaien izenak aldatu, erantsi, markatu edo ezabatu baldin badira, edota jarrita dauden hurrenkera moldatu, baliogabeak izango dira; gauza bera beste edozein aldaketa gertatu bada boto-paperean.

  4. Zuriz emandako bototzat hartuko dira boto-paperik gabeko gutun-azalak edota boto-paper zuriz agertzen direnak.

  1. Baliozko botoetan gehiengo sinplea lortzen duen hautagai-zerrenda izango da irabazlea.

  2. Hautagai-zerrenda irabazlearen buru den pertsona izango da federazioko presidentea.

  1. Boto-kopuruan berdinketa gertatuz gero, beste bozketa bat izango da hauteskunde-batzordeak zehazten duen gehieneko epean. Bozketa berrian parte hartuko dute lehen postuetan berdindurik geratu diren hautagai-zerrendek soilik.

  2. Berriro ere berdinketa gertatzen bada, emakumeek aurkeztutako hautagai-zerrenda izango da irabazlea. Berdinketak bere horretan segitzen badu, hauteskunde-batzordeak zozketa egingo du zazpi eguneko epean, berdinduta dauden hautagai-zerrenden artean.

  1. Bat ere hautagai-zerrendarik aurkeztu ezean, hauteskunde-batzordeak beste epe bat zabalduko du, hautagai-zerrendak aurkezteko.

  2. Bigarren epean ere hautagai-zerrendarik aurkezten ez bada, hauteskunde-batzordeak egoera horren berri emango dio federazioaren jarduneko presidenteari, aparteko batzar orokor baterako deialdia egin dezan federazioa desegitea erabakitzeko (hala badagokio).

Hautagai-zerrenda bakarra dagoenean, ez da beharrezkoa izango inolako bozketarik, eta besterik gabe hauteskunde-batzordeak hautagaia izendatuko du irabazle.

  1. Bozketa egin eta gero, hauteskunde-mahaiak zenbaketaren akta idatziko du, ahalik eta azkarren hauteskunde-batzordeari bidaltzeko, boto-paperekin batera.

  2. Kontu-hartzaileek eta hautagai-zerrendek eskubidea izango dute agiri horren ziurtagiri bat eskuratzeko, hala eskatzen badute.

  3. Hauteskunde-batzordeak, zenbaketaren emaitzak eta bozketaren gorabeherak biltzen dituen akta jaso ondoren, hautagai-zerrenda irabazlearen buru den pertsona presidente izendatuko du behin-behinekoz, baita zuzendaritza-batzordeko kideak ere.

  4. Hautagai-zerrenda irabazleak behin-behinean aldarrikaturik, eta aurkeztutako erreklamazioak edo errekurtsoak ebatzi eta gero, behin betiko aldarrikapena egingo da. Handik hara, hautatutako karguak bere eginkizunak burutu ahal izango ditu, jabetza-ekintza formalik egin beharrik gabe.

    LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA. Datu pertsonalak babestea.

  1. Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan aurreikusitakoa beteko da betiere hauteskunde-erroldetan.

  2. Hauteskunde-erroldako datuak jendaurrean jartzeko edo lagatzeko ez da beharrezkoa izango federatuen berariazko onespena, baldin eta helburua hauetako bat bada: hauteskunde-prozesuan hautesleek, berdintasunezko baldintzetan, beren eskubideak erabil ditzaketela bermatzea, edo agindu honetan federazioetako hauteskunde-organoei esleitzen zaizkien eginkizun edo funtzioak gauzatzea. Sarbide hori federatutako pertsonei mugatuta egongo da.

  3. Hauteskunde-batzordeak behin betiko onartutako hautagai-zerrendek eskubidea izango dute hautesle-errolden kopia bat eskuratzeko.

  4. Hirugarren batzuek erabiltzen badituzte hauteskundeetako datuak hauteskunde-prozesuarekin loturarik ez duten helburuetarako, bidezko erantzukizun diziplinario, administratibo edo penaletan jausiko dira.

    BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta hauteskundeei buruzko legedi orokorra aplikatzea.

    Agindu honetan eta hauteskunde-erregelamenduetan ezarri ez den horretan, prozedura-arloan aplikagarri izango dira Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak jasotzen dituen printzipioak. Hauteskundeen arloan, hauteskunde-legedi orokorrean jasotako printzipioak aplikatuko dira.

    HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Hauteskundeen araudi berria onartzea.

  1. EAEko eta lurraldeetako kirol-federazioek hauteskunde-erregelamendu berria eduki nahi badute, dagokion administraziora igorri beharko dute, hauteskunde-prozesua hasi baino hiru hilabete lehenago. Hala ere, kirol-federazioek hauteskunde-prozesua hasi ahalko dute epe hori amaitu baino lehen, baldin eta beren hauteskunde-araudia administrazioan onartu bada.

  2. Kirol-federazioen estatutuek agindu honen aurkako xedapenen bat badute, xedapen horiek ondorerik gabe geratuko dira zuzenean, eta ez dute estatutuen egokitzapena izapidetu beharrik izango hauteskunde-erregelamendu berria onartzeko.

  3. Kirol-federazio batek ez badu hauteskunde-erregelamendu berria onartzen, zuzenean aplikatuko da haren azken hauteskunde-erregelamendua, eta agindu honen aurkako xedapenak ondorerik gabe geratuko dira. Horien ordez, hutsunerik bada, aginduan bertan edo hura garatzen duten xedapenetan (halakorik badago) ezarritakoa beteko da.

    LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Lizentzien zenbaketa.

    Agindu honetan xedatutakoaren ondorioetarako, lurralde-federazioek eta EAEko federazioek urte olinpikoaren lehenengo seihilekoari dagokion denboraldian edo aurreko denboraldian dituzten lizentzietan oinarrituko dituzte beren hauteskunde-prozesuak.

    BOSGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Kirol-klubak, kirol-taldeak eta kiroleko kapital-sozietateak.

    Agindu honen ondore hutsetarako, «kirol-klub» izendapenaren barruan sartzen dira kirol-klubak, kirol-taldeak eta kiroleko kapital-sozietateak.

    SEIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Irisgarritasuna.

  1. Bozketak egiteko prestatutako zentroak irisgarriak izan beharko dira mugikortasun murriztua duten pertsonentzat.

  2. Federazioek zaindu egingo dute desgaitasunen bat duten pertsonek beren boto-eskubidea baliatzeko aukera dutela, ahalik eta autonomia handienarekin. Horretarako, hauteskunde-batzordeak edo, hala badagokio, hauteskunde-mahaiak beharrezkoak diren egokitzapenak egingo ditu, eskura dauden baliabideen arabera.

    ZAZPIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. 2024ko joko olinpikoetako hauteskunde-prozesua.

    Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian agindu hau argitaratzeko orduan egondako atzerapenaren ondorioz, 2024ko Joko Olinpikoetako hauteskunde-prozesurako ez dira aplikatuko hauteskunde-prozesuak urte olinpikoaren ondoko urteko urtarrilaren 31rako amaituta egoteko mugak; horren ordez, urte olinpikoaren ondoko martxoaren 31ra arte luzatuko dira.

Indargabetu egiten da EAEko eta lurraldeetako kirol-federazioen hauteskunde-erregelamenduak prestatzeko eta hauteskundeak egiteko irizpideak finkatzen dituen sailburuaren 2012ko otsailaren 19ko Agindua, bai eta agindu honen aurka dauden maila bereko edo gutxiagoko xedapen guztiak ere.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Agindua era egokian aplikatzeko ebazpenak emateko gaikuntza.

Baimena ematen zaio Eusko Jaurlaritzan kirolaren alorreko eskumena duen zuzendaritzari, agindu honetan xedatutakoa aplikatzeko behar diren xedapenak emateko.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko urriaren 22a.

Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

IBONE BENGOETXEA OTAOLEA.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.