Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2024ko maiatzaren 28ekoa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal ekonomiari buruzko doktorego-tesi onenaren Alberto Alberdi Sariaren II. edizioaren oinarriak eta deialdia onartzen dituena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Ekonomia eta Ogasun Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 109
  • Hurrenkera-zk.: 2727
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2024/05/28
  • Argitaratze-data: 2024/06/05

Gaikako eremua

  • Gaia: Ogasun eta Ekonomía; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Ekonomia; Instituzional

Testu legala

Gertatzen ari diren aldaketa sozial eta teknologikoek agerian uzten dute administrazio publikoak ideia eta tresna berriak bereganatu behar dituela, bere kudeaketa ekonomikoa ahalik eta efizienteena izateko.

Aski ezaguna da unibertsitateak egiten duen lana ezagutzaren sortzaile gisa. Bertan egiten diren ekonomia-ikerketak, hala teorikoak, nola aplikatuak, eragile publikoetara bideratu behar dira, eta haietan txertatu, eragileok baliatu ahal izan ditzaten herritarrei ematen dizkieten zerbitzuak hobetzeko erabakiak hartzerakoan. Horrela, agerian geratzen da Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoarentzat zenbateko garrantzia duen unibertsitate-esparruarekiko harremana sustatzeak.

Unibertsitateko talentu horren guztiaren atzean dauden giza baliabide gaituak eta horien bereizgarriak oinarrizkoak dira unibertsitateen eta administrazioaren arteko ezagutza-transferentzia benetan gauzatu ahal izateko.

Horregatik, Ekonomia eta Ogasun Sailak, Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritzaren bitartez, sustapen-neurri bat erabiltzea erabaki du (sari honen deialdia, hain zuzen ere), interakzio-premia hori interes publikoaren gogobetetzeari lotzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak sail horri esleitzen dizkion egitekoen eta jardun-arloen artean, honako hauek daude: «Jaurlaritzaren politika ekonomikoa eta plangintza estrategikoa, eta programa eta politika publikoen ebaluazioa eta azterketa» (9.1.p artikulua). Gainera, Ekonomia eta Ogasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 69/2021 Dekretuak zeregin hau ezartzen dio Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritzari: «Ekonomia-ikerketarako metodoak garatzea, bereziki EAEko ekonomiaren ereduak eta bertako sektoreen edota segmentuen ereduak» (10.1.i) artikulua).

Saria ematea, arlo horretan doktorego-tesi bat egiteak eskatzen duen ahalegin pertsonala, konpromisoa eta lan gogorra publikoki aitortzeko ez ezik, honako helburu hauek lortzeko tresna ere izango da:

Ikerketa-ahalmena azaleratzea eta arlo ekonomikoan talentua eta interesa duten gazteak topatzea, eta haien ikertzaile-ibilbide hasiberria erraztea.

Ekonomia aplikatuaren ikerketa bultzatzea eta gure gazteen adimen-gaitasuna eta talentua aprobetxatzea euskal ekonomia hobetzeko.

Mundu akademikoaren eta administrazio publikoen artean, zubi iraunkorrak sortzea, ateak irekiz eta buru-argitasuna ekonomia berritzeko eta ekonomiaren funtzionamendua ulertzeko eredu, tresna eta teknika berriak sortzera bideratzen duten pertsonak sarituz.

Gure gazteriaren hausnarketa eta azterketa gogotsu eta independenteak aprobetxatzea, ekinbide publikoa hobetzeko balioko duten azterlan onak izateko.

Horregatik, Ekonomia eta Ogasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 69/2021 Dekretuak 3.1 artikuluan ematen didan eskumenari jarraikiz, honako hau

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Administrazio-errekurtsoak.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute interesdunek Ogasun eta Ekonomiako sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan ezarritakoaren arabera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete zuzenean EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua aldizkari ofizial berean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46. artikuluetan ezarritakoa betez.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA. Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko maiatzaren 28a

Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.

Lehenengoa. Xedea.

Ekonomia eta Ogasun Sailak, Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritzaren bitartez, EAEko Ekonomiari buruzko doktorego-tesi onenaren Alberto Alberdi Sariaren II. ediziorako deialdia egiten du, EAEko ikerketa zientifikoa bultzatzeko eta talentu ikertzailea erakarri eta atxikitzea sustatzeko. Horri esker, administrazio publiko honek ezagutza-tresna bat izango du, gai horretan interes publikoko jarduerak egiteko erabiliko duena.

Ekonomia eta Ogasun Sailaren 2024-2027 aldirako laurteko dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartzekoa den Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2024ko apirilaren 17ko Aginduaren dirulaguntzen artean dago deialdiaren xedeko saria.

Bigarrena. Prozedura kudeatzen duen organoa.

Saria emateko prozedura kudeatuko duen organoa izango da Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritza, eta prozedura eta kudeaketa bultzatzeaz arduratuko da fase guztietan, bai eta epaimahaiari eta saria emateko eskumena duen organoari behar den laguntza emateaz ere.

Hirugarrena. Parte-hartzaileek bete beharreko eskakizunak.

  1. Saria emateko prozeduran parte hartu nahi dutenek honako baldintza hauek bete beharko dituzte zazpigarren oinarrian zehazten den eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean:

    1. Egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

    2. Une horretan, sexuan oinarritutako diskriminazioagatik zigor administratibo edo penalik ez izatea, ez eta debeku horrekin zigortua ere Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bateginaren arabera (martxoaren 16ko 1/2023 Legegintza Dekretuaren bidez onartua).

    3. Ordainduta edukitzea dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak.

    4. Ez egotea laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez kondenatuta, delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, influentzia-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

    5. Ez izatea egoitza fiskala paradisu fiskaltzat hartutako lurralde edo herrialde batean.

    6. Ez izatea administrazio publikoarekin egindako kontratu baten suntsiarazpen irmoaren eragile deklaratua.

    7. Ebazpen irmoz zehatuta ez egotea, eta, beraz, lege honetan edo beste batzuetan zehaztutakoari jarraituz dirulaguntzak lortzeko aukera galdu ez izana.

    8. Borondatezko konkurtso-deklaraziorik ez eskatzea, edozein prozeduratan kaudimengabetzat deklaratuta ez egotea eta konkurtsoan deklaratuta ez egotea, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren eraginpean ez egotea edo desgaitua ez egotea Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe dagoela.

    9. Pertsona fisiko, merkataritza-sozietateetako administratzaile edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkari gisa ez egotea honako lege hauetan jasotako kasuren batean: 3/2015 Legea, martxoaren 30ekoa, Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duena; 53/1984 Legea, abenduaren 26koa, Administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunena; edo Hauteskunde Erregimen Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako kargu hautetsiak ez izatea, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.

  2. Prozedura kudeatzen duen organoak aurreko apartatuko a) letrako baldintza betetzen dela egiaztatzen duen dokumentazioa eskatuko du, salbu eta interesdunak horren aurka egiten badu, I. eranskinean horretarako ezarritako laukitxoa markatuz: «EAEko Ekonomiari buruzko doktorego-tesi onenaren Alberto Alberdi Saria emateko prozeduran parte hartzeko eskaera». Aurka eginez gero, interesdunak baldintza hori betetzen duela egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko du.

    Aurreko apartatuko b) letratik i) letrara arteko baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, II. eranskineko erantzukizunpeko adierazpena sinatu eta aurkeztu beharko da («Bigarren oinarriko baldintzak betetzearen erantzukizunpeko adierazpena»).

  3. Sariaren izaera kontuan izanik, parte-hartzaileak salbuetsita geratuko dira Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2013 Lege Orokorraren 13.2.i) eta j) artikuluan eskatutako baldintzak betetzen dituztela frogatzetik.

    Laugarrena. Doktorego-tesiaren betekizuna.

    Edozein unibertsitatetan, betiere euskal ekonomiari buruzko gaietan, 2022ko urtarrilaren 1etik zazpigarren oinarrian ezartzen den eskabideak aurkezteko epemugara artean defendatu eta onartutako doktorego-tesiek bakarrik parte hartu ahal izango dute saria emateko prozeduran.

    Bosgarrena. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

  1. Saria emateko prozeduran parte hartu nahi dutenek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

    I. eranskina, «EAEko Ekonomiari buruzko doktorego-tesi onenaren Alberto Alberdi Saria emateko prozeduran parte hartzeko eskaera», beteta.

    Eranskin horretako lauki guztiak markatu beharko dira prozeduran parte hartu ahal izateko, azkena izan ezik, prozeduraren organo kudeatzailearen egiaztatze-lanei aurka egiteko aukerari buruzkoa; kasu horretan, aurreko oinarriaren bigarren apartatuan xedatutakoa bete beharko da.

    II. eranskina, «Bigarren oinarriko baldintzak betetzearen erantzukizunpeko adierazpena», beteta.

    1. Doktorego-tesiaren ale bat, defendatu eta onartu den unibertsitateko epaimahaiak egiaztatua.

    2. Doktorego-tesiak lortutako kalifikazioaren ziurtagiria.

    3. Doktorego-tesiaren laburpen bat, gehienez 2 orrikoa.

    4. Txosten bat, gehienez ere 1.500 hitzekoa, tesiaren oinarri diren arrazoiak azaltzen dituena, balorazio-irizpideen eta euskal ekonomiarekin duen harremanaren arabera.

  2. Prozedura kudeatzen duen organoak egiaztatuko du parte-hartzaileek hirugarren oinarrian adierazitako baldintzak betetzen dituztela, aurreko apartatuko I. eta II. eranskinak behar bezala bete dituztela eta apartatu horretako gainerako dokumentazioa aurkeztu dutela. Bestela, interesdunari eskatuko zaio hamar eguneko epean akatsa zuzentzeko edo aurkeztu ez dituen nahitaezko agiriak eramateko. Era berean, adieraziko zaio ezen, horrela egiten ez badu, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, saria emateko eskumena duen organoak horretarako ebazpena eman ondoren.

    Seigarrena. Dokumentazioa aurkezteko era.

  1. Saria emateko prozeduran parte hartu nahi duen interesdunak eskabide-inprimakia bete beharko du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/saria_lehiaketa/2021/euskal-ekonomiari-buruzko-doktorego-tesi-onenaren-alberto-alberdi-saria/web01-tramite/eu/

    Helbide honetan eskuratu daitezke Egoitza Elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

    Eskabidea egin ondorengo izapideak, kanal elektronikoaren bidez, baita jakinarazpen eta justifikazioak ere, Egoitza Elektronikoaren «Nire karpeta» gunearen bitartez egingo dira, helbide hauetan: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

    Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu beharko da. Helbidea: https://www.euskadi.eus/ahalordeen-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/

  2. Modu presentzialean aurkeztea hautatu bada, eskabidea Zuzenean-Herritarrei Arreta Emateko Zerbitzuaren bulegoetan egin ahal izango da: Bizkaian (Kale Nagusia 85, 48011 Bilbo), Gipuzkoan (Andia kalea 13, 20003 Donostia) eta Araban (Ramiro de Maeztu 10, behea, 01008 Vitoria-Gasteiz). Halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako leku orotan egin ahal izango da.

    Zuzenean zerbitzua erabiliz gero, aurretik hitzordua eskatu beharko dute 945 01 90 00 telefonoaren bidez, edo online, webgune honen bitartez: https://www.euskadi.eus/web01-ejqmatic/eu/zuzeneanwebbooking/#/preselect/services/4e32f48ac71d930bc3a94c121b2e7f70c51e7334641c37a75ca83489af89b8b1?lang=eu_es

  3. Saria emateko prozeduran parte hartzen duen edonork aldatu ahal izango du Administrazio Publikoarekiko komunikazio-bidea prozedura izapidetzen ari den bitartean, eta horren berri eman beharko dio prozeduraren organo kudeatzaileari.

    Zazpigarrena. Eskabideak aurkezteko epea.

    Eskabidea eta bosgarren oinarriko lehenengo apartatuan zerrendatutako gainerako agiriak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik aurrera.

    Zortzigarrena. Balorazio-fasea.

  1. Prozedura kudeatzen duen organoak saria emateko eskumena duen organoari laguntzen dioten epaimahaiko kideei bidaliko die parte hartzeko eskabideekin batera aurkeztutako doktorego-tesi bakoitzaren kopia, baldin eta hirugarren, laugarren eta bosgarren oinarrietan jasotako baldintzak betetzen badituzte eta dokumentazioa aurkeztu badute.

  2. Hauexek izango dira epaimahaikideak:

    1. Epaimahaiburua: Alberto Ansuategi Cobo jauna, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saileko Ekonomia eta Plangintzaren zuzendaria.

    2. Epaimahaikideak:

      1. Arantza Ugidos Olazabal andrea (UPV/EHU).

      2. María Jose Aranguren Querejeta andrea (Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutua).

      3. Arantxa Rodríguez Álvarez andrea (Ekonomian doktorea).

      4. Jon Barrutia Güenaga jauna (UPV/EHU).

      5. Elvira Uyarra Delgado andrea (University of Manchester).

      6. Ibon Galarraga Gallastegui jauna (BC3- Basque Centre for Climate Change. Klima Aldaketa Ikergai).

        Idazkaria: Jose Ignacio Jaca Michelena jauna (Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saila). Hitza izango du, baina botorik ez.

  3. Epaimahaiaren funtzionamendu-araubidea Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15.etik 18.era bitarteko artikuluetan xedatutakoaren arabera arautuko da, eta epaimahaikideak legez aurreikusitako abstentzio- eta errekusazio-kasuen mende egongo dira, eta saria emateko prozeduran interesa duen edonork errekusatu ahal izango du.

  4. Epaimahaiak honako balorazio-irizpide hauek aplikatuko dizkio doktorego-tesi bakoitzari, horien lehentasun-hurrenkera ezartzeko:

    1. Euskal ekonomiaren ezagutzari egindako ekarpena: 40 puntu, gehienez.

      Euskal ekonomiaren funtzionamendua eta haren oinarriko ezaugarriak deskribatzea (sektore pribatua, sektore publikoa, merkatuak, finantzak...), bai eta euskal ekonomiaren literaturan aintzat hartzen ez diren alderdiak ere.

    2. Tesitik eratorritako argitalpenen kopurua eta kalitatea: 30 puntu, gehienez.

      Tesitik eratorritako lanak, JCR eta Scopus aldizkarietan argitaratuak edo bigarren berrikuspenean daudenak: 15 puntu, gehienez, argitalpen bakoitzeko.

      Tesitik eratorritako lanak, beste aldizkari batzuetan argitaratuak: 10 puntu, gehienez, argitalpen bakoitzeko.

      Tesitik eratorritako lanak, beste formatu batzuetan aurkeztuak (ponentziak, kongresuak...): 1 puntu, gehienez, lan bakoitzeko.

    3. Tesiak politika publikoetan izan dezakeen eragina: 20 puntu, gehienez.

      Egungo politika publikoekin bat etortzea, azterketa-sakontasuna eta politika horietan duen inpaktua, eta politika publikoen eraginaren analisia eta ebaluazioa txertatzea.

    4. Berrikuntza-maila: 5 puntu, gehienez.

      Izaera berritzailea edo aurkikuntza-maila, planteatutako helburu motari eta erabilitako metodoari dagokienez, eta egungo arazoak konpontzen lortutako emaitzak, gaiaren originaltasuna eta EAEko ekonomiaren eta gizartearen alderdi berritzaileen ezagutzan aurrera egiteko duen garrantzia.

    5. Tesian, ikuspegi intersekzionala egotea eta, bereziki, generoarena: 5 puntu, gehienez.

      Emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko ekintzak eta politikak, eta talde minorizatuak aurkeztutako tesietan edo genero-ikuspegia eta ikuspegi intersekzionala txertatzearekin lotutako beste alderdi batzuetan.

  5. Saria bakar-bakarrik lortu ahal izango dute epaimahaiak 60 puntu edo gehiago eman dizkien doktorego-tesiek. Lehentasun-hurrenkera ezarri ondoren, epaimahaiburuak saria emateko proposamena egingo dio eskumena duen organoari, puntuaziorik onena lortu duen doktorego-tesiaren egilea adierazita, eta gainerako parte-hartzaileen zerrenda ordenatua eta doktorego-tesiengatik lortutako balorazioak gehituko dizkio proposamenari.

  6. Epaimahaiak doktore-tesiren bati 60 puntu edo gehiago ematen ez badizkio, epaimahaiburuak saria emateko eskumena duen organoari helaraziko dio saria esleitu gabe uzteko proposamena, parte-hartzaileen zerrenda ordenatuarekin eta doktorego-tesien bidez lortutako balorazioekin batera. Kasu horretan, organo eskudunak prozedura amaituko du sariaren deialdia bete gabe uzteko agindua emanez. Agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, datu pertsonalen babesari buruzko aurreikuspenekin, aplikatu beharreko araudiaren arabera.

    Bederatzigarrena. Saria emateko agindua.

  1. Saria emateko eskumena duen organoak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak, epaimahaiburuaren proposamena ikusita, eta hirugarren oinarriko lehen apartatuko baldintzak betetzen dituela egiaztatu ondoren, prozedura amaitzeko, saria emateko agindua emango du 15 eguneko epean, saria emateko proposamena jasotzen duen egunetik aurrera.

  2. Saria emateko aginduak saritua identifikatuko du, alegia, puntuaziorik handiena lortu duen doktorego-tesiaren egilea, eta, eranskin batean, gainerako parte-hartzaileen zerrenda ordenatua eta haien doktorego-tesiengatik lortutako balorazioak jasoko ditu. Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta sarituari eta gainerako parte-hartzaileei jakinaraziko zaie. Jakinarazpenerako, abisu bat bidaliko zaie I. eranskinean ematen duten helbide elektronikora, eta adieraziko zaie Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskura dutela, seigarren oinarriaren lehen apartatuaren arabera; helbide elektronikorik ez badute, eranskin berean eman duten harremanetarako telefono-zenbakira deituko zaie, saria emateko aginduaren jakinarazpena bidali zaiela adierazteko.

    Hamargarrena. Saria onartzea.

  1. Saridunak saria onartzen duela adierazi beharko du 5 egun balioduneko epean saria emateko agindua jakinarazi zaionetik. Horretarako, prozeduraren organo kudeatzaileari beteta bidaliko dio III. eranskina «Euskal Ekonomiari buruzko Doktorego Tesi Onenaren Alberto Alberdi Saria onartzeko adierazpena» izenekoa, eta emateko aginduaren jakinarazpenarekin batera bidaliko zaio.

    Modu presentzialean aurkeztea hautatu bada, emateko aginduaren jakinarazpenarekin batera aipatutako III. eranskinaren kopia bidaliko zaio, zeina beteta aurkeztu beharko baitu aurreko paragrafoan adierazitako epean; Zuzenean-Herritarrei Arreta Emateko Zerbitzuaren bulegoetan egin ahal izango da: Bizkaian (Kale Nagusia 85, 48011 Bilbo), Gipuzkoan (Andia kalea 13, 20003 Donostia) eta Araban (Ramiro de Maeztu 10, behea, 01008 Vitoria-Gasteiz). Halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako leku orotan egin ahal izango da.

    Epe horretan onartzen ez badu, emandako sariari uko egiten diola ulertuko da, eta, kasu horretan, aurreko oinarrian xedatutakoaren arabera jokatuko da, eta saria emateko eskumena duen organoak beste agindu bat emango du, non egindako ukoa adieraziko baita, bai eta saria ematen zaiola ere epaimahaiburuak sariak emateko eskumena duen organoari bidalitako proposamenean bigarren lekuan dagoen pertsonari (horrela, hurrenez hurren).

  2. Sariari uko eginez gero, arrazoia edozein dela ere, saridunak ez du bestelako ordainik jasotzeko eskubiderik izango.

    Hamaikagarrena. Saria.

  1. Saria honako hau izango da:

    1. Sarituari sei mila euro gordin (6.000) eta egiaztatze-diploma bat ematea. Zenbateko hori zergei buruzko erregelamendu-araudiaren mende egongo da.

    2. Lanaren laburpen bat argitaratzea Ekonomiaz aldizkarian edo Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritzaren Ikerketak sailean, non lortutako saria aipatuko baita.

    3. Ikerlana eta horren ondorio nagusiak aurkezteko foro publiko bat izatea.

  2. Administrazioak saria ordaindu ahal izateko, onuradunak Eusko Jaurlaritzaren dagokion datu-basean agertu beharko du. Alta eman edo hirugarren interesdunen datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak hirugarrenentzat emandako erregistro telematikora jo beharko da, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

  3. Kontabilitatean, gastuaren lurraldekako banaketa egingo da.

    Hamabigarrena. Saria ematea.

    Saria ekitaldi publiko batean emango da, eta sarituak ekitaldi horretara joan beharko du. Ekitaldi hori egiteko egunari, orduari eta lekuari buruzko informazioa behar besteko aurrerapenarekin emango da. Justifikatutako arrazoiren bat dela-eta irabazleak ezin badu bertaratu, beste pertsona bat izendatu ahal izango du hara joan eta saria haren izenean jasotzeko.

    Gerora sortutako gorabeherak direla-eta, saria emateko ekitaldia bertan behera utzi behar bada aurreko paragrafoan adierazitako moduan, bide telematikoa erabiliko da horretarako.

    Hamahirugarrena. Saria errebokatzea eta itzultzea.

    Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikuluan edo Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan aurreikusitako kausaren bat gertatzen denean, eta, bereziki, oinarri hauetan ezarritako betebeharrak betetzen ez direnean, saria emateko eskumena duen organoak saria ematea baliogabetzeko agindua emango du. Agindu horretan, eman zaion zenbatekoa gehi aplikatu beharreko legezko interesak eta diploma itzultzeko eskatuko zaio sarituari. Halaber, ikerketa-lana eta ondorio nagusiak aurkezteko gaitutako foro publikoa edukitzeari utziko diola ohartaraziko zaio.

    Aurreko guztia, 20/2023 Legearen 39. artikulutik 43. artikulura bitartekoen eta, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura emandako dirulaguntzen bermeei eta dirulaguntza horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera.

    Hamalaugarrena. Saritutako doktorego-tesiaren egile-eskubideak.

  1. Sariduna izango da doktorego-tesi sarituaren egile-eskubideen titular bakarra; beraz, bere ardura izango da hirugarrenek haren gainean eskubiderik ez izatea, eta, halakorik gertatuz gero, berak egin beharko dio aurre eskubideon gaineko edozein erreklamaziori.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak ustiapen-eskubideak izango ditu, ez esklusiboki, 3 urterako, apirilaren 12ko 1/1996 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Jabetza Intelektualari buruzko Legearen testu bateginaren 43. artikuluaren arabera, gaiari buruz indarrean dauden lege-xedapenak erregularizatuz, argituz eta harmonizatuz. Eskubide horiek erreprodukzioari, banaketari eta komunikazio publikoari buruzkoak dira, sariarekin lotutako difusio-jarduera publikoetan erabiltzeko.

    Hamabosgarrena. Bateragarritasuna.

    Saria ematea bateragarria da agindu honetan araututako administrazio-prozedurara aurkezten diren doktorego-tesiei beste sari edo aintzatespen batzuk ematearekin.

    (Ikus .PDF)