Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2024ko maiatzaren 21ekoa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, 2024. urtean kultura-arloetako jaialdiak antolatzeko dirulaguntzak emateko arauak ezarri eta haien deialdia egiten duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 105
- Hurrenkera-zk.: 2625
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2024/05/21
- Argitaratze-data: 2024/05/30
Gaikako eremua
- Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Gobernua eta Administrazio Publikoa
Testu legala
Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren arabera, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren eskumenekoak dira arte- eta kultura-jarduerei eta horien sustapenari eta zabalkundeari dagozkien zereginak eta jardun-arloak. Eskumen horiek musika, arte eszenikoak, liburua, ikus-entzunezkoak, ikusizko arteak eta kultura- eta sormen-industriak arloetan gauzatzea Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari esleitzen dio otsailaren 23ko 73/2021 Dekretuak, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duenak.
Halaber, arau hauek daude indarrean Euskal Autonomia Erkidegoan, laguntza eta dirulaguntzetarako: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra (DLO) eta lege horren Araudia (DAO) onartu duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua.
Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak egoki iritzi dio jardunbide bat ezartzeari, Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren jaialdiei laguntzeko. Jardunbide hori, bestalde, sail horren eskumenen esparruan sartzen da, eta hainbat kultura-arlotan jarduerak antolatzeko dirulaguntzak eskainiz gauzatzen da, bereziki, honako arlo hauetan: musika, arte eszenikoak, liburugintza, ikus-entzunezkoak eta ikusizko arteak. Neurri horri esker, kultur ekoizpena gizarte osoaren eskura jarri nahi da, herritar guztiek kultura adierazpide horiez guztiez goza dezaten.
Agindu hau Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren 2021-2024 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan sartu da, zeina Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2021eko otsailaren 18ko Aginduaren bidez onartu baitzen.
Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren arabera (erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz), laguntza-araubide hori ez zaio Europako Batzordeari jakinarazi behar, eta barne-merkatuarekin bateragarria da Tratatuaren 107. artikuluaren 3. paragrafoari jarraikiz, aipatutako 651/2014 Erregelamenduaren 54. artikuluko eta I. kapituluko baldintza guztiak betetzen baititu.
Bada nahiko kreditua, eta egokia, deialdi honek onesten dituen dirulaguntzak hornitzeko, abenduaren 22ko 21/2023 Legeak, Euskal Autonomia Erkidegoko 2024ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorra onartzen duenak, dioenez.
Horren ondorioz, hau
Agindu honen xedea da kultura-arloko jaialdiak antolatzeko, 2024ko ekitaldiko dirulaguntzak emateko baldintzak arautzea eta deialdia egitea, bereziki kultura-arlo hauetan: musika, arte eszenikoak, liburugintza, ikus-entzunezkoak eta ikusizko arteak.
Jaialditzat joko dira genero jakin baten inguruko programazio egituratua izan ohi duten kultur topaketak, iraupen mugatukoa eta normalean hainbat gunetan eta hainbat egunetan erakusten direnak. Horiek, gainera, merkatuak eta/edo lehiaketak izan ditzakete; hala ere, Agindu honi dagokionez, garatzen den kultura-programazioa besterik ezin izango da diruz lagundu.
Agindu honen babesean emango diren dirulaguntzak finantzatzera bideratutako kredituaren zenbatekoa, guztira, laurehun mila (400.000) eurokoa izango da. Horietatik, 200.000 euro 2024. urteko ordaintze-kredituei dagozkie, eta 200.000 euro 2025. urterako konpromiso-kredituei. Aurkezten diren proiektuak hauetako kategoria batean sailkatuko dira, haien izaeraren arabera, kreditu hau duelarik kategoria bakoitzak:
000 euro arte bizietako jaialdiak antolatzeko (arte eszenikoak, zuzeneko musika, bertsolaritza...) (80.000 euro 2024an, eta 80.000 euro 2025ean).
000 euro ikus-entzunezko arteetako jaialdiak antolatzeko (65.000 euro 2024an, eta 65.000 euro 2025ean).
000 euro ikusizko arteetako eta literaturako jaialdiak antolatzeko (40.000 euro 2024an, eta 40.000 euro 2025ean).
000 euro diziplina anitzeko jaialdiak antolatzeko (15.000 euro 2024an, eta 15.000 euro 2025ean).
Eskabide nahikorik ez dagoelako nahiz aurkeztutako proiektuek ez dutelako gainditze balorazio-faseko gutxieneko puntuazioa, kategoria bati esleitutako zuzkidura ez bada agortzen, Kudeaketa-zuzendaritzak geldikina beste kategorietara bideratzea proposatu ahalko du, hartara finantzatzeko kategoria horietan zuzkidura amaituta hasiera batean ez lagundutzat jotako proiektuetan ongien baloratutakoak.
Pertsona fisikoek zein pertsona juridiko pribatuek eskatu ahal izango dituzte dirulaguntzak Agindu honen babesean, betiere 1. artikuluan aipatzen diren jarduerak egiten badituzte.
Ezin izango dira onuradun izan:
Euskal Autonomia Erkidegoaren 2024ko Aurrekontu Orokorraren kontura helburu bererako dirulaguntza izendunen bat edo proiektu bera egiteko nahiz haren zati bat egiteko emandako beste dirulaguntzaren bat esleitua dutenak.
Ikastetxeak zein arte, musika, dantza eta bestelako arte-diziplinetako ikastegiak.
Zergekiko obligazioak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean beteak ez dituztenak bai eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketan egunean ez daudenek ere. Betekizun horiek ematen den dirulaguntza kitatu artean atxiki beharko dira beterik, eta, beraz, laguntzak esleitzeko unean zein, hasierako ziurtagiria iraungi delako hala egokitzen bada, ordainketak egiteko unean egiaztatuko da betetzen diren.
Laguntza publikoak jasotzeko aukera ukatu dien zigor administratibo edo, epai irmoz, penala jaso dutenak, zigorrak dirauen bitartean, dela laguntza publikoak lortzeko aukera ukatzen zein legezko debeku bat dela-eta Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko bizitzetarako Legea, martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua, dela prebarikazioa, eroskeria, ondasun publikoen bidegabeko eralgitzea, eragin trafikoa, iruzurra eta legez kanpoko ordainarazpenak nahiz hirigintza-delituak egiteagatik.
Krisian dauden enpresak, krisian dauden enpresa ez finantzarioak salbatu eta berregituratzeko laguntza estatalei buruzko zuzentarauen definizioaren arabera (DO C 249, 2014-07-31).
Dirulaguntza bat legez kanpokoa eta merkatu erkidearekin bateraezina dela adierazi duen Europar Batasuneko Batzordearen aurretiazko erabaki baten ondorioz berreskuratzeko agindu baten mende dauden enpresak.
Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluak onuradun bilakatzeko xedatzen dituen gainerako debekuen ezein kasutan dauden eskatzaileak.
Zigor- edo administrazio-arloan dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortutako pertsona fisikoak, ezta horretarako ezgaitzen dituen legezko debekuaren eraginpean daudenak ere, sexu-diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik gertatutakoak barne, dagokion zehapenean ezarritako aldian.
30.000 eurotik gorako dirulaguntzen kasuan, Merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legearen aplikazio-eremuan sartzen diren eskatzaileak bakarrik direnean, ezingo dira onuradun izan lege horretan aurreikusitako ordainketa-epeak betetzen ez dituzten enpresak. Kontabilitateko araudiaren arabera galdu-irabazien kontu laburtua aurkez dezaketen sozietateek egiaztatuko dute hori, lege honen Erregelamenduaren 26. artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz.
Kontabilitateko araudiaren arabera galdu-irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten sozietateentzat, ordaintzeko legezko epeak betetzen direla egiaztatzeko beharra ezartzen da, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatutako auditore batek emandako ziurtagiriaren bidez. Ziurtagiri horrek kontuan hartuko du enpresa bezeroaren ordainketen benetako epea, enpresa hornitzaileak aldez aurretik kobratzeko finantzaketa edozein dela ere.
Dirulaguntzak jasotzeko, jarduerek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
Programak edo jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoan garatu beharko dira, 2024ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean, eta haien edukia batez ere kulturala izanik, programazio artistikoa espezializazio-maila handikoa eta Euskal Autonomia Erkidegoko kultura-panoramarako interes berezikoa izan beharko du.
Dirulaguntzen deialdi honetara aurkezten diren programek edo jarduerek ekonomikoki bideragarriak izan behar dira, eta aurrekontu orekatua aurkeztuko dute horren erakusgarri.
Gutxienez 15.000 eurokoa izango da aurrekontua; halaber, eskatu beharreko gehieneko dirulaguntza 35.000 eurokoa eta gutxienekoa, berriz, 5.000 eurokoa izango dira. Aurrekontuaren autofinantzaketa-maila gutxienez % 20koa izan beharko da, halakotzat hartuta iturri publikoetatik ez datorren frakzioa (alegia, norberak egindako ekarpena, gehi mezenas pribatuek egindakoa, gehi jarduerak berak eragindako diru-sarrerak, hala nola publizitatea, sarrerak nahiz bestelako ondasun eta zerbitzuak saltzeak eragindakoak).
Diruz lagundu beharreko jarduerek herritarrei oro har irekiak izan beharko dute, ekitaldi kolektiboetan eta aurrez aurre, une oro errespetatuta indarrean dauden arauak.
Aurretiko nahiz ondorengo faseak (prestatzeko nahiz ixtekoak edo baloratzekoak) gorabehera, jendaurreko jarduerek epe mugatu batean gauzatu beharko dira, inola ere ez bi egun baino laburragoa, ez eta bi hilabete baino luzeagoa ere.
Marketin, publizitate eta komunikazio publikoko material guztiak gutxienez ele bitan (euskaraz eta gaztelaniaz) argitaratu beharko dira.
Jaialdiak aldikakoak izango dira eta irauteko bokaziodunak.
Ez dira jaialditzat hartuko, bira artistikotzat baizik, ikuskizun beraren hainbat emanaldi aurreikusten dituzten proposamenak.
Deialditik kanpo geratuko dira:
Urte osoko kultura-programazioak eta kultura-programazio orokorrak. Halakotzat hartuko dira areto baten ohiko programazioa deialdiaren baldintzetara formalki egokitu besterik egiten ez dituzten proposamenak.
Ikastaroak eta prestakuntza-jarduerak, hala nola lantegi, mintegi eta antzekoak.
Izaera akademiko zein gremiala besterik ez duten ekitaldiak eta promozio- zein oroitzapen-ekitaldi puntualak.
Sariak eta galak.
Erakundeen barne-jarduerak, beren ikus-entzuleentzakoak.
Merkatu edo salerosketarako aurreikusitako guneak. Bakarrik kontuan hartuko da gune hauetan burututako kultura programazio profesionala, betiere, programazio horrek aurrekontu osoaren % 10 baino gehiago eramaten baldin badu.
Agindu honi dagokionez, diruz lagundutako jarduera motari erantzuten dioten gastuak lagunduko dira, baldin eta ezinbestekoak badira eta oinarri araugarri hauetan ezarritako epearen barruan burutzen badira. Diruz lagun daitezkeen gastuen kostua ez da izango sekula ere merkatuan duten balioa baino handiagoa.
Sustatzailearen egiturari, mantentze-lanei eta ohiko jardunari lotutako gastuak: lokalen alokairua, finantza-gastuak, baimenak, zergak, lege-aholkua, ohiko kontsumoak (argia, ura, telefonia, internet...) eta abar ezin izango dira guztira aurrekontuaren % 5 baino gehiago izan.
Era berean, egitasmoaren zuzendaritzak zein kontratatutako pertsonalak eragindako gastuak ezin izango du aurrekontuaren % 30 gainditu.
Lagun daitezkeen gastuetatik at geratzen dira:
Ondasun higiezinak eta azpiegiturak ekipamendu-ondasun inbentariagarriak erostearekin, erabiltzearekin eta finantzatzearekin lotutako guztiak, amortizazioak barne.
Erakunde sustatzailearen langileen ordainak, aseguru sozialen kotizazioak eta zerga-atxikipenak.
Eskatzaileak berak egindako lanengatiko gastuak.
Diru bidezko sariak.
Protokolo-ekitaldiak, hala nola afari, festa, koktel eta antzekoak.
Ezin izango da diruz laguntzeko moduko gastutzat hartu BEZ kengarriaren zenbatekoa, eskatzaileak zerga horren aitorpena egin beharra duenean. Halako kasuetan, justifikazio-agirien zerga-oinarriari dagokion kopurua bakarrik egotzi ahal izango da gastu gisa. BEZaren aitorpena egin beharretik salbuetsita dauden onuradunek horren ziurtagiria aurkeztu beharko dute, eta horiei onartuko zaie BEZa laguntzeko moduko gastu gisa.
Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da, betiere.
Deialdi honen organo kudeatzaileak egiaztatuko du, automatikoki, eskatzaileek zergekiko obligazioak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean beteak dituztela. Dena dela, pertsona fisikoa diren eskatzaileek berariaz egin diezaiokete aurka horri eskabidean bertan hala adierazita, eta kasu horretan berek aurkeztu beharko dituzte baldintza horiek beteak dituztela egiaztatzen duten ziurtagiriak.
Egoitza fiskala estatu espainiarretik kanpo izanez gero edo ziurtagiriak elkarreragingarritasun sistemaren bidez lortzea ezinezkoa denean, egiaztagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu eskatzaileak: zergekiko obligazioak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izateari buruzko egiaztagiriak, organo eskudunak emandakoak. Kasu bietan ere, egiaztagiriek ez dute izango sei hilabetetik gorako antzinatasuna.
Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.5 artikulua betez, betekizun hauek bete direla egiaztatuko da eskabidearekin batera aurkeztuko diren erantzukizunpeko adierazpenen bidez:
Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuei eskatutako eta, hala badagokio, haietatik jasotako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri emango da.
Eskatzaileak ez izatea zigor administratibo edo penalik, dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarrena, ez eta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekua dakarkion ezein kasutan egotea ere, ez Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluan xedatutakoetan, ez gizon-emakumeen berdintasunaren gaineko legeetatik eratorrietan.
Adieraziko da eskatzailea zigortze- nahiz itzultze-prozedura baten pean den, eta, baiezkoan, hura zein den esan beharko da.
Aurreko hiru ekitaldi fiskaletan agindu honen lehen xedapen gehigarrian deskribatzen den de minimis erregimenari lotutako beste laguntzarik jaso duten ala ez, eta, baiezkoan, haien jatorria, helburua eta zenbatekoa zehaztuta.
Enpresa krisian ez dagoela dioen adierazpena, krisian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko zuzentarauen definizioaren arabera (2014-07-31ko AO, C 249).
Europar Batasuneko Batzordeak aurretiaz erabaki badu dirulaguntza bat legez kanpokoa eta merkatu bateratuarekin bateraezina dela, enpresak berreskuratzeko agindurik ez duela.
Enpresa-deslokalizazioan ez erortzeko konpromisoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.4.p) artikuluaren arabera.
Halaber, eskatzaileak adierazi beharko du, eskabidean bertan, egiazkoak direla eskabidean eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela laguntza hauek jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak, bereziki Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta 13.3 artikuluetan xedatutakoetan.
Eskabideak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta hilabetekoa izango da. Eskabidean aipatuko da gutxienez Administrazioko zer organo, zentro edo unitateri zuzendua den.
Pertsona fisikoek, beren izenean nahiz beste pertsona fisiko baten izenean dihardutela betiere, aurrez aurre nahiz telematikoki aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak:
Aurrez aurreko kanala: eskabideak Zuzenean zerbitzuko bulegoetan aurkeztuko dira (https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean URLan ahal bada aldez aurretik ordua eskatuta), EAEko erregistro laguntzaileetan (Herritarrei arreta integrala eta kanal anitzekoa emateari eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoen bidez eskuratzeari buruzko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuan jasotakoak) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako erregistroen aurrean.
Kanal elektronikoa: euskadi.eus egoitza elektronikora sartuta aurkeztuko dira eskabideak, artikulu honetako 5. atalean adierazten diren helbideetan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen erregistro elektronikoetan.
Eskabidea egiteko eta dokumentazioa aurkezteko bide horietako bat presentziala nahiz elektronikoa hautatzeak ez dakar berarekin prozeduraren hurrengo izapideetan ere hartaz baliatu behar izatea; alegia, noiznahi aldatu daiteke bidez.
Pertsona juridikoek bide elektronikoa erabiliz bakarrik aurkeztuko dituzte eskabideak, artikulu honetako 5. apartatuan adierazitako helbide elektronikoan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen erregistro elektronikoetan.
Eskatzaileek eskabide bana besterik ezin izango dute aurkeztu. Eskabide bat baino gehiago aurkeztuz gero, lehenik aurkeztutakoa bakarrik onartuko da, sarrera-erregistroaren arabera.
Eskabide-orria, eta orria bera, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak bide elektronikoz zein presentzialez izapidetzeko jarraibideak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoaren URL honetan eta administrazio-egoitzetan egongo dira eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0130710. Eskaebidearen ondorengo izapide elektronikoak, jakinarazpenak barne, hemen egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
Eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan aurkeztu ahal izango dituzte beren eskabidea eta hari atxikitako dokumentazioa. Halaber, eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabiliko da prozedura osoan, Euskararen Erabilera Arautzen duen 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duten moduan.
https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak URLan kontsulta daiteke zer identifikazio- eta sinadura elektronikoko bide onartzen diren Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoan.
Eskabidea ordezkari baten bitartez aurkeztu nahiz aldatu ahal izango da elektronikoki; horretarako, Eusko Jaurlaritzaren Ordezkarien Erregistroan inskribatua izan beharko da ordezkaritza: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
Erabilitako kanala edozein delarik ere (aurrez aurrekoa nahiz elektronikoa), aurkezten diren agiri elektronikoek honako ezaugarri hauek bete beharko dituzte:
Deskarga daitezkeen ereduak erabiliko dira. Bestela, ahal delarik PDF formatuan aurkeztuko dira.
Dokumentazio elektroniko osoaren tamaina gehienez 30 Mb-koa izango da.
Eskabideak aurkezteak deialdi honetako oinarriak definitzen dituzten baldintzak berariaz eta formalki onartu direla dakar berarekin.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, interesdunek eskubidea dute administrazioaren esku dauden edo beste edozein administraziok egindako dokumentuak ez aurkezteko. Beraz, Administrazioak dokumentu horiek kontsultatu edo eskatu ahal izango ditu. Eskubide hori erabiliz gero, eskatzaileek jakinarazi egin beharko dute zein prozeduratan eta zein egunetan sartu diren. Administrazioak kontsulta horren aurka egin ahal izango du interesdunak. Kasu horretan, eskatzaileak egiaztatu beharko ditu agiri horiek.
Eskatzaileari berari buruzko agiriak:
Pertsona fisikoen kasuan:
Eskabidea sinatu duen pertsonaren nortasuna egiaztatzea. Administrazioak eskabide izenpetzen duen pertsonaren nortasuna kontsultatuko du, interesdunak berariaz aurka egin ezean; kasu horretan, NANa edo agiri baliokidea aurkeztu beharko du.
Pertsona juridikoen kasuan:
Administrazioren bati dagozkion erregistroetan inskribatutako erakundeek zein erregistrotan inskribatuta dauden adieraziko dute eskabidean, eta ez da beharrezkoa izango inskripzioa egiaztatzen duen ekarpenik egitea.
Jarduerari buruzko dokumentazioa:
Proposamena aginduaren 12. artikuluaren 3. atalean xedatutako irizpideen arabera egoki baloratzeko behar diren puntuak zehaztu eta garatu egiten dituen memoria zehatza eta jaialdiaren gauzatze-egutegia. Halaber adieraziko da zer lurralde-eragin aurreikusten zaion jaialdiari. Baldin eta aurkezten den proiektua beste proiektu zabalago baten baitan antolatua bada, haren deskribapena eta aurrekontua ere gehitu beharko dira.
Jardueraren gastuen eta diru-sarreren aurrekontu orekatua, banakatua eta xehea. Baldin eta eskabidean 5. artikuluak ez-lagungarritzat jotako gastu edo jarduerarik aurreikusten bada, organo kudeatzaileak horiek zuzentzeko eskatuko du.
Beren izaera dela eta hizkuntzarik erabiltzen ez duten diziplinen kasuan, horren inguruko motibazioa, 12.3 artikuluan aurreikusitakoa aplikatuko ote den ere.
Eskatzailea ez badago erregistratuta Eusko Jaurlaritzako Ogasuna eta Ekonomia Saileko Hirugarrenen Erregistroan, edo han dituen banku-datuak aldatu nahi baditu, berari ordaindu ahal izateko hirugarrenaren alta izeneko agiria aurkeztua izan beharko du, dela eskabidearekin batera, dela prozeduraren beste une batean. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoan izapidetu daiteke elektronikoi, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak
Eskabideari antzemanez gero izapidera onartzeko agirietan akats formalak dituela, orobat hura baloratzeko aipatutako agiriei akatsik antzemanez gero, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari, beharrezko agiriak aurkez ditzan edo hautemandako akatsak zuzen ditzan; horrekin batera, ohartarazi egingo zaio hala egin ezean eskabidean atzera egin duela edo izapide horretarako eskubidea galdu duela ulertuko dela, eta horren berri ebazpen bidez jakinaraziko zaio.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailaren Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatzea.
Agindu honetara biltzen diren jarduerek jasoko duten dirulaguntzaren guztizko zenbatekoa ez da izango aurrekontu onartu osoaren % 50etik gorakoa.
Diruz laguntzen diren proiektuek gehienez 35.000 euro jasoko dituzte.
Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak izango dira beste erakunde publiko edo pribatu batzuek xede bera betetzeko ematen dituzten laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera eta nolanahiko baliabideekin, betiere laguntzaren intentsitatea gainditzen ez bada; kasu horretan, bidezkoa izango da dirulaguntzaren munta murriztea, dagokion mugaraino.
Agindu honen 3. artikuluko 2. apartatuan ezarritakoaren arabera, ez dira bateragarriak izango proiektu bererako Euskal Autonomia Erkidegoaren 2024rako Aurrekontu Orokorretatik datozen beste dirulaguntzekin.
Agindu honetan zehaztutako dirulaguntzak lehiaketa-prozeduraz emango dira, hurrengo puntuetan jasotako balorazio-irizpideak kontuan izanik. Aurkeztutako eskabideak puntuazio-hurrenkeraren arabera antolatuko dira.
Kategoria bakoitza bere aldetik baloratuko da, eta bateko eta besteko proiektuak beren kategoriako beste proiektuekin baizik ez dira lehiatuko.
Aurkeztutako eta bertan behera utzi gabeko proiektuak baloratzeko, irizpide eta baremo hauek erabiliko dira:
Kultura-proposamena (50 puntu).
1. Programazioaren interesa eta koherentzia (10 puntu).
10 puntu. Programazioak interes eta koherentzia handia du.
6 puntu. Programazioak interes eta koherentzia ertainak ditu.
3 puntu. Programazioak interes eta koherentzia txikiak ditu.
2. Berezitasuna eta bereizteko gaitasuna (10 puntu).
10 puntu. Programazioak berezitasun eta bereizteko gaitasun handiak ditu.
6 puntu. Programazioak berezitasun bat du, eta bitartekoak bereizteko gaitasuna.
3 puntu. Programazioak berezitasun eta bereizteko gaitasun txikiak ditu.
3. Edukien kalitatea eta izaera berritzailea (10 puntu).
10 puntu. Programazioak kalitate eta izaera berritzaile handia du.
6 puntu. Programazioak kalitate eta izaera berritzaile ertainak ditu.
3 puntu. Programazioak kalitate eta izaera berritzaile txikiak ditu.
4. Euskal eragina eta parte-hartzea (10 puntu).
Eragina prentsan eta sare sozialetan (5 puntu).
EAEko kultura-sortzaileen eta -eragileen partaidetza-maila (5 puntu).
5. Kultura-publikoa garatzea (10 puntu).
Jaialdiaren ikusleria garatzeko aukera baloratuko da, gazteei, etorkinei eta bazterturiko gizataldeei zuzendutako estrategia espezifikoak aurreikusten dituztenei puntu gehiago emanez.
Jaialdiaren ezaugarriak (25 puntu).
1. Bideragarritasun ekonomikoa (10 puntu).
Autofinantzaketa (5 puntu). = (PFP/PFPMax.)* 5.
PFP = Eskatzailearen finantzaketa propioaren ehunekoa.
PFPMax. = Finantzaketa-ehunekorik handiena duen proiektua.
Beste finantzaketa-iturri batzuk erakartzeko gaitasuna (5 puntu). = (PCA/PACMax.)* 5.
PCA = PAPriv. + PAPub (Finantzaketa pribatuaren ehunekoa + finantzaketa publikoko beste iturri batzuen ehunekoa).
PCAMax = Erakartze-ahalmen handiena duen proiektua.
2. Ibilbidea (5 puntu).
Aurreko edizioen kopurua. puntu 1 aurreko edizio bakoitzeko, gehienez 5 puntu.
3. Tokiko lotura eta eragin-eremu geografikoa (5 puntu).
Jaialdiak ingurune hurbilenarekin duen harremana baloratuko da (2,5 puntu).
Bere eragin-eremu geografikoak kultura-eskaintza urria duten eremuak hartzea baloratuko da (2,5 puntu).
4. Jaialdia egiten den jardunaldien kopurua (3 puntu).
5 egun: puntu 1.
7 egun: 2 puntu.
Astebete baino gehiago: 3 puntu.
5. Beste jaialdi batzuekin sareak eraikitzeko gaitasuna (2 puntu).
Euskara: programazioan euskararen presentzia baloratuko da. Emanaldietan eta jardueretan euskarak duen erabileraren ehunekoaren arabera puntuatuko da (10 puntu).
Euskararen presentzia % 90etik gorakoa den proposamena edo programazioa: 10 puntu.
Gutxienez % 50eko euskarazko eskaintza duten proposamen elebidunak edo programazioa: 5 puntu.
50etik beherako euskarazko eskaintza duten proposamenak edo programazioa: 0 puntu.
Irizpide hori ez da aplikatuko beren izaeragatik hizkuntza-presentziarik ez duten diziplinetako proiektuetan, hala nola eskulturan, dantzan, pinturan, grabatuan, musika klasikoan eta abarretan. Beraz, proiektu horien balorazio osoa egiteko, formula hau aplikatuko da: x100/90 lortutako puntuazioa.
Berdintasuna (10 puntu).
1. Emakumeek egindako obren programazioa edo hautaketa. Emakumeen proportzioa % 40 eta % 60 artekoa bada, 5 puntu; bestela, 0 puntu.
2. Eraso matxistak prebenitzeko protokolo bat izatea (5 puntu).
Jasangarritasuna: Erronka Garbia ziurtagiria (5 puntu). Erronka Garbia ziurtagiria dutela egiaztatzen duten jaialdiek 5 puntu izango dituzte: https://www.ihobe.eus/erronka-garbia-evento-sostenible.
Puntuazio osoaren % 60 (100 puntutik 60, hain zuzen) lortzen ez duten proiektuak baztertu egingo dira.
Kategoria bakoitzean, hautatutako proiektuei dagokien dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, prozedura honi jarraituko zaio:
Bere kategorian puntu gehien bildu dituen proiektutik hasita, eskatutako dirulaguntza esleituko zaio hari, betiere muga hauek aplikatuta: (a) eskatutako kopurua (b) 11.1 artikuluak ezarritakoa eta (c) 11.2 artikuluak ezarritakoa. Hiru mugetan txikiena esleituko zaio eskatzaileari.
Prozedura errepikatu egingo da artikulu honen 5. puntuan aipatzen den irizpidea gainditzen duten hurrengo proiektu hautatuekin, lortu duten puntuazioaren arabera handitik txikira antolatuta, delako kategorian aurreikusitako zuzkidura agortu arte. Horretarako, aurreko puntuan aipatu diren mugei egokitze-faktore proportzional bat aplikatuko zaie, faktore hori izanik dirulaguntza kalkulatzen ari zaion proiektuak jaso duen puntuazioaren eta puntuazio handienaren arteko arrazoia.
Kategoria bakoitzerako adierazitako zuzkidurak alde batera utzi gabe, proposamenik ez dagoelako edo proposamenek balorazio-fasean eska daitekeen gutxieneko puntuazioa gainditzen ez dutelako, kategorietako baterako zuzkidura agortzen ez denean, organo kudeatzaileak soberakina bideratuko du ebatzi gabe dauden beste kategoria batzuetako proiektuak finantzatzeko, baldin eta proiektu horiek diruz lagundu gabekotzat proposatutakoen artean baloraziorik onena lortu badute dagokion kategoria finantzatzeko bideratutako zenbatekoa agortzeagatik.
Balorazio-batzorde batek aztertu eta ebaluatuko ditu aurkeztutako eskabideak, eta egindako ebaluazioaren emaitza zehazten duen txostena emango du.
Balorazio-batzordearen osaera Kulturako sailburuordearen ebazpen batek zehaztuko du, eta haren lehen bilkura baino lehenago argitaratuko da EHAAn.
Kultura Sustatzeko zuzendaria nahiz hark izendatzen duen eskuorde bat izango da balorazio-batzordearen presidentea; Idazkari, berriz, hitzarekin baina botorik gabe, zuzendariak Zuzendaritza horretako teknikarien artetik izendatzen duenak jardungo du. Kide anitzeko organoaren jardunaren legezkotasun formala eta materiala bermatzea izango da Idazkariaren zeregina.
Batzordeko bokalak gutxienez hiru eta gehienez bost izango dira, eta Kulturako sailburuordeak izendatuko ditu. Kulturaren munduko profesional independenteen artetik aukeratuko dira eta sektore guztien ordezkari adierazgarriak izango dira.
Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko bizitzetarako legea, martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 3.10 artikuluan xedatutakoa beteko da balorazio-batzordea eratzean.
Batzordeak, beharrezkotzat jotzen badu, aurkeztutako proiektuari buruzko argibide guztiak eskatu ahal izango dizkie eskatzaileei, balorazio egokiagoa egiteko.
Organo kudeatzaileak, espedientea eta batzordearen txostena aztertu ondoren, ebazpen-proposamena egingo du. Proposamen horretan, onuradun gisa proposatutako pertsonen edo erakundeen zerrenda jasoko da, urteka banatutako zenbatekoekin, bai eta onartu ez diren eskabideak eta ukatzea proposatzen den eskabideak ere, zergatik ukatu diren adierazita.
Deialdi honetan aurkeztutako eskabideak prozedura bakarrean izapidetuko dira eta horiek ebaztea Kultura Sailburuordeari dagokio.
Hartzen den ebazpenaren bidez zehaztuko da eskatutako dirulaguntza ematen den ala ez; ematen bada, datu hauek adierazi beharko dira: onuradunaren izena edo izen soziala, diruz lagundutako jarduera, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, hori urteka nola banatzen den eta dirulaguntza justifikatzeko modua. Eta ukatzen bada: eskatzailearen izena edo izen soziala, eta laguntza zergatik ukatu den.
Prozedura ebazteko eta ebazpena interesdunei jakinarazteko epea sei hilabetekoa izango da, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epea igaro eta ebazpenik argitaratu ez bada, dirulaguntzaren eskabidea ezetsi egin dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan xedatutako ondorioetarako.
Ematen den Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie interesdunei eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Interesdunei bide batetik baino gehiagotatik egingo zaienez jakinarazpena, aurrena egin zaion eguna hartuko da jakinarazpen-datatzat. Jakinarazpen elektronikoak Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoan egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
Aurreko paragrafoan aipatzen den ebazpenak ez du administrazio-bidea agortzen, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabete bateko epean jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.
Ematen diren dirulaguntzak de minimis araubidearen pean direla adieraziko da ebazpenean, haren inguruko Erregelamendua aipatuta.
Jakinarazpen oro, eskabideak ez onartzeko ebazpenarena dela, dirulaguntzak esleitzeko eta ukatzeko azken ebazpenarena dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluak xedatutakoari jarraikiz joko da egintzat. Paper bidezko jakinarazpenen kasuan, berriz, lege horren beraren 42. artikuluak xedatutakoaren arabera.
Izapidetze telematikoaren kasuan, Herritarrei arreta integrala eta kanal anitzekoa eta zerbitzu publikoetara bitarteko elektronikoen bidez sartzeari buruzko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuan xedatutakoaren arabera, jakinarazpena egintzat joko da pertsona edo erakunde interesduna edo, hala badagokio, legezko ordezkaria edo pertsona baimendua haren edukian sartzen den unean, eta kasu bakoitzean ezarritako epea hura jakinarazpenaren xede den egintzara sartu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da.
Jakinarazpenaren xede-egintza erakunde interesdunaren edo, hala badagokio, horren legezko ordezkariaren edo baimendutako pertsonaren eskura (aipatutako dekretuak adierazten duen helbide elektronikoan) jartzen denetik hamar eguneko epea igaro bada eta erakunde edo pertsona horrek ez badu jakinarazpen horren edukira jo, jakinarazpen horri uko egin diola ulertuko da. Halakoetan, izapidea gauzatutzat joko da eta prozedurak aurrera jarraituko du, salbu eta, ofizioz edo hartzaileak hala eskatuta, eduki horietara jotzeko ezintasun tekniko edo materialik egon dela egiaztatu.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 41.6 artikuluarekin bat etorrita, jakinarazpena paperez zein elektronikoki gauzatu ala ez, abisu bat bidaliko zaio eskatzaileari berak eskabidean adierazitako gailu elektronikora zein helbide elektronikora, esateko jakinarazpen bat duela eskura administrazio-erakundearen egoitza elektronikoan edo gaitu den helbide elektroniko bakarrean.
Jakinarazpen elektronikoak Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioaren Egoitza Elektronikoko «Nire karpeta» atalean egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
Prozedura indarrean dagoen bitartean, pertsona eta erakunde onuradunek egunean eduki beharko dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ere. Baldintza hori ez betetzeak dirulaguntza galtzea eta jasotako kopuruak itzuli behar izatea ekarriko du berekin.
Jaialdiaren katalogo eta programazio-eskuorriak gutxienez euskaraz eginak izan beharko dira beti (Euskararen Erabilera Arauzkotzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 26. artikuluak aurreikusitakoari jarraikiz).
Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzen onuradunek betebehar hauek beteak beharko dituzte beti:
Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntza jaso dutela berariaz eta nabarmen agertu behar dute, diruz lagundutako jarduera dela-eta argitara ematen diren katalogo, programa, iragarki-kartel, webgune, argazki eta gainerako material grafiko eta entzunezkoan, jasotako dirulaguntzen berri eta finantzaketaren izaera publikoaren berri emanez. Betebehar hori laguntza eman izanaren ebazpena jasotzen duten egunetik aurrera hasiko da indarrean. Material hori euskaraz zabaldu beharko dute, hargatik eragotzi gabe beste hizkuntza batzuetan ere zabaltzea.
Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, onuradunek dirulaguntza eman zaiela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean berariaz uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.
Laguntza zertarako eman den, horretarako erabili beharko dute, ez beste ezertarako.
Ikuskatze-lana egiteko beharrezko duen dokumentazioa eman beharko diote Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari, diruz lagundutako proiektuak behar bezala gauzatu direla bermatze aldera.
Agindu honen babesean jasotako dirulaguntzei dagokienez, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak euren jardunean eskatzen dieten argibide oro eman beharko dute onuradunek.
Deialdira aurkeztu den bezala gauzatzea diruz lagundutako proiektua. Proiektuari gerora egiten zaizkion aldaketak idatziz jakinaraziko zaizkio Kulturako sailburuordeari aldaketa horien berri izan bezain laster. Hark, jakinarazpena jasotzen duen egunetik hamabost eguneko epea izango du horiek onartu edo gaitzesteko. Nolanahi ere, epe horren barruan ez bada berariazko jakinarazpenik egiten, planteatutako aldaketa onartu egin dela ulertu beharko da.
Enpresa-deslokalizazioan ez erortzeko konpromisoa hartzea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.4.p) artikuluaren arabera.
Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluak xedatutako gainerakoak.
Agindu honetan aukeratutakoarekin bat etorriz ematen diren dirulaguntzak bi zatitan ordainduko dira, honako prozedura honen arabera:
Lehen ordainketan, emandako dirulaguntzaren % 50 ordainduko da, emate-ebazpena jakinarazi eta dirulaguntza onartu ostean.
Gainerako % 50a bigarren ordainketan ordainduko da, Eusko Jaurlaritzaren 2025eko aurrekontuaren kontura: 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera, betiere emandako dirulaguntza justifikatu ostean eta 18. artikuluan ezarritako zehaztapenekin bat etorriz.
Ez da ordainketarik egingo harik eta onuraduna egunean egon arte Gizarte Segurantzari nahiz Foru Ogasunari egin beharreko ordainketetan eta kitatu arte dirulaguntzaren bat itzuli behar duela dioen ebazpenak adierazitako zorra, halakorik bada.
Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzen onuradunek beherago zehazten diren agiriak aurkeztu beharko dituzte diruz lagundutako jarduerak amaitu ondorengo hiru hilabeteetan, edonola ere, 2025eko martxoaren 31 baino lehen:
Jarduera egin ondorengo memoria justifikagarria; bertan jarduera gauzatu dutela azaldu beharko dute, eta, gutxienez, agindu honen 12.3 artikuluan ezarritako balorazio-irizpideak bete direla aipatu.
Diruz lagundutako jarduera garatzean izandako gastu eta diru-sarrera guztien zerrenda eta balantzea. Gainera, aurkeztutako eta onartutako aurrekontuarekin bat etorriz, gastu eta diru-sarrera horien faktura edo ordainagiriak aurkeztuko dira.
Eskabidea aurkeztu zuten unean onuradunek eskatutako eta geroago jasotako xede bereko beste edozein laguntzen zerrenda.
Jardueraren karietara argitaratutako katalogo, programa, iragarki-kartel, argazki eta gainerako material grafiko eta entzunezkoen hizkuntza-bertsio bakoitzaren ale bana; halakoetan, bestalde, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesaren aipamena berariaz adierazita agertu behar da, bai eta, hala egokitzen bada, dagokion webgunearen helbidea ere.
Kultura programazioan parte hartu duten emakume eta gizonen zerrenda.
Euskaraz burututako ekimenen zerrenda.
Jaialdian parte hartuko duten EAEko kultura-sortzaileen eta -eragileen zerrenda.
Pertsona fisikoek justifikazioak aurrez aurre nahiz bide elektronikoa erabiliz aurkeztu ahalko dituzte:
Aurrez aurre, Zuzenean zerbitzuan (aldez aurretik ordua hartuta ahal bada https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean helbidean), EAEko erregistro osagarrietan (Herritarrei arreta integrala eta kanal anitzekoa emateari eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoen bidez eskuratzeari buruzko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuan daude zerrendatuta) zein Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako erregistroetan aurkeztu ahal izango dituzte justifikazioak.
Bide elektronikoz ere aurkeztu ahalko dituzte web helbide honetan: https://www.euskadi.eus//nirekarpeta, nahiz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen erregistro elektronikoetan.
Pertsona juridikoek bide elektronikoa erabiliz baizik ez dituzte aurkeztuko justifikazioak, lehenago adierazitako helbide elektronikoan nahiz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen erregistro elektronikoetan.
Justifikazioak, bide presentziala erabiliz nahiz bide elektronikoa erabiliz, nola izapidetu behar diren azaltzen dituzten argibideak euskadi.eus egoitza elektronikoan egongo dira eskura, agindu honen 7.5 artikuluan adierazitako helbidean.
Justifikazioa ezarritako epean egitea eragozten duten arrazoiak behar bezala justifikatzen dituen onuradunak eskabidea egin ondoren, Kulturako sailburuordeak epe hori luzatzea erabaki ahal izango du, justifikazioa amaitu aurretik eta, betiere, hirugarrenen eskubideei kalterik egiten ez bazaie. Epe hori justifikazio-agiriak aurkezteko baino ez da luzatuko, eta inola ere ez du balioko gastua egiteko epea luzatzeko.
Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatu badira, edo beste edozein erakunde publiko zein pribatutatik ere beste laguntza edo dirulaguntzaren bat jaso bada, Kulturako sailburuordeak, hala badagokio, likidazio-ebazpena emango du betiere, aurreko paragrafoetan adierazitakoaren arabera aurkeztu diren agiriak ikusirik, eta aurkeztu diren proiektuetako aldaketez eta horien jakinarazpenaz 16.3 artikuluan ezartzen dena kontuan harturik, dirulaguntzaren helburua bete dela jotzen bada, Kulturako sailburuordeak likidazio-ebazpena emango du, hala badagokio, emandako laguntzen zenbatekoak egokitzeko.
Dirua itzultzeko arrazoiak daudela ulertuko da honako kasu hauetan:
Jasotako dirulaguntza, osorik edo partez, ebazpenean onartu gabeko jardueraren bat egiteko erabiltzea.
Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, esleipen-ebazpenean ezarritakoak ez betetzea.
Dirulaguntzaren likidazio-ebazpenean adierazten den zenbatekoa ez itzultzea, hala badagokio, horretarako ezarritako epean.
Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan jasotako edozein arrazoi.
Baldin eta onuraduna nabarmen hurbiltzen bazaio proiektua erabat betetzeari eta egiaztatzen badu zalantzarik gabe jardun duela konpromisoak betetzearren, itzuli beharreko kopurua proportzioan oinarritutako irizpide gradual baten arabera xedatuko da.
Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura laguntza publikoak eskuratzen dituztenentzat ezarrita dagoen arau-hauste erregimenaren mende egongo dira laguntza hauen onuradunak kasu guztietan.
Artikulu honetan jasotako egoeraren bat gertatu dela egiaztatzen baldin bada, jasotako zenbatekoak eta dirulaguntzen arloan aplikatzekoa den berandutze-interesa Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, osorik edo zati batean, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean aurreikusitako baldintzetan eta bertan aurreikusitakoa bete ondoren.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Agindu honen bidez araututako dirulaguntzen programa Europako Batzordearen abenduaren 13ko 2023/2831 EB Erregelamenduan (2023ko abenduaren 15eko EBAO, L 2831) ezarritako minimis araubidearen mende dago. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da. Ondorioz, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak beharrezkoak diren mekanismo guztiak jarriko ditu abian, bermatzeko, pertsona edo erakunde onuradun bakar batek ere, ondoz ondoko hiru ekitaldi fiskaletan, ez dituela dirulaguntza osoaren 300.000 euro baino gehiago jasoko.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Izaera pertsonaleko datuen babesaren arloko informazio-klausula (3/2018 Legea, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa).
Arduraduna: Kultura Sustatzeko Zuzendaritza, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila.
Helburua: 2024. urtean kultura-arloetako jaialdiak antolatzeko dirulaguntza-eskabideak kudeatzea.
Lege-oinarria: interes publikoaren mesedetan zein tratamenduaren arduradunari esleitutako ahal publikoak gauzatzean egindako zeregina betetzeko beharrezkoa suertatzen den tratamendua da (Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko Legea onetsi zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua).
Jasotzaileak: Gaiaren gaineko eskumena duten Administrazioei jakinarazi ahal izango zaizkie datu pertsonalak.
Eskubideak: zeure datuak ikusteko, zuzentzeko zein ezabatzeko eskubidea duzu; baita haien tratamendua mugatzeko nahiz haren aurka egiteko, informazio gehigarrian adierazten den moduan.
Informazio gehigarria: web helbide honetan aurkitu ahal izango duzu datu pertsonalen babesari buruzko informazio gehiago: www.euskadi.eus/rgpd/0130710
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian eskumen hori duen salaren aurrean, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko maiatzaren 21a.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (2)
- Ikus: EBAZPENA, 2024ko azaroaren 11koa, Kulturako sailburuordearena, argitara ematen dituena 2024. urtean kultura-arloetako jaialdiak antolatzeko dirulaguntzetarako deialdia egiten duen Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2024ko maiatzaren 21eko Aginduaren babesean emandako dirulaguntzak.
- Ikus: EBAZPENA, 2024ko uztailaren 18koa, Kulturako sailburuordearena, zeinaren bidez kultura-arloetako 2024ko jaialdiak antolatzeko dirulaguntzak emateko Aginduaren babesean aurkezten diren eskabideak ebaluatuko dituen balorazio-batzordeko kideak izendatzen baitira.