Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2024ko azaroaren 19koa, Jaurlaritzako Lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez deialdia egiten baita 2025. urtean Kultura-sorkuntza artistikoa babesten eta sustatzen duten kultura-gune independenteentzako dirulaguntzak emateko (Sorgune).
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 238
- Hurrenkera-zk.: 5622
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2024/11/19
- Argitaratze-data: 2024/12/09
Gaikako eremua
- Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Gobernua eta Administrazio Publikoa; Sailak
Testu legala
Bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 6. artikuluarekin, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari dagozkio, besteak beste, arte- eta kultura-jardueren eta haien sustapen eta zabalkundearen gaineko eskumenak. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 73/2021 Dekretuaren bidez esleitzen zaizkio eginkizun horiek Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari.
Kultura Sustatzeko Zuzendaritzaren iritziz, lerro espezifiko bat arbitratzea beharrezkoa ikusten da, hain zuzen ere kultura-edukiak ekoizteko egiturak eta erak sustatzeko, betiere oinarri hartuta sormena, ikerketa, esperimentazioa eta diziplina-arteko elkarrekintza sustatzea. Baina halaber da xedea beren helburua artistei arreta ematea, lagun egitea eta arte- eta kudeaketa-kontuetan sortzen eta berritzen laguntzea duten ekipamenduei laguntzea, betiere talentu eta sormen-jardun berriak sustatzearren, eta horiek, hartara, kultura-edukiak sortzeko sistemak berritzeko, eta artea egiteko era bereizgarri berriak azaleratzeko aukera ematearren, eta, oro har, Euskal Autonomia Erkidegoko arte-sarea aberastu eta sendotu egingo da. Labur esanda, dirulaguntzak emateko deialdi honen xedea da arte-sorkuntzan espezializatutako zentroak sustatzea eta berrikuntza, diziplinartekotasuna eta alde anitzeko elkarrizketa oinarri dituen sormen- eta ekoizpen-eremu bat bultzatzea, honako hauek abiaburu hartuta: norbanakoaren eta/edo kolektiboaren sormena; trebetasunak eta talentua; ideia eta potentzialtasunen transmisioa berrikuntza-inguruetan.
20/2023 Legearen 7.1 artikuluari jarraikiz, herrialdeko sortzaileen talentua eta sorkuntza sendotzeko, kultur sormen-sarea dinamizatuko duen kultur gune independenteen sarea indartu eta, hala badagokio, berritu ahal izateko beharrezkoa da dirulaguntza agindu hau ezartzea, gainera Sailaren Kultura Plan estrategikoaren lehengo helburuaren barruan kokatzen da, «Talentu sortzailea garatzeko aukerak ugaldu». Talentu sortzailearen bizitasuna eta kultura industrien sendotasuna sustatzea da plan honen aurreneko helburua. Sorkuntza eta ekoizpenerako laguntza bereziez gain, talentua sorrarazteko, erakartzeko eta garatzeko aukerak zabalduko dira deialdi honen bidez eta 2025-2028 Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasoko da.
Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren arabera (erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz), laguntza-araubide hori ez zaio Europako Batzordeari jakinarazi behar, eta barne-merkatuarekin bateragarria da Tratatuaren 107. artikuluaren 3. apartatuari jarraiki, aipatutako 651/2014 Erregelamenduaren 53. artikuluko eta I. kapituluko baldintza guztiak betetzen baititu. Ondorioz, hau
Deialdi honen xedea da kultura-sorkuntza artistikoa sustatzen eta babesten duten titulartasun pribatuko kultura-gune independenteak kudeatzen dituzten pertsona fisiko eta juridiko pribatuei laguntzeko dirulaguntzak emateko arauak ezartzea eta horien deialdia egitea.
Espazio horiek zuzkidura, azpiegitura eta egitura egokiak izan behar dituzte proiektu espezifikoak antolatzeko, sortzaileek beren sorkuntza eta ekoizpen artistikorako prozesuak garatu ahal izateko espazioak, baliabideak eta laguntza erraztuko dituztenak. Beste ezeren aurretik sortzaile eta gizartearekin topaguneak sustatu beharko dituzte. Gainera, berrikuntzarako orientazioa, talentua hautemateko eta babesteko lanak, kudeaketa parte-hartzailea eta tokiko ingurukoekin harremana eskaini beharko dituzte eta kulturara eta adierazpen artistikora bideratutako sorkuntza-guneak behintzat izan beharko dituzte.
Proiektuak kultura-sektore edo arte diziplina hauetako bati edo batzuei lotuak izan beharko dute nahitaez: ikusizko arteak, zinema eta ikus-entzunezkoak, arte eszenikoak, literatura, musika eta bertsolaritza.
Proiektuak Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean garatu beharko dira, 2025eko urtarrilaren 1etik 2026ko azaroaren 30era bitartean. Proiektuek 2025ean hasitakoak izan beharra dute.
Proiektuek onartu den aurrekontuaren % 20ko autofinantzaketa izan beharko dute gutxienez, halakotzat hartuta jatorri publikoetatik ez datorren diru-sarreren frakzioa eta onartutako aurrekontutzat 6. artikuluaren arabera araztutako aurrekontua, hala dagokionean.
Sorkuntzarako kultura-gune independentetzat hartzen dira nagusiki (>= % 80) kulturara eta adierazpen artistikora bideratutako sorkuntza eta sormena sustatzea helburu duten titulartasun pribatuko espazioak, bai eta ikerketa, berrikuntza eta esperimentazioa ere. Hori guztia beste gune batzuekiko sare lan testuinguru batean kokatu beharko da, sortzaileak ingurunearekin duen harremanean eta hazkunde artistikoan lagunduko duena.
Guneok ezaugarri hauek guztiak izan beharko dituzte:
Euskal Autonomia Erkidegoko higiezinak izatea.
Sormen, ikerketa eta esperimentazio kultural artistikoko proiektuak egiteko gaitasuna eta egokitasuna egiaztatzea; beraz, proiektuak gauzatzeko beharrezkoak diren guneak eta baliabide teknikoak izan beharko dituzte.
Higiezina sorkuntzarako gune moduan kudeatzeko eta ustiatzeko eskubidea eskatzailearena izatea.
Oinarri hauen xedetik kanpo hauek geratzen dira:
Plataforma digitalak, nahiz eta haien eskura eduki jarduerak egiteko moduko guneak.
Nagusiki prestakuntzara bideratutako eskola edo guneak.
Helburu nagusia turismoa edo merkataritza duten guneak.
Gizarteratzera bideratutako guneak, non alde artistikoa osagarria edo instrumentala den.
Kultura-artekaritza helburu duten guneak.
Dirulaguntza hauen gehieneko zenbateko orokorra 560.000 eurokoa da.
Proiektu bakoitzari emango zaion dirulaguntza gehienez 120.000 eurokoa izango da, proiektuaren aurrekontu onartuaren % 70 ez badu gainditzen, betiere.
Deialdi honetan dirulaguntza jaso ahal izateko, pertsona fisiko edo juridiko pribatuek, gaitasun juridiko osoa eta jarduteko gaitasun osoa edukita eta edozein dela ere haien eraketa juridikoa, honako baldintza hauek bete behar dituzte agindu hau argitaratzen denetik proiektua amaitu bitartean:
Agindu honen 3. artikuluan ezarritakoa betetzen duten sorkuntzarako kultura-guneak kudeatzeko edo ustiatzeko titulartasuna izatea. Horretarako, honako baldintza hauek betetzen dituztela egiaztatu behar dute agiri bidez:
Higiezinaren jabetza-titulua izatea.
Higiezinaren errentaria izatea, horretarako formalizatutako errentamendu-kontratuaren arabera. Kontratu horrek proiektua osorik gauzatzearekin bateragarria den iraupena aurreikusi beharko du.
Edozein tituluren bidez, higiezinaren kudeaketa edo ustiapena bere alde lagata izatea. Lagapen horrek proiektua osorik egikaritzearekin bateragarria den iraupena aurreikusi beharko du.
Gunea kultura-sorkuntzarako, -ikerketarako eta -esperimentaziorako erabiltzea.
Eskabidea aurkezteko unean bertan eta proiektua amaitu bitartean, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta emanda egotea, sormen-gunean egin beharreko jarduera nagusien epigrafean.
Agindu honen bidez ematen diren dirulaguntzak jaso ahal izateko, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izan behar dira, eta itzultzeagatiko obligazioak ordaintzerakoan, Dirulaguntzen araubidea erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean eta Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. eta 7. artikuluetan ezarritakoa bete beharko da.
Deialdi hau kudeatzen duen organoak automatikoki egiaztatuko du dirulaguntzen eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela, eta ez du eskatzaileen baimenik beharko horretarako. Hala ere, eskatzaileak egiaztapen hori egitearen aurka egin ahal izango du; kasu horretan, dagokion ziurtagiria aurkeztu beharko du.
Eskatutako dirulaguntzaren onuraduna izanez gero, enpresa-deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa hartzea, Dirulaguntzen araubidea erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaz bat.
Ezingo dituzte agindu honetako dirulaguntzak jaso:
Laguntza edo dirulaguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penala duen eskatzailea, edo horretarako ezgaitzen duen legezko debekuren bat duena, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta indarkeria matxistarik gabeko bizitzetarako Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuan ezarritako zigor eta debekuak ere kontuan hartuta, dagokion zehapenean ezarritako aldian. Era berean, ezin izango dute laguntzarik edo dirulaguntzarik jaso Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plana indarrean izan behar duten enpresek, halakorik ez badute, ezta sexu-jazarpenari edo sexuan oinarritutako jazarpenari aurre hartzeko eta aurka egiteko neurriak ezarri izana egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresek ere, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuko legeriak ezarritakoaren arabera.
Kapital sozialean, fundazio-ondarean edota gobernu-, administrazio- edo zuzendaritza-organoetan partaidetza handiena administrazio publiko edo instituzional batena edo sektore publikoko entitate batena edo finantza- edo kreditu-entitate batena duten entitate pribatuen eskabideak.
Titulartasun publikoa duen sorkuntzarako kultura-gune bateko zerbitzu-kontratu baten edo zerbitzu publikoen kudeaketa kontratu baten esleipendun moduan eskatzen dutenek.
Berreskuratzeko agindu baten menpe diren enpresak, Europar Batzordeak aurretiaz hartutako erabaki baten bidez laguntza bat legez kanpokotzat eta barne-merkatuarekin bateraezintzat jo izanaren ondorioz.
Krisi egoeran dauden enpresak, bat etorriz Krisialdian dauden enpresak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko Erkidegoaren Zuzentarauetan jasotako definizioarekin (DO,C 249, 31-07-2014). Termino hori Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 18. paragrafoan dago zehaztua.
Dirulaguntzen araubidea erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan aipatutako egoeraren batean dauden pertsonak edo erakundeak.
Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikulua betetzen ez duten eskatzaileak.
Dirulaguntzaren onuraduna enpresa bat denean, merkataritza-eragiketek eragin dituzten eta diruz lagundu daitezkeen gastuak enpresari aplikatzekoa zaion araudi sektorialean aurreikusitako ordainketa-epeetan ordainduta egon beharko dute, edo, halakorik ezean, Merkataritza-eragiketetako berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako epeetan, 20/2023 Legearen 30.2 artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz.
Kontabilitateko araudiaren arabera galdu-irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten sozietateentzat, ordaintzeko legezko epeak betetzen direla egiaztatzeko beharra ezartzen da, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatutako auditore batek emandako ziurtagiriaren bidez. Ziurtagiri horrek kontuan hartuko du enpresa bezeroaren ordainketen benetako epea, enpresa hornitzaileak aldez aurretik kobratzeko finantzaketa edozein dela ere.
Agindu honi dagokionez, diruz lagundutako jarduera motari erantzuten dioten gastuak izango dira lagungarriak, baldin eta ezinbestekoak badira eta deialdi honetan, laguntzak emateko ebazpenean eta haren aldaketetan ezarritako epean gauzatzen badira. Diruz lagundu daitezkeen gastuen kostua ez da izango, sekula ere, merkatu-balioa baino handiagoa. Diruz lagundu daitezkeen gastuek, halaber, 2014ko ekainaren 17ko Batzordearen 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 53. artikuluak eta Dirulaguntzen araubidea erregulatzeko 20/2023 Legearen 30. artikuluak xedatutakoa bete beharko dute.
Zuzeneko gastuak: kudeaketa, zuzendaritza, teknikari, administrazio, garbiketa, mantentze edo antzekoen pertsonal gastuak.
Zeharkako gastuak.
Espazio ez-propioak alokatzeak, barruko eta/edo kanpoko espazioak erabiltzeak eta ekipamenduak, makinak eta altzariak alokatzeak eragindako gastuak, betiere eskatzailearen ohiko jarduerarako ez badira.
Kultura-gunea mantentzeko gastuak, baldin eta kontzeptu horiengatik onartutako aurrekontu osoaren % 10 gainditzen ez bada eta, nolanahi ere, proiektua garatzeko behar-beharrezkoak direla justifikatzen bada.
Kontsumoak: argia, ura, telefonoa, gasa eta Internet.
Material eta ondasun suntsikorrak.
Gainerako zeharkako gastuak.
Jarduera-gastuak:
Sorkuntzarako kultura-gunearen jarduera gastuak (egoitzak, ostatuak).
Prestakuntzarako, ezagutza transmititzeko, ikerketa/esperimentaziorako gastuak.
Lankidetza-proiektuen, lurralde-proiektuen, erkidego-proiektuen edo sareko proiektuen gastuak.
Onuradunak hirugarrenekin hitzartu ahal izango du diruz lagundutako jarduera gauzatzea, jardueraren zenbatekoaren % 80ra arte, azpikontratu guztien prezioak batuz. Nolanahi ere, muga % 60koa izango da baldin eta exekuzio hori diruz azpikontratatzen bada diruz lagundutako jarduerari buruzko epigrafean Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta emanda dauden pertsona fisiko edo juridikoekin.
Kanpoan geratzen dira onuradunak diruz lagundutako jarduera bere kabuz egiteko egin behar dituen gastuak.
Nolanahi ere, Dirulaguntzen araubidea erregulatzeko abenduaren 21eko 30/2023 Legearen 31. artikuluan ezarritako mugak eta betebeharrak aplikatuko zaizkie onuradunei eta kontratistei.
BEZ kengarriaren zenbatekoa ezingo da hartu diruz lagundu daitekeen gastutzat, baldin eta pertsona edo erakunde onuradunak zerga horren aitorpena egin behar badu. Kasu horretan, gastu gisa egotz daitekeen zenbatekoa frogagirien zerga-oinarriari dagokiona izango da.
Ez dira diruz lagunduko sorkuntzarako gunean ostatatutako proiektuen ekoizpenari dagozkion kostuak eta inbertsio-gastuak.
Deialdi honen kargura emango diren dirulaguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez esleituko dira. Beraz, dirulaguntza jasotzeko ezarritako gehieneko muga errespetatuz eta finkatutako irizpideak erabiliz, onuradun kopuru bat hautatuko da, hain zuzen ere, 14. artikuluan ezarritako irizpideen arabera proiektuen kalitatea eta bideragarritasuna ziurtatuko duen kopurua, betiere proiektuen dimentsioari begira.
Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Administrazio-prozeduraren izapideak egiteko, bitarteko elektronikoak erabili beharko dira. Eskabide-eredua EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan dago eskuragarri, esteka honetan:
https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1031715
Halaber, aipatutako artikuluak aukera ematen du interesdunek Administrazio Publikoetako organoetara zuzentzen dituzten dokumentuak «administrazio edo organismoaren erregistro elektronikoan, eta 2.1 artikuluan aipatzen diren subjektuetako edozeinen gainerako erregistro elektronikoetan» aurkezteko.
Eskabidearen osteko izapideak, jakinarazpenak barne, honako helbide honetan egingo dira: «Nire karpeta», EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, https://www.euskadi.eus/nirekarpeta helbidean.
EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak eskuragarri daude helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
Eskabidea eta ondorengo izapideak pertsona edo erakunde eskatzailearen ordezkari batek egin ahal izango ditu. Horretarako, ordezkaritza ahalordetzeen erregistro elektronikoan inskribatu beharko da, https://www.euskadi.eus/ordezkariak helbidean. Nolanahi ere, izapideak bitarteko elektronikoen bidez egin beharko ditu.
Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak modu elektronikoki izapidetzeko jarraibideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren aurreko puntuetan adierazitako helbideetan dira eskuragarri.
Pertsona eta erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskabidea, atxikitako dokumentazioarekin batera. Halaber, pertsona edo erakunde eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabili ahal izango da prozedura osoan, hala xedatuta baitago Euskararen erabilera arautzen duen 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan.
Eskatzaileari buruzko dokumentazioa.
Pertsona juridikoa izanez gero.
1. Administrazio honetako erregistroetan dauden erakundeak eskabidean adieraziko dute zein erregistrotan dauden eta ez dute erregistro horren agiririk aurkeztu beharrik izango.
2. Beste administrazioetako erregistroetan dauden erakundeak egiaztatu beharko dute bere nortasun juridikoari dagokion legezko eraketa, ordezkaria den pertsonaren identitatea eta daukan legezko ordezkaritzako ahalmena honako dokumentazio honen bitartez:
Sortze-eskritura eta estatutuak eta dagozkion erregistro publikoetan izena emanda dagoela egiaztatzen duen agiria.
Identifikazio Fiskalaren Zenbakiaren txartela.
Pertsona juridikoaren legezko ordezkariaren identitatea eta daukan legezko ordezkaritzako ahalmenaren egiaztagiriak.
Pertsona fisikoak nahiz juridikoak:
Kultura-sorkuntzarako gunea kudeatzeko edo ustiatzeko titulartasuna egiaztatzen duen agiria, 5.1.b) artikuluan ezarritakoaren arabera.
Sorkuntzarako guneari eta proiektuari dagokien dokumentazioa.
Sorkuntzarako kultura-guneak dituen baliabide eta azpiegiturak 3. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta 14.1.A), B) eta C) artikuluan zehaztutako irizpideak baloratu ahal izateko beharrezkoa den informazioa.
Azalpen-memoria, deskarga daitekeen inprimaki-ereduari jarraituz.
Proiektuaren aurrekontua, partidaka banakatua eta xehatua, aurreikusitako gastu guztiak jasotzen dituena, bai eta 14.A.c) artikuluan ezarritako irizpideak behar bezala baloratzeko diru-sarreren aurreikuspena ere, horretarako deskarga daitekeen ereduari jarraituko zaio.
Hala badagokio, azalpen-memorian alegatutako alderdien egiaztagiriak aurkeztu ahal izango dira, 14. artikuluko balorazio-irizpideak baloratzeko beharrezkotzat jotzen direnak.
Aurkeztu beharreko dokumentuek ezaugarri hauek izan beharko dituzte:
Deskarga daitezkeen ereduei jarraituko zaie, eta ereduok eskuragarri izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko egoitza elektronikoan eta erregistro-gaietan laguntzeko bulegoetan.
Dokumentazio elektroniko guztiaren gehieneko tamaina 30 Mb izango da.
Bideoak web helbide baten bidez aurkeztu ahal izango dira.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, eskatzaileek eskubidea dute administrazio publikoen esku diren datuak eta agiriak ez aurkezteko. Kasu horretan eskaeran adierazi beharko da zein administrazio-organoren aurrean eta noiz aurkeztu ziren agiri horiek.
Abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.5 artikuluak xedatutakoaz bat, inguruabar hauek egiaztatu beharko dira erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, zeina eskabidearekin batera aurkeztu beharko baita:
Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuei eskatutako eta, hala badagokio, haietatik jasotako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri emango da.
Erakundeak ez izatea dirulaguntza eta laguntza publikoak eskuratzea eragozten dion zehapenik, ez zigor-arlokorik, ez administrazio-bidekorik, eta ez egotea horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekua dakarkion ezein kasutan (Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta indarkeria matxistarik gabeko bizitzetarako Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuan ezarritako sexuaren ziozko bereizkeria zehatzeko zigor eta debekuak ere kontuan hartuta).
Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plana izateko betebeharra duten enpresek berdintasun-plana indarrean izatea. 50 langiletik gorako enpresek sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta borrokatzeko neurriak ezarri izana.
Erantzukizunpeko adierazpenean jasotako alderdiak egiazkoak direla dirulaguntza emateko prozedura ebatzi aurretik egiaztatu beharko dute beren burua onuradun gisa proposatzen dutenek.
Halaber, eskatzaileak adierazi beharko du egiazkoak direla eskabidean eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela laguntza hauek jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak, bereziki Dirulaguntzen araubidea erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13.2 eta 13.3 artikuluetan xedatutakoetan.
Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honen bidez emango diren dirulaguntzak kudeatzeko lanak egitea, eta Kultura Sustatzeko zuzendaria izango da laguntza horien arduraduna.
Eskabidean ikusten bada izapidetzeko dokumentuak falta direla edota dokumentuetan akats formalak daudela, bai eta dokumentazioa baloratzeko aipatutako dokumentuetan akatsak aurkituz gero, hamar eguneko epea emango zaio interesdunari, behar diren dokumentuak aurkez ditzan edo aurkitutako akatsak zuzendu ditzan; horrekin batera, ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskabidean atzera egin duela edo izapide horretarako eskubidea galdu duela ulertuko dela; horren berri ebazpen baten bidez jakinaraziko zaio.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan arabera administrazio publikoekin harremana bitarteko elektronikoz izatera behartuta daudenek, enpresaburu indibidualek eta autonomoek eskabidea aurrez aurre egiten badute, aurkezpen elektronikoaren bitartez zuzendu dezan eskatuko zaie eta ondorio horietarako, zuzenketa hori egin den eguna joko da eskabidearen aurkezpen-datatzat.
Deialdi honetara aurkeztutako eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko, balorazio-batzorde bat eratuko da. Hauek izango dira kideak:
Batzordeburua: Kultura Sustatzeko zuzendaria, eta, bera falta denean, batzordekide zaharrenak ordezkatuko du.
Bokalak: agindu honen gaian adituak diren 3, 4 edo 5 bokal, Kulturako sailburuordeak izendatuak.
Batzordeko idazkari-lanak, hitzarekin baina botorik gabe, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzako teknikari batek egingo ditu, zuzendariak izendatuak.
Era berean, gai zehatzak aztertzeko balorazio-batzordearen bileretan parte har dezakete bertaratuen gehiengoak onartutako eta jorratu beharreko gaiari buruz jantziak diren pertsonek, eta hitza izango dute, baina botorik ez.
Balorazio-batzorderako izendatutako aditu-profesionalek zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute, honako hauek frogatzeko: Sektore Publikoko Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan ezartzen diren abstentziorako kausaren batean ez daudela; isilpekotasuna bermatuko dutela; eskatzaileek aurkeztutako agiriak proiektuak baloratzeko baino ez direla erabiliko, eta hori deialdi honetan ezarritako irizpideekin bat etorriz egin dela; eta, balorazioa egin ondoren, espedienteetako agiri guztiak deialdia kudeatzen duen organoari itzuliko zaizkiola.
Eratuko den balorazio-batzordeak emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izan beharko du 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 3.10 artikuluan ezarritakoaren arabera.
Balorazio-batzordearen behin betiko osaera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den Kulturako sailburuordearen ebazpen baten bidez jakinaraziko da, batzordea eratu aurretik, interesdunek errefusatzeko duten eskubidea erabili ahal izan dezaten, legez ezarritako zehaztapen eta baldintzetan.
Kultura Sustatzeko zuzendariak egin beharko du aurkezten diren eskabideek ezarri diren baldintzak betetzen direla baieztatu, 4. artikuluan ezarritako mugak aintzat hartuz aurrekontua aztertu eta, hala badagokio, guztizko aurrekontu onartua zehaztu ere bai.
Batzordeak, balorazio-irizpideetan oinarrituta eskaerak ebaluatu ondoren, txostena egingo du eta bertan azalduko ditu egindako ebaluazioaren emaitzak, abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21. artikuluan ezarri bezala.
Balorazio-batzordeak behar adina azalpen eskatu ahal izango dizkie eskatzaileei, eskabideak egoki ebaluatzeko beharrezkoa ikusten duenean.
Kultura Sustatzeko zuzendariak, espedientea eta Balorazio Batzordearen txostena ikusita, behin betiko ebazpen-proposamena egingo du.
Balorazio-batzordeak jasotako eskabideak aztertuko ditu, eta jarraian aipatzen diren irizpide eta baremoen arabera ebaluatuko ditu zehazten diren alderdiak.
Lehenengo fasea: gunearen kalitatea eta interes publikoa, eta aurrekontuaren egokitzapena. Gehienez 70 puntu. Baloratuko da:
Sorkuntzako kultura-gunearen eta proiektuen kalitatea. Gehienez 30 puntu emango dira. Hauek hartuko dira kontuan:
1. Sorkuntzarako kultura-gunearen azpiegiturak, baliabide teknikoak, giza baliabideak eta materialak, eta eskaintzen dituen zerbitzuak (0-10 puntu).
2. Bertan ostatatutako sormen-proiektuen kalitatea, interesa eta haien diziplinartekotasuna (0-10 puntu).
3. Ibilbidea eta EAEko kultura-sorkuntzako sareen barnean duen berezitasun maila, beste inork artatzen ez dituen beharrei erantzuteagatik (0-10 puntu).
Gunearen interes publikoa. Gehienez 20 puntu emango da. Hauek hartuko dira kontuan:
1. Kontuan hartuko dira guneak sortzaileentzat sarbiderako, erabilerarako eta parte hartzeko ezarritako baldintzak (deialdi irekia, gonbidapena, e.a.), bai eta onuradunen dibertsitatea eta kopurua. Sarbidea zenbat eta irekiago izan, zenbat eta erabiltzaile kopurua handiagoa eta dibertsitate handiagokoa izan orduan eta hobeto baloratua izango du (0-10 puntu).
2. Inguru hurbilarekiko uztardura. Sorkuntzarako kultura-guneak bere inguru hurbilarekin duen harremana, eskaintzen dituen zerbitzuak, publikoak sortzeko garatzen dituen politikak eta sortzen duen itzulkin soziala (kohesioa, formazioa, jakintzaren transmisioa, parte-hartzea) balioetsiko dira (0-10 puntu).
Aurrekontuaren egokitasuna. Gehienez 20 puntu emango dira. Hauek hartuko dira kontuan:
1. Jarritako enpresa-baliabideak (0-5 puntu).
2. Proiektuak duen kalitate-prezio erlazioaren egokitasuna (0-5 puntu).
3. Bestelako finantzaketa-iturriak erakartzeko gaitasuna (0-10 puntu).
Lehenengo fase honen balorazioan gutxienez 45 puntu lortzen ez dituzten eskabideak deialditik kanpo geratuko dira, eta ez dira bigarren fasean baloratuko.
Bigarren fasea: nazioartekotzeari egindako ekarpena, euskararen erabilera, genero-politikak. Gehienez 30 puntu. Hauek baloratuko da:
Sortzaileak nazioartekotzeko, sareetan eta trukaketa harremanetan integratzeko, nazioarteko proiektuetan parte hartzeko eta nazioarteko adituekiko lankidetzan jarduteko egiten duten ekarpena (0-10 puntu).
Euskararen erabilera. Gehienez 10 puntu emango dira.
1. Guneak bere erabiltzaileei eskaintzen dizkien zerbitzuak (0-5 puntu). Euskaraz eskaintzen diren zerbitzuen ehunekoarekiko proportzionala izango da puntuazioa.
< % 15: 0 puntu; % 15 eta < % 30 artean: puntu 1; % 30 eta < % 45 artean: 2 puntu; % 45 eta < % 60 artean: 3 puntu; % 60 eta < % 80 artean: 4 puntu eta >= % 80:5 puntu.
2. Ostatatutako proiektuetan euskararen erabilera (0-5 puntu). Euskara lan hizkuntza duten proiektuen ehunekoa guztizko kopuruarekiko. Baremo hau aplikatuko da:
< % 15: 0 puntu; % 15 eta < % 30 artean: puntu 1; % 30 eta < % 45 artean: 2 puntu; % 45 eta < % 60 artean: 3 puntu; % 60 eta < % 80 artean: 4 puntu eta >= % 80:5 puntu.
Sortzaileen baitan gizon eta emakumeen arteko genero-desberdintasunei heltzeko berariazko politikak gauzatzea. Gehienez 10 puntu esleituko dira.
1. Gizonezko eta emakumezko sortzaileen artean genero-desberdintasunak ezabatzeko diseinatutako prestakuntza-, mentoring, ahalduntze- eta abarretarako egitasmoak (0-5 puntu).
2. Ostatatutako sormen-proiektuetako genero-paritatea (0-5 puntu).
5 puntu esleituko zaizkie parte-hartzaileek oro har >= 0,6ko sex ratioa duten proiektuei.
3 puntu esleituko zaizkie parte-hartzaileek oro har >=0,4 eta <=0,6 arteko sex ratioa duten proiektuei.
0 puntu emango zaizkie parte-hartzaileek, oro har <=0,4 sex ratioa duten proiektuei.
Aurreko bi faseetan ezarritako baremoaren guztizko puntuaziotik gutxienez 65 puntu lortzen ez duten proiektuak baztertu egingo dira, eta ezingo dira aintzat hartu proposamena egiteko orduan.
Azkenik, 65 puntu edo gehiago lortu duten proiektuak baloratuko dira berrikuntza mailaren arabera, gehienez 20 puntu. Sorkuntzarako gunearen beraren barne-kudeaketako prozesuetarako proposatzen den berrikuntza (gehienez 10 puntu) nahiz guneak denbora-tarte horretan aurreikusitako eduki eta proiektuetarako proposatutako berrikuntza (gehienez 10 puntu) baloratuko da.
Kudeaketako barne-prozesuak. Gehienez 10 puntu.
1. Badute berrikuntza kudeatzeko sistema ziurtatua: UNE 166.002, edo horren fede ematen duen beste edozein kanpo-ziurtagiri. 10 puntu.
2. Ziurtagiririk gabe bada era, froga dezakete berrikuntza sistematizatuta daukatela beren kudeaketan, ikuspegi estrategiko zein operatibotik aztertuta: 7 puntu.
3. Berrikuntza ez sistematizatuta ez ziurtatuta izanagatik ere erakundearen funtsezko faktorea da. (5 puntu). Gutxienez hiru betekizun hauetatik bi bete behar ditu:
Barne-taldea: badira bertan doktoreak edo I+G+b proiektuetan jardundako graduondoak (beste erakunde batzuetan izanagatik ere).
Sarritan hartu du parte (ez tarteka) berrikuntza sustatzeko programa publikoetan, dela europar proiektuetan (Creative Europe), estatu mailakoetan, Eusko Jaurlaritzarenetan (KSI Berritzaile, Hazitek eta abar), dela aldundi zein udalenetan.
Berrikuntza beren jarduera-ardatz duten nazioarteko / Europa mailako sareetan parte hartzea.
4. Azken hiru urteotan unean-unean ekin zaio berrikuntzari, horretarako aukera izan denean. 3 puntu.
5. Ez da berrikuntzarik aurreikusten. 0 puntu.
Aurreikusitako eduki eta proiektuak. 10 puntu. Proiektua berritzailetzat hartzeko honako hiru bloke hauetan guztietan jaso behar dituzte puntuak:
1. Dagoeneko existitzen denaren aldean berritasun edo hobekuntza nabarmena izatea (4 puntu):
Berritasun disruptiboa: proiektua ez da beste inon gauzatu, edo Euskal Autonomia Erkidegoan behintzat zeharo berria izatea (4 puntu).
Berritasun nabarmena: gunean lehenago gauzatu izan diren proiektuen aldean berritasun edo hobekuntza nabarmena dakarren proiektua (2 puntu).
Berritasun ez-esanguratsua: proiektuak ez dakar ez berritasunik, ez hobekuntza esanguratsurik gunean lehenago gauzatu izan direnen aldean (0 puntu). 0 puntu baino gehiago biltzen ez duen eskabideak ez du aukerarik izango hurrengo irizpideak ez zaizkio baloratuko.
2. Dagoeneko ezarrita eta erabilgarri izatea, edo horretarako egitasmoa aurreikusita izatea (2 puntu):
Ezartzeko behar diren baliabideak argi asko definituta eta aurreikusita daude eta bat datoz proiektuaren beharrekin (pertsonak, baliabide teknikoak, finantzaketa, epeak, espero den balio-ekarpena) (2 puntu).
Ezartzeko behar diren baliabideak aurreikusita daude, baina hobeto definitu beharra dago (puntu 1).
Ez da aurreikusi zer baliabide behar diren ezartzeko (0 puntu).
3. Balio ekonomikoa, soziala edo ingurumenarekikoa dakartenak (4 puntu):
Ebidentziaz frogatu daitekeen eragin nabarmena, gutxienez hiru alorretako bitan (4 puntu).
Ebidentziaz frogatu daitekeen eragin nabarmena, hiru alorretako batean (2 puntu).
Ebidentziaz frogatu daitekeen eragin nabarmenik gabea, hiru alorretan (0 puntu).
1.C). puntuko berrikuntza-kontzeptuen balorazioa 1A (1. fasea) eta 1B (2. fasea) puntukoei gehituko zaie.
Eskatzaileak aurkeztutako aurrekontuan 6. artikuluaren arabera diruz lagundu ezin diren gastuak sartzen badira, gastu horiek araztu egingo dira, onartutako aurrekontu osoa zehazteko. Aurrekontu hori izango da dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko oinarria.
Hautatutako proiektu bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko, 4.1 artikuluan adierazitako diru-zuzkidura orokorra banatuko da onuradunek balorazio-irizpideei jarraikiz loturiko puntuazioaren arabera, eta laguntzaren kopurua ez da inoiz izango eskatutakoa baino handiagoa, ez eta 4.2 artikuluan adierazi diren mugak baino handiagoa ere; gainera, diruz lagundutako proiektu-kopuruak eta haiei emandako diru-zenbatekoek beti bete beharko dute 6. artikuluan xedatutakoa. Laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, ondorengo formula erabiliko da:
SP = PO*DO/SUM(POi)
Non,
SP = Proposatutako dirulaguntza.
PO = Lortutako puntuazioa.
DO = Dotazioa (3.1 artikuluan ezarritakoa).
SUM(POi) = Balorazioa gainditu duten eskabideek guztira ateratako puntuak.
Proposatutako dirulaguntzen baturak aurreikusitako zuzkidura osoa agortzen ez badu, soberakina gainerako proiektuen artean banatuko da, proiektu bakoitzerako ezarritako zuzkidura ekonomikoa edo mugak agortu arte. Prozesu hori formula honen bidez zehaztuko da:
SO = SP + PO*DR/SUM(POi)
Non,
SO = Esleitutako dirulaguntza.
SP = Aurreko urratsean proposatutako dirulaguntza.
PO = Ateratako puntuazioa.
DR = Geratzen den zuzkidura (banatzeko geratzen den diru kopurua).
SUM(POi) = Diruz lagundu daitekeen gehienekoa lortu ez duten baina balorazioa gainditu duten proiektuek ateratako puntuazioen batura.
Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzen ebazpena Kulturako sailburuordeak emango du, Kultura Sustatzeko zuzendariaren proposamena ikusita; betiere, ebazpen hori deialdiaren oinarrien gutxieneko edukiaren bada, Dirulaguntzen araubidea erregulatzeko 20/2023 Legearen 9.4.g) artikuluak hala eskatzen baitu.
Ebazpen hori sei hilabeteko epean jakinaraziko zaie banan-banan interesdunei, gehienez, agindu hau indarrean sartzen den egunetik aurrera. Ebazpen jakinarazpena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoaren egoitza elektronikoaren «Nire karpeta» bidez egingo da https://www.euskadi.eus/nirekarpeta Horretaz gain, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. 39/2015 Legearen 41.7 artikuluan ezarritakoaren arabera. Interesdunari hainbat bidetatik jakinarazten zaionean, lehenengo egin den jakinarazpen-data hartuko da jakinarazpen-datatzat.
Paperean egiten diren jakinarazpenetan, 39/2015 Legearen 42.1 artikuluan ezarritakoa bete beharko da. Artikulu honen arabera, paperean egiten diren jakinarazpen guztiak interesdunaren eskura jarri beharko dira jarduten ari den administrazioaren edo organismoaren egoitza elektronikoan, haien edukia bere borondatez eskuratu ahal izan dezan.
Ebazteko epea igarota interesdunari ebazpenik jakinarazi ez bazaio, dagokion eskabidea ezetsi egin dela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren ondorioetarako. Horrek ez du Administrazioa salbuesten, ordea, berariaz ebazteko duen betebeharretik.
Ematen den ebazpenak ez du administrazio-bidea amaitzen. Beraz, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Jaurlaritzako lehengo lehendakariordea eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari hilabeteko epean, jakinarazten den egunaren biharamunetik aurrera, horrela dago-eta xedatuta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan.
Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak eta beste edozein erakunde publikok edo pribatuk emandakoak batera erabil daitezke helburu berbererako, betiere gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Nolanahi ere, proiektu bat berari esleitutako dirulaguntza publiko guztien batura ezin izango da izan diru-sarrera guztien % 80 baino gehiago izan, aurrekontu onartuaren gutxieneko % 20ko autofinantzaketa maila beteko bada. Deialdi honen ondorioetarako, autofinantzaketatzat hartuko da iturri publikoetatik ez datozen diru-sarreren frakzioa, eta, hala badagokio, aurrekontu araztua onartutako guztizko aurrekontutzat, 6. artikuluan oinarrituta. Gainfinantzaketarik badago, edo ezarritako gutxieneko autofinantzaketara ez bada iristen, dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion mugaraino.
Halere, deialdi honetan aurreikusten diren dirulaguntzak ez dira bateragarriak izango Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak emandako dirulaguntzekin: ez proiektu bera egiteko, ez proiektuaren zatiren bat egiteko.
Agindu honetan araututako dirulaguntzak jasotzen dituztenek betebehar hauek izango dituzte:
Emandako dirulaguntza onartzea. Hamabost eguneko epean berariaz uko egiten ez badute, dirulaguntza onartu dutela ulertuko da.
Dirulaguntza eman zaion xede horretarako erabiltzea.
Ogasuna eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari dirulaguntzen fiskalizazio-lanetan behar duten informazio guztia ematea.
Diruz lagundutako proiektua deialdirako aurkeztu den baldintzetan garatzea.
Dirulaguntza ematen duen organoari Estatuko nahiz mundu mailako beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatuek xede bererako ematen dituzten bestelako laguntza edo dirulaguntzak jasotzen diren jakinaraztea.
Onuradunek konpromisoa hartzen dute enpresa-deslokalizariorik ez egiteko 20/2023 Dirulaguntzen araubidea erregulatzeko Legearen 49. artikuluan ezarritakoarekin bat.
Onuradunek konpromisoa hartzen dute diruz lagundutako proiektuen informazio, publizitate, sustapen guztietan eta ondorio horretarako erabiltzen den edozein hedabidetan proiektuak Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntzaz egin direla adierazteko.
Agindu honetan ezartzen diren betebehar eta baldintzak, eta baita Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako diren laguntza eta dirulaguntzak jaso ahal izateko ezartzen direnak ere. Era berean, pertsona eta erakunde onuradunen betebeharrak izango dira Dirulaguntzen araubidea erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan jasotakoak.
Onuradunak gainfinantzaketarik ez izateko konpromisoa hartzen du, 16.a) artikulukoak xedatu bezala.
Dirulaguntzaren onuradun enpresa bat denean, merkataritza-eragiketetan diruz lagundu daitezkeen gastuak aplikatu beharreko araudi sektorialean aurreikusitako ordainketa-epeetan ordaindu beharko dira, edo, bestela, merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako epeetan, abenduaren 21eko, 20/2023 Legearen 30.2 artikuluak xedatutakoez bat.
Hirugarrenen alta elektronikoki izapidetu daiteke (elektronikoki izapidetu beharra duten pertsonak halaxe egin beharko dute), dagokion zerbitzuaren bidez, baita Egoitza elektronikoan ere, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak
Agindu honen kargura emandako dirulaguntzak ondoren zehazten den moduan ordainduko dira.
Lehenengo ordainketa. Dirulaguntzaren % 50 esleipen-ebazpena eman ondoren eta handik hamabost egun balioduneko epea igarota ordainduko da, berariaz uko egiten ez bazaio.
Bigarren ordainketa. Dirulaguntzaren % 30, 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera, betiere 2026ko martxoaren 30a izanik justifikatzeko azken eguna. Proiektua gauzatu izanaren justifikazioa eta 2025eko aurrekontu onartuari dagozkion gastuen justifikazioa honela egingo dira:
2025. urtean diruz lagundutako jarduerari buruzko memoria zehatza, exekuzioa, betetze-maila eta ebaluazioa azaltzen dituena, bereziki kudeaketaren berrikuntzan izandako aurrerapenak aipatuta.
2025. urtean ostatatuan dituzten proiektuen zerrenda, haiek berrikuntzaren, nazioartekotzearen eta gizarte itzulkinaren arloan izandako lorpenak azalduta.
2025. urtean diruz lagundutako proiektuaren aurrekontu exekutatua (gastuak eta diru-sarrerak), deskarga daitekeen ereduari jarraituz.
Diruz lagundutako proiektua gauzatzeak 2025ean sorturiko gastua justifikatzen duten dokumentu guztien zerrenda, deskarga daitekeen ereduari jarraituz.
2025erako onartutako aurrekontua zuritzeko adinako gastua justifikatzen dituzten egiaztagiri eta fakturak, kasu bakoitzeko hirugarren interesdunaren aldeko ordainketaren librantza egin izana egiaztatzen duen dokumentazioarekin batera. Ez da onartuko tiketekin justifikatzea.
Azken ordainketa. Gainerako % 20a dirulaguntza hurrengo artikuluan zehaztutako eran justifikatu ostean.
Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek, 2026ko abenduaren 15a izango dute justifikatzeko azken eguna, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:
Diruz lagundutako proiektuari buruzko txosten zehatza, exekuzioa, betetze-maila eta ebaluazioa azaltzen dituena, bereziki kudeaketaren berrikuntzan izandako aurrerapenak aipatuta.
2025-2026an ostatatuan hartutako proiektuen zerrenda berrikuntzan, nazioartekotzean eta gizarte itzulkinean izandako lorpenak azalduta.
Euskararen eta generoaren arloetan egindako ekintzen zerrenda eta haien balorazioa.
Diruz lagundutako proiektuaren behin betiko aurrekontu-exekutatua (gastuak eta diru-sarrerak), eskabidearekin onartutako aurrekontuarekin bat datorrena eta deskarga daitekeen ereduari jarraituz.
Diruz lagundutako proiektua gauzatu den epealdi osoan sorturiko gastuak justifikatzeko dokumentu guztien zerrenda, deskarga daitekeen ereduari jarraituz.
Onartutako aurrekontu osoari dagozkion gastuak justifikatzen dituzten egiaztagiri eta fakturak. Ez dira tiketak onartuko. Kasu bakoitzeko hirugarren interesdunaren aldeko ordainketaren librantza egin izana egiaztatzen duen dokumentazioarekin batera.
Ezer azpikontratatzen bada, hornitzaileen eskaintzak, eta, ekonomikoki onuragarriena ez den eskaintzaren bat hautatu bada, erabaki hori berariaz justifikatzen duen memoria.
Katalogo, egitarau, iragarpen-kartel, argazki eta gainerako material grafiko edo soinu bidezkoaren hizkuntza bertsio guztietako aleak, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesa espresuki adierazita.
Beste administrazio edo erakunde publiko ezin pribatuek egindako ekarpenen erantzukizunpeko adierazpena, xede eta helburu berarekin, 2025erako eta 2026rako. Onuradunak Kultura eta Hizkuntza Politika Sailarenaz gain beste dirulaguntzarik jaso ez badu ere adierazi egin beharko du.
Hauek izango dira ez-betetzeak:
Jasotako dirulaguntza osoa edo zati bat agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.
Agindu honetan adierazitako betebeharrak ez betetzea.
Dirulaguntzaren likidazioa egiteko ebazpenean adierazitako zenbatekoa epearen barruan ez itzultzea (hala badagokio).
Kasu horietakoren bat gertatzen dela egiaztatuz gero, jasotako zenbatekoak eta dagozkion legezko interesak itzuli beharko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, abenduaren 21eko 20/2023, Dirulaguntzen araubidea erregulatzeko Legearen 36., 40. eta 41. artikuluek xedatutako betez.
Onartutako dirulaguntza benetan garatutako dimentsionamendura egokitzeko eta behin betiko likidazioa egiteko, hasieran aurkeztutako gastu-aurrekontua baino gastu gehiago justifikatzeak ez du eskubiderik emango hasieran aitortutako dirulaguntzan gehikuntzarik izateko.
Dirulaguntza justifikatzeko bidalitako dokumentazioa aztertu ondoren, eta behar bezala justifikatuta dagoela ulertuta, ordaintzeke dagoen zenbatekoa ordainduko da.
Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, eta helburua betetzat jotzen bada, eta benetako kostuak aurrekontuan jasotakoa baino txikiagoak badira edo beste erakunde publiko edo pribatu batek beste dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrera konkurrente bat eman badio ezarritako mugak gaindituz, dirulaguntzak emateko ebazpena aldatu ahal izango da, Dirulaguntzen araubidea erregulatzeko 20/2023 Legearen 9.4., 16.4 eta 25. artikuluan aurreikusitako kasuetan.
Nolanahi ere, deialdian eskatzen den autofinantzaketaren gutxieneko ehunekoa errespetatu beharko da, hau da, % 20.
Jarduera partzialki betetzea onartu ahal izango da, baldin eta argi eta garbi egiaztatzen bada diruz lagundutako jardueraren helburuak eta konpromisoak betetzeko eta jardueraren betetze-maila, gutxienez, eskabidean aurkeztutako jarduera osoari dagokion aurrekontuaren % 85era iristen dela. Kasu horretan, emakida-ebazpena aldatu egingo da, eta azkenean emandako zenbatekoa benetan justifikatutako zenbatekoaren proportzioan murriztuko da aurrekontu osoarekiko. Horretarako, Kulturako sailburuordeak likidazio-ebazpena emango du, non esleitutako laguntzen zenbatekoak birdoituko baitira. Laguntzaren justifikazioa ez bada iristen laguntza emateko kontuan hartutako aurrekontuaren % 85era, ez-betetzetzat joko da, eta dirulaguntza osorik itzuli beharko da.
Dirulaguntza emateko ebazpena aldatu egingo da, halaber, dirulaguntza erabat deuseztatu behar denean eta agindu honen 20. eta 21. artikuluetan aurreikusitako kasuetan eta abenduaren 21eko 20/2023 Legea, Dirulaguntzen araubidea erregulatzeko 25. artikuluak xedatutakoa betez.
Kultura Sailburuordetzako titularrak emango du emandako dirulaguntzaren zenbatekoak aldatu edo doitzeko likidazio-ebazpena, zuriketa aurkezteko epea amaitu eta bi hilabeteko epean.
Jasotako guztia edo zati bat Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar bazaio, likidazio-ebazpenean bi hilabeteko epea emango da, hura jasotzen denetik zenbatzen hasita, dagokion itzulketa egiteko, betiere abenduaren 21eko 20/2023, Dirulaguntzen araubidea erregulatzeko Legearekin bat, onuradunari itzulketa-prozedura hasi dela eta zergatik hasi den jakinarazi ondoren; 15 eguneko epea emango zaio egokitzat jotzen dituen alegazioak aurkez ditzan, baldin eta itzulketa justifikazio-betebeharra ez betetzeagatik egin bada.
Arduraduna: Kultura Sustatzeko Zuzendaritza, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila.
Helburua: Kultura eta Sormen sektoreko dirulaguntzak kudeatzea.
Lege-oinarria: interes publikoaren mesedetan zein tratamenduaren arduradunari esleitutako ahal publikoak gauzatzean egindako zeregina betetzeko beharrezkoa suertatzen den tratamendua da (Dirulaguntzen araubidea erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea).
Jasotzaileak: Gaiaren gaineko eskumena duten Administrazioei jakinarazi ahal izango zaizkie datu pertsonalak.
Eskubideak: datuak ikusteko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea dago; bai eta haien tratamendua mugatzeko nahiz haren aurka egiteko ere, informazio gehigarrian adierazten den moduan.
Informazio gehigarria webgune honetan: www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/024300-capa2-eu.shtml
Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzen duen Ogasun eta Finantzetako sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan jasotako ondorioetarako, agindu honetako laguntzen ebazpena emateko baldintza izango da Euskal Autonomia Erkidegoaren 2025. urteko aurrekontu orokorretan kreditu egokia eta nahikoa egotea.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek administrazio-bideari amaiera ematen dio, eta, haren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko azaroaren 19a.
Jaurlaritzako Lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
IBONE BENGOETXEA OTAOLEA.