Ogasun eta Finantza Saila

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2023ko urriaren 24koa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez aldatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoan hondakin sanitarioak kudeatzeari buruzko martxoaren 3ko 21/2015 Dekretuaren I. eranskina: «Gaixotasun infekziosoren bat duten pazienteekin kontaktuan egoteagatik sortutako hondakin infekziosoen zerrenda (II A Multzoa)».

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Osasun Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 218
  • Hurrenkera-zk.: 5132
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2023/10/24
  • Argitaratze-data: 2023/11/15

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua; Osasun eta kontsumoa
  • Azpigaia: Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Euskal Autonomia Erkidegoan hondakin sanitarioak kudeatzeari buruzko martxoaren 3ko 21/2015 Dekretuaren bidez hondakin horien ekoizpena eta kudeaketa arautzen dira, osasun publikoa eta ingurumena babesteko. Dekretuaren I. eranskinak gaixotasun infekziosoren bat duten pazienteekin kontaktuan egoteagatik sortutako hondakin infekziosoen zerrenda (II A Multzoa) jasotzen du.

Osasun eta Trantsizio Ekologikorako Ministerioek agindu hau eman zuten: SND/271/2020 Agindua, 2020ko martxoaren 19koa, zeinaren bidez hondakinak kudeatzeari buruzko jarraibideak ezartzen baitira COVID-19ak eragindako osasun-krisialdiak irauten duen bitartean. Agindu horretan hauxe zehazten zen:

  1. Honela kudeatuko dira COVID-19arekin kontaktuan egondako ospitaleetako, anbulantzietako, osasun zentroetako, laborategietako edo antzeko establezimenduetako hondakinak, eta instalazioak desinfektatzetik sortutakoak:

    COVID-19arekin kontaktuan egondako hondakinak, hala nola eskularruak, maskarak, mantalak eta abar, hondakin infekziosotzat hartuko dira, eta halaxe kudeatuko dira, hondakin sanitarioei buruzko araudi autonomikoan haiei buruz xedatutakoaren arabera.

SND/271/2020 Agindua alarma-egoerari lotuta dago, eta ezin da une honetan aplikatu, indargabetu egin zelako COVID-19aren pandemiari lotutako alarma-egoera amaitu zenean.

Bestetik, 2020ko uztailaren 7an 646/2020 Errege Dekretua argitaratu zen, zeinak hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen baitu; errege dekretu horrek indarrean jarraitzen du. Bigarren xedapen gehigarrian, COVID-19arekin lotutako hondakinen kudeaketa jasotzen du errege dekretu horrek:

Bigarren xedapen gehigarria. COVID-19arekin lotutako hondakinen kudeaketa.

  1. COVID-19arekin kontaktuan egondako ospitaleetako, anbulantzietako, osasun-zentroetako, laborategietako edo antzeko establezimenduetako hondakin sanitarioak eta instalazioak desinfektatzetik sortutakoak hondakin infekziosotzat hartuko dira, eta halaxe kudeatuko, hondakin sanitarioei buruzko araudi autonomikoan haientzat xedatutakoaren arabera. Autonomia-erkidegoetako hondakinen arloko agintari eskudunek hondakinak biltegiratzeko nabeak edo lurrak baimendu ahal izango dituzte. Horretarako, agintari eskudunek ezartzen dituzten gutxienekoak bete beharko dira edo hondakin horiek errausketa-instalazio baimenduetara bideratu.

646/2020 Errege Dekretuan xedatutakoari jarraituz, COVID-19arekin kontaktuan egondako ospitaleetako, anbulantzietako, osasun-zentroetako, laborategietako edo antzeko establezimenduetako hondakin sanitarioak eta instalazioak desinfektatzetik sortutakoak hondakin infekziosotzat hartu ziren baita EAEn ere, eta halaxe kudeatzen hasi.

Gaur egungo egoeran, Osasun Ministerioko Osasun Publikoko Zuzendaritza Nagusiak 2022ko irailean interpretazio-ohar bat argitaratu zuen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuaren bigarren xedapen gehigarriaren 2. apartatuari buruz COVID-19arekin lotutako hondakinen kudeaketa (646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duena), eta erabaki zuen HP9 kategoriaren definizioarekin bat etorriz interpretatu beharko litzatekeela uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuaren bigarren xedapen gehigarriaren 2. apartatuan jasotako «COVID-19arekin kontaktuan dauden hondakin sanitarioak» erreferentzia, kasu honetan:

Hondakinak arnasa jariakinekin kutsatuta daudela eta horietatik aireko transmisioa izateko aukera dagoela jakiten denean edo horretarako arrazoiak daudenean.

Horrek esan nahi du hondakin infekzioso gisa kudeatu beharko liratekeela soilik ospitaleetako, anbulantzietako, osasun-zentroetako, laborategietako edo antzeko establezimenduetako hondakinak, bai eta instalazioak desinfektatzetik eratorritakoak ere, hondakinak arnasa jariakinez kutsatu direla eta horietatik aireko transmisioa egon daitekeela jakiten bada edo horretarako arrazoi sendoak badaude. Horretarako, eta hondakin horiek behar bezala kudeatzeko, 21/2015 Dekretuaren I. eranskina aldatu beharra dago, eta eranskin horretan COVID-19a gaixotasun infekzioso gisa sartu, eta hondakin gisa jo beharra «arnasa jariakinez kutsatutako hondakin oro eta hondakin horietatik aire-transmisiorako aukera duten oro».

Hori guztia kontuan hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoan hondakin sanitarioak kudeatzeari buruzko martxoaren 3ko 21/2015 Dekretuaren xedapen gehigarrian ezarritako gaikuntzaren arabera, hauxe adierazten da: «dekretu honen I. eranskinean jasotako gaixotasunen zerrenda Osasun sailburuaren agindu bidez alda daiteke, egoera epidemiologikoak hala eskatzen duenean».

Aldatzea Euskal Autonomia Erkidegoan hondakin sanitarioak kudeatzeari buruzko martxoaren 3ko 21/2015 Dekretuaren I. eranskina. Honela geratzen da idatzita:

(Ikus .PDF)

Eranskin honetako gaixotasun zoonotikoei dagokienez, zabaldu egin beharko da animalien hondakin sanitario infekziosoen zerrenda, infekzioa eragin dezakeen hondakin oro har dadin kontuan.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko urriaren 24a.

Osasuneko sailburua,

MIREN GOTZONE SAGARDUI GOIKOETXEA.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.