Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2023ko martxoaren 2koa, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuarena, Debagoieneko Lurralde Plan Partziala Berrikusteko prozedura hasten duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 74
  • Hurrenkera-zk.: 1876
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2023/03/02
  • Argitaratze-data: 2023/04/19

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita

Testu legala

Debagoieneko eremu funtzionala EAEko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroek (aurrerantzean, LAG) definitzen dute, eta Gipuzkoako udalerri hauek hartzen ditu: Antzuola, Aretxabaleta, Arrasate, Bergara, Elgeta, Eskoriatza, Leintz-Gatzaga eta Oñati, baita Arabako Aramaio ere.

Apirilaren 12ko 86/2005 Dekretuaren bidez, Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak Debagoieneko Eremu Funtzionalaren Lurralde Plan Partziala (aurrerantzean, LPP) onartu zuen. Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legean xedatutakoaren arabera, otsailaren 11ko 28/1997 Dekretuaren bidez onartutako LAGak garatuz eta aplikatuz, 2005ean onartutako Debagoieneko LPPa da Debagoieneko eremu funtzionalaren egitura ezarri duen lurralde-antolamenduko tresna, eta horri jarraitu behar izan diote hala hirigintza-planek nola eremu funtzionalean lurralde-eragina izan duten lurralde-plan sektorialek eta jarduketek.

Bestalde, uztailaren 30eko 128/2019 Dekretuaren bidez behin betiko onartu ziren Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak, 1997ko gidalerroak berrikusita. Dekretu horren lehen xedapen iragankorrak honako hau ezartzen du: «Egun indarrean dauden lurralde-plan partzialak eta lurralde-plan sektorialak Dekretu honetan xedatutakora moldatuko dira indarrean sartu eta hurrengo zortzi urteetako epean.» Egokitzapen horrek esan nahi du eremu funtzionaleko lurralde-plangintzan sartu behar direla LAGek ezartzen dituzten gai guztiak, batzuk berritzaileak: hiri-hazkundearen perimetroa; azpiegitura berdea; edo zeharkako gaiak, hala nola klima-aldaketa, osasuna edo genero-ikuspegia.

LPParen Antolamendu Arauen 3. artikuluaren 3. puntuan aurreikusitakoaren arabera, LPParen jarraipen-memoriak idatzi dira; lehena 2013an, eta, 2019an Lurralde Antolamenduaren Gidalerro berriak onartu ondoren, 2021ean, Lurralde Plangintzaren eta Hirigintzaren Zuzendaritzak (gaur egungo Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren Zuzendaritza) Debagoieneko eremu funtzionaleko LPParen jarraipen-memoria bat egin zuen, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordearen urtarrilaren 29ko 1/2021 saioan aztertu zena.

Era berean, 2019an onartutako LAGetan adierazitakoaren ildotik, Debagoieneko LPParen berrikuspena ahalik eta partaidetza-prozesu zabalenaren esparruan egitea eskatzen da, une bakoitzean hori egiteko modua ahalbidetzen duten inguruabarrak kontuan hartuta.

Lurralde-antolamenduko planak eta hirigintza-antolamenduko tresnak onartzeko prozedurak arautzen dituen martxoaren 24ko 46/2020 Dekretuaren 3. artikuluan adierazten denez, lurralde-antolamenduko edo hirigintza-antolamendu estrukturaleko edozein figura formulatzen, berrikusten edo aldatzen hasteko erabakiarekin edo ebazpenarekin batera, parte hartzeko programa bat aurkeztu beharko da. Programa horretan, herritarrek eta elkarteek parte hartzeko duten eskubidea ahalbidetzeko behar adina helburu, estrategia eta mekanismo ezarriko dira. Herritarrek parte hartzeko programa hori laburbilduta argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian edo dagokion lurralde historikoko aldizkarian, administrazio publiko sustatzailearen arabera, eta informazioaren teknologia berrien bidez zabalduko da. Programa horretan, parte hartzeko gida bat eta jendaurreko azalpen-saioen aurreikuspena jasoko da, baita dibulgazio-materiala ere (prestatu egin beharko da).

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 133.1 artikuluan xedatutakoa betez, xedapen hau egin aurretik kontsulta publikoko izapidea egin da (artikulu horrek arautzen du herritarrek parte hartu behar dutela lege-mailako arauak eta erregelamenduak egiteko prozeduran).

Debagoieneko Lurralde Plan Partzialaren funtsezko izapidetze-prozesua Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 13. artikuluaren eta lurralde-antolamenduko planak eta hirigintza-antolamenduko tresnak onartzeko prozedurak arautzen dituen martxoaren 24ko 46/2020 Dekretuaren 13.1 eta 3.1 artikuluen arabera egin beharko da.

Horregatik guztiagatik, aipatutako aurrekariak ikusita, eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 13. artikuluan jasotako eskumena erabiliz, honako hau

Lehenengoa. Hasiera ematea apirilaren 12ko 87/2005 Dekretuaren bidez onartutako Debagoieneko Lurralde Plan Partziala berrikusteko prozedurari, Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 13. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

Bigarrena. Agindu honen eranskin gisa eranstea Debagoieneko LPParen Berrikuspenean Herritarrek Parte Hartzeko Programaren laburpena (Programa hori Lurralde-antolamenduko planak eta hirigintza-antolamenduko tresnak onartzeko prozedurak arautzen dituen martxoaren 24ko 46/2020 Dekretuaren 3. artikuluan aipatzen da).

Hirugarrena. Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako foru-aldundietatik, eremu funtzionala osatzen duten udalerri guztietatik eta Estatuko Administraziotik Plana idazteko beharrezkotzat jotzen duten informazio guztia jasotzea, Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 13. artikuluaren 2. apartatuan eta lurralde-antolamenduko planak eta hirigintza-antolamenduko tresnak onartzeko prozedurak arautzen dituen martxoaren 24ko 46/2020 Dekretuaren 13. artikuluaren 2. apartatuan adierazitakoarekin bat etorriz. Informazio hori bi hilabeteko epean emango da.

Laugarrena. Eusko Jaurlaritzako sailetatik Plana idazteko beharrezkotzat jotzen duten informazio orokorra jasotzea, baita eragindako eremuari buruzko aurreikuspen eta programei buruzko informazio espezifikoa ere. Informazio hori gehienez ere bi hilabeteko epean emango da.

Bosgarrena. Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Lurralde Historikoan zabalkunde handiena duten bi egunkaritan argitaratzeko agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko martxoaren 2a.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.

  1. Ikuspegi orokorra.

  1. Lurralde-eskalan parte hartzearen garrantzia.

    Lurralde-plangintza eta -kudeaketa partekatu eta efizienteak posible dira inplikatutako eragile guztiek erakutsitako inplikazio-maila kontuan hartuta; izan ere, eragile horiek, maila desberdinetan jardunez, erabakigarriak dira lurraldearen garapen jasangarrirako. Hainbat arrazoik justifikatzen dute herritarrek plangintza egiten parte hartzeko beharra eta aukera. Arrazoirik garrantzitsuena da politika publikoko gai guztietan eta, horien artean, plangintzan, zalantzarik gabe, ahots propioa adierazteko eskubidea. Izan ere, eskubide hori pertsona guztiek partekatzen dute gobernu-sistema demokratikoetan.

    Gainera, onura ugari daude, plangintzaren bideragarritasunari eta kalitateari zuzenean eragiten diotenak:

    Lurralde bateko biztanle guztiak informazio-iturri ordezkaezina dira, zuzeneko esperientzia eskaintzen baitute.

    Plangintza egiteko prozesu osoan parte hartzeak murriztu egiten du planak onartu ondoren gatazkak izateko probabilitatea.

    Herritarren parte-hartzeak, halaber, komunitate- eta kidetasun-sentimendua indartzen du plangintzari dagokionez.

    Herritarren parte-hartzea garrantzitsua da hirigintza- eta lurralde-esparrua indartzeko; izan ere, beren lurraldeko erabakien inguruan informatuta eta konprometituta dauden herritarrak dira legeria eta plangintzaren zehaztapenak behar bezala aplikatzen direla bermatzen duen bermerik onena.

    Parte hartzeko programak barne hartuko du Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak (LAG) onartu zirenetik tratamendu espezifikoa eta arreta berezia merezi duten zeharkako gaien azterketa: genero ikuspegia, ingurune osasungarriak, euskararen erabilera eta presentzia, klima-aldaketa, osasuna, irisgarritasun unibertsala eta lurraldeen arteko harremana, besteak beste.

  2. Helburu orokorrak.

    Herritarrei etorkizun hobea elkarrekin irudikatzeko aukera ematea.

    Partaidetza inklusiboa, bereizia eta hezitzailea sustatzea: herritartasun-kultura bat sortzea.

    Erabakiak hartzeko eta parte hartzeko guneetan tradizioz ordezkatuta egon ez diren profilei ahotsa ematea.

    Sortutako ideien kapitala aprobetxatzea.

  3. Parte-hartze Planaren helburua.

    Komunikatzea: Audientzia desberdinen interesa erakartzea, ikusgaitasuna eta eztabaida sortzea.

    Aktibatzea: alderdi parte-hartzailea abiaraztea, mugimendua helburu komun baterantz aktibatuz.

    Esperimentatzea: Parte hartzeko metodologiak eta formatuak.

    Biltzea eta dokumentatzea: jardueretatik sortzen diren ideiak.

  4. Balioak.

    Inklusibitatea: Parte-hartze ekitatiboa bermatzea, desberdintasuna errespetatuz eta baloratuz.

    Gardentasuna: Prozesua eta informazioa eskuragarriak, egiazkoak eta ulergarriak izango dira herritarrentzat.

    Lankidetza: ideia, balio eta proiektu partekatu berriak eraikitzeko asmoz.

    Berrikuntza: Banakako eta taldeko eragina duten ideia berriei balioa emanez.

  1. Metodologia.

  1. Lurralde-diagnostikoan eta -proposamenean parte hartzen jarraitzea (aurretiazko azterlanak eta LAG).

    LPParen Berrikuspenean parte hartzeko prozesurako, LAGak eta diagnostikoa elikatzen duten aurretiazko azterlanak idazteko prozesuetan irekitako kontaktu eta kanalekin jardungo du, eta horietan oinarrituko da. Era berean, LPPa egiteko aurrekarien artean, parte hartzeko gomendioak daude, bost helburuko metodologia bat azaltzen dutenak LAGen berrikuspenean garatutako parte-hartze prozesuaren nomenklaturari jarraikiz:

    Zabalkundea edo ikusgarritasuna.

    Herritarrak edo pedagogia.

    Parte-hartzea edo hitzarmena.

    Gobernantza edo erantzukidetasuna.

    Dokumentazioa edo erregistroa.

  2. Parte hartzeko mekanismoak.

    1. Ekintza-motaren arabera:

    Tailer digitalen edo presentzialen bidez parte hartzea (saio irekiak): tailer digitalak edo presentzialak publiko guztiei irekitako tresna gisa ulertzen dira, eta gizarte-talde bakoitzak ekarpenak planteatuko ditu bertan. Gizarteko ia sektore guztiek bereganatutako tresna eta ohitura digital berriak baliatuko dira.

    Parte-hartzea jarraipen digitalarekin: Dibulgazio-materiala diseinatuko da edukiak eta ondorioak zabaltzeko, eta Partaidetzarako Gida bat egingo da; guztia hiztegi ez-tekniko batera egongo da egokituta. Material horiek webgunearen eta sare sozialen bidez zabalduko dira.

    2. Partaidetza-rolaren araberako mekanismoak:

    Adituen parte-hartzea: Bereziki, profil tekniko eta profesionalentzat, bai administraziokoentzat, bai bestelako entitateentzat, baina herritar guztiei irekia.

    Elkarrizketa erdi-egituratuak eragile estrategikoekin.

    Gaikako eztabaida-mahaiak (online edo aurrez aurrekoak).

    Herritarren parte-hartzea: herritar guztiei irekia, baina bereziki tokiko antolakundeei, zientziarekin, ezagutzarekin eta/edo jarduera ekonomikoekin lotutako antolakuneei zuzenduta egongo da.

    Online inkesta.

    Online edo aurrez aurreko tailerrak eta ekitaldiak

  3. Euskarazko parte-hartzea erraztea.

    Parte-hartzea euskaraz eta/edo gaztelaniaz egin ahal izateko erraztasunak planteatzen dira. Beraz, arreta berezia jarriko da pertsona bakoitzak parte hartzeko bietako edozein hizkuntza hautatzeko aukera izan dezan. Horretarako, komunikazioak eta parte hartzeko dinamikak bi hizkuntzetan diseinatuko dira.

  1. Prozesuaren egitura.

    1. fasea: Diagnostikoa.

    1. Problematika, behar eta aukerei buruzko online inkesta.

    2. Web-orria eta iradokizunen postontzi elektronikoa abian jartzea: lurraldea@euskadi.eus.

    2. fasea: Aurrerapena idaztea.

    1. Problematika, behar eta aukerei buruzko online inkesta.

    2. Herritarrei irekitako inkesta orokorra.

    3. Eztabaida-taldeak: aurrez aurreko edo online tailerrak, eta nabarmendutako profil tekniko, sozial eta ingurumenekoak.

    Generoaren ikuspegitik aztertuta.

    Irisgarritasun unibertsalaren ikuspegitik aztertuta.

    Osasunaren ikuspegitik aztertuta.

    Klima-aldaketaren ikuspegitik aztertuta.

    3. fasea: Aurrerapena jendaurrean jartzea.

    Planaren Aurrerapenaren edukiari buruzko aurrez aurreko azalpen-hitzaldiak.

    4. fasea: Hasierako onespenaren agiria idaztea.

    Kontraste teknikoko taldeak, eragile publiko pribatu, sozial eta ingurumenekoetako teknikariek osatuak.

    5. fasea: Hasierako onespenaren agiria jendaurrean jartzea.

    Informazio-erakusketak, panelekin eta dibulgazio-materialarekin, gutxienez 10 egun baliodunetan jendaurrean jarriak.

    Azalpen hitzaldiak erakusketa horiek instalatu diren herrietan.

    6. fasea: Itzulketa-saioa.

    Online hitzaldia, behin betiko onespen-dokumentuaren edukia azaltzeko.