Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2023ko martxoaren 2koa, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuarena, Debabarreneko Lurralde-plan Partziala berrikusteko prozedura hasten duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 74
  • Hurrenkera-zk.: 1875
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2023/03/02
  • Argitaratze-data: 2023/04/19

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita

Testu legala

Debabarreneko eremu funtzionala EAEko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroek (aurrerantzean, LAG) definitzen dute, eta Gipuzkoako udalerri hauek hartzen ditu: Deba, Eibar, Elgoibar, Ermua, Mallabia, Mendaro, Mutriku eta Soraluze-Placencia de las Armas.

Apirilaren 12ko 86/2005 Dekretuaren bidez, Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak Debabarreneko Eremu Funtzionalaren Lurralde-plan Partziala (aurrerantzean, LPP) onartu zuen. Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legean xedatutakoaren arabera, otsailaren 11ko 28/1997 Dekretuaren bidez onartutako LAGak garatuta eta aplikatuta, Debabarreneko eremu funtzionalaren egitura ezarri duen lurralde-antolamenduko tresna da Debabarreneko LPPa (2005ean onartua); hala, haren edukia bete behar izan dute hirigintza-planek, lurralde-plan sektorialek eta eremu funtzionalean lurralde-eragina duten jarduketek.

Bestalde, uztailaren 30eko 128/2019 Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak behin betiko onartu ziren, 1997ko gidalerroak berrikusita. Dekretu horren lehen xedapen iragankorrak honako hau ezartzen du: «Egun indarrean dauden lurralde-plan partzialak eta lurralde-plan sektorialak Dekretu honetan xedatutakora moldatuko dira indarrean sartu eta hurrengo zortzi urteetako epean». Egokitzapen horrek esan nahi du eremu funtzionaleko lurralde-plangintzan sartu behar direla LAGek ezartzen dituzten gai guztiak, batzuk berritzaileak, hala nola hiri-hazkundearen perimetroa, azpiegitura berdea eta zeharkako gaien txertaketa gai horien artean dira, besteak beste, klima-aldaketa, osasuna edo genero-ikuspegia.

LPParen Antolamendu Arauen 3. artikuluaren 3. puntuan aurreikusitakoaren arabera, LPParen jarraipen-memoriak idatzi dira: lehena 2013an idatzi zen, eta, 2020an, berriz, 2019an Lurralde Antolamenduaren Gidalerro berriak onartu ondoren, Lurralde Plangintzaren eta Hirigintzaren Zuzendaritzak (gaur egungo Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren Zuzendaritza) Debabarreneko eremu funtzionaleko LPParen jarraipen-memoria bat egin zuen, zeina Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordearen abenduaren 16ko 3/2020 bilkuran aztertu baitzen.

Era berean, 2019an onartutako LAGetan adierazitakoaren ildotik, eskatzen da ezen Debabarreneko LPParen berrikuspena egiteko orduan parte hartzeko ahalik eta prozesu zabalena irekitzea, kontuan hartuta unean-unean zer inguruabar dauden prozesu hori gauzatzeko.

Lurralde-antolamenduko planak eta hirigintza-antolamenduko tresnak onartzeko prozedurak arautzen dituen martxoaren 24ko 46/2020 Dekretuaren 3. artikuluan adierazten denez, lurralde-antolamenduko edo hirigintza-antolamendu estrukturaleko edozein figura formulatzen, berrikusten edo aldatzen hasteko erabakiarekin edo ebazpenarekin batera, parte hartzeko programa bat aurkeztu beharko da. Programa horretan, behar adina helburu, estrategia eta mekanismo ezarriko dira, herritarrek eta elkarteek parte hartzeko eskubidea izan dezaten. Herritarrek parte hartzeko programa hori laburbilduta argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian edo dagokion lurralde historikoko aldizkarian, administrazio publiko sustatzailearen arabera; informazioaren teknologia berrien bidez zabalduko da, eta, gutxienez, parte hartzeko gida bat, jendaurreko azalpen-saioen aurreikuspena eta prestatu beharko den dibulgazio-materiala izango ditu.

Xedapen hau egin aurretik kontsulta publikoko izapidea bete da, bat etorrita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 133.1 artikuluan xedatutakoarekin, hartan arautzen baita herritarrek lege-mailako arauak eta erregelamenduak egiteko prozeduran duten parte-hartzea.

Debabarreneko Lurralde-plan Partzialaren funtsezko izapidetze-prozesua egiteko, berariaz bete beharko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 13. artikulua eta Lurralde-antolamenduko planak eta hirigintza-antolamenduko tresnak onartzeko prozedurak arautzen dituen martxoaren 24ko 46/2020 Dekretuaren 13.1 eta 3.1 artikuluak.

Horregatik guztiagatik, aipatutako aurrekariak ikusita, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 13. artikuluan jasotako eskumena erabiliz, honako hau

Lehenengoa. Apirilaren 12ko 86/2005 Dekretuaren bidez onartutako Debabarreneko Lurralde-plan Partziala berrikusteko prozedurari hasiera ematea, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 13. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

Bigarrena. Agindu honen eranskin gisa gehitzea Debabarreneko LPParen Berrikuspenari dagokion Herritarren Parte-hartze Programaren laburpena, Lurralde-antolamenduko planak eta hirigintza-antolamenduko tresnak onartzeko prozedurak arautzen dituen martxoaren 24ko 46/2020 Dekretuaren 3. artikuluan aipatzen dena.

Hirugarrena. Gipuzkoako eta Bizkaiko foru-aldundietatik, eremu funtzionala osatzen duten udalerri guztietatik eta Estatuko Administraziotik Plana idazteko beharrezkotzat jotzen duten informazio guztia jasotzea, bat etorrita Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 13. artikuluaren 2. apartatuan eta Lurralde-antolamenduko planak eta hirigintza-antolamenduko tresnak onartzeko prozedurak arautzen dituen martxoaren 24ko 46/2020 Dekretuaren 13. artikuluaren 2. apartatuan adierazitakoarekin.

Laugarrena. Eusko Jaurlaritzako sailetatik Plana idazteko beharrezkotzat jotzen duten informazio orokorra jasotzea, baita eragindako eremuari buruzko aurreikuspen eta programei buruzko informazio espezifikoa ere. Informazio hori gehienez ere bi hilabeteko epean emango da.

Bosgarrena. Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Lurralde Historikoan zabalkunde handiena duten egunkarietako bitan argitaratzeko agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko martxoaren 2a.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.

  1. Ikuspegi orokorra.

  1. Lurralde-eskalan parte hartzearen garrantzia.

    Lurralde-plangintza eta -kudeaketa partekatu eta efizienteak posible dira inplikatutako eragile guztiek erakutsitako inplikazio-maila kontuan hartuta; izan ere, eragile horiek, maila desberdinetan jardunez, erabakigarriak dira lurraldearen garapen jasangarrirako. Hainbat arrazoik justifikatzen dute herritarrek plangintza egiten parte hartzeko beharra eta aukera. Arrazoirik garrantzitsuena da politika publikoko gai guztietan eta, horien artean, plangintzan, zalantzarik gabe, ahots propioa adierazteko eskubidea. Izan ere, eskubide hori pertsona guztiek partekatzen dute gobernu-sistema demokratikoetan.

    Gainera, onura ugari daude plangintzaren bideragarritasunari eta kalitateari zuzenean eragiten diotenak:

    Lurralde bateko biztanle guztiak informazio-iturri ordezkaezina dira, zuzeneko esperientziaren ondorioz.

    Plangintza egiteko prozesu osoan parte hartzeak murriztu egiten du planak onartu ondoren gatazkak izateko probabilitatea.

    Herritarren parte-hartzeak, halaber, plangintzarekiko komunitate- eta kidetasun-sentimendua indartzen du.

    Herritarren parte-hartzea garrantzitsua da hirigintza- eta lurralde-esparrua indartzeko; izan ere, beren lurraldeko erabakien inguruan informatuta eta konprometituta dauden herritarrak dira legeria eta plangintzaren zehaztapenak behar bezala aplikatzen direla bermatzeko modurik onena.

    Parte hartzeko programaren barruan jasoko da Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak (LAG) onartu zirenetik tratamendu espezifikoa eta arreta berezia merezi duten zeharkako gaien azterketa, hala nola genero-ikuspegia, ingurune osasungarriak, euskararen erabilera eta presentzia, klima-aldaketa, osasuna, irisgarritasun unibertsala eta lurraldeen arteko harremana, besteak beste.

  2. Helburu orokorrak.

    Herritarrei etorkizun hobea elkarrekin irudikatzeko aukeraren berri ematea.

    Parte-hartze inklusiboa, bereizia eta hezitzailea sustatzea: herritartasun-kultura bat sortzea.

    Erabakiak hartzeko eta parte hartzeko guneetan tradizioz ordezkatuta egon ez diren profilei ahotsa ematea.

    Sortutako ideien kapitala aprobetxatzea.

  3. Parte hartzeko Planaren helburua.

    Komunikatzea: Audientzia desberdinen interesa erakartzea, ikusgaitasuna eta eztabaida sortzea.

    Aktibatzea: Alderdi parte-hartzailea abiaraztea, mugimendua helburu komun baterantz aktibatuz.

    Esperimentatzea: Parte hartzeko metodologiak eta formatuak.

    Biltzea eta dokumentatzea: Jardueretatik sortzen diren ideiak.

  4. Balioak.

    Inklusibitatea: Parte-hartze ekitatiboa bermatzea, desberdintasuna errespetatuz eta baloratuz.

    Gardentasuna: Prozesua eta informazioa eskuragarriak, egiazkoak eta ulergarriak izango dira herritarrentzat.

    Lankidetza: Ideia, balio eta proiektu partekatu berriak eraikitzeko asmoz.

    Berrikuntza: Banakako eta taldeko eragina duten ideia berriei balioa emanez.

  1. Metodologia.

  1. Lurralde-diagnostikoan eta -proposamenean parte hartzen jarraitzea (aurretiazko azterlanak eta LAGak).

    LPParen Berrikuspenean parte hartzeko prozesua LAGak eta diagnostikoa elikatzen duten aurretiazko azterlanak idazteko prozesuetan irekitako kontaktuetan eta kanaletan oinarrituko da eta horiei helduko zaie. Era berean, LPPa egiteko aurrekarien artean, parte hartzeko gomendioak daude. Gomendio horiek bost helburuko metodologia bat azaltzen dute, LAGen berrikuspenean garatutako parte-hartzeko prozesuaren nomenklaturari jarraikiz:

    Zabalkundea edo ikusgarritasuna.

    Herritarrak edo pedagogia.

    Parte-hartzea edo hitzarmena.

    Gobernantza edo erantzunkidetasuna.

    Dokumentazioa edo erregistroa.

  2. Parte hartzeko mekanismoak.

    1. Ekintza motaren arabera:

    Tailer digitalen edo presentzialen bidez parte hartzea (saio irekiak): tailer digitalak edo presentzialak publiko guztiei irekitako tresna gisa ulertzen dira, eta gizarte talde bakoitzak ekarpenak planteatuko ditu bertan. Gizarteko ia sektore guztiek berenganatutako tresna eta ohitura digital berriak baliatuko dira.

    Parte-hartzea jarraipen digitalarekin: Dibulgazio-materiala diseinatuko da edukiak eta ondorioak zabaltzeko, eta Parte Hartzeko Gida bat egingo da; guztia hiztegi ez-tekniko batera egongo da egokituta. Material horiek webgunearen eta sare sozialen bidez zabalduko dira.

    2. Partaidetza-rolaren araberako mekanismoak:

    Adituen parte-hartzea: Bereziki, profil teknikoa eta profesionala dutenentzat, bai administrazioaren eremuan, bai bestelako erakundeetan, baina herritar guztiei irekia.

    Elkarrizketa erdi-egituratuak eragile estrategikoekin.

    Gaikako eztabaida-mahaiak (online edo aurrez aurrekoak).

    Herritarren parte-hartzea: Herritar guztiei irekita egongo da, baina bereziki zuzenduko zaie tokiko antolakundeei eta zientziarekin, ezagutzarekin eta/edo jarduera ekonomikoekin lotutako antolakundeei.

    Online inkesta.

    Online edo aurrez aurreko tailerrak eta ekitaldiak.

  3. Euskarazko parte-hartzea erraztea.

    Euskaraz zein gaztelaniaz, bietara parte hartu ahal izateko erraztasunak planteatzen dira. Beraz, arreta berezia jarriko da pertsona guztiek aukeran izan dezaten bi hizkuntzetako zeinetan parte hartu nahi duten. Horretarako, komunikazioak eta parte hartzeko dinamikak bi hizkuntzetan diseinatuko dira.

  1. Prozesuaren egitura.

    1. fasea: Diagnostikoa.

    1. Problematikei, beharrei eta aukerei buruzko online inkesta.

    2. Web-orria eta iradokizunen postontzi elektronikoa abian jartzea: lurraldea@euskadi.eus

    2. fasea: Aurrerapena idaztea.

    1. Problematikei, beharrei eta aukerei buruzko online inkesta.

    2. Herritarrei irekitako inkesta orokorra.

    3. Eztabaida taldeak: aurrez aurreko edo online tailerrak, profil tekniko, sozial eta ingurumenekoak nabarmenduta.

    Generoaren ikuspegitik aztertuta.

    Irisgarritasun unibertsalaren ikuspegitik aztertuta.

    Osasunaren ikuspegitik aztertuta.

    Klima-aldaketaren ikuspegitik aztertuta.

    3. fasea: Aurrerapena jendaurrean jartzea.

    Planaren Aurrerapenaren edukiari buruzko aurrez aurreko azalpen-hitzaldiak.

    4. fasea: Hasierako onespenaren agiria idaztea.

    Kontraste teknikoko taldeak, eragile publiko, pribatu, sozial eta ingurumen-arlokoen teknikariek osatuak.

    5. fasea: Hasierako onespenaren agiria jendaurrean jartzea.

    Informazio-erakusketak, panelekin eta dibulgazio-materialarekin, gutxienez 10 egun balioduneko denbora-tartean jendaurrean jarriak.

    Azalpen-hitzaldiak erakusketa horiek instalatu diren herrietan.

    6. fasea: Itzulketa-saioa.

    Online hitzaldia, behin betiko onespen-dokumentuaren edukia azaltzeko.