Ogasun eta Finantza Saila

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2023ko irailaren 13koa, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuarena eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarena, Euskadiko Baliabide Turistikoen Lurralde Plan Sektoriala egiteko prozedura hasten duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saila; Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 191
  • Hurrenkera-zk.: 4570
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2023/09/13
  • Argitaratze-data: 2023/10/05

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua; Ekonomi Jarduerak
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; Gobernua eta herri administrazioa; Merkataritza eta turismoa

Testu legala

Turismoa lehen mailako jarduera ekonomikoa da, eta modu eraginkorrean lagundu behar du desberdintasuna gutxitzen eta gizarte baketsu eta inklusiboak sustatzen, hala jasota baitago +20 Turismo Jasangarriaren Munduko Gutuna agirian, zeina Euskadiko Turismo Jasangarriaren Munduko Gailurrean sinatu baitzen, 2015ean. Bestalde, turismoa aldaketa sakoneko eta etengabeko dinamismoko garai batean murgilduta dago, non aldi baterako ostatu mota berriak eta zerbitzu-prestaziorako plataforma berriak agertzen ari baitira Interneti esker, eta, ondorioz, lehia globalizatu da eta bezero-profil berriak sortu dira.

Turismoaren uztailaren 28ko 13/2016 Legearen 10. artikuluak xedatzen du Lurralde Plan Sektorial baten bidez antolatuko direla EAEko baliabide turistikoak, eta bertan jasoko dela Euskal Autonomia Erkidegoko turismoko lurralde-garapeneko eredua, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legean ezarritako lurralde-antolamenduko tresnak aplikatuz. Aipatutako lurralde-planaren bitartez, lurraldeko baliabideen inbentarioa egingo da, haiek antolatuko dira, eta haien erabilera eta garapen turistikoa arautuko dira, baina, horrez gain, zenbait arlo egituratzeko ere balioko du: batetik, baliabideen eta lurraldearen arteko egituraketa ahalbidetuko du, haien kontsumoa errazteko hainbat produktu turistiko eskainiz, eta, bestetik, lurraldea bera artikulatuko du, kontsumo eta jarduera turistikoen gertaleku gisa.

Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 16. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, eta Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak garatuz eta aplikatuz, Eusko Jaurlaritzako sailek sortzen dituzten lurralde-eragineko planak Lurralde Plan Sektorialak izango dira.

Bestalde, Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak, behin betiko onetsi zirenak uztailaren 30eko 128/2019 Dekretuaren bidez, printzipio gidari batzuetan oinarrituta daude, zeintzuek lurralde-eredua definitzen baitute elementu jakin batzuen arabera, besteak beste, kultura- eta natura-ondarea, eta baliabide turistikoak. Hala, jarduera turistikoari hainbesteko garrantzia ematen diote, ezen planifikatu egin behar baita, jasangarria izango bada eta lurralde-desorekarik eragingo ez badu. 24. artikuluaren 5. paragrafoak, baliabide turistikoen gidalerroei buruzkoak, ezartzen du Baliabide Turistikoen Lurralde Plan Sektorialak definitu beharko duela Euskal Autonomia Erkidegoko turismoko lurralde-garapeneko eredua, eta plana idaztean kontuan hartu beharko diren honako alderdi hauek arautzen ditu:

Baliabide turistikoen babesa.

Ingurumen-ebaluazioaren irizpideak eta turismo-jardueraren jasangarritasun-ratioak.

Hobetzeko neurriak, hala lurraldeari buruzkoak nola gizarte, ekonomia eta kulturari buruzkoak.

Turismoko azpiegiturak kuantifikatzeko jarraibideak, lurralde- eta hirigintza-plangintza zehazteko.

Laguntza-ekipamenduak.

Saturazio-egoerak prebenitzeko behar diren neurriak.

Azaldutakoa kontuan hartuta, Baliabide Turistikoen Lurralde Plan Sektorialak arautuko ditu Eusko Jaurlaritzaren turismoko sektore-antolamenduko tresnak, lurralde-eraginekoak. Horietan zehaztuko da lurralde-antolamenduaren izaera integratzailea, baita Lurralde Antolamenduaren Gidalerroekiko errespetua ere. EAEn lurralde-eragina duten hirigintza-planek, lurralde-plan partzialek eta jarduketek turismoko Lurralde Plan Sektoriala kontuan hartu beharko dute.

Martxoaren 24ko 46/2020 Dekretuaren 3. artikuluaren arabera, lurralde- edo hirigintza-antolamenduko edozein figura formulatu, berrikusi edo aldatzeko hasierako erabakiarekin edo ebazpenarekin batera, parte hartzeko programa bat egin beharko da. Plan horretan, behar adina helburu, estrategia eta mekanismo ezarriko dira, herritarrek eta elkarteek parte hartzeko eskubidea izan dezaten. Herritarrek parte hartzeko programa hori laburbilduta argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian edo dagokion lurralde historikoko aldizkarian, administrazio publiko sustatzailearen arabera; informazioaren teknologia berrien bidez zabalduko da, eta, gutxienez, parte hartzeko gida bat, jendaurreko azalpen-saioen aurreikuspena eta prestatu beharko den dibulgazio-materiala izango ditu. Era berean, Lurralde Antolamenduaren Gidalerroek eskatzen dute parte hartzeko prozesu albait zabalena abiatu behar dela Lurralde Plan Sektoriala idaztean, kontuan hartuta une bakoitzean plana idazteko aukera ematen duten inguruabarrak.

Konpromiso horrekin bat etorriz, Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko Turismoaren Kode Etikoa ezarri du, lurraldean turismo jasangarriko politiken garapena gidatzen duena. Kode horretan azpimarratzen da garrantzitsua dela tokiko komunitateen parte-hartze osoa eta orekatua sustatzea, eta xedatzen da turismoa ezin dela EAEko gizartearen osotasunetik bereizi. Gainera, egungo antolamendu-politiketan nabarmentzen da egungo baliabideak etorkizuneko belaunaldientzat zaindu behar direla, eta gure ondare komun material eta immaterial baliotsuaren osotasuna eta babesa bermatu behar direla. Euskal Autonomia Erkidegoan, beraz, turismoa printzipio horien araberako praktika bat bihurtuko da, esperientzia jasangarria izango da eta ingurunearekin harmonian egongo da. Eta, horregatik guztiarengatik, turismo jasangarriko politikak garatzean, nabarmendu eta errespetatu egin behar da tokiko komunitateen parte-hartze erabatekoa eta orekatua sustatzearen garrantzia.

Gainera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 133.1 artikuluan adierazitakoari jarraituz herritarren parte-hartzea arautzen du lege-lerruneko arauak eta erregelamenduak egiteko prozeduran, xedapen hau egin aurretik dagokion kontsulta publikoa egin da.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen lehen xedapen gehigarrian eta Lurralde Antolamenduko Planak eta Hirigintza Antolamenduko Tresnak onartzeko prozedurak arautzen dituen martxoaren 24ko 46/2020 Dekretuaren 17. artikuluan ezarritakoaren babesean, Lurralde Plan Sektorial hau batera egingo dute Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak eta Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak, eta lurralde-plan partzialentzat ezarritako prozedurarekin bat etorriz izapidetuko da, hau da, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 13. artikuluarekin bat etorriz, bai eta Lurralde Antolamenduko Planak eta Hirigintza Antolamenduko Tresnak onartzeko prozedurak arautzen dituen martxoaren 24ko 46/2020 Dekretuaren 17. eta 3.1 artikuluekin bat etorriz ere.

Hori dela-eta, honako hau

Lehenengoa. Baliabide Turistikoen Lurralde Plan Sektoriala egiteko prozedura hastea, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 13. artikuluan eta Lurralde Antolamenduko Planak eta Hirigintza Antolamenduko Tresnak onartzeko prozedurak arautzen dituen martxoaren 24ko 46/2020 Dekretuaren 13. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoarekin bat etorriz.

Bigarrena. Agindu honen eranskin gisa gehitzea Baliabide Turistikoen Lurralde Plan Sektoriala idazteari dagokion Herritarren Parte-hartze Programaren laburpena, Lurralde Antolamenduko Planak eta Hirigintza Antolamenduko Tresnak onartzeko prozedurak arautzen dituen martxoaren 24ko 46/2020 Dekretuaren 3. artikuluan aipatzen dena.

Hirugarrena. Plana idazteko behar den informazio orokor eta espezifiko guztia biltzea foru-aldundietatik, eraginpeko udalerri guztietatik, Eudeletik eta Estatuko Administraziotik (Espainiako gobernuak EAEn duen ordezkariaren bidez), bat etorrita Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 13. artikuluan eta Lurralde Antolamenduko Planak eta Hirigintza Antolamenduko Tresnak onartzeko prozedurak arautzen dituen martxoaren 24ko 46/2020 Dekretuaren 13. artikuluaren 2. apartatuan adierazitakoarekin. Informazio hori bi hilabeteko epean emango da.

Laugarrena. Eusko Jaurlaritzako sailetatik Plana idazteko beharrezkotzat jotzen duten informazio orokorra jasotzea, baita dagokion arloari buruzko xedapenen eta programen informazio espezifikoa ere. Informazio hori gehienez ere bi hilabeteko epean emango da.

Bosgarrena. Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Euskal Autonomia Erkidegoan zabalkunde handiena duten egunkarietako bitan argitaratzeko agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko irailaren 13a.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua,

JAVIER HURTADO DOMÍNGUEZ.

Sarrera.

Eranskin honek herritarren parte-hartzeari buruzko programa laburbiltzen du, hain zuzen ere, Euskadiko Baliabide Turistikoen Lurralde Plan Sektoriala egiteko garatu beharrekoa.

  1. Ikuspegia eta helburuak.

    Lan konplexua da bizitegi-jarduerarekin batera gertatzen den edo hari gainjartzen zaion jarduera horren presentziak (kasu bakoitzaren arabera, intentsitate handiagoa edo ez hain handia izan dezakeenak) herritarrei eragiten dizkien arazoak ezagutzea eta erronka horri konponbide irudimentsuak ematea, eta tentuz nahiz arduraz jokatu behar da. Helburuek argiak izan behar dute. Hauek dira:

  1. Eragile gakoek hasieratik parte hartu behar dute. Hala, analisiaren fase teknikoa hasteko, eragile gakoei erdiegituratutako elkarrizketak egingo zaizkie, planaren edukiekin lotuta aipatzen dituzten arazoak, aukerak, gabeziak, proiektuak eta proposamenak zehazteko. Aldi berean, bulegoko eta landako lanak egiten hasiko dira.

  2. Eraginpeko administrazio guztiei informazioa eskatzea, bi helburu hauekin: Lurralde Plan Sektorialaren eduki guztiei buruz informatzea, eta administrazioek planteatu dituzten oinarrizko gaien inguruko dokumentazioa eskuratzea. Planaren Zuzendaritza Fakultatiboak gidatu behar du prozesu hori, eta berak ezarriko du erritmoa.

  3. Lantaldeak eratzea, lurralde-antolamenduko eta iritzi publikoa sentsibilizatzeko prozesuan objektiboki interesa duten eta diskurtso egituratua duten eragile ekonomiko eta sozialak mobilizatzeko eta planean inplikatzeko; izan ere, modu horretan eta bakoitzak bere eragin-eremutik, prozesua sustatu eta bultzatu ahal izango dute, aipatutako bi ekimen horiek prozesuaren eragile gisa hartuta. Lantalde horietako baldintzak egokiak dira preskripzio teknikoen agiriak beharrezko dituen helburu pedagogikoa eta ituntze-esparrua txertatzeko. Lantalde horien metodologia aurrerago azalduko den Talde Fokalarena izango da.

  4. Gizarteari, oro har, parte hartzeko aukera ematea, eztabaida diagnosi-agiritik eta identifikatutako erronketatik abiarazita. Prozesu honetan proposatuko da formula egokiak prestatzea erakundeen eta gizarte-eragileen lankidetza aktiboa txertatzeko, eta parte-hartze eraginkorra ahalbidetzeko teknika eta bide egokienak prestatzea ere bai, kontuan hartuta aurretiazko partaidetza-esperientzia, horrelako prozesuak bideratzeko egitura formalak, eta haien lehentasunekiko egokitzapena eta eskuragarritasuna.

  5. Erabakiak hartzeko alderdi sektorialei buruzko oinarrizko dokumentuak prestatzea (formatu erakargarriagoetan aurkeztea proposatzen direnak), sare sozialetan erabil daitezen.

  1. Parte hartzeko metodologia, estrategiak eta mekanismoak.

    Parte-hartzea elementu ezinbesteko eta zeharkakoa da LPSak egiteko prozesuan, eta plana idazteko eta kudeatzeko fase guztiak egituratzen ditu. Ondoren, LPSa sortzeko faseetan jorratuko diren tresnak eta parte hartzeko teknikak deskribatuko dira, eta herritarrek parte hartzeko programa-proposamena eta kronograma aurkeztuko dira.

    Ikerketa kualitatiboko eta parte hartzeko teknikak. Komunikaziorako bitartekoak.

    Hauek dira erabiltzeko proposatzen diren tresna nagusiak:

    Eragileen mapa egitea, eta inplikatu beharreko eragile gakoak eta gizarte-eragileak (publikoak zein pribatuak) identifikatu eta proposatzea.

    Eragile gakoei elkarrizketa sakonak eta erdibideratuak egitea.

    Aurrerapen-fasean eta hasierako onarpen-fasean lan-bilerak egitea prozesuan bereziki garrantzitsuak diren eragileekin.

    Gaikako Talde Fokalak egitea, talde fokalaren teknika aplikatuta, taldearen osaeraren eta ezarritako lan-dinamikaren arabera. Talde fokal horietan, hautemandako arazo nagusiak eztabaidatuko dira, eta lan-ingurune kualifikatuago batean hainbat eremutatik planteatutako irtenbide posibleak entzungo dira.

    Webgunea/bloga eta sare sozialak diseinatu eta garatzea proiektua hedatzeko, eduki estrategikoak komunikatzeko eta deialdiak iragartzeko, prozesuaren komunikazio-ardatz gisa eta parte-hartzea sustatzeko tresna aktibo moduan.

    Prozesuaren egitura.

  1. fasea: Informazioa eta diagnostikoa.

    Komunikazio-ekintza:

    Facebooken profila sortzea.

    Webgunea sortzea.

    Kanpaina pedagogikoa eta aurkezpena:

    Lurralde-antolamenduaren eta turismoaren arloan herritarrak sentsibilizatzeko prestakuntza-kanpainarako edukiak diseinatzea.

    Ituntze-ekintza: Maila guztiak barne hartuko dituen eta gainerako prozesuari ekiteko esparrua eratuko duen kontsulta-plana diseinatzea.

  2. fasea: Aurrerapena.

    Aurretiko fasea:

    Komunikazio-ekintza:

    Facebook eta Instagram mantentzea.

    Ituntze-ekintza: Kontsulta-plana dinamizatzea. Ekarpenen trazabilitatea ziurtatzen da.

    Aurrerapena jendaurrean jartzeko fasea:

    Kanpaina pedagogikoa: aurrerapena aurkeztea.

    Aurrerapena aurkeztea:

    Ereduaren inguruko oharrak eta alternatibak, eta baliozkotzea.

    Ekarpenak egiteko ondorengo bideak.

    Ituntze-ekintza:

    Aurrerapen-agirian ekarpenak sartu ondoren, agiri bat diseinatuko da, eta hor adieraziko da zeintzuk onartu diren eta zergatik.

  3. fasea: Hasierako onarpena.

    Komunikazio-ekintza:

    Webgunea, Facebook eta Instagram mantentzea.

    Aurkeztutako iradokizunak baloratzea:

    Agiri bat idaztea, eta hor adieraztea zeintzuk diren aurkeztu diren iradokizunak, horien erantzunak, zeintzuk sartu diren eta zeintzuk ez, eta horretarako arrazoiak.

    Ituntze-ekintza:

    Erakunde publiko eta pribatuekin bilerak egitea.

    Kanpaina pedagogikoa: Hasierako onespenerako agiria aurkeztea.

    Euskadiko Baliabide Turistikoen Lurralde Plan Sektoriala aurkeztea.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.