Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila 

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2023ko apirilaren 5ekoa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez publikoak ez diren artxiboak antolatu, digitalizatu eta zabaltzeko dirulaguntzak ezartzen baitira, eta 2023ko ekitaldirako deialdia egiten.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 74
  • Hurrenkera-zk.: 1877
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2023/04/05
  • Argitaratze-data: 2023/04/19

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua; Ekonomi Jarduerak
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Informazio etak komunikazioak

Testu legala

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren artxibo-politikaren helburuetako bat jabetza pribatuko artxibo-funtsen antolaketa sustatzea da. Helburu hori lortzeko, urtero dagokion dirulaguntzen deialdia egiten da, zeinaren emaitzak oso onak izaten baitira. Horrela, behar bezala kontserbatu nahi da dokumentu-ondarearen zati hori, informazioa errazago kontsultatu ahal izateko.

Aginduaren filosofia lankidetzan datza, aldeen elkarrekiko errespetuan eta bakoitzaren erantzukizunean oinarrituta: lankidetza, alde batetik, Euskadiren dokumentu-ondarearen politikaren ardura duen Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren aldetik, eta bestetik, publikoa ez den Euskadiko dokumentu-ondarearen titularren aldetik (artxibo-funtsak, dokumentu-bildumak eta dokumentu bereziak). Filosofia hori berariaz jasota dago Euskal Autonomia Erkidegoko Dokumentu Kudeaketa Integralari eta Dokumentu Ondareari buruzko ekainaren 23ko 5/2022 Legearen VI. tituluan; bertan, artxibo pribatuaren kontzeptua eta Euskal Autonomia Erkidegoko Dokumentu Ondarearen parte diren artxibo pribatuen titularren eskubideak eta betebeharrak definitzen dira eta aurreikusten dira ere administrazio publikoek artxibo pribatuak sustatzeko neurri jakin batzuk ezartzeko aukera.

Ekainaren 23ko 5/2022 Legearen VI. tituluko artikuluak, bestalde, muga batzuk ezartzen zaizkie ondasun horien titularrei; jakina, horrek dagokion ahalegina egitea eskatzen dio Administrazioari, aipatutako legean aurreikusitako arauak bete daitezela eskatzeko bide emango dioten kontraprestazioak edo erraztasunak arbitratzeko. Hitzarmen egokiaren eta batzuen eta besteen arteko lankidetzaren baitan dago, azken batean, ageriko errealitate bihur dadila gu guztion nahia: hau da, lankidetzarako bide sendoak ezar daitezela, arian-arian sare eta informazio-sistema publikoetan txertatzeko dokumentu-ondarearen parte hori, horretarako ezertan urratu gabe ondasun horien titularren eskubideak, legean bertan jasoak eta babestuak.

Aurreikusitako lankidetzak artxibo-funts horien titularrek planteatutako programak ditu oinarri. Horretarako, artxibo-programatzat ulertuko da urtebeteko edo iraupen laburragoko programa bat, programaren aplikazioaren xede diren dokumentuen edo artxibo-funtsen tratamendu zehatz bat proposatzen duena, eta dirulaguntzaren eskaera eragiten.

Dirulaguntza lerro hau Sailaren 2021-2024 Dirulaguntzen Plan Estrategikoan sartuta dago (Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2021eko otsailaren 18ko Aginduaren bidez onartua eta 2023ko urtarrilaren 26ko Aginduak aldatua), bai eta Kultura Sailaren Dirulaguntzen Urteko Planean ere (Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2023ko otsailaren 26ko Aginduaren bidez onartua).

Horregatik guztiagatik, hau

  1. Agindu honen xedea honako hau da: artxibo-dokumentuak eta artxibo-funtsak artxibo-irizpideen arabera antolatzeko eta, zabaltze aldera, digitalizatzeko programak garatzeko dirulaguntzen araubidea erregulatzea eta 2023ko ekitaldirako deialdia egitea. Dokumentu horiek guztiek, euskal dokumentu-ondarearen parte izanik ere, ez dute izaera publikorik.

  2. Aurreko apartatuan xedatutakoaren ondorioetarako, dokumentutzat eta artxibo-funtsetzat hartuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Dokumentu Kudeaketa Integralari eta Dokumentu Ondareari buruzko ekainaren 23ko 5/2022 Legearen 3.a) eta d) artikuluan jasotako definizioak.

  1. Pertsona edo erakunde onuradunak:

    Agindu honetan ezarritako dirulaguntzen onuradun izan daitezke izaera publikorik ez duten pertsonak, fisikoak zein juridikoak, baldin eta, edonon daukatela ere egoitza soziala nahiz fiskala, euskal herritarren dokumentu-ondarearen parte diren artxibo-dokumentuen eta artxibo-funtsen titular badira, Euskal Autonomia Erkidegoko Dokumentu Kudeaketa Integralari eta Dokumentu Ondareari buruzko ekainaren 23ko 5/2022 Legearen artikuluan ezarritakoaren arabera.

  2. Programa hauek lagunduko dira diruz:

    Xede hau dutenak:

    1. Artxibo-funts historikoak artxibo-irizpideen arabera antolatzea, batez ere XX. mendeko dokumentazioa dute eta Euskal Autonomia Erkidegoko Dokumentu Ondarea osatzen dutenak.

    2. Aurretiaz datu-base batean antolatutako eta deskribatutako artxibo-funtsak digitalizatzea. Proiektuek barne hartu behar dute kontserbazio iraunkorreko artxibo digital baten sorrera, bai eta kopia digital baten sorrera ere, Euskadiko Artxibo Sistemaren web-orriaren bitartez zabaltzeko. Aurkeztutako proiektuak agindu honen 1. eranskinean jasotako preskripzio teknikoen mende egongo dira.

      Dirulaguntzen xede diren programak 2023ko urtarrilaren 1etik 2023ko abenduaren 31ra bitartean gauzatu beharko dira.

  3. Kanpo utzitako programak:

    Deialdi honen babespean ez da dirulaguntzarik emango programa hauek garatzeko: Euskal Autonomia Erkidegoko 2023ko Aurrekontu Orokorretan Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari dagokion atalean izendatuta agertzen diren dirulaguntzen bitartez finantzatutako jarduketekin lotutako programak.

Baliabide ekonomiko hauek bideratuko dira agindu honetan jasotako xedea lortzeko: ehun eta ehun eta berrogeita hamazazpi mila (157.000,00) euro.

  1. Betekizunak:

    1. Jarduteko behar besteko gaitasuna izatea, eta pertsona juridikoen kasuan, legez eratuta egotea eta dagozkien erregistro eta administrazio-erroldetan inskribatuta egotea.

    2. Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea.

    3. Dirulaguntzak edo laguntza publikoak eskuratu ahal izateko zigor penal edo administratiboren baten edo horretarako desgaitzen dituen lege-debekuren baten eraginpean ez egotea, Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta 13.3 artikuluan ezarritakoaren arabera; ez eta sexuan oinarritutako diskriminazioa egiteagatik zigortuta ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoaren arabera; Eta, Emakumeen eta Gizonen eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik gabeko Bizitzei buruzko Legea bigarrenez aldatzen duen martxoaren 3ko 1/2022 Legearen azken xedapenetako laugarrenean jasotakoaren arabera.

    4. Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea (Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Dirubilketa Erregelamendu Orokorra onartzen duen urtarrilaren 12ko 1/2021 Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarrian zehaztutakoaren arabera).

  2. Betekizunak egiaztatzea:

    Betekizunak egiaztatzeko, eskabide-orriko eta berarekin batera doan dokumentazioko datuak egiazkoak direla adierazi beharko da, bai eta betetzen dituela ere agindu honetan erregulatutako laguntzak jasotzen dituen pertsona edo erakundea izateko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak. Horrekin batera, erantzukizunpeko adierazpen bat, egiaztatzen duena ez daukala dirulaguntza publikoen pertsona edo erakunde onuradunaren izaera lortzeko inolako debekurik. Debeku horiek adierazita daude Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.5 artikuluan.

    Betekizunak betetzen direla egiaztatzeari dagokionez:

    1. Pertsona fisikoak:

      1. Agindu honetan erregulatutako laguntzak kudeatzeko ardura duen zuzendaritzak automatikoki egiaztatuko ditu NANeko datuak, non eta prozeduran espresuki kontra egiten ez den.

      2. Deialdi hau kudeatzen duen organoak automatikoki egiaztatuko du dirulaguntzaren eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela, salbu eta eskatzaileak horretarako baimena espresuki ukatzen badu. Kasu horretan, dagozkion ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.

    2. Izaera publikorik gabeko pertsona juridikoak:

      1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren Erregistroan inskribatuta badaude, ofizioz egiaztatuko dira erakundearen legezko osaera eta erakundearen ordezkaria, bai eta zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela ere, non eta prozeduran espresuki kontra egiten ez den edo Administrazioak egiaztatzen ez duen ezin duela ofizioz lortu eskatutako dokumentazioa (kasu horretan, dagozkion ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte).

      2. EAEko Administrazio Orokorraz kanpoko erregistro batean inskribatuta badaude, erakundearen legezko osaera egiaztatu beharko da, bai eta erakundearen ordezkariak behar adina ordezkaritza-ahalmen duela ere. Gainerako alderdiak 4.2.b.1 artikuluan xedatutakoaren mende egongo dira.

Eskatzaile mota bakoitzari ezarritakoaz gain, honako dokumentazio hau ere aurkeztu beharko da eskabidearekin batera:

  1. Memoria xehatua, non jasoko baitira aurkezten den programaren edo proiektuaren helburuak, jarduerak, epeak, aurrekontu xehatuak eta justifikazioa.

  2. Aurkeztutako programa bakoitzaren aurrekontua, non diru-sarreren atalaren barruan adieraziko baita, hala badagokio, zer dirulaguntza edo laguntza gehiago eskatu diren eta zer egoeratan dauden, bai eta xede bererako lortu diren beste diru-sarrera nahiz baliabideak ere, edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatutik datozela ere.

  3. Adierazi beharko da helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu eta, hala badagokio, jaso direla edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik.

  4. Erantzukizunpeko adierazpena, non adierazpen-egileak espresuki adieraziko baitu ez daukala dirulaguntza publikoen onuradun-izaera lortzeko 4.1 artikuluaren c) eta d) letretan aipatutako debekurik.

Kultura Ondarearen Zuzendaritza arduratuko da deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatzeaz.

  1. Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

  2. Pertsona fisikoek aurrez aurre zein bide elektronikoa erabiliz aurkez ditzakete eskabideak:

    Aurrez aurre: eskabideak Kulturako sailburuordeari bidali beharko zaizkio eta toki hauetan aurkeztu ahal izango dira: Zuzenean zerbitzuan, EAEko erregistro laguntzaileetan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoak eta Administrazio elektronikoari otsailaren 21eko 21/2012 Dekretua), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organo edo establezimenduetan, eskabide normalizatuaren bitartez, zeina osorik eta behar bezala bete beharko baita.

    Eskabidea Zuzenean zerbitzuan aurkezteko ezinbestekoa izango da aurretik hitzordua eskatzea (https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean edo zita eskatzeko eta ezeztatzeko 945 01 90 00 telefonoaren bidez).

    Bide elektronikoa: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan sartuta aurkeztuko dira eskabideak, https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0095710 helbidean.

    Prozedurak izapidetze elektronikoa izango du, eta atzera botako dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Erregistro Elektroniko Orokorraren bidez aurkezten diren eskabideak.

    Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak honako helbide honetan eskuratu daitezke: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

    Eskabidea eta dokumentuak aurrez aurre aurkezteak edo bide elektronikoa erabiltzeak ez du esan nahi nahitaez baliabide horiek erabili behar direnik prozeduraren ondorengo izapideetan, edozein unetan alda daitezke eta.

    Eskabidea ordezkari baten bidez izapidetu ahalko da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Euskadiko Autonomia Elkargoaren Administrazio Publikoaren Ordezkarien Erregistro elektronikoan inskribatu beharko da, helbide elektroniko honetan: https://euskadi.eus/ordezkariak.

  3. Pertsona juridikoek eskabideak eta dokumentazioa aurkeztu eta hurrengo izapideak egin beharko dituzte bitarteko elektronikoen bitartez, aurretik aipatutako helbide elektronikoaren bitartez.

  4. Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak aurrez aurre nahiz elektronikoki nola izapidetu jakiteko xehetasunak, helbide elektroniko honetan eskura daitezke: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0095710

  5. Eskaera egin osteko izapide elektronikoak, jakinarazpenak eta espedientearen kontsulta barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» aplikazioaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

  6. Pertsona edo erakunde eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko zeinahi hizkuntza ofizialetan aurkeztu ahal izango dute eskabidea, atxikitako egiaztagiriekin batera. Era berean, eskaeratik eratorritako jarduketetan, eta prozedura guztian zehar, pertsona edo erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutakoa betez.

  7. Eskabideak aurkezteak adierazten du espresuki eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarriak definitzen dituzten baldintzak.

Eskabidea izapidetzeko onartu ahal izateko eskatzen diren dokumentu batzuk falta direla edo horietan forma-akatsak daudela ikusiz gero, edo eskabidea balioesteko aurkeztutako dokumentazioan akatsak aurkituz gero, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari hutsegitea konpontzeko edo aginduzko dokumentuak aurkezteko, eta jakinaraziko zaio hori egiten ez badu haren eskabidean atzera egin duela edo izapidetzeko eskubidea galdu duela ulertuko dela; betiere, aurretiazko ebazpena eman delarik.

Agindu honi jarraikiz eskabidea bitarteko elektronikoz aurkeztu behar duen pertsona eskatzaileren batek eskabidea aurrez aurre aurkezten badu, bitarteko elektronikoz aurkeztuz hori zuzentzeko eskatuko zaio. Ondore horietarako, eskabidea zuzenketa hori egiten den egunean aurkeztu dela joko da.

  1. Kalifikazio-batzorde batek egingo du aurkeztutako eskabideen eta horien onargarritasunaren aurretiazko azterketa, bai eta eskabideen ebaluazioa ere, agindu honen hurrengo artikuluan ezarritako parametroei jarraikiz. Batzorde horrek prestatuko du dagokion ebazpen-proposamena, eta Kulturako sailburuordeari igorriko dio.

  2. Kalifikazio Batzordeak kide hauek izango ditu:

    Mikel Aizpuru Murua jauna, Kultura Ondarearen zuzendaria, batzordeburua izango dena.

    Borja Aguinagalde Olaizola jauna, Kultura Ondarearen Zuzendaritzako Euskadiko Artxibo Historikoaren arduraduna.

    Itziar de Azua Brea andrea, Kultura Ondarearen Zuzendaritzako Euskadiko Artxibo Historikoko teknikaria.

    Batzordeko idazkari-kargua, hitza bai baina botorik ez duena, Juan Carlos Soto Pérez jaunak beteko du, Kultura Ondarearen Zuzendaritzako Aholkularitza Juridikoko arduradunak.

  3. Sailburuordearen ebazpenaren bidez, aukera egongo da Kalifikazio Batzordearen osaera aldatzeko, eta ebazpen hori EHAAn argitaratu beharko da.

  1. Laguntza-deialdia lehiaketa bidez ebatziko da. Horretarako, 10. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz lortutako puntuazioaren arabera antolatuko dira eskabideak, eta ordenatuta banatuko, hasi puntu kopuru handiena lortu duen eskabidetik eta horrela gainerakoak, harik eta 3. artikuluan aurreikusitako aurrekontu-kreditua agortu arte. Halaber, gutxienez 50 puntu lortu dituzten programei bakarrik emango zaie laguntza.

  2. Proiektuen ebaluazio konparatua egin ondoren (10. artikuluan ezarritako irizpideak aplikatuta) eta zenbatekoak zehaztu ostean (11. artikuluan xedatutakoaren arabera), Kalifikazio Batzordeak ebazpen-proposamena helaraziko dio Kulturako sailburuordeari. Agiri horretan jasoko dira proposatutako esleipenak, eta bertan adierazi beharko dira: dirulaguntzen zenbatekoa (erakunde edo pertsona onuradunen arabera antolatua), finantzatutako jarduketa-programak, zer eskabide ezetsi diren eta zergatik (erakunde edo pertsona onuradunen arabera antolatua), eta zer dirulaguntza ez diren onartu eta zergatik.

  3. Era berean, pertsona edo erakunde onuradun izateko oinarri arautzaileetan ezarritako baldintza administratibo eta teknikoak betez deialdian ezarritako kredituaren gehieneko zenbatekoa gainditzeagatik baietsi ez diren eskaera guztien zerrenda ordenatua jasoko du ebazpen-proposamenak, eta eskaera bakoitzari emandako puntua adieraziko du, deialdian aurreikusitako balorazio-irizpideen arabera.

Dirulaguntzen ebazpen-proposamena prestatzeko eta laguntzon zenbatekoa ezartzeko, Kalifikazio Batzordeak jarraian adierazten diren irizpideen eta horien haztapenaren arabera balioetsiko ditu eskabideak.

  1. Aurkeztutako programaren kalitate zientifikoa; hau da, ea barne hartzen dituen programon deskribapen xeheak, ondarearen eta artxiboen ikuspuntutik, proposamenaren berezko balioak adierazteko moduan (50 puntu gehienez).

    Puntuatzeko irizpideak:

    30 puntura arte, artxibo-zerbitzuen mantentze-lanak egiteko urteko programetarako, indar handia jarrita jendaurrekoak izatean: funtsaren zati baten antolaketa, inbentarioak egitea; dokumentu-funtsak digitalizatzeko proiektuak; tresna deskribatzaileen hobekuntza eta abar.

    50 puntura arte, artxibo-sistemak ezartzeko edo sendotzeko programetarako, epe luzekoetarako (aurrera begirako hainbat urtetako lan-epeak ezarrita, gastuaren zenbatespen zehatza eta abar), indar handia jarrita jendaurrekoak izatean, eta barnean honelakoak hartzen dituzten programetarako: dokumentu-funtsak digitalizatzeko proiektuak, artxiboetako dokumentuak web-atarien bidez hedatzea...

  2. Dokumentazio bolumen adierazgarri bat ekartzea, edukia edota datazioa direla balioa erantsiko diena artxibo-funtsen inbentarioari eta Euskadiko Artxibo Historikoaren web-atariari (30 puntu, gehienez)

    Puntuatzeko irizpideak:

    1900. urtera arteko dokumentazioa: 25 puntu.

    1900. urtetik 1967. urtera arteko dokumentazioa: 30 puntu.

  3. Programak barne hartzea deskribapen estandarren garapena indartuko duten elementuak, edo artxibo-interesa duen euskarazko beste edozein elementu (20 puntu gehienez).

    Puntuatzeko irizpideak:

    5 puntu, softwarea euskaraz eskuragarri duten kudeaketa-sistema informatizatuetarako (datu-baseak, espedienteak kudeatzeko programak...)

    10 puntu, softwarea euskaraz eskuragarri izan eta erabiltzaileentzako arreta-zerbitzuan euskara erabiltzen duten kudeaketa-sistema informatizatuetarako (datu-baseak, espedienteak kudeatzeko programak...).

    15 puntu, softwarea euskaraz erabilgarri izan, eta erabiltzaileentzako arreta eta artxiboetarako interesgarria den beste edozein osagarri (edukien hedapena, erregelamenduak, erakusketak, bisitaldi gidatuak) euskaraz duten kudeaketa-sistema informatizatuetarako (datu-baseak, espedienteak kudeatzeko programak...)

    20 puntu, euskara bada deskribapenetarako hizkuntza (inbentarioak, gidaliburuak, iraulketak, aurkibideak...), eta, horretaz gain, aurreko paragrafoko irizpidean ezarritakoa betetzen bada.

    Berdinketa bada, b) irizpidean puntuazio handiena duen eskabideari emango zaio lehentasuna.

  4. Helburuagatik (emakumeek edo emakume-taldeek edo emakume-elkarteek sortutako artxiboak, edo emakumeen bizitzaren eta jardueren inguruko dokumentu-funtsak), eta emakumeen eta gizonen berdintasunerako jardueretan duten eraginagatik, proiektuan genero-ikuspegia berariaz txertatzen duten proiektuei 5 puntu gehiago emango zaizkie.

  1. Diruz lagundutako programa bakoitzeko eman daitekeen dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa diruz lagundu daitekeen aurrekontuaren guztizkoa izan daiteke (zergak kenduta), betiere artikulu honetan ezarritako mugen barruan.

  2. Diruz lagundu ahal izango dira honako eremu hauetan sortutako gastuak: inbentarioak idaztea, artxibo-funtsak antolatzea, dokumentazioa digitalizatzea, kudeaketa informatikoaren soluzioak garatzea eta web-atarien bidez hedatzea.

  3. Aurkeztutako programa bakoitzeko dirulaguntza ezingo da, inondik inora, hogei mila (20.000,00) eurotik gorakoa izan.

  4. Honako irizpide proportzional hau aplikatuko da dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko:

    80 puntu edo gehiago: % 70.

    75 puntutik 79ra bitartean: % 65

    70 puntutik 74ra bitartean: % 60.

    65 puntutik 69ra bitartean: % 55.

    60 puntutik 64ra bitartean: % 50.

    55 puntutik 59ra bitartean: % 45.

    50 puntutik 54ra bitartean: % 40.

  5. Dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko, deialdi honetan aurreikusitako kalkulu-irizpideak aplikatuta lortutako zenbatekoak aurreko edo ondorengo zenbaki osora biribilduko dira. Biribiltzearen ondorioz, finantzatu beharreko guztizkoak deialdian finkatutako kreditua gainditzen badu, finantzaketa handieneko proiektutik kendu egingo da ateratzen den aldea.

  6. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluaren arabera, pertsona edo erakunde onuradunek azpikontratatu ahal izango dute dirulaguntza jaso duten jarduketen zenbatekoaren ehuneko ehun.

  7. Beti aplikatu ahal izango dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31.3 artikulua eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduaren 83. artikulua.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira beste erakunde publiko edo pribaturen batek helburu bererako emandako dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabideekin, baldin eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Halakorik gertatuz gero, emandako dirulaguntza kasuan kasuko gehieneko mugaraino murriztuko da.

  1. Kulturako sailburuordeak ebatziko du prozedura, Kalifikazio Batzordeak helarazitako proposamena ikusi ondoren, eta banan-banan jakinaraziko zaie pertsona edo erakunde interesdunei, hilabeteko epean, eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik hasita.

  2. Ebazpenean, dirulaguntza onartu zaien pertsona eta erakunde onuradunen zerrenda eta gainerako eskabideen berariazko ezespena ez ezik, zerrenda bat ere egongo da, non bilduko baitira, deialdian ezarritako gehieneko kreditua gainditu delako, pertsona edo erakunde onuraduna izateko oinarrietan ezarritako baldintza administratibo eta teknikoak bete arren baietsiak izan ez diren eskabideak. Eta adieraziko da, batetik, zenbat puntu ematen zaizkion eskabide bakoitzari, 11. artikuluan aurreikusitako balorazio-irizpideen arabera, eta bestetik, 10. eta 12. artikuluetan ezarritakoa aplikatuz legokiokeen zenbatekoa. Era berean, onartu ez diren eskabideen zerrenda bat izango du, ez onartzeko arrazoia adierazita.

  3. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 41.6 artikuluaren arabera, abisu bat bidaliko da interesdunak adierazitako gailu elektronikora edo helbide elektronikora, eta jakinaraziko zaio jakinarazpen bat ikusgai duela EAEko Administrazio Orokorraren egoitza elektronikoan. Abisu hori ez emanagatik ere, jakinarazpena guztiz baliozkoa izango da.

  4. Emandako ebazpena egoitza elektronikoaren iragarki-taula elektronikoan argitaratuko da (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa) eta bide elektronikoz jakinaraziko zaie banan-banan prozeduran dauden pertsona eta erakunde interesdun guztiei, «Nire karpeta»ren bidez: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta. Horrez gain, ebazpena jakinaraziko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta. Ebazpenaren jakinarazpena hainbat bidetatik egiten denez, lehenik egin zaionarena hartuko da jakinarazpen-datatzat.

  5. Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea agortzen, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote erakunde interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari hilabeteko epean, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

  6. Artikulu honen lehenengo apartatuan adierazitako epean ez bada ebazpenik jakinarazi, pertsona edo erakunde interesdunek uler dezakete beren eskaerak ezetsi egin direla, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

  7. Pertsona edo erakunde onuradunen batek dirulaguntzari uko egiten badio agindu honen 15.a) artikuluan ezarritako hamar eguneko epean, dirulaguntza ematen duen organoak erabakiko du Kalifikazio Batzordea berriz deitu beharrik gabe zerrendan puntuazioaren arabera hurrena dagoen pertsona edo erakunde eskatzaileari ematea dirulaguntza, baldin eta hark onartzen badu. Erakundeari eman beharreko laguntza ez da inola ere izango uko egindako dirulaguntzaren zenbatekoa baino handiagoa. Dirulaguntza ematen duen organoak aukera horren berri emango die pertsona edo erakunde interesdunei, dirulaguntzen proposamena jaso dezaten, 10 eguneko epe luzaezinean. Behin pertsona edo erakunde eskatzaileak edo eskatzaileek proposamena onartuta, administrazio-organoak dirulaguntza emateko egintza gauzatuko du. Prozedura bera baliatuko da, dirulaguntzaren likidazioa egin behar denean agindu honen 18. artikuluan adierazitakoaren arabera (dela dirulaguntza emateko baldintzak ez dituelako bete, dela xede bererako beste laguntza batzuk lortu dituelako), betiere ordainketa egin gabe badago eta dirulaguntza-jarduerak burutzeko epe nahikoa dagoenean.

Pertsona edo erakunde onuradunek betebehar hauek dituzte:

  1. Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman zaiela aditzera ematen duen jakinarazpena jaso eta hamar eguneko epean ez badiote dirulaguntzari espresuki uko egiten, onartu egin dutela ulertuko da.

  2. Agindutako xede zehatzerako erabiltzea dirulaguntza.

  3. Jarduera gauzatzea edo dirulaguntza ematea bidezko egiten duen egoeran egotea.

  4. Laguntza eman duen erakundeari justifikatzea emate hori eragin duten edo laguntzaz baliatzea eragin duten baldintzak betetzen direla eta jarduera bera gauzatu dela.

  5. Laguntza eman duen erakundeak egiten dituen egiaztapenen mende eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egiten duen ikuskaritzaren mende egotea, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura eskuratzen diren laguntzei edo dirulaguntzei dagokienez. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziko neurrien mende ere egotea.

  6. Beste edozein administraziok edo erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea dirulaguntza eman duen erakundeari.

  7. Beste erakunde publiko zein pribatuei xede berberarekin dirulaguntzarik eskatu bazaie eta agindu honetan arautzen diren dirulaguntzetarako eskabidea egiteko unean erabakitzeke bazeuden edo haien egoeraren berririk ez bazen, laguntza horien egoera zein den adierazten duen agiria aurkeztea.

  8. Dirulaguntza jasotzeko kontuan hartu zen edozein egoera objektiboren edo subjektiboren aldaketa oro jakinaraztea dirulaguntza eman duen erakundeari.

  9. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Euskadiko Artxibo Historikoaren babesa espresuki adieraztea, dirulaguntza honen ondorioz egiten diren jarduera eta dokumentu guztietan, bai eta horien publizitatean ere.

  10. Edozein formatuko argitalpenak, horien iragarkiak eta dirulaguntzaren bitartez gauzatzen diren jardueren iragarkiek Euskal Autonomia Erkidegoan ofizialak diren bi hizkuntzetan egon beharko dute. Euskaltzaindiaren arauak eta gomendioak hartu beharko dira kontuan, hizkuntza-kalitatea bermatzeko.

  11. Ez dute hizkera sexista erabiliko, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak agintzen duenari jarraituz. Gizon eta emakumeen rolei dagokienez, erabilera estereotipaturik ez dagoela bermatuko dute.

  12. Oro har, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50. artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua) eta dirulaguntza-arloan aplikatu behar diren gainerako lege-xedapenetan jasotako betebeharrak; zehatz esanda, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan jasotakoak.

  1. Dirulaguntza zati bakar batean ordainduko da, justifikatu eta gero.

  2. Ordainketa egin ahal izateko, ezinbestekoa izango da Ogasun eta Ekonomia Sailaren Hirugarrenen Erregistroan alta emanda egotea. Pertsona edo erakunde onuraduna ez badago alta emanda, edo, egonik ere, inskribatutako datuak aldatu badira, erregistro horretan alta emateko eskabidearen eredua bete eta erantsi beharko du. Eredu hori eskabide-ereduarekin batera eskuragai jarri zaie pertsona edo erakunde eskatzaileei, eta URL honetan ere eskura daiteke: https://www.euskadi.eus/contenidos/autorizacion/alta_terceros/eu_7999/adjuntos/ALTA.pdf

    Hirugarrenen alta dagokion zerbitzuaren bidez izapidetu daiteke elektronikoki, egoitza elektronikoan: https://euskadi.eus/hirugarrenak

  3. Dirulaguntzaren ordainketa ezingo da egin, baldin eta pertsona edo erakunde onuradunak ez baditu ordaindu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, edo ez dagoenean egunean dirulaguntzak itzultzeko ordainketa-betebeharretan (Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Dirubilketa Erregelamendu Orokorra onartzen duen urtarrilaren 12ko 1/2021 Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarrian zehaztutakoaren ildotik).

  1. Pertsona fisikoek aurrez aurre zein bide elektronikoa erabiliz aurkez ditzakete justifikazioak:

    Justifikazioak aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira hiru toki hauetan: Zuzenean zerbitzuan, aldez aurretik hitzordua hartu ondoren (https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean edo 945 01 90 00 hitzorduak eskatzeko eta ezeztatzeko telefonoaren bidez); EAEko erregistro laguntzaileetan, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoetan. Horrez gain, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluan oro har aurreikusitakoari jarraitu beharko diote.

    Horrez gain, justifikazioak bitarteko elektronikoak erabiliz aurkeztu ahal izango dira www.euskadi.eus/zerbitzuak/nirekarpeta helbide elektronikoan.

    Kasu guztietan, diruz lagundutako aurrekontuaren ehunekoa edozein dela ere, justifikazioa aurkeztutako proiektu osoarena izan beharko da.

  2. Pertsona juridikoek bide elektronikoen bitartez aurkeztu beharko dituzte justifikazioak, aurretik aipatutako helbide elektronikoaren bitartez: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

  3. Justifikazioak aurrez aurre nahiz bide elektronikoz nola izapidetu jakiteko zehaztapenak eskuragarri daude https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0095710 helbide elektronikoan.

  4. Horrez gain, justifikazioek bat etorri beharko dute Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluan ezarritako justifikazio-kontuarekin eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen Erregelamenduaren 72. eta 73. artikuluekin.

  5. Agindu honetan ezarritako dirulaguntzen pertsona edo erakunde onuradunek 2023ko urtarrilaren 6a baino lehenago aurkeztu beharko dituzte justifikazioak, eta honako dokumentazio hau ere aurkeztu beharko dute:

    1. Diruz lagundutako programaren xedea bete dela justifikatzeko memoria.

    2. Diruz lagundutako programa gauzatzeko gastuak justifikatzeko dokumentazioa: horren barruan, gastuen zerrenda sailkatua (hartzekodunaren identifikazioarekin), faktura-zenbakia eta dagozkion fakturak jasoko dira. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 53.1.c) artikuluan ezarritakoarekin bat, jatorrizko fakturak eskatu ahal izango dira salbuespenez. Kasu horretan, fakturaren kopia autentifikatu bat emango zaio pertsona edo erakunde onuradunari.

    3. Hala badagokio, diruz lagundutako programan sortutako material zientifikoak (inbentarioak, datu-baseak, kopia digitalak, etab.).

    4. Eskabidea aurkeztu zuten unean onuradunek eskatutako eta geroago jasotako xede bereko beste edozein dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide jasoko duen zerrenda.

      Justifikazioa ez bada aurreikusitako epean aurkezten, pertsona edo erakunde interesdunari hamabost eguneko epean aurkezteko eskatuko zaio, eta epe hori amaituta justifikaziorik aurkeztu ez badu, dirulaguntza likidatzeko prozedura hasiko da.

Dirulaguntza ematean kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira betiere dirulaguntzaren xedea beterik eta arau honetan laguntzaren onuradun izateko ezarritako gutxieneko baldintzak beterik edo edozein erakunde publiko zein pribatutatik beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabideren bat jasotzen bada, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da.

Horretarako, jakinarazpena eman eta gero eta alegazioak aurkezteko epea bukatu ondoren, Kulturako sailburuordeak dagokion likidazio-ebazpena emango du, eta ebazpen horretan, emandako dirulaguntzen zenbatekoak doituko dira, bi xedapen hauetan ezarritakoaren arabera: 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen eskakizunak, araubidea eta betebeharrak ezartzen dituena; eta 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.

  1. Honako hauek izango dira ez-betetzeak:

    1. Jasotako dirulaguntza osoa edo zati bat agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.

    2. Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza ematerakoan ezartzen direnak ez betetzea.

      Salbuespen gisa, jardueraren gauzatzearen ez-betetze partzialak onartu ahal izango dira, baldin eta diruz lagundutako jardueraren helburuak eta konpromisoak betetzera bideratutako jarduketa zalantzarik gabe egiaztatzen bada, eta jardueraren betetze-maila eskabidean aurkeztutako jarduera osoari dagokion aurrekontuaren % 65era iristen bada, gutxienez. Kasu horretan, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu egingo da, eta azkenean emandako zenbatekoa murriztu egingo da, aurrekontu osoarekiko benetan justifikatutako zenbatekoaren proportzioan.

      Salbuespen gisa, aurrez ezarritako ehunekoan ez bada lortzen proiektuaren gauzatze-maila, dirulaguntzaren organo kudeatzaileak ez-betetze partzialak egin direla onartu ahal izango du, baldin eta dirulaguntzaren erakunde onuradunak egindako lanek berezitasun- eta espezifikotasun-ezaugarri objektiboak badituzte, eta, berez, diruz lagundutako proiektuaren xedeari eta helburuari balio erantsia ematen badiote.

    3. Diruz lagundutako programa aldatzea, Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren aurretiazko baimenik gabe.

    4. Dirulaguntzen arloan aplikatu behar den beste xedapen batek orokorrean ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea; batik bat, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan xedatutakoak.

  2. Baldintza horietako bat egiaztatzen bada, jaso diren kopuruak eta sortu diren berandutze-interesak itzuli beharko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, honako bi xedapen hauek aurretiaz betez: 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen eskakizunak, araubidea eta betebeharrak ezartzen dituena; eta 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.

Arduraduna: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila; Kultura Ondarearen Zuzendaritza.

Donostia kalea 1 01010 Vitoria-Gasteiz, Araba.

Telefono-zenbakia: 945 01 80 00.

Webgunea: http://euskadi.eus

Xedea: Kultura-ondarearen arloko laguntzak eta dirulaguntzak kudeatzea.

Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean egiten den misioa edo tratamenduaren arduradunari aitortzen zaizkion botere publikoak egikaritzeko.

Oinarri juridikoa:

38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.

Hartzaileak: arlo honetan eskumenak dituzten administrazio publikoei eman ahal izango zaizkie datu pertsonalak.

Eskubideak: eskubidea duzu datuak eskuratu, zuzendu eta ezerezteko, bai eta tratamendua mugatu zein aurkaratzeko ere. Ikus informazio gehigarria.

Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehiago eskuratu daiteke honako web helbide honetan: https://www.euskadi.eus/tratamendu-jardueren-erregistroa-tje/web01-a2datuba/eu/eu/contenidos/informacion/rat/eu_def/adjuntos/0261_eu.html

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko apirilaren 5a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.

  1. Soilik datu-baseetan deskribatutako artxibo-funtsak digitalizatuko dira; deskribapen-fitxa bakoitzari digitalizazio-unitatetzat hartuko da bilduma- eta item-kodearen metadatuak gehituko zaizkio. Datu-basearen formatua Euskadiko Artxibo historikoarekin koordinatuko da, eta FileMaker programa hobetsiko da. Fitxategiek erreprodukzio-gailuen kapturako jatorrizko metadatu teknikoak izango dituzte. Fitxategi digitalek metadatu teknikoak izango dituzte, EXIF 2.2 estandarraren arabera, digitalizazio-prozesuari dagokion informazioarekin.

  2. Digitalizazioa nagusiki aireko eskanerrarekin edota argazki-kamerarekin egingo da, horrela agindu honetan eskatutako kalitatea eta baldintza teknikoak bermatuko dira eta.

  3. Dokumentu guztiak tonu jarraituko irudi gisa hartuko dira, eta, beren edukia eta egoera fisikoa zehaztasun handienaz erreproduzitzeko, kolore errealean digitalizatuko dira; kolorearen bizitasuna, gutxienez, 24 bitekoa izango da.

  4. Digitalizatzerakoan gutxieneko bereizmena 5.600 x 3.700 pixelekoa izango da, 300 ppp-tan, dokumentua beti kalitate fotografikoarekin inprimatu ahal izateko, gutxienez jatorrizko neurrian. Adierazitakoa baino bereizmen handiagoa erabiltzea hobekuntzatzat hartuko da edota digitalizazio kalitatearen balio erantsi gisa. Ezaugarri bereziak dituzten dokumentuak hala nola paperezko argazkiak, gardenkiak, planoak, entzunezko dokumentuak etab. era berezian digitalizatu beharko dira, haien ezaugarriak eta Euskadiko Artxibo Historikoak ezarritako preskripzio teknikoak kontuan izanda.

  5. Digitalizazioa (dokumentu berezi, grafiko, argazki, marrazki, plano eta abarrena izan ezik) «orrialde bikoitza» sistema erabilita egingo da beti; hots, dokumentu edo espedientearen aurreko ifrentzua eta hurrengo aurkia irudi bakoitzean. Espediente bakoitzaren eskuinaldean geratzen den lehen folioan (aurkia) eta ezkerrean geratzen den azken folioan (ifrentzua) izan ezik, kasu horretan hasierako eta bukaerako fotograma bana egingo baitira. Item bakoitza bereizita digitalizatuko da.

  6. Digitalizazioaren emaitza gisa, honako hauek emango zaizkio Euskadiko Artxibo Historikoari digitalizatutako irudi bakoitzeko:

  1. Fitxategi bat TIFF 6/0/ISO formatuan, konprimatu gabe eta kapturako gehieneko bereizmenarekin. Artxibo hori segurtasun-fitxategitzat hartuko da.

  2. Segurtasun-fitxategiaren bereizmen bereko eta konpresiorik gabeko JPG formatuko fitxategi bat, dagokion jatorrizko kaptura-fitxategitik edo, halakorik ezean, segurtasun-fitxategitik eratorria. Artxibo hori digitalizazio-mastertzat hartuko da.

  3. Fitxategi bat JPG formatuan (hedatzeko kopia izango da), hori ere jatorrizko kaptura-fitxategitik edo digitalizazio-masterretik eratorria, bereizmena 3.266 x 2.100 pixelekoa izango da 175 ppp-tan, eta jatorrizko kalitatea edo konpresioa % 60koa, eta Interneten hedatzeko optimizatua.

  4. Artxibo-funtsek argazkiak badituzte, argazki bakoitzeko kaptura-fitxategi bat gehituko da RAW formatuan, arau orokorretan zehaztutakoez gain.

  1. Artxibo-funtsek entzunezko edo ikus-entzunezko dokumentuak badituzte, honako hauek entregatuko zaizkio Euskadiko Artxibo Historikoari:

  1. Lehen kopia digital bat AIFF formatuan, segurtasun-fitxategi gisa.

  2. Bigarren kopia digital bat WAV formatuan, digitalizazio-master gisa.

  3. Hirugarren kopia digital bat MP3 formatuan (128 KB/s), hedapen- edota kontsulta-fitxategi gisa.

  1. Euskadiko Artxibo Historikoari kopiak entregatzeko/biltegiratzeko formatua:

  1. Kontserbazio- eta kontsulta-kopia bana, gutxienez 500 GB-eko edukiera duten disko gogorretan, eta USB 3.0 edo Firewire 400/800 ataka bidez konektatu ahal izateko moduan. Halaber, fitxategi guztiak zuzen irekitzen edota irakurtzen direla ziurtatu beharko da, balizko grabazio-akatsak ezabatzeko.

  2. Disko gogorra grabazio-formatu hibridoan grabatuko da, hau da, formateatuta, fitxategiak irakurtzeko moduan bai Windows sistema eragileetan, bai Appleren MacOSen, bai Linux/Unix-en.

  3. Biltegiratze-euskarriek, jatorria zein den jakiteko, erakundearen identifikazio-datuak eraman beharko dituzte eta, hala badagokio, irudien titulartasuna. Euskarri guztietan, edukia zein den jakiteko behar den informazioa jasoko da: zenbakia, izenburua, edukia eta sorrera-data.

    (Ikus .PDF)