Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2023ko abenduaren 20koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez ezartzen baitira EAEko Hezkuntza Sailaren mendeko Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxe publikoetan eta itunpeko ikastetxe pribatuetan 2024-2025 ikasturtean izena emateko eskabideak aurkezteko egutegi komuna eta onartzeko epea, bai eta ikastetxe horietan ikasleak onartzeko jarraibideak ere.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 5
  • Hurrenkera-zk.: 76
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2023/12/20
  • Argitaratze-data: 2024/01/08

Testu legala

Urtarrilaren 9ko 1/2018 Dekretuaren 10. artikuluan ezartzen denaren arabera, urtero, hezkuntzako eskumena duen sailburuaren agindu baten bidez, eskabideak aurkezteko epe komuna irekiko da eta prozedurako hurrengo faseei dagozkien epeak ezarriko dira (1/2018 Dekretuak arautzen du ikasleak onartzea nahiz eskolatzea Euskal Autonomia Erkidegoan hezkuntzako eskumena duen sailaren agindupeko ikastetxe publikoetan eta Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergo eta oinarrizko, erdi-mailako eta goi-mailako Lanbide Heziketako itunpeko ikastetxe pribatuetan, baita oinarrizko lanbide heziketa ematen den udalaren ikastetxe publikoetan ere).

Bestalde, 1/2018 Dekretua aldatzen duen azaroaren 2ko 132/2022 Dekretuak (2022ko azaroaren 14ko EHAA) zenbait aldaketa sartzen ditu ikasleak onartzeko prozesuan, eta garrantzitsuenetako bat da berariazko hezkuntza-laguntza premiak dituzten ikasletzat jotzea, besteak beste, hezkuntza- eta gizarte-zaurgarritasun egoeran daudenak. Alde horretatik, dekretu horrek, indarreko oinarrizko araudiarekin bat, xedatzen du mota horretako ikasleentzat plaza-erreserba bat ezartzeko derrigortasuna egikaritu behar dela ikastetxe bakoitzeko berariazko hezkuntza-laguntza premiak dituzten ikasleen ehunekoa kontuan hartuta.

Halaber, aipatutako 132/2022 Dekretuak azpimarratzen du garrantzitsua dela eskolako plazen eskaintza eskolatze-behar errealetara egokitzea, eskaintza gehiegi edo gutxiegi egotea ekiditeko. Laburbilduz, eskaintzaren planifikazioak eta onartzeko prozesua arautzen duten mekanismoek aniztasuna eta zaurgarritasuna modu orekatuan banatu behar dute funts publikoekin finantzatutako ikastetxe publiko guztien artean, ikasleak arrazoi sozioekonomikoengatik edo beste batzuengatik bereiztea ekiditeko.

2022-2023 ikasturtea onartzeko prozesua arautzen duen Hezkuntzako sailburuaren 2022ko abenduaren 21eko Aginduak, 132/2022 Dekretuak sartutako araudi berria aplikatuz, hainbat neurri jasotzen zituen aurreko bi paragrafoetan aipatutakoaren ildotik, ikasleak arrazoi sozioekonomikoengatik edo bestelako arrazoiengatik bereiztea saihesteko. Agindu honen bidez, jarraipena eman nahi zaio aurreko ekitaldian arrakastaz ezarritako jarduera-ildoari, hezkuntza-sisteman sartzeko mailetatik sustatu nahi baita dibertsitatea eta zaurgarritasuna gero eta modu orekatuagoan banatzea funts publikoen bitartez finantzatzen diren ikastetxe guztien artean.

Horregatik, Euskal Autonomia Erkidegoaren funts publikoekin ordaindutako ikastetxeetan, 2024-2025 ikasturteko ikasleak onartzeko prozesuan bete beharko diren egutegia eta prozedura-arauak ezarri behar dira. Hori dela eta, hau

Agindu hau aplikagarria izango da Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publikoetan eta ikastetxe pribatu itunduetan, honako hauetan:

Haur Hezkuntzako lehen zikloko hirugarren ikasturtea (2 urteko gelak),

Haur Hezkuntzako bigarren zikloa,

Lehen Hezkuntza eta

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza.

Halaber, aplikagarria izango da soilik Haur Hezkuntzako lehen zikloa ematen duten ikastetxe pribatu baimenduetan, ikasleak onartzen badituzte urtarrilaren 9ko 1/2018 Dekretuaren Lehen Xedapen Gehigarrian xedatutakoarekin bat.

  1. Onarpen-prozesu honetan parte hartu beharko dute aurreko artikuluan zehaztutako edozein ikastetxetan 2 urteko gela batean onartuak izan nahi duten ikasleek, bai eta Haur Hezkuntzako bigarren zikloko eta Lehen Hezkuntzako edo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako edozein mailatan ikastetxe horietakoren batean lehen aldiz sartu nahi dutenek ere. Halaber, jada eskolatuta egonda ikastetxez aldatu nahi edo behar duten ikasleek, edo hizkuntza-eredua aldatu nahi dutenek, onartzeko prozesu honetan parte hartu beharko dute, aipatutako edozein maila edo etapa ikasteko.

    Eskatzaileek nahi adina ikastetxe eskatu ahalko dituzte. Eskatutako ikastetxeetan plazarik lortzen ez bada eta 2024-25ean ikasten jarraitzeko erreferentziako ikastetxerik ez badago, lurralde-ordezkariak plaza bat esleituko du eskatzailearen eragin-eremuaren barruan, II. eranskinaren hogeita seigarren jarraibidean ezarritakoaren arabera.

Automatikoki bermatuko da ikastetxe bereko etapa eta maila desberdinetan ikasten jarraitu ahal izatea, eta, ondorioz, ez da onartzeko eskaerarik egin beharko, 2 urteko gela batera sartzeko izan ezik.

  1. Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetako Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleek ez dute onartzeko eskaerarik aurkeztu behar Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. mailan sartzeko dagokion institutuan, baldin eta atxikitako institutua bakarra eta hizkuntza-eredua bera badira. Hala ere, horrek ez du esan nahi ezin denik onartzeko eskaerarik aurkeztu beste ikastetxe edo hizkuntza-eredu batean. Kasu honetan, ikasleak uko egingo dio ikastetxe eta hizkuntza-eredu atxikian zuzenean sartzeko bermeari, eta 1/2018 Dekretuan eta agindu honetan ezartzen diren sartzeko baldintza orokorren mende jarriko da.

  2. Agindu honen I. eranskinean daude jasota hizkuntza-eredu berean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza ikasteko ikastetxe atxiki bat baino gehiago dituzten Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publiko guztiak. Ikastetxe eta eredu horietako ikasleei ezin zaie ikastetxe atxiki bakar bat zuzenean esleitu ikasketekin jarraitzeko, aukera bat baino gehiago baitute. Horregatik, onartzeko eskaera aurkeztu beharko dute Lehen Hezkuntzako 6. mailatik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. mailara pasatzeko.

Eskabideak aurkezteko egutegi komuna eta ikasleak onartzeko prozeduraren epeak hauek dira:

  1. Ikastetxeko Eskola Kontseiluak emandako puntuazioaren irizpideak zehaztea: otsailaren 6ra arte.

  2. Eskabideak eta egiaztagiriak aurkeztea: otsailaren 7tik 23ra.

  3. Eskabideak aldatzea: otsailaren 23ra arte.

  4. Eskatzaileen zerrenda argitaratzea: martxoaren 12a. Kontsultak egitea eta erreklamazioak aurkeztea: martxoaren 21era arte.

  5. Onarpen-prozesuaren hasiera: martxoaren 12a.

  6. Behin-behineko zerrendak argitaratzea: martxoaren 26a. Kontsulta: apirilaren 10era arte.

  7. Behin-behineko zerrenden aurkako erreklamazioak ikastetxeko Eskola Kontseiluan: apirilaren 10era arte.

  8. Eskabidean atzera egitea: apirilaren 10era arte.

  9. Behin betiko zerrenden argitalpena: apirilaren 26a. Kontsulta: maiatzaren 30era arte.

  10. Hezkuntzako lurralde-ordezkariek adjudikatutako plazen zerrendak argitaratzea: apirilaren 29a.

  11. Behin betiko zerrenden aurka gora jotzeko errekurtsoak jartzea lurralde ordezkariari: maiatzaren 30era arte.

  12. Estatistika-datuak grabatzea: maiatzaren 2tik 9ra. Halaber, irailean, Hezkuntza Saileko estatistika-unitateek adierazten dieten epean baliozkotu beharko dituzte matrikularen behin betiko estatistika-datuak, aplikazio informatikoan.

  1. Itxarote-zerrendaren indarraldia: irailaren 13ra arte.

  2. Plazen erreserbaren iraunaldia: irailaren 13ra arte.

  3. Ikasleak onartzen direla bermatzeko lurralde batzordeen indarraldia: irailaren 13ra arte.

Agindu honen II. eranskinean jasotzen diren onartzeko prozesuari buruzko jarraibideak onartzen dira.

Eskabidean ageri diren datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta «Ikastetxeetako ikasleen onarpena eta matrikula» izeneko tratamendu-jardueran sartuko dira:

Arduraduna: Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.

Helburua: Araubide Orokorreko Ikasketetako (Haur eta Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa) ikasleen onarpena eta matrikula, EAEko ikastetxe publikoetan eta itunpeko ikastetxe pribatuetan. Araubide Bereziko Ikasketetako (Ikasketa artistikoak, Kirol-ikasketak eta Hizkuntza-ikasketak) ikasleen onarpena eta matrikula, EAEko ikastetxe publiko eta pribatuetan.

Legitimazioa:

Tratamendua beharrezkoa da aplikagarriak diren legezko betebeharrak betetzeko.

Tratamendua beharrezkoa izatea interes publikoaren aldeko eginkizun bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak betetzeko jardunean.

Hartzaileak:

Foru-aldundiak.

Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila.

Eskubideak: eskatzaileek eskubidea izango dute datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazten diren beste eskubide batzuk ere.

Informazio gehigarria: gure web-orrian kontsulta daiteke datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza:

www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/045500-capa2-eu.shtml

Araudia:

Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES)

3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673)

Era berean, eskatzaileek baimena ematen diote Ikastetxe eta Plangintzako Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan egiazta ditzan aurkeztutako agiriak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko abenduaren 20a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

(Ikus .PDF)

Lehenengoa. Aplikatu beharreko araudia.

Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publikoetan eta itunpeko ikastetxe pribatuetan, Haur Hezkuntzako lehen zikloko eta ondorengo ikasturteetako eta Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako etapetan, 2024-2025 ikasturterako ikasleak onartzeko, Hezkuntzari buruzko 2/2006 Lege Organikoaren II. tituluko III. kapituluan xedatutakoa beteko da, aurreko Legea aldatzen duen abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoak eta urtarrilaren 9ko 1/2018 Dekretuak emandako idazketan, bai eta Hezkuntzako sailburuaren Agindua ere, 2024-2025 ikasturtean ikasleak onartzeko eskabideak aurkezteko egutegi komuna eta epeak ezartzen dituena eta ikasleak onartzeko jarraibide hauek onartzen dituena. Halaber, aplikagarria izango da soilik Haur Hezkuntzako lehen zikloa ematen duten ikastetxe pribatu baimenduetako 2 urteko geletan, ikasleak onartzen badituzte urtarrilaren 9ko 1/2018 Dekretuaren Lehen Xedapen Gehigarrian xedatutakoarekin bat.

Bigarrena. Ikasleak onartzeko berme-batzordeak.

  1. Ikasleak onartzeko lurraldeetako egungo berme-batzordeek haien eginkizunak betetzen jarraituko dute agindu honen 5. artikuluan adierazten den datara arte; izan ere, egun horretan berrituko dira. Hezkuntzako lurralde-ordezkariek beharrezkotzat joz gero, ikasleak onartzeko beste berme-batzorde batzuk eratu ahal izango dira, maila eta/edo esparru geografiko zehatz batean. Hori erabakiz gero, ikasleak onartzeko lurraldeetako berme-batzordeek dagokion batzordearen esku utziko dituzte geografia-eremu edo -maila horietako eginkizunak.

  2. Ikasleak onartzeko berme-batzorde guztiek gizon eta emakumeen ordezkaritza orekatua izango dute, eta honela osatuko dira:

    1. Hezkuntza Sailaren bi ordezkari; horietako bat batzordeko burua izango da eta bestea idazkaria.

    2. Ikastetxe publiko bateko zuzendari bat, zozketa bidez hautatua, zer ikastetxetatik datorren adierazita.

    3. Itunpeko ikastetxe pribatu bateko zuzendari bat, zozketa bidez hautatua, zer ikastetxetatik datorren adierazita.

    4. Batzordeari dagokion esparru geografikoko udalen ordezkari bat, zer udaletatik datorren adierazita.

    5. Etapako edo etapetako ikasleen lau guraso, bi ikastetxe publikoetakoak eta beste bi itunpeko ikastetxeetakoak, lurraldean ordezkaritza handiena duten guraso-elkarteen federazioek proposatuak, zer ikastetxetatik datozen adierazita. Ordezkaritza-eskubidea duten sektoreetako batean Gurasoen Elkarteen Federaziorik ez badago, bi guraso aukeratuko dira, dagozkien ikastetxeen artean zozketa bidez izendatutako bi ikastetxetako Eskola Kontseiluetako estamentu horretako ordezkarien artean, zer ikastetxetatik datozen adierazita.

    6. Dagokion etapako edo etapetako lau irakasle, bi ikastetxe publikoetakoak eta beste bi itunpeko ikastetxe pribatuetakoak, dagokion lurraldean ordezkaritza handiena duten irakasleen sindikatuek proposatuak, zer ikastetxetatik datozen adierazita.

    7. DBHko bi ikasle, bat Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publikoetakoa eta beste bat itunpeko ikastetxeetakoa, horietako bakoitzaren Eskola Kontseiluko ordezkariek hautatuak. Bi ikastetxeak zozketa bidez aukeratuko dira, dagokien ikastetxeen artean.

  3. Ikasleak onartzeko berme-batzordeek honako eginkizun hauek izango dituzte:

    1. Ikasleen onartzeko prozesua ikuskatzea, dagokion esparru geografikoko ikastetxe publiko eta pribatu itunduetan, eta araudia betetzen dela bermatzea, hezkuntzako ikuskaritzaren eginkizunei eta eskumenei kalterik egin gabe.

    2. Hezkuntzako lurralde-ordezkariei aholku ematea, ikastetxe bakoitzaren inguruko eragin-eremua eta haren mugakide diren eremuak mugatzeko proposamena egiteko.

    3. Hezkuntzako lurralde-ordezkariei aholku ematea, ikasleren batek eskabide bat baino gehiago egin badu eta eskatzaileek aurkeztutako agirien faltsutasuna frogatzen bada, ikasle horien eskolatzeari buruzko erabakiak hartzeko.

  4. Ikasleak onartzeko berme-batzordeak eratzeko, hezkuntzako lurralde-ordezkariak eskatuko die lurralde eta etapa bakoitzean ordezkaritza handiena duten udalen elkarteei, gurasoen elkarteei eta lurraldean eta dagokien etapetan ordezkaritza handiena duten irakasleen sindikatuei haien ordezkariak izenda ditzatela batzorde horietarako. Organizazio horiek hamar eguneko epean jakinarazi beharko dituzte ordezkarien izenak. Hala egingo ez balute, Batzordeak balio osoz eratuko dira, izendatu gabe geratu diren ordezkarien parte-hartzerik gabe.

  5. Hezkuntzako lurralde-ordezkariek, halaber, hezkuntza-administrazioak ikasleak onartzeko berme-batzordeetan izango dituen ordezkariak izendatuko dituzte, eta zozketa publikoak egingo dituzte honako hauek hautatzeko:

    ikastetxe publikoen eta itunpeko ikastetxe pribatuen zuzendariak.

    ikastetxe publiko bat eta itunpeko ikastetxe pribatu bat, zeinen eskola-kontseiluak aukeratuko baititu Batzordeetako kide izango diren ikasleak.

    Denbora nahikoaz jakinaraziko zaie ikastetxe guztiei zozketa horiek noiz eta non egingo diren.

    Hirugarrena. Eragin-eremuak.

  1. Hezkuntzako lurralde-ordezkariek, ikasleak onartzeko berme-batzordeei eta eragindako ikastetxe eta udalerriei entzun ondoren eta aintzat hartuta ikastetxe bakoitzean planifikatutako plazen kopurua eta inguruko eskola-populazioa, eragin-eremuak eta horien mugakideak mugatzeko proposamena egingo dute eta Hezkuntzako sailburuordeari bidaliko diote.

  2. Hezkuntzako sailburuordeak, ebazpen bidez, eragin-eremuak eta horien mugakideak zedarrituko ditu.

    Hezkuntzako sailburuordeak lurralde historiko bateko lurralde-eremua gainditzen duten eragin-eremuak ezarri ahal izango ditu, ikastetxeren batean ematen diren irakaskuntzak oso bereziak badira edo bestelako salbuespen-egoerak badaude.

  3. Eragin-eremuak eta horien mugakideak zehaztuko dira ikastetxeetan ematen diren etapa bakoitzerako. Arlo horiek mugatzen dituen Hezkuntzako sailburuordearen ebazpena jendearen eskura egongo da, bai Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzetan, bai onarpen-prozesuari buruzko webgunean.

  4. Hezkuntzako lurralde-ordezkariek toki-korporazioei laguntza eskatu ahal izango diete jarraibide honetan xedatutakoa aplikatzeko, eta toki-korporazioek derrigor lagundu beharko dute zeregin horretan, hala eskatzen bazaie.

    Laugarrena. Ikaspostu kopuruaren zehaztapena.

  1. Hezkuntza Sailburuordetzak zehaztuko du ikaspostuen kopurua. Eskola-plazen eskaintza eskolatze-behar errealetara egokituko da, eskaintza gehiegi edo gutxiegi egotea ekiditeko. Eskaintzaren planifikazioak eta onartzeko prozesua arautzen duten mekanismoek aniztasuna eta zaurgarritasuna modu orekatuan banatu behar dute funts publikoekin finantzatutako ikastetxe publiko guztietan, ikasleak arrazoi sozioekonomikoengatik edo beste batzuengatik bereiztea ekiditeko.

  2. Eskabideak eta egiaztagiriak aurkezteko epea hasi baino lehen, Hezkuntzako lurralde-ordezkariek agindu honetan araututako onarpen-prozesuan parte hartzen duten ikastetxeei jakinaraziko diete zein den behin-behinean eskain dezaketen taldeen eta gehieneko ikasleen kopurua maila eta hizkuntza-eredu bakoitzean.

  3. Eskatzaileen zerrenda argitaratzearekin batera, eta onarpen-prozesua hasten den unean, Hezkuntzako lurralde-ordezkariek jakinaraziko diote agindu honetan araututako onarpen-prozesuan parte hartzen duen ikastetxe bakoitzari zenbat talde eta gehienez zenbat ikasle matrikulatu ahal izango diren hizkuntza-maila eta -eredu bakoitzean. 2 eta 3 urteko mailetan kopuru hori egokitu egingo da, ikastetxe eta hizkuntza-eredu horrek jasotako eskaeren guztizko kopuruaren arabera.

    Plaza erabilgarrien kopurua izango da aurreko paragrafoan xedatutakoaren arabera behin betiko planifikatutako eta jakinarazitako gehieneko plaza-kopurua.

    Esleipen-prozesuan zehar eragin-eremu jakin batean eskaintza txikia dagoela ikusten bada (plaza nahikorik ez egotea, itxarote-zerrendak orokortzea...), plangintza egokitu egingo da, eskaera guztiei erantzuteko adina plaza daudela bermatzeko.

  4. Eskola Txikietan, eskaintzaren zehaztapena herriko eskarira egokituko da, eta eragin-eremua herria bera izango da. Ikastetxe horien zerrenda IV. eranskinean jasotzen da.

  5. Ikastetxeentzako eta eskatzaileentzako jakinarazpenak kudeaketa akademikoko aplikazio informatikoaren eta Ikasgunea plataforma digitalaren bidez egingo dira, hurrenez hurren.

    Bosgarrena. Plazak gordetzea.

  1. Berariazko hezkuntza-laguntzaren premia duten ikasleen proportzio orekatua lortzeko xedearekin, urtarrilaren 9ko 1/2018 Dekretuaren 20 artikuluan ezarritako terminoetan, Hezkuntza Sailak zehaztuko du bere mendeko ikastetxe publikoek eta itunpeko ikastetxe pribatuek ikasle horiek eskolatzeko ikasturte bakoitzean gorde behar dituzten plazen kopurua.

    2 eta 3 urteko mailetarako, eragin-eremu bakoitzeko zentroetako plazen erreserba eragin-eremu horretako Zaurgarritasun Indizearen arabera zehaztuko da.

    Maila horietan, eremuko eta zentroko Zaurgarritasun Indizearen arteko aldea portzentajezko 10 puntutik gorakoa bada, gutxieneko plaza-erreserba zentroaren Zaurgarritasun Indizea gehi portzentajezko 10 puntukoa izango da (zentroaren indizeak eremuko indizea portzentajezko 10 puntu baino gehiagoz gainditzen badu, plazen erreserba zentroko Zaurgarritasun Indizea ken portzentajezko 10 puntukoa izango da).

    Eragin-eremu bakoitzeko Zaurgarritasun Indizea kalkulatzeko, zaurgarritasun sozioekonomiko oso handia duten ikasleak eta hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleak hartuko dira kontuan, aintzat hartuta egungo onarpen-prozesuan parte hartzen duten ikasleak eta aurreko prozesuan 2 urteko mailara sartzeko parte hartu zutenak. Irakas Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeak kalkulurako erabilitako oinarriak edo irizpideak eta eragin-eremu bakoitzari dagokion indizea argitaratuko ditu bere webgunean, bi zentrok edo gutxiagok osatutako eremuen kasuan izan ezik.

    Hezkuntza Sailak ikastetxe bakoitzari jakinaraziko dio zein den bai ikastetxeari berari dagokion Zaurgarritasun Indizea, bai haren eragin-eremuari dagokiona, kudeaketa akademikoko aplikazioaren bitartez.

  2. Berariazko hezkuntza-laguntza premiak dituzten ikasleak zein diren zehazteko, beren egoera sozioedukatiboari buruzko galdetegi bat betetzeko eskatuko zaie eskatzaileei. Galdetegi horren bidez zehaztuko da nork dituen berariazko hezkuntza-laguntza premiak, eremu horretan zaurgarritasun handiena izateagatik, 1/2018 Dekretuaren 20. artikuluan aurreikusitakoaren arabera (azaroaren 2ko 132/2022 Dekretuak aldatu zuen 1/2018 Dekretua).

  3. Hezkuntzako lurralde-ordezkariek, eskatzaileen zerrenda argitaratzearekin batera, ikastetxe bakoitzari jakinaraziko diote, kudeaketa akademikoko aplikazioaren bidez, zer plaza erreserbatu behar dituzten hezkuntza-laguntzako premia espezifikoak dituzten ikasleentzat ikasturte bakoitzean.

  4. Plazak gordeko dira itxarote-zerrenden indarraldia amaitu arte.

    Seigarrena. Atxikitako ikastetxeetan ikasleak onartzeko lehentasunak.

  1. Haur Hezkuntzako lehen zikloa soilik ematen duten eta ikasleak urtarrilaren 9ko 1/2018 Dekretuan xedatutakoari jarraikiz onartzen dituzten ikastetxe pribatu baimenduetako ikasleek lehentasuna izango dute beren ikastetxea atxikita dagoen Haur Hezkuntzako bigarren zikloko ikastetxean edo ikastetxeetan sartzeko, eta bermatuta geratuko da ikastetxe horretan onartzea, baldin eta nahikoa plaza badago Haur Hezkuntzako bigarren zikloko (3 urte) lehen mailako plazen erreserba kontuan hartuta eta errespetatuta, II. eranskin honetako bosgarren jarraibidean ezartzen den bezala.

  2. Haur Hezkuntzako ikastetxeetako ikasleak zer ikastetxetan dabiltzan, ikastetxe horri atxikitako Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan izango dute lehentasuna, eta ikastetxe horietan onartuak izango direla bermatuko da baldin eta bertan nahikoa plaza badaude.

  3. Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako ikasleak zer ikastetxetan dabiltzan, ikastetxe horri atxikitako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan izango dute lehentasuna, eta ikastetxe horietan onartuak izango direla bermatuko da baldin eta bertan nahikoa plaza badaude.

  4. Musika eta dantzako ikasketa arautuak eta derrigorrezko bigarren hezkuntzako ikasketak batera ikasten dituzten edo errendimendu handiko kirol-programak jarraitzen dituzten ikasleek lehentasuna izango dute onartuak izateko Hezkuntza Sailak zehazten dituen Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan; gainera, bermatuta izango dute horietara joateko aukera, baldin eta horietan nahikoa plaza badaude. Apartatu honetan jasotako ikasleek lehentasun-eskubideaz baliatzeko, ikasleentzat aurreko apartatuan jasotzen diren eskubideak bete behar dituzte. Paragrafo horretan aipatzen diren ikastetxeak Aginduaren III. eranskinean agertzen dira. Ez da beharrezkoa izango justifikazio-agiria aurkeztea, baldin eta ikaslea EAEko Musikako irakaskuntza arautuko ikastetxe batean matrikulatuta badago.

  5. Lehentasun horiek kontuan hartuko dira atxikitako zentroak eta ereduak lehentasunezko eskaerak direnean, hau da, zentro eta eredu horiek lehenengo tokietan eta elkarren segidan eskatutako aukerak direnean. Ondorioz, eskubide horri uko egingo zaio ikastetxe eta eredu atxikietan egindako eskaeretan, atxiki gabeko ikastetxeetan edo ereduetan egindako eskaerak baino lehentasun-maila txikiagoa dutenean, aurreko apartatuan aipatzen diren ikasleak izan ezik, baldin eta III. eranskinean agertzen diren ikastetxeak eskatzen badituzte.

  6. Aurreko ataletan jasotako ikasleek ez dute baremoko atalei buruzko dokumentaziorik aurkeztu beharko. Derrigorrean barematu behar denean soilik eskatuko diete ikastetxeek dokumentazio hori aurkezteko.

    Zazpigarrena. Ikasleak onartzeko prozesuari buruzko informazioa.

    Onartzeko eskabideak aurkezteko epea ireki baino lehen, ikastetxe publiko eta pribatu itundu guztiek ondoko informazioa emango diete argibideak eskatzen dituzten ikasleen guraso edo tutoreei, eta ikastetxeko iragarki-taulan ere jarriko dute:

    1. Ikasleak ikastetxe publiko eta pribatu itunduetan onartzeko araudia.

    2. Ikastetxearen eragin-eremuak eta haren mugakideak.

    3. Eskabideak egiteko epeak.

    4. Prozesuaren egutegia, eta, horren barruan, besteak beste, onartu eta baztertutako ikasleen zerrendak argitaratzeko egunak, erreklamazioak jartzeko epeak eta eskabideari uko egiteko epea.

    5. Ikastetxearen eskola-kontseiluak puntuazioak emateko finkatutako irizpideak. Eskabideak aurkezteko epea hasi baino lehenago Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzari irizpideok jakinarazteko bidalitako idazkiaren kopia jarriko da iragarki-taulan.

    6. Eskabideak aurkezteko epean ikastetxeko idazkaritzak jendeari erantzuteko duen egutegia eta ordutegia.

    7. Onartzeko prozesuari buruz maizenik egiten diren galderen erantzunen agiria.

      Zortzigarrena. Eskatzaileak eta eskabidea bideratzeko erak.

      1. Eskabidea ikaslearen aitak, amak edo tutoreak aurkeztuko du.

      2. Honako bi moduetako batean aurkeztu ahalko dira eskabideak:

        Online, Hezkuntza Sailak horretarako prestatutako aplikazio informatikoaren bitartez (Ikasgunea).

        Lehen tokian hautaturiko ikastetxeko idazkaritzan, zeinak izango baitu aplikazio informatikoan eskatzaileak eskabidean emandako datuak sartzeko ardura.

      1. On-line eskabidea.

        Online eskabidea otsailaren 23ko 24:00etara arte aurkeztu ahal izango da; ordutik aurrera, aplikazioa ez da aktibo egongo. Aplikazioan sartzeko, «Ikasgunea» ataria (https://ikasgunea.euskadi.eus) erabili beharko da.

        Eskabidearekin batera, beharrezkoak diren dokumentuak erantsiko dira, bai nahitaezkoak, bai baremazio-prozesuan puntuak egiaztatzen dituztenak.

        Eskabidea bete eta gorde ondoren, lehenengo tokian hautaturiko ikastetxera bidaliko du informatika-aplikazioak, eta horrek bideratuko du. Eskatzaileak nahi duenean jaso ahal izango du eskabidearen frogagiria, eta zirriborrotzat hartuko da ikastetxeak izapideak egin arte.

        Eskabideari alta eman ondoren, eskatzaileek aplikazioan jasotako datuak aldatu edo zuzendu ahal izango dituzte otsailaren 23ra arte. Lehenengo lekuan eskatutako ikastetxea eskabidea izapidetzen hasi delako, aldaketarik edo zuzenketarik ezin bada egin, ikastetxe horrekin jarri beharko da harremanetan.

      2. Eskabide presentziala.

        Eskatzailea lehen tokian eskatutako ikastetxera joango da, idazkaritza-orduetan, otsailaren 23ra arte egun hori barne hartuta, eta aurkeztu nahi duen dokumentazioa eramango du.

        Eskabidearen datuak sartu eta dokumentazioa egiaztatu ondoren, ikastetxeak eskatzaileari inprimaki bat erakutsiko dio; bertan, honako datu hauek jasoko dira: datu pertsonalak, egindako eskaerak, baremaziorako argudiatu diren arrazoiak, eta eman diren dokumentuak zeintzuk diren.

        Eskatzaileak, berriz, sartutako datuak aztertuko ditu, eta, konforme baldin badago, inprimakia sinatuko du. Ikastetxeak, orduan, eskatzaileak sinatutako inprimakia zigilatu eta lehen sartutako datuak balioztatuko ditu. Inprimaki hori, sinatuta eta zigilatuta dagoenean, eskatzaileak egindako eskabideen frogagiria eta egiaztagiria izango da.

        Eskatzaileek otsailaren 23ra arte (egun hori barne) izango dute aukera gordetako daturen bat aldatzeko edo zuzentzeko. Eskabidea zer ikastetxetan entregatu, ikastetxe horrek egin beharko ditu aldaketak. Data horretatik aurrera ez da zuzenketarik onartuko.

        Dagokion zuzenketa egiteko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik eman zitzaion jatorrizko inprimakia, sinatuta eta zigilatuta, aurkeztea. Egin beharreko zuzenketak egin ondoren, beste inprimaki bat emango zaio, sinatuta eta zigilatuta; orduan, zaharra apurtu eta datu berriak balidatuko dira.

      3. Eskabideak baldintza guztiak betetzen ez baditu edo eskatutako nahitaezko agiri guztiak ez baditu, eskatzaileari eskatuko zaio hamar eguneko epean hutsa zuzentzeko edo nahitaezkoak diren agiriak aurkezteko, eta adieraziko zaio, hala egin ezean, eskabidea bertan behera utziko zaiola, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak xedatutakoaren arabera.

      4. Eskabidea sistema informatikoan grabatutakoan, horren tramitazioa bi eratara jarraitu ahal izango da: aurrez aurre edo online.

        Bederatzigarrena. Izapideak.

      1. Onartzeko eskabidea bakarra izango da, eta eskabide bat baino gehiago aurkezten badira ikastetxe batean edo hainbat ikastetxetan, aukeratzeko eskubidea galduko du eskatzaileak, interesdunarekin nahitaezko entzunaldia izan ondoren betiere. Ondorioz, bikoiztutako eskabideak azkenengoz izapidetuko dira, epean aurkeztutako gainerako eskabideei plazak adjudikatu eta gero.

      2. Epez kanpo ez da eskabiderik onartuko. Ikastetxeek epean aurkezten diren matrikula-eskabide guztiak onartu eta izapidetu beharko dituzte, eskatutako mailan eta ereduan nahikoa eskola-plaza egon ala ez, eta, dagokienean, baremoa ezarriko dute.

      3. Haur Hezkuntzako maila bat egin nahi duten ikasleek ikasturtea hasi den urtean duten adinari dagokion maila eskatu beharko dute. Ikasle eskatzailea Haur Hezkuntzako bigarren zikloko hirugarren maila edo Lehen Hezkuntzako edo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako maila bat egiten ari bada, une horretan egiten ari dena baino maila bat gorago onartzeko eskatu behar du. Azken kasu horretan sartzen diren eta Euskal Autonomia Erkidegoa ez den beste leku batetik datozen ikasleek egindako ikasketen ziurtagiria aurkeztu behar dute, argi eta garbi adieraziz zer maila egiten ari diren une horretan.

      4. Hala ere, urte naturaleko azken lauhilekoan gertatutako muturreko prematuritate eta prematuritate handiko kasuetan eta lehen aldiz hezkuntza-sisteman sartzean, adinagatik dagokiona baino maila txikiago batean onartu ahal izango da Haur Hezkuntzako edozein mailatan. Horretarako, honako prozedura hau jarraituko da:

        3. artikuluan adierazitako eskabideak aurkezteko epearen barruan, hori egiaztatzeko txosten medikoa aurkeztuko da.

        1. Lurralde-ordezkariak Hezkuntza Ikuskaritzaren txostena eskatuko du, eta horrek prozedura kasura egokitzen ote den eta haurraren eta familiaren eskubideak errespetatu ote diren baloratu beharko du.

        2. Amaitzeko, Hezkuntza Ikuskaritzaren txostena eta txosten medikoa ikusita, lurralde-ordezkariak eskaeraren izapideak baimendu edo ukatzeko ebazpena emango du, zuzendutako adinarekin bat. Ebazpen horren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko da, hilabete bateko epean, Hezkuntzako sailburuaren aurrean.

      5. Eskabidean, lehentasun-ordenari jarraikiz, nahi beste ikastetxe adieraziko dira, mugarik gabe kopuruan. Eskaera bakoitzean ikastetxe bat eta hizkuntza-eredu bat aukeratuko da.

      6. Ikastetxe batek ez badu eskaintzen eskakizuneko hizkuntza-eredu lehenetsia, Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzak aztertuko du maila eta eredu horretako taldea sortzeko aukerarik baden ikastetxean bertan edo inguruan, betiere behar adina eskabide badaude eta plangintzak posible egiten badu. Dena den, ikasleak parte hartuko du onartzeko prozesuan, eskaintzen diren ereduetan egin dituen gainerako eskabideekin.

      7. Halaber, Lurralde Ordezkaritzek kudeatu beharko dituzte ematen ez diren ikasketak edo hizkuntza-ereduak bakarrik eskatzen dituzten eskabideak. Horretarako, eskabide horiek erregistratu diren ikastetxeei eskatuko diete eskabide horiek beraiek bidaltzeko, eskabidean adierazitako ikastetxeek eskabide bera barematu dutela egiaztatuta aplikazio informatikoan.

      8. Eskabidearekin batera, ondorengo dokumentazioa aurkeztu beharko da, nahitaez:

        Ikaslearen familia-liburuko fotokopia, edo jaiotza-agiria.

        Eskaera egiten duen pertsonari (aita edo ama) dagokion familia-liburuko fotokopia edo pertsona hori ikaslearen legezko tutorea dela egiaztatzen duen agiria.

        Eskabidea egiten duen lagunaren NANaren edo AIZren fotokopia: aitarena edo amarena, edo legezko tutorearena. Ez da aurkeztu beharko, baldin eta linean izapidetu bada eta agiri hori nortasun-datuak kontsultatzeko zerbitzuak balidatu badu.

        Familiaren bizilekuaren ziurtagiria (ikaslearena, aitarena, amarena, edo tutorearena), gehienez hiru hilabeteko antzinatasunekoa eta Udalak egindakoa.

        EAEtik kanpo eskolatutako ikasleen kasuan, egindako ikasketen ziurtagiria, argi eta garbi adieraziz zer maila egiten ari diren une horretan.

        Ikaslea etxean hartu bada, egoera hori egiaztatzen duen ziurtagiri ofiziala.

        Banandutako edo dibortziatutako familiek Hezkuntza Sailak ezarritako protokoloa betetzen dutela egiaztatzen duen agiria (adibidez: ezkontide ohiaren baimen idatzia, eskabidea bermatzen duen ebazpen judiziala edo behin-behineko neurria, eta abar).

        Muturreko prematuritate edo prematuritate handiagatik maila txikiago batean onartzeko eskabidearen kasuan, bederatzigarren Instrukzioko 4. apartatuan adierazitako baldintzetan, eskaera hori ziurtatzen duen txosten medikoa.

        Eskatzailearen gizarte- eta hezkuntza-egoerari buruzko galdetegia, bosgarren jarraibidearen 2. apartatuan aipatua, zeinaren bidez zehaztuko baita, dagokion plaza-erreserbaren ondorioetarako, nork duen berariazko hezkuntza-laguntzaren premiarik, eremu horretan zaurgarritasun handiena izateagatik. Aurreko prozesu batean galdetegia jadanik bete duten pertsonen kasuan, orduan emandako erantzunak hartuko dira kontuan.

        EAEn aldez aurretik eskolatu ez diren eskatzaileen familiek ezaugarri pertsonalak dituztela uste badute eta, behar bezala artatzeko, hezkuntza-premia berezietarako baliabide materialak, antolakuntzakoak edo giza baliabide espezifikoak behar dituztela uste badute, galdetegi bati erantzungo zaio, dagokion Berritzeguneak egoera balora dezan eta, hala badagokio, matrikula egiten den ikastetxean eskatzen diren baliabideak unean-unean planifika ditzan. Ez da galdesorta bete behar adinarekin bat datozen autonomia pertsonalerako mugak badaude, baizik eta izaera bereziko atzerapen edo defizitak badaude. EAEn eskolatuta dauden eskatzaileen kasuan ere ez da bete behar; izan ere, beren hezkuntza-premia berezien balorazioa egungo ikastetxetik eska baitezakete.

        Halaber, baremoko edozein apartaturen puntuazioa eskatzen denean, behar diren egiaztagiriak aurkeztu beharko dira.

        Aurrez aurreko tramitazioan, dokumentazio guztia (bai nahitaezkoa bai baremazioan puntuak lortzeko beharrezkoa dena) lehenengo eskatu den ikastetxean aurkeztuko da, beste edozein ikastetxek eman behar dituen baremazio-puntuak egiaztatzen dituen dokumentazioa izan ezik. Hori ikastetxe bakoitzaren idazkaritzan aurkeztu beharko da, lehenengo eskatu den ikastetxean eskabidea erregistratu ondoren. Horretarako, eskabidean adierazita egon behar dira puntuazioa eskatzen den ikastetxe bakoitzaren baremoko apartatuak.

        Familia-bizilekuari edo lantokiari dagozkion puntuak egiaztatzeko, aski izango da behar diren ziurtagiriak lehenengo eskabidean aukeratutako ikastetxean aurkeztea, eta eskabide guztietarako baliagarriak izango dira, puntuazioa guztietan alda daitekeen arren. Eskabide bakoitzeko, ziurtagiriak kontuan hartuta, aplikazio informatikoak puntuazio hoberena emango du.

        Internet bidezko tramitazioan, dokumentazio guztia eskaneatuko da eta, ondoren, eskabidearekin batera bidali beharko da Hezkuntza Sailak abian jarritako aplikazio telematikoaren bitartez.

        Eskabideak onartzeko epea amaitu ondoren ez da beste agiririk onartuko. Apartatu edo azpiapartatu batean puntuatzeko balio duten agirietako bat aurkezten ez bada, batere punturik gabe geratuko da apartatu edo azpiapartatu hori. Horrek ez du eskabidea baliogabetuko, ezta gainerako apartatuetako edo azpiapartatuetako puntuazioak ere.

        Hezkuntza Administrazioak noiznahi egiaztatu ahal izango du ekarri zaizkion dokumentuen benetakotasuna. Eskatzaileek emandako informazioa edo dokumentazioa faltsua bada edo egiazkoa ez bada, eskaera baliogabetu egingo da.

      9. Hezkuntza-premia bereziak (HPB) dituzten ikasleen matrikulazioari eta eskolatzeari buruzko 118/1998 Dekretuaren 7. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako, talde horretako kidetzat hartuko dira bai EAEn eskolatuta dauden eta Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako Zuzendaritzak halakotzat hartzen dituen pertsonek aurkeztutakoak, baita oraindik EAEn eskolatu gabe dauden pertsonek aurkeztutakoak ere, baldin eta eskaerarekin batera hezkuntza-premia berezia egiaztatzen duen diagnostikoa aurkezten badute.

      10. Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publiko zein itunpeko ikastetxe pribatuetan ikasleak onartzea arautzen duen urtarrilaren 9ko 1/2018 Dekretuaren 25. artikuluak, baremazioan egon litezkeen berdinketak hausteko, ausazko prozedura bat egiteko agintzen du, hezkuntzako eskumena duen sailak zehaztuko duena.

        Xedapen hori betetzeko, eskabidearen datuak balioztatzeko unean, aplikazio informatikoak ausazko hurrenkera-zenbaki bat esleituko dio eskabideari, 1 eta 999999ren arteko zenbaki oso bat alegia. Zenbaki hori erabiliko da egon litezkeen berdinketak hausteko; betiere, gainerako irizpide guztiak aplikatuta ere berdinketak bere horretan badirau. Kasu horretan, aplikazio informatikoak eskabide guztiak txikienetik nagusienera ordenatuko ditu, eta txikienari emango dio lehentasuna.

        Familia berekoak ikastetxe berera joan ahal izatea errazteko, elkarrekin bizi diren bi neba-arreba hezkuntza-maila berean badaude eta baremo-puntuazio bera badute, ausazko prozeduran emaitza okerrena lortu duena emaitza onena atera duenaren ondoan jarriko da zerrendan, hurrengo postuan.

        Eskabideko datuak aldatuta ere, inoiz ez da aldatuko hurrenkera-zenbaki hori, hots, eskabidea lehenengo aldiz egin zenean ausaz esleitu zitzaiona.

      11. Aginduaren 5. artikuluan zehazten den egunean, ikastetxeek eskatzaileen zerrendak argitaratuko dituzte, etapen, mailen eta hizkuntza-ereduen arabera antolatua. Zerrenda horretan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. mailara pasatzeko bermea duten Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleak sartuko dira, agindu honen 4. artikuluaren 1. apartatuan ezarritakoari jarraituz.

        Gardentasuna eta onartzeko prozesuaren parte-hartzaileen datu pertsonalen babesa batzeko asmoz, zerrenda Hezkuntza Sailaren atarian jakitera emango da, «Ikasgunea» (https://ikasgunea.euskadi.eus). Bertan, nortasuna egiaztatuta, eskatzaileek eskura izango dituzte eskabidean adierazitako ikastetxeen, mailen eta ereduen zerrenda.

        Ikastetxeek ez dute publikoki erakutsiko zerrenda, baina eskatzaileek banako sarbidea izango dute behin-behineko zerrenden argitalpen-dataren bezperara arte.

      12. Onarpen-prozeduran atzera egin ahal izango da agindu honen 5. artikuluan adierazitako egunera arte. Atzera egiteak eskubidean jasotako eskaera guztietan du eragina. Eskabidea online izapidetu bazen, hala egingo da atzera ere, «Ikasgunea» atarian sartu ondoren. Eskabidea aurrez aurre izapidetu bazen, atzera egiteko idatzia aurkeztu beharko du eskatzaileak, eskabidea aurkeztu zuen ikastetxean. Ondoren, ikastetxeak idazki hori artxibatuko du egin zen eskabidearekin batera.

        Hamargarrena. Baremazioa.

        Ikastetxeak ez ditu eskabideak barematu beharko, ez hezkuntza-laguntzako premia bereziak dituzten ikasleentzat gordetako plazei eta ez gainerako plazei dagokienez, baldin eta, lehentasun-ordena edozein izanda ere, maila eta hizkuntza-eredu baterako jasotako eskaeren kopurua eskuragarri dagoen plaza-kopurua baino txikiagoa bada.

        Aitzitik, hizkuntza-maila eta -eredu jakin baterako jasotako eskaeren kopurua, lehentasun-ordena edozein dela ere, handiagoa bada berariazko hezkuntza-laguntzaren premiak dituzten ikasleentzat gordetako plazen kopurua baino, edo gainerako plazetarako plazen kopurua baino edota bi kasuetan, ikastetxe publikoetako Eskola Kontseiluak edo itunpeko ikastetxeen titularrak, ikastetxeko Eskola Kontseiluak gainbegiratuta, jasotzen dituen eskaeren baremazio-prozesua abiaraziko du. Prozesu hori modu automatizatuan gauzatuko da kudeaketa akademikoaren aplikazioan, urtarrilaren 9ko 1/2018 Dekretuan eta jarraibide hauetan jasotako baremoaren eta hura aplikatzeko arauen arabera.

        Lehenengo eskatu den ikastetxeak barematu beharreko apartatu guztiak zehaztu beharko ditu. Bestalde, eskabidean aipatu diren beste ikastetxeek agindu honen V. eranskinean agertzen diren a), d), i), eta h) apartatuak zehaztuko dituzte, barematzeko.

        Hamaikagarrena. Eskatutako ikastetxean edo atxikitako ikastetxean ikasten duten senideak izateari dagokion baremoko apartatua aplikatzeko arauak.

      1. Apartatu honi dagokion puntuazioa eskatzaileak eskatutako ikastetxean edo atxikitako batean elkarrekin bizi diren neba-arreba bat edo gehiago matrikulatuta izateagatik emango da. Bizikidetza hori justifikatuko da Udalak gehienez hiru hilabete lehenago emandako familia-bizilekuaren ziurtagiriaren bidez. Baremoaren apartatu honen ondorioetarako soilik, zaintza partekatuko erregimenean banandutako bikoteen seme-alaben kasuan, bizikidetzat hartuko da zaintza partekatua esleitu zaion bikoteko edozein kiderekin batera erroldatuta dagoen neba-arreba oro. Egoera hori aitortzeko, ebazpen judizial bidez egiaztatu beharko da.

        Apartatu honetan kontuan hartuko diren bakarrak Hezkuntza Sailak arautako onarpen-prozesuko mailaren batean matrikulatuta dauden neba-arrebak izango dira.

      2. Apartatu honetako puntuak lortu ahal izateko, egoera hau 2023-2024 ikasturtean gertatu behar izan da.

      3. Neba edo arreba, aita edo ama dela egiaztatzeko, familia-liburuaren kopia aurkeztuko da.

      4. Apartatu honi dagokion puntuazioa emateko, neba-arrebatzat joko dira familia-unitate berean legezko tutoretza-egoeran edo behin betiko nahiz adopzio aurreko familia-harreran dauden adingabeak ere.

      5. Halaber, ikaslearen zaintza soilik gurasoetako batek bakarrik badauka, guraso horren legezko bikotekidea ere ikaslearen aitatzat edo amatzat joko da. Pertsona horren seme-alabak ere neba-arrebatzat hartuko dira ikaslearekin batera bizi badira. Egoera hori dagokion errolda-agiriaren bidez egiaztatuko da.

      6. Ikaslearen zaintza duen gurasoaren bikotekidea dela ziurtatzeko, guraso horri zaintza ematen dion epaiaren kopia aurkeztu behar da, eta biak elkarrekin ezkonduta daudela egiaztatzen duen familia-liburua edota izatezko bikote direla adierazten duen ziurtagiri ofiziala ere aurkeztu behar da.

        Hamabigarrena. Bizitokiaren gertutasunari, edo aitaren, amaren edo legezko tutorearen lantokiaren gertutasunari dagokion baremoko apartatua aplikatzeko arauak.

      1. Apartatu horri dagokion puntuazioa agindu honen V. eranskinean jasotako zazpi azpiapartatuetako batengatik bakarrik emango da. Eskatzaileek azpiapartatu bat aukeratu beharko dute puntuazioa lortu ahal izateko.

      2. Ikaslea aitarekin, amarekin edo legezko tutorearekin bizi den lekua izango da familiaren bizilekua. Familia-bizilekua egiaztatzeko, ikaslea aitarekin, amarekin edo legezko tutorearekin bizi dela egiaztatzen duen errolda-ziurtagiria aurkeztu beharko da.

        Aita edo ama dela egiaztatzeko, familia-liburuaren kopia aurkeztuko da. Ikaslearen legezko tutorearen izaera egiaztatzeko, berriz, sententziaren kopia edo dagokion ziurtagiri ofiziala aurkeztu beharko da.

        Bizilekuaren gertutasunari dagozkion puntuak errolda-ziurtagirian ageri den bizilekuari esleituko zaizkio, betiere hezkuntza-administrazioak ebazten ez badu puntu horiek ez direla eman behar, jarraian adieraziko dena aplikatuta.

        Errolda-ziurtagiriak, aurkako frogarik ezean, bizilekuaren presuntzio-balioa du. Badira froga-elementuak presuntzio hori hutsaldu dezaketenak, hala nola ur-, elektrizitate-, gas- edo telefono-horniduren titulartasuna eta kontsumoak, erroldaren datu historikoak, elkarrekin bizi diren pertsonak, dokumentu fiskalak, adierazitako bizilekua jasotzen duten banketxeetako edo zerbitzu-hornitzaileen dokumentuak, beste etxebizitza batzuk jabetzan izatea eta erabiltzea, eta egiazko bizilekua eta errolda-ziurtagirian adierazitakoa bat ez datozela ondorioztatzera eraman diezaguketen bestelako dokumentu publiko edo pribatuak.

        Ikastetxe edo maila bateko onartzeko prozesuan parte hartzen duen pertsona batek erreklamazio bat aurkezten badu, hezkuntza-administrazioaren aurrean, beste parte-hartzaileren batek bizilekuaren gertutasunaren apartatuan jasotako puntuazioarengatik, erreklamazioan adieraziko ditu hori jartzeko arrazoiak edo zantzuak. Ondoren, hezkuntza-administrazioak, puntuazioan zalantzak dituenean, eskatzaileari dokumentuak edo bestelako elementuak aurkezteko eskatuko dio, bizitokia egiaztatzeko.

        Errekerimendua jaso duen pertsonak ez badu aurkezten dokumentazio edo froga-elementu osagarririk horretarako emandako epean, hau da, eskatzailearen frogatze-jarduera osagarririk ez badago, arrazoi nahikoa izango da aipatutako puntuak ez esleitzeko, betiere errekerimenduaren jakinarazpena jasota geratu bada espedientean. Horrelako egoeretan, edo aurkeztutako dokumentuak ez badira nahikoak froga modura, hezkuntza-administrazioak berariazko ebazpena emango du bizilekuaren gertutasunari dagozkion puntuak ezin direla esleitu adierazteko.

        Ebazpen horrek zer zio konkretutan oinarritzen den adieraziko du, eta gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio.

      3. Eskatutako ikastetxearen eragin-eremuan dagoenean aitaren, amaren edo legezko tutorearen lantokia, eskabidea aurkeztean, bizitokiaren gertutasunaren ordez, egoera hori baloratzea eskatu ahal izango da.

        Horrela egiten bada, besteen konturako langileen kasuan, aitak, amak edo legezko tutoreak lan egiten duen enpresako titularrak edo arduradunak ziurtagiria egin beharko du, egoera hori egiaztatzeko.

        Jarduera norbere kontura egiten bada, lantokia egiaztatuko da Jarduera Ekonomikoen Zergan altan egotearen ziurtagiriaren bidez. Indarreko araudiari jarraikiz, Jarduera Ekonomikoaren Zergan altan egotea nahitaezkoa ez bada, dagokion udalak egindako irekitze-baimenaren fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko da.

      4. Lantokia ikastetxearen eragin-eremuan egoteagatik ematen den puntuazioa zenbatzean, zaintza duen gurasoaren legezko bikotekidea ere ikaslearen gurasotzat hartuko da.

        Ikaslearen zaintza duen gurasoaren bikotekidea dela ziurtatzeko, guraso horri zaintza ematen dion epaiaren kopia aurkeztu behar da, eta biak elkarrekin ezkonduta daudela egiaztatzen duen familia-liburua edota izatezko bikote direla adierazten duen ziurtagiri ofiziala aurkeztu behar da.

      5. Eskatutako ikastetxearen eragin-eremu mugakidean dagoenean aitaren, amaren edo legezko tutorearen lantokia, ez da kontuan hartuko.

      6. Aitaren, amaren edo legezko tutorearen lantokia ikastetxetik gertu egoteagatik lortutako puntuazioa ez da bateragarria izango bizitokiaren gertutasunari dagokionarekin, ez eta ikaslearen aitak, amak edo legezko tutoreak eskatu den ikastetxean lan egiteagatik lortutako puntuazioarekin ere.

      7. Eragin-eremuaren kontzeptu horietako bakar bategatik ere punturik lortu ez dutenek, baldin eta ikastetxea kokatuta dagoen udalerrian bizi badira, atal honetan puntu bat lortzeko eskubidea izango dute. Bizilekua EAEren barruan badute, baina ikastetxea dagoen udalerritik kanpo, puntu erdi emango zaie.

      8. Apartatu honetan xedatutakoaren ondorioetarako egin behar diren distantziei buruzko zehaztapen guztietarako, Euskadiko Datu Espazialen Azpiegituraren (DEA) erreferentziazko geoatarian (geoEuskadi) dauden datuak erabiliko dira.

        Hamahirugarrena. Familia-unitatearen urteko errentei dagokien baremoko apartatua aplikatzeko arauak, eta seme-alaben kopuruaren eragina.

      1. Urtarrilaren 9ko 1/2018 Dekretuaren eranskinean adierazitako puntuak lortzeko behar diren diru-sarrera konputagarriak izango dira familia-unitateko kide guztiek 2022ko zerga-ekitaldian izandako zerga-oinarri orokorrari eta aurrezkiaren zerga-oinarriari dagozkionak. Baremoko atal honetan punturik lortzeko, zerga-oinarriak ez du 14.000,00 euroko muga gainditu beharko. 2022ko lanbide arteko gutxieneko soldatari dagokio kopuru hori. Horren ondorioz, puntu horiek lortu nahi dituzten eskatzaileek hezkuntza-administrazioari baimena eman beharko diote dagokion foru-ogasunean hori egiaztatu dezan.

      2. Euskal Autonomia Erkidegoan bizi ez diren eskatzaileek familia-unitateko diru-sarreren puntuak lortzeko eskubidea eskuratu nahi badute, familia-unitateko kide guztien 2022ko banakako errenta-aitorpenen kopia aurkeztu beharko dute edo, hala badagokie, baterako aitorpena. Familia-unitateko kideren batek, zerga-araudiari jarraituz, urte horretan errenta-aitorpena egin ez badu, ogasunak egindako ziurtagiria aurkeztu beharko da aitorpena egin ez dela egiaztatzeko.

      3. Jarraibide honen aurreko apartatuetan ezarritakoaren ondorioetarako, familia-unitatetzat hartuko da pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga arautzen duten foru-arauetan ezarritakoa. Horretaz gainera, familia-unitatetzat hartuko da onarpen-eskabidearen helburu den adingabea familia-liburuan ageri diren gurasoekin batera; hala ere, ez da horrela izango, hitzarmen arautzaile baten bidez egiaztatzen bada adingabearen zaintzaren gaineko ardura banatua dagoela.

        Ezkontza-deuseztasuna, banantzea edo dibortzioa gertatuz gero, edo izatezko bikotearen bizikidetza deseginez gero, baremoa aplikatzerakoan, ikaslearen zaintza ebazpen judizial irmo bidez edo hitzarmen arautzaile bidez esleitua duenaren errenta baino ez da aintzat hartuko. Berdin jokatuko da tutoretza judizialaren, familia-harreraren edo antzeko babes-neurrien kasuan, halakoetan gurasoak ez diren beste pertsona fisiko batzuen esku geratzen baita ikasle adingabearen zaintza. Edozein administrazio publikok tutoretza badauka, irizpide horretan, gehieneko puntuazioa ezarriko da.

      4. Neba-arreben kopurua familia-liburuaren, jaiotza-agiriaren edo harreman hori egiaztatzen duten bestelako dokumentuen kopiarekin egiaztatuko da. Bakarrik eskatzailearekin bizi diren adingabeko neba-arrebak hartuko dira kontuan.

        Hamalaugarrena. Eskatutako ikastetxean lan egiten duten senideak izateari dagokion baremoko apartatua aplikatzeko arauak.

      1. Apartatu honi dagokion puntuazioa emango da eskatzailearen aitak edo amak edo legezko tutoreak eskatutako ikastetxean edo atxikitako batean lan egiten badu.

      2. Apartatu honetako puntuak lortu ahal izateko, egoera hau 2023-2024 ikasturtean gertatu behar izan da.

        Hamabosgarrena. Familia ugariko kide izateari dagokion baremoko apartatua aplikatzeko arauak.

      1. Eskatzailea EAEn bizi bada eta familia ugariko kidea dela adierazten badu, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailari galdetuko zaio kategoria hori lortzeko, eta ondoren emango zaio dagokion puntuazioa. Egoera hori egiaztatu ezin bada, eskatzaileak ezarritako epean aurkeztu beharko du frogagiria «Ikasgunea» atarian, izapidea online egin bada, eta lehenengo eskaria egin duen ikastetxean, eskaria aurrez aurre izapidetu bada.

      2. Eskatzaileak Euskal Autonomia Erkidegoan bizi ez badira, familia ugaria dela egiaztatzeko, bizi diren autonomia-erkidegoak emandako titulu ofiziala aurkeztuko da.

        Hamaseigarrena. Guraso bakarreko familiako kide izateari dagokion baremoko apartatua aplikatzeko arauak.

      1. Agindu honen ondorioetarako, guraso bakarreko familia izango da ikaslearen guraso-ahala pertsona bakar batek duenean edo bi pertsonek izan arren, ikaslearekin bizi den beste gurasoarekiko urruntze-agindua duenean, betiere ikaslearekin bizi den eta guraso-ahala duen gurasoak ez badu legezko bikotekidea den beste hirugarren pertsona batekin lotura berririk.

      2. Familia-liburuaren kopia, Erregistro Zibileko ziurtagiria, urruntze-aginduaren kopia edo beste agiri ofizial batzuen bidez egiaztatuko da.

        Hamazazpigarrena. Erditze anizkoitzean jaiotako ikasleari dagokion baremoko apartatua aplikatzeko arauak.

      1. Apartatu honi dagokion puntuazioa erditze anizkoitzean jaiotako neba-arreben kasuan emango da, baldin eta guztientzat aukera berak eskatzen badira, hurrenkera berean.

      2. Egoera hori egiaztatzeko, familia-liburuaren kopia, jaiotze-agiria edo beste agiri ofizial batzuk aurkeztuko dira.

        Hemezortzigarrena. Ikastetxearen eskola-kontseiluak ezarri duen beste edozein egoerari dagokion baremoko apartatua aplikatzeko arauak.

      1. Eskola-kontseiluek irizpide bat edo bat baino gehiago ezarri ahal izango dute, hala nahi izanez gero, eskatzaileei gehienez 1 puntu osagarri emateko.

      2. Puntuazio gehigarri hori emateko irizpideak objektiboak izan beharko dira, eta ez dira baztertzaileak izango jaiotza, arraza, sexu, erlijio, iritzi edo beste edozein baldintza edo inguruabar pertsonal edo sozialengatik. Irizpideak eta horiek egiaztatzeko baldintzak ikastetxearen organo eskudunak onetsiko ditu.

      3. Irizpide horiek dagokion Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzak balioztatu beharko ditu. Horretarako, ikastetxe bakoitzak, agindu honen 5. artikuluan zehaztutako egunera arte, puntuazioa emateko irizpideak zehazten dituen agiria atxiki beharko du onartzeko aplikazio informatikoan.

      4. Irizpideak eta horiek egiaztatzeko baldintzak eskabideak aurkezteko epea ireki aurretik kontsultatu ahalko dira «Ikasgunea» (https://ikasgunea.euskadi.eus) atarian edo ikastetxearen iragarki-taulan.

      5. Puntuazioa kontzeptu batengatik edo bat baino gehiagorengatik eman ahal izango da. Hainbat kontzepturengatik ematen denean, horien artean banatu ahal izango da, edo zuzenean eman horietako bat betetzen bada.

      6. Puntuazio osagarri hau emateko irizpideak desberdinak izan daitezke kurtso edo hezkuntza-maila bakoitzean.

      7. Apartatu honen puntuazioa emateko bete behar diren irizpideen artean, baremoaren beste apartatuei dagozkien kontzeptu bat edo bat baino gehiago sar daitezke. Horrela, horien puntuazioak gora egingo du nahi den neurrian, kontuan hartuta, guztira, apartatu horrengatik ezin dela puntu osagarri bat baino gehiago eman.

      8. Eskola-kontseiluek ezarri behar dituzte bete behar diren baldintzak, apartatu honetan ezarri diren irizpide guztiak bete direla onartu ahal izateko.

      9. Jarraibide honetan ezarritakoa betetzen ez duten ikastetxeek ezin izango dute aplikatu eskola-kontseiluak zehaztutako beste inguruabarrei dagokien baremoaren puntuazioa.

        Hemeretzigarrena. Kooperatiba-bazkide izateari dagokion baremoko apartatua aplikatzeko arauak.

      1. Apartatu honi dagokion puntuazioa emango da eskatzailearen aita edo ama edo legezko tutorea eskatutako ikastetxeko kooperatiba-bazkide bada.

      2. Egoera horren egiaztagiria aurkeztu beharko da.

        Hogeigarrena. Ikaslearen desgaitasunari, edo aita, ama edo legezko tutorearen, edo neba edo arrebaren baten desgaitasunari dagokion baremoko apartatua aplikatzeko arauak.

      1. Apartatu horri dagokion puntuazioa emango da V. eranskinean aurreikusitako bi aukeretako edozeinengatik:

      2. Puntuazio hori emango da, baldin eta % 33ko desgaitasuna edo handiagoa badu. Nahiz eta bi edo gehiago izan desgaitasuna duten eta hortaz kontzeptu honengatik puntuazioa lortzeko aukera ematen duten pertsonak, haietako bakar batengatik baino ez dira emango puntuak.

      3. Lurralde historikoko foru-aldundiko gizarte-ekintzako departamentuak edo Estatuko organo baliokideak emandako ziurtagiri bidez egiaztatuko da desgaitasuna. Bertan legez onartuko da eragindako pertsonak % 33ko desgaitasuna edo handiagoa duela.

      4. Neba edo arreba, aita edo ama dela egiaztatzeko, familia-liburuaren kopia aurkeztuko da. Ikaslearen legezko tutorearen izaera egiaztatzeko, berriz, sententziaren kopia edo dagokion ziurtagiri ofiziala aurkeztu beharko da.

      5. Apartatu honi dagokion puntuazioa emateko, neba-arrebatzat joko dira familia-unitate berean legezko tutoretza-egoeran edo behin betiko nahiz adopzio aurreko familia-harreran dauden adingabeak ere.

      6. Halaber, atal honetan ematen den puntuazioa zenbatzean, ikaslearen zaintza soilik guraso bakar batek badu, guraso horren legezko bikotekidea ere ikaslearen gurasotzat hartuko da. Pertsona horren seme-alabak ere neba-arrebatzat hartuko dira ikaslearekin batera bizi badira. Egoera hori dagokion errolda-agiriaren bidez egiaztatuko da.

      7. Ikaslearen zaintza duen gurasoaren bikotekidea dela ziurtatzeko, guraso horri zaintza ematen dion epaiaren kopia aurkeztu behar da, eta biak elkarrekin ezkonduta daudela egiaztatzen duen familia-liburua edota izatezko bikote direla adierazten duen ziurtagiri ofiziala ere aurkeztu behar da.

        Hogeita batgarrena. Familia-unitatea arrazoi hauengatik lekuz aldatzeari dagokion baremoko apartatua aplikatzeko arauak: nahitaez mugitu beharra, azken urtean familiako kideetako edozeini gerora agertutako desgaitasuna, edo genero-indarkeriaren edo terrorismo-ekintzen ondoriozko bizileku-aldaketa.

      1. Puntuazio hori emango da epigrafean adierazitako edozein gertakarirengatik.

      2. Egoera hori dagokion ziurtagiri ofizialaren bidez egiaztatuko da.

        Hogeita bigarrena. Familia-harrera egoerari dagokion baremoko apartatua aplikatzeko arauak.

      1. Apartatu honi dagokion puntuazioa eskatzailea familia-harreran bizi bada emango da.

      2. Egoera hori egiaztatzeko, dagokion foru-aldundiko gizarte-politiketan eskumena duen Sailaren ziurtagiria aurkeztuko da.

        Hogeita hirugarrena. Genero-indarkeriaren biktima egoerari dagokion baremoko apartatua aplikatzeko arauak.

      1. Apartatu horri dagokion puntuazioa emango da, baldin eta eskatzailea edo ikaslearen ama edo legezko tutorea genero-indarkeriaren biktima bada.

      2. Egoera hori Genero-indarkeriaren aurka oso-osoko babesa emateko neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoaren 23. artikuluan aurreikusitako moduetako batean egiaztatuko da: genero-indarkeria delitu batengatiko kondena-epaia, babes-agindua edo biktimaren aldeko kautelazko neurri bat ebazten duen beste edozein ebazpen judizial, demandatzailea genero-indarkeriaren biktima dela adierazten duten zantzuak daudela agertzen duen Fiskaltzaren txostena edo gizarte-zerbitzuen, zerbitzu espezializatuen edo Administrazio Publiko eskuduneko genero-indarkeriaren biktimentzako harrera-zerbitzuen txostena.

        Hogeita laugarrena. Terrorismoaren biktima izateari dagokion baremoko apartatua aplikatzeko arauak.

      1. Apartatu horri dagokion puntuazioa emango da ikaslea edo haren aita, ama edo legezko tutorea terrorismoaren biktima bada.

      2. Egoera hori egiaztatuko da Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasun Zuzendaritzaren edo Estatuko edo beste autonomia-erkidego bateko antzeko erakunde baten ebazpen bidez.

        Hogeita bosgarrena. Errentari dagozkion datuen egiaztapena.

        Egiaztapen horren emaitzak lortzean, honela jokatu beharko da:

      1. Eskatzaileen aitorpenak egiaztatu arte, puntuazioa egiaztapena baimendu duten pertsonei dagokiela ulertuko da, baina, egiaztapen hori egin ondoren, onartutako eta baztertutako ikasleen zerrendak osatzeko, aldaketak egin ahal izango dira.

      2. Egiaztapenen emaitzak jaso ondoren, Ogasunaren ziurtagiriak ontzat emango dira errenta balioesteko.

      3. Egiaztapenen emaitzak behin-behineko zerrendak argitaratu ondoren jasotzen badira, egoera hau kontuan hartuko da behin betiko zerrendak egitean.

        Hogeita seigarrena. Onartutako eta baztertutako ikasleen zerrenden adjudikazioa eta argitalpena.

      1. Barematu behar ziren eskabideei baremoa ezarri ondoren, ikastetxe bakoitzean jaso diren eskabide guztiak horrela ordenatuko dira:

        1. Lehenik, agindu honen seigarren jarraibidean ezartzen diren lehentasunak betetzen dituztenak.

        2. Ondoren, beste eskabide guztiak.

          Aipatutako bi talde horietako bakoitzaren barruan, eskabideak ordenatzeko, lortutako puntuazioa hartuko da kontuan; berdinketarik badago, baremoko irizpideetan lortutako puntuaziorik handienari erreparatuko zaio, banaka alderatuta eta hurrenkera honetan:

          Puntu gehien lortu duena ikastetxean edo atxikitako ikastetxean matrikulatutako neba-arreben apartatuan.

          Puntu gehien lortu duena apartatu honetan: ikaslearen bizilekuaren gertutasuna, edo eskatzailearen beraren lantokiarena, edo haren aita, ama edo legezko tutorearen lantokiaren gertutasuna.

          Puntu gehien duena familia-unitatearen urteko errentaren apartatuan.

          Puntu gehien lortu duena eskatutako ikastetxean edo atxikitako ikastetxean lan egiten duen aita, ama edo legezko tutorearen apartatuan.

          Puntu gehien lortu duena apartatu honetan: ikasleak desgaitasunen bat izatea edo desgaitasuna ikaslearen aitak, amak, legezko tutoreak edo neba-arrebaren batek izatea.

          Puntu gehien lortu duena apartatu honetan: familia-unitatea lekuz aldatzea honako arrazoi hauengatik: nahitaez mugitu beharra, azken urtean familiako kideetako edozeini gerora agertutako desgaitasuna, edo genero-indarkeriaren edo terrorismo-ekintzen ondoriozko bizileku-aldaketa.

          Familia ugariaren apartatuan lortutako puntuaziorik handiena.

          Puntu gehien lortu duena guraso bakarreko familiako ikasleen apartatuan.

          Puntu gehien lortu duena apartatu honetan: ikasle eskatzailea familia-harreran egotea.

          Puntu gehien lortu duena erditze anizkoitzean jaiotako ikasle apartatuan.

          Puntu gehien lortu duena eskola-kontseiluak askatasun osoz zehaztutako irizpideen apartatuan.

          Puntu gehien lortu duena ikastetxeko kooperatiba-bazkide izatearen apartatuan.

          Puntu gehien lortu duena genero-indarkeriaren biktima apartatuan.

          Puntu gehien lortu duena terrorismoaren biktimen apartatuan.

          Gainerako irizpide guztiak agortu ondoren dauden berdinketak desegiteko, aplikazio informatikoak esleitutako ordena-zenbaki txikiena erabiliko da.

          Hurrenkera horren arabera, Hezkuntza Sailak esleipen orokor bat egingo du, eta, horren ondorioz, plaza erabilgarriak esleituko dira. Eranskin honetako laugarren xedapenaren 3. paragrafoan ezarritakoa hartuko da plaza erabilgarritzat. Adjudikazio horretan, jasotako eskaera guztiak aztertuko dira, ikastetxe, maila eta hizkuntza-ereduen konbinazio guztietan, eta puntuazioaren arabera ordenatuko dira. Gehienez plaza bat adjudikatuko da eskatzaile bakoitzeko, eskabidean agertzen diren eskabideen ordena errespetatuz.

          2 urteko eta 3 urteko mailetan, esleipenak bosgarren jarraibidean ezarritako plaza-erreserba errespetatuko du, jarraian aipatzen diren kasuetan izan ezik, horietan eskatzaileak berariazko hezkuntza-laguntza premiak dituzten ikasleentzat berariaz gordetako plazak edo gainerako plaza erabilgarriak eskuratu ahal izango baititu:

          Bederatzigarren jarraibidearen 9. apartatuan aurreikusitakoaren arabera hezkuntza-premia berezia duten eskatzaileak.

          Ikastetxe bakarra duten udalerri edo eragin-eremuetan bizi diren eskatzaileak, ikastetxe bakar horretan onartuak izateko.

          Elkarrekin bizi den neba edo arreba bat matrikulatuta dagoen ikastetxean hasierako maila eskatzen duten pertsonak, hamaikagarren jarraibidean ezarritako baldintzetan.

      2. Adjudikazioa amaitu ondoren, onartutako eta baztertutako ikasleen behin-behineko eta behin betiko zerrendak argitaratuko dira. Barematzea beharrezkoa izan den kasuetan, eskatzaile bakoitzak eskabide guztien guztizko puntuazioa ikusi ahal izango du, bai eta berak baino puntuazio handiagoa duten eskabideen baremoko atal eta azpiatal guztien puntuazio banakatua ere.

        Era berean, eskatzaile bakoitzak bere puntuazioa ikusi ahal izango du, baremazio-irizpide bakoitzetik banakatuta, eskatutako ikastetxeari, mailari eta ereduari dagokienez.

        Zerrendetan, interesdunei ohartarazteko testu bat sartuko da, adieraziz datuak babesteko araudiaren aurkakoa dela datuak erabiltzea onartzeko prozesuarekin zerikusirik ez duten helburuetarako, baita datuak ondoren lagatzea edo zabaltzea ere.

        Zerrenda horiek jakitera emango dira sailaren Interneteko atarian, «Ikasgunea» (https://ikasgunea.euskadi.eus). Bertan, nortasuna egiaztatuta, eskatzaileek eskura izango dituzte eskabideko eskaeretan adierazitako ikastetxeen, mailen eta ereduen zerrenda. Ikastetxeek ez dute publikoki erakutsiko zerrenda, baina eskatzaileek banako sarbidea izango dute.

        Behin-behineko adjudikazio-zerrendak erreklamazioak aurkezteko epea amaitu arte kontsultatu ahal izango dira, eta behin betiko adjudikazio-zerrendak gora jotzeko errekurtsoak aurkezteko epea amaitu arte.

        Behin-behineko eta behin betiko esleipenen zerrendetan, plazak ofizioz esleituko zaizkie ezein aukeratan onarpenik lortu ez duten eta 2024-25ean ikasten jarraitzeko erreferentzia-zentrorik ez duten eskatzaileei. Esleipen hori jarraibide honen 4. apartatuan ezartzen den moduan egingo da.

      3. Onartutako ikasleek zuzenean galduko dute jatorrizko ikastetxean zeukaten plaza. Egoera hau kontuan hartuko da adjudikazio-prozesuan.

      4. Prozesu horren ondoren, Hezkuntzako lurralde-ordezkariak, Onarpen Bermeen Batzordeari entzun ondoren, ikastetxea esleituko die 2024-25ean ikasketak jarraitzeko erreferentzia-zentrorik ez duten eskatzaile hauei:

        1. Bikoiztuak izateagatik edo informazio eta/edo dokumentazio faltsua edo egiazkoa ez dena erabiliz aurkezteagatik eskaerak baliogabetu zaizkienak.

        2. Edo haien aukeretako batean ere onarpenik lortu ez dutenak.

          Oro har, ofiziozko esleipenak etxebizitzatik hurbil egotearen oinarrizko irizpideari jarraikiz zehaztuko dira, eta, ahal dela, kontuan hartuko dira eskaeran adierazitako ikastetxe motaren eta hizkuntza-ereduaren aukerak, hau da:

        1. Titulartasun mota bereko (publikoa edo pribatu itundua) eta hizkuntza-eredu bereko (A, B edo D) ikastetxeak soilik eskatuz gero, ahal dela titulartasun mota horretako eta hizkuntza-eredu hurbileneko ikastetxean esleituko da; halakorik ezean, titulartasun mota horretako ikastetxerik hurbilenean; bestela, ikastetxerik hurbilenean.

        2. Titulartasun eta hizkuntza-eredu bereko ikastetxeak eskatuz gero, ahal dela hurbilen dagoen ikastetxean esleituko da; bestela, ikastetxerik hurbilenean.

        3. Hizkuntza-eredu bereko eta titulartasun-mota desberdinetako ikastetxeak eskatuz gero, hurbilen dagoen hizkuntza-eredu horretako ikastetxean esleituko da lehentasunez; bestela, hurbilen dagoen ikastetxean.

          Bi urteko eta hiru urteko mailetarako eskaeren kasuan, bosgarren jarraibidean aurreikusitako plazen erreserba errespetatuko da, beren eragin-eremuan haien bizilekutik 2 km baino gutxiagora dagoen zentro bateko eskatzaileen kasuan izan ezik, plaza-erreserba horrek 2 km baino gehiagora eskolatu beharra eragiten badu. Kasu horietan, distantzia hori baino gertuago plaza erabilgarriak dituen ikastetxe bat esleituko da lehentasunez, erreserba hori gorabehera.

          Zehazki, DBHko 1. maila egiteko jarraipenik gabeko ikastetxe publikoetan eskolatuta dauden Lehen Hezkuntzako 6. mailako eskatzaileen kasuan, ofizioz esleituko da, lehentasunez, ibilbideagatik dagokion ikastetxean, baldin eta plaza librerik badago.

          Ofiziozko esleipenak Sailak Interneten duen «Ikasgunea» atarian (https://ikasgunea.euskadi.eus) argitaratuko dira; bertan, prozesuan interesa duten pertsonak sartu ahal izango dira, aldez aurretik akreditatuta. Ikastetxeek ez dute publikoki erakutsiko zerrenda, baina interesdunek banako sarbidea izango dute.

      5. Maila eta hizkuntza-eredu jakin batean plaza eskuragarririk ez dagoen ikastetxeetan, eskatutako plazarik lortu ez duten ikasleak edo lehentasun gutxiagoko plaza lortu dutenak itxarote-zerrendan sartuko dira. Beraz, plazarik lortu ez dutenek itxarote-zerrendan sartuko dira eskabide guztietarako, eta plaza lortu dutenek lehentasun handiagoko eskabideetan jarritako ikastetxeetako eta ereduetako itxarote-zerrendetan sartuko dira. Itxarote-zerrendaren iraunaldia amaituko da agindu honen 3. artikuluan ezarri den datan.

      6. Geroago egiten den edozein aldaketa Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzak baimendu beharko du.

      7. Prozesu horren ondorioz ikaspostua lortu eta gero, eta ikasturteko lehen egunetan absentzia luzea gertatzen bada, gurasoek edo legezko tutoreek ikastetxeari aurretik jakinarazi eta ziurtatu beharko diote egoera hori.

        Horrela egiten ez badute, eta absentzia luzatzen bada beharrezkoa den justifikazioa gabe, ikasturteko lehen 8 eskola-egunetan ikastetxeak Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzari horren berri emango dio, eskolatze-beharra betetzen dela egiaztatu ondoren eta eskatzailearekin entzunaldia izan eta gero. Ondoren, ikastetxeak eskola-plaza eskuratuko du, eta hutsik geratuko da ondorio guztietarako. Entzunaldiaren izapidea ezin bada egin jakinarazpena legezko bitartekoen bidez entregatzerik ez dagoelako, Lurralde Ordezkaritzak ikaspostua mantenduko du, eta postu hustzat joko du ondorio guztietarako.

        Hogeita zazpigarrena. Erreklamazioak eta errekurtsoak.

        Behin-behineko zerrenden aurka erreklamazioak egin daitezke, eskola-kontseiluan aurkeztuta, agindu honen 5. artikuluan xedatutako epean. Erreklamazioa Hezkuntza Sailak abian jarritako aplikazioaren bidez edo aurrez aurre egingo da. Aurrez aurreko erreklamazioaren kasuan, izapidea lehenengo eskabidean eskatutako ikastetxean (baremoaren edozein apartaturako) egin ahal izango da, edo eskatutako beste edozein ikastetxetan (horri dagozkion baremoko apartatuetarako). Hori horrela izan arren, erreklamazioa justifikatzeko aurkezten den dokumentazioa ebazpena egin den ikastetxean entregatu beharko da. Behar bezala ebazteko, ikastetxeak kontsultak egin ahalko dizkio dagokion Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzaren Plangintza Zerbitzuari.

        Behin betiko zerrendaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio hezkuntzako lurralde-ordezkariari, zerrendak argitaratu eta hilabeteko epean. Ebazpenak administrazio-bidea agortuko du.

        Aurkeztutako erreklamazioak ebazteko beharrezkotzat jotzen dituen dokumentu guztiak bildu ahalko ditu Administrazioak.

        Prozesu hauek amaitu ondoren, ikasleak adjudikatu zaizkien ikastetxe, etapa, maila eta ereduan matrikulatuta egongo dira.

        Hezkuntzako lurralde-ordezkariak ikaslea behar bezala eskola daitekeela bermatzeko moduko epean eman beharko du ebazpena, eta azken horrek administrazio-bidea agortuko du.

        Hogeita zortzigarrena. Aplikazioa.

        Jarraibide hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango dituzte ondorioak.

        (Ikus .PDF)

        (Ikus .PDF)

Lehentasunezko irizpideak.

  1. Ikasten duten senideak izatea ikastetxean edo atxikitako ikastetxean: gehienez ere 6,5 puntu.

    Neba-arreba bat edo gehiago daude eskatutako ikastetxean edo hari atxikitako ikastetxeren batean matrikulatuta: 6,5 puntu.

    Ikastetxeko sarrera-mailan bi neba-arrebak edo gehiagok aldi berean egitea eskaera: 6,5 puntu.

  2. Bizilekuaren edo lantokiaren gertutasuna (kontzeptu horiek ez dira metagarriak). Gehieneko puntuazioa: 7 puntu.

    Eragin-eremuaren barruan, ikaslearen bizilekutik hurbilen dagoen eta eskatutako hezkuntza-maila eskaintzen duen ikastetxe publikoa edo itunpeko ikastetxea eskatu bada: 7 puntu.

    Eskatutako ikastetxearen eragin-eremuan dago ikaslearen bizilekua: 5 puntu.

    Eskatutako ikastetxea (publikoa zein pribatu itunpekoa) eskatutako hezkuntza-maila eskaintzen duen ikaslearen bizilekutik hurbilen dagoena bada, baina ez badago eragin-eremuan, baizik eta eragin-eremu mugakide batean: 5 puntu.

    Eskatutako ikastetxearen eragin-eremu mugakide batean dago ikaslearen bizilekua: 2 puntu.

    Eskatutako ikastetxearen udalerrian dago ikaslearen bizilekua, baina haren eragin-eremutik eta eremu mugakideetatik kanpo: 1 puntu.

    Ikasleak bizilekua Euskal Autonomia Erkidegoan izatea, baina ikastetxea kokatuta dagoen udalerritik eta eragin-eremu zein eremu mugakideetatik kanpo: 0,5 puntu.

    Ikaslearen amaren, aitaren edo legezko tutorearen lantokia eskatutako ikastetxearen eragin-eremuan egotea: 2 puntu (puntu horiek bateraezinak dira eskatu den ikastetxean edo ikastetxe atxiki batean ikaslearen aitak, amak edo legezko tutoreak lan egiteagatik ematen diren puntuekin).

  3. Familia-unitatearen urteko errenta (kontzeptuak metatu egin daitezke). Gehieneko puntuazioa: 3 puntu.

    2022ko errenta-aitorpenaren zerga-oinarri orokorraren eta aurrezkiaren zerga-oinarriaren baturak ez baditu 14.000 euroak gainditzen: 2 puntu.

    2022ko errenta-aitorpenaren zerga-oinarri orokorraren eta aurrezkiaren zerga-oinarriaren baturak zenbateko hori gainditzen badu: 0 puntu.

    Horrez gain, aurreko kasuetan, 0,25 puntu gehituko dira eskatzailea ez den seme-alaba adingabe bakoitzeko.

    Irizpide osagarriak.

  4. Ikastetxean edo atxikitako ikastetxean lan egiten duten senideak izatea.

    Amak, aitak edo legezko tutoreak eskatutako ikastetxean edo atxikitako ikastetxe batean lan: 5 puntu (puntu horiek bateraezinak dira ikaslearen aitak, amak edo legezko tutoreak eskatu den ikastetxearen eragin-eremuan lan egiteagatik ematen diren puntuekin).

  5. Familia ugariko kide izatea.

    Maila bereziko familia ugariko kide izateagatik: 1,5 puntu.

    Maila orokorreko familia ugariko kide izateagatik: 1 puntu.

  6. Guraso bakarreko familia bateko kide izatea.

    Ikaslea guraso bakarreko familia bateko kide izatea: 1 puntu.

  7. Erditze anizkoitzean jaio izana. Gehieneko puntuazioa: 1,5 puntu.

    Ikaslea 2 seme-alabako erditze anizkoitzean jaio izana: 1 puntu.

    Seme-alaba gehigarri bakoitzeko: 0,25 puntu.

  8. Ikastetxeko eskola-kontseiluaren ustez garrantzitsuak diren bestelako egoerak.

    Ikastetxeko eskola-kontseiluak ezarritako baldintzengatik (aurretik esandakoak ere izan daitezke). Horiek irizpide publiko eta objektiboei jarraikiz eta jaiotza-, arraza-, sexu-, erlijio-, iritzi-arrazoiengatik edo beste edozein egoera edo baldintza pertsonal edo sozialengatik inor baztertu gabe ezarri dira: gehienez 1 puntu (baldintzak jakitera eman beharko dira, eta dagokion Hezkuntzako lurralde-ordezkariari jakinarazi, eskabideak aurkezteko epea hasi baino lehen).

  9. Kooperatiba-bazkide izatea.

    Familia-unitateko kideren bat eskatu den ikastetxeko kooperatiba-bazkide izateagatik: 0,5 puntu.

  10. Beste batzuk:

    1. Desgaitasuna. Gehieneko puntuazioa: 2 puntu.

      Ikasle eskatzailearena baldin bada: 2 puntu.

      Aitarena, amarena, legezko tutorearena edo neba-arrebaren batena baldin bada: 1 puntu.

    2. Familia-unitatea lekuz aldatzea honako arrazoi hauengatik: nahitaez mugitu beharra, azken urtean familiako kideetako edozein desgaitu izana edo genero-indarkeriaren edo terrorismo-ekintzen ondoriozko bizileku-aldaketa: 0,5 puntu.

    3. Familia-harrerako egoera.

      Ikasle eskatzailea familia-harreran egoteagatik: 1 puntu.

    4. Genero-indarkeriaren biktima izatea.

      Ikaslea, ama edo legezko tutorea genero-indarkeriaren biktima izatea. 1 puntu.

    5. Terrorismoaren biktima izatea.

      Ikaslea, aita, ama edo legezko tutorea terrorismoaren biktima izatea. 1 puntu.