Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saila

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2022ko martxoaren 30ekoa, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarena, zeinaren bitartez Euskal Autonomia Erkidegoko esku-hartze sozialaren eremuan hirugarren sektoreko jarduerak sustatzeko dirulaguntzak arautzen dituen abenduaren 4ko 271/2012 Dekretuan aurreikusitako 2022ko deialdia egiten baita.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 76
  • Hurrenkera-zk.: 1703
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/03/30
  • Argitaratze-data: 2022/04/20

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gizarte Gaiak; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialari buruzko 6/2016 Legeak (EHSSL) honako hau aitortzen du: «Gizarte-arloko ekimeneko eta esku-hartzeko erakundeak euskal gizartearen funtsezko aktibo bat dira, eta haien ekarpena ezinbestekoa da gizarte zuzen eta solidario, berdintasunezko eta kohesionatu, demokratiko eta parte-hartzailea eraikitzeko, bai eta gizarte-beharrei modu egokiagoan (integrala, hurbilekoa, pertsonalizatua, parte-hartzailea) erantzuteko ere, sektoreen arteko lankidetzaren bidez eta pertsonen beraien, familien, kolektiboen edo komunitate hartzaileen parte-hartzearekin».

Hala, Eusko Jaurlaritzak, EHSSL eta XII. Legealdiko gobernu-programa garatuz, EHSSko erakundeekin eta sareekin lankidetzan, Euskadiko Elkarrizketa Zibilerako Mahaiaren bitartez (EEZM), Euskadiko Hirugarren Sektore Soziala Sustatzeko Estrategia eguneratu du, eta 2021-2024 Legealdiko plana egin du, EHSS indartzen eta sustatzen jarraitzeko asmoz, eta euskal sektore publikoaren eta EHSSren arteko lankidetzaren ibilbidearekiko koherentea den esparru berri hau praktikan finkatzeko, zeina, aldi berean, elkarrizketa zibila eta eredu mistoa oinarrizko zutabe dituen jauzi kualitatiboa baita.

Agindu honen bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoko esku-hartze sozialaren eremuan hirugarren sektoreko jarduerak sustatzeko dirulaguntzak arautzen dituen abenduaren 4ko 271/2012 Dekretuan bilduta dauden aurreikuspenak bete eta garatuko dira 2022an. Orokorrean hartuta, agindu honetan ez dira errepikatuko adierazitako dekretuko edukiak, baina dirulaguntzen deialdi honetara aurkeztu nahi duten erakundeek nahitaez kontsultatu beharko dituzte eduki horiek.

Dekretu horren arabera, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen babesean, esku-hartze sozialaren jarduerak pertsona, familia, talde eta komunitate guztien autonomia pertsonala eta integrazio komunitarioa babesteko eta sustatzeko jarduerak dira.

Aipatutako dekretuaren arabera, halaber, sustatze-lan horretan Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak bere berariazko erantzukizuneko ikuspegiak eta zeharkako politikak hartu behar ditu kontuan batez ere; hala nola, gizarteratzearekin, familiarekin, haurrekin eta nerabeekin, immigrazioarekin, dibertsitate eta askatasun afektibo eta sexualarekin lotuta daudenak, baita desgaitasunarekin eta mendekotasunarekin, adinekoekin eta, bereziki, genero-berdintasunarekin lotuta daudenak ere.

Testuinguru horretan, eta «2020-2024 XII. Legealdiko» jarduera-ardatz orokorren barruan, gizonen eta emakumeen arteko berdintasun-politiken zeharkakotasuna indartu behar da, bai eta balio-aldaketa sustatu ere, hezkidetzatik abiatuta.

Bestalde, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 40.9 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, Eusko Jaurlaritzak eskumena du esku hartzen duten eragile eta profesionalen prestakuntza sustatzeko eta bultzatzeko, gainerako euskal administrazio publikoekin koordinatzeko dituen eskumenak baliatuz eta horretarako ezartzen diren jarraibide estrategikoen esparruan, bai eta arretaren, berrikuntzaren eta zerbitzuen kalitatearen hobekuntza sustatzeko ere.

Horregatik, asmoa da Sailak egiten duena identifikatzea, balioa ematea, egituratzea eta bultzatzea, bai eta dauden baliabideak aprobetxatzea ere, berrikuntzaren arloko lankidetzak eta sinergiak indartuz beste sail batzuekin eta beste gizarte-eragile batzuekin (unibertsitateak, gizarte-zerbitzuetan espezializatutako ikerketa-zentroak).

Agindu hau 2022. urterako dirulaguntzen plan estrategikoan dago jasota. Hain zuzen ere, plan hori Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak onartu zuen 2022ko urtarrilaren 18ko Aginduaren bidez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legean (eta, zehazki, 8.1 artikuluan) jasotako aurreikuspenak betez.

https://www.euskadi.eus/contenidos/orden/planestrategico_subvenciones22/es_def/adjuntos/2022.01.18-Orden-PES-2022.pdf

Euskal Autonomia Erkidegoko esku-hartze sozialaren eremuan hirugarren sektoreko jarduerak sustatzeko dirulaguntzak arautzen dituen abenduaren 4ko 271/2012 Dekretuak bideratu egiten du Eusko Jaurlaritza, irabazi-asmorik gabeko ekimen sozialeko erakundeen esku-hartze sozialeko jarduerak sustatzeko orduan, eta, batez ere, lurraldez gaindikoak badira, hau da, Euskal Autonomia Erkidego osoko mailan gertatzen badira.

Agindu honetan garatzen diren eta aipatutako dekretuan aurreikusita dauden dirulaguntza-lerroak honako hauek dira:

  1. Esku-hartze sozialeko jarduerak pertsona, familia, talde eta komunitateekin.

  2. Esku-hartze sozialean ekintza boluntarioa eta parte-hartze asoziatiboa indartzeko jarduerak.

  3. Esku-hartze sozialerako jakintzaren kudeaketa-jarduerak.

    Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2.a) artikuluan aurreikusitakoa betetzeko asmoz, erakunde interesdunek telematikoki egin beharko dituzte laguntza-programa honetarako izapide guztiak.

    Azaldutako guztia kontuan hartuta, honako hau

  1. Agindu honen xedea da esku-hartze sozialeko eremuko jarduerak gauzatzeko dirulaguntzetarako 2022ko deialdia egitea. Jarduera horiek pertsonen, familien eta taldeen autonomia pertsonala eta integrazio komunitarioa babestera eta sustatzera daude bideratuta, bereziki honako gai hauetan biltzen badira edo horiei buruzkoak badira:

    1. gizarte-zerbitzuak.

    2. gizarteratzea.

    3. familien laguntza, sustapena eta babesa.

    4. haurrak eta nerabeak zaintzea eta babestea.

    5. etorkinak gizarteratzea eta, orokorrean, kulturartekotasuna, salbu eta gai juridikoetako babesari dagokionez.

    6. adinekoak zaintzea eta babestea.

    7. mendekotasun-egoeran eta, orokorrean, desgaitasun-egoeran dauden pertsonak zaintzea eta babestea.

    8. askatasun eta dibertsitate afektibo-sexuala.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko esku-hartze sozialaren eremuan hirugarren sektoreko jarduerak sustatzeko dirulaguntzak arautzen dituen abenduaren 4ko 271/2012 Dekretuaren 1.4 artikuluan ezarritako ondorioetarako, laguntza jasotzen duten jarduerak egokitu egingo dira esku-hartze sozialaren esparruarekin zerikusia duten arauetan eta plangintza estrategikoan jasotako printzipio eta jarraibideetara, batez ere honako hauetan jasotzen direnetara:

    1. 12/2008 Legea, abenduaren 5ekoa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa.

    2. 18/2008 Legea, abenduaren 23koa, Diru-sarrerak Bermatzeari eta Gizarteratzeari buruzkoa.

    3. 13/2008 Legea, abenduaren 12koa, Familiei laguntzekoa.

    4. 3/2005 Legea, otsailaren 18koa, Haurrak eta Nerabeak Zaintzeari eta Babesteari buruzkoa.

    5. 17/1998 Legea, ekainaren 25ekoa, Boluntariotzari buruzkoa.

  3. Kanpoan geratuko dira honako helburu hauek dituzten jarduerak:

    1. . Emakumeen aurkako indarkeriari lotutako sentsibilizazio- eta prebentzio-arloko jarduerak, badaudelako emakumeentzako laguntza-deialdi bereziak. Finantzagarriak izango dira, ordea, beste jarduera batzuk, zeintzuen xede nagusia emakumeen aurkako indarkeriaren biktimekiko esku-hartze soziala baita.

    2. . Erakunde eskatzailea hobetzea, soilik edo nagusiki erakunde eskatzaileari zuzendutako jardueren bitartez; hala nola, bere langileen prestakuntzaren bitartez, edo erakundeen kudeaketari eta ildo estrategikoei buruzko hausnarketa-prozesuen bitartez.

  4. Laguntzak kudeatzeko organoa.

    Gizarte Zerbitzuen zuzendariari dagokio hiru dirulaguntza-lerroetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko eginkizunak betetzea. Dirulaguntzak onartzeko edo ukatzeko proposamena Euskal Autonomia Erkidegoko esku-hartze sozialaren eremuan hirugarren sektoreko jarduerak sustatzeko dirulaguntzak arautzen dituen abenduaren 4ko 271/2012 Dekretuaren 13. artikuluan jasotako Balorazio Batzordeak egingo du.

  5. Jarduerak gauzatzeko epea 2022ko ekitaldia da.

  1. Erakunde interesdunek bitarteko elektronikoak erabiliz eskatu, kontsultatu eta egin beharko dituzte prozedura honetako izapide guztiak, honako hauek kontuan hartuta: 21/2012 Dekretua, otsailaren 21ekoa, Administrazio Elektronikoari buruzkoa; Ebazpena, 2006ko otsailaren 9koa, Informatika eta Telekomunikazioko zuzendariarena, E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa Platea onartzen duena; eta 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.

  2. Izapidetzeetarako, formularioetarako eta erantzukizunpeko adierazpenetarako argibideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektroniko honetan eskuratu daitezke:

    https://www.euskadi.eus/servicios/1209101

  3. Espedienterako sarbidea eta eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira:

    https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

  4. Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Eusko Jaurlaritzaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

  5. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

  6. Erakunde interesdunentzako jakinarazpenak bide elektronikoz egingo dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalean kontsultatu beharko dira.

  7. Edukia eskuratzen denean, egindakotzat joko da jakinarazpena. Jakinarazpena eskuragarri jarri eta hamar egun natural igarotzen badira haren edukia eskuratu gabe, jakinarazpena baztertutzat joko da, eta izapidea egindakotzat, prozedurari jarraituta.

  8. Aurrekoa baztertu gabe, organo kudeatzaileak SMSak edo mezu elektronikoak erabiliz egindako jakinarazpenen abisuak bidali ahal izango ditu interesdunek eskaeran adierazitako mugikorretara edo posta elektronikoko kontuetara. Abisu horiek inola ere ez dira jakinarazpentzat hartuko.

  1. Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

  2. Izapidetzeetarako, formularioetarako eta erantzukizunpeko adierazpenetarako argibideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektroniko honetan eskuratu daitezke:

    https://www.euskadi.eus/servicios/1209101

  3. Laguntza jasotzeko eskabidea eta eskabidearekin batera doan dokumentazioa aurkezterakoan, erakunde eskatzaileek erabakiko dute zein hizkuntza ofizialetan aurkeztu. Era berean, laguntza-eskabidea aurkeztu izanaren ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluak ezartzen duena betez.

  4. Deialdi honen organo kudeatzaileak automatikoki eta behar den beste aldiz egiaztatuko du laguntzak eskatzen dituztenek egunean dituztela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak, salbu eta horren aurka egiten badu, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 50.3 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz. Kasu horretan, aipatutako egiaztagiriak aurkeztu beharko dira.

  5. Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Errege Dekretuaren 50.6 artikulua aplikatuta, eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpen bidez, honako hauek egiaztatuko dira:

    1. Helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu eta, hala badagokio, lortu direla, edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik etorri badira ere.

    2. Erakunde eskatzailea badagoela edo ez dagoela sartuta inongo itzulketa- edo zigor-prozeduratan; hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta horren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasitakoetan.

      BAI erantzunez gero, zehaztu beharko du zein diren prozedurak.

    3. Pertsona edo erakunde eskatzailea ez dagoela administrazio- edo zigor-arloan zigortuta dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin, edo ez dagoela horretarako ezgaitzen duen inolako legezko debekuren eraginpean.

    4. Haurrei eta nerabeei indarkeriaren aurrean babes osoa emateari buruzko ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoaren 57. artikuluan ezarritakoa betetzea. Hain zuzen ere, horren arabera, nahitaezkoa izango da, adingabeekin ohiko harremana dakarren edozein lanbide, ofizio eta jardueratara jotzeko eta horretan aritzeko, epai irmo bidez kondenatua ez izatea Zigor Kodearen azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoaren VIII. tituluan tipifikatutako sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako edozein delitugatik, ezta Zigor Kodearen VII bis tituluan tipifikatutako gizakien salerosketako edozein delitugatik ere. Horretarako, lanbide, ofizio edo jarduera horietara jo nahi duenak egoera hori egiaztatu beharko du eta, horretarako, Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa aurkeztu.

      Hau da, adingabeekin harremana izan ohi duten langile guztiek, bai kontratatuek bai boluntarioek, Sexu Delitugileen eta Gizakien Salerosketako Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa izango dute.

    5. Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta 3. artikuluetan aurreikusitako egoeretan.

  6. Halaber, erakunde eskatzaileak adieraziko du egiazkoak direla eskaeran eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela dirulaguntza jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak.

Agiri hauek aurkeztu beharko dira dirulaguntzaren eskabidearekin batera:

  1. Erakundeak 2021ean izandako emaitzen kontua eta balantzea. Eskaera aurkezteko egunean ez badago itxita, 2020koa aurkeztu ahal izango da, 2021ekoa prest dagoenean zuzendaritza kudeatzaileari bidaltzeko konpromisoarekin.

  2. Erakunde eskatzailea ez badago inskribatuta Gizarte Segurantzaren sisteman, Gizarte Segurantzarekiko edo Gizarte Segurantzaren ordezko sistemekiko betebeharrak egunean dituela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko esku-hartze sozialaren eremuan hirugarren sektoreko jarduerak sustatzeko dirulaguntzak arautzen dituen abenduaren 4ko 271/2012 Dekretuaren garapenean deitutako laguntzen esparruan, berariazko mekanismoak antolatuko dira eskabideak oker aurkeztu diren kasuetarako, eskabidearen xedeak dirulaguntzarenarekin bat egiten ez duelako.

    Alde horretatik, laguntzak kudeatzen dituen organoak uste badu eskaeraren xedea ez datorrela bat lerro horrekin, baina lekua duela agindu honetan (zeina administrazio-ebazpenaren aurreko fasean baitago) aurreikusitako beste laguntza-lerro batean, daukan xedearen ikuspuntutik egokiagotzat jotzen duen beste laguntza-lerro batean sartzea erabaki ahal izango du.

  2. Erakunde eskatzaileari aurreko paragrafoan aipatutako bidalketa jakinaraziko zaio, egokitzat jotzen dituen alegazioak egin ditzan, jakinarazpena jaso eta hamar egun naturaleko epean. Epe hori igaro bada, eta erakunde eskatzaileak aurka egin ez badu, lerroaren lekualdaketa onartutzat hartuko da.

Diruz lagundu daitezkeen gastuak dira zalantzarik gabe bat datozenak diruz laguntzen den jardueraren izaerarekin, hertsiki beharrezkoak direnak, eta deialdian ezarritako epean egiten direnak.

Agindu honen ondorioetarako, egindako gastutzat joko da 8.1 artikuluan adierazten den justifikazio-aldia amaitu baino lehen benetan ordaindu dena.

Honako gastu hauek lagundu daitezke diruz:

Zuzenekoak: halakotzat hartuko dira diruz laguntzen den jardueraren edo programaren garapenetik berariaz eratortzen direnak.

Zeharkakoak: kostu aldakorrak izan daitezke, onuradunak egindako zenbait jarduerari egozten zaizkienak, edo, bestela, egiturazkoak, diruz laguntzen den jarduerari zuzenean egotzi ezin zaizkionak baina beharrezkoak direnak hura gauzatzeko.

Aurrekoa oinarri hartuta, honako hauek hartuko dira zeharkako kostutzat:

Proiektuari zeharka lotutako langileen gastuak: administrariak.

Zerbitzu profesionalen kostuak, proiektua egiteak sortutakoak: lan-, zerga- eta administrazio-arloko aholkularitza edo kudeaketa.

Funtzionamendu- eta egitura-gastuak: egoitzaren bulegoa alokatzea, hornidurak.

Material administratiboaren gastuak.

Finantza-zerbitzuei egindako ordainketetatik eratorritako gastuak.

Honako gastu hauek ez dira diruz lagunduko:

Protokolo-gastuak; hala nola, otorduak, harrerak, opariak, loreak, ikuskizunetarako sarrerak edo antzekoak.

Festetako, ekitaldietako eta era askotako aurkezpenetako janari- eta edari-gastuak, bai eta bazkide, langile edota boluntarioentzat prestatutako edozein ospakizun edo otordu ere.

Langileen eta esku-hartzearen onuradunen aisialdi-jardueren gastuak, non eta jarduera horietan baliabide komunitarioak erabiltzen ez diren.

Eskabidea egiten duen entitateak aurkeztutako aurrekontuan diruz lagundu ezin diren gastuak jasotzen badira (artikulu honen araberakoak, betiere), edo, diruz laguntzeko modukoak badira ere, ezarritako muga gainditzen badute, Balorazio Batzordeak kendu edo zuzendu egingo ditu, diruz lagundu daitekeen gehieneko zenbatekoa zehazteko asmoz; eta, hain zuzen ere, hori izango da dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko oinarria.

Diruz lagundu daitezkeen gastuak eskuratzeko kostua inola ere ez da izango merkatuko balioa baino handiagoa.

Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 8ko 9/2017 Legean ezarritako zenbatekoak gainditzen baditu, kontratu txikien kasuan eta aldez aurretik, erakunde onuradunak hornitzaile desberdinen hiru eskaintza eskatu beharko ditu gutxienez, salbu eta, haien ezaugarri bereziak direla-eta, merkatuan horiek egiten dituen erakunde nahikorik ez badago edo gastua dirulaguntzaren aurretik egin bada.

Aurkeztutako eskaintzen artean egindako hautua (justifikazioan, edo, hala badagokio, dirulaguntzaren eskabidean aurkeztu beharko dira) efizientzia- eta ekonomia-irizpideekin bat etorriz egin beharko da, eta, betiere, berariaz justifikatu beharko da memoria batean, baldin eta proposamen ekonomiko onenaren alde egiten ez bada.

Erakunde onuradunak jarduera azpikontratatu ahal izango du, osorik edo partez, diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 50eraino. Halaber, azpikontratazioak dirulaguntzaren % 20 gainditzen badu, eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa bada, dirulaguntzaren erakunde emaileak aldez aurretik baimendu beharko du azpikontratazioa, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 29. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

Aurreko apartatuetan aurreikusten ez den guztirako, artikulu hauetan xedatutakoa bete beharko da: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. eta 31. artikuluetan eta lege horren erregelamenduaren 83. artikuluan (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartu zen erregelamendu hori) xedatutakoa.

  1. Emandako dirulaguntza bi zatitan ordainduko da. Lehena aurrez emango da, emandako dirulaguntzaren % 70 izango da, eta abenduaren 4ko 271/2012 Dekretuaren 12.a) artikuluan adierazitako epea igaro ondoren gauzatuko da, tartean ukorik izan gabe. Bigarren zatia, berriz, 2023. urtean ordainduko da, diruz lagundutako jarduera bukatutakoan. Zehazki, laguntzaren likidaziotik ateratzen den zenbatekoa ordainduko da, betiere hurrengo artikuluan eskatutako agiriak aurkeztu ostean.

  2. Ez da ordainketarik egingo, onuradunak ez baditu egunean zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, edo zorduna bada itzulketa bidezkoa dela adierazteko ebazpen bidez.

  3. Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde eskatzaileak Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren hirugarrenen erregistroan egon beharko du erregistratuta.

    Entitatea ez badago erregistratuta, edo Ogasun eta Ekonomia Sailaren Hirugarrenen Erregistroan jasota dauden banku-datuak aldatu nahi baditu, modu elektronikoan egin ahal izango du, egoitza elektronikoan ere eskuragarri dagoen zerbitzuaren bitartez, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

  1. Justifikazioak aurkezteko epea 2023ko otsailaren 28an amaituko da.

  2. Dirulaguntzarako aurkeztutako aurrekontuaren % 100 justifikatu beharko da, eta ez soilik Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak emandako zenbatekoa.

  3. Erakunde onuradunek behar bezala eta guztiz beteta aurkeztu beharko dituzte agindu honetako II-A eranskina (Jardueraren memoria) eta II-B eranskina (Jardueraren memoria ekonomikoa). Izapidetzeetarako, formularioetarako eta erantzukizunpeko adierazpenetarako argibideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektroniko honetan eskuratu daitezke:

    https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

    1. B eranskinean, justifikazio-kontua jasotzen da, hau da: erantzukizunpeko adierazpen bat, proiektua egiteko izandako gastuen zerrenda biltzen duena, gastu horietatik zein finantzatu diren Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak emandako laguntzaren bidez zehaztuta; adierazpen horretan, gainera, izandako gastuak egiaztatzeko dokumentuen zerrenda jasoko da, honako hauek zehaztuta: dokumentu mota, identifikazioa, kontzeptua, igorlea, data, zenbatekoa eta jarduerari egozten zaion zenbateko eta ehunekoa.

      II-A eranskina, II-B eranskina eta haiekin batera doan dokumentazioa elektronikoki aurkeztu beharko dira, kasuan kasuko espedientean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektroniko «Nire karpeta» atalean (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/).

      1. Emandako laguntzaren kontura egindako gastuak diruz lagundutako jarduerak egikaritzeari lotuta egongo dira nahitaez. Gastu horiek justifikatzeko, ondorengo dokumentuak hartuko dira baliozkotzat, eta dokumentu horiek, dagokien datatik aurrera, gutxienez bost urtez gorde eta eskura eduki beharko ditu erakundeak. Hauek dira aipatutako dokumentuak:

        1. Erakunde onuradunaren izenean emandako faktura bidez justifikatutakoak. Faktura orok, baliozkoa izateko, 2022koa izan beharko du, eta justifikazioa aurkezteko epea amaitu aurretik egon beharko du ordainduta. Epe horretan benetan ordaindutako gastua baino ez da hartuko egindako gastutzat.

          PFEZren atxikipena duten fakturetan, kostu osoa lagundu ahal izango da diruz, atxikitako zenbatekoa barne.

          Arauarekiko salbuespenak fakturaziorik gabeko operazioak; hartzailearen identifikazio-datuak fakturan biltzea nahitaezkoa ez izatea; jasanarazitako zerga-kuota eta aplikaturiko zerga-tasa fakturan propio jaso behar ez izatea; fakturak txartel zenbakituen taloitegiekin edo, halakorik ez bada, makina erregistratzaileek emandako txartelekin ordezkatzea; eta abar fakturazio-betebeharrak arautzen dituzten foru-dekretuetan bildutakoak dira, edo, halakorik ezean, azaroaren 30eko 1619/2012 Errege Dekretuan.

        2. Ziurtagirien edo banku-zorpetzeagatiko kargu-dokumentuen bidez justifikatutakoak, betiere finantza-erakundeek igorri eta faktura bati dagozkion datuak biltzen badituzte, zenbakia eta seriea izan ezik.

        3. Langile-gastuei dagokienez, eredu ofizialaren eta Gizarte Segurantzako kotizazio-aldizkari ofizialen araberako soldata-ordainagirien bitartez justifikatutako gastuak; beharrezkoa izango da, halaber, erakundearen ordezkariak sinatutako ordu-parteak aurkeztea nomina edo nominaren zati bat proiektuari egozten zaion pertsonen kasuan.

        4. Balio erantsiaren gaineko zergatik salbuetsita dauden noizbehinkako lanetan, enpresariak edo profesionalak ez diren pertsona fisikoek egiten dituztenean, gastua justifikatzeko, erakunde onuradunak idazki bat aurkeztuko du, haren ordezkariak sinatuta. Honako datu hauek bildu beharko ditu gutxienez idazki horrek: igorlearen eta hartzailearen izen-abizenak, identifikazio fiskaleko zenbakia eta helbidea; operazioaren eta haren zenbateko osoaren deskribapena; hartzailearen «jaso izana» eta sinadura; pertsona fisikoen errentaren gaineko zergarekiko atxikipena PFEZ; eta Balio Erantsiaren gaineko Zergaren salbuespena baimentzen duen araudiaren artikulua.

        5. Langile boluntarioen kasuan, boluntarioen asegurua dirulaguntza jaso dezakeen gastutzat har daiteke, agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzen xede diren eta boluntarioen laguntza duten jardueren esparruan. Finantzatu beharreko boluntarioen asegurua bi polizak osatuko dute nahitaez. Bata istripu-poliza izango da, eta bestea erantzukizun zibilekoa, eta, azken horren kasuan, aseguratutako kapitala 300.506,05 eurokoa izango da gutxienez, ezbehar eta aseguruaren urteko kuota bakoitzeko, polizari atxikitako boluntario bakoitzarentzat. Boluntarioen asegurua diruz lagundu ahal izateko, justifikazio-kontuan aseguru-entitateak edo aseguru-hartzaileak emandako ziurtagiria aipatuko da. Kontu horretan, erakundeak bere boluntarioen alde kontratatu dituen aseguru-polizen estaldurei buruzko datuak egiaztatuko dira gutxienez, eta aseguratutako pertsona kopurua eta polizaren guztizko zenbatekoa zehaztuko dira.

        6. Banku-dokumentua, non justifikatuko baitira diruz lagundutako jarduera finantzatzeko emandako maileguaren zenbatekoa eta xedea, eta lehen ordainketaren datara arte ordaindutako interesak, betiere laguntza hauek arautzen dituen abenduaren 4ko 271/2012 Dekretuaren 10.2 artikuluak ezartzen dituen baldintzak betetzen badira.

      2. Dirulaguntza behar bezala erabili dela egiaztatzeko, zuzendaritza kudeatzaileak egiaztatu egingo ditu finantzatutako jardueren gastuen justifikanteak, ausazko lagin batean eta, gutxienez, diruz lagundutako proiektuen % 10ean; eta, betiere, alde batera utzi gabe Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak edo Kontuen Euskal Epaitegiak egin behar dituen gainerako ikuskapen-, jarraipen- eta kontrol-ekintzak.

        Laguntza hauek kudeatzeko eskumena duen organoak egokitzat jotzen dituen frogagiriak egiaztatu ahal izango ditu; bestalde, erakunde onuradunak jatorrizko dokumentu guztiak gorde eta eskura izan behar ditu, bost urteko epean, haien datatik hasita.

  1. 50 puntu edo gehiago lortu dituzten jarduerak baino ezin izango dira diruz lagundu.

  2. Laguntzen zenbatekoa abenduaren 4ko 271/2012 Dekretuaren 14.3 artikuluan xedatutako bi banaketa-faseen bidez zehaztu behar bada, honako hau izango da banaketa aldagarria egiteko faseari dagokion zenbatekoa zehazteko formula:

    S = CMS x (P-20)/100

    Non:

    S = Fase horretan jarduera bakoitzari dagokion zenbatekoa.

    CMS = Diruz lagundu daitekeen gehieneko zenbatekoa.

    P = Balorazio Batzordeak jarduera bakoitzari emandako puntuazioa.

Erakunde onuradunak Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren lankidetzaren eta laguntzaren berri eman beharko du dirulaguntza honen xede diren ekintzen eta jardueren euskarrietan.

Proiektu honen zabalkunderako ekintza guztietan, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren logotipoa jarriko da, ikusteko moduan.

Aplikatu beharreko legeriaren arabera erabili behar dira logoak eta irudi korporatiboa. Informazio zehatza, hemen: https://www.euskadi.eus/erakunde-ikurrak-eta-nortasuna/web01-s1ezaleh/eu/

Halaber, bi hizkuntza ofizialak erabili beharko dira, euskara eta gaztelania, diruz lagundutako programaren edo jardueraren publizitate-elementu gisa egiten diren kartel, testu eta dokumentuetan. Alde horretatik, beharrezkoa ez bada, ez da komeni ezer inprimatzea, eta, aldiz, komenigarria da paper birziklatua erabiltzea, dokumentu digitalizatuekin lan egitea eta dokumentu horiek online bidaltzea.

Erakunde onuradunek gutxienez zazpi egun baliodun lehenago jakinarazi beharko diote organo kudeatzaileari non, noiz eta zer ordutan izango diren diruz lagundutako proiektuen emaitzen berri emateko ekitaldiak, prentsaurrekoak, aurkezpenak edo beste komunikazio-modu batzuk, eta saileko ordezkariek dibulgazio-ekintza horietan parte hartu ahal izango dute.

Euskal Autonomia Erkidegoko esku-hartze sozialaren eremuan hirugarren sektoreko jarduerak sustatzeko dirulaguntzak arautzen dituen abenduaren 4ko 271/2012 Dekretuaren 4.2 artikuluaren arabera, dirulaguntza-lerro honetan pertsona, familia, talde eta komunitateekiko esku-hartze sozialeko jarduerek jaso ahal izango dute finantzaketa, hau da, pertsonen autonomia pertsonala eta integrazio komunitarioa sustatu eta babesteko jarduerek, eta, batez ere, esperimentazioa edo berrikuntza dakartenek.

  1. Ondorio horietarako, dirulaguntza-lerro honetako jarduerak finantzatzeko, 3.743.480 euroko kreditua dago aurreikusita 2022rako, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 11/2021 Legean; zenbateko horretatik, 2.620.436 euro 2022rako ordainketa-kredituari dagozkio, eta 1.123.044 euro, berriz, 2023. urterako konpromiso-kredituari.

  2. Dirulaguntza-lerro honetan, ezin izango da 210.000 eurotik gorako laguntzarik eman, betiere bakarka kontuan hartuta.

  3. Ezin izango da emandako laguntzaren % 10 baino gehiago bideratu zeharkako kostuak ordaintzera. Era berean, ezin izango da emandako laguntzaren zenbatekoaren % 5 baino gehiago bideratu bidaia- eta dieta-gastuak ordaintzera.

Dirulaguntza-lerro honetan aurkeztutako jarduerak baloratzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko esku-hartze sozialaren eremuan hirugarren sektoreko jarduerak sustatzeko dirulaguntzak arautzen dituen abenduaren 4ko 271/2012 Dekretuaren 3. artikuluan ezarritako irizpide erkideekiko koherentziari jarraikiz, eta bertan jasotako gainerako orientazioekiko koherentziari jarraikiz, honako alderdi hauek ebaluatuko dira:

  1. Kalitate teknikoa: proposamenaren diseinua eta egokitasuna, bideragarritasuna, ebaluagarritasuna eta izaera berritzailea: 20 puntu, gehienez.

  2. Esku-hartze edo garrantzi txikiko esparru batekoa izatea (jarduerak erantzun nahi dion egoerari dagokionez zein jardueraren helburuei dagokienez), kontuan hartuta zuzeneko edo zeharkako hartzaile edo onuradun kopurua: 15 puntu, gehienez.

  3. Familia- eta komunitate-ikuspegia aplikatzeko merezimendu bereziak, familia- eta komunitate-harremanen mesedetan izatea, familia- eta lan-bizitza bateragarri egitea, gurasotasun positiboa, etxeko eta komunitateko zaintza-eredu berriak eta esku-hartzearen xede diren pertsonek parte hartzea diseinuan, kudeaketan eta ebaluazioan: 10 puntu, gehienez.

  4. Koordinazioa esku-hartze sozialaren esparruaren eta beste esparru batzuen artean (adibidez, hezkuntza-arloko esku-hartzea, osasun-arlokoa edo enpleguari dagokiona): 5 puntu esparru bakoitzeko, eta, gehienez, 10 puntu.

  5. Jardueraren eremua edo eskala lurraldez gaindikoa izatea; halakotzat hartuko da jarduera benetan hainbat lurralde historikotan gauzatzea. Hala ere, lurralde historiko bateko baino gehiagoko erakundeek jardueretan halabeharrez parte hartzeak ez die lurraldez gaindiko izaerarik ematen:

    Bi lurraldetan parte hartzea: 10 puntu.

    Hiru lurraldetan parte hartzea: 15 puntu.

  6. Jarduera Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren berariazko erantzukizunekoak diren eta esku-hartze sozialaren eremurako egokitzat hartzen diren bi zeharkako eremutan edo gehiagotan (gizarteratzea, familia, immigrazioa, haurrak eta nerabeak, desgaitasuna eta mendekotasuna, adinekoak, dibertsitate eta askatasun afektibo sexuala) kokatzea eta horixe izatea jardueraren zentzua: 2 puntu, esparru gehigarri bakoitzeko; eta, gehienez ere, 10 puntu.

  7. Jarduera zenbait erakundek egitea elkarlanean, edo zenbait erakundez osatutako sare edo federazio batek egitea elkarlanean: 5 puntu, gehienez.

  8. Erakundeak onura publikoaren deklarazioa izatea: 2 puntu; eta interes sozialaren deklarazioa izatea: 3 puntu.

  9. Erakundeak «Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakunde» aitortza izatea: puntu 1; eta proiektua genero-ikuspegitik planifikatzen, garatzen eta ebaluatzen bada: 4 puntu, gehienez.

  10. Erakundeak berak finantzatzen duen edo beste erakunde batzuetatik lortzen duen jardueraren edo ekimenaren ehunekoa: 5 puntu, gehienez.

    Dirulaguntza jaso dezaketen bakarrak a) irizpidean 10 puntu gutxienez lortzen dituztenak izango dira.

Euskal Autonomia Erkidegoko esku-hartze sozialaren eremuan hirugarren sektoreko jarduerak sustatzeko dirulaguntzak arautzen dituen abenduaren 4ko 271/2012 Dekretuaren 4.3 artikuluaren arabera, dirulaguntza-lerro honetan honako jarduera hauek jaso ahal izango dute finantzaketa: ekintza boluntarioa areagotzera, esku-hartze sozialaren esparruan partaidetza asoziatiboa garatzera, eta, bereziki, esku-hartze soziala gauzatzen duten erakundeak, sareak edo nagusiki autonomia-eremuko federazioak eraikitzera eta hobetzera bideratutako jarduerek.

  1. Ondorio horietarako, dirulaguntza-lerro honetako jarduerak finantzatzeko, 599.000 euroko kreditua dago aurreikusita 2022rako, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 11/2021 Legean; zenbateko horretatik, 419.300 euro 2022rako ordainketa-kredituari dagozkio, eta 179.700 euro, berriz, 2023. urterako konpromiso-kredituari.

  2. Dirulaguntza-lerro honetan, ezin izango da 35.000 eurotik gorako laguntzarik eman, betiere bakarka kontuan hartuta.

  3. Ezin izango da emandako laguntzaren % 15 baino gehiago bideratu zeharkako kostuak ordaintzera. Era berean, ezin izango da emandako laguntzaren zenbatekoaren % 10 baino gehiago bideratu bidaia- eta dieta-gastuak ordaintzera.

Dirulaguntza-lerro honetan aurkeztutako jarduerak baloratzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko esku-hartze sozialaren eremuan hirugarren sektoreko jarduerak sustatzeko dirulaguntzak arautzen dituen abenduaren 4ko 271/2012 Dekretuaren 3. artikuluan ezarritako irizpide erkideekiko koherentziari jarraikiz, eta bertan jasotako gainerako orientazioekiko koherentziari jarraikiz, honako alderdi hauek ebaluatuko dira:

  1. Proposamenaren diseinuaren kalitate teknikoa, barne hartuta diseinuaren egokitasuna, bideragarritasuna eta ebaluagarritasuna: 25 puntu, gehienez.

  2. Esku-hartze edo garrantzi txikiko esparru batekoa izatea (jarduerak erantzun nahi dion egoerari dagokionez zein jardueraren helburuei dagokienez), kontuan hartuta zuzeneko edo zeharkako hartzaile edo onuradun kopurua: 15 puntu, gehienez.

  3. Jarduera zenbait erakundek egitea elkarlanean, edo zenbait erakundez osatutako sare edo federazio batek egitea elkarlanean: 10 puntu.

  4. Erakundeak onura publikoaren deklarazioa izatea: 2 puntu; eta interes sozialaren deklarazioa izatea: 3 puntu.

  5. Jardueraren eremua edo eskala lurraldez gaindikoa izatea; halakotzat hartuko da jarduera benetan hainbat lurralde historikotan gauzatzea. Hala ere, lurralde historiko bateko baino gehiagoko erakundeek jardueretan halabeharrez parte hartzeak ez die lurraldez gaindiko izaerarik ematen:

    Bi lurraldetan parte hartzea: 10 puntu.

    Hiru lurraldetan parte hartzea: 15 puntu.

  6. Jardueran borondatezko ekintzaren eta elkarrekiko laguntzaren berezko balio erantsiak jasotzea: 5 puntu, gehienez.

  7. Esku-hartzearen xede diren pertsonek jardueraren diseinuan, kudeaketan eta ebaluazioan parte hartzea: 5 puntu, gehienez.

  8. Jarduera Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren berariazko erantzukizunekoak diren eta esku-hartze sozialaren eremurako egokitzat hartzen diren bi zeharkako eremutan edo gehiagotan (gizarteratzea, familia, immigrazioa, haurrak eta nerabeak, desgaitasuna eta mendekotasuna, adinekoak, dibertsitate eta askatasun afektibo sexuala) kokatzea eta horixe izatea jardueraren zentzua: 2 puntu, esparru gehigarri bakoitzeko; eta, gehienez ere, 10 puntu.

  9. Erakundeak «Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakunde» aitortza izatea: puntu 1; eta proiektua genero-ikuspegitik planifikatzen, garatzen eta ebaluatzen bada: 4 puntu, gehienez.

  10. Erakundeak berak finantzatzen duen edo beste erakunde batzuetatik lortzen duen jardueraren edo ekimenaren ehunekoa: 5 puntu, gehienez.

    Dirulaguntza jaso dezaketen bakarrak a) irizpidean 12,5 puntu gutxienez lortzen dituztenak izango dira.

Euskal Autonomia Erkidegoko esku-hartze sozialaren eremuan hirugarren sektoreko jarduerak sustatzeko dirulaguntzak arautzen dituen abenduaren 4ko 271/2012 Dekretuaren 4.4 artikuluaren arabera, dirulaguntza-lerro honetan esku-hartze sozialerako jakintza baliagarria ekoitzi eta lortzeko jarduerek jaso ahal izango dute finantzaketa; besteak beste, prestakuntza-programek; ikerketa-proiektuek; argitalpenak egin eta zabaltzeak; dokumentazioarekin zerikusia duten jarduerek; eta ikastaroek, mintegiek eta mota horretako ekitaldi teknikoek.

  1. Ondorio horietarako, dirulaguntza-lerro honetako jarduerak finantzatzeko, 450.000 euroko kreditua dago aurreikusita 2022rako, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 11/2021 Legean; zenbateko horretatik, 315.000 euro 2022rako ordainketa-kredituari dagozkio, eta 135.000 euro, berriz, 2023. urterako konpromiso-kredituari.

  2. Dirulaguntza-lerro honetan, ezin izango da 22.200 eurotik gorako laguntzarik eman, betiere bakarka kontuan hartuta.

  3. Ezin izango da emandako laguntzaren % 10 baino gehiago bideratu zeharkako kostuak ordaintzera. Era berean, ezin izango da emandako laguntzaren zenbatekoaren % 10 baino gehiago bideratu bidaia- eta dieta-gastuak ordaintzera.

Dirulaguntza-lerro honetan aurkeztutako jarduerak baloratzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko esku-hartze sozialaren eremuan hirugarren sektoreko jarduerak sustatzeko dirulaguntzak arautzen dituen abenduaren 4ko 271/2012 Dekretuaren 3. artikuluan ezarritako irizpide erkideekiko koherentziari jarraikiz, eta bertan jasotako gainerako orientazioekiko koherentziari jarraikiz, honako alderdi hauek ebaluatuko dira:

  1. Proposamenaren diseinuaren kalitate teknikoa, barne hartuta diseinuaren egokitasuna, bideragarritasuna eta ebaluagarritasuna, bai eta irakasleen, txostengileen edo ikertzaileen prestakuntza ere: 20 puntu, gehienez.

  2. Aurkeztutako gaia edo/eta proiektua berritzailea izatea: 20 puntu, gehienez.

  3. Zenbat hartzaile izan dezakeen jarduerak: 5 puntu, gehienez.

  4. Jardueran jorratutako gaiak zenbateraino laguntzen duen esku-hartze sozialaren eremua antolatzen eta, zehazki, zenbateraino laguntzen dien Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako eragile eta tresnei (zorroa, ituna, dekretua, mapa): 10 puntu, gehienez.

  5. Jardueraren eremua edo eskala lurraldez gaindikoa izatea; halakotzat hartuko da jarduera benetan hainbat lurralde historikotan gauzatzea. Hala ere, lurralde historiko bateko baino gehiagoko erakundeek jardueretan halabeharrez parte hartzeak ez die lurraldez gaindiko izaerarik ematen:

    Bi lurraldetan parte hartzea: 10 puntu.

    Hiru lurraldetan parte hartzea: 15 puntu.

  6. Jarduera Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren berariazko erantzukizunekoak diren eta esku-hartze sozialaren eremurako egokitzat hartzen diren bi zeharkako eremutan edo gehiagotan (gizarteratzea, familia, immigrazioa, haurrak eta nerabeak, desgaitasuna eta mendekotasuna, adinekoak, dibertsitate eta askatasun afektibo sexuala) kokatzea eta horixe izatea jardueraren zentzua: 2 puntu, esparru gehigarri bakoitzeko; eta, gehienez ere, 10 puntu.

  7. Jarduera zenbait erakundek egitea elkarlanean, edo zenbait erakundez osatutako sare edo federazio batek egitea elkarlanean: 5 puntu.

  8. Erakundeak onura publikoaren deklarazioa izatea: 2 puntu; eta interes sozialaren deklarazioa izatea: 3 puntu.

  9. Erakundeak «Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakunde» aitortza izatea: puntu 1; eta proiektua genero-ikuspegitik planifikatzen, garatzen eta ebaluatzen bada: 4 puntu, gehienez.

  10. Erakundeak berak finantzatzen duen edo beste erakunde batzuetatik lortzen duen jardueraren edo ekimenaren ehunekoa: 5 puntu, gehienez.

    Dirulaguntza jaso dezaketen bakarrak a) irizpidean 10 puntu gutxienez lortzen dituztenak izango dira.

    AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

    Agindu hau aplikatuz jasotzen diren datu pertsonalak Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta aplikatu beharreko gainerako araudian xedatutakoaren arabera tratatuko dira. Datuen babesari buruzko informazio gehiago lortzeko, helbide honetara jo daiteke: https://www.euskadi.eus/rgpd/1209101

    AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

    Euskal Autonomia Erkidegoko esku-hartze sozialaren eremuan hirugarren sektoreko jarduerak sustatzeko dirulaguntzak arautzen dituen abenduaren 4ko 271/2012 Dekretuan xedatutakoaz gain, agindu honetan aipatutako dirulaguntzak honako hauetan xedatutakoaren mende egongo dira: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 30/2015 Legean; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. tituluan eta VII. tituluko III. kapituluan; eta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean eta lege horren Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuan.

    AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

    Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, erakunde interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete zuzenean Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua aldizkari ofizial berean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

    AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA

    Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

    Vitoria-Gasteiz, 2022ko martxoaren 30a.

    Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,

    BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.

    (Ikus .PDF)

    (Ikus .PDF)

    (Ikus .PDF)