Ogasun eta Finantza Saila

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2022ko martxoaren 16koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez 2022ko deialdia egiten baita Euskal Autonomia Erkidegoko itsasertzeko eremuak garatzeko eta bultzatzeko laguntzak emateko (Itsaspen Programa), otsailaren 21eko 22/2012 Dekretuaren II. eta III. kapituluen babesean.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 60
  • Hurrenkera-zk.: 1371
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/03/16
  • Argitaratze-data: 2022/03/24

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía; Ingurune naturala eta etxebizitza
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Ekonomia; Nekazaritza eta arrantza; Instituzional; Sailak

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoko itsasertzeko eremuak garatzeko eta bultzatzeko (Itsaspen Programa) laguntzei buruzko otsailaren 21eko 22/2012 Dekretuak (2012ko martxoaren 6ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 47. zk.) helburutzat dauka herritarren oinarrizko zerbitzuak eta bizi-kalitatea hobetzeko laguntzak emateko araubidea sortu eta arautzea, eta jarduera ekonomiko berriak sortzen laguntzea itsasertzeko herriak biziberritzen, berritzen eta garatzen laguntzeko.

Otsailaren 21eko 22/2012 Dekretuaren 7. artikuluan xedatu bezala, urtero egingo da laguntzetarako deialdia, eta, horrekin batera, bigarren apartatuan bildutako honako eduki hauek finkatuko dira: zein den eskabideak aurkezteko epea; gehienez zenbat diru bideratuko den laguntzak banatzeko; zein diren diruz lagunduko diren laguntza-lerroak, kapituluka banatuta; irizpide objektiboen artean zein aplikatuko diren laguntzen zenbatekoa zehazteko; nolako dokumentazioa aurkeztu behar den; zein den inbertsioak eta gastuak egiteko eta justifikatzeko epea, eta, soberakin ekonomikorik badago, nola banatuko diren kapitulu bakoitzean.

Deialdi hau ebazterakoan, aintzat hartuko dira administrazio publikoen dirulaguntza-jarduera arautzen duten publikotasun-, lehia- eta objektibotasun-printzipioak, betiere honako arau hauetan xedatutakoari jarraituz: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua; Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko manuak; Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua, eta laguntza eta dirulaguntzei aplikatu beharreko gainerako xedapenak. Gainera, diru-baliabide erabilgarriak honako hauetan ezarritako irizpideen arabera aplikatuko dira: otsailaren 21eko 22/2012 Dekretua; agindu hau, eta 2021, 2022 eta 2023rako Dirulaguntza Plan Estrategikoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2021eko martxoaren 17ko Aginduaren bidez onartua eta 2022ko otsailaren 16ko Aginduaren bidez aldatua.

Horiek horrela, honako hau

Lehenengoa. Xedea.

Agindu honen xedea da 2022ko deialdia egitea Euskal Autonomia Erkidegoko itsasertzeko eremuak garatzeko eta bultzatzeko laguntzak emateko (Itsaspen Programa), otsailaren 21eko 22/2012 Dekretuaren II. eta III. kapituluetan aurreikusita baitaude.

Bigarrena. Eskabideak eta dokumentazioa.

  1. 2022rako eskabide-eredua onartzen da, eta eskuragarri egongo da https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0113708 webgunean. Eredu horren bidez eskatu ahal izango dira otsailaren 21eko 22/2012 Dekretuan araututako Euskal Autonomia Erkidegoko itsasertzeko eremuak garatzeko eta bultzatzeko laguntzak (Itsaspen Programa).

    Agindu honen eranskinean jasota daude eskabide-ereduaren edukia eta eskatzaileek bete behar dituzten eremuak.

  2. Laguntza-eskabideak Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariari bidali behar zaizkio.

  3. Eskatzaileek bitarteko elektronikoz aurkeztu beharko dituzte eskabideak. Eskabideak izapidetzeko xehetasunak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako agiriak honako helbide elektroniko honetan egongo dira eskuragarri:

    https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0113708

  4. Eskabidearen ondoko izapideak, bide elektronikoa erabiliz egitekoak, helbide honen bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

  5. Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte dirulaguntzaren eskabidea eta eskatutako agiriak. Gainera, dirulaguntza-eskabidetik eratorritako jardunetan eta prozedura osoan, eskatzaileak aukeratutako hizkuntza baliatuko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoari jarraituz.

  6. Laguntzak eskatzen dituztenek, eskabidearekin batera, otsailaren 21eko 22/2012 Dekretuaren 6. artikuluan aurreikusitako dokumentazioa aurkeztu beharko dute. Bestalde:

    Zuzendaritza kudeatzailearen zerbitzu teknikoek automatikoki egiaztatuko dute onuradunak egunean dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta haren NAN/IFK ere. Hala ere, eskatzaileak baimen hori berariaz uka dezake, baina, kasu horretan, adierazitako dokumentuak aurkeztu beharko ditu. Gainera, eskabidea aurkezteak esan nahi du eskatzaileak baimena ematen diola Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzari zuzenean eskura dezan beste edozein administrazio publikok egindako dokumentazio guztia, hala xedatuta baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluko 2. zenbakian.

    Eskatzaileek administrazio honetan edo beste edozein administrazio publikotan aurkeztu badute eskatutako dokumentazioa, eta aldaketarik ez dela egin berariaz adierazten bada, ez dute aurkeztu beharko dokumentazio hori, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluaren 3. zenbakiarekin bat etorriz. Adierazi beharko da, hala ere, noiz eta zer administrazio-organotan aurkeztu diren agiri horiek. Eskabidea aurkezteak berekin dakar organo kudeatzaileari baimena ematea dokumentazio hori eskuratzeko, hargatik eragotzi gabe baimena berariaz ukatu ahal izatea. Hala eginez gero, adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko da.

  7. 2022ko ekitaldian, hilabetekoa izango da otsailaren 21eko 22/2012 Dekretuan ezarritako laguntza-deialdira eskabideak aurkezteko epea, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

    Hirugarrena. Betekizunak.

    Deialdi honetako dirulaguntzak jasotzeko interesa dutenek egiaztatu beharko dute otsailaren 21eko 22/2012 Dekretuaren 5. artikuluko betekizunak betetzen dituztela, eta ez daudela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan dirulaguntzak debekatzeko jasotako egoeraren batean.

    Laugarrena. Gehieneko diru-zuzkidura globala.

  1. Agindu honen bidez 2022ko ekitaldirako iragarritako laguntzei erantzuteko gehieneko diru-zuzkidura globala 500.000 eurokoa da. Horietatik, 382.500 euro II. kapituluari dagozkio: 153.000 euro 2022. urteko ordainketa-kredituari, eta 229.500 euro 2023. urteko konpromiso-kredituari. III. kapitulua finantzatzeko, 117.500 euro erabiliko dira: 47.000 euro 2022. urteko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 70.500 euro, 2023. urteko konpromiso-kredituari.

  2. Bi kapitulu horietako batean soberakinik badago, besteari esleituko zaio.

    Bosgarrena. Laguntza-lerroak eta diruz laguntzeko moduko kostuak.

  1. otsailaren 21eko 22/2012 Dekretuaren babesean 2022ko ekitaldian diruz lagunduko diren jarduerak eta kostuak dekretu horren II. eta III. kapituluetan aurreikusitakoak izango dira, hau da, honako hauei buruzkoak, hurrenez hurren: ekonomiarako eta itsasertzeko herritarrentzako oinarrizko zerbitzuak ezartzea, eta itsasertzeko ondarea kontserbatu eta hobetzea.

    Kostuen moderazioa Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legea betez ziurtatuko da. Kontratu txikien kasuan, otsailaren 28ko 1/2019 Jarraibidearen arabera, gutxienez hiru eskaintza eskatuko ditu kontratazio-organoak, eta horiek espedientean sartuko dira, kalitate-prezio erlaziorik onena duen eskaintzaren justifikazioarekin batera. Hori posible ez bada, horren justifikazio arrazoitua txertatu beharko da.

    Onuradunak ez badira sektore publikoko kontratazio-organo, diruz lagunduko den gastuaren zenbatekoa 40.000 euro edo handiagoa bada obretan, edo 15.000 euro edo handiagoa gainerakoan, gutxienez hiru hornitzaile desberdinen eskaintzak eskatu beharko ditu onuradunak, obrarako konpromisoa kontratatu aurretik, zerbitzua eman aurretik edo ondasuna entregatu aurretik, non eta, haien ezaugarri bereziak direla-eta, merkatuan ez den aski erakunde eskaintza horiek egin, eman edo entregatzeko, edo non eta gastua ez den dirulaguntzaren aurretik egin. Halako kasuetan, kostuen moderazioa egiaztatu beharko da, justifikazio-memoria baten bidez.

  2. Laguntza hauek bateraezinak izango dira Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzak 2022ko ekitaldian bere jardun-eremuan egindako beste edozein deialditan eskuratutakoekin. Zuzendaritzako zerbitzu teknikoek ofizioz egiaztatuko dute bateraezintasun hori.

    Seigarrena. Laguntzak baloratzeko eta kuantifikatzeko irizpide objektiboak.

  1. Proiektuak baloratzeko, kontuan izango dira otsailaren 21eko 22/2012 Dekretuaren 8. artikuluan aurreikusitako irizpide objektibo guztiak.

  2. Erakunde eskatzaile bakoitzak aukera izango du proiektu bat baino gehiago aurkezteko, baina lehentasuna emango zaio puntuazio handiena lortzen duenari. Soberakinik izanez gero soilik hartuko da aintzat puntuazio-hurrenkeraren arabera diruz lagundu daitekeen hurrengo proiektua. Puntuazioan berdinketa gertatuz gero, kasuan kasuko erakundeak, organo kudeatzailearen eskariz zehazten duen proiektua hautatuko da.

    Zazpigarrena. Betebeharrak.

    Otsailaren 21eko 22/2012 Dekretuko 12. artikuluan jasotako betebeharrez gain, onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14.1 artikulukoak bete beharko dituzte, bai eta lege horretako 46. artikuluan lankidetza-beharrari buruz adierazitakoa ere.

    Zortzigarrena. Inbertsioak eta gastuak gauzatzeko epea.

    II. eta III. kapituluetako ekintzei dagozkien inbertsioak eta gastuak urtekoak edo urte anitzekoak izan daitezke. Urteko proiektuak gauzatzeko gehieneko epea 2022ko abenduaren 31n amaituko da, eta urte anitzekoak gauzatzekoa, berriz, 2023ko abenduaren 31n, hargatik eragotzi gabe otsailaren 21eko 22/2012 Dekretuaren 13. eta 16.3 artikuluetan xedatutakoa betetzea. Diruz laguntzen diren proiektuak 2022ko ekitaldian hasi behar dira.

  1. Proiektu bakoitzaren inbertsio eta gastuak gauzatzeko epea zehazteko, aintzat hartuko da Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariaren Ebazpenean ezarritakoa, hala ezarrita baitago otsailaren 21eko 22/2012 Dekretuaren 11. artikuluan.

    Bederatzigarrena. Inbertsioak justifikatzeko epea.

    Urteko eta urte anitzeko proiektuetan, gehienez bi hilabeteko epean justifikatu beharko da inbertsioak eta aurreikusitako gastuak gauzatu direla, laguntza emateko ebazpenean ezarritako inbertsio- edo gastu-proiektua amaitzen denetik edo azken luzapenetik hasita, hala ezarrita baitago otsailaren 21eko 22/2012 Dekretuaren 14.3 artikuluan.

    AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Aplikatu beharreko araudia.

    Agindu honetan aurreikusitako laguntzei dagokienez, honako arau hauetan xedatutakoa bete beharko da: otsailaren 21eko 22/2012 Dekretua, itsasertzeko eremuak garatzeko eta bultzatzeko dirulaguntzak emateko modua arautzen duena (Itsaspen Programa); Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua; urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; urriaren 1eko 40/2015 Legea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko manuak; Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua; eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzko 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen 1407/2013 (EB) Erregelamendua.

    AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Errekurtsoak.

    Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

    AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA. Ondorioak.

    Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

    Vitoria-Gasteiz, 2022ko martxoaren 16a.

    Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

    MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

Laguntzaren eskaera-inprimakia webgune honetan dago eskuragarri:

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0113708

Eduki hau du:

Eremu generikoak:

Identifikazio-agiriaren mota.

Zenbakia.

Izena (pertsona fisikoek soilik).

Lehen abizena (pertsona fisikoek soilik).

Bigarren abizena (pertsona fisikoek soilik).

Sexua (pertsona fisikoek soilik).

Entitatearen izena (pertsona juridikoek soilik).

Telefono finkoa.

Telefono mugikorra.

Helbide elektronikoa.

Lurralde historikoa.

Jakinarazpen- eta komunikazio-bidea.

Abisuak jasotzeko helbide elektronikoa.

Abisuak jasotzeko mugikorra.

Jakinarazpen, komunikazio eta abisuetarako hizkuntza.

Legezko ordezkariaren datuak.

Proiektuaren datuak:

Izenburua.

Inbertsioa edo gastuak (BEZik gabe), urteka banakatuta.

Eremu osagarriak: erantzukizunpeko adierazpena, honako hau dioena:

Laguntza-eskabidean adierazitakoa egia da, eta eskabidearekin batera aurkeztutako agiriak benetakoak dira; faltsutasunik edo datu okerrik azalduz gero, erantzukizun osoa bere gain hartuko du; eta ezingo du adierazi faltsutasun edo datu oker horiek eragin dituzten gertaerak ez zituela ezagutzen.

Bai/Ez, markatu dagokiona: behean zerrendatzen diren erakunde publikoei edo pribatuei laguntza eskatu die, edo haien laguntza jaso du proiektu honetarako; eta konpromisoa hartzen du aurrerantzean ere proiektu honetarako aurkezten dituen laguntza-eskabide guztien berri emateko.

Bai/Ez, markatu dagokiona: 2020, 2021 eta 2022ko zerga-ekitaldietan, minimis erregelamenduei atxikitako laguntzak jaso ditu, eta horien zenbatekoa ...................... eurokoa da (adierazi zenbatekoa).

Proiektuak bete egiten ditu ingurumen- eta higiene-arloko arauak, bai eta kasuan kasuko inbertsioei aplikatu beharreko erkidegoko arauak ere, eta ez dio ingurumenari ondorio kaltegarri esanguratsurik eragingo.

Konpromisoa hartzen du, halaber, inbertsioa edo gastua egin dela eta proiektua gauzatu dela egiaztatzeko beharrezko dokumentazio guztia Eusko Jaurlaritzaren edo zehaztutako kontrol-organoen esku jartzeko.

Ez dago zigor- eta administrazio-arloko dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta, ez eta horretarako ezgaitzen duen legezko debekuen eraginpean ere, sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barnean hartuta, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean ezarritakoarekin bat etorriz.

Pertsona fisikoa edo juridiko pribatua izanez gero, titularra den enpresa krisian dagoen enpresatzat hartuta ez egotea, Estatuek krisialdian dauden enpresak salbatzeko eta berregituratzeko ematen dituzten laguntzei buruzko Erkidegoaren 2004ko urriaren 1eko C244/2004 Zuzentarauetan ezarritako definizioarekin bat etorriz, eta, era berean, enpresak bideragarritasun ekonomikoa eta bere produktuentzat merkaturako irteera arruntak izatea.

Eskabidearen eranskinak:

Baimenak:

Baimena ematen dio deialdiaren organo kudeatzaileari honako hauek egiazta edo froga ditzan administrazio eskudunean:

Bai/Ez, zerga-betebeharrak beteta izatea.

Bai/Ez, Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak beteta izatea.

Bai/Ez, pertsona fisiko eskatzailearen nortasun-datuak.

Bai/Ez, pertsona juridiko eskatzailearen legezko ordezkariaren nortasun-datuak.

Proiektuaren datuak:

Enpresa.

Inbertsioaren kokalekua.

Proiektuaren deskribapena.

Inbertsioaren edo gastuaren zenbatekoa, kontzeptuen arabera banakatuta.

Proiektu-motaren araberako adierazleak.

Aurkeztu beharreko agirien zerrenda.

Eskabidea betetzeko argibideak.