Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila 

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2021eko uztailaren 21ekoa, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuarena, etxebizitzen eta eraikinen birgaitzearen, irisgarritasunaren eta energia-efizientziaren arloko jarduketa babesgarrietarako finantza-neurriei buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 180
  • Hurrenkera-zk.: 4690
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2021/07/21
  • Argitaratze-data: 2021/09/09

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía; Garraio eta herri lanak
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; Gobernua eta Administrazio Publikoa; Ekonomia

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Etxebizitzaren ekainaren 18ko 3/2015 Legeak Zioen Azalpenean adierazten duenez, eraikinak birgaitzea eta hiri-eremuak berroneratzea ekintza publiko bat da,- hitzartua, jakina -, lehentasunezkoa etxebizitza duin eta egoki bat eskuratzeko eskubidearekin duen loturari dagokionez, eta ingurumen eta gizarte aldetik jasangarriagoa da lurzoru-azalera berrien hedapen eta kontsumo itzulezina baino. Horrela, Euskadin finkatu egin da etxebizitza-politiken tradizio historikoa, egungo etxebizitza eta eraikinen parkea birgaitzea bultzatu eta sustatzea printzipio gidari eta oinarrizko gisa hartu baitute.

Tradizio luzea duen arren, ohartarazi behar da etxebizitzak eta eraikinak birgaitzeko jarduketak bilakaera garrantzitsua eta beharrezkoa izan duela. Izan ere, higiezinen kontserbazio tradizionalarekin batera, azken urteotan eraikinen irisgarritasun-baldintzak eta energia-efizientzia hobetzea dakarten erronkak gehitu dira, eta hori Europako azken eta oraintsuko zuzentarauekin lotu behar da, energia-kontsumoa eta karbono dioxidoaren emisioak murriztea sustatzen baitute, baita energia berriztagarrien erabilera areagotzea ere, erregai fosiletatik datozen energiekiko mendetasun txikiagoa izateko. Hori guztia, eskura dauden baliabideak errespetatzearen ikuspegitik egin beharra dago, etorkizuneko belaunaldien garapena arriskuan jarri gabe.

Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzko otsailaren 21eko 4/2019 Legean, betebehar berriak esleitzen zaizkie bizitegi-izaerako eraikinei. Hori beste urrats bat izan zen berriki onartu diren Klima Aldaketari buruzko legeek, bai estatu mailan, bai Europa mailan, bultzatu berri duten bide horretan, eta, ondorioz, 2030erako eta 2050erako klima-konpromisoak gorantz berregokitu dira.

Azken hiru urteetan, Europan gomendatutako eraberritze gehienak abiarazi dira. Bereziki, estatuan Energia eta Klimaren Plan Nazional Integratua (PNIEC) onartu zen, 2050erako klima-neutraltasuna lortzeko ibilbide-orria izan nahi duena. Autokontsumoa energia berriztagarriekin garatzeko oztopoak ere kendu ziren («eguzki-zerga» gisa ezagutzen da).

Argi geratu da birgaitze-jarduera ikuspegi integral batetik sustatzea, eta ez soilik energia-efizientzian oinarrituta, giltzarria dela energiaren, klimaren eta digitalizazioaren arloko konpromiso europarrak eta nazionalak betetzeko, baita eraikuntzaren eta higiezinen sektorea suspertzeko eta eraldatzeko ere.

Bada garaia ahaleginak bikoizteko; beraz, araudi berri honekin datorren birgaitze-bolada erraztu eta mantendu nahi dugu. Horrek esan nahi du, gure kasuan, gaur egun ditugun jarduketak bikoiztu egin behar ditugula (EAEko eraikinen % 1,5 dira urtean) 2021etik aurrera eta 2030erako mugan, eta, Estatuaren kasuan, hamar aldiz handitu behar dutela birgaitze-jardueraren egungo maila.

Eta, jakina, politika berri horren arrakastaren funtsezko elementua, praktikatzen ditugun laguntza publikoen ageriko indartzearekin batera, etxebizitzen eta eraikinen jabeak diren eta/edo etxebizitza eta eraikin horiek beren benetako birgaitze-eskariaren hartzaileak eta erabakitzaileak diren pertsonak dira, eta birgaitze horrek balio ekonomikoa, erosotasuna eta bizi-kalitatearen hobekuntza ekarri behar dizkie, inbertitzeko ahaleginaren ordain gisa.

Arauaren helburua, beraz, eraikitako parkearen berritze-erritmoa nabarmen handitzea da, bideragarritasun tekniko eta finantzarioagatik epe ertainean eta luzean mantendu daitezkeen ereduen bidez, 2026ra arte geratzeko etorriko diren aparteko funts europarretatik haratago.

Era berean, arau honetan eskaintzen dugun etxebizitza-parkea eta eraikinak berritzeak ikuspegi integralen aldeko apustua egiten du, energia-efizientzia eta energia-iturri berriztagarrien integrazioa hobetzearekin batera eraikinen bizigarritasuna, irisgarritasuna, kontserbazioa, erabilera-segurtasuna eta digitalizazioa ere hobetu daitezen.

Kontua ez da soilik energia-fakturak eta emisioak murriztea; aitzitik, berritzeak aukera asko sor ditzake, baita irismen handiko onura sozialak, ingurumenekoak eta ekonomikoak ere. Esku-hartze berarekin, eraikin osasungarriagoak, ekologikoagoak, irisgarriagoak, muturreko gertaera naturalekiko erresilienteak, elkarri lotuak eta elektromugikortasunerako birkarga-puntuak dituztenak lor daitezke.

Eraikinetan inbertitzeak ere estimulu oso beharrezkoa eman dezake eraikuntzaren ekosisteman eta ekonomia osoan. Berritzeko obrek eskulan handia behar dute, enplegua eta hornidura-kateei lotutako inbertsioak sortzen dituzte, askotan tokikoak, efizientzia handiko ekipoen eskaria sor dezakete energiaren eta baliabideen ikuspuntutik, eta epe luzerako balioa ematen diete jabetzei eta azpiegiturei.

Europak aukera paregabea du orain berrikuntza klima-neutraltasunari zein berreskurapen eta eraldaketari mesede egingo dien estrategia bihurtzeko. Next Generation EU Batasunaren berreskuratze-tresnak, 2021-2027 aldirako Batasunaren urte anitzeko finantza-esparruarekin batera, aurrekaririk gabeko baliabide-bolumena emango du, eta baliabide horiek berreskurapena eta eraldaketa, erresilientzia eta gizarteratze handiagoa aktibatzeko ere erabil daitezke. Aldi berean, energia-efizientziari eta irisgarritasunari heltzeak eraikinak egokiagoak eta jasangarriagoak izatea eragiten du, biztanleriaren zahartzearen testuinguruan.

Etxebizitzen eta eraikinen birgaitzea benetan sustatzeko, eraikinen kontserbazioaren, irisgarritasunaren eta energia-efizientziaren helburu hirukoitzean, funtsezkoa da zenbait tresna edukitzea, hala nola Eraikinen Ikuskapen Teknikoa (EIT), Euskal Autonomia Erkidegoko Etxebizitzaren ekainaren 18ko 3/2015 Legearen 52. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko EITen nahitaezko edukiak arautzen dituen uztailaren 24ko 117/2018 Dekretuan arautua. Eta helburu hirukoitz horren ondorioz, administrazio publikoek etxebizitzak eta eraikinak birgaitzeko egiten duten ohiko sustapen-jarduera ere birbideratu behar da.

2021-2023 aldirako Etxebizitzaren Gida Planak helburu horietan eragingo du, eta bereziki nabarmenduko ditu bizitegi-eraikinak irisgarritasun unibertsalaren printzipiora egokitzera bideratutako jarduketak eta energia-efizientziaren arloko neurrien sustapena. Horretarako, gainera, neurri handiagoan azpimarratu behar dira jabeen erkidegoen alde ematen diren laguntzak hobekuntzek zerbitzatutako elementuen kopurua kontuan hartuta , eta ahaztu gabe baliabide gutxien dituzten pertsonentzako laguntzekin jarduketak intentsitate handiagoz lagundu behar direla.

Arau honen helburu nagusietako bat birgaitzeko laguntzak arautzen dituen 2006ko araudia eguneratzea da, nahiz eta aldaketa puntual batzuk egin diren ondoren, bizitegi-eraikinei eragiten dieten programak bakar batean txertatuz eta horien edukiak hurbiltzen saiatuz.

Horrek esan nahi du eraikinen birgaitze integral eta efizientearen arloko programaren urteko deialdiak desagerrarazi behar direla (garai bateko Renove Birgaitzeko Planaren 4. programa), eta, horrela, irekita geratzen da laguntzak etengabe eskuratzeko aukera, garai bateko 1. programarekin gertatzen den bezala. Baita bizitegi-eraikinetan energia-efizientzia eta, bereziki, irisgarritasuna errazteko finantza-tresna egokiak diseinatzea ere.

Horretarako, etxebizitza-eraikinetan esku hartzearekin zerikusia duten programen araubidea bateratzea bilatu da, ahalik eta tratamendurik arruntena emanez eta, aldi berean, bakoitzaren berezitasuna zainduz.

Helburu horrekin, orain sustapeneko araubide juridikoa hiru obra-motatan egituratzen da: 1) eraikinetako elementu pribatiboetako eta familia bakarreko etxebizitzetako partikularren obrak; 2) eraikinetako elementu komunetan esku-hartze jakin batzuk egitea xede duten erkidegoen obrak; 3) etxebizitza-eraikinen birgaitze integral eta efizienterako erkidegoen obrak, aurreko birgaitze integral eta efizientearen arloko programaren berezitasuna jasoz, berrikuntza garrantzitsu batekin: esku-hartze integrala egiten duten eraikinetara hedatzen ditu bere onurak, eta ezabatu egiten du orain arte eraikin-multzoei aplikatzeko eskatzen zen betekizuna.

Horretarako, Aginduaren edukiak sei kapitulutan egituratzea proposatu da. Lehenengo hirurak hiru jarduketa babesgarrien motei aplika dakizkieke. Laugarrena hiru ataletan banatuta dago eta, laguntzen araubide zehatza ezartzen du jarduketa mota bakoitzerako partikularren obrak etxebizitzetan, lokaletan eta familia bakarreko etxebizitzetan, erkidegoen obrak eta birgaitze integral eta efizienterako erkidegoen obrak . Bosgarren kapituluak finantza-neurrien osagarritasun- eta bateragarritasun-araubidea ezartzen du. Azkenik, argitasun sistematikoa dela eta, azken kapitulua laguntzak emateko prozedurari buruzkoa da, Lurralde Ordezkaritzetan eta Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura Zuzendaritzan egin beharreko izapideak bereiziz. Nolanahi ere, programen arteko uniformizazioak programen eta esku hartzeko obren arteko bateragarritasun-araubidea argitzera ere behartzen du.

Berritasun nagusi gisa, lehen aipatu den moduan, etxebizitzen eta eraikinen birgaitze integral eta efizienterako programako laguntzak eskuratzeko deialdi espezifikoak desagertzeaz gain orain araubide ireki etengabean ezarrita daude, harik eta aurrekontu-esleipena agortu arte , 2021-2023 aldirako Gida Planaren aginduetan inspiratutako berritasunak nabarmendu behar dira. Berritasun horiek, funtsean, etxebizitzen eta bizitegi-eraikinen irisgarritasuna sustatzea eta dagozkien bi elementuengatiko laguntzak egituratzea eskatzen dute.

Irisgarritasunaren arloko sustapena indartzeko, finantza-araubide espezifiko bat eta irisgarritasuna sustatzeko dirulaguntza-lerro berezia eratu dira, laguntza arruntak finantzatzen ez duen obra-zatia estaltzeko 65 urtetik gorakoei eta/edo desgaitasuna dutenei, baita 12.000 eurora arteko urteko diru-sarrera haztatuak dituzten bizikidetza-unitateei ere (berritasuna), obraren kostuaren % 100era irits baitaitezke.

Bestalde, jarduketak sustatzeko neurrietan zerbitzatutako etxebizitzen kopurua kontuan hartu behar denez, birgaitze integral eta efizientearen arloko programak jada ezartzen duenarekin bat, laguntzen onuradunek jaso beharreko gehieneko mugak egokitu behar izan dira, etxebizitza kopuruaren arabera haztatuz jabeen erkidegoentzat ezartzen ziren zenbatekoak. Horretarako, kalkulu-sistema bikoitza ezarri da, laguntzaren gehieneko zenbatekoaren parametro hori finkatzeko; orain, ohiko moduan, gehieneko zenbateko globala finkatuz kalkulatuko litzateke, bai erkidego osorako, bai zerbitzatutako etxebizitza bakoitzeko. Horrek, logikoa denez, 2021-2023 aldirako Gida Planean aurreikusitakoaren ildotik, jaso beharreko laguntzen gehikuntza ekarriko du.

Azkenik, Ezkerraldeko, Meatzaldeko, Enkarterriko eta Oiartzualdeko udalerriak biziberritzeari eta berroneratzeari buruz Eusko Legebiltzarrean adostutako estrategiarekin bat, xedapen iragankor bat gehitu da; horren bidez, aldi baterako zabaltzen da birgaitze integraturako laguntzen lehentasunezko araubidea, Lehentasunezko Jarduketa Eremutzat (LJE) jotzen diren udalerrietan kokatzen diren jarduketa babesgarrietara.

Arau berri hori baliatu da behar diren egokitzapenak egiteko, kontuan hartuta etxebizitza-eraikinetako energia-efizientziaren baldintzak hobetzeko jarduketak Europako funtsek finantzatuko dituztela ziurrenik, Next Generation EU ekimenaren bitartez eta/edo Euskadiko EGEF 2021-2027 aldirako Programa Eragilearen bitartez. Horrek berariazko tratamendua eskatzen du laguntza horietarako.

Bestalde, argitze-ondorioetarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua), Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan dirulaguntzen arloan indarrean dauden arau-aurreikuspenak sartu dira.

Era berean, aginduan sartu da herritarrek eskubidea dutela administrazioarekiko harremanak bitarteko elektronikoen bidez izateko, zerbitzu publikoetara jotzeko eta administrazio-prozedurak izapidetzeko, indarrean dagoen araudiaren arabera, hau da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen arabera.

Laguntzen araubide hori Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren 2021-2024 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota dago, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluak eskatzen duen bezala, eta arau horretan adierazitako edukiarekin. Bestalde, laguntza-araubide hori bateragarria da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluek ezarritakoarekin; beraz, ez dira Europar Batasuneko zuzenbidearekin bateraezinak diren estatu-laguntzak.

Horrenbestez, eta Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena) eta urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuak (Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena) ematen didaten eskumena baliatuz, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena), Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren laguntzei eta dirulaguntzei aplika dakizkiekeen gainerako xedapenetan xedatutakoarekin bat, honako hau

Agindu honen xedea da finantza-neurriak arautzea, nagusiki bizitegi-erabilera duten eraikinen eta haien elementu pribatiboen kontserbaziorako, kalitatea, irisgarritasuna eta jasangarritasuna (energia-efizientzia barne) hobetzeko esku-hartu eta birgaitzeko obrak exekutatzea xede duten jarduketei dagokienez.

Agindu honen esparruan, honako hauek eman ahal izango dira:

1. 1. lerroa: partikularren obretarako finantza-neurriak. Birgaitzeko obrak edo esku-hartzeak familia bakarreko etxebizitzetan edo jabetza horizontaleko edo higiezin-konplexu pribatuko eraikinen elementu pribatiboetan egiten direnean, bai etxebizitzetan, bai etxebizitza-erabilera duten lokaletan. Jarduketak honako hauek izan daitezke:

  1. mota. Kontserbazio- eta bizigarritasun-obrak.

  2. mota. Energia-efizientzia hobetzeko obrak.

  3. mota. Irisgarritasuna hobetzeko obrak.

  4. mota. Eraikuntzaren akabera orokorra eraikuntza onaren printzipioetara egokitzeko obrak.

    2. lerroa: erkidegoen obretarako finantza-neurriak. Birgaitzeko obrak edo esku-hartzeak bi familiako etxebizitzen edo etxebizitza atxikien eraikuntzako elementu komunetan, instalazioetan edo zerbitzu komunetan eta nagusiki etxebizitza-erabilera duten bizitegi kolektiboko eraikinetan egiten direnean, jabetza horizontaleko, higiezin-konplexu pribatuko edo titulartasun bakarreko araubidean. Jarduketak honako hauek izan daitezke:

  1. mota. Kontserbazio-, segurtasun- eta bizigarritasun-obrak.

  2. mota. Energia-efizientzia hobetzeko obrak.

  3. mota. Irisgarritasuna hobetzeko obrak.

    3. lerroa: birgaitze integral eta efizienterako erkidegoen obretarako finantza-neurriak. Birgaitze-obrek energia-efizientzian, irisgarritasunean eta suteetatik babesteko segurtasunean batera eta aldi berean esku hartzeko proiektu baten berezko irismen globala dutenean, gutxienez, etxebizitza-erabilera nagusia duen bizitegi-tipologia kolektiboko eraikin oso bat denean. Era berean, esku hartzeko proiektuek etxebizitzen kanpoko bizigarritasuna hobetzeko jarduketak jaso ahal izango dituzte.

  1. Agindu honetan araututako finantza-neurriak dirulaguntzak izan daitezke edo ez:

    1. Honako hauek dira dirulaguntzak:

      Itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak edo laguntzak.

      Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak mailegu kualifikatuen interes-tasa partzialki subsidiatzea.

    2. Honako hauek ez dira dirulaguntzak:

      Kreditu-establezimenduek emandako mailegu kualifikatuak, interes-tasa, zenbatekoa, amortizazio-epea, gabealdia eta bermeak (hipoteka-mailegua barne) jasota; horiek abenduaren 26ko 210/2019 Dekretuak (kreditu-erakundeen eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren arteko etxebizitzaren eta lurzoruaren arloko finantza-lankidetzakoa, eta etxebizitzaren arloko erregelamendu-xedapenak aldatzekoa dena) araututako finantza-lankidetzako hitzarmenean eta birgaitzeko finantza-tresna berezian hitzartzen dira.

  2. Arau honetan jasotako itzuli beharrik gabeko laguntzak eta, bereziki, energia-efizientzia hobetzeko dirulaguntzak EGEF funtsak (2021-2027 aldirako eta ondorengoetarako urte anitzeko finantza-esparrua exekutatuz), 2021-2026 aldirako Europako berreskuratze-tresnaren (Next Generation UE) ezohiko funtsek eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren Aurrekontu Orokorretatik datozen funts arruntek batera finantzatu ahal izango dituzte.

    Itzuli beharrik gabeko gainerako laguntzak, arau honek arautzen dituenak eta Europako funtsekin batera finantzatu ezin direnak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren funts arruntekin finantzatuko dira % 100ean.

Agindu honetan araututako finantza-neurriak guztiz bateragarriak dira foru-ogasunek etxebizitzak eta bizitegi-eraikinak birgaitzeko jarduketei dagokienez ezartzen dituzten kenkariekin, hobariekin edo beste edozein zerga-onurarekin.

  1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean ezarritakoarekin bat, diruz lagundu daitezkeen kostuak etxebizitza, lokal edo eraikinetako elementu komun bakoitzaren jarduketa babesgarriak osatzen dituzten birgaitzeko obra eta esku-hartzeekin lotutako partida eta kontzeptu guztietara mugatzen dira.

  2. Esku-hartzearen barruan babesgarriak ez diren jarduketak sartzen direnean, diruz laguntzeko moduko kostutzat hartuko dira soilik finantza-neurrien lerro bakoitzerako deskribatutako jarduketa babestuei dagozkienak. Era berean, horrelako kasuetan, dirulaguntzaren xede diren jarduketak exekutatzeagatik diruz lagun daitezkeen kostuekiko proportzionalak diren ordainsari teknikoak bakarrik hartuko dira diruz laguntzeko modukotzat, obraren guztizko kostuari dagokionez.

  3. Ez da diruz lagunduko lurzorua edo eraikinen zatiak erosteko kostua, birgaitze-jarduketak exekutatzeko beharrezkoa bada.

  1. Partikularren obretarako (1. lerroa) eta erkidegoen obretarako (2. lerroa) finantza-neurrietan, aurrekontu babesgarritzat hartuko dira diruz lagun daitezkeen honako kostu hauei dagozkien partidak:

    1. Ordainsari profesionalen kostuak, obrak egiteko eta, hala badagokio, obrak zehazten dituen Eraikinen Ikuskapen Teknikoa idazteko laguntza teknikoaren kontratuan adierazitakoak, baita birgaitze-jarduketak kudeatzeaz zuzenean arduratzen diren finka-administratzaileen edo profesionalen ordainsariak ere.

    2. Kontrata bidezko exekuzio-aurrekontua, obrak exekutatzeko kontratuan adierazitakoa.

    3. Birgaitze-jarduketa horrengatik ordaindutako gainerako eskubide, tasa eta prezio publikoak, baita Balio Erantsiaren gaineko zergaren kostua ere, onuradunek zerga hori jasaten dutenean eta hirugarrenei jasanarazi ezin dietenean.

  2. Birgaitze integral eta efizienterako erkidegoen obretarako finantza-neurrietan (3. lerroa), aurrekontu babesgarritzat hartuko dira diruz lagun daitezkeen honako kostu hauei dagozkien partidak:

    1. Txostenak, ziurtagiriak eta proiektuak idazteko eta obren zuzendaritza fakultatiborako ordainsari profesionalak, baldin eta horiek ezinbestekoak badira dirulaguntzaren xede diren jarduketak exekutatzeko, zergak kanpo utzi ondoren. Era berean, eta hala badagokio, Eraikinen Ikuskapen Teknikoa idazteko ordainsari profesionalen kostuak.

    2. Obrak gauzatzea, baldin eta ezinbestekoak badira dirulaguntzaren xede diren jarduketak exekutatzeko, behin zergak kenduta, proiektua onartu ondoren eta obra-amaierako ziurtagiriaren data baino lehen exekutatu, ziurtatu eta fakturatu badira.

  3. Aurrekontu babesgarria izango da itzuli beharrik gabeko laguntzen ehunekoak aplikatzeko oinarria, eta interes-tasen subsidiazioa kalkulatuko da. Mailegu kualifikatuen gehieneko zenbatekoa ere izango da.

  1. Agindu honetan araututako laguntzak urtero kontsignatuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan.

    Aurrekontu-ekitaldi bakoitzean eman beharreko laguntzen guztizko bolumenak ez du gaindituko dagokion esleipena, edo, indarrean dagoen legeriaren arabera aurrekontu-aldaketak onartzen badira, esleipen hori eguneratzetik ateratzen dena.

  2. Eskaerarik ez dagoelako edo betekizunak betetzen ez direlako adierazitako lerro edo azpilerroetako bati esleitutako zenbatekoa agortzen ez bada, soberako zenbatekoak beste esleipen-lerro edo -azpilerro bati esleitutako zenbatekoa handitu ahal izango du, Etxebizitzako sailburuordearen ebazpen bidez eta aurkeztutako eskaera-kopuruaren arabera.

  3. Lerro bakoitzera bideratutako laguntzak eta horiek osatzen dituzten funtsak finantzatzeko urtero esleitutako kredituen zenbatekoa agortutakoan, ez da laguntza berririk emango.

    Hala ere, arau honetan jasotako araudiaren arabera erantzuteko betekizun guztiak betetzen dituzten eta baliabide ekonomikorik ez izateagatik soilik ukatzen diren eskaerak hurrengo ekitaldi ekonomikoan ebatzi ahal izango dira, baldin eta eskatzaileak laguntzen organo kudeatzaileari idazki bat bidaltzen badio, bere eskaerari baldintza berberetan eusteko asmoa adieraziz.

  4. Zenbateko osoa handitu ahal izango da, baita laguntzak emateko prozedura bakoitzari esleitutako zenbateko zehatza ere, eskatutako laguntzen zenbateko osoa kontuan hartuta, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren beste programa batzuk exekutatu ondoren agortu gabe geratu diren aurrekontu-baliabideen arabera, eta betiere laguntzen ebazpena eman baino lehen. Horrelakorik gertatuz gero, Etxebizitzako sailburuordearen ebazpen baten bidez jakinaraziko da.

  1. Urtero, etxebizitza-gaietan eskumena duen sailburuaren agindu bidez, argitara emango dira lerro bakoitza finantzatzeko esleitutako kredituen zenbatekoak eta, hala badagokio, horiek osatzen dituzten funtsenak.

  2. Era berean, hala badagokio, lerro bakoitzera bideratutako laguntzak finantzatzeko urteko kreditua eta laguntza horiek osatzen dituzten funtsak agortu direla jakinaraziko da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta. Urteko kreditua agortu izana argitaratu ondoren, aurrekontu-ekitaldi horretan ondoren aurkezten diren laguntza-eskaerak ukatu egin beharko dira, aurreko artikuluan ezarritakoari kalterik egin gabe.

  1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. paragrafoetan edo hori ordezten duen araudian jasotako egoeraren batean dauden pertsonek edo erakundeek ezin izango dituzte finantza-neurriak hartu; beraz, ezin izango dira onuradun izan.

  2. Zigor- eta administrazio-arloan dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta dauden pertsona fisikoek edo juridikoek ezin izango dituzte finantza-neurriak eskuratu, ezta horretarako ezgaitzen dituen legezko debekuaren eraginpean daudenek ere, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedaturikoarekin bat.

  3. Onuradun izateko debekurik ez dutela justifikatzeko, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.7 artikuluan eta administrazio-prozedura erkidea arautzen duen araudian ezarritakoaren arabera.

  4. Eskatzaileek egunean izan behar dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.3 artikuluan xedatutakoarekin bat.

  1. Birgaitzearen titulartzat eta finantza-neurrien onuraduntzat hartuko da pertsona fisikoa edo juridikoa, pribatua edo publikoa, ondasun-erkidegoa edo beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereizi, nortasun juridikorik ez izan arren, jabe, errentari, gozamendun edo eskubide errealen titular edo familia bakarreko etxebizitza edo birgaitu beharreko eraikinaren elementu pribatiboak erabiltzeko eta aprobetxatzeko legitimatzen duen beste edozein eskubideren titular dena.

  2. Ezin izango da onuradun izan eraikina tolerantzia-egintza huts gisa erabiltzen duena, haren gaineko titulu juridikorik ez duela egiaztatu gabe.

  3. Birgaitze-jarduketen titularra eraikinaren jabea ez denean, haren baimena aurkeztu beharko da, baita jabearen eta onuradunaren arteko berariazko akordioa ere, birgaitze-lanak nork ordainduko dituen zehazteko.

  4. Etxebizitza birgaitu ondoren, Eusko Jaurlaritzaren alokairu-merkatuko bitartekaritza-programetan gutxienez sei urtez sartu nahi duen onuradunak aldez aurretik formalizatu beharko du bere asmoa erantzukizunpeko adierazpen bidez, eta programa publikoak formalki onartu beharko du finantza-neurriak eskuratu ahal izateko.

  1. Honako hauek izango dira birgaitze-jarduketen titularrak eta 25. eta 27. artikuluetan ezarritako finantza-neurrien onuradunak:

    1. Pertsona fisiko edo juridikoak, pribatuak edo publikoak, ondasun-erkidegoak edo beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereizi, nortasun juridikorik ez izan arren, birgaituko den etxebizitzaren erabilera nagusia duen bizitegi kolektiboko eraikinaren jabe bakarra direnak.

    2. Jabeen erkidegoak, jabeen erkidegoen elkarteak eta etxebizitza-kooperatibak, Jabetza Horizontalaren Legean ezarritako moduan ordezkatuta egon beharko dutenak.

      Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra partaide duten jabeen erkidegoak ere finantza-neurrien onuradun izan daitezke, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren titulartasunekoak ez diren etxebizitzen eta erkidegoaren partaidetza-kuoten arabera, baina administrazio horrek ezin izango du dirulaguntzetatik eratorritako onuretan parte hartu.

    3. Eraikuntza- eta zerbitzu-enpresak, eraikinen edo haien zati baten errentariak edo emakidadunak, birgaitze-jarduketak egiteko ahalmena badute eta eraikinaren jabearekin indarrean dagoen kontratuaren bidez edo horretarako emandako administrazio-ebazpenaren bidez egiaztatzen badute.

  2. Birgaitze-jarduketen titular eta 26. eta 27. artikuluetan aipatzen diren finantza-neurrien onuradun izango dira pertsona fisiko edo juridikoak, pribatuak edo publikoak, ondasun-erkidegoak edo beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereiziak. Horiek, nortasun juridikorik izan ez arren, jabe, errentari, gozamendun, eskubide errealen titular edo birgaituko diren eraikinaren elementu pribatiboen (etxebizitzak edo lokalak izan) erabilera eta aprobetxamendurako legitimatzen dituen beste edozein eskubide duten titularrak izan behar dira, baldin eta, horretara behartuta egonda, dagokien kuotarekin parte hartzen badute erkidegoaren, eraikuntzaren, eraikinaren edo kide diren higiezin-multzoaren obren ordainketan.

    Aipatutako banakako finantza-neurriak eskuratu ahal izateko, 9. eta 10. artikuluetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

  3. Jarduketa babesgarrietan edozein tituluren bidez esku hartzen duten enpresa, erakunde edo sozietateak, onuradun izateaz gain, artikulu honetan aipatutako onuradunei emandako finantza-neurrien kudeaketan erakunde laguntzaile ere izan daitezke.

  1. Birgaitzearen xede den eraikinean elementu pribatibo bat baino gehiago dituzten pertsona edo erakunde onuradunek partikularren obretarako finantza-neurriak (1. lerroa) edo erkidegoen obren banakako finantza-neurriak (2. lerroa) eskuratu ahal izango dituzte horietako bati dagokionez soilik.

  2. Partikularren obrei finantza-neurriak (1. lerroa) eta erkidegoen obrei banakako finantza-neurriak (2. lerroa) emateko, ezinbestekoa izango da etxebizitza laguntza eskatzen duen pertsonaren edo erakundeen ohiko etxebizitza iraunkorra izatea, edo exekutatutako obraren ziurtagiria jaso eta gehienez ere 3 hilabeteko epean izatea.

    Betekizun horretatik, honako hauek salbuetsita daude:

    1. Eusko Jaurlaritzaren alokairu-merkatuko bitartekaritza-programaren batean gutxienez sei urtez sartutako edo sartuko diren etxebizitzak.

    2. Errentamenduan edo prekarioan lagatako etxebizitzak.

    3. Lan-, osasun- edo mendekotasun-arrazoiengatik aldi baterako jenderik gabe dauden etxebizitzak, modu justifikatuan, babes publikoko etxebizitzen araubide juridikoari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuaren 24. artikuluaren hirugarren paragrafoan edo hori ordezten duen araudian xedatutakoaren arabera.

    4. Indarrean dagoen araudian ezarritako irisgarritasun-baldintzak betetzen ez dituzten etxebizitzak, baldin eta mugikortasun murriztua edo desgaitasun sentsoriala duten desgaituek okupatzeari utzi badiote, indarreko araudian ezarritako irisgarritasun-baldintzak ez betetzeagatik.

    5. Ezkontza-banaketa, dibortzioa edo izatezko bikotearen haustura dela-eta bikoteko kide bakar bati esleitutako etxebizitzak, esleipendun ez diren pertsonek etxebizitza abandonatu behar dituztenean.

    6. Genero-indarkeriaren ondorioz edo behar bezala egiaztatutako antzeko arrazoi sozialen ondorioz abandonatutako etxebizitzak.

  3. Birgaitzearen titular edo titularkide diren pertsona fisikoek (salbu eta birgaitutako etxebizitza Eusko Jaurlaritzak gutxienez sei urtez kudeatutako jenderik gabeko etxebizitzak erakartzeko programaren batean sartuko badute) honako muga hauek gainditzen ez dituzten urteko diru-sarrera haztatuak dituzten bizikidetza-unitateen parte izan behar dute:

    Mailegu kualifikatuak eskuratzeko, 39.000 euro.

    Itzuli beharrik gabeko laguntzak eta mailegu kualifikatuen interes-puntuen subsidioak eskuratzeko, 25.000 euro.

  4. Urteko diru-sarrera haztatuak babes publikoko etxebizitzen araubide juridikoari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuan edo hori ordezten duen araudian xedatutakoaren arabera kalkulatuko dira.

  5. Birgaitu beharreko elementu pribatiboaren edo familia bakarreko etxebizitzaren jabekidetasun-egoeretan, jabekide guztiak birgaitze-jarduketa babestuaren titularrak izango dira, kapitulu honetan aurreikusitako betekizunak bete beharko dituzte eta bizikidetza-unitateko kidetzat hartuko dira diru-sarrera haztatuak kalkulatzeko.

    Salbuespen gisa, finantza-neurriei buruzko ebazpena emateko eskumena duen organoak aukera izango du alderdi hori kontuan ez hartzeko, jabekide guztiek elementu pribatiboa edo familia bakarreko etxebizitza erabiliko ez dutenean edo hori justifikatzen duten inguruabar bereziak daudenean, betiere interesdunek hala eskatzen badute, eta pertsona horiek egiaztatzen badute birgaitzearen titularra nor izango den, jabekide batek edo batzuek etxebizitza nola erabiliko duten, jabekideen beste kuota batzuen tamaina edo antzekoak.

  1. Finantza-neurrien onuradun izango dira laguntza-lerro honen esparruan planteatutako esku-hartze proposamenen eremuko jabeen erkidegoak, baldin eta jarduketak beren kontura egiten badituzte.

    Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra partaide duten jabeen erkidegoak ere finantza-neurrien onuradun izan daitezke, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren titulartasunekoak ez diren etxebizitzen eta erkidegoaren partaidetza-kuoten arabera, eta administrazio horrek ezin izango du dirulaguntzetatik eratorritako onuretan parte hartu.

  2. Era berean, onuradunak izan ahal izango dira udalak, toki-erakunde txikiak, etxebizitza-sozietate publikoak eta etxebizitzen sustatzaile publikoak, baldin eta jarduketen eremuan sartutako eraikinen jabe bakarrak badira eta haien xedea errentamendu babestua bada.

  3. Eraikuntza-enpresek, energia-zerbitzuetako enpresek, eraikinen edo horien zati bateko errentariek edo emakidadunek birgaitzeko jarduketei ekiteko ahalmena badute eta hori egiaztatzen badute eraikinaren jabearekin indarrean dagoen kontratuaren bidez edo horretarako emandako administrazio-ebazpenaren bidez.

  4. Birgaitze integral eta efizienterako erkidegoen obren kasu honetan ere (3. lerroa), esku-hartzearen xede den eraikineko etxebizitzaren baten jabe, errentari, gozamendun edo eskubide errealen titular diren pertsonak edo etxebizitza hori erabiltzeko eta aprobetxatzeko legitimatzen dituen beste edozein eskubide duten pertsonak irisgarritasuna sustatzeko dirulaguntza-lerro bereziaren onuradun izan ahal izango dira, 1. eta 2. lerroetako norbanakoen baldintza berberetan, mailegu kualifikatuen osagai espezifikoa barne.

  5. Jarduketa babesgarrietan edozein tituluren bidez esku hartzen duten enpresa, erakunde edo sozietateak, onuradun izan ahal izateaz gain, artikulu honetan aipatutako onuradunei emandako finantza-neurrien kudeaketan erakunde laguntzaile ere izan daitezke.

  1. Jarduketa babesgarri horien xede izan ahal izango dira familia bakarreko etxebizitzak eta jabetza horizontaleko edo higiezin-konplexuko araubideko eraikinetako elementu pribatiboak, bizitegi-erabilera izango duten etxebizitzak zein lokalak, hogei (20) urtetik gorako antzinatasuna dutenak, hurrengo artikuluan xedatutakoaren arabera kalkulatuko dena.

  2. Jarduketen xedea jabetza horizontaleko edo higiezin-konplexuko araubideko eraikinetako elementu pribatiboak direnean, ez da betekizuna izango nagusiki bizitegi-erabilera duten eraikinetan kokatzea, baina egiaztatu beharko dute eskatzailearen ohiko etxebizitza gisa erabiltzen direla edo, hala badagokio, esku-hartzearen xedea dela lokala bizitegi-erabilera horretarako gaitzea, arau honetan ezarritako baldintzetan.

  3. Edonola ere, ez da beharrezkoa izango eraikin osoan aldez aurretik Eraikinen Ikuskapen Teknikoa egin izana, familia bakarreko etxebizitzen eta baserrien kasuan izan ezik, horiei Eraikinen Ikuskapen Teknikoa legez eskatzea baitagokie.

  4. Eraikin hauetako elementu pribatiboetan proposatzen diren jarduketak ez dira finantza-neurrien xede izango:

    1. Jenderik gabeko eraikinei buruzkoak, aurri-deklarazioa dutenak edo deklaratzeko espedientea hasita dutenak. Eraikin bat jenderik gabe dagoela joko da etxebizitzen % 70 baino gehiago okupatu gabe daudenean, etxebizitza bakoitzaren erroldatze kolektiboaren ziurtagirian jasotakoaren arabera.

    2. Partzialki eraitsitako eraikinei buruzkoak, barruan hutsik daudenak edo fatxada eraistea aurreikusten dutenak.

    3. Egiturazko finkapena edo eraikinaren berezko bizitegi-erabilera aldatzeko birgaitze integrala aurreikusita duten eraikinak, etxebizitza kopurua handitzeko, baldin eta etxebizitza horiek babes publikoko etxebizitzetarako ez badira eta dagokien kalifikazioa badute.

  5. Esku-hartzeek kultura-interesekotzat deklaratutako eraikinei edo beste edozein babes-araubideren mende dauden eraikinei eragiten badiete, aplikatzekoa den babes-araubidea kudeatzeko eskumena duen organoak aldez aurretik aldeko txostena eman beharko du, edo, hala badagokio, baimena eman beharko du, bere araudiaren arabera.

  1. Bizitegi kolektiboko eraikinetako elementu komunak birgaitzeko finantza-neurriak nagusiki etxebizitza-erabilera duten eraikinetara bideratuko dira.

    Ondorio horietarako, nagusiki etxebizitza-erabilera duten eraikinak dira nagusiki etxebizitza-erabilera duten eraikinak, bi familiakoak eta atxikiak barne, baita bizitegi kolektibokoak ere, hau da, etxebizitza batek baino gehiagok osatutakoak, aldi berean bizitegi-erabileraz bestelako erabilerak izan baditzakete ere. Etxebizitza-erabilera eraikinean gehiengotzat jotzeko, etxebizitzarako guztizko azalera erabilgarriaren % 70 eduki beharko dute gutxienez, beheko solairuaren azalera zenbaketatik kanpo utzita.

    Solairu osoak beste erabilera batzuetarako erabiltzen dituzten eraikinen kasuan, bizitegi-erabilera duten etxebizitzei edo lokalei dagozkien jarduketak soilik hartuko dira finantza-neurritzat.

  2. Eraikinen pertsona edo erakunde jabeek Eraikinen Ikuskapen Teknikoa (EIT) egina izan beharko dute eskaera formalizatu aurretik, dagokion udalean sarrera-erregistroarekin, eraikinaren adina edozein dela ere.

    Era berean, emandako dirulaguntza likidatu aurretik, beharrezkoa izango da egiaztatzea EITan identifikatutako patologia guztiak zuzendu dituela, 1. (berehalakoa), 2. (oso premiazkoa) eta/edo 3. (premiazkoa) esku-hartze mailarekin, eta dagokion Erabilera eta Mantentze Plana duela.

  3. Jarduketa babesgarriak xede dituzten eraikinek hogei (20) urtetik gorako antzinatasuna izan beharko dute, honako kasu hauetan izan ezik:

    Eraikinak egonkortasunari eta segurtasunari kalte larriak dituela egiaztatzen duten finantza-neurrien eskaerak.

    Arkitektura-oztopoak kentzeko aurkezten diren finantza-neurrien eskaerak, eraikinean kokatutako etxebizitzetako bat gutxienez 65 urtetik gorakoen edo mugikortasun murriztua edo sentsoriala duten desgaituen ohiko bizileku iraunkorra dela justifikatzen denean.

    Eraikinaren adina kalkulatzeko, eraikina erabat amaitu zenetik igarotako denbora hartuko da kontuan. Eraikinaren adina zehazteko, dokumentu hauek hartuko dira kontuan, lehentasunaren arabera ordenatuta: obra-amaierako ziurtagiria edo obra-harreraren akta; halakorik ezean, obra berriaren deklarazioa, katastroko ziurtagiria, lehen okupazioko lizentzia; eta, azkenik, katastroan edo eraikinen erroldan agertzen dena. Eraikinean birgaitze integraleko esku-hartze bat egin bada, birgaitze integralaren ondoren eraikina lehenengoz okupatzeko lizentziari dagokion data hartuko da eraikinaren erabateko amaieraren datatzat, haren adina kalkulatzeko ondorioetarako, eta, halakorik ezean, obren amaierako ziurtagiriarena. Aurreko dokumenturik ezean, zuzenbidean onargarria den beste edozein frogabidez egiaztatu ahal izango da eraikinaren adina.

  4. Honako eraikin hauetan proposatzen diren jarduketak ez dira finantza-neurrien xede izango:

    1. jenderik gabeko eraikinak, aurri-deklarazioa dutenak edo deklaratzeko espedientea hasita dutenak. Eraikin bat jenderik gabe dagoela joko da etxebizitzen % 70 baino gehiago okupatu gabe daudenean, etxebizitza bakoitzaren erroldatze kolektiboaren ziurtagirian jasotakoaren arabera.

    2. partzialki eraitsitako eraikinak, barrualdean hutsik daudenak edo fatxada eraistea aurreikusten dutenak.

    3. egiturazko finkapena edo eraikinaren berezko bizitegi-erabilera aldatzeko birgaitze integrala aurreikusita duten eraikinak, etxebizitza kopurua handitzeko, baldin eta etxebizitza horiek babes publikoko etxebizitzetarako ez badira eta dagokien kalifikazioa badute.

  5. Esku-hartzeek kultura-interesekotzat deklaratutako eraikinei edo beste edozein babes-araubideren mende dauden eraikinei eragiten badiete, aplikatzekoa den babes-araubidea kudeatzeko eskumena duen organoak aldez aurretik aldeko txostena eman beharko du, edo, hala badagokio, baimena eman beharko du, bere araudiaren arabera.

  1. artikuluan ezarritako betekizunez gain, birgaitze integral eta efizienterako erkidegoen obretarako (3. lerroa) finantza-neurrien kasuan jarduketa babesgarriak xede dituzten eraikinek honako betekizun hauek bete beharko dituzte:

  1. Gutxienez 4 etxebizitza dituzten familia anitzeko tipologiako bizitegi-eraikinak izatea.

  2. Eraikinak, salbuespenik gabe, 1980. urtea baino lehenagokoak izatea. Eraikinaren adina aurreko artikuluan zehaztutakoaren arabera zehaztuko da.

  3. Hirigintza- eta egitura-egokitzapena izatea, ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduketa babestuei buruzko abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuan edo hori ordezten duen araudian xedatutako moduan.

  4. Esku-hartzearen xede den eraikineko etxebizitzetan gutxieneko bizigarritasun-baldintzak betetzea. Alde horretatik, esku-hartzearen xede diren eraikinetako etxebizitzek gutxieneko bizigarritasun-baldintzak bete beharko dituzte, hau da, ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduketa babestuei buruzko abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuaren IV. eranskinean edo hura ordezten edo osatzen duen araudian ezarritakoak. Esku-hartzearen eremuan etxebizitzen bizigarritasun-baldintzak definitzen dituen beste araudi aplikagarri bat dagoenean, araudi hori gailenduko da justifikaziorako.

    Salbuetsita egongo dira gutxieneko bizigarritasun-baldintza guztiak betetzen ez dituzten eta hutsune horiek laguntza likidatzeko eskaera egin aurretik konponduko direla justifikatzen duten eraikinak. Inguruabar hori egiaztatu ahal izango da, bai esku hartzeko proposamenean beharrezkoak diren obrak sartuz, bai akats horiek dituzten etxebizitzen jabeek obra horiek eskatutako epean egiteko konpromisoa aurkeztuz.

  5. Eraikinak energia-efizientzian, irisgarritasunean eta suteetatik babesteko segurtasunean gabeziak dituela egiaztatzea. Horrek esku-hartze global baten beharra justifikatu behar du, baita esku-hartze horren bidez gabezia horiek konpondu daitezkeela ere. Esku-hartzearen xede diren eraikinek eremu bakoitzean gutxienez jarraian deskribatzen diren gabeziak dituztela justifikatu beharko da:

    1. Energia-efizientzia: eraikinaren energia-efizientziaren egungo ziurtagiriak D kalifikazio energetikoa edo baxuagoa izan beharko du, bai emisioei dagokienez, bai energia primario berriztaezinaren kontsumoari dagokionez.

      Esku-hartzeak hainbat atariri eragiten badie, eta horiek batera esku hartu behar badute, hau da, proiektu bakar baten bidez zehaztutako esku-hartzea bada, eta proiektu horren obrak denbora-eremu berean exekutatzen badira, justifikazio hori ataritik atarira edo eraikuntza-multzorako egin ahal izango da, betiere energia-efizientziaren hobekuntza irizpide beraren arabera egiaztatzen bada.

    2. Irisgarritasuna: eraikinaren egungo egoerak ez du bermatzen bide publikotik etxebizitza bakoitzera bitarteko irisgarritasuna, honako arrazoi hauengatik:

      Eraikinak ez du igogailurik.

      Eraikinak igogailua du, baina kabina ez da irisgarria edo erabilgarria.

      Bide publikotik etxebizitza bakoitzera zero kotako irisgarritasuna ez dago bermatuta, eta ezin da arrapala irisgarrien bidez soilik konpondu.

      Esku-hartzeak hainbat atariri eragiten badie, eta atari horiek batera esku hartu behar badute, hau da, proiektu bakar baten bidez zehaztutako esku-hartzea bada, eta proiektu horren obrak denbora-eremu berean exekutatzen badira, nahikoa izango da atarien % 50 baino gehiago aurreko kasuren batean daudela egiaztatzea. Horrek ez du salbuetsiko baterako esku-hartzea egingo duten atarietako bat bera ere arau honen xedea eta irisgarritasunari buruzko araudia 27. artikuluan jasotako moduan betetzen direla bermatzeko beharrezkoak diren obrak egiteko betebeharretik.

    3. Suteetatik babesteko segurtasuna: egungo egoerak ez ditu betetzen suteetatik babesteko segurtasunari buruzko oinarrizko dokumentuan ezarritako betekizunak, suteak detektatzeko, alarma jotzeko eta itzaltzeko ekipo eta instalazio orokorrei dagokienez, eta/edo ez du detekzio- eta alarma-sistemarik.

I. ATALA. PARTIKULARREN OBRAK (1. LERROA)

  1. Jarduketa babesgarriak 14. artikuluan ezarritako betekizunak betetzen dituzten eraikinetan kokatu beharko dira.

  2. Lokaletako jarduketak babesgarriak izateko, helburua etxebizitza izatea izan beharko da, eta lokal bakoitzeko etxebizitza bakarra gaitu beharko da.

  3. Tabike-obrak xede dituzten jarduketek bizigarritasun-araudia betetzen dela bermatu beharko dute.

  4. Eraikuntza berriko obren bidez etxebizitzaren barne-eremu bizigarria handitzeko edo lokalak etxebizitza bihurtzeko esku-hartzeak egiten direnean, ondoriozko etxebizitzek bizigarritasun-baldintzak bete beharko dituzte, eta 90 m2 baino gutxiagoko guztizko azalera erabilgarria edo eraikitzeko unean etxebizitzek hartu zuten babes publikoko araubidean ezarritako gehieneko azalera izango dute.

  5. Ez dira jarduketa babesgarritzat joko eta ez dira finantza-neurrien xede izango honako jarduketa hauek:

    1. Balkoiak edo terrazak ixteko edo ordezkatzeko obrak.

    2. Dekorazio- edo apainketa-elementuetako obrak edo altzariak, armairuak, ispiluak, etxetresna elektrikoak edo antzekoak jartzea edo eraberritzea. Hala ere, jarduketa babesgarritzat joko dira, baldin eta arau honetan eskatutako gainerako betekizunak betetzen badituzte, elektrizitate-elementu txertagarrietan, fokuetan, downlightetan edo antzeko instalazioetan egindako obrak, edo horien instalazioa irisgarritasuna hobetzeko jarduketa baten ondoriozkoa bada.

  6. Edonola ere, elementu pribatiboen, etxebizitzen edo lokalen gaineko jarduketa babestuek nahitaezko udal-lizentzia eduki beharko dute.

  7. Gutxieneko aurrekontu babesgarria 3.000 eurotik gorakoa izango da, irisgarritasuna sustatzeko obretarako izan ezik.

  8. Gehieneko aurrekontu babesgarria kalkulatzeko, esku-hartzea kokatzen den udalerriko araubide orokorreko babes ofizialeko etxebizitzen gehieneko prezioak zehazteko sisteman indarrean dagoen metro koadro erabilgarriko prezioa aplikatuko zaio etxebizitzaren edo lokalaren gehieneko azalera erabilgarri konputagarriari.

  9. Aurrekontu babesgarriaren gehieneko muga zehazteko gehieneko azalera erabilgarria, benetako azalerak, hala badagokio, aipatutako kopuruak gainditu arren, honako hau izango da:

    1. Etxebizitzetarako, 90 m2 erabilgarri, eta 120 m2 erabilgarri 5 kide edo gehiagoko familia ugarien edo bizikidetza-unitateen kasuan.

    2. Etxebizitzari edo lokalari atxikitako garaje eta trastelekuetarako, 30 m2 erabilgarri.

      Lotura behar bezala egiaztatuta dagoela ulertuko da Jabetza Erregistroan inskribatuta badago edo frogatzen bada etxebizitzaren edo lokalaren titularra den pertsona edo erakundea ere jabeen erkidego bereko garajearen edo trastelekuaren titularra dela.

    3. Etxebizitzarako diren lokalen kasuan, gehieneko azalera erabilgarria 90 m2-koa izango da beti.

      Birgaitze Integratuko Areetan eta Area Degradatuetan ez da kontuan hartuko atal honetan ezarritako gehieneko azalera konputagarria aurrekontu babesgarriaren gehieneko muga zehazteko, dagokion Birgaitze Plan Berezian xedatutakoa errespetatzeko betebeharraren kalterik gabe.

  10. Etxebizitza edo lokal bererako bost urtez babes daitezkeen gehieneko aurrekontuen batura ezin izango da aurreko 8. eta 9. paragrafoetan aurreikusitakoa baino handiagoa izan.

Partikularren obretan lau mota bereiz daitezke, helburuaren arabera.

a) 1. mota. Kontserbazio- eta bizigarritasun-obrak.

Etxebizitza eta haren instalazio pribatiboak kontserbatzeko obrak, baita eraikina kontserbatzeko obrak ere, familia bakarreko etxebizitzen kasuan, eraikuntza-arloan indarrean dagoen araudira egokitzeko.

Elementu pribatiboak edo eraikina egokitzeko obrak, familia bakarreko eraikinen kasuan, etxebizitzek indarreko araudian eskatzen diren bizigarritasun-baldintzak bete ditzaten.

Mota honetan sartuko dira, gutxienez, honako hauekin zerikusia duten obrak:

Elektrizitatearen, saneamenduaren, horniduraren, oinarrizko horniduren, espazioen funtzionaltasuna hobetzearen, barneko airearen kalitatea hobetzearen, hondakinak kudeatzeko sistemen eta abarren instalazio osoak egitea edo berritzea.

Konfort akustikoa hobetzea.

Lokalak etxebizitza bihurtzea.

Fatxada, estalkia eta egitura, familia bakarreko eraikinen kasuan.

b) 2. mota. Energia-efizientzia hobetzeko obrak.

Eraikinetako instalazio pribatiboetan edo, hala badagokio, familia bakarreko eraikinetan energia-efizientziaren mailak hobetzeko obrak, energia aurrezteko eta energia-efizientziari buruzko araudi aplikagarrira egokitzeko.

Mota honetan sartuko dira, gutxienez, honako hauekin zerikusia duten obrak:

Berotzeko, hozteko, aireztatzeko, ur bero sanitarioa sortzeko, argiztatzeko, energia elektrikoaren autokontsumorako, inguratzaile termiko eta akustikorako eta barneko airearen kalitaterako instalazioak egitea edo berritzea.

Isolamendu termikoa eta akustikoa.

Kanpoko arotzeria ordeztea.

Leihoak eta galdarak aldatzea.

Esku-hartzeek behar adinako irismena izan beharko dute jasangarritasun energetikoaren arloan erregelamendu bidez eskatzen diren gutxieneko kalifikazio-irizpideak bete ahal izateko, eta, nolanahi ere, CO2 isuriak gutxienez % 30 murriztea lortu beharko dute lehendik dagoen etxebizitzaren, lokalaren edo familia bakarreko eraikinaren adierazle globalarekiko. Jasangarritasun energetikoaren arloan eska daitekeen kalifikaziorik ezean, gutxienez D letra duen adierazle orokor bat lortu beharko du, energia-efizientziaren ziurtagiriaren adierazle globalaren arabera; hori etxebizitzen energia-efizientzia ziurtatzeko oinarrizko prozeduraren arloan indarrean dagoen araudian aurreikusita dago. Azkenean, helburu horiek betetzen ez badira kontsumoak murriztuta, emandako laguntzak proportzioan egokituko dira, benetan lortutako aurrezpenaren arabera, betiere jarduketaren azken emaitza nahikoa bada, gutxienez, jasangarritasun energetikoaren arloan erregelamendu bidez eskatzen diren gutxieneko kalifikazio-irizpideak bete ahal izateko.

c) 3. mota. Irisgarritasuna hobetzeko obrak.

Desgaitasunen bat duten pertsonen eskubideen arloan indarrean dagoen araudian ezarritako irisgarritasun-betekizunetara eta diskriminaziorik ezaren baldintzetara egokitzeko obrak, arkitektura-oztopoak kentzeko edo zentzumen-desgaituei egokitzeko, etxebizitzetan edo lokaletan barne-eraberritzeak eginez, edo familia bakarreko eraikinean eta haren ingurunean jarduketak eginez.

Mota honetan sartuko dira, gutxienez, honako hauekin zerikusia duten obrak:

Komunak egokitzea.

Etxebizitzaren banaketa egokitzea arkitektura-oztopoak kentzeko edo zentzumen-desgaituentzat egokitzea.

d) 4. mota. Eraikuntzaren akabera orokorra eraikuntza onaren printzipioetara egokitzeko obrak.

Mota honetan sartuko dira, gutxienez, etxebizitzen barne-erreformekin lotutako obrak (igeltserotzakoak, eskaiolakoak, barneko arotzeriakoak, iturgintzakoak, eta abar) eta elektrizitate, telefonia, berokuntza, gas eta pinturako instalazio partzialak.

  1. Partikularren obretarako finantza-neurrien xede diren jarduketak gehienez ere urtebeteko (1) epean amaitu beharko dira, horiek ematea erabakitzen duen ebazpena jakinarazten denetik aurrera.

  2. Pertsona edo erakunde onuradunaren borondatearekin zerikusirik ez duten arrazoiak gertatzen badira eta arrazoi horiek behar bezala justifikatzen badira, exekutatze-epea amaitu baino lehen epea luzatzeko eskatu ahal izango du pertsona edo erakunde onuradunak. Epea ez da luzatuko justifikatutako atzerapen-denbora baino gehiago, eta Etxebizitzako lurralde-ordezkariaren ebazpen bidez onartu beharko da.

  1. Finantza-neurrien onuradun izateko betekizunak betetzen dituzten pertsonek edo erakundeek itzuli beharrik gabeko banakako laguntzak jaso ahal izango dituzte elementu pribatiboak edo familia bakarreko etxebizitzak birgaitzeko jarduketa babestuak egiteagatik, partikularren obrak egiteagatik. Horien zenbatekoa kalkulatzeko, kontuan hartuko dira aurrekontu babesgarria, obra mota, bizikidetza-unitatearen diru-sarrera haztatuak eta Birgaitze Integratua (I) edo Isolatua (A) den, taula honetan ezarritako zenbatekoen arabera:

    (Ikus .PDF)

  2. Jarduketa babestuak Eusko Jaurlaritzaren alokairu-merkatuko bitartekaritza-programaren batean gutxienez sei urtez sartuko diren etxebizitzetan egiten badira, aurreko baremoak aplikatuta legozkiekeen laguntzei dirulaguntza gehigarri bat gehituko zaie, aurrekontu babesgarriaren % 25ekoa, 4.000 euroko mugarekin.

  3. Lokalak etxebizitza gisa erabiltzeko birgaitzen direnean, betiere udal-ordenantzek eskatutako betekizunak betetzen badira eta lokal bakoitzeko etxebizitza bakarra gaitzen bada, laguntzaren zenbatekoa honako hau izango da:

    Birgaitze integratuko areetako jarduketetan: aurrekontu babesgarriaren % 25, 5.500 euro gehienez.

    Birgaitze isolatuko areetako jarduketetan: aurrekontu babesgarriaren % 20, 4.000 euro gehienez.

  4. Artikulu honetan ezarritako itzuli beharrik gabeko laguntzak lortzen dituzten etxebizitzen edo lokalen pertsona edo erakunde titularrek laguntza horiek 46. artikuluan aurreikusitako moduan itzuliko direla bermatu beharko dute.

  1. Etxebizitzak eta lokalak birgaitzeko jarduketen pertsona edo erakunde titularrek kreditu-establezimenduek emandako mailegu kualifikatuak eskuratu ahal izango dituzte, finantza-lankidetzarako hitzarmenean eta birgaitzerako finantza-tresna berezian jasotako baldintzetan, betiere dagokion administrazio-organoaren ebazpen bidez hala onartu bada. Maileguaren zenbatekoa aurrekontu babesgarriaren guztizkoa izan daiteke, eta, hala badagokio, administrazio honek edo beste batzuek emandako itzuli beharrik gabeko laguntza guztiak kenduko dira. Maileguaren hasierako xedapenaren ehunekoa % 100etik beherakoa bada, gainerako xedapen partzialak obrak exekutatzeko erritmora egokituko dira, eta dagozkion obra-ziurtagiriak aurkeztu beharko zaizkio kreditu-establezimenduari, aldez aurretik teknikari eskudunak edo obra-kontratistak eratuta.

    Jarduketa babestua aitortzen duen administrazio-ebazpena jakinarazten denetik aurrera onartu eta formalizatu ahal izango dira maileguak, ebazpen horretatik hiru hilabeteko gehieneko epean. Maileguen eskuratzea edozein unetan egin ahal izango da, jarduketa babestua aitortzen duen administrazio-ebazpena jakinarazten denetik aurrera.

  2. Birgaitzeko jarduketa babesgarrien kasuan, baldin eta, obrak amaitu ondoren, etxebizitza Eusko Jaurlaritzaren alokairu-merkatuko bitartekotza-programaren batean gutxienez sei urtez eskuragarri jartzea badakarte, etxebizitza-gaietan eskumena duen sailak behar besteko interes-tasa subsidiatuko du, pertsona edo erakunde onuradunarentzat subsidiatutako interes-tasa urteko efektiboaren % 1 izan dadin (0,99 nominala hileko muga-egunekin) bizitza osoan zehar. Horrelako eragiketetan diruz lagunduko dira interes aldakorreko tasak nahiz tasa finkoak edo mistoak.

  3. Birgaitze-jarduketa babesgarriek irisgarritasun-obrak dakartzatenean, osagai espezifiko horretarako soilik eta aurrekontu babesgarritik bereiz daitekeenean, eta irisgarritasunagatik egotz daitezkeen itzuli beharrik gabeko laguntzak deskontatu ondoren, zenbateko bat zehaztuko da, mailegu bidez finantza daitekeena, irisgarritasuna sustatzeko dirulaguntza-lerro berezi horren onuradunentzat soilik. Etxebizitzaren arloan eskumena duen sailak behar adinako interes-tasa subsidiatuko du, benetako TIN kostua pertsona edo erakunde onuradunarentzako urteko benetako % 0 izan dadin mailegu kualifikatuaren iraunaldi osoan. Horrelako eragiketetan diruz lagunduko dira interes aldakorreko tasak nahiz tasa finkoak edo mistoak.

  4. Aurreko bi paragrafoetan ezarritako interesen subsidiazioa lortzen duten pertsonek edo erakundeek itzulketa bermatu beharko dute 46. artikuluan aurreikusitako moduan.

    II. ATALA. ERKIDEGOEN OBRAK (2. LERROA)

  1. Eraikinen Ikuskapen Teknikoaren (EIT) txostenak 1., 2. eta 3. mailetako esku-hartzeak zehazten baditu, esku-hartze horiek barne hartzen dituzten obrak bakarrik hartuko dira jarduketa babesgarritzat.

    Era berean, jarduketa babesgarritzat hartuko dira kasuan kasuko udalak obrak exekutatzeko emandako agindua betetzeko beharrezkoak diren obrak, hirigintzari edo etxebizitzari buruzko legerian aurreikusitako baldintzetan, Eraikinen Ikuskapen Teknikoan zehaztutako 1., 2. eta 3. mailako esku-hartzeak barne hartzen ez badira ere.

  2. Honako jarduketa hauek ez dira jarduketa babesgarritzat hartuko, eta ez dituzte finantza-neurriak jasoko:

    1. Eraikinen barnealdea husteko obrak, fatxadak zatitzeko edo eraisteko obrak edo barrualdeko trenkaden birbanatzeko obrak direnean, baldin eta obra horien ondorioz etxebizitza-kopurua handitzen bada edo etxebizitzaren aurretiazko erabilera bereizgarria aldatzen bada, etxebizitza horiek babes publikoko etxebizitzetarako ez direnean eta dagokien kalifikazioa dutenean.

    2. Eraikinaren apaingarriak edo edergarriak jartzeko obrak.

  3. Jarduketa babestua eraikuntza-unitateari lotutako eraiki gabeko lursailen urbanizazioa eta akabera egokitzera hedatu ahal izango da, nagusiki etxebizitzarako den eraikuntza batekin.

  4. Gutxieneko aurrekontu babesgarria 3.000 eurotik gorakoa izango da etxebizitza edo lokal bakoitzeko. Hala ere, irisgarritasuna sustatzea xede duten obretarako ez da gutxieneko mugarik ezartzen.

  5. Edonola ere, eraikinen gaineko jarduketa babestuek nahitaezko udalaren obra-baimena izatea eskatuko da.

  6. Finantzaketa kualifikatua jarduketaren xede den eraikineko etxebizitzei eta lokalei lotuta dauden trasteleku eta garajeetara ere hedatuko da. Lotura behar bezala egiaztatuta dagoela ulertuko da Jabetza Erregistroan inskribatuta dagoenean.

    Erregistro-loturarik ez dagoen kasuetan, finantzaketa garaje eta trastelekuetara hedatuko da egiaztatzen denean etxebizitzaren edo lokalaren titularra jabeen erkidego bereko garajearen edo trastelekuaren titularra ere badela.

Erkidegoen obretan hiru mota bereiz daitezke, obren helburuaren arabera.

a) 1. mota. Kontserbazio-, segurtasun- eta bizigarritasun-obrak.

Elementu komunak eraikuntzaren arloan indarrean dagoen araudiak eskatzen dituen parametroetara egokitzeko obrak, eraikuntza-teknikaren printzipioekin bat, behar bezala kontserbatzeko eta erabiltzeko. Eta elementu komunak egokitzeko obrak, eraikinean dauden etxebizitzek indarreko araudian eskatzen diren bizigarritasun-baldintzak bete ditzaten.

Mota honetan sartuko dira, gutxienez, honako hauekin zerikusia duten obrak:

Egitura egokitzeko jarduketak.

Fatxadak birgaitzea.

Eraikuntzako etxebizitzen kanpoko bizigarritasuna hobetzeko esku-hartzeak; horretarako, terrazak eta balkoiak jarriko zaizkie halakorik ez zuten etxebizitzei. Halaber, balkoiak handitzea edo luzatzea lehendik dituzten eraikinetan, kanpoko gela edo terraza bihurtu arte, espazio horietara bideratutako azalera handitzen denean eta etxebizitzetarako erabilera pribatiboko espazio gisa eratzen direnean.

Estalkiak, instalazioak eta isolamendu akustikoa ordeztea, birgaitutako elementua indarreko araudiak eskatzen dituen parametroetara egokitzeko.

Hirigintza egokitzeko jarduketak.

Eraikinaren segurtasunerako jarduketak, suteetatik babesteko arloan.

Atariak eta eskailerak konpontzea.

b) 2. mota. Energia-efizientzia hobetzeko obrak.

Eraikinaren eta bertan dauden etxebizitzen energia-efizientziaren mailak hobetzeko obrak, energia aurrezteari eta energia-efizientziari buruzko araudi aplikagarrira egokitzeko. Esku-hartzeek ez badute lortzen 25. artikuluan obra mota hori aintzat hartzeko ezarritako gutxieneko energia-efizientziaren maila, emandako laguntzak proportzionalki doituko dira, benetan lortutako aurrezpenaren arabera, betiere jarduketaren azken emaitzak, gutxienez, jasangarritasun energetikoaren arloan erregelamendu bidez eskatzen diren gutxieneko kalifikazio-irizpideak bete ahal izateko adinako irismena badu.

Mota honetan sartuko dira, gutxienez, honako hauekin zerikusia duten obrak:

Kanpoko arotzeria ordeztea.

Isolamendu termikoa. Isolamendua kanpoaldetik jartzen denean, EI-60 sektorizazio horizontala gehitu beharko da solairu bakoitzeko forjatuan, suterik izanez gero fatxadan zehar hedapen bertikala mugatzeko.

Erkidegoaren instalazioetan honako arlo hauetako instalazio berriak edo eraberritzeak egitea: berokuntza, hozketa, aireztapena, energia elektrikoaren autokontsumoa, ur bero sanitarioaren ekoizpena, argiztapena, inguratzaile termikoa edo barneko airearen kalitatea. Edonola ere, aplikatu beharreko araudian ezarritako gutxieneko baldintzak bete beharko dituzte.

Eraikin osoan terrazak eta balkoiak modu uniformean ixtea.

c) 3. mota. Irisgarritasuna hobetzeko obrak.

Eraikina eta haren ingurunea desgaitasuna duten pertsonen eskubideen arloan indarrean dagoen araudian ezarritako irisgarritasun-betekizunetara eta diskriminaziorik ezaren baldintzetara egokitzeko obrak. Horiek obra berriak egitea edo instalazioak guztiz berritzea dakarte.

Mota honetan sartuko dira, gutxienez, honako hauekin zerikusia duten obrak:

Arkitektura-oztopoak kentzen dituzten igogailuak berritzea edo instalatzea.

Arkitektura-oztopoak kentzea, hala nola bide publikotik ibilbide erabilgarri global bat sortzea edo, ibilbide erabilgarri global bat sortu gabe, betiere eraikinaren aukeretara egokitzea.

Bide publikoko sarbideak eraberritzea.

Ekipoak eta tresnak berritzea eta behar bezala seinaleztatzea.

  1. Erkidegoen obren kasuan, laguntzaren xede diren jarduketak hemezortzi (18) hilabeteko epean amaitu beharko dira, laguntza ematea erabaki duen ebazpena jakinarazten denetik aurrera.

  2. Erakunde onuradunarekin zerikusirik ez duten eta behar bezala justifikatuta dauden arrazoiak badaude, erakunde horrek epea luzatzeko eskatu ahal izango du, ezarritako exekuzio-epea amaitu baino lehen. Epea ez da luzatuko onuradunak justifikatutako atzerapen-denbora baino gehiago, eta Etxebizitzako lurralde-ordezkariaren ebazpen bidez onartu beharko da.

Jabetza horizontaleko, higiezin-konplexuko edo jabe bakarreko araubideko eraikinetan egiten diren erkidegoen obretan, itzuli beharrik gabeko laguntza bat emango zaie jabeen erkidegoari edo erkidegoen elkarteari, etxebizitza-kooperatibari, jabeari edo jarduketa babestuen onuradun diren enpresa, erakunde edo sozietateei. Obra-motaren arabera, honako zenbateko hau izan daiteke:

a) 1. mota. Kontserbazio-, segurtasun- eta bizigarritasun-obrak:

Birgaitze isolatuko areetan egin beharreko jarduketak: aurrekontu babesgarriaren % 40. Gehienez ere 2.500 euro etxebizitza bakoitzeko eta 25.000 euro atari bakoitzeko.

Birgaitze integratuko areetako jarduketak: aurrekontu babesgarriaren % 50. Gehienez ere 3.000 euro etxebizitza bakoitzeko eta 30.000 euro atari bakoitzeko kalkulatuko da.

b) 2. mota. Energia-efizientzia hobetzeko obrak:

Energia-efizientziaren Ziurtagiriaren adierazle globalaren arabera (eraikinen energia-efizientzia ziurtatzeko oinarrizko prozeduraren arloan indarrean dagoen araudian aurreikusita dago), eraikineko egungo adierazle globalarekin alderatuta, CO2 isuriak % 30etik gora murriztea lortzen duten edo lor dezaketen jarduketek, jasangarritasun energetikoaren arloko erregelamenduzko araudiak gutxienez ezartzen duen D letrako edo goragoko adierazle orokor bat gutxienez lortuz, gehieneko aurrekontu babesgarriaren % 40ko laguntza lortu ahal izango dute, 50.000 euroko gehieneko mugarekin.

Energia-efizientziaren Ziurtagiriaren adierazle globalaren arabera (eraikinen energia-efizientzia ziurtatzeko oinarrizko prozeduraren arloan indarrean dagoen araudian aurreikusita dago), eraikineko egungo adierazle globalarekin alderatuta, CO2 isuriak % 50etik gora murriztea lortzen duten edo lor dezaketen jarduketek, jasangarritasun energetikoaren arloko erregelamenduzko araudiak gutxienez ezartzen duen C letrako edo goragoko adierazle orokor bat gutxienez lortuz, gehieneko aurrekontu babesgarriaren % 50eko laguntza lortu ahal izango dute, 65.000 euroko gehieneko mugarekin.

c) 3. mota. Irisgarritasuna hobetzeko obrak:

Birgaitze isolatuko areetan egin beharreko jarduketak: aurrekontu babesgarriaren % 40, gehienekoa txikienaren arabera kalkulatuko da; 3.000 euro etxebizitza bakoitzeko edo 30.000 euro atari bakoitzeko.

Birgaitze integratuko areetako jarduketak: aurrekontu babesgarriaren % 50, gehienekoa txikienaren arabera kalkulatuko da; 3.500 euro etxebizitza bakoitzeko edo 35.000 euro atari bakoitzeko.

  1. Aurreko artikuluan araututako laguntza orokorrak itzuli beharrik gabeko banakako laguntzekin osatu ahal izango dira jabetza horizontaleko araubidean banatutako eraikinetan dauden elementu pribatiboen (etxebizitzak zein lokalak) titularrentzat. Banakako laguntza horien zenbatekoa kalkulatzeko, partikularren obretarako araututako irizpide berberak erabiliko dira.

    (Ikus .PDF)

    Banakako laguntzak zehazteko, emandako laguntza orokorrak kendu ondoren, erkidegoko obren aurrekontu babesgarriari elementu pribatiboen titular bakoitzaren partaidetza-kuotari dagokion ehunekoa aplikatuko zaio. Oinarri horren gainean, 2. taulan ezarritako gehieneko ehunekoak eta mugak aplikatuko dira.

  2. Artikulu honetan ezarritako banakako laguntzak jasotzen dituzten etxebizitzen edo lokalen pertsona edo erakunde titularrek laguntza horiek 46. artikuluan aurreikusitako moduan itzuliko direla bermatu beharko dute.

  1. Jabeen erkidegoek eta erkidegoen obren gainerako titularrek kreditu-establezimenduek emandako mailegu kualifikatuak eskuratu ahal izango dituzte, finantza-lankidetzarako hitzarmenean eta birgaitzeko finantza-tresna berezian jasotako baldintzetan.

    Maileguaren zenbatekoa aurrekontu babesgarriaren guztizkoa izan daiteke, eta, hala badagokio, administrazio honek edo beste batzuek emandako itzuli beharrik gabeko laguntza orokor eta banakako guztiak kenduko dira. Maileguaren hasierako xedapenaren ehunekoa % 100etik beherakoa bada, gainerako xedapen partzialak obrak exekutatzeko erritmora egokituko dira, eta dagozkion obra-ziurtagiriak aurkeztu beharko zaizkio kreditu-establezimenduari, aldez aurretik teknikari eskudunak edo obra-kontratistak eratuta.

    Jarduketa babestua aitortzen duen administrazio-ebazpena jakinarazten denetik aurrera onartu eta formalizatu ahal izango dira maileguak, ebazpen horretatik hiru hilabeteko gehieneko epean. Maileguen eskuratzea edozein unetan egin ahal izango da, jarduketa babestua aitortzen duen administrazio-ebazpena jakinarazten denetik aurrera.

  2. Jabetza horizontalaren araubidean banatutako eraikinetako elementu pribatiboen pertsona edo erakunde titularrek aukera izango dute kreditu-establezimenduek erkidegoen obrak finantzatzeko emandako mailegu kualifikatuak eskuratzeko, partaidetza-kuotagatik dagokien zatian, baldin eta dagokion administrazio-organoaren ebazpen bidez hala onartu bada. Baldintzak finantza-lankidetzarako hitzarmenean eta birgaitzeko finantza-tresna berezian jasotakoak izango dira. Maileguaren zenbatekoa partaidetza-kuotaren arabera ordaintzea dagokien aurrekontu babesgarriaren zatira irits daiteke, eta, hala badagokio, administrazio honek edo beste batzuek emandako itzuli beharrik gabeko laguntza guztiak kenduko dira, orokorrak zein partikularrak. Maileguaren hasierako xedapenaren ehunekoa % 100etik beherakoa bada, gainerako xedapen partzialak obrak exekutatzeko erritmora egokituko dira, eta dagozkion obra-ziurtagiriak aurkeztu beharko zaizkio kreditu-establezimenduari, aldez aurretik teknikari eskudunak edo obra-kontratistak eratuta.

    Aurretiazko eta banakako onespena edo baimena eta maileguen formalizazioa jarduketa babestua onartzeko administrazio-ebazpena jakinarazten denetik aurrera exekutatu ahal izango dira, ebazpen hori ematen denetik gehienez ere hiru hilabeteko epean. Maileguen eskuratzea edozein unetan egin ahal izango da, jarduketa babestua aitortzen duen administrazio-ebazpena jakinarazten denetik aurrera.

  3. Mailegu kualifikatuak Eusko Jaurlaritzaren alokairu-merkatuko bitartekaritza-programaren batean gutxienez sei urtez sartuko diren elementu pribatiboen pertsona edo erakunde titularrei ematen zaizkienean, etxebizitzaren arloan eskumena duen sailak interes-tasa nahikoa subsidiatuko du pertsona edo erakunde onuradunarentzat subsidiatutako interes-tasa urteko efektiboaren % 1 izan dadin (0,99 nominala hileroko muga-egunekin) maileguaren iraunaldi osoan. Horrelako eragiketetan diruz lagunduko dira interes aldakorreko tasak nahiz tasa finkoak edo mistoak.

  4. Birgaitze-jarduketa babesgarriek irisgarritasun-obrak dakartzatenean, osagai espezifiko eta aurrekontu babesgarritik bereiz daitekeen osagai horretarako bakarrik, eta irisgarritasunagatik egotz daitezkeen laguntzak kendu ondoren, zenbateko bat zehaztuko da, mailegu bidez finantza daitekeena, irisgarritasuna sustatzeko dirulaguntza-lerro berezi horren onuradunentzat soilik. Etxebizitzaren arloan eskumena duen sailak behar adinako interes-tasa subsidiatuko du, benetako TIN kostua pertsona edo erakunde onuradunarentzako urteko benetako % 0 izan dadin mailegu kualifikatuaren iraunaldi osoan. Horrelako eragiketetan diruz lagunduko dira interes aldakorreko tasak nahiz tasa finkoak edo mistoak.

  5. Aurreko bi paragrafoetan ezarritako interesen subsidiazioa lortzen duten pertsonek edo erakundeek itzulketa bermatu beharko dute 46. artikuluan aurreikusitako moduan.

    III. ATALA. BIRGAITZE INTEGRAL ETA EFIZIENTERAKO ERKIDEGOEN OBRAK (3. LERROA)

Birgaitze integral eta efizienterako erkidegoen obretarako finantza-neurrien ildo horren esparruan, honako hauek eman ahal izango dira:

1. 1. azpilerroa: etxadiak edo etxebizitza-blokeak konfiguratu arte elkartutako familia anitzeko eraikinetarako edo eraikin-multzoetarako finantza-neurriak, Fig.1 irudian jasotako eskemaren arabera.

2. 2. azpilerroa: taldekatutako familia anitzeko eraikinetarako edo eraikin-multzoetarako finantza-neurriak, horien albo bat konfiguratu arte, gutxienez etxadiaren edo etxebizitza-blokearen albo bat barne hartuta, Fig. 2 irudian jasotako eskemaren arabera.

3. 3. azpilerroa: familia anitzeko eraikinetarako edo eraikin-multzoetarako finantza-neurriak, multzokatuta egon edo ez, baldin eta mehelinen artean badaude, Fig. 3 irudian jasotako eskemaren arabera.

(Ikus .PDF)

  1. Lerro honetako finantza-neurriak jasotzen dituzten eraikitako ondareko esku-hartzeak globalak izango dira, eta halakotzat hartuko dira, gutxienez eta aldi berean, lehendik dauden eraikinen energia-efizientzia, irisgarritasuna eta suteetatik babesteko segurtasuna hobetzera bideratutakoak. Horretarako, esku-hartzeko proiektuek eta obrek jarraian zerrendatzen diren jarduketak jaso behar dituzte:

    1. Energia-efizientzia hobetzea: eraberritzearen ondoren, eraikinaren energia-efizientziaren ziurtagiriak gutxienez C kalifikazio energetikoa lortzeko beharrezkoak diren jarduketa pasiboak eta/edo aktiboak jaso behar ditu esku-hartzeak, bai CO2 emisioei dagokienez, bai energia primario berriztaezinaren kontsumoari dagokionez, eta gutxienez D kalifikazio partzial bat berokuntza-eskarian.

      Fatxadaren energia-birgaitze bati ekiten zaionean, nahitaezkoa izango da honako alderdi hauek justifikatzea:

      Jarduketak arotzeria ordeztea dakarrenean, kanpoko aire-emari nahikoa ziurtatuta geratzea HS3 oinarrizko dokumentuan eskatutakoa betetzeko, oinarrizko dokumentu horren aplikazio-eremuari kalterik egin gabe. Hori justifikatzeko, fatxadan edo arotzerian etxebizitzak aireztatzeko mekanismoak txertatu ahal izango dira (aireztagailuak, mikroaireztapeneko gailuak, etab.).

      Kanpoko hedapenari dagokionez, suteetatik babesteko segurtasunari buruzko oinarrizko dokumentua betetzeari kalterik egin gabe, proposatutako fatxada-soluzioak EI-60 sektorizazio horizontala du solairu bakoitzeko forjatuan, suterik izanez gero fatxadan zehar hedapen bertikala mugatzeko. Era berean, inguratzaile eraberrituaren gainazaleko bao guztien inguruan suebaki-hesi bat bermatu beharko da, E30 suarekiko erresistentzia bermatzeko.

      Era berean, proiektuak monitorizazio-sistema bat instalatzea aurreikusi beharko du. Horrek berokuntzaren energia-kontsumoei eta ingurumen-baldintzei buruzko datuak tele-irakurtzea, biltzea eta ustiatzea ahalbidetuko du birgaitze-obrak amaitu ondorengo 3 urteetan, birgaitutako eraikinaren edo blokearen etxebizitzen lagin adierazgarri batean, III.B eranskinean (monitorizazio-sistemaren ezaugarriak) jasotako baldintzetan.

    2. Eraikinen irisgarritasuna hobetzea: esku-hartzeak modu autonomoan bermatu behar du irisgarritasuna pertsona guztientzat, eta, bereziki, gurpil-aulkien erabiltzaileentzat, bide publikotik etxebizitza bakoitzera, koskadun desnibelak gainditu behar izan gabe eta irisgarritasunaren arloko araudia betez.

      Horretarako, proposamenak ahalik eta irisgarritasun-mailarik handiena bermatzen duela justifikatu beharko da, eta justifikazioan eta/edo alternatiba posibleen azterketa tekniko eta ekonomikoan, hala badagokio, Agindu honetan araututako laguntzen zenbatekoa sartu beharko da. Esku-hartzeak honako kasu hauetakoren batean kokatu beharko dira:

      Gurpil-aulkien erabiltzaileen erabilera autonomoa bermatuko duten proposamenak. Baldintza hori betetzen dutela ulertuko da proposamenak bat datozenean EKTarekin eta 68/2000 Dekretuaren eranskinekin, gurpil-aulkien erabiltzaile guztien erabilera autonomoa bermatzeko eska daitezkeen baldintzei dagokienez.

      Eraberritze-kasuetan irisgarritasunaren arloko araudia betez, gurpil-aulkien erabiltzaile guztien erabilera autonomoa bermatzen ez duten baina gurpil-aulkien erabiltzaileen % 50en erabilera autonomoa ahalbidetzen duten proposamenak. Baldintza hori betetzen dutela ulertuko da, proposamenak, aplikatu beharreko gainerako arauez gain, 68/2000 Dekretuaren I. eranskineko 4.4 taulako 50. pertzentila betetzen dutela justifikatzen duenean.

      Eraberritze-kasuetan irisgarritasunaren arloko araudia betez, gurpil-aulkien erabiltzaile guztien erabilera autonomoa bermatzen ez duten baina gurpil-aulkien erabiltzaileen % 5en erabilera autonomoa ahalbidetzen duten proposamenak. Baldintza hori betetzen dutela ulertuko da, proposamenak, aplikatu beharreko gainerako arauez gain, 68/2000 Dekretuaren I. eranskineko 4.4 taulako 5. pertzentila betetzen dutela justifikatzen duenean.

      Pertzentil horiek betetzen dituztela joko da bide publikotik irisgarria den ibilbidearen puntu orotan laukizuzen bat inskribatu ahal denean, dagozkion biraketak eta maniobrak kontuan hartuta, zabalera eta guztizko luzera bost zentimetrotan handituta. Ibilbidearen punturen batean baldintza hori betetzen ez duten jarduketak ez dira diruz lagunduko.

      Proposamenak lurzoru publikoa okupatzea badakar, okupazio hori baimentzeko eskumena duen udalak proposamenaren berri baduela egiaztatu beharko da.

      Esku-hartzeak hainbat atariri eragiten badie, eta baterako esku-hartzearen xede izango badira, eta atarietakoren batek ez badu eskatzen irisgarritasuna hobetzeko jarduketarik egitea eraikin osoan edo haren zati batean, agindu honen 16. artikuluaren 5.b) atalean adierazitako moduan, egiaztatu beharko da atari horretan betetzen dela irisgarritasun fisikoari eta sentsorialari buruzko araudia, bide publikotik etxebizitza bakoitzera, esku-hartzearen xede izango ez den eremu komun orotan.

    3. Suteetatik babesteko segurtasun-baldintzak hobetzea: esku-hartzean, suteak detektatzeko, alarma jotzeko eta itzaltzeko ekipamendu eta instalazio orokorrak jarri behar zaizkio eraikinari edo eraikin-multzoari. Era berean, larrialdietarako argiztapen-neurriak izan behar ditu, ebakuazio-kasuetan argiztapena bermatzeko eta irteerak eta dauden babes-ekipamenduen eta -bitartekoen kokapena adierazten duten seinaleak ikusteko.

      Era berean, esku hartzeko proiektuek etxebizitzen kanpoko bizigarritasuna hobetzeko jarduketak jaso ahal izango dituzte.

  2. EITaren txostenean 1., 2. edo 3. mailako obrak jasotzen badira, akats horiek konpontzeko obrak egiteko aurreikuspena jaso beharko da esku-hartzean, honako kasu hauetan izan ezik:

    Laguntzak eskatzeko unean, obra horien EIT zuzendu izanaren ziurtagiria izatea, dagokion udalean sarrera-erregistroa duela.

    Laguntzen eskaeran Erkidegoaren Akordioa aurkeztea. Akordio horretan, laguntzen likidazioa eskatu aurretik obra horiek exekutatzeko konpromisoa hartzen du.

  3. Etxebizitzetako batek gutxieneko bizigarritasun-baldintzak betetzen ez dituenean, gutxieneko baldintza horiek betetzeko behar diren obrak egiteko aurreikuspena jaso beharko du esku-hartzeak, salbu eta ez-betetzearen xede diren etxebizitzen jabeek akatsak konpontzeko obrak egiteko konpromisoa hartzen dutela adierazten duen dokumentua aurkezten badute eskaeran eta 16. artikuluan adierazitako baldintzetan, laguntzaren likidazio-eskaera egin aurretik.

Jarduketa babesgarritzat hartuko dira arau honen 15. eta 16. artikuluetan ezarritako betekizunak betetzen dituzten eraikinetan garatzen direnak, 29. artikuluko betekizunak betetzen dituzten esku-hartzeen esparruan, eta 9. eta 13. artikuluetako betekizunak betetzen dituzten pertsonek sustatutakoak, gainera honako baldintza hauek betetzen direnean:

  1. Energia-efizientzia hobetzea:

    1. Jarduketa pasiboak: diruz lagundu ahal izango dira eraberritzearen aurretik eraikinarekiko berokuntzako urteko energia-eskaria gutxienez % 50 murrizten duten eraikinen inguratzailearen gaineko jarduketa pasibo integralak.

    2. Jarduketa aktiboak: diruz lagundu ahal izango dira, oro har, eraikinaren energia primarioaren urteko kontsumoa gutxienez % 20 murriztea lortzen duten jarduketa aktiboak, eraberritutako eraikinari dagokionez, proposatutako jarduketa pasiboak soilik kontuan hartuta. Honako hauek sartzen dira:

      Energia-efizientzia handiko ekipoak dituzten instalazio zentralizatuak.

      Energia-efizientzia handiko instalazio indibidualizatuak.

      Eguzki-kolektoreak edo energia berriztagarriko beste iturri batzuk gehitzea.

      Aireztapen mekaniko kontrolatuko sistemak, energia-eskaria murrizteko sistemak dituztenak, hala nola hezetasuna detektatzeko sistemak, CO2 bidezko presentzia detektatzekoak edo fluxu bikoitzeko bero-berreskuratzaileak, betiere berokuntza-eskaria gutxienez % 30 murriztea justifikatzen badute instalazio hori gabe proposatutako eraberritzearekin alderatuta. Aireztapen-sistemek sortutako eskariaren murrizketa kalkulatzeko, III.A eranskinean (Laguntza eskatzen den esku-hartze proposamenaren edukia eta egitura) jasotako jarraibideei jarraituko zaie.

    3. Monitorizazio energetikoa: diruz lagundu ahal izango dira III.B eranskinean (Monitorizazio-sistemaren ezaugarriak) ezarritakoa betetzen duten etxebizitzak monitorizatzeko instalazioak.

      Etxebizitzen gutxienez % 80 monitorizatzen denean, diruz lagundu ahal izango dira, halaber, monitorizazio-sistemari lotutako energiaren kudeaketa aurreratuko sistemak. Halakotzat hartuko dira datuak eskuratu, biltegiratu eta aztertzean dautzanak eta, gainera, hainbat zerbitzutan (klimatizazioa, ur bero sanitarioa, aireztapena eta argiztapena) eraikinaren energia-portaera globala hobetzeko jardutea ahalbidetzen dutenak.

  2. Irisgarritasuna hobetzea: irisgarritasuna hobetzeko jarduketak diruz lagundu ahal izango dira, baldin eta honako kasu hauetakoren batean sar badaitezke:

    1. Igogailuak instalatzea, kanpoaldetik edo barrualdetik, lehen igogailurik ez zuten eraikinetan, hala badagokio, eskailerak aldatzea barne.

    2. Igogailuak egokitzea dagoeneko igogailurik baduten eraikinetan, zero kotako irisgarritasuna bermatzeko eta/edo kabinaren neurriak irisgarritasun-araudira egokitzeko.

    3. Eraikinaren zero kotarainoko irisgarritasuna konpontzera bideratutako jarduketak, aurreko bietan sartu ezin direnak.

    4. Irisgarritasuna konpontzera eta bide publikotik eraikinera iristeko ibilbide irisgarri bat bermatzera bideratutako jarduketak, atariaren ondoko urbanizazio pribatuko eremuetan egiten direnak (jarduketak arkupeetan edo lorategi-aurreetan), betiere beste ibilbide irisgarri alternatiborik ez badago.

      Diruz laguntzeko modukotzat hartuko dira, halaber, irisgarritasun sentsoriala hobetzeko jarduketak (ikusizko seinaleztapena, ukimen- seinaleztapena eta soinu- seinaleztapena, bideo-atezaina, etab.), baldin eta aurreko jarduketen esparruan sartzen badira.

  3. Suteetatik babesteko segurtasuna hobetzea:

    1. Detekzio- eta alarma-sistemak instalatzea.

    2. Ebakuaziorako sistemak instalatzea: larrialdietako argiztapena.

    3. Itzaltze-sistemak instalatzea: su-itzalgailuak eta tutu lehorra.

  4. Kanpoko bizigarritasuna hobetzea: esku-hartzeak kanpoko bizigarritasuna hobetzeko honako jarduketa hauek jaso ahal izango ditu:

    1. Lehenago balkoirik edo terrazarik ez zuten eraikinetan kanpoaldetik balkoiak edo terrazak jartzea, espazio horiek etxebizitzen erabilera pribatiboko espazio gisa konfiguratzen direnean.

    2. Balkoiak lehendik dituzten eraikinetan zabaltzea edo luzatzea, kanpoko gela edo terraza bihurtu arte, espazio horietara bideratutako azalera handitzen denean eta etxebizitzen erabilera pribatiboko espazio bihurtzen direnean.

  1. Birgaitze integral eta efizienterako obren kasuan, laguntzaren xede diren jarduketak hogeita hamar (30) hilabeteko epean amaituta egon beharko dira, laguntza ematea erabakitzen duen ebazpena jakinarazten denetik aurrera, eta hori obren harrera-aktarekin edo obra-amaierako ziurtagiriarekin egiaztatuko da.

  2. Erakunde onuradunarekin zerikusirik ez duten eta behar bezala justifikatuta dauden arrazoiak badaude, erakunde horrek epea luzatzeko eskatu ahal izango du, ezarritako exekuzio-epea amaitu baino lehen. Eskaera, gutxienez, proiektua exekutatzeko emandako epea amaitu baino hilabete lehenago egin beharko da. Epea ez da luzatuko onuradunak justifikatutako atzerapen-denbora baino gehiago, eta Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitekturaren zuzendariaren ebazpen bidez onartu beharko da.

  1. Birgaitze integral eta efizienterako obren kasuan, itzuli beharrik gabeko laguntza bat emango zaie jabeen erkidegoei, udalei, toki-erakunde txikiei, etxebizitza-sozietate publikoei eta etxebizitza-sustatzaile publikoei, baldin eta jarduketa babestuen onuradun diren etxebizitza-eraikinen jabeak badira.

    Horretarako, jarduketa bakoitzaren kostuari edo aurrekontuari gehieneko ehuneko bat aplikatuko zaio, laguntzaren gehieneko zenbateko bat kontuan hartuta, artikulu honen hurrengo ataletan jasotako baldintzetan.

    Itzuli beharrik gabeko laguntzaren zenbatekoa energia-efizientzia, irisgarritasuna, suteetatik babesteko segurtasuna eta, hala badagokio, kanpoko bizigarritasuna hobetzeko diruz lagun daitezkeen jarduketei dagozkien laguntzen baturaren emaitza da.

    Esku-hartzeak elementu pribatiboen gaineko obrak barne hartzen baditu, ez dira kontuan hartuko elementu pribatibo horien jabeen baimenik ez duten jarduketak (ez laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, ez diruz lagundu daitekeen jarduketa bakoitzerako eskatutako hobekuntza-maila betetzeko), horiei eragiten dieten obrak egiteko.

  2. Honako jarduketa hauek hartuko dira kasu berezitzat, dirulaguntzen zenbatekoari dagokionez, eta laguntzen gehieneko ehuneko eta mugak handiagoak izango dira:

    Birgaitze Integratuko Areetan edo Bizitegi Area Degradatuetan bildutako jarduketak.

    Errentamendu babestura bideratutako etxebizitzek etxebizitza guztien % 50 gainditzen duten higiezinetako jarduketak.

    Kultura-interesekotzat deklaratutako higiezinetako jarduketak edo Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean aurreikusitakoaren arabera aitortutako beste edozein babes-araubideren mende dauden higiezinetako jarduketak.

    Dirulaguntzen zenbatekoari dagokionez, kasu orokortzat hartuko dira lehen aipatutako kasu berezietan sartu ezin diren jarduketa guztiak.

    Esku-hartzeak baterako esku-hartzearen xede izango diren atari bati baino gehiagori eragiten dienean, atari bakoitzari dagokion kasua hartuko da kontuan, errentamendu babesturako eraikinen kasuan izan ezik; kasu horretan, eraikuntza-multzoaren guztizkoa hartuko da kontuan.

  3. Artikulu honetan araututako zenbatekoak eta ehunekoak esku-hartzearen azpilerroaren arabera igoko dira, honela:

  1. azpilerroan sartzen diren esku-hartzeei dagozkien zenbatekoak eta ehunekoak % 2 igoko dira ondorengo tauletan adierazitakoekin alderatuta.

  2. azpilerroan sartzen diren esku-hartzeei dagozkien zenbatekoak eta ehunekoak % 1 igoko dira ondorengo tauletan adierazitakoen aldean.

  1. Artikulu honetan araututako zenbatekoak eta ehunekoak esku-hartzearen xede diren atari-kopuruaren arabera igoko dira, honela:

    Lau atari edo gehiagotan batera egiten diren esku-hartzeen zenbatekoak eta ehunekoak % 3 igoko dira ondorengo taula hauetan adierazitakoekin alderatuta.

    Hiru ataritan batera egiten diren esku-hartzeen zenbatekoak eta ehunekoak % 2 igoko dira ondorengo taula hauetan adierazitakoen aldean.

    Bi ataritan batera egiten diren esku-hartzeen zenbatekoak eta ehunekoak % 1 igoko dira ondorengo taula hauetan adierazitakoen aldean.

  2. Laguntzaren guztizko zenbatekoak ezin izango ditu muga hauek gainditu:

    (Ikus .PDF)

  3. Txostenak, ziurtagiriak eta proiektuak idazteari eta obren zuzendaritza fakultatiboari dagozkien ordainsari teknikoen laguntzetarako, taula honetan jasotako formulak aplikatzearen ondorioz lortutako zenbateko txikiena hartuko da kontuan:

    (Ikus .PDF)

    Laguntzaren gehieneko ehunekoa kostu garbiaren gainean aplikatzen da, hau da, dokumentuak idazteko ordainsari teknikoen eta obren zuzendaritza fakultatiboaren gaineko zergak kenduta.

  4. Energia-efizientziako jarduketetarako laguntzen kasuan, honako taula hauetan jasotako formulak aplikatuta lortutako zenbateko txikiena hartuko da kontuan:

    1. Jarduketa pasiboak.

      Honako zenbateko eta ehuneko hauek ezartzen dira jarduketa pasiboak exekutatzeko, eraberritutako egoeraren berokuntza-eskariaren kalifikazio partzialaren arabera:

      (Ikus .PDF)

      (Ikus .PDF)

    2. Jarduketa aktiboak.

      Jarduketa aktiboak, oro har, exekutatzeko laguntzen gehieneko zenbateko eta ehuneko hauek ezartzen dira, eraberritutako egoeraren kalifikazio energetikoaren arabera. Isuriei eta kontsumoari buruzko kalifikazio energetikoa bat ez badator, kalifikazio txarrena hartuko da.

      (Ikus .PDF)

      (Ikus .PDF)

      Gainera, jarduketa aktibo bakoitzari dagokionez, ezingo dira 8. taulako gehieneko ehunekoak gainditu, ezta hurrengo tauletan adierazitako gehieneko zenbatekoak ere. Zenbateko horiek kalkulatzeko, jarduketa aktibo bakoitza zer etxebizitzatan egiten den bakarrik hartuko da kontuan.

      Aireztapen mekanikoko sistemak instalatzea.

      Energia-eskaria murrizteko sistemak sartzen dira, hala nola hezetasuna detektatzeko sistemak, presentzia CO2 bidez atzemateko sistemak edo fluxu bikoitzeko bero-berreskuratzaileak, proposatutako eraberritzearen aldean berokuntza-eskaria gutxienez % 30 murriztea justifikatzen dutenak, jarduketa pasiboak bakarrik kontuan hartuta.

      Aurrezpena kalkulatzeko, sistemak aitortutako balioa erabili behar da, haren dokumentazio ofizialaren bidez (ETD/EED, prestazioen adierazpenak, CE marka, etab.), eta, beroa berreskuratzearen kasuan, «berreskuratzailearen efizientzia», ekipoaren, kontsumoen eta abarren xehetasunak sartzeko aukera ematen duen kalkulu-tresnaren bidez lortutakoa.

      (Ikus .PDF)

      Etxeko ur beroa sortzeko instalazio zentralizatuak eta energia-efizientzia handiko ekipoak dituzten berogailuak.

      (Ikus .PDF)

      Etxeko ur beroa sortzeko instalazio indibidualizatuak eta efizientzia handiko ekipoak dituzten berogailuak. Banakako galdarak eraikineko eta/edo atariko etxebizitza guztien % 80tik gorako kopuruan instalatzeko eta/edo ordezteko, sorgailu berrien potentzia termikoen (Pi) batura (kW) taulan adierazitako kopuruekin biderkatzearen emaitzari dagokion gehienekoa emango da:

      (Ikus .PDF)

      Eguzki-instalazioak. Taulan adierazitako kopuruak eguzki-instalazio termikoaren potentziarekin (P1) biderkatzearen emaitzari dagokion gehienekoa emango da. Potentzia hori instalatutako eguzki-atzitzaileen azalera 0,7 kW/m2 -rekin biderkatu ondoren kalkulatuko da.

      (Ikus .PDF)

      Beste energia berriztagarri batzuk instalatzea. Beste energia berriztagarri batzuk ere lagundu ahal izango dira diruz, baldin eta lehen mailako energia berriztagarriaren kontsumoa eta CO2 isuriak murrizten laguntzen badute egoera eraberrituaren energia-efizientziaren ziurtagirian. Nolanahi ere, 8. taulako gehieneko laguntzen ehunekoak errespetatu beharko dira, eta jarduketa aktibo guztiek ezingo dituzte 7. taulako gehieneko zenbatekoak gainditu.

    3. Monitorizazioa.

      Monitorizazio-instalazioetan, muga hauek aplikatuko dira:

      (Ikus .PDF)

      Etxebizitzen gutxienez % 80 monitorizatzen denean, diruz lagundu ahal izango dira, halaber, monitorizazio-sistemari lotutako energiaren kudeaketa aurreratuko sistemak. Halakotzat hartuko dira datuak eskuratu, biltegiratu eta aztertzean dautzanak eta, gainera, hainbat zerbitzutan (klimatizazioa, ur bero sanitarioa, aireztapena eta argiztapena) eraikinaren energia-portaera globala hobetzeko jarduketa ahalbidetzen dutenak. Horrelako kasuetan, 13. taulan jasotako zenbatekoak eta ehunekoak % 50 igoko dira.

  5. Irisgarritasun-jarduketetarako laguntzen kasuan, ondorengo tauletan jasotako formulak aplikatuta lortutako zenbateko txikiena hartuko da kontuan.

    Lehenik eta behin, zenbateko eta gehieneko ehuneko hauek ezartzen dira, lortutako irisgarritasun-mailaren arabera: lortutako irisgarritasun-maila zehazteko, punturik txarrena hartuko da kontuan.

    (Ikus .PDF)

    (Ikus .PDF)

    Esku-hartzeak hainbat atariri eragiten badie eta horiek batera esku hartu behar bada, atari bakoitzean lortutako irisgarritasun-maila hartuko da kontuan.

    Gainera, irisgarritasuna hobetzeko jarduketa bakoitzari dagokionez, ezingo dira gainditu 15. taulako gehieneko ehunekoak, ezta hurrengo tauletan adierazitako gehieneko zenbatekoak ere.

    1. Igogailu berria instalatzea, hala badagokio, eskailerak aldatzea barne.

      Kasu horretan sartuko dira lehen igogailurik ez zuten eraikinak, baita, igogailua izan arren, haien kokapena aldatu eta beste komunikazio-gune bat sortu behar dutenak ere, irisgarritasuna bermatzeko.

      (Ikus .PDF)

      (Ikus .PDF)

      Eskailerak aldatzeak komunikazio-gune berri bat eraikitzea esan nahi du. Eskaileren aldaketatzat ez da jotzen eskaileraren zabalera murrizteko lauzak moztea.

      Eskaileren aldaketak eraikinera sartzeko solairuan soilik eragiten badu, zero kotako obratzat hartuko dira.

    2. Lehendik dauden igogailuak egokitzea.

      (Ikus .PDF)

      Esku-hartzearen ondorioz irisgarritasun-maila hobetzen duten egokitzapenak baino ez dira diruz lagunduko.

    3. Irisgarritasuna zero kotaraino, aurrekoez bestelakoak, eta irisgarritasuna bide publikotik eraikineraino, urbanizazio pribatuko eremuetan.

      (Ikus .PDF)

  6. Suteetatik babesteko segurtasun-jarduketetarako laguntzen kasuan, taula hauetan jasotako formulak aplikatuta lortutako zenbateko txikiena hartuko da kontuan:

    1. Detekzio- eta alarma-instalaziorako.

      (Ikus .PDF)

    2. Su-itzalgailuak eta larrialdiko argiztapena instalatzeko.

      (Ikus .PDF)

    3. Tutu lehorra instalatzeko.

      (Ikus .PDF)

  7. Kanpo-bizigarritasuneko jarduketetarako laguntzen kasuan, ondorengo tauletan jasotako formulak aplikatuz lortutako zenbateko txikiena hartuko da kontuan.

    Kanpoko espazioetan esku hartzen den etxebizitzak bakarrik hartuko dira kontuan kalkulua egiteko.

    Gehieneko zenbateko eta ehuneko hauek ezarri dira kanpoko bizigarritasuna hobetzeko jarduketak egiteko.

    (Ikus .PDF)

    1. Kanpo-espazio sortu berrietan, gehieneko kopuru hau emango da: taulan adierazitako kopuruak bider espazio horien azalera (m2-tan). Ez da diruz lagunduko 1 m2 baino gutxiagoko azalera duen espaziorik.

      (Ikus .PDF)

    2. Lehendik dauden kanpo-espazioak handitzeko, gehieneko kopuru hau emango da: taulan adierazitako kopuruak bider espazio horietan zabaldutako azalera (m2-tan). Handitzearen ondorioz lehendik dauden elementuak ordeztu behar badira, zabaldutako azaleratzat hartuko da, betiere azalera 1m2 baino gehiago handitzen bada. Ez dira diruz lagunduko 1 m2 baino gutxiagoko azalera duten esku-hartzeak.

      (Ikus .PDF)

  1. Itzuli beharrik gabeko laguntzen onuradunek kreditu-establezimenduek emandako mailegu kualifikatuak eskuratu ahal izango dituzte, finantza-lankidetzako hitzarmenean eta birgaitzeko finantza-tresna berezian jasotako baldintzetan.

    Maileguaren zenbatekoa diruz lagundu daitezkeen kostu guztietara irits daiteke, eta, hala badagokio, administrazio honek edo beste batzuek emandako itzuli beharrik gabeko laguntza guztiak kenduko dira. Maileguaren ehunekoa % 100etik beherakoa bada, gainerako xedapen partzialak Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura Zuzendaritzak aldez aurretik onartutako obren exekutatze- eta justifikazio-erritmora egokituko dira, 50. artikuluan jasotako baldintzetan.

  2. Irisgarritasuna hobetzeko jarduketen kasuan, osagai espezifiko eta babesgarritik bereiz daitekeen osagai horretarako bakarrik, eta irisgarritasunagatik egotz daitezkeen laguntzak deskontatu ondoren, mailegu bidez finantza daitekeen zenbateko bat zehaztuko da irisgarritasuna sustatzeko dirulaguntza berezi horren onuradunentzat soilik. Etxebizitzaren arloan eskumena duen sailak behar adinako interes-tasa subsidiatuko du, benetako TIN kostua pertsona edo erakunde onuradunarentzako urteko benetako % 0 izan dadin mailegu kualifikatuaren iraunaldi osoan. Horrelako eragiketetan diruz lagunduko dira interes aldakorreko tasak nahiz tasa finkoak edo mistoak.

  3. Aurreko paragrafoan ezarritako interesen subsidiazioa lortzen duten pertsonek edo erakundeek itzulketa bermatu beharko dute 46. artikuluan aurreikusitako moduan.

  4. Maileguak onartu edo baimendu ahal izango dira, aldez aurretik eta banan-banan, itzuli beharrik gabeko laguntzak aitortzen dituen administrazio-ebazpena jakinarazten denetik aurrera, eta, gehienez ere, hiru hilabeteko epean, Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura Zuzendaritzak proiektua teknikoki onartzen duenetik aurrera. Maileguak edozein unetan erabil daitezke, aldez aurretik onartu edo baimendu ondoren.

  1. 65 urtetik gorako pertsonek eta mugikortasun murriztua edo sentsoriala duten desgaituek, pertsona horiek parte hartzen duten bizikidetza-unitateekin batera, eta, horrez gain, 12.000 eurotik beherako urteko diru-sarrera haztatuak dituzten bizikidetza-unitateek, dirulaguntza-lerro berezi bat eskuratu ahal izango dute, irisgarritasun-partikularren obrak eta erkidegoenak egitea errazteko.

  2. Dirulaguntza-lerro berezia eskuratu ahal izango dute arau honetan obretarako aurreikusitako finantza-neurrien onuradunek.

    Birgaitze integral eta efizienterako erkidegoen obren kasuan (3. lerroa), dirulaguntza-lerro hau eskuratu ahal izango dute esku-hartze horren xede den eraikineko etxebizitzaren baten jabe, errentari, gozamendun edo eskubide errealen titular direnek, edo 1. eta 2. lerroetako onuradunen baldintza berberetan hura erabili eta aprobetxatzeko legitimatzen dituen beste edozein eskubide dutenek.

  3. Dirulaguntza-lerro bereziaren xedea da agindu honetan ezarritako itzuli beharrik gabeko laguntzek estaltzen ez duten irisgarritasunari egotz dakiokeen aurrekontu babesgarriaren zatiaren % 100era arteko ehunekoa ordaintzea, edo xede bererako jasotzen den eta etxebizitzen titularrek edo okupatzaileek okupazioa legitimatzen duen kontratuan oinarrituta ordaindu behar duten beste edozein zati.

  4. Aplikatu beharreko ehunekoa urteko familia-errenta haztatuaren eta bizikidetza-unitateko kide kopuruaren araberakoa izango da, eta taula honetan ezarritakoaren arabera aplikatuko da:

    (Ikus .PDF)

  5. Erkidegoen obretan (2. lerroa) eta birgaitze integral eta efizienterako erkidegoen obretan (3. lerroa), dirulaguntza bereziak zehazteko, erkidegoen obren irisgarritasunari egotz dakiokeen aurrekontu babesgarriari aplikatuko zaio onuradunak jabetza horizontalean duen partaidetza-kuotari dagokion ehunekoa, emandako laguntza orokorrak kendu ondoren. Oinarri horren gainean, aurreko taulan ezarritako gehieneko ehunekoak aplikatuko dira.

  6. Lerro berezi horretara sartzeko berariazko eskaera izan beharko da, eta finantza-neurriak eskatzeko unean eta egintzan egin beharko da, argi eta garbi bereiziz irisgarritasun-obrei dagokien aurrekontua eta gainerako jarduketa babesgarriei dagokien aurrekontua.

    Birgaitze integral eta efizienterako erkidegoen obren kasuan (3. lerroa), interesdunek jabeen erkidegoaren aldeko itzuli beharrik gabeko laguntzak aitortzen dituen administrazio-ebazpena jakinarazten denetik aurrera aurkeztu ahal izango dute eskaera, Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura Zuzendaritzak proiektuari onespen teknikoa ematen dionetik gehienez ere hiru hilabeteko epean.

  7. Artikulu honetan ezarritako dirulaguntza bereziak jasotzen dituzten pertsonek itzulketa bermatu beharko dute 46. artikuluan aurreikusitako moduan.

  1. Agindu honetan aurreikusitako finantza-neurrien lerroak elkarren artean bateragarriak izango dira, erkidegoen obretarako (2. lerroa) eta birgaitze integral eta efizienterako erkidegoen obretarako (3. lerroa) ezarritakoak izan ezik, bateraezinak baitira, irisgarritasuna sustatzeko dirulaguntza-lerro berezian izan ezik.

  2. Arau honetan aurreikusitako finantza-neurriak bateragarriak dira beste administrazio batzuek helburu bererako eman dezaketen beste edozein laguntzarekin, baldin eta laguntza horiek bateragarritasun hori finkatzen badute. Hala ere, honako hauekin erabat bateraezinak direla deklaratzen da:

    1. Lehendik dauden eraikinetan energia birgaitzeko jarduketetarako laguntza-programa (PREE programa), Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) kudeatua.

    2. EGEFek, Next Generationek edo Europako Egitura eta Inbertsio Funtsek (EIE) kofinantzatutako beste edozein laguntza edo dirulaguntza, higiezinen parkea energia-efizientziarako berritzeko programa baten arabera, baldin eta eragiketa batek EIE funts baten edo batzuen laguntza jaso badezake aldi berean, edo Europar Batasuneko programa batena edo batzuena eta beste tresna batzuena. Helburua da Europako Inbertsio Funtsetako bat itzultzeko ordainketa-eskaeran sartutako gastuak Europar Batasuneko beste funts edo tresna batek edo funts berak diruz laguntzea galaraztea, beste programa baten arabera.

    3. Beste laguntza publiko batzuk, Europako programen esparruan etxebizitzaren arloan hauta daitezkeen jarduketengatik, beste egitura-funts edo eraldatzeko aparteko funts batzuen bidez kofinantzatutakoak, baldin eta aldi berean Eusko Jaurlaritza partaide bada, etxebizitzaren arloan eskumena duen sailaren bitartez.

  3. Laguntza bateragarrien zenbatekoak ezin izango du gainditu diruz lagundutako jarduketen kostua, ez beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek emandako dirulaguntza edo laguntzekin batera, ezta helburu bererako beste diru-sarrera edo baliabide batzuekin batera ere. Kasu horretan, egin beharreko izapideak egin ondoren, laguntza baiesteko dokumentuaren ebazpena aldatuko da, eta emandako laguntza dagokion kopuruan murriztuko da.

  1. Finantza-neurriak emateko prozedura birgaitze-jarduketen titularrek aurkeztuko duten eskaeraren bidez hasiko da. Eskaerarekin batera, laguntzen onuradun izateko beharrezkoak diren baldintzak eta betekizunak betetzen direla egiaztatzen duten dokumentuak aurkeztu beharko dira.

    Eskaera hori honako kasu hauetan aurkeztu beharko da:

    Partikularren obretarako finantza-neurrien kasuan (1. lerroa) eta erkidegoen obretarako laguntzen kasuan (2. lerroa): obrak hasi aurretik.

    Birgaitze integral eta efizienterako erkidegoen obretarako laguntzen kasuan (3. lerroa): lizentzia eskatu aurretik.

  2. Pertsona juridikoek, nortasun juridikorik gabeko erakundeek eta elkargo bateko kide izan beharra eskatzen duen jarduera profesional batean aritzen diren interesdunek bitarteko elektronikoz jardun behar duten prozedurako izapide guztiak eskatu, kontsultatu eta egin beharko dituzte. Eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak izapidetzeko moduari buruzko zehaztasunak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa/

    Eskaeraren osteko izapideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan egingo dira, «Nire karpeta» atalean: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

    Pertsona fisikoek bitarteko elektronikoak edo aurrez aurrekoak erabili ahal izango dituzte izapideak eskatzeko, kontsultatzeko eta egiteko. Eskaera izapidetzeko eta dokumentuak aurkezteko bide bat edo bestea erabiltzeak, hau da, aurrez aurrekoa edo elektronikoa erabiltzeak, ez du behartzen aurrerantzean ere prozedurako gainerako izapideak egiteko bide bera erabiltzera, eta edozein unetan alda daiteke, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak xedatzen duenaren arabera:

    Aurrez aurre: eskaerak aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan (Zuzenean), aurrez hitzordua eskatuta (https://www.euskadi.eus/zuzenean-aurrez-aurreko-arreta/web01-a2zuzen/eu/), edo telefono esklusiboaren bidez (945 01 90 00), EAEko erregistro osagarrietan (72/2008 Dekretua, apirilaren 29koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoa), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean. 1., 2. eta 3. lerroetako eskaera-ereduak arau honen I., II. eta III. eranskin gisa erantsi dira, hurrenez hurren.

    Bide elektronikoa: Euskadiko egoitza elektronikoan sartuta aurkeztuko dira eskaerak, atal honetan adierazitako helbideen bitartez.

  3. Birgaitze Integratuko Areetan edo Area Degradatuetan (BIA/AD) egin beharreko jarduketengatik partikularren obretarako (1. lerroa) eta erkidegoen obretarako (2. lerroa) finantza-neurrien kasuan, birgaitze-sozietate urbanistikoak edo xede horretarako lankidetza-hitzarmena sinatu duten sozietateak badaude, eskaerak aipatutako sozietateari aurkeztu beharko zaizkio, eta sozietate horrek egindako eskaerari buruzko txostena egin beharko du, eta, hala badagokio, bere etxebizitza-eskaerari buruzko espedientea igorri ahal izango du hilabeteko epean, gehienez ere. Espedientea Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzara berandu bidaltzeak ez dio interesdunari kalterik eragingo, baldin eta sozietate hartzaileari egotzi ahal bazaio.

    Horretarako sinatutako hitzarmenaren bidez, eskaerak beste erakunde batzuetan ere aurkezteko baimena eman ahal izango da, prozedura berari jarraituz.

  4. Erkidegoen obren kasuan (2. lerroa) eta birgaitze integral eta efizienterako erkidegoen obren kasuan (3. lerroa), laguntzak eraikinaren jabe bakarrak edo jabeen erkidegoaren ordezkariak izapidetu beharko ditu, Jabetza Horizontalari buruzko uztailaren 21eko 49/1960 Legean ezarritako baldintzetan, edo, bestela, behar bezala egiaztatutako erkidegoaren ordezkari batek. Era berean, etxebizitza-kooperatibaren edo birgaitze-eragiketetan edozein tituluren bidez esku hartzen duten enpresa, entitate edo sozietateen ordezkariak ere aurkeztu ahal izango ditu eskaerak.

    Horrelako kasuetan, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordetzeen erregistro elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

  5. Administrazio publikoekiko harremanak bitarteko elektronikoen bidez izatera behartuta dagoen pertsona edo erakunderen batek eskaera aurrez aurre aurkezten badu, laguntza kudeatzen duen organoak hura zuzentzeko eskatuko du elektronikoki aurkeztuz. Horretarako, zuzenketa egin den eguna hartuko da eskaeraren aurkezpen-datatzat.

  6. Eskaerarekin batera erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu behar da, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluaren 6. paragrafoan aipatzen dena.

  7. Edonola ere, administrazio-prozedura izapidetzean, herritarrek Administrazioarekiko harremanak bitarteko elektronikoen bidez izateko duten eskubidea bermatuko da, eta laguntza emango da dokumentuak elektronikoki aurkezteko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan zerrendatutako bulegoetan.

  8. Prozeduran interesa duten pertsonak ez daude behartuta administrazio publikoen esku dauden datuak eta dokumentuak aurkeztera, baldin eta elektronikoki kontsulta badaitezke haien sare korporatiboen bidez edo datu-bitartekaritzarako plataformetan edo horretarako prestatutako beste sistema elektroniko batzuetan, salbu eta berariaz adierazten badute prozedura zehatz bakoitzean aurka daudela agindu honetan araututako finantza-neurriak izapidetzeko eskumena duen organoan. Hala ere, edozein unetan, berariaz aurka egin ahal izango diote datuen eta dokumentuen kontsulta elektronikoari; kasu horretan, datuak eta dokumentuak aurkeztu beharko dituzte.

    Paragrafo honetan aurreikusitakoa ez da aplikatuko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzean.

  9. Eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela automatikoki egiaztatuko da, eta, horretarako, ez da eskatzaileen baimenik beharko, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.3 artikuluan xedatutakoarekin bat. Hala ere, eskatzaileak modu arrazoituan egin ahal izango du aurka, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.3 artikuluan xedatutakoarekin bat. Kasu horretan, aipatutako egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.

  10. Eskaerak aurkezteko eta prozedura izapidetzeko, indarrean dagoen araudian ezarritako hizkuntza-koofizialtasuna errespetatuko da, eta interesdunak aukera izango du izapideak egiteko eta komunikazioak jasotzeko hizkuntza (euskara edo gaztelania) aukeratzeko. Berariazko adierazpenik egin ezean, ulertuko da eskaera izapidetzeko eskumena duen organoari zein hizkuntzatan zuzendu zaion.

  1. Interesdunek eskaera eta beharrezko dokumentazioa aurkeztu beharko dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen eredu ofizialaren arabera: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0048201 eta https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0048202 hurrenez hurren.

  2. Eskaerak obrak exekutatzeko egutegia jaso behar du. Horiek, gehienez ere, bi aurrekontu-urtetan gauzatu eta finantzatu beharko dira: lehenengoa eskaera aurkeztu den urteari dagokiona izango da, eta bigarrena hurrengo urtekoa.

  3. Eraikinaren energia-efizientzia hobetzeko jarduketetan erkidegoen obretarako sakoneko laguntzak eskatzen badira, eskaerarekin batera, honako hauek aurkeztu beharko dira:

    1. Esku hartzeko proposamenaren xede den eraikinaren egungo egoeraren energia-efizientziaren ziurtagiria: energia-efizientziaren ziurtagiria, eraikinen energia-efizientzia ziurtatzeko oinarrizko prozeduraren arloan indarrean dagoen araudian aurreikusitakoaren arabera, sinatuta eta erregistratuta, eta etiketa energetikoa.

    2. Esku-hartzearen xede den eraikinaren egoera eraberrituaren energia-efizientziaren proposamena, proiektu teknikoan justifikatua, eraikinen energia-efizientzia ziurtatzeko oinarrizko prozeduraren arloan indarrean dagoen araudian aurreikusitakoaren arabera.

  1. Birgaitze integral eta efizienterako erkidegoen obretarako laguntza-eskaerak (3. lerroa) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen eredu ofizialaren araberakoak izango dira (https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0048213), eta honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira nahitaez, erakunde eskatzailearen eta garatu beharreko jarduketaren ezaugarrien arabera:

    1. Jabeen erkidegoko edo erakunde eskatzaileko hirugarrenaren altaren dokumentu betea. Esteka honetan eskura daiteke: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa

    2. Proposatutako esku-hartzeen baimena egiaztatzen duten dokumentuak:

      Jabeen Erkidegoaren Batzarrak hartutako erabakiaren akta, arau honen III.C.1.A eranskinean jasotako ereduaren araberakoa. Erabaki hori Jabetza Horizontalaren Legean legez ezarritako gehiengoz hartu zen, eta laguntza-eskaeraren xede den esku hartzeko proiektua onartu zuen. Akta horretan obren irismena eta onartutako zenbateko ekonomikoa jasoko dira. Akta bat aurkeztu beharko da laguntza eskatzen den esku-hartzeko proiektuaren parte diren jabeen erkidego bakoitzeko.

      Jabeen Erkidegoaren Batzarrak hartutako erabakiaren ziurtagiria, erakunde eskatzaileen izenean eta haiek ordezkatuz jarduten duen pertsonak sinatua, Jabetza Horizontalari buruzko uztailaren 21eko 49/1960 Legean, erakundeari bereziki aplikatu beharreko araudian eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera. Horrek agerraraziko du jabeen erkidegoaren Batzarrak hartutako erabakia ez dela aurkaratu hilabete igaro ondoren.

      Ez da onartuko, inola ere, Jabetza Horizontalaren Legean ezarritakoa baino jabeen edo partaidetza-kuoten kopuru txikiagoarekin adostasuna adierazten duen eta jarduketa bideraezina egiten duen proposamenik.

      Esku-hartzeak elementu pribatiboen gaineko obrak barne hartzen dituenean, elementu pribatibo horien jabeen baimena aurkeztu beharko da elementu horiei eragiten dieten obrak exekutatzeko. Baimen hori kaltetutako etxebizitza bakoitzaren jabeek aurkeztu beharko dute, III.C.1.B eranskinean jasotako ereduaren arabera.

    3. Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluaren 6. paragrafoan aipatzen den erantzukizunpeko adierazpena, behar bezala sinatua, honako hauek jasoko dituena:

      Erakunde eskatzaileak beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatutatik xede bererako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo bestelako baliabiderik eskatu duen eta, hala badagokio, lortu duen, berariaz adierazita BEZa berreskuragarria den ala ez diruz lagun daitezkeen programa horietan.

      Erakunde eskatzailea itzulketa- edo zehapen-prozeduraren batean dagoen edo egon den.

      Erakunde eskatzailea administrazio- edo zigor-arloan laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta dagoen edo horretarako ezgaitzen duen legezko debekuren baten eraginpean dagoen.

      Pertsona edo erakunde eskatzailea administrazio-zehapen edo zehapen penalik betetzen ari den ala ez sexuaren ziozko bereizkeria egiteagatik, eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legearen arabera debeku horrekin zigortuta dagoen ala ez.

      Erakunde eskatzaileak eskaera honen xede diren obrak hasi dituen edo obra horiek egiteko udal-lizentzia eskatu duen.

      Erakunde eskatzaileak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako betekizunak betetzen dituen.

    4. Eraikinaren adina egiaztatzen duen dokumentua: obra berriaren deklarazioa edo, halakorik ezean, katastro-ziurtagiria.

    5. Erregistro-ohar soila edo etxebizitzen titulartasuna egiaztatzen duen zuzenbidezko beste edozein bitarteko.

    6. Eraikineko etxebizitzen % 50 baino gehiago okupatuta daudela egiaztatzen duen dokumentua (errolda-ziurtagiriak, indarrean dauden errentamendu-kontratuak, hileko errenta ordaindu izanaren ziurtagiri berriekin batera, edo baliokideak).

    7. Eraikina edozein araubide berezitakoa dela egiaztatzeko beharrezkoa den dokumentazioa, hala badagokio.

    8. Hala badagokio, errentamendu babestuko kontratuen kopia.

    9. Esku-hartzeko proposamenari buruzko udal-txostena, agindu honen III.C.2 eranskinean jasotako ereduaren arabera.

    10. Esku-hartzea osatzen duten eraikinaren edo eraikinen ikuskapen teknikoari dagokionez:

      EITa EuskoRegite plataforman erregistratu bada, ez da beharrezkoa izango dokumentazio hori aurkeztea, eta ofizioz egingo da egiaztapena.

      Dagokion udal-erregistroan erregistratutako EITen kasuan, erregistro horren egiaztagiria erantsiko da.

    11. Irizpenean 1., 2. edo 3. mailako obrak eskatzen badira, honako dokumentu hauetakoren bat ere aurkeztu beharko da:

      Eraikinen Ikuskapen Teknikoaren zuzenketa-ziurtagiria: EITaren zuzenketa EuskoRegite plataforman erregistratu bada, ez da beharrezkoa izango dokumentazio hori aurkeztea, eta egiaztapena ofizioz egingo da; dagokion udal-erregistroan erregistratutako EITen zuzenketen kasuan, erregistro horren egiaztagiria erantsiko da.

      Jabeen Erkidegoko Batzarrak hartutako erabakia, EITaren irizpenaren 1., 2. eta 3. mailako obrak egiteko konpromisoa hartzen duena.

    12. Esku hartzeko proposamenaren xede den eraikinaren egungo egoeraren energia-efizientziaren ziurtagiria: energia-efizientziaren ziurtagiri sinatua eta erregistratua, kalkuluaren artxibo editagarria eta etiketa energetikoa.

      Egungo egoerarako eta proposamenetarako erabilitako energia-ziurtapeneko programak berbera izan beharko du. Kalkulu-tresna horrek aukera eman beharko du dauden eta proposatzen diren ekipoen xehetasunak sartzeko, baita zubi termikoak eta eraikinaren energia-eskarian eta -kontsumoan eragin berezia duen bestelako informazioa sartzeko ere.

    1. Esku-hartzeko proposamenaren xede den eraikinaren egoera eraberrituaren energia-efizientziaren proposamena, kalkuluko artxibo editagarria barne.

    2. Proposamenak diruz lagun daitezkeen jarduketa aktiboak jasotzen baditu, bitarteko energia-efizientziako proposamenak, fitxategi editagarriak barne, jarduketa aktiboek eragindako kontsumo-murrizketa justifikatzeko.

    1. Proposamenak diruz lagun daitezkeen aireztapen-instalazioak barne hartzen baditu, bitarteko energia-efizientziako proposamenak, fitxategi editagarriak barne, instalazio horrek sortutako eskariaren murrizketa justifikatzeko.

    2. Etxebizitzetakoren batek gutxieneko bizigarritasun-baldintzak betetzen ez dituenean, eta esku-hartzeko proposamenak hutsune horiek konpontzeko beharrezkoak diren obrak jasotzen ez dituenean, ez-betetzearen xede den etxebizitza bakoitzaren jabeek sinatutako konpromisoa, laguntzaren likidazio-eskaeraren aurretik bizigarritasun-arloko gabeziak konpontzeko beharrezkoak diren obrak egiteko. Idazkian, exekutatu beharreko obrak deskribatu beharko dira.

    3. Esku hartzeko proposamena, III.A eranskinaren arabera idatzia, eta arau honen III.B eranskinaren arabera egindako monitorizazio-proposamena jaso behar duena. Proposamen horretan, energia-efizientziako hobekuntzak egin ondorengo hasierako eta aurreikusitako produktibitate- eta jarraipen-adierazleak jasoko dira.

    4. Ordainsari teknikoen zenbatespena, jabeen erkidego bakoitzerako banakatuta.

  2. Birgaitze integral eta efizienteko (3. lerroa) erkidegoen obretarako mailegu kualifikatuen eskaerek, baldin eta aurreko itzuli beharrik gabeko dirulaguntzen onuradunak badira, eskaera eta beharrezko dokumentazioa aurkeztu beharko dituzte, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen eredu ofizialaren arabera (https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0048214).

    Ez da beharrezkoa izango aurretik aurkeztutako dokumentaziorik aurkeztea.

  3. Mailegu kualifikatuen eskaerek eta irisgarritasunaren berariazko osagairako interes-tasen eta irisgarritasuna sustatzeko dirulaguntza-lerro bereziko laguntzen subsidiazioak eskaera aurkeztu beharko dute, beharrezko dokumentazioarekin batera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen eredu ofizialaren arabera (https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0048214).

    Ez da beharrezkoa izango aurretik aurkeztutako dokumentaziorik aurkeztea.

  1. Aurkeztutako eskaeran akatsen bat, zehaztasun faltaren bat edo omisioren bat atzematen bada, izapidetzeko eskumena duen organoak eskatzaileari jakinaraziko dio, bitarteko elektronikoen bidez, hura erabiltzea nahitaezkoa den edo borondatez aukeratu den kasuetan, edo, bestela, eskaeran adierazitako helbidean, eta hamar eguneko epea emango dio zuzentzeko, konpontzeko edo aurkezteko, eta adieraziko dio ezen, hala egiten ez badu, atzera egin duela ulertuko dela Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan aurreikusitako moduan ebazpena eman ondoren.

    Bide elektronikoz egindako justifikazioak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

  2. Eskaera eskabide-formatuaren arabera aurkezten ez bada edo eskatutako dokumentazioa aurkezten ez bada, hala badagokio, zuzentzeko emandako epea igaro ondoren, eskatzaileak atzera egin duela ulertuko da.

  3. Era berean, eskaera izapidetzeko onartu ondoren, laguntzak kudeatzeko ardura duen organoak egokitzat jotzen duen informazioa eskatu ahal izango dio erakunde eskatzaileari, aurkeztu den dokumentazioa behar bezala baloratzeko, eta 10 eguneko epean emateko. Halaber, adieraziko zaio, hala egin ezean, dokumentazioa eskatutako informazioa kontuan hartu gabe baloratuko dela.

  1. Agindu honetan araututako partikularren obretarako finantza-neurriak (1. lerroa) eta erkidegoen obretarako finantza-neurriak (2. lerroa) kudeatzeko eta ebazteko lanak dagokion lurralde historikoko Etxebizitzako lurralde-ordezkariari dagozkio.

  2. Birgaitze integral eta efizienterako erkidegoen obretarako laguntzak (3. lerroa) kudeatu eta ebazteko lanak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitekturaren zuzendariari dagozkio.

  3. Edonola ere, etxebizitzaren arloan eskumena duen saileko Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen zuzendariari dagozkio honako hauek:

    Birgaitze integral eta efizienterako erkidegoen obretan (3. lerroa) irisgarritasuna sustatzeko dirulaguntza-lerro bereziaren laguntzak kudeatu eta ebaztea.

    Birgaitze integral eta efizienterako erkidegoen obretarako (3. lerroa) mailegu kualifikatu guztien kudeaketa, ebazpena eta onespena edo aurretiazko baimen indibidualizatua.

    Partikularren obretan (1. lerroa) eta erkidegoen obretan (2. lerroa) mailegu kualifikatuak onartzea edo baimentzea, aldez aurretik eta banan-banan, interes-tasak diruz laguntzen diren kasuetan.

    36.3 artikuluan ezarritakoari kalterik egin gabe, Birgaitzeko Hirigintza Sozietateak eta finantza-neurrien eskaerak jasotzen dituzten sozietateak dirulaguntzen kudeaketan erakunde laguntzaile izendatu ahal izango dira, 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 52. artikuluan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitakoaren arabera. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra arautu zen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, araubidea eta betebeharrak ezarri ziren.

  1. Aurkeztutako eskaera aztertu ondoren, betiere osorik badago, ezesteko edo baiesteko ebazpena emango da, eta, azken kasu horretan, jarduketak birgaitze babestutzat joko dira, eta birgaitze-jarduketa horien titularrek eskuratu ahal izango dituzten finantza-neurriak zehaztuko dira. Finantza-neurriak emateak berekin ekarriko du, ondorio guztietarako, obra birgaitzeko jarduketa babestu deklaratzea, ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduketa babestuei buruzko abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuaren edo horren ordezko araudiaren arabera.

  2. Eskaera egin eta lau hilabeteko epean jakinarazi beharko da ebazpena, eta administrazio-isiltasuna ezestekoa izango da. Eskatzaileari dokumentazio gehigarria aurkezteko eskatzen bazaio, ebazteko epea etenda geratuko da jakinarazpena jasotzen denetik dokumentazio hori aurkeztu arte.

  3. Oro har, arau honetan ezarritako finantza-neurrien xede izango dira bertan ezarritako betekizunak betetzen dituzten jarduketak, 7. artikuluan aurrekontu-izendapenei buruz ezarritakoa alde batera utzi gabe. Eskaerak prozedura ireki ez-lehiakorraren bidez izapidetuko dira.

  4. Administrazio-ebazpena baiestekoa bada, honako hauek adierazi beharko dira: pertsona edo erakunde onuradunen izena edo izen soziala eta IFZ edo NANa, finantzatutako jarduketa, aurrekontu babesgarria, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzaren zenbatekoa, diruz lagundutako jarduketen arabera banakatua eta aurrekontu-urteen arabera banatua, eta obrak egiteko epea.

  1. eta 2. lerroetan, administrazio-ebazpenak honako hauek ere jasoko ditu, hala badagokio: hitzartutako kreditu-erakunde batek eman dezakeen mailegu kualifikatuaren gehieneko zenbatekoa, eta irisgarritasuna sustatzeko dirulaguntza-lerro bereziko laguntzen zenbatekoa.

    Birgaitze integral eta efizienterako erkidegoen obretarako laguntzak emateko ebazpenak (3. lerroa), gainera, diruz lagundu daitezkeen kostuen zenbateko osoa jasoko du.

    Birgaitze integral eta efizienterako erkidegoen obretarako (3. lerroa) irisgarritasuna sustatzeko dirulaguntza-lerro bereziaren eta mailegu kualifikatuen laguntzak emateko ebazpenak barne hartuko ditu, hala badagokio, hitzartutako kreditu-erakunde batek eman dezakeen mailegu kualifikatuaren gehieneko zenbatekoa eta irisgarritasuna sustatzeko dirulaguntza-lerro bereziaren laguntzen zenbatekoa.

    Ezesteko eskaeren kasuan, eskatzaileen izena edo izen soziala, IFZ eta laguntza ukatzeko arrazoiak adieraziko dira.

    2. lerroko energia-efizientzia hobetzeko obrei dagozkien laguntzen kasuan, salbu eta banakako laguntzak eta pertsona fisikoentzako laguntzak, eta 3. lerrokoak, baldin eta EGEF edo Next Generation funtsekin kofinantzatzen badira, laguntzaren jakinarazpena Laguntzaren Baldintzak Ezartzen dituen Dokumentua (LBED) da; 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 125.3.c) artikuluak edo hura ordezten duen erregelamenduak eskatzen du hori. Beraz, ebazpenak jasoko ditu, halaber, EGEF edo Next Generation funtsaren baterako finantzaketatik eratorritako alderdi espezifikoak, arau honetan adierazitakoak, hala badagokio.

  1. Ebazpena beti jakinaraziko zaie interesdunei edo jabeen erkidegoa edo, hala badagokio, jabeen erkidegoen elkartea ordezkatzen duen pertsona edo erakundeari.

    Ebazpenaren jakinarazpen elektronikoa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «nire karpeta» atalaren bidez egingo da: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

  2. Ebazpenak ez dira Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko. Hala ere, urtero argitaratuko da Eusko Jaurlaritzaren gardentasunaren atarian pertsona juridiko onuradunen zerrenda eta eman zaizkien laguntzen zenbatekoa, baita pertsona fisikoei emandako laguntzen kopurua eta zenbateko osoa ere, lurralde historikoaren eta sexuaren arabera bereizita. Hori guztia Dirulaguntzen Datu-base Nazionalari informazioa emateari kalterik egin gabe gauzatuko da.

  3. Itzuli beharrik gabeko laguntzak eta dirulaguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea itzulketa- edo zehapen-prozedura oro, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo dirulaguntzengatik hasitakoak eta artean izapidetzen ari direnak.

  1. Elementu pribatiboen titularrek, erkidegoen obrak (2. lerroa) edo birgaitze integral eta efizienterako erkidegoen obrak (3. lerroa) egiteagatik onura fiskalak jaso nahi badituzte, baiesteko administrazio-ebazpena erabili beharko dute, baita exekutatutako erkidegoen obraren ziurtagiria ere, jabeen erkidegoaren alde emanak.

  2. Elementu pribatiboen titularrek, partikularren obrak (1. lerroa) egiteagatik zerga-onurak jaso nahi badituzte, baiesteko administrazio-ebazpenaz baliatu beharko dute, baita beren alde emandako partikularren obren ziurtagiriaz ere.

  3. Zerga-onuretarako ez da banakako ebazpenik emango.

  1. Ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Etxebizitzako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin bat.

  2. Gora jotzeko errekurtsoa berariaz edo administrazio-isiltasunaren bidez ezesten bada, dagokion administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, indarrean dagoen legeriaren arabera.

  1. Agindu honetan araututako itzuli beharrik gabeko laguntzen eta dirulaguntzen pertsona eta erakunde onuradunek honako hauetan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 56. artikuluetan; eta, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan.

  2. Pertsona eta erakunde onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte:

    1. Emandako laguntza onartzea. Ondorio horietarako, dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazi eta hamabost eguneko epean berariaz eta idatziz laguntzari uko egiten ez badiote, laguntza onartutzat joko da.

    2. Laguntza emateko bete beharreko betekizunak eta baldintzak betetzen direla justifikatzea; bereziki, laguntzen xede den ekintza behar bezala exekutatzeko beharrezkoak diren lizentziak, baimenak eta gainerako betekizun sektorialak kontuan hartuta eta hitzartutako epeetan exekutatzea.

    3. Dirulaguntza eman den xederako erabiltzea.

    4. Eusko Jaurlaritzan etxebizitzaren arloko eskumena duen sailaren zerbitzu teknikoei obretarako sarbidea erraztea, obren jarraipena egin eta obren azken egiaztapena egiteko.

    5. Dirulaguntza eman dion erakundeari xede bererako lortutako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea.

    6. Zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzarekikoak eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean izateko betekizunak betetzen jarraitzea. Emandako laguntza likidatu arte eutsi beharko zaie betekizunei.

    7. Behar bezala ikuskatutako kontabilitate-liburuak, erregistro izapidetuak eta gainerako dokumentuak izatea, kasu bakoitzean pertsona edo erakunde onuradunari aplikatzekoa den merkataritzako eta sektoreko legeriak eskatutako baldintzetan, egiaztapen- eta kontrol-ahalmenak behar bezala baliatzen direla bermatzeko.

    8. Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten dokumentuak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztatze- eta kontrol-jarduketak egiteko erabil baitaitezke, eta erakunde emaileak egin beharreko egiaztapen-jarduketen mende jartzea. Halaber, Eusko Jaurlaritzako Kontrol Ekonomikoko Bulegoari, Herri Kontuen Euskal Epaitegiari eta, hala badagokio, Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritzari beren eginkizunetan aritzean eskatzen zaien informazioa ematea; betiere, lankidetzan aritzeko betebeharra errespetatuz, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 46. artikuluan edo hura ordezten duen araudian ezarritako baldintzetan.

    9. Laguntza emateko kontuan hartu den edozein inguruabar objektibo edo subjektibo aldatu bada, dirulaguntza eman duen erakundeari horren berri izan bezain laster jakinaraztea, nolanahi ere, justifikazioa izapidetu baino lehen, eta jasotako funtsak itzultzea, dagokion itzulketa-espedientearen ondoren hala eskatzen bazaio.

    10. Laguntza jaso duten birgaitze-obrei buruz eskatutako informazioa ematea, eskatzen diren formatuetan.

      3. lerroari dagozkion esku-hartzeen kasuan, obraren prozesuan zehar, eta haren aurrekontuaren kargura, barneko konfort termikoa eta berokuntzaren energia-kontsumoa monitorizatzeko sistema bat instalatzea, arau honen III.B eranskinean zehaztutako ezaugarriekin, eta sistema horri eustea eta Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura Zuzendaritzari sarbidea ematea, berokuntzaren energia-kontsumoen eta ingurumen-baldintzen hiru urte-amaierako datuen teleirakurketa, bilketa eta ustiapena ahalbidetzeko moduan.

  1. eta 3. lerroetako energia-efizientzia hobetzeko obretarako laguntzen pertsona eta erakunde onuradunek, banakako laguntzak izan ezik, laguntza horiek Europar Batasunak Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren bidez kofinantzatzen dituenean, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamenduan edo hura ordezten duen erregelamenduan xedatutakoa bete beharko dute. Horregatik, aurreko artikuluan ezarritako betebeharrez gain, EGEF edo Next Generation funtsaren baterako finantzaketatik eratorritako honako betebehar hauek izango dituzte, eta laguntza baiesteko dokumentuaren jakinarazpenean sartuko dira:

    1. Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 115. artikuluko 2. atalean jasotako eragiketen zerrenda publikoan sartzea onartzeko betebeharra.

    2. Egindako ekintzen garapenari buruzko finantza- eta administrazio-informazioa eta jarraipen-informazioa artxibatuta izateko betebeharra, eragiketaren gastuak sartuta dauden kontuak aurkeztu eta hurrengo abenduaren 31tik 3 urte igaro arte. Testuinguru horretan, onuradunaren betebeharra da, halaber, informazio hori erraz eskuratzeko moduan egotea (kontabilitate-sistema bereizia edo kodetze espezifikoa).

    3. Kontrolaren, erantzukizunaren, zehapen-araubidearen eta ez-betetzearen arloko nazioko eta Europar Batasuneko legeria betetzeko betebeharra, eta beren kudeaketa-eremuan iruzurraren aurkako neurri efizienteak eta proportzionatuak aplikatzen laguntzeko betebeharra, finantzaketa bikoitza eta dokumentuen faltsutzeak saihesteko, baita informazioa emateko betebeharra ere. Neurri horien ondorioz, iruzur-arriskuak saihesteko prozedurak berrikusi ahal izango dira, laguntza-eskaera ezetsi ahal izango da edo kobratutako laguntza kendu ahal izango da.

    4. Eragiketari lotutako produktibitate- eta jarraipen-adierazleen lorpen-mailari buruzko informazioa emateko betebeharra, gastuak justifikatzearekin batera (Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 Erregelamenduaren 125.2 artikulua).

    5. Koloretako argazkiak eta dokumentazio deskribatzailea aurkezteko betebeharra, 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 115. artikuluaren 3. atalaren eta XII. eranskinaren 2.2 atalaren arabera EGEF edo Next Generation funtsaren baterako finantzaketaren informazio- eta dibulgazio-ekintzei buruz.

  1. Arau honetan xedatutako interes-puntuen laguntza eta/edo subsidio gisa 6.000 euroko edo hortik gorako laguntza ekonomikoak jaso dituzten etxebizitzen edo lokalen pertsona edo erakunde titularrek, irisgarritasuna sustatzeko dirulaguntza-lerro bereziari dagozkionak barne, ezin izango dituzte etxebizitza edo lokal horiek inter vivos eduki edo mortis causa eskualdatu exekutatutako obraren ziurtapenetik 10 urteko epean, aldez aurretik jasotako laguntzen itzulketarekin batera dagokion legezko interesa egiaztatu gabe, jasotako laguntzen itzulketarekin batera. Zenbateko horretan ez dira sartzen jabeen erkidegoari zuzenean emandako laguntzak.

  2. Itzulketatik kanpo geratuko dira etxebizitzaren edo lokalaren titularkideetako baten alde egindako esleipenak, baldin eta izatezko bikoteen erregistroan inskribatutako edo inskribatu gabeko bikoteen banantze-, dibortzio- edo haustura-prozesuen ondorio badira, baita bizikidetza-unitateak haustearen ondorio diren esleipenak ere, baldin eta lehen graduko odol-ahaidetasunezko harremana duten pertsonek osatzen badituzte.

    6.000 euroko edo hortik gorako laguntza ekonomikoak emateko ebazpena jakinarazi ondoren, etxebizitzaren edo lokalaren pertsona edo erakunde titularrak Euskal Autonomia Erkidegoaren aldeko alde bakarreko hipoteka bat eratu eta Jabetza Erregistroan inskribatu beharko du, 1. paragrafoan aurreikusitako itzulketa bermatzeko.

  1. Administrazio emaileak Euskal Autonomia Erkidegoaren aldeko hipoteka aldebakarrekoa erregistroan inskribatuta dagoela egiaztatzen duen dokumentua jaso ondoren, eta horretarako aurreikusitako gainerako betekizunak betetzen direla egiaztatu ondoren, laguntza eta/edo subsidioa ordaintzeko agindua emango da. Era berean, mailegua eman behar duen kreditu-establezimenduak kontratua sinatu ahal izango du.

  2. Errentariak egindako esku-hartzeetan eta jabeak baimendutako esku-hartzeetan, errentariak konpromisoa hartuko du laguntza eman duen organoaren aurrean Euskal Autonomia Erkidegoaren aldeko aldebakarreko hipoteka eratzeko, etxebizitza edo lokala inter vivos edo mortis causa eskualdatzen bada exekutatutako obraren ziurtagiritik 10 urtez, 1. paragrafoan aurreikusitako itzulketa bermatzeko, errentariak betetzen ez badu.

  3. Artikulu honetan aipatzen diren pertsonek edo erakundeek, etxebizitzaren edo lokalaren gaineko jabetza edo beste edozein eskubide inter vivos eskualdatu badute, ezin izango dute laguntza berririk jaso, artikulu honetan ezarritako itzulketa jasota ez dagoen bitartean.

  1. Finantza-neurrien pertsona edo erakunde onuradunek hirugarren batzuekin itundu ahal izango dute neurriaren xede den jardueraren % 100 egitea.

  2. Azpikontratatuko den diruz laguntzeko moduko gastuaren zenbatekoa sektore publikoko kontratuen legerian kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak baino handiagoa bada, onuradunak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, hornitzaile desberdinen gutxienez hiru eskaintza eskatu beharko ditu, obrarako konpromisoa hartu, zerbitzua eman edo ondasuna entregatu aurretik.

    Diruz lagundu daitekeen kostua 60.000 eurotik gorakoa bada, kontratua idatziz egin beharko da, eta, gainera, organo kudeatzaileak eskatu ahal izango du berak baimenduta egotea obrak hasi aurretik.

    Ezin izango da kontratua zatikatu kontratuaren zenbatekoa murrizteko eta artikulu honetan eskatutako betekizunak ez betetzeko.

    Hornitzaileen hautaketa efizientzia- eta ekonomia-irizpideen arabera egingo da, baina baita kalitate teknikoaren irizpideen arabera ere. Egindako hautaketa berariaz justifikatu beharko da memoria batean, proposamen ekonomiko onuragarriena aukeratzen ez denean. Aurkeztutako eskaintzen arteko hautaketa ordainsari teknikoen edo obren justifikazioan aurkeztu beharko da, edo, hala badagokio, laguntza eskatzeko unean. Nolanahi ere, hornitzaileek erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dute, honako hauek egiaztatzeko: Enpresa Bermatuen Erregistroan edo, hala badagokio, dagokion elkargo profesionalean inskribatuta daudela; higiezinak edo zerbitzu teknikoak birgaitzeko edo zaharberritzeko helburu soziala dutela, horretarako egokia den Jarduera Ekonomikoen Kode Nazionalarekin; zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela; emandako zerbitzuak eta/edo obra estaliko duen erantzukizun zibileko asegurua edukitzea, poliza edo ordainagiria aurkeztuta; eta, langileekin eraikuntza-hitzarmena edo dagokion lurralde historikoan aplikatzekoa zaiena betetzea, gerenteak edo ahaldunak sinatutako konpromiso-gutun bat aurkeztuta.

  3. Era berean, obraren exekutatze partziala edo osoa hitzartu duten kontratistei jakinarazi beharko diete dirulaguntzen arloan indarrean dagoen araudian eta agindu honetan aurreikusitako lankidetza-betebeharra dutela, laguntzaren mugak betetzen direla behar bezala egiaztatu ahal izateko.

  4. Onuradunak ezin izango du obrak osorik edo partzialki exekutatzea itundu Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29.7 artikuluan edo hura ordezten duen oinarrizko araudian araututako kasuetan dauden pertsona edo erakundeekin.

  1. Eraikinetan edo haien elementu komunetan diruz lagundutako jarduketek adierazi beharko dute Eusko Jaurlaritzaren baterako finantzaketa eskuragarri dutela eta gozatzen dutela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 18. artikuluan onuradunentzat aurreikusitako publikotasun-betebeharra betez.

    Horretarako, administrazio-ebazpenaren jakinarazpenarekin batera, erabat egindako kartel bat bidaliko zaio jabeen erkidegoari. Kartelaren gutxieneko tamaina A3 izango da.

  2. Agindu honetan araututako laguntzak jasotzen dituzten eraikinek kartela agerian eta eraikineko atearen edo ateen burutik hurbil jarriko dute, eta bertan adieraziko dute Eusko Jaurlaritzak eta, hala badagokio, EGEF edo Next Generation funtsek batera finantzatutako birgaitze-jarduketa babestua dela, laguntza emateko ebazpenean ezarritakoaren arabera.

    Informazio-kartel hori bide publikotik ikusteko moduan jarri beharko da obrek irauten duten bitartean. Era berean, pertsona edo erakunde onuradunek, obra-amaierako ziurtagiriarekin batera, kartela bide publikotik ikusteko moduko leku batean jarri dela egiaztatzen duen argazkia bidali beharko diote laguntza eman duen organo edo erakundeari.

  3. Birgaitze integral eta efizienterako erkidegoen obretarako laguntzen 3. lerroari atxikitako eraikinek metalezko plaka bat izango dute, obrak amaitu ondoren ikusteko moduko leku batean eta haien atearen edo ateen burutik hurbil. Laguntzaren behin betiko ebazpenarekin batera jakinaraziko da eredu hori, eta bertan adieraziko da birgaitze-jarduketa babestua dela, Eusko Jaurlaritzak eta, hala badagokio, EGEF edo Next Generation funtsek batera finantzatuta.

  4. Era berean, Eusko Jaurlaritzaren baterako finantzaketa ere jasoko da jarduketa zabaltzeko edo hedatzeko beste edozein bitartekotan.

  5. Artikulu honen ondorioetarako, Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuan edo hura ordezten duen araudian xedatutakoa aplikatuko da.

    2. eta 3. lerroetako energia-efizientzia hobetzeko obretarako laguntzen pertsona eta erakunde onuradunek, banakako laguntzak eta pertsona fisikoentzako laguntzak izan ezik, laguntza horiek Europar Batasunak Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren bidez kofinantzatzen dituenean, EAEko 2021-2027 aldirako eta hurrengoetarako EGEF Programa Operatiboaren esparruan baterako finantzaketa dutenean, edo Next Generation funtsarena, hala badagokio, eraikuntzan energia-efizientzia hobetzeko berariazko helburuarekin, diruz lagundutako obrei buruzko informazio- eta komunikazio-jarduketetan, hedapen horretarako sortzen diren materialetan/euskarrietan Europar Batasunak EGEF edo Next Generation funtsen bidez finantzatzen duela aipatuko da. Gainera, Europar Batasunaren enblema eta erreferentzia ere sartu dira. Halaber, hala badagokio, eragiketa egiten den bitartean, haren deskribapen labur bat egingo da Interneteko webgunean, Europar Batasunaren finantza-laguntza nabarmenduz. Gutxienez, proiektuari buruzko informazioa duen kartel bat jarriko da, gutxienez A3 neurrikoa. Bertan, Batasunaren finantza-laguntza aipatuko da jendeak ikusteko moduko leku batean, eta kartela ikusten den argazki bat aterako da. Argazki hori birgaitze-obrei buruzko dokumentazioarekin batera artxibatu beharko da, eta obra horiek amaitu direla egiaztatzen duten dokumentuekin batera entregatu.

  1. 100.000 eurotik gorako laguntzen edo dirulaguntzen pertsona eta erakunde onuradunek gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legearen I. tituluaren II. kapituluan ezarritako publikotasun aktiboko betebeharrak bete beharko dituzte.

  1. Partikularren obrak (1. lerroa) eta erkidegoen obrak (2. lerroa) birgaitzeko jarduketen pertsona edo erakunde titularrek urteko bakoitzean exekutatutako inbertsioa justifikatu beharko dute, teknikari eskudun batek edo obra-kontratistak emandako obra-ziurtagiriaren bidez.

  2. Birgaitze-jarduketen pertsona edo erakunde titularrek hilabeteko epea izango dute obrak edo, hala badagokio, luzapenak exekutatzeko ezarritako epea amaitzen denetik aurrera, obrak egin dituztela justifikatzeko Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzan. Horretarako, amaitutako obraren jakinarazpena aurkeztu beharko dute, eta, bertan, esku-hartzea osatzen duten kontzeptuetako bakoitzaren azken zenbatekoa zehaztuko da, eta honako hauek erantsiko dira:

    1. Obren fakturak eta ziurtagiriak, enpresa jaulkitzailearen eta birgaitze-jarduketen pertsona edo erakunde titularren datuak (IFZ barne), data, zenbakia eta BEZa barne.

    2. Egindako lanaren koloretako argazkiak.

    3. Proiektuari buruzko informazio-kartelaren argazkia, koloretan. Jabeen erkidegoak jarriko du, obrak egiten diren bitartean jendeak ikusteko moduko tokian, eta, bertan, hala badagokio, EGEF edo Next Generation funtsen baterako finantzaketa agertuko da.

    4. Obrak egiteko udal-lizentzia eta eska daitezkeen udal-zergak ordaindu izanaren egiaztagiria, indarrean dagoen araudiaren arabera. Lizentzia hori beharrezkoa ez bada, dagokion aldez aurreko jakinarazpena.

    5. Kontratistak emandako erantzukizunpeko adierazpena, hornitzaileen betebeharrak, 47.2 artikuluan jasotakoak, bete direla egiaztatzen duena. Betebehar horiek honako hauek dira: Enpresa Bermatuen Erregistroan inskribatzea, bai kontratista bera, bai azpikontratistak, enpresaren edo enpresen helburu soziala, Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko zerga-betebeharrak betetzea, obraren erantzukizun zibileko asegurua izatea, eta eraikuntza-hitzarmena betetzea obra osoan zehar.

    6. Obraren amaierako ziurtagiria, teknikari eskudunak emana eta bere elkargo profesionalak ikus-onetsia, egindako obren izaerak hala eskatzen badu.

    7. Zuzendaritza fakultatiboaren obra-likidazioa, dagokion elkargo profesionalak ikus-onetsia, egindako obren izaerak hala eskatzen badu.

    8. Exekutatutako obren izaerak hala eskatzen badu, zuzendaritza fakultatiboak emandako erantzukizunpeko adierazpena, hornitzaileen betebeharrak, 47.2 artikuluan jasotakoak, mantendu direla egiaztatzen duena. Betebehar horiek honako hauei buruzkoak izango dira: Enpresa Bermatuen Erregistroan inskribatzea, kontratistak zein azpikontratistak, enpresaren edo enpresen helburu soziala, Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko zerga-betebeharrak betetzea, obraren erantzukizun zibileko asegurua izatea, eta eraikuntza-hitzarmena edo aplikagarria zaiena betetzea obra osoan zehar.

    9. Eraikin amaitu eta erregistratuaren energia-efizientziaren ziurtagiria eta dagokion etiketa energetikoa, hasierako eta obrak egin ondoren lortutako produktibitate-adierazleak eta jarraipena adierazita, eraikinen energia-efizientzia ziurtatzeko oinarrizko prozedurari buruz indarrean dagoen araudian aurreikusitakoaren arabera.

      1. Erabilera eta Mantentze Planaren ziurtagiria, 2. lerroko jarduketa babesgarrien kasuan.

        2. lerroko energia-efizientzia hobetzeko birgaitze-jarduketa babestuetarako laguntzen kasuan, Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) edo Next Generation funtsak kofinantzatzen badituzte, fakturan jasotako gastu orok hura ordaindu dela egiaztatzen duen dokumentua izan beharko du, honela:

        1. Transferentziarekin edo banku-helbideratzearekin batera, faktura eta banku-ordainagiria aurkeztu beharko dira (kartilla, banku-laburpena, zordunketa edo banku-mugimendua), eta fakturaren zenbakia eta ordainketaren xedea adierazi beharko dira.

        2. Eskudirutan egindako entregekin batera, ordainagiria aurkeztu beharko da, pertsona edo erakunde jaulkitzaileari zenbatekoa ordaindu zaiola adieraziz, eta dagokion faktura identifikatuz.

        3. Merkataritza-dokumentuek, hala nola kanbio-letrek, txekeek edo zor-agiriek, gainera, horien fotokopia edo hornitzaileak emandako hartu-agiria (bertan adieraziko da ordaintzeko modu gisa onartzen dela) eta pertsona edo erakunde hartzaileak ordaindu duela egiaztatzen duen banku-laburpena edo mugimendua erantsi beharko dituzte.

        4. Obrak geroratzea ituntzeagatik obra amaitzean justifikatu ezin diren ordainketak dagokion kontratuaren bidez justifikatu beharko dira. Kontratu horretan, alderdien artean ordaintzeko modu hori itundu dela jaso beharko da.

          Laguntzaren likidazioaren ondorioetarako, dokumentazio hori ordainagiritzat hartzea alde batera utzi gabe, laguntza kudeatzen duen organoaren aurrean justifikatu beharko da ordainketa horiek egin direla Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF) eta/edo Europako beste funts batzuen programa operatiboengatik diruz lagundutako gastuengatik. Ordainagiritzat hartuko da pertsona edo erakunde igorlea eta ordainketaren hartzailea, faktura-zenbakia, ordainketaren xedea, zenbatekoa eta ordainketa-data argi eta garbi identifikatuta dituena.

          Horrelako kasuetan, konprometitutako azken ordainketaren muga-egunetik hiru hilabeteko epean, ordainketa guztiak egin izana justifikatu beharko zaio laguntza kudeatzen duen organoari. Epe hori igaro eta justifikaziorik aurkeztu ez bada, ez-betetzea gertatu dela ulertuko da, eta 56. artikuluan aurreikusitako prozedurak hasiko dira.

          1. Bide elektronikoz egindako justifikazioak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

          2. Obrak amaitu izanaren jakinarazpenarekin batera aurkeztutako dokumentazioa aztertuta, emandako laguntza publikoak edo finantzaketa kualifikatua aldatu ahal izango dira. Obrak egiten ez badira edo eskatutako dokumentuak aurkezten ez badira, laguntzak ezeztatu egingo dira.

          3. Dokumentazioa aztertu ondoren, Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzak exekutatutako obraren ziurtagiria emango du.

  1. Birgaitze integral eta efizienterako erkidegoen obretarako itzuli beharrik gabeko laguntza baiesteko dokumentua jakinarazi eta gehienez ere hiru (3) hilabeteko epean, pertsona edo erakunde onuradunek obren exekutatze-proiektua aurkeztu beharko dute, honako dokumentazio honekin batera:

    Exekutatze-proiektua idazteko kontratua eta obren zuzendaritza fakultatiboa edo esleipena egiaztatzen duen beste edozein dokumentu.

    2 artikuluan jasotako hornitzaileen betebeharrei buruzko dokumentazioa, proiektua idazteko ardura duen talde teknikoari eta obren zuzendaritza fakultatiboari dagokienez:

    1. Talde teknikoak emandako erantzukizunpeko adierazpena, Enpresa Bermatuen Erregistroan kontratisten eta azpikontratisten inskripzioari buruzkoa, eta enpresaren helburu sozialaren deskribapena, Jarduera Ekonomikoen Kode Nazionala aurkeztuz.

    2. Talde teknikoak egindako erantzukizunpeko adierazpena, Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko zerga-betebeharrak betetzeari buruzkoa.

    3. Obra estaltzen duen talde teknikoaren erantzukizun zibileko aseguruaren poliza edo ordainagiria.

    4. Talde teknikoak emandako konpromiso-gutuna, eraikuntzako hitzarmena edo aplikatu behar zaiena betetzeari buruzkoa.

      Eskatutako ordainsari teknikoen hiru eskaintzak, 47. artikuluan oinarrituta aplikagarria denean.

      Obrak exekutatzeko proiektua.

  2. Exekutatze-proiektuak bakarra izan beharko du egin beharreko jarduketa guztietarako, eta EKTan eta aplikatu beharreko gainerako araudi teknikoan ezarritakoaren arabera egin beharko da. Lehendik dauden eraikinei dagokienez, araudiak onartzen dituen malgutasun-irizpideak eta tolerantziak salbuespen gisa aplikatuko dira, eta, betiere, beste aukera batzuk justifikatu eta aztertu ondoren, bideragarritasun-azterlanean emandako laguntzen zenbatekoa barne hartuta. Tolerantziak araudian berariaz adierazitako alderdiei soilik aplikatuko zaizkie, eta gainerako arau-alderdiak ez betetzea aginduaren xedea ez betetzearen arrazoia izango da. Era berean, esku hartzeko proposamenean eskatutako edukia eta justifikazioak jaso beharko dira proiektuan, eta, hala badagokio, berariaz adierazi beharko dira laguntzaren oinarri izan zen proposamenarekiko egindako aldaketak.

    Aurrekontua egitean, kapitulu independenteen sistema bat ezarri beharko da diruz lagun daitekeen jarduketa bakoitzerako, agindu honen III.A eranskinean jasotako proposamena idazteko jarraibideetan ezarritakoaren arabera.

    Energia-efizientziaren ziurtagiriari dagokionez, exekutatze-proiektuan sartu beharko dira bai egungo egoeraren ziurtagiria, erregistratua eta dagokion etiketarekin, bai kalkulu-tresna berarekin egindako hobekuntza-proposamena. Halaber, egoera eraberrituaren energia-efizientziaren ziurtagiriaren kanpo-kontrolari dagokionez, honako hauek aurkeztu beharko dira:

    Eusko Jaurlaritzan energiaren arloko eskumena duen sailari kanpo-kontrola egiteko egindako eskaera jaso izana.

    Kanpo-kontrola egingo duen agente akreditatuari buruzko informazioa.

    Obrak ezin izango dira lizitatu, ezta hasi ere, harik eta Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura Zuzendaritzak dagokion obra-proiektua onartu arte, proiektua arau honen helburuekin bat datorrela egiaztatu ondoren.

  3. Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura Zuzendaritzak obrak exekutatzeko proiektua onartu ondoren, pertsona edo erakunde onuradunek obrak egiten hasi beharko dute, gehienez ere sei (6) hilabeteko epean. Horretarako, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte epe horretan:

    Obrak exekutatzeko kontratua.

    2 artikuluan jasotako hornitzaileen betebeharrei buruzko dokumentazioa:

    1. Kontratistak emandako erantzukizunpeko adierazpena, Enpresa Bermatuen Erregistroan kontratisten eta azpikontratisten inskripzioari buruzkoa, eta enpresaren helburu sozialaren deskribapena, Jarduera Ekonomikoen Kode Nazionala aurkeztuz.

    2. Kontratistak egindako erantzukizunpeko adierazpena, Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko zerga-betebeharrak betetzeari buruzkoa.

    3. Obra estaltzen duen erantzukizun zibileko aseguruaren poliza edo ordainagiria.

    4. Kontratistak emandako konpromiso-gutuna, aplikatu beharreko eraikuntzaren hitzarmena betetzeari buruzkoa.

      Obrak exekutatzeko eskatutako hiru eskaintzak, 47. artikuluan oinarrituta aplikatzekoa denean.

      Obretarako udal-lizentziaren kopia, dagokion agintaritzak emana.

      Obren hasierako akta.

      Kultura-interesekotzat deklaratutako eraikinei edo beste edozein babes-araubideren mende dauden eraikinei eragiten dieten esku-hartzeen kasuan, aplikatzekoa den babes-araubidea kudeatzeko organo eskudunak emandako aldeko txostena edo, hala badagokio, baimena, bere araudiaren arabera.

  4. Obrak exekutatzeko proiektua onartu ondoren, eta obrek dirauten bitartean, egindako gastuaren egiaztagiriak aurkeztu ahal izango dira. Justifikazio hori urtero aurkeztu beharko da, epe hauetan:

    Otsailaren 1etik 28ra.

    Ekainaren 1etik 30era.

    Urriaren 1etik 31ra.

  5. Ordainsari teknikoak justifikatzeko aurkeztu beharreko dokumentazioa honako hau izango da, onuradun bakoitzarentzat bereizia:

    Txostenak, ziurtagiriak eta proiektuak idazteagatiko eta/edo obren zuzendaritza fakultatiboagatiko ordainsari teknikoei dagozkien fakturak.

    Aurreko fakturen inguruan egindako ordainagiriak.

  6. Obrak egin bitartean, dokumentazio hau aurkeztu beharko da obrak exekutatu direla justifikatzeko, onuradun bakoitzarentzat bereizia:

    Obraren bilakaerari buruzko txostena, honako hauek argi adierazita: exekutatutako obraren %, kapitulukako aurrekontua eta portzentajezko banakapena, eta une horretan diruz lagun daitekeen jarduketa bakoitzaren obraren egoera islatzen duten argazkiak. Argazkiren batean informazio-kartela agertu behar da beti.

    Jatorrizko obraren laburpena eta ziurtagiriak, zuzendaritza fakultatiboak sinatuta. Obren ziurtagirien eskema aurrekontura egokitu behar da, diruz lagun daitezkeen jarduketak kapitulu independente gisa ager daitezen, arau honen III.A eranskinean proposamena idazteko jasotako jarraibideetan ezarritakoaren arabera. Ziurtagiriek exekutatutako partiden deskribapena eta neurketak jaso behar dituzte, eta bat etorri behar dute ziurtagiria egiteko unean exekutatutako obraren errealitatearekin. Ziurtagirien laburpena soilik aurkezten duten justifikazioak ez dira baliozkoak izango, exekutatutakoaren deskribapen argia egiten ez bada, dagozkien neurketekin.

    Obrak exekutatzeari dagozkion fakturak. Fakturetan jasotako kontzeptuek erraz ezagutzeko modukoak izan behar dute obra-ziurtagirietan.

    Aurreko fakturen inguruan egindako ordainagiriak.

  7. Obrak amaitu eta gehienez ere hilabeteko epean, hau da, obren harrera-aktaren edo obra-amaierako ziurtagiriaren egunean, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

    Txostenak, ziurtagiriak eta proiektuak idazteagatiko eta/edo obren zuzendaritza fakultatiboagatiko ordainsari teknikoei dagozkien fakturak.

    Aurreko ordainsarien fakturekin lotuta egindako ordainagiriak.

    Jatorrizko obraren laburpena eta ziurtagiriak, zuzendaritza fakultatiboak sinatuta, aurreko atalean ezarritakoaren arabera.

    Obrak exekutatzeari dagozkion fakturak, aurreko atalean ezarritakoaren arabera.

    Aurreko obrak exekutatzeko fakturekin lotuta egindako ordainagiriak.

    Obren azken likidazioa, zuzendaritza fakultatiboak sinatuta.

    Talde teknikoak emandako erantzukizunpeko adierazpena, egiaztatzen duena 47.2 artikuluan jasotako betebeharrak bete direla hornitzaileei dagokienez. Betebehar horiek honako hauei buruzkoak izango dira: Enpresa Bermatuen Erregistroan inskribatzea, kontratistak zein azpikontratistak, enpresaren edo enpresen helburu soziala, Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko zerga-betebeharrak betetzea, obraren erantzukizun zibileko asegurua izatea, eta eraikuntza-hitzarmena edo aplikagarria zaiena betetzea obra osoan zehar.

    Kontratistak emandako erantzukizunpeko adierazpena, hornitzaileen betebeharrak, 47.2 artikuluan jasotakoak, bete direla egiaztatzen duena. Betebehar horiek honako hauek dira: Enpresa Bermatuen Erregistroan inskribatzea, bai kontratista bera, bai azpikontratistak, enpresaren edo enpresen helburu soziala, Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko zerga-betebeharrak betetzea, obraren erantzukizun zibileko asegurua izatea, eta eraikuntza-hitzarmena betetzea obra osoan zehar.

    Obren amaierako ziurtagiria eta obraren azken egoera islatzen duten argazkiak. Horietako batzuetan, nolanahi ere, laguntzen baterako finantzaketari buruzko informazio-kartela agertu beharko da.

    Eraikin amaitu eta erregistratuaren energia-efizientziaren ziurtagiria eta dagokion etiketa energetikoa. Ziurtagiriaren kanpo-kontrola, hala badagokio.

    Proposamenak diruz lagun daitezkeen jarduketa aktiboak jasotzen baditu, tarteko energia-efizientziako proposamenak, jarduketa aktiboek eta/edo aireztapenak eragindako kontsumoaren murrizketa justifikatzeko.

    Instalazio termikoaren ziurtagiria, autonomia-erkidegoko organo eskudunean baimendutako instalatzailearen zuzendariak sinatua.

    Hala badagokio, EITan 1., 2. eta 3. esku-hartze mailetan antzemandako akatsak zuzentzeko ziurtagiria. EITaren zuzenketa EuskoRegite plataforman erregistratu bada, ez da beharrezkoa izango dokumentazio hori aurkeztea, eta ofizioz egingo da egiaztapena; dagokion udal-erregistroan erregistratutako EITen zuzenketen kasuan, erregistro horren egiaztagiria erantsiko da.

    Erabilera eta Mantentze Planaren ziurtagiria, agindu honen III.D.1 eranskinean jasotako ereduaren arabera egina.

    Egindako esku-hartzeari buruzko informazio- eta dibulgazio-ekintzak deskribatzen dituen dokumentazioa, betiere Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura Zuzendaritzak eta EGEFek edo Next Generation funtsak hala badagokio obrak finantzatzen dituztela adierazi behar badute: web-orrietako erreferentziak, prestakuntza-saioak, erakusketak edo ponentziak, etab.

    Laguntzaren xede diren jarduketak behar bezala egin direla egiaztatzen duen medikuaren txostena.

    Txosten horrek justifikatu egin beharko du diruz lagundu daitekeen jarduketa bakoitzerako ezarritako betekizunak betetzen direla. Exekuzio-proiektukoak ez diren beste konponbide batzuk exekutatu badira, berariaz adierazi beharko da. Alde horretatik, aldaketaren arrazoiak eta aginduaren xedea eta aplikatu beharreko araudia konponbide berriekin bete direla justifikatu beharko da. Honako alderdi hauek jaso beharko ditu:

    1. Energia-efizientzia hobetzea: energia-efizientzia hobetzeari buruzko laburpena, ziurtagiri energetikoa kalkulatzeko aintzat hartutako parametroak barne hartzen dituena, obra-bukaeran eta ziurtagirietan jasotako informazioarekin koherente izanik. Nolanahi ere, honako hauek jaso beharko ditu:

      a1) EEZren egungo egoeraren eta egoera eraberrituaren emaitzen laburpen-taula, energia-eskariaren eta -kontsumoaren alorrean lortutako murrizketa berariaz adierazita.

      a2) Egindako jarduketa pasiboen deskribapena. Jardun den itxituren ereduzko sekzioak sartu behar dira, lodierak, erresistentzia termikoak eta guztizko transmisioak adieraziz, eraberritutako egoeraren EEZrekin eta obra-ziurtagirietan jasotakoarekin bat. Hobetutako elementu guztien obraren garapenaren argazkiak sartu behar dira, sektorizazio-hesiak barne. Egindako eraikuntza-soluzioen suarekiko erresistentziei eta erreakzioei buruzko justifikazio-fitxak sartu behar dira.

      a3) Jarduketa aktiboen deskribapena (galdara kopurua, galdaren potentzia, etab.), instalazio termikoaren ziurtagiriarekin, eraberritutako egoeraren EEZrekin eta obra-ziurtagirietan adierazitakoarekin bat etorriz instalatu diren etxebizitzak adierazita. Instalatutako ekipoak justifikatzeko dokumentazio teknikoa sartu behar da (ETD/EED, prestazioen adierazpenak, CE marka edo antzekoa). Instalatutako ekipoen argazkiak sartu behar dira.

      a4) Exekutatutako monitorizazio-instalazioa deskribatu behar da, baita hura instalatzeko agindu arautzailean jasotako jarraibideak betetzen direla ere. Enpresa instalatzaileak egindako memoria aurkeztu behar da, exekutatutakoaren arabera. Memoria horretan, datuak eskuratzeko plataformari, erabiltzaileari eta pasahitzari buruzko datuak jaso behar dira. Gainera, instalatutako monitorizazio-sentsoreen argazkiak sartu behar dira.

      a5) Hasierako produktibitate-adierazleak eta hobekuntzak egin ondoren lortutako jarraipena:

      Hona hemen adierazle horien identifikazioa:

      C031 - Energia-kontsumo hobea duten etxeen kopurua (Etxeak).

      C034 - Berotegi-efektuko gasen urteko gutxitze zenbatetsia (CO2 tona baliokide/urte).

      C031 - Energia-kontsumo hobea duten etxeen kopurua (Etxeak).

      Jabeen erkidegoak eraikinaren inguratzailea eraberrituta energia-efizientzia hobetu zaien etxebizitzen kopurua zenbatu da, bulegoak, lokalak eta abar kontuan hartu gabe.

      C034 - Berotegi-efektuko gasen urteko gutxitze zenbatetsia (CO2 tona baliokide/urte).

      Adierazle hau behar bezala kalkulatzeko, informazio hau behar da:

      Eraikinaren aurreko egoeraren kalifikazio energetikoa, CO2/m2 urteko tona baliokideetan, aurreko egoeraren EEZ (energia-efizientziaren ziurtagiria), zenbakizko balioa eta letra.

      Energia-efizientziaren Ziurtagirian (EEZ) agertzen den balioa kg-tan dago; beraz, zati 1.000 egin behar da tonak (Tn) jartzeko.

      Azalera erabilgarri bizigarria (m2) aurretiko egoeran: EEZn sartutako datua (Energia-efizientziaren Ziurtagiria).

      Eraikinaren egoera eraberrituaren kalifikazio energetikoa, CO2/m2-ko tona baliokideetan, urtean, egoera eraberrituaren EEZ (energia-efizientziaren ziurtagiria), zenbakizko balioa eta letra.

      Energia-efizientziaren Ziurtagirian (EEZ) agertzen den balioa kg-tan dago; beraz, zati 1.000 egin behar da tonak (Tn) jartzeko.

      Azalera erabilgarri bizigarria (m2) egoera eraberrituan: egoera eraberrituaren EEZn (energia-efizientziaren ziurtagiria) sartutako datua.

      CO34 adierazlearen balioa: (A x B) (C x D)

      (Ikus .PDF)

    2. Irisgarritasuna hobetzea: irisgarritasuna hobetzeari buruzko laburpena, araudia betetzearen justifikazioa eta gurpil-aulkien erabiltzaileen erabilera autonomoa barne hartzen dituena, bide publikotik etxebizitza bakoitzeko ateraino. Araudiak baimendutako tolerantziak aplikatu diren puntuak berariaz adierazi beharko dira. Ez da onartuko gurpil-aulkien erabiltzaileen erabilera autonomoa bermatzen ez duen konponbiderik, ezta zabalera libreei, altuera libreei, babes-neurriei eta abarrei dagokienez irisgarritasun-araudia betetzen ez duenik ere, eta koherentzia egon beharko da justifikazioaren, dokumentazio grafikoaren, argazkien eta obra-ziurtagirietan islatutakoaren artean. Nolanahi ere, honako hauek jaso beharko ditu:

      b1) Irisgarritasun-araudia betetzearen justifikazioa: 68/2000 Dekretuaren eranskinak (III. eranskina, nolanahi ere, V. eranskina, bertan baimendutako tolerantziak aplikatu direnean, eta II. eranskina, kanpoko espazio pribatuak daudenean) eta erabileraren segurtasuna eta irisgarritasunari buruzko oinarrizko dokumentua.

      b2) Aurretiazko egoeraren eta eraberritutako egoeraren planoak, behar besteko xehetasunekin (kotak, sestrak, maldak, zirkuluak, eskudel bikoitzak, etab.), exekutatutako jarduketak eta araudia betetzen dela egiaztatzeko.

      b3) Bide publikotik etxebizitza bakoitzera bitarteko elementu komun guztiak islatzen dituzten argazkiak.

    3. Suteetatik babesteko segurtasuna hobetzea: suteetatik babesteko segurtasuna hobetzeari buruzko laburpena, barnean hartuta sartutako babes-bitartekoen deskribapena eta egindako esku-hartzearen suteetatik babesteko segurtasunari buruzko oinarrizko dokumentuaren justifikazioa, aplikatzekoak diren alderdi guztietan. Koherentzia egon beharko da justifikazioaren, dokumentazio grafikoaren, argazkien eta obra-ziurtagirietan islatutakoaren artean. Nolanahi ere, honako hauek jaso beharko ditu:

      c1) Suteetatik babesteko segurtasun-araudia betetzearen justifikazioa eta fitxa teknikoak, hala badagokio.

      c2) Diruz laguntzeko moduko babes-bitartekoen laburpena (su-itzalgailuak, larrialdi-argiak, detekzio- eta alarma-sistema, etab.).

      c3) Aurretiazko egoeraren eta eraberritutako egoeraren planoak, exekutatutako jarduketak eta araudia betetzen dela egiaztatzeko behar besteko xehetasunarekin.

      c4) Txertatutako babes-bitartekoak islatzen dituzten argazkiak, sektorizazioari buruzkoak barne.

    4. Kanpoko bizigarritasuna hobetzea: hala badagokio, egindako kanpoko bizigarritasuna hobetzeari buruzko laburpena, espazio berrien edo zabaldutako espazioen deskribapena barne. Koherentzia egon beharko da justifikazioaren, dokumentazio grafikoaren, argazkien eta obra-ziurtagirietan islatutakoaren artean. Nolanahi ere, honako hauek jaso beharko ditu:

      d1) zabaldutako edo sortu berri diren kanpo-espazioen laburpena, espazio horien aurretiazko azalerak eta azalera eraberrituak barne.

      d2) Aurretiazko egoeraren eta eraberritutako egoeraren planoak, exekutatutako jarduketak egiaztatzeko behar besteko xehetasunarekin.

      d3) Kanpoko espazio bizigarriak islatzen dituzten argazkiak.

    5. Hasieran gutxieneko bizigarritasun-baldintzak betetzen ez dituzten etxebizitzak badaude, egindako konponketa-obrak justifikatu beharko dira, baita eraberritutako egoeraren bizigarritasun-araudia betetzen dela ere.

  8. Erakunde onuradunek banku-transferentzia eta -ziurtagirien bidez ordaindu beharko dituzte jarduketak. Ez da eskudiruzko ordainketarik onartuko.

  9. Egindako ordainketak justifikatzeko dokumentuek, aurreko paragrafoan aurreikusitakoek, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

    Transferentzietan, banku-ziurtagirietan edo ordainketa-laburpenetan argi eta garbi identifikatu beharko dira pertsona edo erakunde hartzailea, ordainketaren jaulkitzailea, ordainketaren xede den fakturaren zenbakia eta data. Ordaintzeko modua banku-transferentzia bat bada, haren karguaren frogagiriaren kopiaren bidez justifikatuko da, eta transferentziaren kontzeptuan faktura-zenbakia agertu beharko da, edo, halakorik ezean, abonatuaren kontzeptua.

    Pertsona edo erakunde onuradunak aurkezten dituen ordainagiri guztietan agertu behar du ordainketaren jaulkitzaile gisa; ordainagirian ordainketaren jaulkitzailea agertzen ez bada, banku-erakundearen egiaztagiria aurkeztuko da, ordainketaren jasotzaileari, datari eta zenbatekoari buruzko informazioa jasotzen duena.

  10. Ordainketa geroratuak ebazpenean ezarriko den laguntzaren justifikazioa aurkezteko azken egunaren ondoren amaitzen badira, honako hauek egindako ordainketak bakarrik onartuko dira ordainketa horiek ordaintzeko laguntza gisa:

    Txeke pertsonala, deskontua banku-laburpenean justifikatuz,

    Banku-txekea, hornitzaileak txeke hori ordaintzeko modu gisa onartzen duela adierazten duen hartu-agiria erantsita.

    Zor-agiria, hornitzaileak ordaintzeko modu gisa onartzen duela adierazten duen hartu-agiria erantsita.

    Kanbio-letra, onartua, edo

    Kreditu-gutun ezeztaezina, berresteko, edo dokumentu-kreditu ezeztaezina.

    Laguntzaren likidazioaren ondorioetarako, dokumentazio hori ordainagiritzat hartzea alde batera utzi gabe, laguntzaren organo kudeatzailearen aurrean justifikatu beharko da, hala badagokio, ordainketa horiek egin direla Eskualde Garapeneko Europako (EGEF) 2021-2027 aldirako programa operatiboetan diruz lagun daitezkeen gastuei buruzko arauak betez.

    Horrelako kasuetan, konprometitutako azken ordainketaren muga-egunetik hiru hilabeteko epean, ordainketa guztiak egin izana justifikatu beharko zaio laguntza kudeatzen duen organoari. Epe hori igaro eta justifikaziorik aurkeztu ez bada, ez-betetzea gertatu dela ulertuko da, eta agindu honen 56. artikuluan aurreikusitako prozedurak hasiko dira.

  11. Bide elektronikoz egindako justifikazioak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

  1. Itzuli beharrik gabeko laguntzen ordainketa Etxebizitzako lurralde-ordezkariaren ebazpen bidez egingo da, onuradunak agindu honen 49. artikuluan eskatutako dokumentazioa aurkeztu eta exekutatutako obraren ziurtagiria eman ondoren.

  2. Onuradunek eskatu eta dokumentu bidez justifikatu ondoren, Etxebizitzako lurralde-ordezkariak aukeran ebatzi ahal izango du, obraren zenbatekoa kontuan hartuta, onartutako itzuli beharrik gabeko laguntzen % 20 aldez aurretik ordaintzea, 49. artikuluan aurreikusitako justifikazioa egin beharrik gabe, hasierako inbertsioak exekutatzea errazteko, eta aurrekontu- eta diruzaintza-irizpideak kontuan hartuta. Aurrerakinaren % 20 1. urterokoari dagokion zenbatekoa baino handiagoa bada, aurrerakin hori 1. urterokoaren zenbatekoaren gehienekora murriztuko da.

  3. Aitortutako itzuli beharrik gabeko laguntzak pertsona edo erakunde onuradunaren kontu baliozkotura egindako banku-transferentzia bidez jasoko dira. Horretarako, aldez aurretik hirugarrenaren alta bete beharko du onuradunak.

  1. Birgaitze integral eta efizienterako erkidegoen obren kontzeptuan (3. lerroa) emandako itzuli beharrik gabeko laguntzaren ordainketa ordainketa zatika egingo da, honela:

    1. Agindu honen 44. artikuluaren 2. atalaren a) letran ezarritako epea igaro ondoren berariazko ukorik ez bada, aldez aurretik ordaintzeko agindua emango da, emandako dirulaguntzaren ehuneko hamabostari (% 15) dagokion zenbatekoaz. Ez da dirulaguntzaren ordainketa berririk egingo harik eta, 32. artikuluan jasotakoaren arabera, ordainketa aurreratu horren berdina edo handiagoa den dirulaguntza bati dagozkion jarduketak justifikatu arte.

    2. Obrak exekutatzeko proiektua onartu ondoren, eta 50. artikuluan aurreikusitako baldintzetan eta datetan egindako gastuaren egiaztagiriak justifikatu ondoren, ordainketa zatika egingo da, emandako laguntzaren % 90era iritsi arte gehienez.

    3. Jarduketa amaitzean, azken ordainketa bat egingo da dirulaguntzaren likidazio gisa, esku-hartzea amaitu dela justifikatzen duten dokumentuak aurkeztu ondoren, 50. artikuluan ezarritako moduan. Emandako dirulaguntzaren eta benetan exekutatu eta fakturatutakoaren artean desadostasunik badago, dirulaguntza egokitu ahal izango da, agindu honen 32. artikuluan eta 55. artikuluan ezarritakoaren arabera.

      Ekitaldi batean ordaindutako kopuruek ez dute inolaz ere gaindituko esleipen-ebazpenak urte horretarako ezartzen duen zenbatekoa.

  2. Aitortutako itzuli beharrik gabeko laguntzak pertsona edo erakunde onuradunaren kontu baliozkotura egindako banku-transferentzia bidez jasoko dira. Horretarako, hirugarrenaren alta bete beharko du onuradunak.

Hitzartutako maileguen interes-puntuen subsidioak jakinarazteko eta ordaintzeko araubidea Finantza Lankidetzako Hitzarmenaren eta etxebizitzak eta eraikinak birgaitzerako, irisgarritasunerako eta energia-efizientziarako finantza-tresna bereziaren klausuletan ezarritakoa izango da. Nolanahi ere, kreditu-erakunde horien eta etxebizitzaren arloan eskumena duen sailaren arteko harreman zuzenean oinarrituko da ordainketa horiek likidatzeko.

  1. Laguntza eskatzen duen pertsonak eskaeran atzera egin ahal izango du. Eskatutako finantza-neurriak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi baino lehen egin beharko da atzera, eta organo kudeatzaileari aurkeztuko zaio. Organo horrek, ebazpen bidez, bete-betean onartuko du atzera egitea, eta amaitutzat emango du hari dagokion prozedura.

  2. Onuradunak emandako finantza-neurriei uko egin ahal izango die, onartu ondoren ere. Uko egitea organo kudeatzaileari aurkeztuko zaio, eta hark, ebazpen bidez, bete-betean onartuko du uko egite hori, eta amaitutzat emango du hari dagokion prozedura.

    Ukoa onartu ondoren, onuradunak automatikoki galduko du ebazpen bidez onartutako eskubidea, baita emandako laguntza kobratzeko eskubidea ere, eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoak itzuli beharko ditu.

  1. Birgaitze-jarduketaren titularra pertsona fisikoa bada, finantza-neurriak onartu dizkion administrazio-ebazpena eman ondoren, hura ordeztuko da, eta jarduketaren titular berriaren aldeko ebazpena emango da, II. kapituluan aurreikusitako betekizunak betetzen baditu.

  2. Finantza-neurriak emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, betiere, haien xedea betetzat jotzen bada, eta, hala badagokio, aldi berean beste edozein erakunde publiko edo pribatuk emandako laguntzak eta dirulaguntzak jasotzen badira, horren berri eman beharko da aldez aurretik, organo kudeatzaileak berariaz onar ditzan.

    Finantza-neurriak emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, eta betiere xedea betetzat jotzen bada, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, organo eskudunak aldatzeko edo likidatzeko ebazpena emango du. Ebazpen horretan, emandako finantza-neurrien zenbatekoa berregokitu egingo da, eta ematerakoan ezarritako irizpideak eta mugak aplikatuko dira. Hala badagokio, onuradunak soberan jasotako zenbatekoa itzuli beharko du. Finantza-neurriak doitzeak ez du inola ere ekarriko hasierako ebazpenean emandako zenbatekoa baino handiagoa aitortzea.

  3. Baldin eta onuradunak, justifikazioan, adierazten badu ebazpena aldatzea eragin zezaketen finantza-neurriak emateko kontuan hartutako baldintzetan aldaketak izan direla, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 49.12 artikuluan ezarritakoaren arabera, eta onartzeko aldez aurreko administrazio-baimenaren izapidea egin ez bada, finantza-neurriak ematen dituen organoak onartu ahal izango du aurkeztutako justifikazioa, betiere hirugarrenei kalterik eragiten ez bazaie. Organo emaileak egiaztapen-egintzan aldaketak onartzeak ez du onuraduna salbuesten legozkiokeen zehapenetatik.

  4. Aldaketak ez dio inola ere eragingo jarduketaren izaerari.

  5. Obrek dirauten bitartean, eta jada aurrekontuan sartutako kontzeptuen barruan, partiden kostua beherantz aldatzen bada, emandako ebazpena aldatu egingo da, baldin eta aurrekontu babesgarria edo diruz lagun daitezkeen kostuak murrizten badira. Oro har zenbatetsiko da hori, eta, ondorio horietarako, gutxitze-ebazpen bat eman ahal izango da.

    Obrek dirauten bitartean aurrekontu babesgarria edo diruz lagun daitezkeen kostuak gorantz aldatzen badira, edo horien kontzeptuak edo partidak aldatzen badira, onuradunek beste laguntza-eskaera bat izapidetu ahal izango dute partida berriengatik edo kostuak handitzeagatik, birgaitze integral eta efizienterako erkidegoen obren kasuan izan ezik (3. lerroa). Hala ere, emandako administrazio-ebazpenak eta laguntzek bere horretan iraun ahal izango dute, baldin eta aurrekontuko partidek edo kontzeptuek ez badituzte handitzen onartutako finantza-neurriak, edo, hala izan badaiteke, neurri horiek handitzeko eskatzen ez bada.

  1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan edo hori ordezten duen araudian araututako kasuetan, edo Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikuluan araututako kasuetan, edo itzuli beharrik gabeko laguntzen edo dirulaguntzen pertsona edo erakunde onuradunak arau honetan aipatzen den edozein baldintza edo betekizun betetzen ez badu, emandako laguntzaren zenbatekoak jasotzeko eskubidea galdu duela deklaratuko da. Gainera, ordaindutako zenbatekoak itzuli beharko ditu, berandutze-interesak gehituta, ordainketa-datatik aurrera.

    Era berean, diruz lagundutako jardueraren kostuaren gainetik lortutako soberakina itzuli egin beharko da, eta horrek berekin dakar dirulaguntzen arloan aplikatzekoa den berandutze-interesa eskatzea. Onuradunak bete duena nabarmen hurbiltzen bada guztiz betetzera, eta konpromiso horiek argi eta garbi betetzeko jardun duela egiaztatzen badu, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 17. artikuluaren 3. ataleko n) letran adierazitako irizpideak aplikatuta zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa.

  2. Mailegu kualifikatuen kasuan, obrak egiten ez badira, edo laguntzak galtzea dakarren beste edozein ez-betetze gertatzen bada, hasierako baldintzetan onartutako maileguaren administrazio-baimena baliogabetuko da; beraz, mailegua berriro negoziatzea aldeen nahierara geratuko litzateke, etxebizitzak eta eraikinak birgaitzeko finantza-tresna bereziaren eta finantza-lankidetzarako hitzarmenean ezarritako baldintzetatik kanpo, abenduaren 26ko 210/2019 Dekretuan (kreditu-erakundeen eta Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazioaren arteko etxebizitzaren eta lurzoruaren arloko finantza-lankidetzakoa, eta etxebizitzaren arloko erregelamendu-xedapenak aldatzekoa dena) edo hori ordezkatzen duen horretan azaltzen den bezala.

  3. Itzultzeko prozedura abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoa izango da. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra arautu zen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, araubidea eta betebeharrak ezarri ziren.

    LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

    Agindu honetan Birgaitze Integratuko Areetarako (BIA) edo Area Degradatuetarako (AD) ezarritako finantza-neurrien araubidea aplikatuko zaie Lehentasunezko Jarduketa Eremuetan (LJE) dauden udalerrietan egiten diren jarduketa babesgarriei, baldin eta arau hau indarrean jarri ondoren eskatzen badira laguntzak.

    Ondorio horietarako, eta orientazio gisa soilik, gaur egun Ezkerraldea, Meatzaldea, Enkarterri eta Oiartzualdea izan dira LJE. Beraz, honako udalerri hauei eragiten diete: Barakaldo, Sestao, Portugalete, Santurtzi, Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbena, Muskiz, Ortuella, Valle de Trápaga-Trapagaran, Zierbena, Artzentales, Balmaseda, Galdames, Gordexola, Gueñes, Karrantza, Lanestosa, Sopuerta, Trucios-Turtzioz, Zalla, Alonsotegi, Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaia.

    Onuren luzapenak zortzi urteko indarraldia izango du, agindua indarrean jartzen denetik aurrera.

    BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

    Eusko Jaurlaritzan etxebizitzaren arloko eskumena duen sailak esku hartzen duen prozeduren instrukzio-organoek ofizioz egiaztatu, kontsultatu eta ziurtatu ahal izango dituzte prozedura horietan esku hartzen duten pertsonen nortasun-datuak, bai interesdun gisa, bai ordezkari gisa.

    Nortasun-datu horien ofiziozko egiaztapenak, kontsultak eta ziurtapenak administrazioen artean datu elektronikoak trukatzeko ezarritako sistemen bidez egingo dira; berariaz, baina ez modu esklusiboan, nortasun-datuak kontsultatzeko eta egiaztatzeko zerbitzuen bidez, nortasun-datuak kontsultatzeko eta egiaztatzeko.

    HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

  1. lerroko itzuli beharrik gabeko laguntzak finantzatzeko 2021eko ekitaldian esleitutako kredituen zenbatekoa zazpi milioi bostehun eta hogeita hamar mila eurokoa da (7.530.000 euro), honela banatuta:

    2021. urtea 1.129.500 euro.

    2022. urtea 2.000.500 euro.

    2023. urtea 2.900.000 euro.

    2024. urtea 1.500.000 euro.

Agindu hau indarrean jartzen denetik aurrera, indargabetuta geratuko da etxebizitza birgaitzeko finantza-neurriei buruzko Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2006ko abenduaren 29ko Agindua, hargatik eragotzi gabe haren babesean emandako administrazio-egintzetan ondorioak izaten jarraitzea.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honetan berariaz aurreikusi gabeko guztian, honako hauetan jasotako aurreikuspenak aplikatuko dira: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra; eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko uztailaren 21a.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.

(Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak


Arauaren historia (9)

Arauaren historia

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.