Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Saila

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2021eko azaroaren 26koa, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarena, zeinaren bidez Aukerak, Gizarteratzearen Euskal Agentziaren zuzendariari eskuordetzen baitzaizkio zenbait eskumen.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 251
  • Hurrenkera-zk.: 6289
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2021/11/26
  • Argitaratze-data: 2021/12/17

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gizarte Gaiak; Gobernua eta herri administrazioa; Funtzio publikoa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Aukerak, Gizarteratzearen Euskal Agentzia sortzeko irailaren 30eko 3/2021 Legeak zuzenbide pribatuko ente publiko gisa sortzen du agentzia hori, Euskal Autonomia Erkidegoko espetxeetan preso dauden pertsonen gizarteratzea eta laneratzea errazteko xedearekin.

Arlo horretako eskumenaren eskualdaketa bere gain hartzearen ondorio da agentzia hori sortzea, Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Transferentzien Bitariko Batzordeak erabakitakoari eta xedapen hauetan jasotakoari jarraikiz: 474/2021 Errege Dekretua, ekainaren 29koa, espetxe-arloko estatu-legeak betearazteko Estatuko Administrazioaren eginkizunak eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzekoa, eta 169/2021 Dekretua, uztailaren 6koa, zeinaren bidez onartzen baita Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Transferentzien Batzorde Mistoaren erabakia, espetxe-arloko estatu-legeak betearazteko eginkizunak eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzekoa.

Lege horren azken xedapenetako lehenak Agentzia benetan abian jartzea aurreikusten du, eta horrek eskatzen du Agentziaren estatutuak onartzea, bere gobernu-organoak eratzea, bere eginkizunak betetzeko behar diren giza baliabideak eta ondasun eta baliabide materialak atxikitzea, bai eta Administrazio Orokorreko sailen egitura organikoak egokitzea ere, hala komeni bada.

Xedapen horren beraren lehenengo apartatuan aurreikusitakoaren arabera, agentzia berriaren jardueren hasiera Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2021eko azaroaren 17ko Aginduaren bidez erabaki zen.

2021eko abenduaren 31n bukatuko da Espetxe Lana eta Enplegurako Prestakuntza estatu-erakundeak euskal espetxeetako ekoizpen lantegiak kudeatzen jarraitzeko hartutako konpromisoa. Hori dela eta, 2022ko urtarrilaren 1a baino lehenago jarri behar da abian Aukerak, Euskal Autonomia Erkidegoak estatu-erakundeak betetzen dituen eginkizunen kudeaketa benetan bere gain har dezan, barne-langileen lan-harremanen jarraitutasuna bermatuta, haien lan-eskubideak eta Gizarte Segurantzako kotizazioak murriztu gabe.

Estatu-erakundearen kudeaketa amaitzen den eguna baino lehenago, Aukerak agentziak, bere jarduerak hasiak izateaz gain, hauek eginak beharko ditu: alta emanda egotea erakunde gisa zerga-ondorioetarako eta gizarte-segurantzarekikoetarako; gutxieneko egitura bat izatea bere gain hartzeko espetxe-lan produktiboari dagozkion betebeharrak eta lan-harreman berezia duten presoen enplegatzaile izaera, eta Euskal Espetxe Administrazioak EAEko espetxeetako garapen-jardueretan (elikadura, ekonomatua eta kafetegia, elikadura-errazionatuen banaketa, osasun-loteen hornidura, mantentze-lanak eta jarduera osagarriak) egin dizkion produkzio-tailerren enkarguak jasotzea. Eta, halaber, kanpoko enpresekin elkarlanean egiten diren beste produkzio-tailer batzuk.

Gaur egun, Aukerak agentziaren estatutuak premiazko bidetik izapidetzen ari dira. Hala ere, epeak luzaezinak direnez, agentzia berri horren jarduerak aurreratu behar da, 2022ko urtarrilaren 1a baino lehenago bere eginkizunak osoki bere gain hartzeko moduan egon dadin azaldutako guztia egin ahal izateko.

Errealitate horren jakitun, legegileak Aukerak, Gizarteratzeko Euskal Agentzia sortzeko irailaren 30eko 3/2021 Legearen azken xedapenetako lehenean sartu du agentziak bete-betean funtzionatzeko beharrezkoak diren jarduketa guztiak egiteko eskumena esleitzea Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuari, baldin eta Agentziaren jarduerak hasterako estatutuak onartu ez badira eta haren gobernu-organoak eratu ez badira.

Hori guztia kontuan hartuta, bai eta lortu nahi diren helburuak betetzeko efikazia-printzipioa eta administrazio publikoek bete behar duten kudeaketaren efizientzia-printzipioa ere, eta bat etorriz Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 9. artikuluan ezarritakoarekin, honako hau

Lehenengoa. Aukerak, Gizarteratzeko Euskal Agentziako zuzendariari honako eginkizun hauek eskuordetzea:

  1. Agentziaren ordezkaritza-, administrazio- eta kudeaketa-ahalmen arruntak benetan erabiltzea, estatutu hauetan xedatutakoaren arabera.

  2. Zerbitzu, produkzio-eremu eta arlo guztietako goi-buruzagitza izatea, bere gain hartuta zuzendaritza, sustapena eta ikuskapena.

  3. Lankidetza-hitzarmenak sinatzea beste erakunde pribatu edo publiko batzuekin.

  4. Gastuak onartzea, ordainketak agintzea eta, oro har, agentziaren aurrekontu-kudeaketa egitea. Gastuaren zenbatekoa 1.000.000 eurotik gorakoa denean, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren aldez aurreko baimena beharko da.

  5. Kontratazio-organoari dagozkion eginkizunak betetzea sektore publikoko kontratuei buruzko legeriaren mende dauden kontratuetan, eta maileguen, kredituen, abalen edo bestelako bermeen kontratazioa onartzea edo bere helburuen zerbitzura dagoen finantza-tresna oro onartzea ere, Euskal Autonomia Erkidegoak zorpetzeko eta bermea emateko araubideak arautzen dituen araudiaren eta Administrazio Kontseiluak aurretik ezarritako mugen esparruan.

    Kontratuzko negozio juridikoa 1.000.000 eurotik gorakoa bada (lizitazioaren oinarrizko aurrekontuari dagokion zenbatekoa), Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak eman beharko du baimena. Kasu horretan, kontratua baimentzearekin batera, gastua ere baimenduko da.

  6. Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa osatzen duten erakundeen baliabide propio pertsonifikatuei enkarguak egitea, Sektore Publikoko Kontratuen Legean aurreikusitako moduan. Enkargua 1.000.000 eurotik gorakoa bada, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak baimendu beharko du. Kasu horretan, hura baimentzearekin batera, dagokion gastua ere baimenduko da.

  7. Agentziari bere eskubide eta interesak defendatzeko dagozkion ekintza eta errekurtso judizial edo administratiboak erabiltzea, ohiko edo ezohiko izaerarekin.

  8. Auzietarako ahalak ematea.

    Bigarrena. Eskuordetze honek ez die kalterik eragingo gai honi buruz Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, organo eskuduna den aldetik, ezartzen dituen jarraibide eta irizpideei, eta eskuordetze bidez hartzen diren erabakiek zorrotz bete beharko dituzte irizpide horiek. Gainera, eskuordetutako eskumenak baliatzean ematen diren egintzen zerrenda aldizka bidaltzeko agindu ahal izango die organo eskuordetzaileak eskuordetza ezarrita duten organoei.

    Hirugarrena. Agindu honek sinatu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak, eta Aukerak agentziaren estatutuak onartzen dituen dekretua indarrean jarri arte egongo da indarrean.

    Vitoria-Gasteiz, 2021eko azaroaren 26a.

    Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,

    BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.