Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2019ko apirilaren 17koa, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuarena, seme-alabak dituzten familien onurarako dirulaguntzen aurrekontu-zuzkidurak jakinarazten dituena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 79
  • Hurrenkera-zk.: 2034
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2019/04/17
  • Argitaratze-data: 2019/04/26

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Ogasun eta Ekonomía; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gizarte Gaiak; Ogasun; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Familei Laguntzeko abenduaren 12ko 13/2008 Legearen helburua da familia-politika integral baten oinarriak eta esparrua ezartzea, familien eta familiakideen bizimoduaren kalitatea eta ongizatea hobetzeko asmoz; izan ere, ardurapean seme-alabak dituzten familiei laguntzeko dirulaguntzei buruzkoa da II. tituluaren I. kapitulua, eta 8. artikuluan eskubide subjektiboaren izaera ematen die, bete beharreko baldintzak betetzen badira.

Gobernu Kontseiluak, 2015eko martxoaren 17ko bilkuran, 30/2015 Dekretua onartu zuen ardurapean seme-alabak dituzten familiei laguntzeko dirulaguntzak arautzeko, eta 2015eko apirilaren 1ean sartu zen indarrean dekretu hori. Arau horrek segida eman zion Familiei Laguntzeko Erakundearteko I. Planaren esparruan 2002an hasi zen seme-alabak dituzten familientzako dirulaguntzen programari, abenduaren 19ko 255/2006 Dekretua indargabetu zuen seme-alabak dituzten familientzako dirulaguntzak arautzen zituena, eta xedapen iragankorretan xedatu zuen zer egoera kudeatuko ziren seme-alabak dituzten familientzako dirulaguntzak arautzen zituen uztailaren 16ko 176/2002 Dekretuaren bidez eta 255/2006 Dekretuaren bidez.

2018ko ekainaren 19ko bilkuran Eusko Jaurlaritzak 2018-2022 aldirako onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko familiei laguntzeko Erakundearteko IV. Planaren esparruan, uztailaren 30eko 121/2018 Dekretuak martxoaren 17ko 30/2015 Dekretua aldatu zuen. 121/2018 Dekretuak ardurapeko seme-alaben ondoriozko prestazio ekonomikoak hobetzen ditu, hau da, bigarren semearen edo alabaren laguntzak luzatu egiten eta hirugarren urteko laguntza ematen da. Era berean, bestelako neurri batzuk ere onartzen dira.

Administrazio publikoaren dirulaguntzen jardueran bideratu behar den publikotasun-printzipioa betetzeko xedez, 30/2015 Dekretuaren 30.2 artikuluan dago aurreikusita ezen, familia-politikaren eskumena daukan sailak, sailburuaren agindu baten bidez, urtero jakinaraziko duela zenbateko aurrekontu-zuzkidura dagoen dekretu horretan aurreikusitako laguntzak finantzatzeko, edo, hala badagokio, zuzkidura horren eguneratzearen ondoriozko zenbatekoa finantzatzeko. 176/2002 Dekretuaren 6.3 artikuluak eta 255/2006 Dekretuaren 27.4 artikuluak barnean hartzen zuten zenbateko aurrekontu-zuzkidura esleitu den jakinarazi beharra ere; hala ere, horretarako agindua emateko eskumena Justizia, Enplegu eta Gizarte Segurantzako sailburuari ematen zioten.

Horri dagokionez, beharrezkoa da agindua EHAAn argitaratzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 49.2 artikuluan agindutakoaren arabera azaroaren 11ko 1/1979 Legegintzako Dekretuak onartu zuen lege hori. Izan ere, testu horrek dio Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko direla jarraitu beharreko arauak, laguntzen eta dirulaguntzen deialdiak eta, hala gertatzen denean, laguntza emateko proposamena egingo duen organoaren osaera; halaber, interesdunentzat garrantzitsuak diren egintzak ere argitaratuko dira baldin eta modu orokorrean eragiten badiete.

Bestalde, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 75/2017 Dekretuaren 14.c) artikuluak xedatzen du familia-politikaren gaian ekimen zuzeneko prestazioen eta jardueren kudeaketa, Familiei Laguntzeko abenduaren 12ko 13/2008 Legean bildutako baldintzetan, Familia Politikako eta Aniztasuneko Zuzendaritzari esleituriko funtzioa dela, eta hori, dekretu horren 12.2 artikuluak xedatzen duenez, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saileko Gizarte Politiketako Sailburuordetzaren mendekoa da.

Horren ondorioz, familia-politikaren eskumena daukan sailari egindako aipamenak (30/2015 Dekretua) eta Justizia, Enplegu eta Gizarte Segurantza Sailari egindako aipamenak (176/2002 eta 255/2006 Dekretuak) ulertzeko, gaur egun, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailari egindakotzat hartu behar dira, eta agindua ematea hango sailburuari dagokio.

Horrenbestez, agindu hau EHAAn argitaratzen da, interesdun izan daitezkeenek dirulaguntza programa horren berri izango dutela bermatzeko.

Beraz, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 49.2 artikuluan, martxoaren 17ko 30/2015 Dekretuaren 30.2 artikuluan, abenduaren 19ko 255/2006 Dekretuaren 27.4 artikuluan eta uztailaren 16ko 176/2002 Dekretuaren 6.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, honako hau

  1. Seme-alabak dituzten familientzako dirulaguntzak arautzen dituen abenduaren 19ko 255/2006 Dekretuaren esparruan aitortu behar diren dirulaguntzetarako lerroak betetzeko, guztira, 26.100,00 euro bideratuko dira gehienez.

  2. Seme-alabak dituzten familientzako laguntzak arautzen dituen uztailaren 16ko 176/2002 Dekretua betetzeko eman behar diren dirulaguntzetarako, guztira, 86.400,00 euro bideratuko dira gehienez.

Uztailaren 16ko 176/2002 Dekretuan, abenduaren 19ko 255/2006 Dekretuan eta martxoaren 17ko 30/2015 Dekretuan (12.1, 27.1 eta 30.1 artikuluetan hurrenez hurren) xedatutakoaren arabera, hasierako aurrekontu-zuzkiduran eguneratzerik gertatzen bada, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren agindu baten bidez argitaratuko da hori.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko apirilaren 17a.

Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua,

BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.