Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Saila

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2016ko irailaren 16koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, zeinaren bidez EAEko Nekazaritza Elikagaien Katearen Kontrol Ofizialerako Plana onesten baita.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 188
  • Hurrenkera-zk.: 4165
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2016/09/16
  • Argitaratze-data: 2016/10/03

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ingurune naturala eta etxebizitza
  • Azpigaia: Gobernua eta Administrazio Publikoa; Nekazaritza eta arrantza

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Europako Erkidegoko araudiaren arabera, estatu kideek zaindu behar dute pentsuei eta elikagaiei buruzko legeak eta animalien osasunari eta animalien ongizateari buruzko arauak betetzen direla; horrez gain, egiaztatu behar dute, prozesuaren jarraipena eginez, enpresek arau horietan ezarrita dauden betekizunak betetzen dituztela produkzioaren, transformazioaren eta banaketaren etapa guztietan. Horretarako, kontrol ofizialak antolatu behar dituzte.

Espainiako estatuan, elikakatearen kontrol ofiziala egiteko planen diseinua eta aplikazioa, funtsean, Elikagaien Segurtasunari eta Nutrizioari buruzko uztailaren 5eko 17/2011 Legean daude araututa. Euskal Autonomia Erkidegoan, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako 17/2008 Legeak, 54. artikuluan, hau ezartzen du: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak neurriak hartuko ditu nekazaritzako eta elikagaigintzako produktuen segurtasuna bermatzeko, eta, halaber, nekazaritzako eta elikagaigintzako enpresetan autokontrol-sistemak ezartzen direla ziurtatzeko. Halaber, lege horren 101.2 artikuluak hau xedatzen du: EAEko herri-administrazioek Euskal Autonomia Erkidegoan ekoitzi edo merkaturatutako nekazaritza- eta elikagaigintza-produktuetarako kontrol-planak ezarriko dituzte, arriskuei aurre egiteko eta ekintzen koordinazio-printzipioak betetzeko.

Xede horrekin, eta «Elikakatearen Kontrolerako Plan Nazionala 2016-2020» planaren zuzentarau orokorrekin koordinatuta eta horiekin bat etorriz, EAEko Nekazaritza Elikagaien Katearen Kontrol Ofizialerako Plana egin da, elikagaien eta pentsuen segurtasunaren eta kalitatearen arloko arauzko eskakizunei eta Euskal Autonomia Erkidegoko elikagaien eta pentsuen kontrol ofizialean inplikatutako agintaritza guztien arteko koordinazio-behar bereziei erantzuteko estrategia orokor gisa.

Horrela, bada, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako 17/2008 Legean jasotako manua betez, agindu honen bitartez, onetsi egiten da EAEko Nekazaritza Elikagaien Katearen Kontrol Ofizialerako Plana. Plan hau foru-aldundiekin koordinatuta landu da, eta mahai politikoak 2016ko ekainaren 9an egin duen batzarrean onetsi da.

Horiek horrela, hau

Lehenengoa. EAEko Nekazaritza Elikagaien Katearen Kontrol Ofizialerako Plana onestea.

Onetsi egiten da EAEko Nekazaritza Elikagaien Katearen Kontrol Ofizialerako Plana. Plan hori argitaratuta dago nekazaritzaren eta elikagaigintzaren arloan eskuduna den Eusko Jaurlaritzako sailaren web-orrian: http://www.nasdap.ejgv.euskadi.eus/plan-control-oficial-cadena-alimentaria/r50-7393/es/

Bigarrena. Koordinazioa.

  1. EAEko Nekazaritza Elikagaien Katearen Kontrol Ofizialerako Planaren garapena koordinatzeko, eta beste organo eta batzorde edo talde batzuen eskumenak eta eginkizunak alde batera utzi gabe, Plana Koordinatzeko Talde Horizontala sortzen da.

  2. Talde horrek Planaren 4.2.2 atalean jasotako eginkizunak eta osaera izango ditu.

    Hirugarrena. Plana eguneratzea.

  1. EAEko Nekazaritza Elikagaien Katearen Kontrol Ofizialerako Plana eguneratu edo aldatu ahal izango da, nekazaritzaren eta abeltzaintzaren arloan eskuduna den Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzako titularraren ebazpen baten bidez, agindu honen aurreko ebazpen-atalean jasotako Koordinazio Talde Horizontalak proposatuta.

  2. Aurreko artikuluaren arabera eginiko eguneraketak edo aldaketak nekazaritzaren eta elikagaigintzaren arloan eskuduna den Eusko Jaurlaritzako sailaren web-orrian argitaratu beharko dira.

    Laugarrena. Laborategiak.

  1. EAEko Nekazaritza Elikagaien Katearen Kontrol Ofizialerako Planaren 5.2 atalean jasota dago EAEko Nekazaritza Elikagaien Katearen Kontrol Ofiziala egiteko izendatuta dauden laborategien zerrenda. Zerrenda horretan, gainera, zehaztuta dago zer-nolako kontrolak edo analitikak egiteko dauden izendatuta.

  2. Laborategi berriak izendatzeko, edo dagoeneko izendatuta dauden laborategiei kontrol edo analitika berriak esleitzeko, edo, hala badagokio, izendapen horiek baliogabetzeko, nekazaritzaren eta abeltzaintzaren arloan eskuduna den Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzaren titularraren ebazpena behar izango da. Horretarako, kontrol eta analitika horiei aplikatu behar zaizkien arauak bete beharko dituzte laborategiek.

  3. Aurreko atala aplikatuta egiten diren izendapenak EHAAn argitaratu beharko dira, eta horien berri eman beharko zaio Estatuko Administrazio Orokorrari.

    Bosgarrena. Zehapen-araubidea.

  1. Pentsuei eta elikagaiei buruzko legeak eta animalien osasunari eta animalien ongizateari buruzko arauak betetzen ez badira, lege horietan eta EAEko Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako abenduaren 23ko 17/2008 Legean jasotako arau-hausteen eta zehapenen araubidea aplikatuko da.

  2. EAEko Nekazaritza Elikagaien Katearen Kontrol Ofizialerako Planarekin bat etorriz, kontrolak egiteko organo eskudunek izango dute zehapen-ahalmena, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen Zigortzeko Ahalmenari buruzko otsailaren 20ko 2/1998 Legean ezarritakoaren arabera.

  3. Arau-haustearen larritasunaren arabera eta aplikatu beharreko legeriarekin bat etorriz erabakiko da dagokion jarduera aldi baterako eten edo bertan behera utzi behar den, jarduera egiteko baimena kendu behar den, edo enpresa, instalazioa, establezimendua, ustiategia edo industria itxi egin behar den.

  4. Xedapen honetan xedatutakoak ez du baztertzen osasun publikoaren aurkako delituengatik izan daitekeen erantzukizun kriminala.

    Seigarrena. Ondorioak.

    Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

    Vitoria-Gasteiz, 2016ko irailaren 16a.

    Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

    MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.