Zahartze Aktiboaren Indizea (AAI)

Zahartze Aktiboaren Indizearen (AAI) azterlanaren helburua Indizea eraikitzeko beharrezkoa den informazioa lortzea da, eta, baita 55 urteko eta gehiagoko pertsonen bizi-baldintzei buruzko informazio osagarria lortzea ere, hainbat alderditan:

  • Gizartean eta gizarte-bizitzako parte-hartze maila.
  • Bizimodu independente, osasungarri eta seguruak.
  • Zahartze aktiboa errazten duen ingurune bat egotea.

Europako Batzordearen Enplegu, Gizarte Gai eta Inklusioko Zuzendaritza Nagusiak eta Nazio Batuen Europarako Batzorde Ekonomikoak (UNECE) elkarrekin garatutako ikerketa-proiektu baten emaitza da Zahartze Aktiboaren Indizea. Indize horrek informazio nahikoa eman behar die 55 urte eta gehiagokoei ekonomian eta gizartean laguntzeko dagokien potentziala aprobetxatzeari eta erabiltzeari buruzko politika publikoak diseinatu eta formulatzeaz arduratzen diren pertsonei. Hurrengo webgunean Active Ageing Index | UNECE informazio osogarria aurkituko dozu.

Definizioa

Eragiketaren izena Zahartze Aktiboaren Indizea da. Indarrean dagoen Euskal Estatistika Planaren parte da, 061010 kodearekin.

Bi urtean behin egiten den eragiketa.

Helburu orokorrak

Indizea eraikitzeko behar den informazioa lortzea, eta, baita 55 urteko eta gehiagoko pertsonen bizi-baldintzei buruzko informazio osagarria lortzea ere.

Helburu espezifikoak

Hurrengo hauek dira estatistika-eragiketan lortu beharreko helburu espezifikoak erreferentziako kolektiboarentzat:

-Gizartean eta gizarte-bizitzan parte-hartzea neurtzea.
-Bizimodu independente, osasungarri eta seguruei buruzko informazioa lortzea.
-Zahartze aktiboa errazten duen inguruneari buruzko informazioa lortzea.

Eragiketaren diseinu metodologikoa

Laginketa bidezko inkesta.

Populazioaren esparrua: 55 urteko edo gehiagoko pertsona bat gutxienez bizi den Euskal Autonomia Erkidegoko familia-etxebizitzak.

Eremu geografikoa: Euskal Autonomia Erkidegoa.

Denbora-eremua: Datuen erreferentzia 2024 urtekoa da. Bi urtean behin egiten den eragiketa estatistikoa.

Datuak hartzea: Inkesta aurrez aurre familiaren etxean, telefonoz edo web bidez egin da.

Laginaren diseinua: Bi etapadun lagina da: lehenengo etapan sekzioen estratifikazioa egiten da, eta bigarren etapan etxebizitzen laginaren tamaina finkoa (10 edo 15 etxebizitza sekzio bakoitzeko).

Gainera, lagina sexuaren, adinaren eta familia-tamainaren arabera orekatuta dago, Lurralde Historikoaren eta LMEko 11 eskualdeetako pertsona-kopuruaren arabera:

  • Gasteiz
  • Aiaraldea
  • Eskuinaldea
  • Bilbo
  • Ezkerraldea
  • Bizkaia-Kosta
  • Durangaldea
  • Donostialdea
  • Tolosa-Goierri
  • Debagoiena
  • Debabarrena

Lagin-unitateak: eragiketaren inkesta-unitatea 55 urteko edo gehiagoko pertsonak bizi diren Euskal Autonomia Erkidegoko familia-etxebizitzek osatzen dute, eta, horien barruan, adin-talde horretako pertsonek.

Laginaren tamaina: Laginean 2.000 etxebizitza (inkesta-unitate) inguru dauzkagu. Lagin unitate bakoitzak ordezko bat eta erreserba bat dauka.

Estratifikazioa: 

Lehenengo etapako unitateak hurrengo aldagaiak gurutzatuta estratifikatzen dira:

  • Goian aipatutako LMEko 11 eskualdeak 
  • Tipologiak: Sekzioen analisia egin ondoren, sekzioak 8 motatan sailkatzen dira.

Esleipena

Sekzioak aukeratzeko, hurrengo irizpideak hartu dira kontuan:

  1. Lurralde Historikoaren etxebizitza-kopuruaren erro karratuarekiko banaketa proportzionala.
  2. Eskualdeko etxebizitza kopuruarekiko banaketa proportzionala.
  3. Etxebizitza moten kopuruarekiko banaketa proportzianala

Zozketa: Banaketa teorikoa lortu ondoren, zentsu-sekzioen zozketa probabilistikoa izan da, eta okupatutako familia-etxebizitzen kopuruan neurtutako sekzioen tamainarekiko proportzionala (PTP).

Oreka: Lagina kuboaren metodoa erabiliz aukeratu da (Deville and Tillé, 2004). Intuitiboki, metodo honek jatorrizko biztanleriaren proportzioak mantentzen ditu laginean, oreka-aldagai batzuetan, diseinuan sartzeko probabilitateak kontuan hartuta.

Oreka-aldagaiak: 

  • Eskualde bakoitzeko pertsona kopurua.
  • Sexua: Lurralde Historiko bakoitzeko gizonak eta emakumeak.
  • Adina: Lurralde Historiko bakoitzeko 55-64 urteko, 65-74 urteko, 75-84 urteko eta 85 urtetik gorako pertsonen kopurua.
  • Familiaren tamaina: Lurralde Historiko bakoitzeko egoiliar bat, 2 egoiliar eta 3 egoiliar edo gehiago dituzten etxebizitzen kopurua.

Esleipena bigarren etapan: 

 15 lagin-etxebizitzako blokeak erabiliko dira Gasteizen, Eskuinaldean, Ezkerraldean, Bilbon eta Donostialdean, eta 10eko blokeak gainerako eskualdeetan: Aiaraldean, Bizkaia-Kostan, Durangaldean, Tolosa-Goierrin, Debagoienean eta Debabarrenean.


Bigarren etapako unitateak sartzeko probabilitatea: Etxebizitzen zozketa ausazko zozketa sinple bidez egin da sekzio bakoitzaren barruan

Bigarren etapako oreka: Kuboaren metodoa erabiliz etxebizitzen lagina hautatzen da, lagina lehenengo etapako aldagai berberen gainean orekatzen da.

Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak Euskal Estatistika Planean xedatzen denaren arabera, 2024 urteko Zahartze Aktiboaren Indizea (AAI - 2024) lortzeko inkesta jarri du abian.

Datuen-bilketa 2024ko apirilatik ekainera arte

Atal honetan, inkestari erantzun behar diotenentzat erabilgarria den informazio guztia biltzen da. Ildo horretan, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak bidalitako gutun bat jaso baduzu, eragiketa honen laginean parte hartzen duzula jakinaraziz eta horri buruzko zalantzak badituzu (nahitaezkoa al da? Nire datuak ziur daude? etab.), hemen aurkituko dituzu erantzunak edo harremanetarako erreferentzia bat, gai horiek guztiak konpontzen lagunduko dizuna.

Zer egin gutun bat jaso baduzu?

Inkesta egin behar duten pertsonek gutun bat jasoko dute Sailaren Estatistika Organo Espezifikoaren laginean agertzen den bizilekuan, estatistika ofiziala dela eta inkesta betetzeko hautatuak izan direla aurreratzeko. Inkestaren datuen bilketa DEMOMÉTRICA enpresarekin kontratatu da.

Gutunean, puntu garrantzitsu hauek zehazten dira:

1) Inkesta hau aurrez aurre eta familiaren etxean egin daiteke. Hitzordu bat adosteko 900 670 771 doako telefonora deitu edo berehalako mezularitza bidez 663 888 595 telefonoan.
2) Hala ere, datuak hainbat bidetatik bildu ahal izango dira. Hauek dira:

  • Telefonoz. Hitzordu bat adostu 900 670 771 doako telefonoan edo berehalako mezularitza bidez 663 888 595 telefonoan.
  • Online Demometricak gaitutako hurrengo webgunean:     www.estudioaai.eus (abre en nueva ventana)

Elkarrizketatu beharreko pertsonen lehentasunen arabera egingo da kontaktua. Aurrez aurreko bidea aukeratzen bada, estatistika-agenteak behar bezala identifikatu beharko du bere burua, egiaztatzeko txartela aurkeztuz, eta betiere, Zahartze Aktiboaren Indizearen azterketa estatistikoa dela adieraziz.

Inkestaren datu-bilketa

Datu-bilketa 2024ko apirilatik ekainera bitartean egingo da. Datuak biltzea ezinbestekoa da prozesuaren amaieran kalitatezko eta gizartearentzat erabilgarria den informazioa lortu ahal izateko. Horrez gain, datuak biltzeko prozesu horretan herritarren laguntza beharrezkoa da. Jakin badakigu inkestari erantzutea ez dela zeregin atsegina. Hori dela eta, zeregin hori ahalik eta errazena egiten saiatzen gara Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren Estatistika Organo Espezifikoan.

Zertarako egiten da inkesta?
  • Indizea eraikitzeko beharrezkoa den informazioa lortzeko

Europako Batzordearen Enplegu, Gizarte Gai eta Inklusioko Zuzendaritza Nagusiak eta Nazio Batuen Europarako Batzorde Ekonomikoak (UNECE) elkarrekin garatutako ikerketa-proiektu baten emaitza da Zahartze Aktiboaren Indizea. Indize horrek informazio nahikoa eman behar die ekonomiari eta gizarteari laguntzeko 55 urteko eta gehiagoko pertsonei dagokien potentziala aprobetxatzeari eta erabiltzeari buruzko politika publikoak diseinatu eta formulatzeaz arduratzen diren pertsonei. Inguruneak lurralde jakin batean zahartze aktiboa errazten duen neurriari buruzko datuak ere ematen ditu.

  • 55 urte eta gehiagoko pertsonen bizi-baldintzei buruzko informazio osagarria lortzeko.

Horregatik, ezinbestekoa da gure Autonomia Erkidegoan bizi diren 55 urteko edo gehiagoko pertsonen lagin bat elkarrizketatzea.

Zein datu eskatzen dira?

Bizikidetza-unitatea osatzen duten pertsonei buruzko informazio indibiduala, honako hauek barne:

  • Informazio demografikoa: sexua, adina, egoera zibila, erroldatze-egoera, nazionalitatea, ikasketa-maila, eta abar.
  •  Jarduera-egoera.

Etxebizitzari buruzko informazioa:

  • Bizikidetza-unitatearen edo familia-unitatearen hileko diru-sarrerak.
  • Etxean edo bizikidetza-unitatean aurre egin behar dieten arazo sozioekonomikoak.

55 urteko edo gehiagoko pertsonen banakako informazioa, honako hauek barne:

  • Gizartean eta gizarte-bizitzako parte-hartze maila.
  • Bizimodu independente, osasungarri eta seguruak.
  • Zahartze aktiboa errazten duen ingurune bat egotea.
Zer da estatistika ofiziala?

Estatistika-eragiketa ofizialek kalitatezko informazio objektiboa eta zientifikoki egiaztatua ematen diete administrazio publikoei, gizarte-eragileei (unibertsitatea, ikertzaileak...) eta gizarteari, gure gizartearen egoera ezagutu dezagun eta egiazko informazio egiaztatuarekin jardun eta erabaki ahal izateko.
Estatistika-eragiketa ofizialak Eusko Legebiltzarrak lau urtean behin onartzen dituen planetan finkatzen dira, eta Urteko Estatistika Programen bidez garatzen dira. Eusko Legebiltzarrak onartutako azken plana 2023-2026 Euskal Estatistika Plana da (10/2023 Legea, 2023ko azaroaren 9koa).
Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren Estatistika Organoak garatzen dituen estatistikak Euskal Estatistika Planaren parte dira, eta, beraz, ofizialak dira eta legeari jarraiki egiten dira. Beraz, derrigorrezkoa da haie erantzutea.

Hala ezartzen duen lege aipamena apirilaren 23ko Euskadiko Autonomia Erkidegoko Estatistikako 4/1986 Legeko 9-16 artikuluetan aurki daiteke. Erantzuna emateko derrigortasunari dagokionez, indarrean dagoen Estatistikako Euskal Plangintzaren 4. artikuluak (2023-2026 aldirako Euskal Estatistika Planarena eta Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistika Legea aldatzekoa, azaroaren 9koa, 10/2023 Legea) ere jasotzen du Estatistikako Euskal Plangintza honetan jasotako estatistikak nahitaez bete beharrekoak direla. 


Konfidentzialtasuna eta segurtasuna

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren Estatistika Organoak sekretu estatistikoa eta datuen konfidentzialtasuna bermatzen ditu. Legezko betebehar honekin, operazioari esleitutako pertsona guztiak konprometituta geratzen dira.
Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren Estatistika Organoak ezin ditu inola ere informazio emaileei buruzko datu pertsonalak zuzenean zein zeharka zabaldu edota argitaratu, eta hori horrela izan dadin konpromisoa hartzen du. Horrez gain, ezin du informazio hori erabili estatistikak egiteko helburua ez duten beste ekintza batzuk egiteko.
Bestalde, inkestatutako pertsonek emandako datuak, bakar-bakarrik Inkesta egiteko erabiliko dira.
Eskatzen diren datu pertsonalak (informazioa ematen duen pertsonaren izena eta harremanetarako telefonoa) inkesta identifikatu eta ordenatzeko baino ez dira izango. Ez dira grabatuko eta ez dira sartuko inkestaren datu-base informatikoan. Inkestaren estatistika-fitxategiak ez du inolako informazio pertsonalik izango, ezta identifikazio pertsonala ahalbidetzen duen beste aldagairik ere. Inkesta egiteko prozesuan emandako datuak ez dira pertsonalki tratatuko, baizik eta datu anonimoen bidez.
Datuen konfidentzialtasuna bermatzen duen legeria honako hauetan zehazten da: Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legearen 19. artikulutik 23.era, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzekoari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren xedapen aplikagarrietan, bereziki 5. artikuluan, eta aplikatu beharreko gainerako araudian ere.
Garatu beharreko estatistika-azterketan parte hartzen duten pertsonek aipatutako legerian dagozkien eskubideak edozein unetan baliatu ahal izango dituzte.

Edozein zalantza argitzeko

Datuak biltzeko ardura duen enpresarekin  (DEMOMÉTRICA) harremanetan jar zaitezke edozein zalantza argitzeko  900 670 771 doako telefonoan edo berehalako mezularitza bidez 663 888 595 zenbakian.

Horrez gain, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako 945 01 93 82 telefonoan behar duzun informazio osagarria jaso ahal izango duzu. Arreta ordutegia 08: 00etatik 16: 30era izango da astelehenetik ostegunera; ostiralean, 14:00ak arte. Hala ere, adierazitako ordutegian erantzun ez diren deiak itzuliko dira.

Saileko Estatistika Organoaren Posta elektronikoa: estadistica-ijps@euskadi.eus 

Zahartze Aktiboaren Indizearen (AAI) txostenak

  • Une honetan ez dago txostenik argitaratuta.

Zahartze Aktiboaren Indizean erabilitako terminoen definizioak

Estatistika Organoak hainbat aukera ematen dizkizu harekin harremanetan jartzeko. Edozein kontsultarako zure esanetara egongo gara:

Honako telefono-zenbaki honetan: 945 01 93 58
Honako fax-zenbaki honetan: 945 01 94 51
Honako helbide elektroniko honetan:estadistica-ijps@euskadi.eus
Bulegoak: Eusko Jaurlaritza
Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila Estatistika Organo Espezifikoa
Donostia-San Sebastián, 1 - 01010 Vitoria-Gasteiz

Kexak edo iradokizunak
Kexa edo iradokizunak posta elektronikoz igor detzakegu (estadistica-ijps@euskadi.eus), edo posta erabilita:
Eusko Jaurlaritza.
Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila.
Estatistika Organo Espezifikoa
Donostia-San Sebastián, 1 - 01010 Vitoria-Gasteiz

Azken aldaketako data: