Ogasun eta Finantza Saila

8. osagaia

Ekonomia zirkularra

Aski ezaguna da gaur egungo eredu ekonomiko eta produktiboa ingurumenean eragiten ari den presio handia, dauden baliabide naturalen kontsumo jasangaitzaren ondorioz, batez ere. Gainera, dauden aurreikuspenak ez dira oso baikorrak, ekoizteko eta kontsumitzeko moduan paradigma-aldaketa erradikal bat egon ezean, ekonomia linealeko eredu batetik (“erauztea, ekoiztea, erabiltzea eta botatzea” oinarri hartuta) ekonomia zirkular batera igarotzeko, funtsezko hiru printzipiotan oinarrituta, hau da, eskura dauden baliabideak “murriztea, berrerabiltzea eta birziklatzea”.

Duela gutxi egindako kalkuluen arabera, Euskadik 5,8 milioi tona hondakin inguru sortzen ditu urtero, eta horietatik % 53 soilik birziklatzen dira; oraindik ere, ia 45 milioi euroko balioa duten materialak botatzen dira urtean EAEko zabortegietara. “Euskadiko Industriako Ekonomia Zirkularraren Diagnostikoaren” arabera, soluzio berritzaile zirkularragoei ekingo balitzaie, batez beste % 6ko aurrezpen potentziala lortuko litzateke lehengaien kontsumoan, eta horrek 2.000 milioi euroko aurrezpena ekarriko luke euskal industrian, metalean (siderurgia, galdaketa, produktu metalikoak) edo mugikortasunean (automobilgintza, aeronautika) batez ere.

Euskadik konpromiso handia du ekonomia zirkularraren sustapenarekin, materialen kontsumo arduragabea saihestuko duen eta produktuen eta materialen bizi-zikloari ahalik eta denbora luzeenean eutsiko dion garapen industriala eta teknologikoa bultzatuz. Gainera, uste osoa dago ekonomia zirkularraren eredu berri horrek diru-sarreren, enpleguen eta berrikuntzaren iturri garrantzitsua ere badakarrela, eta horrek Euskadiren lehiakortasuna eta hazkunde jasangarria hobetzea ekarriko duela (kalkulatzen denez, gaur egun Euskal Autonomia Erkidegoko Barne Produktu Gordinaren eta enpleguaren % 1,12 eta % 2,08, hurrenez hurren, ekonomia zirkularrarekin lotuta daude).

.