Eusko Jaurlaritza

46/2020 Dekretua, martxoaren 24koa, lurralde-antolamenduko planak eta hirigintza-antolamenduko tresnak onartzeko prozedurak arautzen dituena.

   46/2020 DEKRETUA rekin batera, artikuluen zentzua modu argigarrian azaltzen duten eskema batzuk aurkezten dira. eskema (PDF, 446 KB) (leiho berri batean irekitzen da)

DEKRETUAREN KONTU NAGUSIAK:

  • 46/2020 DEKRETUA, martxoaren 24koa, lurralde-antolamenduko planak eta hirigintza-antolamenduko tresnak onartzeko prozedurak arautzen dituena (planak onartzeko prozedurei buruzko Dekretua), martxoaren 31ko EHAAn argitaratua, 2019ko LAGen partaidetza-prozesutik sortutako udal-eskari batean oinarritzen da, hain zuzen ere, hirigintza- eta lurralde-planak onartzeko prozedurak ingurumen-ebaluazio estrategikoaren izapidetzearekin integratzeko beharrari buruzkoan.
  • Planak onartzeko prozedurei buruzko 46/2020 Dekretuak arau bakar batean biltzen du lurralde- eta hirigintza-planak onartzeko prozeduren arau-garapena; horrela, prozedura substantiboan sartzen da ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura instrumentala.
  • Halaber Dekretuak erregulazio argia eta segurua izatea du helburu, lurralde- eta hirigintza-plangintza egiteko, izapidetzeko eta onartzeko administrazio-prozedurak garatuz, bai eta aldatzeko eta berrikusteko ere.
  • Gainera, oinarri hauek ditu: arrazionalizazioa, prozedurak sinplifikatzea eta izapideak aldi berean egitea, baita administrazioen arteko lankidetza eta koordinazioa ere.
  • Dekretuak argitzen du Eusko Jaurlaritzaren ingurumen-organoa, edo, hala badagokio, foru aldundiarena, izango dela plana ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoaren edo sinplifikatuaren mende jarri behar den zehaztuko duena.
  • Xehetasun-azterketak, eraikuntza- edo urbanizazio-ordenantzak eta arkitektura- eta hirigintza-ondarea babesteko katalogoak ez dira ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozeduraren mende egongo, horiek ez baitira plantzat jotzen, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen arabera. Zehazki, xehetasun-azterlanetan, ingurumen-ebaluazio estrategikoa ez da beharrezkoa, hirigintza-antolamenduaren ikuspuntutik garrantzi txikikoa delako eta berritze-gaitasunik ez duelako.
  • Plan Orokorra behin-behinean onartu ondoren, udalak aldi berean bidaliko dio Euskal Herriko Lurralde Antolamendurako Batzordeari, txostena egin dezan, eta ingurumen organoari, ingurumen-adierazpen estrategikoa egin dezan.
  • Plan partzialak izapidetzean, ingurumen-organoak ingurumen-txosten estrategikoa eman eta jaso aurretik egin ahal izango dira hasierako onarpena eta jendaurreko informazioaren beharreko izapidearen egiaztapena  Kasu horretan, hasierako onespenaren erabakian adieraziko da ingurumen-txosten estrategikoan jasotakoaren mendeko onespena dela.
  • Administrazio-isiltasunari dagokionez, plan orokorrak behin betiko onartutzat joko dira, dagokion foru-aldundiak jaso eta hiru hilabete igaro ondoren; eta plan partzialen kasuan, berriz, bi hilabete igaro ondoren.

 

Azken aldaketako data: