2024ko Euskal Diasporaren Eguna
Irailak 8, Euskal Diasporaren Eguna: 50 urte geroago Oñatira bueltatu da
Gipuzkoako Oñatiko herria aukeratu du Eusko Jaurlaritzak, irailaren 8an, Euskal Diasporaren Nazioarteko Egunean, ekitaldi instituzionala egiteko. Horrela, Euskal Diasporaren 50. urteurrenean, 1974ko Boiseko Estatu Unibertsitateko (Idaho, AEB) ikasle eta irakasleen lehen egonaldi programa hari omenaldia egin zaio, baita 1974ko egitasmo hori hartu zuen Oñati herriari ere.
Imanol Pradales Gil lehendakaria joan den igandeko ekitaldi instituzionalaren buru izan da, eta, lehendakariarekin batera, Izaro Elorza Arregi Oñatiko alkatea, Ander Caballero Barturen Eusko Jaurlaritzako Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetako idazkari nagusia eta Gorka Álvarez Aranburu Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria ere han izan dira. Denak ageri dira ondoko argazkian, amerikar horien antzezpenaren zain. Amerikar horien artean, batzuk euskal jatorrikoak dira; beste batzuk, euskal kulturaren zaleak. Nolanahi ere, amerikar horiek guztiak 50 urte geroago Oñatira itzuli dira, eta berriz ere elkartzea hunkigarria izan da.
Ezkerretik eskuinera: Gorka Álvarez Aranburu, Imanol Pradales Gil, Izaro Elorza Arregi eta Ander Caballero Barturen.
Euskal Diasporak ehundutako sarea ezinbestekoa izango da abien jarriko den nazioarteko estrategian
Euskal Diasporaren Nazioarteko Eguneko ekitaldi instituzionalean egindako hitzaldian, Imanol Pradales lehendakariak iragarri duenez, bere gobernuak "estrategia globala" jarriko du martxan Euskadirentzat, eta "Euskal Diasporak ehundutako sarea funtsezko oinarria izango da", lehendakariaren ahotan, "jokoan daude gure nortasuna eta ongizatea".
Boiseko ordezkaritza osatu zuten berrogei pertsonen eta Eltzia eraikinaren inguruko parkea bete zuten herritarren aurrean, Pradales lehendakariak Euskal Diasporaren bi zutabe nagusiak aipatu zituen: XIX. eta XX. mendeetako emigrazio historikoa eta euskal gazteen nazioarteko mugikortasun berria, alegia, ikastera eta lan egitera kanpora irteten diren euskal gazteak. Halaber, lehendakariak gogorarazi zuen "Euskadi herri migratzailea" izan dela; eta, une honetan, "gaizki pasatzen ari diren beste herrialde batzuetatik datozen pertsonak” ere hartu behar ditugula.
Oso modu grafikoan, lehendakariak "bi diaspora" horien "argazkia" egin zuen, bi adibide ipinita. Batetik, bere kasua aipatu zuen, nazioarteko mugikortasun modernoaren ohiko adibidea. Zehazki, lehendakaria Irlandara joan zen, doktorego-ikasketak egitera. Bestetik, lehendakariak Miguel Mariren kasua aipatu zuen. Pradalesek Miguel Mari ezagutu zuen. Miguel Mari migrazio historiko horren adibide argia da, izan ere, duela urte asko, gaztaro betean, Ameriketako osaba baten eskariari jarraituz, Baztan utzi eta Atlantikoaren beste aldera jo zuen, kasu honetan, Mexikora, jatorrizko lurraldean aukerarik ez zuelako.
Amets baten atzetik joan zen gizona
Lehendakariak eskerrak eman zizkien Boiseko euskaldunei, bereziki, eta Euskal Diaspora osoari, oro har, "euskal hazia munduan zehar zabaltzeagatik", eta gogorarazi zuen Boise bost aldiz bisitatu duela, —AEBko bene-benetako euskal topagunea—, eta, Ipar Amerikako euskal jaialdi handiaren harira, datorren urtean seigarren aldiz berriz ere han izatea espero duela aipatu zuen.
Hain justu ere, orduko Boiseko Estatu Unibertsitateko ikasle ohi horietako batek, Carmelo Urzak, hitza hartu zuen, Oñatin igarotako bizitza gogora ekartzeko eta Boiseko egonaldi programa abian jartzeko Boiseko unibertsitateko errektorea konbentzitu zuen gizonaren garrantzia nabarmentzeko. Zendu zen Pat Bieter izeneko euskaltzale iparramerikarraz ari gara.
"Bederatzi hilabetez Estatu Batuetatik etorritako neska-mutil horiek Oñatin bizi izan ziren. Batzuk bertan maitemindu eta Euskal Herrian geratu ziren. Beste batzuk AEBra itzuli eta han jarraitu zuten euren bizitza. Orain, 50 urte geroago, Oñatira itzuli dira eta beren iraganaren zati bat berreskuratu dute", azaldu zuen Carmelo Urzak. Edonola ere, Carmelo Urzak azaldu zuenez, 1974ko egonaldi hark erakusten du "zenbat gauza lor ditzakeen amets bat bilatzen duen gizon batek" —Pat Bieterrez ari gara—, eta, era berean, "borondate onak muga guztiak gaindi ditzakeela".
Era berean, Oñatiko alkate Izaro Elorzak gogorarazi zuen, aurten, irailean bertan, 50 urte bete direla, ia-ia erloju baten doitasunez, herria hankaz gora, jakin-minez betetako zurrunbilo batean jarri zuen iparramerikarren talde hura iritsi zenetik. "1974ko irailaren 2an iritsi zineten, eta ekarri zeniguten guzti-guztiak bizirik jarraitzen du gure artean", esan zien Izaro Elorzak.
Lehenengo irudian, Carmelo Urza Imanol Pradales lehendakariarekin hizketan. Bigarrenean, Oñatiko alkate Izaro Elorzak lehendakaria hartu zuen unea.
Amerikanoen iritsiera Oñatira: Abentura bat baino gehiago
Ekitaldi instituzionalaren ondoren, "Boise-Oñati 1974-2024" erakusketa inauguratu zuten eta Iñaki Galdosek egin zituen komisario-lanak, alegia, "Abentura bat baino gehiago" liburuaren egileak. Liburu horretan, 90 laguneko unibertsitate-talde hau Oñatira iritsi zeneko istorioa kontatzen da, hau da, Euskal Diasporan inflexio-puntua izan zen gertakaria.
Mundu Agenda
Irailaren 8ko ekitaldi ofizialarekin bat eginez, Euskal Diasporaren Eguna mundu osoan zehar ospatzeko, dagoeneko hainbat ekimen antolatuko dituztela baieztatu dute 15 herrialdetako euskal etxeek —Alemania, Argentina, Belgika, Brasil, Espainia, Erresuma Batua, Estatu Batuak, Frantzia, Kanada-Québec, Kuba, Kolonbia, Peru, Txile, Uruguai, Venezuela—, eta, orotara, irailaren 8an, ehun jarduera baino gehiago izango dira Munduko Agendan. Nolanahi ere, egun berezi honen harira, ekintza gehiago ere izango dira, izan ere, Diasporaren Egunaren ospakizunak irailaren 8aren hurrengo astera luzatzen dira Kanpoan den Euskal Komunitatean.
Irudian eta Eltzia eraikina atzean duela, Euskal Diasporaren Nazioarteko Eguna abian jartzen parte hartu duten pertsona guztiak (musikariak, abesbatzak, aktoreak, bertsolariak, dantzariak, akrobatak...). Ekitaldia joan den igandean, 2024ko irailaren 8an, egin da Oñatin. Hau izan da zazpigarren urtez jarraian egin den atzerrian euskal presentziari eskainitako ekitaldia.
Azken aldaketako data: