Logo Euskadi.eus
Hizkuntza

Ondare garaikidea

Txosten honek ondarearen kontzeptua eta kontzeptu hori osatzen duten elementuak etengabeko azterketan daudela hartzen du abiapuntutzat. Alderdi materialari eta memoriarekiko loturari eta balio historiko eta monumentalari lotutako ideia tradizionalaren aurrean, materialtasunetik eta antzinatasunetik bereizten duten ikuspegi berriak agertzen dira.

Etengabe berrikusten ari dira ondarearen kontzeptua eta hura osatzen duten elementuak. Materialarekin eta memoriarekin eta balio historiko eta monumentalarekin lotutako ideia tradizionalaren aurrean, materialtasunetik eta antzinatasunetik aldentzen duten ikuspegiak agertzen ari dira. Hala, azken urteotan, dimentsio garaikidea gehitzen joan zaio hala ondarearen kontzeptuari berari nola haren kudeaketari.

Hasiera batean, 1972an, UNESCOren Munduko Kultura eta Natura Ondarea Babesteko Hitzarmenean, ondasun ukigarriekin identifikatu zen ondarea. Geroago, 1989an, ondare ukiezinaren kontzeptuari ateak ireki zizkion Kultura Tradizionala eta Herritarra Babesteko Gomendioak. Gaur egun, oztopo horiek gainditu ditu ondarearen kontzeptuak, eta garaikidetasunarekin lotutako adierazpen eta denborazkotasun berriak gehitu ditu. Horren harira, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legeak, zioen azalpenean, hauxe dio berariaz: “ondarearen kontzeptua bera etengabe eraikiz doa, eta hura osatzen duten elementuak ere mudakorrak dira eta ekarpen berriak hartzeko irekita daude”.

Arte-adierazpen eta joera artistiko berriak sortu izanak eta teknologia digitalen bilakaerak premia berriak sortu dituzte ondarea aintzatesteko orduan, bai eta aukera berriak ere ondare hori zaintzeko, kontserbatzeko eta zabaltzeko. Horrek esan nahi du aintzat hartu beharreko erronka berriak sortu direla.

Zer irizpide hartzen dira kontuan ondare garaikidea baloratzeko eta kontserbatzeko? Zer kontserbatu daiteke eta zer kontserbatu behar da? Justifikatua al dago ondare berriena galtzen ari delako sentsazioa? Nola eman dakioke balioa? Zer ari da egiten?

Azterlan honek arrazoi batzuk eman nahi ditu gai horiei buruz, datuak eta orientabideak eskaini alor horretan garrantzitsuak diren erakundeentzat, bi ikuspegitatik begiratuta:

  • Gogoeta egitea hainbat konturen inguruan: ondare garaikidetzat zer hartzen den, ondare hori halakotzat jotzeko arazoa historian gertukoa izateagatik, ondare hori kontserbatzeko gomendioak, bizimoduak islatzeari dagokionez zenbateko garrantzia duen, memoriarekin duen lotura eta horrek dakartzan
    kudeaketa-zailtasunak, etab.
  • Gogoeta egitea ondare garaikidearen kontserbazioari buruz, kontserbazio-premia eta -erronka berriak nahiz dauden babes-elementuak eta etorkizuneko praktikak inspira ditzaketen elementu berritzaileak aztertuta.