Euskal Herriko gazteek dauzkaten ikus-entzunezkoen kontsumoak eta Informazio eta Komunikazio Teknologien (IKT) erabilerak aztertzen ditu Ikusiker ikerketak.
Gazteak ikus-entzunezko produktuen kontsumitzaile oparoak dira eta funtzio askotarako erabiltzen dituzte IKTak. Komunikazio-praktika hauen gaineko informazioa eskaintzen da txosten honetan, Bigarren Hezkuntzako eta Unibertsitateko ikasleek erantzun dituzten galdera-sortetatik lortutako emaitzen bidez. Datuak ikasketa-mailaka antolatuta aurkitu daitezke eta horrek aukera ematen du alderaketak egiteko. Izan ere, hainbat kontsumo portaeratan desberdintasunak daude Bigarren Hezkuntzako (11-17 urte) ala Unibertsitateko (18-23 urte) ikasleen artean.
Ikusiker egitasmoa martxan dago 2018-2019 ikasturtetik, eta UPV/EHUko NOR taldeak, EITBk, Kulturaren Euskal Behatokiak, Tabakalerak eta Euskararen Erakunde Publikoak gauzatzen dute, tokian tokiko ikasketa-zentroekin elkarlanean. Ikusiker ikerketari buruzko informazio gehiago www.ikusiker.eus webgunean aurkitu daiteke.