Logo Euskadi.eus
Hizkuntza

Kultura eta osasuna

Gure inguruko herrialde askotan, aspalditik ari dira kultura eta osasuna lotzearen garrantzia aztertzen eta aitortzen eta, ekimen zehatzak bultzatuz, aurreranzko urratsak egiten. Hala ere, ikusten da orain arte egin diren ekintzak indibidualak direla eta langartuta daudela, eta oraindik ez dagoela nazio mailan edo Europan kultura eta osasuna lotzen dituzten programak gauzatzeko baterako apusturik.

Kulturak osasunean dituen onurei buruzko eztabaida benetan sustatu zen Osasunaren Mundu Erakundeak (OME), 2019an, maila handian egindako txosten bat argitaratu zuenean, osasunaren eta arteen arteko erlazioaren literatura sakon ikertzen zuena eta haren azterketa fina egiten zuena. Egia da balio soziala edo berrikuntza neurtzeko adierazleen ereduetan kontuan hartzen dela kulturak ongizatean duen inpaktu positiboa, baina praktikan ez da harago jo, eta oraindik ere kultura ez da txertatzen, oro har, herrialdeen osasun-planetan, ebidentziak hor dauden arren.

Pandemia iritsi izanak eta hark mundu mailan eragin zuen kolpeak arreta mundu osoko osasun-sistemengan eta osasun fisikoa zein psikologikoa babestearengan jartzea ekarri zuen. Testuingurua horren kontuzkoa izanik, ihesbide gisa azaleratu ziren arteak eta kultura, eta agerian geratu zen pertsonen osasun-egoeran eta ongizatean duten eragina.

Kulturaren eta osasunaren arteko erlazioa aztertzen duten txosten eta lan gehienek kulturak, prebentzioko zein tratamenduko ekintzen bitartez, pertsonen osasun-egoeran dituen ondorio positiboak analizatzen dituzte. Txosten honetan, osasunaren eta kulturaren artean dagoen erlazioa aztertzearen aldeko apustua ere egiten da, pertsonen osasun-egoerak kultura-jarduna eta kultura-kontsumoa mugatzeko edo baldintzatzeko orduan duen eragina analizatuz. Horrela, bada, txostenaren helburua da kulturaren eta osasunaren artean, oro har, dagoen erlazioa aztertzea, noranzko bikoitzeko erlazioa dagoela kontuan izanda.

Pandemiak eztabaida publikoaren erdigunean jarri du osasuna, osasun mentala batez ere, eta azkartu egin du bizi-kalitatea hobetzeko irtenbideak bilatzeko eginkizuna. Hainbat forok –Interacciók, esaterako, haren azkeneko edizioan (2021eko azaroan)– kulturaren eta osasunaren arteko loturaren inguruko hausnarketa egin du. Europako Batzordeak, bestalde, iragarri berri du azterketa bat egingo duela, kultura-jardunen eta osasun mentalaren eta ongizatearen artean dagoen erlazioa analizatu eta Culture Action Europe erakundeak koordinatuko duena. Helburua izango da politiken benetako aldaketa eragitea eta osasunean eta ongizatean dimentsio berri bat sortzeko programak garatzeko eta esperimentatzeko erreferentziazko plataforma bat sortzea.

Testuinguru horretan, bibliografia berrikustea eta analisi sakona egitea planteatzen du azterketak, nazio zein nazioarteko mailan egiten ari diren eta etorkizuneko erabaki eta ekintzetarako inspirazio-iturri izan daitezkeen jardunbide egokiak ere erakutsiz.