Logo Euskadi.eus
Hizkuntza

EAEko dantza-profesionalei buruzko inkesta

ADDEk, Euskal Herriko Dantza Profesionalen Elkarteak, helburu du dantza gizartean, hezkuntzan, lan-munduan, kulturan eta mundu artistikoan gara dadila sustatzea, esperientziatik, konpromisotik eta bere profesionalen baterako gogoetatik abiatuta. Elkarteak sektorearen barne-kohesioa lortzeko eta profesionalen lan-baldintzak hobetzeko egiten du lan, dantzaren sektoreari kulturaren, prestakuntzaren eta lan-munduaren arloan eragiten dioten politika publikoetan eskuhartuz.

Xede horrekin, eta Kulturaren Euskal Behatokiaren laguntza teknikoarekin, ADDEk EAEko dantza-sektore profesionalari buruzko ikerketa bat egin du, ahal bezain fidagarria eta kontrastatua izango den erradiografia bat eskuratze aldera.

Ikerketa horrek, beste ezer baino lehen, sektorearen eta sektoreko profesionalen errealitatea bertatik bertara eta datuen bidez ezagutzeko balio behar du. Baina ez hori bakarrik, lortzen den informazioak sektorea indartzen lagunduko duten estrategiak eta zerbitzuak garatzeko oinarri izan behar du.

Horretarako, ikerketa honen metodologiari dagokionez, galdetegi ireki bat helarazi zaio sektoreari, estatistikaren arabera azter daitezkeen datuak eskuratze aldera.

Galdetegiak sei multzo ditu, eta 6 multzo horien arabera dago txosten hau antolatuta:

Demografia-datuak
Prestakuntza
Ibilbide profesionala
Lan-jarduerari buruzko datuak
Emaitza ekonomikoak
Zerbitzu sektorialen balorazioa eta lehenespena

Landa-lana 2022ko maiatzaren 11tik ekainaren 13ra bitartean egin zen. Zehazki, online erantzuteko galdetegi autoadministratu bat prestatu zen, eta ADDEk modu irekian zabaldu zuen. Unibertsoa sektoreko profesionalen multzoak osatzen du, eta ez bakarrik ADDEko bazkideek. Beraz, autohautatutako lagina da. Guztira, 82 dantza-profesionalek hartu dute parte inkestan.