Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saila

Euskalmet-en webgune berria, datu irekiekin sortua

Argitalpen-data: 

Euskalmet-en ataria2021eko martxoaren 23an, meteorologiaren egunean, Euskalmeten webgune berria argitaratu zen. Itxuraz, atariko informazioaren arkitektura eta interfaze grafikoa berriz diseinatu direla ematen du; baina, egiaz; datu irekietatik abiatuta sortutako proiektua da. Proiektua bi fasetan gauzatu da:

Datu meteorologikoak irekitzea

Lehenengo fasean, Euskalmeten webgunean zeuden datu guztiak ireki eta sektore berrerabiltzailearen eskura jarri genituen API (aplikazioak programatzeko interfazea) baten bidez. Ahalegin handia egin genuen Euskalmeten datu meteorologikoak formatu irekietan argitaratzeko eta API REST baten bidez haiek berrerabiltzea errazteko. Erregistratu beharra dago (doan) API hori erabiltzeko. Interfazearen abantaila nagusia da aukera ematen duela datuak modu ergonomikoagoan eta erabilgarriagoan berrerabiltzeko era automatizatuan.

Euskalmeten ataria birdiseinatzea

Bigarren fasean, Euskalmeten ataria berreraiki genuen, aurreko fasean irekitako datuetatik abiatuta. Edozein berrerabiltzailek eraiki lezake antzeko atari bat, datuak APIaren bidez eskura baitaitezke. Berreraikuntza-fase hori aprobetxatuta, webgunea osorik birdefinitzeko proiektu bat jarri genuen abian:

  • Audientziaren eta antzeko webguneen azterketa
  • Informazioaren arkitekturaren definizioa
  • Euskalmeten ataria eta marka-irudia birdiseinatzea
  • Web berria eraikitzea, lehenengo faseko datu irekietatik abiatuta

Emaitza errazago erabiltzeko webgune modernoa izan da, eta sortzerakoan lehentasuna eman zaie gailu mugikorretako bisualizazioari eta funtzionalitateei (mobile first eta PWA), erresoluzio handiagoko gailuetara modu optimoan egokitzen den aldi berean.