Ogasun eta Finantza Saila

1. osagaia

Osasuna eta pertsonen zaintza

COVID-19aren pandemia inflexio-puntua izan da herritarren osasun-premiei eta osasun-politikaren lehentasunei dagokienez. Krisiaren ondorioz, beharrezkoa da osasun-sistema indartzea, herritarrek aurrean izan ditzaketen osasun publikoko mehatxu berriei erantzun egokia emateko. Era berean, bizi izandako esperientziak nabarmendu du gizarte-zerbitzuek arreta, babesa eta zaintza eskaini behar dietela egoera bereziki ahulean dauden pertsonei, eta pandemiak herritar guztiengan dituen ondorio sozialei erantzun behar zaiela, eta baita sortzen ari diren egoerak prebenitu eta detektatu behar direla ere.

Zerbitzu sozialek, osasun arlokoek eta sozio-sanitarioek bultzada bat behar dute COVID-19-aren ondoriozko osasun-, ekonomia- eta gizarte-krisiaren ondorioz dauden edo/eta nabarmendu diren erronkei erantzuteko gaitasuna hobetzeko, banan-banan eta batera. Osasun- eta gizarte-trantsizioarekin erlazionatutako erronkak dira, eta arreta berezia eskaini behar zaie, alde batetik, adinekoei, bereziki kaltetutako kolektibo gisa, eta, bestetik, garapen teknologiko-digitalari, ezinbesteko baldintza baita sortutako egoerari erantzun egokia emateko.

Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzaren 2020-2024 Gobernu Programa gidatzen duten Oinarrizko hiru Printzipioetako bat euskal gizartearen osasuna bermatzea da, eta XII. legegintzaldian planteatutako Herrialde mailako helburuetako bat bizi-itxaropena 85 urtera arte luzatzea da. Gobernu Programa horren asmoa, osasun-sistemaren kudeaketa publikoa indartzea eta osasun-zentro eta -zerbitzuen titulartasun publikoari eustea da, osasun-sistema unibertsal, publiko, kalitatezkoa eta ekitatiboa defendatuz, eta Euskadin bizi diren pertsona guztiei kalitatezko osasun-zerbitzuen estaldura eta irisgarritasuna bermatuz. Hala, arlo horretan hartutako konpromisoen artean, lehen mailako arreta indartzea, integrazio asistentzialean aurrera egitea eta instalazio eta ekipamendu sanitarioak modernizatzea eta egokitzea nabarmendu behar dira.


.