Zer da Bikain eremu sozioekonomiko pribatuan
BIKAIN Eusko Jaurlaritzak ematen duen ziurtagiri ofiziala, publikoa eta doakoa da. Esparru sozioekonomikoan euskararen presentziaren, erabileraren eta kudeaketaren normalizazio-maila egiaztatu eta aitortzen du. Izen ofiziala hauxe da: Bikain – Euskararen Kalitate-ziurtagiria
Bikan ebaluazio-prozesuaren gakoak. (PDF, 302 KB)
Bikain ziurtagiria Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak kudeatzen duen aitortza-sistema integral baten katebegia da. 97/2023 Dekretuak arautzen du erakunde publiko eta pribatuen jardueran eta kudeaketan euskarak duen garapen-maila ebaluatzeko, egiaztatzeko eta aitortzen sistema, eta Hizkuntza Politikarako sailburuordearen ebazpen bidez EAEko arlo sozioekonomiko pribatuan Bikain - Euskararen Kalitate-ziurtagiriak lortzeko prozesuak garatzen ditu.
BIKAINeko ebaluazioa jasotzen duten entitateek kanpoko agente baten ikuspegia eta kontrastea jasotzen ditu aurrera egiten laguntzeko. Gainera, kanpoko ikuspegi hau jaso ondoren, hala badagokio, erakundeei egindako lana aitortzeko euskararen kudeaketa ziurtagiria ematen zaie ekitaldi publiko batean.
Hauek dira, besteak beste, Bikainen helburuak arlo sozioekonomiko pribatuan:
- Esparru sozioekonomiko pribatuan euskararen erabileraren, presentziaren eta kudeaketaren normalizazio-maila egiaztatzea eta aitortzea.
- Sektore pribatuan euskararen erabilera areagotzea.
- Erakundeen ezaugarri eta egoeretara egokitutako ebaluazio-prozesuak eskaintzea.
- Erakunde pribatuei euskararen erabileran eta kudeaketan urratsak emateko laguntza ematea.
- Kanpoko adituen ebaluazioaren bitartez entitateei beren indarguneak sendotzeko, zer hobetuak begiz jotzeko, eta aurrera egiteko oinarrizko orientabideak ematea.
- Praktika onak partekatzea, erakunde eta ebaluatzaileen artean.
- Erakunde hauetako askotan erabiltzen diren kudeaketa-sistema aurreratuetan hizkuntza-kudeaketa txertatzea.
- Honelako prozesuak abian dituzten erakundeei egindako lanaren eta ahaleginaren aitortza egitea eta berme instituzionala eskaintzea.
BIKAINeko ebaluazioa jaso dezakete beren jarduera Euskal Autonomia Erkidegoan duten esparru sozioekonomikoko erakunde pribatuek, osorik edo partzialki.
Erakundeen izaera kontuan hartuko da ebaluazio-, egiaztatze- eta aitortza-prozesuak zehazteko. Egitura, osaera eta antolaketa bereziki konplexua denean, ebaluazioaren bideragarritasuna edo ebaluazio egiteko modurik egokiena aztertuko da kasu bakoitzean.
Ebaluazioa eskatzen duten erakundeek gutxieneko autonomia izan behar dute ebaluatuak izan ahal izateko.
Kanpoan geratzen dira lantoki fisikorik ez duten erakundeak, bai eta gutxienez bi laguneko plantilla ez duten pertsona juridiko nahiz fisikoak.
Halaber, Bikain - Euskararen Kalitate-ziurtagiriaren maila jakin bat duen erakunde batek ezingo du ebaluazioa berriro eskatu, harik eta eskatutako azken ebaluazioari dagokion ebazpena eman eta 12 hilabeteko epea pasatu arte.
Bikain – euskararen Kalitate-ziurtagiriak hiru egiaztapen-maila ditu:
- Oinarrizko mailako ziurtagiria
- Erdi-mailako ziurtagiria
- Goi-mailako ziurtagiria
Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritza arduratzen da sektore pribatuko ebaluazio-prozesuen kudeaketaz, eta, horretarako, Idazkaritza Teknikoa osatu du.
Bestalde, Bikain aitortza-sistemaren gobernantzarako honako organo hauek daude:
Euskararen Kudeaketaren Aitortza-sistemaren Jarraipen Batzordea: berari dagokio aitortza-sistemaren koordinazioa, eta, besteak beste, eginkizun hauek izango ditu:
- esparru publiko eta sektore sozioekonomiko pribatuari dagokien aitortza-sistemaren zabalkundea egitea
- bi sektore edo esparru horien arteko beharrezko koordinazioa bermatzea
- sistemaren koherentzia mantentze aldera; aitortza-sistemari jarraipena egitea
- beharrezko hobekuntzak inplementatzea.
Artezkaritza Kontseilua: partaidetza sozialeko organo aholku-emailea da. Urteko ekintza-plana egitea dagokio, baita aitortza-sistemaren ereduari jarraipena egitea eta hobekuntza-jarduerak proposatzea.
Hauek dira Artezkaritza Kontseilua osatzen duten erakundeak:
a) Eusko Jaurlaritzako sailburuordetza
b) Arabako Foru Aldundia, Bizkaiko Foru Aldundia eta Gipuzkoako Foru Aldundia
c) Euskal Udalen Elkartea (Eudel)
d) Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea (UEMA)
e) Euskal Enpresaren Konfederakuntza (Confebask), Gipuzkoako Enpresen Elkartea (ADEGI), Bizkaiko Enpresarien Konfederazioa (CEBEK) eta Arabako Enpresak (SEA)
f) Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak (Konfekoop)