Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Saila

Euskadi.eus Eduki Kudeatzailearen eskuliburua

Eusko Jaurlaritzako Herritarrak Hartzeko eta Zerbitzu Digitaletako Zuzendaritzaren Web Zerbitzuak landu du tutoretza hau; haren bidez erakusten da nola erabili Eduki Kudeatzailea, zeina Euskadi.eus sareko atarietako edukiak sortu eta editatzeko balio duen aplikazioa da.

Euskadi.eus

Euskadi.eus Eusko Jaurlaritzaren eta haren mendeko erakundeen webgunea da, non informazioa, izapideak eta zerbitzuak eskaintzen dizkieten herritarrei. Halaber, atarien sare gisa definitu dezakegu Euskadi.eus, non Euskadiko administrazio autonomikoaren erakunde eta webguneek zerbitzuak eskaintzen dituzten.

Gaur egun, 60 webgune edo atari baino gehiagok osatzen dute.

Informazioa Euskadi.eus-en argitaratzeko, nahitaez erabili beharreko hainbat tresna komun ditugu. Hauek dira Interneteko presentzia kudeatzeko bi tresna nagusiak:

  • Atarien kudeatzailea
  • Edukien kudeatzailea

Zein da bien arteko aldea? Beherago azalduko dugu:

Edukien kudeatzailea

Euskadi.eus-en, edukiak sortzeko, aldatzeko, ezabatzeko eta argitaratzeko aplikazioa da.

Web nabigatzailearen bidez transmititzen den edukia da web-edukia: testua, irudiak, bideoak, dokumentuak, etab. Beste hitz batzuetan esanda, web-orri batean argitaratzen den informazio nagusia.

Edukien kudeatzaileak hainbat eduki-mota sortzeko aukera ematen du: albisteak, gertaerak, estatistika, informazio orokorra, dokumentazioa, etab.

Atarien kudeatzailea

Euskadi.eus-eko atari edo webguneetako nabigazio-sistemak eta elementu komunak kudeatzea ahalbidetzen duen aplikazioa da. Hau da, menuak, atariaren goiburua, gomendatuak, hizkuntza-aldaketa, orri-oina, webguneko azala, etab.

Euskadi.eus-en, oso garrantzitsua da “edukia” eta “ataria” kontzeptuak bereiztea, bi aplikazio desberdinen bidez kudeatzen baitira (Eduki-kudeatzailea eta Atari-kudeatzailea).

Hurrengo irudian, Eusko Jaurlaritzako sail baten webgunea ikus daiteke eta gorriz dago edukiari dagokion zatia eta, urdinez, atariari dagokion zatia:

Edukia eta atarien arteko ezberdintasuna Euskadi.eus

Euskadi.eus-eko Edukien Kudeatzaileak edukiak kudeatzeko aukera baino ez du ematen (gorriz); Atarien kudeatzailea, berriz, nabigazio-sistemak eta elementu komunak kudeatzeko aukera ematen du (urdinez).

Atari kudeatzailearen eskuliburua