Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2024ko apirilaren 19koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Astigarragan eskola-ekipamendu berria eraikitzeko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 96
  • Hurrenkera-zk.: 2345
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2024/04/19
  • Argitaratze-data: 2024/05/17

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena; Gobernua eta Administrazio Publikoa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2024ko urtarrilaren 15ean, Astigarragako Udalak Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan eskabide bat aurkeztu zuen, Ingurunet sistemaren bidez, Astigarragan eskola-ekipamendu berria eraikitzeko Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura has teko. Eskabidea abenduaren 9ko Euskadiko Ingurumen Administrazioaren 10/2021 Legean xedatutakoaren arabera egin zen, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluak eta hurrengoek arautzen duten ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuko prozeduraren esparruan. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, tartean, Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, 2024ko otsailaren 21ean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukituriko administrazio publikoei eta interesdunei. Jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Astigarragako Udalari jakinarazi zitzaion prozedura hasi zela.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluari jarraikiz.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.

Astigarragan eskola-ekipamendu berria eraikitzeko Plan Berezia abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluan jasotako kasuen artean dago. Hor ezartzen da zer plan eta programa jarri behar diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren mende, honako hau zehazteko: planak edo programak ingurumenean eragin nabarmenik ez duela ingurumen-txosten estrategikoan ezarritako zehaztapenen arabera edo, bestela, ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar dela, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluan arautzen da, II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa da, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, Planak ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, beraz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana garatzeko eta ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, hau

Lehenengoa. Astigarragan eskola-ekipamendu berria eraikitzeko Plan Bereziaren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, honako zehaztapen hauekin:

  1. Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

    Planaren eremua Astigarragako hirigunearen ekialdean dago, eta bertako HAPOko hiru hirigintza-eremutako 9.801 m2 lurzoru publiko hartzen ditu: HIE 12 «Mendiaundi Anibar», HIE 05 «Erdialdea» eta HIE 06 «Errekalde». Lursail horrek aldapa handia du hegoaldera begira; ekialdean, ubide txiki batekin muga du; mendebaldean, mailaka jarritako etxebizitza atxikien ilarekin du muga; hegoaldean, eraikin multzo batekin; eta iparraldean, hilerrira ematen duen Txoritokieta Bidea kalearekin.

    Astigarragako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Aldaketa Puntualak, Foru Gobernuaren Kontseiluak 2015eko maiatzaren 26an behin betiko onartuak, ekipamendu-sistema orokorreko lursail bat irakaskuntza-ekipamendu bat hartzeko kalifikatzen du (bigarren hezkuntzako ikastetxea) «Mendiaundi Anibar» HIE 12an, eta horretarako 7.873 m2-ko lursail bat mugatu da (8.594 m2, altxaketa topografikoaren arabera), 3.500 m2(t)-ko eraikigarritasunarekin.

    Kontuan hartuta eraikigarritasun fisikoaren zehaztapena hirigintza-antolamendu xehatuaren zehaztapen propioa dela, ez egiturazkoa (Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 56.1.e artikulua), Plana idatzi da, 2015ean onartutako plangintza egokitzeko; Astigarragak izandako hazkunde demografikoaren ondoriozko gaur egungo hezkuntza-beharrak asetzeko, batetik, eta plangintza Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak planteatutako premien programara egokitzeko, bestetik. Horretarako, ekipamendu-sistema orokorreko lursailari, 2015ean kalifikatuari, eraikigarritasun fisiko handiagoa eman behar zaio, 12.000 m2(t)-rainokoa, eta hirigintza-parametroak definitu behar dira, hala nola oinplanoko okupazioa, eraikuntza-profila eta eskola-lursailaren berrantolaketa.

    Planak ezarritako eraikigarritasun fisiko berria hiru erdisotoko solairu+beheko solairu+IIIko eraikuntza-profilean banatu da; nolanahi ere, kontuan hartu behar da eraikuntza-proiektuak aldatu ahal izango duela emandako eraikigarritasunen banaketa, betiere eraikigarritasun fisiko osoa errespetatzen bada. Bestalde, etorkizuneko ekipamendurako eta haren ingurunerako irisgarritasuna antolatu da, igogailu eta pasabide batzuen bidez. Azken helburu horretarako, Planak 1.207 m2 lur publiko gehitu dizkio bere antolamendu-eremuari («Erdialdea» 05 eta «Errekalde» 06 HIEetako espazio libre komunen tokiko sistema gisa kalifikatutakoak).

    Emandako eraikigarritasun fisikoa bi fasetan gauzatuko da; lehenengoan, 9.000 m2(t) egingo dira DBHko eraikinerako, eta 2.000 m2(t) kanpoko espazioetarako (pista eta arkupe estaliak, eskailerak eta bestelako sarbide estaliak); bigarren fasean, eraikinaren 3. solairua egingo da, batxilergoko geletarako (1.000 m2(t)). Hirugarren etapan, eremurako irisgarritasuna landuko da, Planak komunikazio-sistema orokor gisa kalifikatutako lursailean igogailuak instalatuz.

    Proposatutako antolamenduak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren irizpideei eta ikastetxeen tipologiari erantzuten die, eta honako hauek barne hartzen ditu: 1. eraikina («Ikasgelategia»), 2. eraikina («Mintegiak eta Gimnasioa»), 3. eraikina («Jolas-eremu estalia, Kirol-pista eta Patioa») eta, Ikasgelategiaren eta Kirol-erabilerarako gunearen arteko artikulazio-elementu gisa, «Harmaila». Ikasgelategiaren eta lursailaren iparraldeko mugaren artean irtenbidea emango zaio automobil- eta hornidura-ibilgailuentzako sarbideari, baita 20 plazako aparkalekuari ere beharrezkoa izanez gero, handitu egin liteke.

    Lursailerako zerbitzu-azpiegiturei ingurune urbanizatuan emango zaie irtenbidea. Elektrizitate-hargunea beste hiri-instalazio batzuekin batera lursailaren hegoaldeko muturrean dagoen transformazio-zentrotik egingo da, lurpeko trazaduraz; argiteria publikoa Galtzaur kalean dagoenarekin lotuko da; edateko uraren sareko hargunea Aranibarko bizitegi-guneko hornidura-saretik hartuko da, eta eraikina lursailaren tokirik baxuenean dagoen saneamendu-sarearekin lotuko da. Eremu berriko euri-urak Galtzaur kaleko ardatzetik doan 300 mm-ko hormigoizko hodira isuriko dira, eta lurrazaleko jariatze-urak beren ibilgu naturalari jarraikiz isuriko dira eremuaren ekialdeko errekastora.

    Lur-mugimenduaren azken balantzea ezezaguna da, baina eremuaren topografia, okupatu beharreko azalera eta hiru erdisoto dituen eraikuntza-profila kontuan hartuta, hondeaketa-soberakinak sortuko direla aurreikus daiteke.

    Alternatibei dagokienez, Planak ez du kokapen-alternatibarik jorratu, hierarkian gorago dagoen plangintzak zehazten baitu hori. Planak 0 alternatiba edo «esku ez hartzea» aurreikusi du, baina baztertu egin da, Astigarragako hezkuntza-eskaintza zabaldu behar delako. Lursailerako irisgarritasunerako hiru irtenbide alternatibo planteatu dira: 1. alternatiba: ibilgailuak behealdetik sartzea. 2. alternatiba: ibilgailuak mendi-mazelaren erdialdetik sartzea. 3. alternatiba: ibilgailuak goiko aldetik sartzea, hilerrirako sarbidea ematen duen bidea aprobetxatuz. Ingurumen-dokumentu estrategikoak dio 3. alternatibaren alde egin dela, epe luzera seguruagoa, argiagoa eta bideragarriagoa delakoan, eta eraikuntza-proiektuak lursailerako bide-lotura goiko aldetik konpondu beharko duela, sarbideak handituz eta maniobragarritasun egokia bermatuz. Gainera, alternatiba horrek aukera ematen du eremu beherena gauzatzeko, Galtzaur kaletik obretarako sarbidea izanda, eta, ondoren, zabalkunde-obrei goiko aldetik ekiteko; era horretan, eraikinari ahalik eta kalte gutxien eraginez.

    Ingurumen-dokumentu estrategikoaren arabera, Plana zuzenean garatuko da gauzatze-proiektu baten bidez.

  2. Proposatutako Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta bat etorriz Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira; hain zuzen ere, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

    1. Planaren ezaugarriak:

      Aurkeztutako dokumentazioa ikusita, Planak ez dauka baldintzatzailerik kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, besteak beste, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

      Planaren xedea (ekipamendu-sistema orokorreko lursailari eraikigarritasun fisiko handiagoa ematea; hirigintza-parametroak zehaztea, hala nola oinplanoko okupazioa, eraikuntza-profila eta eskola-lursailaren berrantolaketa, eta ekipamendurako eta haren ingurunerako irisgarritasuna antolatzea) bateragarria da Astigarragan indarrean dagoen hirigintza-plangintzarekin eta hierarkian gorago dauden gainerako planekin.

      Plana garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-kontsiderazioak integratzeko egokia dela ondorioztatu da, eta aukera ematen duela energia-aurrezpena eta -efizientzia sustatzeko neurriak txertatzeko.

      Ez da hauteman Plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, urei, natura-ondareari, hondakin eta isurpenei, zaratari, segurtasunari, osasunari eta ingurumenari buruz indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako jarduketak eta jarduerak.

      Azkenik, Plana egokitzat jo da Europar Batasuneko eta Espainiako ingurumen-arloko legeak ezartzeko.

    2. Ondorioen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak:

      Planak 9.801 m2-ko azalera bat antolatzen du: +12 eta +41 koten artean dago, % 20ko batez besteko malda du hegoaldera begira, eta lurzoruaren ezaugarri naturalei eusten die. Gaur egungo erabilera belar-landarediarekin, baratzeekin eta zuhaitzekin lotuta dago.

      Eremua Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoko «Urumeako Unitate Hidrologikoan» (ES017) dago, urak Galtzaur errekara isurtzen dituen errekasto txiki baten eskuinaldean; eremuak zati batean ukitzen du Galtzaur errekaren Jabari Publiko Hidraulikoko zaintza-eremua. Eremuak ez du Plan Hidrologikoak Babestutako Eremuen Erregistroko elementurik ukitzen, eta plangintzako eskumen-eremuei dagokienez, erkidego barruko arroen barruan dago eta ur-arloko eskumena Uraren Euskal Agentziari (URA) dagokio.

      Ezaugarri litologikoak hauek dira: iparraldeko herenean eta ekialdeko muturrean, pitzaduragatik iragazkortasun ertaina duten kareharri ezpuruak eta kalkarenitak; eremuaren gainerakoan, pitzaduragatik iragazkortasun handia duten kareharri ezpuruen eta kalkareniten azaleratzeak. Lurzoruek, oro har, gaitasun agrologiko mugatua dute, maldak baldintzatua.

      Eremua «Andoain-Oiartzun» lurpeko ur-masan dago, zeinak egoera global ona duen. Kareharri ezpuruak eta kalkarenitak pitzaduragatiko iragazkortasun handiarekin lotuta dauden arren, akuiferoen kutsadurarekiko zaurgarritasuna ertaina da eremuan, eta ez da interes hidrologikoko eremurik ukituko.

      Eusko Jaurlaritzak landarediaz egindako kartografiaren arabera (geoEuskadi), harizti azidofiloa eta harizti-baso misto atlantikoa daude ekialdean, ibarbidean, eremuaren iparraldeko mugan zabaltzen direnak; gainerakoan landaredi erruderal nitrofiloa dago, eremu urbanizatuei eta belardi eta labore atlantikoei lotua. Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, hain zuzen, ibarbidean baso misto atlantikoaren eta hariztiaren masa bat dago, eta erdialdean, garrantzi txikiko etxeko baratze txikiak. Eremu perimetralean, bai iparraldeko mugan, bai hegoaldekoan, hariztiaren eta hurriztiaren zuhaitz-oin nabarmenak identifikatu ditu aurkeztutako dokumentazioak. Era berean, espezie inbaditzaileak daudela ere adierazi da; zehazki, Panpa-lezka (Cortaderia selloana). Eremuan ez dago espezie mehatxaturik, baina 2019ko Batasunaren intereseko habitaten kartografiaren arabera, haren zati handi batek «Altitude txikiko sega-belardi elkorrak» Batasunaren intereseko habitata (6510 kodea) ukitzen du. Ingurumen-dokumentu estrategikoak dio habitat horren presentzia oso txikia dela, eta ez dagoela ia halakorik eremuan.

      Planaren xede den eremuak ez du ukitzen mehatxatutako fauna kudeatzeko planen xede den espaziorik. Aztergai dugun eremuko fauna izango da, seguruena, gizakien presentzia gehien onartzen duena; alegia, hiriguneetan bizitzera moldatu dena. Ez planaren eremuan, ez haren ingurunean, ez da topatu Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoen ezein kudeaketa-planetan sartutako eremurik, ezta abifaunarentzako babes-eremurik ere, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2016ko maiatzaren 6ko Aginduaren arabera (2016-05-23ko EHAA, 96. zk.).

      Bestalde, eremuak ez du ukitzen Natura 2000 sareko naturagune babesturik, ezta inbentaroan sartutako beste gune babestu edo natura-interesekorik ere. Halaber, ez dauka inbentario edo katalogoren batean jasotako paisaia-baliorik, eta ez du ukitzen EAEko Interes Geologikoko Lekuen Inbentarioan jasotako interes geologikoko lekurik, ez eta EAEko korridore ekologikoen sareko elementurik ere.

      Planaren xede diren lursailetan ez dago kalifikatutako edo inbentarioan sartutako kultura-ondareko elementurik.

      Eremua, Astigarragako ikuspen-arroari dagokiona, hiri- eta landa-trantsizioko paisaia oso gizatiartua da. Eremua ez dago EAEko Paisaia Berezien eta Apartekoen Katalogoan (Eusko Jaurlaritza, 2005).

      Ingurumen-arriskuei dagokienez, eremuak balizko higadura-arrisku handia du. Beste arrisku batzuei dagokienez, ez da ibai-uholdeengatiko arrisku-arazorik hauteman, ez eta lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten lurzoruen presentziaren ondoriozko arriskurik ere. Era berean, ez da sismikotasunaren edo baso-suteen ondoriozko arriskurik identifikatu, eta ez da hauteman salgai arriskutsuak garraiatzearen edo Seveso III Zuzentarauaren mendeko enpresetatik gertu egotearen ondoriozko arriskurik.

      Eremuaren egoera akustikoari dagokionez, ingurumen-dokumentu estrategikoak inpaktu akustikoari buruzko azterlan bat jaso du. Horren arabera, aldi guztietan aplika daitezkeen kalitate akustikoko helburuak beteko dira, bai gaur egungo egoeran, bai etorkizunekoan.

      Aurrekoa ikusita, Planaren garapenak izan ditzakeen ondorioak eraikin berrien eraikuntza-lanak gauzatzearekin lotuta daude. Lan horiek honako hau eragingo dute: lurzorua okupatzea, zuhaitz-landaredia kentzea, hondakinak eta soberakinak sortzea, solidoak botatzeagatik eta istripuzko isurketengatik uren kalitatea kaltetzeko arriskua, lurzoruen kutsadura, emisio atmosferiko eta akustikoek herritarrei eragozpenak sortzea eta abar.

      Ustiapen-fasean, paisaia-inpaktua arindu egingo da, lehendik dagoen topografiara egokituko baita antolamendua; nolanahi ere, garapena paisaian integratu beharko da. Bestalde, sortutako ezponden egonkortasuna bermatu beharko du dagokion azterlan geoteknikoak, edozein arrisku geotekniko saihesteko.

      Planetik eratorritako obrak horrelako jarduketetarako jardunbide egokien arabera egiten badira eta indarrean dagoen legeria betetzen bada, batez ere urei, natura-ondareari, hondakinei eta isurketei, zaratari, segurtasunari eta osasunari dagokiena, afekzioak txikiak izango dira, eta, oro har, aldi baterakoak, itzulgarriak eta leheneratzeko modukoak.

      Kontuan harturik aurreko guztia, eremuaren gaur egungo egoera, Planak indarrean den plangintzaren aldean proposatzen dituen aldaketen ondoriozko jarduketak, eta, orobat, aplikaturik prebentzio, babes- eta zuzenketa-neurriak, ez da espero jarduketa horiek inpaktu nabarmenik sortuko dutenik ingurumenean.

    3. Ebazpen honetan, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri adierazgarririk izan ez dezan eta Astigarragan eskola-ekipamendu berria eraikitzeko Plan Berezia ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren mende jarri beharrik egon ez dadin, baldin eta ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak Planean txertatzen badira.

      Babes- eta zuzenketa-neurriak indarrean dauden arauen arabera gauzatuko dira, baita ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera ere, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Planean bertan adierazitakoaren arabera.

      Beraz, Planak jaso beharko dituen zehaztapenen artean, honako hauek ditugu:

      Natura-ondarearen inguruko afekzioak murrizteko neurriak.

      Eraikinen azken antolamenduak ibarbideari lotutako hariztiaren eta baso misto atlantikoaren ahalik eta azalera handiena errespetatu beharko du; ingurumen-dokumentu estrategikoaren P-20 «Ingurumen-neurriak» planoan «Landarediaren babesa» gisa zehaztutakoa, gutxienez. Ildo horretan, gomendagarria da antolamenduak azalera hori lehendik dauden eta espazio libreen azalerarekin bat datozen landaredi autoktonoko masetara zabaltzeko aukera ematea. O_2 «Antolamendu eta kalifikazio xehatua» planoaren arabera, Planak eremuaren ekialdera mugatu du espazio libre horien azalera.

      Eremu horien babesa ziurtatu beharko da, obrak hasi baino lehen balizatuta, eta kontserbatu beharreko zuhaitzak babestuta, baldin eta makinen joan-etorriek edo inguruan aurreikusitako beste jarduketa batzuek zuhaitz horiei eragin diezaieketela ondorioztatzen bada.

      Kontuan hartuta eremuan espezie aloktono inbaditzaileak daudela (zehazki, Cortaderia selloana), Plana garatzeko proiektuak mota horretako espezieak kontrolatzeko eta desagerrarazteko protokolo bat izan beharko du, gutxienez honako alderdi hauek jasoko dituena:

      Espezie aloktono inbaditzaileak kentzeko lanek eragindako landare-materia guztia behar bezala kudeatuko da, landare-hondakinen ezaugarrien arabera.

      Espezie aloktono inbaditzaileak daudela hauteman den lekuetan egindako hondeaketatik ateratako lur-soberakinak ezin izango dira berrerabili, baimendutako soberakin-biltegira eraman beharko dira, eta espezie inbaditzaileen propagulurik gabeko lurren azpian lurperatuta geratzen direla bermatu beharko da, 3 metroko sakoneran gutxienez.

      Eremua leheneratzeko lanetan erabiliko den landare-lurrak flora inbaditzailearen propagulurik ez duela bermatu beharko da.

      Saihestu egingo dira beharrezkoak ez diren eta espezie exotiko inbaditzaileen haziak, aldaxkak edo zatiak transmititu ditzaketen lur-mugimenduak banbu japoniarra (Fallopia japonica), lila (Buddleja davidii) eta Panpa-lezka (Cortaderia selloana), adibidez. Era berean, «EAEko ibai-eremuetan landare inbaditzaileen espezieak kudeatzeko jardunbide egokien gidaliburua»n jasotako jarraibideak bete beharko dira, bereziki lanabesak eta laneko makinak garbitzeari eta desinfektatzeari dagokienez. Gidaliburu hori Uraren Euskal Agentziak egin du, eta bere webgunean eskuragarri dago.

      Planak eremuko ingurumena leheneratzeko plan bat izan beharko du, haren azken osaera eta Planaren garapenak ukituko dituen esparru guztiak leheneratzea jasoko dituena. Plan horrek irizpideak eta gauzatu beharreko jarduketak ezarriko ditu. Besteak beste, honako hauek:

      Ibarbideari lotutako harizti-baso misto atlantikoa sendotzeko lanak, bertako espezieak landatuz (Quercus robur, Fraxinus excelsior, Acer minor, Crataegus monogyna, Corylus avellana, Salix atrocinerea, Euonymus eurapaeus eta abar); tratatu beharreko azalerak, erabili beharreko espezieak, landaketa-dentsitateak, landare motak eta abar adierazi beharko dira.

      Harizti-baso mistoko espezieak landatzea ingurumen-dokumentu estrategikoaren P-20 «Ingurumen-neurriak» planoan «Paisaia-integrazioa» gisa mugatutako azaleretan, baita ibarbideari lotutako baso mistoaren ondokoetan ere; haren azalera handitzeko, alegia.

      Ezponden diseinuak lurraren egonkortasuna bermatu beharko du, horretarako idatzitako txosten geoteknikoen gomendioei jarraikiz. Nolanahi ere, diseinu horrek kontuan hartu beharko du ezpondak landareztatzearen bidez (hidroereintzak edota ereintzak eta landaketak) eta bioingeniaritza-teknikak aplikatuta (horma berdeak, bilbadurak, adar-estaldurak eta abar) egonkortzeko aukera, ahal den neurrian, tratamendu gogorrak saihestuz, hala nola hormigoizko hormak, harri-lubeta hormigoituak, gunitatuak eta abar.

      Berdeguneak «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenari jarraikiz loreztatuko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egin zuen. Espezie autoktonoak erabiliko dira eta jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak agertzeko arriskua txikiagoa izan dadin. Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia, Cortaderia selloana eta beste batzuk.

      HIE 12ren hirigintza-fitxan, eremua garatzeko baldintzatzaile gisa sartu beharko dira landaredia babesteko, espezie inbaditzaileak desagerrarazteko eta kontrolatzeko, ingurumena leheneratzeko eta paisaia-integraziorako neurriak. Berariaz jaso beharko da Plana garatzeko proiektuak «Leheneratze-proiektua» izango duela, eta bertan garatuko direla leheneratze-planak proposatutako jarduketak, gauzatzeko behar adinako xehetasunarekin, aurrekontua barne.

      Identifikatutako arriskuei buruzko neurriak:

      Eremuaren topografia, balizko higadura-arriskua, okupatu beharreko azalera eta erdisotoko hiru solairu dituen eraikuntza-profila kontuan hartuta, Plan Berezia garatzeko proiektuak neurri egokiak hartu beharko ditu lurraren egonkortasuna bermatzeko, eta, hala badagokio, ezpondak naturan oinarritutako irtenbideen bidez egonkortzea lehenetsi beharko du.

      Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk:

      Hargatik aurreko neurriak eragotzi gabe, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurriak lotuta egongo dira obrak egiteari, lurrak eta soberakinak kudeatzeari, hondakinak sortu eta kudeatzeari, hondeatutako lurzoruak kontrolatzeari, eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteari buruzko jardunbide egokien eskuliburuarekin. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira, eta Planak azkenik ezartzen dituen zehaztapenetan txertatu:

      Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauei lotutako alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, uretara ezer isurtzea saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jarduerak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.

      Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten lan osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatu beharko dira. Kontratistaren instalazio-eremuak (barne hartuta makineria-parkea, obra-txabolak eta obrako materialak eta landare-lur eta hondakinak aldi baterako pilatzeko guneak) ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.

      Hondakinak sortu eta kudeatzea: Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak xedatutakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.

      Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barnean dela.

      Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen bada.

      Olio erabiliak Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraikiz kudeatu beharko dira.

      Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, baldin eta hondakinen tipologia dela-eta isurketaren baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte, eta itxita egon beharko dira kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen. Aipatutako ontziek era argian, irakurgarrian eta ezabaezinean etiketatuta egon beharko dute, indarrean dagoen araudiaren arabera.

      Eremu jakin bat egokituko da behin-behinean hondakin arriskutsuak pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Era berean, lanek irauten duten bitartean, sortzen diren hondakinak biltzeko gailu estankoak jarriko dira lanak egiteko eremu osoan (bidoiak, etab.). Motaren arabera bereiziko dira hondakinak, eta, ondoren, aldi baterako biltegiratuko dira aipatutako garbigunean.

      Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia bakoitzeko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.

      Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean biltegiratuko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zolata iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihes eta isuri posibleei eusteko sistemen barruan.

      Araudia betetzea errazagoa izan dadin, zeregin bakoitzaren ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lanen arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, inolaz ere ez da efluente kontrolatu gaberik sortuko, erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.

      Eraikuntza- eta erais pen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

      Obrak egin bitartean, lurzorua kutsatzen duten substantziak daudela adierazten duten zantzu sendoak agertuz gero, horren berri eman beharko zaie, berehala, Astigarragako Udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, azken horrek zehatz dezan zer neurri hartu behar diren eta zein pertsona fisikok edo juridikok gauzatu behar dituen neurri horiek, Lurzorua kutsatzea saihesteko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikuluarekin bat.

      Halakorik izanez gero, obretan sortutako hondeaketa-soberakinak soberakinen biltegi baimendura eraman eta hauen arabera kudeatuko dira: 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utziz deuseztatzeko jarduera arautzen duena, eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.

      Lurzoruaren eta lurpeko uren babesa: prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ezarriko dira obra-faserako, istripuzko isuriek eragindako erasanak saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea eta abar).

      Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Ez da makinen mantentze-lanik egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan, eta, nolanahi ere, hondakinak (bereziki, erabilitako olioak) biltzeko sistema bat izango duen plataforma iragazgaiztu baten gainean egingo dira obran erabiltzen den makineriari erregaia jartzeko eta lubrifikatzaileak aldatzeko lanak baita bestelakoak ere, urak kutsatu ez daitezen.

      Hirigintza-garapen berriak behar-beharrezkoak diren azaletara mugatu beharko du zoladura edo okupazio iragazgaitza, eta drainatze-sistema jasangarriak txertatu beharko ditu (zoladura iragazkorrak, ekaitzetarako tankeak edo gailuak eta abar), jariatze-urak aurreko egoeraren balioarekin alderatuta handituz gero, hori konpentsa daitekeela edo ez dela nabarmena bermatzeko; halaber, sortutako jariatze-uren tratamendua aurreikusi beharko da (urtarrilaren 24ko 35/2023 Errege Dekretuaren bidez onartutako Kantauri Ekialdeko Plan Hidrologikoaren 48. artikulua; Errege Dekretu horren bitartez, Kantauri Mendebalde, Guadalquivir, Ceuta, Melilla, Segura eta Jucarreko plan hidrologikoen berrikuspena onartu zen, bai eta Kantauri Ekialde, Miño-Sil, Duero, Tajo, Guadiana eta Ebroko demarkazio hidrografikoen Espainiako zatikoena ere).

      Gauzatze-faserako, Galtzaur errekaren eta urak bertan isurtzen dituen errekastoaren lurrazaleko uren kalitatearen kontrola zehaztu beharko da. Eremuaren inguruko ibilguetako uren kalitatea gutxitzen ari dela hautemanez gero, isolamendu- eta dekantazio-neurri nahikoak ezarri beharko dira lurrazaleko urek ahalik eta solido gutxien arrastatzeko, hala nola luzetarako jalkitze-hesiak, dekantagailuak, sedimentu-tranpak edo iragazkiak eta abar.

      Nolanahi ere, gogorarazi behar da Jabari Publiko Hidraulikoaren zortasun- edota zaintza-eremuan egin beharreko Plan Bereziko jarduketa guztiek Uraren Euskal Agentziaren nahitaezko baimena izan beharko dutela. Baimen horren esparruan aztertuko dira, zehatz-mehatz, eskola-ekipamendu berria eraikitzeko eta urbanizatzeko proiektuan proposatutako babes- eta zuzenketa-neurriak.

      Obretako zaratak: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan xedatutakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuei eta emisio akustikoei dagokienez, obra-fasean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara eta, bereziki egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

      Obrek iraun bitartean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki hondeaketetan, eraispenetan, zamalanetan eta garraio-lanetan, bai eta erabilitako makinen mantentze-lan orokorretan eta zaraten eta bibrazioen sorburuan ere.

      Eguneko lan-ordutegian egingo dira lanak.

      Sei hilabeterako baino gehiagorako lanak badira, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluaren arabera, inpaktu akustikoari buruzko azterketa bat egin beharko da, behar diren zuzenketa-neurriak zehazteko. Inpaktu akustikoari buruzko azterlan horretan aztertu beharko da zer onura akustiko lortu nahi den zuzenketa-neurri horien bitartez, eremu akustiko eta eraikin zaurgarrietan zarata-maila murrizteari dagokionez, eta ukitutako udalerriari jakinarazi beharko zaio haren edukia.

      Horrek guztiak ez du kentzen Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa betetzea; hau da, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala emango zaio horren berri Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuari, hark zer neurri hartu behar diren erabaki dezan.

      Kamioiek obrara sartzeko eta handik irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, lehentasunez, erratz-makina mekanikoak erabiliko dira.

      Eraikuntzaren jasangarritasuna: eraikuntza eta eraikingintza jasangarriagoak egiteko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan (https://www.ihobe.eus/argitalpenak) jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko, bai eta energia berriztagarrien sustapena ere. Neurri horiek, gutxienez, arlo hauetan izan beharko dute eragina:

      Materialak. Lehengai berriztaezin gutxiago kontsumitzea.

      Energia. Energia-kontsumoa murriztea edota energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.

      Edateko ura. Edateko ur gutxiago kontsumitzea.

      Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

      Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

      Barnealdeko kalitatea. Barnealdeko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

      Bigarrena. Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta betiere ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusi Astigarragan eskola-ekipamendu berria eraikitzeko Plan Bereziak ondorio kaltegarri adierazgarririk izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez dela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren mende jarri behar.

      Hirugarrena. Ebazpen honen edukia jakinaraztea Astigarragako Udalari.

      Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

      Bosgarrena. Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen ondoreak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Astigarragan eskola-ekipamendu berria eraikitzeko Plan Berezia onartzen ez bada. Hala gertatuz gero, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, ez bazaio ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatzen. Luzapena eskatuz gero, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.

      Vitoria-Gasteiz, 2024ko apirilaren 19a.

      Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

      JAVIER AGIRRE ORCAJO.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik