Jiangsuko gobernuak Txinerara itzuli du Eusko Jaurlaritzaren etika eta jokabide kodea, etika publikoarekiko konpromiso eredugarri gisa ezagutarazteko

erkoreka_codigo_01.jpg

2016.eko martxoak 29

 

  • Jiangsu eskualdeak 77 milioi biztanle ditu eta Txinako indartsuenetako bat da.
  • Erantzukizun publikoko 347 kargudunek sinatu dute Eusko Jaurlaritzaren Etika eta Jokabide Kodea, egin zenetik ia 3 urte igaro diren honetan.
  • Etika publikoko Batzordeak jasotzen dituen zalantza, kontsulta eta salaketa guztiak –gaur arte, 40–, ebatzi ostean, webgune ofizialean argitaratzean dira:www.euskadi.eus

Txinako Jiangsu eskualdeko gobernuak Eusko Jaurlaritzaren Etika eta Jokabide Kodea itzuli du txinerara, kargudun publikoei ezagutarazi, eta horien eredu izan dadin birgaitze politikoarekin eta gobernantza onaren balioekin hartutako konpromisoan. Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak oso positibotzat jo du nazioarteko errekonozimendu hori «kargu publikoak dauzkagunon jokabide etikoaren alde Eusko Jaurlaritzak egindako apustua bide onetik doala» adierazten duelako.

Etika eta Jokabide Kodea txinerara itzultzea iragan irailean Jaurlaritzako ordezkariek eta Jiangsu eskualdeko Gobernu-erakundeen Lan-batzordeko kideek egindako bileraren fruitu da. Bilera hartan izan ziren Jaurlaritzaren izenean Herri Administrazio eta Justiziako sailburu Josu Erkoreka, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Marian Elorza, Funtzio Publikoko sailburuorde Andrés Zearreta eta HAEEko zuzendari Maite Iruretagoiena, eta Txinako agintariek Eusko Jaurlaritzaren bideari heltzeko asmoa agertu zuten, etiko publikoaren arloari dagokionez.

KODE ETIKOAK 3 URTE

Eusko Jaurlaritzak 2013ko maiatzean jarri zuen indarrean Etika eta Jokabide Kodea eta orduz geroztik Euskadiko administrazio orokorreko eta instituzionaleko zuzendaritza exekutiboan ardurazko karguak dituzten pertsona guztiek sinatu dute. Zehazki, 347 pertsonek.

Indarrean jarri eta gutxira, 2013ko urrian, Etika Publikoaren Batzordea eratu zen, Etika eta Jokabide Kodea betearaztea bermatzeko.Gaur arte, batzorde horrek 40 auzi ebatzi ditu eta doktrina-oinarri bat eratu da, arduradun politikoen jokabidea bideratzeko, irizpide etiko zorrotzen arabera. 

Eusko Jaurlaritzak, orain ia hiru urte indarrean jarri zuenean, ekintza publikorako eredu propio eta aitzindaria ezarri nahi zuen, konpromiso eta erantzukizun handiagokoa, zuzendaritzako jardunbide egokiak bultzatzeko eta, batez ere, herritarrek zuzendaritza-postu publikoetan dauden pertsonengan duten konfiantza areagotzeko. Hala, kargudun publikoen eguneroko lanetan hainbat irizpide etiko ezarri ziren, tartean, zintzotasuna, gardentasuna, parte-hartzea, erantzukizuna, zerbitzu publikoa eskaintzeko borondatea, etab.

JIANGSU

Jiangsuk 76,7 milioi biztanle ditu, eta Txinako probintzia indartsuenetako bat da; bigarren BPG nominal handiena du. Atzerriko inbertsioarentzat Asiako erraldoiaren lehen helburua da, gero eta azpiegitura eta industriagune gehiago dituelako. 912 enpresa pribatu baino gehiago daude ezarrita probintzian eta horietatik 41 Euskadikoak dira.

Jiangsuk tradizio handia du manufaktura-sektorean, eta bere egitura ekonomikoa garatzeko eta hobetzeko eredua eraldatzeko prozesuan murgilduta dago bete-betean. Eraldaketa horrek industria tradizionala modernizatzea eta optimizatzea ditu oinarri, teknologiaren eta berrikuntzaren aldeko apustua eginda. Euskadik xede duen industria-ereduaren antzeko ezaugarriak ditu, bada.