Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

87. zk., 2024ko maiatzaren 6a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
2116

EBAZPENA, 2024ko otsailaren 15ekoa, Justizia zuzendariarena, zeinaren bidez ebazten baita dirulaguntzak norgehiagoka-araubidearen arabera emateko deialdia, 2024-2025eko ekitaldietarako proiektu komunitario hauetarako: askatasunaz gabetuta eta EAEko espetxeen mende dauden pertsonak birgizarteratzeko eta haiei arreta soziala emateko proiektuak, eta pertsona zigortuei espetxean –araubide irekian zein komunitarioan– zigorra betearazteko eta tratamendurako laguntza emateko proiektuak.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2023ko azaroaren 2ko Aginduaren bidez (2023ko azaroaren 21eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 222. zk.), dirulaguntzak lehia-araubidearen arabera emateko deialdiaren oinarri arautzaileak ezarri ziren, 2024-2025eko ekitaldietarako proiektu komunitario hauetarako: askatasunaz gabetuta eta EAEko espetxeen mende dauden pertsonak birgizarteratzeko eta haiei arreta soziala emateko proiektuak, eta pertsona zigortuei espetxean –araubide irekian zein komunitarioan– zigorra betearazteko eta tratamendurako laguntza emateko proiektuak.

Bigarrena.– Eskabideak aztertu ondoren, eta deialdiaren aginduaren 19. artikuluarekin bat etorriz, balorazio-batzordeak, 2024ko otsailaren 1ean eta 14an egindako bileretan, ontzat eman zuen aurkeztutako laguntza-eskabideak ebazteko txosten-proposamena, bai eta kasuan-kasuan eman beharreko zenbatekoak eta eskabideak ukatzeko arrazoiak ere. Batzordearen aktak eta ebazpen-proposamena zuzendaritza honetara bidali dira, dirulaguntzak emateko edo ukatzeko ebazpena eman dezan.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2023ko azaroaren 2ko Aginduaren 20. artikuluan xedatutakoaren arabera, Justizia zuzendaria da eskatutako dirulaguntzak onartu edo ukatuko dituen ebazpena emateko eskumena duen organoa, eta hark ebatzi behar ditu, halaber, proiektu bakoitzaren dirulaguntzaren zenbatekoak, diruz lagundutako proiektuak irauten duen urteko ekitaldi bakoitzaren arabera banakatuta. Aipatutako agindu horren bidez, argitara ematen da proiektu komunitario hauetarako dirulaguntzen deialdia: askatasunaz gabetuta eta EAEko espetxeen mende dauden pertsonak birgizarteratzeko eta haiei arreta soziala emateko proiektuak, eta pertsona zigortuei espetxean –araubide irekian zein komunitarioan– zigorra betearazteko eta tratamendurako laguntza emateko proiektuak.

Bigarrena.– Deialdiaren aginduaren 17. artikuluak ezartzen du zein irizpideren arabera baloratu behar diren aurkeztutako eskabideak, eta xedatzen du eskabideak gutxienez 60 puntu lortu beharko dituela dirulaguntza jasotzeko, aipatutako irizpideen arabera.

Kasu honetan, balorazio-batzordeak uste du 67, 3, 8, 13, 22, 31, 50, 68, 2, 15, 21, 38, 55, 4, 7, 9, 34, 39, 43, 49, 51, 12, 14, 57 eta 72 espediente-zenbakia duten ISL-2023 serieko proiektuak ez direla 60 puntura iritsi, eta, beraz, haien eskabideak ezetsi egin behar direla.

Hirugarrena.– 16.1 artikuluak dioenez, balorazio-batzordeak, eskabideak emateko edo ukatzeko ebazpen-proposamena egin baino lehen, zehaztu ahal izango du zenbateko dirulaguntza eman dakiekeen interes partzialekoak eta ez-osokoak diren proiektuei, edota diruz lagundu ezin diren edo beharrezkoak ez diren gastuak ote dauden.

Kasu honetan, espediente hauetan zehaztu da aurrekontuaren zenbatekoa: ISL-2023 serieko 10,11,16, 18, 20, 24, 25, 29, 36, 37, 45, 53, 54, 56, 61, 62, 64, 65, 66, 69, 74 eta 75.

Laugarrena.– 19. artikuluaren arabera, aginduan jasotako betekizunak betetzen dituzten eta 60 puntu edo gehiago lortu dituzten proiektuak modalitatetan sailkatuko dira (A, B, C, D, E, F), eta balorazio-irizpideak aplikatuz lortutako puntuazioaren arabera ordenatuko dira, handienetik txikienera (gehienez ere 100 puntu); proiektuei eskatutako zenbatekoa emango zaie, edo, hala badagokio, balorazio-batzordeak zehaztutakoa, harik eta dagokion proiektu-lerroan edo -modalitatean aurrekontua erabilgarri geratu arte, hargatik eragotzi gabe aginduaren 3.3 artikuluan ezarritakoa.

Bosgarrena.– 3.3 artikuluak hau dio: proiektu-modalitate jakin batean kreditu zati bat gelditzen bada esleitu gabe, gerakin hori beste proiektu batzuetara bideratu ahal izango da, baldin eta, gutxieneko puntuazioa lortu arren (60 puntu), ezin izan badute euren modalitatean dirulaguntzarik jaso kreditu faltagatik, betiere deialdirako jarritako kreditu osoa gainditzen ez bada.

Horregatik guztiagatik, eta ikusirik deialdiaren aginduaren 14. artikuluan izendatutako balorazio-batzordeak onartu dituen balorazioaren txosten-proposamena eta ebazpena, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Dirulaguntzak ematea I. eranskinean zerrendatutako entitate eta proiektuei, bertan adierazitako zenbatekoen arabera. Ordaintzeko modua eta epeak, bai eta dirulaguntzak justifikatzeko modua ere, bat etorriko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan ageri diren oinarri arautzaileetan xedatutakoarekin:

https://www.euskadi.eus/servicios/0040813

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0040813

Bigarrena.– Ezestea II. eranskinean zerrendatutako dirulaguntzen eskabideak, ez dutelako lortu aginduaren 17. artikuluaren arabera eskatzen den gutxieneko puntuazioa (60 puntu).

Hirugarrena.– Xedatzea, 39/2015 Legearen 84.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, atzera egin dutela ISL-2023 serieko 46., 47. eta 48. espedienteek.

Laugarrena.– Adieraztea B eta D proiektu-modalitateetako aurrekontu-kreditua ez dela nahikoa modalitate horietan onartutako eskabide guztiei erantzuteko; eta, A, C, E eta F lerroetan kreditu zati bat esleitu gabe gelditu denez, ebazten da gerakin horren bidez ordaintzea B eta D modalitateetan krediturik ez izateagatik dirulaguntzarik jaso ezin izan duten proiektuak (betiere 60 puntuko gutxieneko puntuazioa lortu badute), aintzat hartuta funtsezko interesa dutela EAEko espetxeen beharrei erantzuteko.

Bosgarrena.– Ebazpen hau interesdunei jakinaraztea eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea, deialdiaren aginduaren 20. artikuluan araututakoarekin bat etorriz.

Seigarrena.– Dirulaguntza onartu dela ulertuko da, baldin eta entitate onuradunak kontrakorik adierazten ez badu 5 eguneko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Zazpigarrena.– Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko Justiziako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko otsailaren 15a.

Justizia zuzendaria,

EUGENIO ARTECHE PALOMAR.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala