Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

87. zk., 2024ko maiatzaren 6a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
2115

AGINDUA, 2024ko apirilaren 23koa, Hezkuntzako sailburuarena, hezkuntza-ituna duten ikastetxe pribatuentzako dirulaguntza-deialdia egiten duena, 2024-2025 ikasturtean Ulibarri Programan jarraitzeko edo sartzeko.

Ekainaren 11ko 84/2019 Dekretuak (ekainaren 21eko EHAA) hizkuntza-normalizazioko Ulibarri Programa arautzen du.

Aipatu dekretuaren 8.d) artikuluak zera dio: «Hezkuntza-ituna duten ikastetxe pribatuetan, hezkuntza arloko eskumenak dituen Sailak dirulaguntza emango du ikastetxeko hizkuntza normalizazioko arduradun teknikoari bere eskola-emankizunetan esleitu zaizkion ezinbesteko liberazio-orduen kostua ordaintzeko, dekretu honen 20. artikuluan xedatutakoarekin bat».

Bestalde, Dekretuaren 18.1 artikuluaren lehen puntuak honakoa dio: «Dirulaguntza deialdia hezkuntza alorreko eskumenak dituen sailburuaren agindu baten bidez egingo da. Deialdi horretan ezarriko dira programari esleitutako aurrekontu-kreditua eta eskabideak aurkezteko epea». Deialdi hau 2024. urteko Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota dago. Horrez gain, Dekretuaren 27.3 artikuluak dio hezkuntza-ituna duten ikastetxe pribatuentzat aipatutako prozedurak agindu bakarrean iragarri ahal izango direla, edo bereizitako deialdietan.

Deialdi honen prozeduran aplikagarri izango dira hizkuntza-normalizazioko Ulibarri Programa unibertsitatez kanpoko ikastetxeetan arautzen duen Ekainaren 11ko 84/2019 Dekretua (ekainaren 21eko EHAA); Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren eta berorren araudia onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren oinarrizko xedapenak; 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa; eta abenduaren 17ko 698/1991 dekretua, Euskal Autonomi Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena.

Hortaz, agindu batekin 2024-2025 ikasturtean Ulibarri Programan jardungo duten ikastetxeek izango dituzten baliabideak finkatu behar dira, eta programan sarbidea eskatu nahi duten ikastetxeentzako prozedura ezarri.

Horren guztiaren haritik, hauxe

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea eta diru-baliabideak.

1.– Deialdi honen xede nagusia hau da: 2024-2025 ikasturtean Ulibarri Programan parte hartu nahi duten itunpeko ikastetxe pribatuei dei egitea eskaerak egin ditzaten. Eskaera programan orain arte dauden ikastetxeek egin dezakete edo aurrenekoz parte hartu nahi dutenek.

Deialdi honi dagokion araudia unibertsitatez kanpoko ikastetxeetan hizkuntza-normalizazioko Ulibarri Programa arautzen duen ekainaren 11ko 84/2019 dekretuan jasota dago.

2.– Hezkuntza Sailak deialdi honetan Ulibarri Programan sartuko diren edo jarraituko duten itunpeko ikastetxeei dirulaguntzak esleitzeko 1.225.000 euro erabiliko ditu gehienez.

2. artikulua.– Eskabideak.

1.– Ulibarri Programan sartu edo jarraitu nahi duten hezkuntza-ituna duten ikastetxeek eskabidea egin behar dute. Horretarako, hilabeteko epea izango dute, agindu hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Eskabideak aurkezteak deialdi honetako oinarrietan jasotako baldintzak espresuki eta formalki onartzea dakar.

2.– Eskabidearen aurkezpena modu telematikoan egingo da. Izapideak egiteko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak eskuragarri dauden administrazio-prozeduraren informazio-fitxa helbide hauetan dago:

2.1.– Ulibarri Programan sartu nahi duten ikastetxeak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0173223

2.2.– Ulibarri Programan jarraituko duten ikastetxeak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0173224

3.– Eskabidearen ondorengo izapideak, bide elektronikoz egindakoak, jakinarazpenak eta justifikazioak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren «Nire karpeta» bidez egingo dira:

https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak eskuragarri daude helbide honetan:

https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

5.– Elektronikoki izapidetu ahal izango da ordezkari baten bidez. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordetzeen Erregistro Elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan eskuragarri:

https://www.euskadi.eus/ordezkaria

3. artikulua.– Eskatzaileek eskabidearekin batera aurkeztu beharko duten dokumentazioa.

1.– Ikastetxe berriak: 2024-2025 ikasturtean Ulibarri Programara bildu nahi duten ikastetxeek, eskabidearekin batera, honako dokumentuak aurkeztu behar dituzte:

a) Ikastetxearen hizkuntza-normalizaziorako proiektua (2022-2026), ekainaren 11ko 84/2019 Dekretuan ezarritakoaren arabera eta Berritzegune Nagusiko aholkulariek emandako jarraibideekin bat, eta, betiere, www.ulibarri.euskadi.eus webgunean dagoen eredua erabilita.

b) Proiektuak ikastetxeko Ordezkaritza Organo Gorenaren edo ikastetxeko Eskola Kontseiluaren onarpena baduela egiaztatzen duen agiria.

c) Proiektua ikastetxeko hizkuntza-proiektuaren ildo nagusietan txertatzen dela egiaztatzen duen ikastetxeko zuzendaritzaren agiria.

2.– Ulibarri Programan dauden ikastetxeak: 2024-2025 ikasturtean Ulibarri Programan jarraitu nahi duten ikastetxeek horretarako eskabidea egin beharko dute. Ikastetxeek honako helbide honetan jasotako arauen arabera aurkeztu beharko dute eskabidea:

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0173224

4. artikulua.– Eskatzaileek bete beharrekoa.

a) Dirulaguntza ematea bidezko egiten duen jarduera gauzatzea edo dirulaguntza ematea bidezko egiten duen egoeran egotea.

b) Entitate emaileari justifikatzea dirulaguntza ematea edo dirulaguntzaz baliatzea eragin duten baldintzak eta betekizunak betetzen direla eta jarduera aurrera eraman dela. Jarduera pertsonei buruzkoa bada, sexuaren arabera bereizitako datuak eman beharko dira.

c) Organo edo entitate emaileak egingo dituen egiaztatze-jarduketak onartzea, bai eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren kontrol-jarduketak ere, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura eskuratu diren dirulaguntzen kasuan. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziak xedatutako jarduketak ere onartu beharko dituzte, bai eta finantzaketa dela-eta beste kontrol-organo batzuek egin ditzaketenak ere.

d) Beste edozein administrazio edo ente publiko edo pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea entitate emaileari. Hura jakin bezain laster eman beharko diote haren berri, eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertarako erabili diren justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.

e) Laguntza ematerakoan kontuan izan zen dena delako egoera objektiboa edo subjektiboa aldatu baldin bada, horren berri ematea entitate emaileari. Hura jakin bezain laster eman beharko diote haren berri, eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertarako erabili diren justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.

f) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, baita dirulaguntzak organo emaileari berreskuratzeari buruzkoak ere, betetzen dituztela egiaztatzea dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena egin aurretik eta hura ordaintzeko unean. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan ogasun-gaietako eskumena duen saileko titularrak agindu bidez arautuko du hori egiteko modua.

g) Izaera juridikoak hala eskatzen badu, kontabilitate-liburuak, izapidetutako erregistroak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuta edukitzea, kasu bakoitzean onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritza- eta sektore-legeek ezarritakoaren arabera, bai eta dirulaguntzen oinarri erregulatzaileek eskatzen dituzten kontabilitateko egoera-orriak edo berariazko erregistro guztiak ere, behar bezala egiaztatzen eta kontrolatzen direla bermatzeko.

h) Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzeko dokumentuak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztapenak edo kontrolak egiteko erabil baitaitezke.

i) 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen 27. artikuluan jasotako zabalkunde-neurriak betetzea.

j) 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen 36. artikuluan aurreikusitako kasuetan, jasotako funtsak organo emaileari berreskuratzea edo, diruz lagundutako jardueraren edo egindako jarduketaren kostua baino gehiago jasoz gero, soberakina organo emaileari berreskuratzea.

k) Ikuspegi intersekzionala eta, bereziki, sexuari eta generoari dagokion alderdia errespetatzen dituen hizkera eta irudiak erabiltzea dirulaguntza jasotzen duen jarduera edo proiektuak behar dituen agiri eta material guztietan.

l) Diruz lagundutako jarduerarekin zerikusia duten argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean herritarren hizkuntza-eskubideak eta bereziki euskararen erabilera bermatzea.

5. artikulua.– Justifikazioa.

1.– Ulibarri Programan lehenbizikoz sartzeko edo jarraitzeko eskaera egin eta programaren Jarraipen Batzordearen oniritzia jasotzen badute, ikastetxeek 2024ko irailaren 2tik 2024ko irailaren 30era 2024-2025 Ikasturteko Hizkuntza-Normalizazioko Plana eskegi beharko dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalean: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

2.– 2025eko ekainaren 2tik 2025eko ekainaren 30era bitartean, 2024-2025 Ikasturteko Memoria aurkeztu behar dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «nire karpeta» atalean: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

3.– 2024-2025 ikasturtean hizkuntza-normalizazioko arduradun teknikoaren (HNAT) diruz lagundutako liberazio-orduak estaltzeko kontratatutako irakasleen nominak eskegi beharko dituzte 2025eko ekainaren 2tik 2025eko ekainaren 30era bitartean egoitza elektronikoko «nire karpeta» atalean: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

a) Honako nomina hauek aurkeztu behar dira: 2024ko irailetik 2025eko ekainera artekoak, biak barne.

b) Aurkeztu beharreko nominak ikastetxeko planaren arduradun teknikoa (HNAT) ordezkatzeko kontratatutako irakasleenak dira.

c) Ikastetxean planaren arduraduna ordezkatzeko kontratatutako irakasleen nominek ordainketa eskuordetutik kanpo egon beharko dute.

4.– Justifikazio-inprimakia.

Ikastetxeek honako helbide honetan jasotako justifikazio-inprimakia bete eta bidali beharko dute:

4.1.– Ulibarri Programan sartu nahi duten ikastetxeak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0173223

4.2.– Ulibarri Programan jarraituko duten ikastetxeak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0173224

6. artikulua.– Jarraipen Batzordearen osaera.

– Batzordeburua: Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren zuzendaria: Amaia Agirre Pinedo.

– Bokalak:

a) Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzako Euskara eta Eleaniztasunerako zerbitzuburua: Alberto Telleria Zabala.

b) Euskara eta Eleaniztasunerako Zerbitzuan Ulibarri Programaz arduratzen diren bi teknikari: Alfredo Castresana Herran eta Maitane Izagirre Zubimendi.

c) Berritzegune Nagusiko bi aholkulari (HNA) eta Berritzegune Nagusiko hizkuntza-normalizazioko programaren arduraduna: Rakel Iruarrizaga Barragan, Ane Salvador Errasti eta Joseba Ibarretxe Fernandez de Larrinoa.

d) Egoki iritziz gero, hizkuntza normalizazioaren arloan itzala duten adituek ere parte hartu ahal izango dute batzordean, gehienez bik.

– Idazkaria: b) letran aipatutako teknikarietako bat.

7. artikulua.– Bete beharreko araudia.

Deialdi honi dagokion araudia unibertsitatez kanpoko ikastetxeetan hizkuntza normalizazioko Ulibarri Programa arautzen duen ekainaren 11ko 84/2019 Dekretuan dago jasota.

8. artikulua.– Datuen babesari buruzko informazio oinarrizkoa.

Zure datu pertsonalak erabiliko dira, eta tratamendu-jarduera honi erantsiko zaizkio: Ikaskuntza eta Hezkuntza Berriztatzeko dirulaguntzak.

– Arduraduna: Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.

– Helburua: Ikaskuntza eta Hezkuntzaren Berriztatzea finantzatzea eta laguntzea.

– Legitimazioa:

– Tratamendua beharrezkoa da, interes publikoaren aldeko eginkizunen bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak betetzeko jardunean.

– Hartzaileak:

– Ekonomia eta Ogasun Saila, ikastetxe publikoak eta itunpeko ikastetxeak.

– Eskubideak: datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, baita informazio gehigarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere.

– Informazio osagarria: gure web-orrian kontsulta dezakezu Datuen Babesari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua: www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/050400-capa2-eu.shtml

Araudia:

– Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra (www.euskadi.eus/contenidos/informacion/normativa_dpd/eu_def/adjuntos/RGPD-2016_0679_eu.pdf).

– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. (www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf).

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari; beraz, honen aurka berraztertzeko errekurtsoa jar dakioke Hezkuntzako sailburuari hilabeteko epean, EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita. Era berean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta bi hilabeteko epean.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak agindu honek.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko apirilaren 23a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.


Azterketa dokumentala