Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

87. zk., 2024ko maiatzaren 6a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
2111

EBAZPENA, 2024ko apirilaren 24koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitara ematen baita etorkinen prestakuntza eta laneratzerako errotze-arrazoien bidez egoitza eta lanerako baimenak errazteko ibilbide integralen proiektuetara bideratutako dirulaguntzen deialdia.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2024ko apirilaren 23ko bileran hartutako erabakiaren bidez, onartu egin du etorkinen prestakuntza eta laneratzerako errotze-arrazoien bidez egoitza eta lanerako baimenak errazteko ibilbide integralen proiektuetara bideratutako dirulaguntzen deialdia. Maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartutako Lanbideren Estatutuen 10.2 artikuluko n) atalean xedatutakoaren arabera (abuztuaren 30eko 98/2022 Dekretuak emandako idazkeran), organismo autonomo horretako zuzendari nagusiari dagokio deialdi hori argitaratzea.

Azaldutakoa dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Etorkinen prestakuntza eta laneratzerako errotze-arrazoien bidez egoitza eta lanerako baimenak errazteko ibilbide integralen proiektuetara bideratutako dirulaguntzen deialdia argitaratzea, hain zuzen ere organismo autonomo honen administrazio-kontseiluaren 2024ko apirilaren 23ko bileran hartutako erabakiaren bidez onartua (ebazpen honen eranskin gisa jaso da).

Bigarrena.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak laguntza-deialdia onartzeko hartu duen erabakiak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Hirugarrena.– Deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko apirilaren 24a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

FRANCISCO PEDRAZA MORENO.

ERANSKINA
ETORKINEN PRESTAKUNTZA ETA LANERATZERAKO ERROTZE-ARRAZOIEN BIDEZ EGOITZA ETA LANERAKO BAIMENAK ERRAZTEKO IBILBIDE INTEGRALEN PROIEKTUETARA BIDERATUTAKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIA

Atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunei eta haien gizarteratzeari buruzko 4/2000 Lege Organikoaren Erregelamenduaren erreforma, apirilaren 20ko 557/2011 Errege Dekretuaren bidez onartua (Atzerritartasun Erregelamendua), uztailaren 26ko 629/2022 Errege Dekretuak egikaritu duena, Europar Batasunak garatutako Gaitasunen Aldeko Itunean jasotakoaz baliatu da. Itun horrek zenbait gaitasunen hutsunea murrizteko migrazio-politika erregular bat sustatu nahi du, Europa mailan. Horretarako, egoitza baimentzeko figura berri bat sortzeko proposatzen du, beste neurri batzuen artean: prestakuntzarako errotzea, hain zuzen.

Atzerritartasunaren Erregelamenduaren 124.4 artikuluan, zehazki, figura berri horren baldintza eta betekizunak jasotzen dira. Era berean, figura horren ulermen eta aplikazio uniformeak bermatzeko, Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazioen Ministerioak SEM 1/2022 Jarraibideak argitaratu ditu, prestakuntzarako errotzeari eta Atzerritartasunaren Erregelamenduak (apirilaren 20ko 557/2011 Errege Dekretuaren bidez onartutakoak) 124. artikuluan aurreikusitako errotze-arrazoien ondoriozko aldi baterako egoitza baimentzeko beste gai komun batzuei buruzkoak.

Prestakuntzarako errotzearen figura horrek egoitza-baimena lortzeko aukera ematen die Espainian egoera irregularrean dauden eta prestakuntza-konpromiso eraginkorra duten pertsonei. Hartara, pertsona horiek lan-merkatura sartzea lortu nahi da eta, aldi berean, enpresek estali nahi dituzten lanpostuetarako beharrezkoa den prestakuntza duten langileak prestatu.

Errotzearen figura berritzaile honen izaera integrala nabarmena da, bi faseri erantzuten baitie: lehen fasea egoitzarena eta bigarrena egoitza eta lanarena. Hala, migratzaileen integrazioa, laneratzea eta gizarteratzea errazten dira, haien egoera administratiboa erregularizatu eta laneko kontratazioa sustatu ahala.

Helburu horiek lortzeko, beharrezkoa da egoera administratibo irregularrean dauden pertsonen prestakuntzan, laguntzan eta kontratazioan erabakigarriak izango diren eragile desberdinek parte hartzea, prestakuntzarako errotzearen baldintzak betez; hala nola, enpresen sektoreak, hirugarren sektoreko erakundeek eta administrazio publikoek.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua Gipuzkoako Ostalaritzako Enpresarien Elkartearekin lankidetzan aritu da, gaur egun ostalaritzaren sektoreak bizi dituen enplegu-dinamikei erantzuna emateko proiektu baten bidez oraintsu gauzatutako esperientzia pilotu batean. Hala, 30 partaideren laneratzea eta gizarteratzea sustatu du, prestakuntzarako errotzea indartuz.

Esperientzia pilotu horrek deialdi hau antolatzeko aski informazio kuantitatibo eta kualitatibo eman du, aipatu proiektuaren garapenaren eta egikaritzaren testa, balorazioa eta jarraipen jarraitua egitea ahalbidetu baitu.

Hain zuzen ere, lortutako emaitzak (tartean nabarmentzekoa da oso ikasle gutxik utzi dutela proiektua, atzerritarren identifikazio-zenbakiak ebazteko epeak azkarrak izan direla eta enplegagarritasun-maila altua lortu dela) oso positiboki baloratu dituzte esku hartu duten agente guztiek. Horrenbestez, egungo deialdia justifikatzen dute, duen izaera berritzailea eta interes ekonomiko eta sozialeko arrazoi agerikoak nabarmenduz.

Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak (zeinaren bitartez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen baitira eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen), Lan eta Enplegu Sailari izendatzen dizkio, besteak beste, enplegu-politika eta enplegurako lanbide-heziketa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren lankidetzarekin, dauzkan erantzukizunei dagokienez, Hezkuntza Sailak gai honetan dituen eginkizunak oztopatu gabe.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren helburua da –Lan eta Enplegu Sailari atxikitako organismo autonomoa baita– enplegu egonkor eta kalitatezkorako eskubidearen garapen osoari laguntzea, langileen enplegagarritasuna bermatzen lagunduko duen lan-merkatuaren garapenaren alde lan egitea, eta enpresaren eskakizunei egokitutako langileen beharrizanak asetzea, bai eta gizartearen eta lurraldearen kohesioari laguntzea ere, betiere esleitzen zaizkion enplegu-politikak kudeatuz eta lan-arloko legeria egikarituz.

Xede horiek betetzeko, haren eginkizuna da, besteak beste, prestakuntza- eta enplegu-programak egin eta onartzea, bai eta laneratzeko eta gizarteratzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonentzako programa espezifikoak ere, maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartutako organismo autonomoaren Estatutuaren 3. artikuluaren b) eta k) ataletan ezarritakoaren arabera.

Erabaki honetan aurreikusitako laguntzak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2024ko ekitaldiko Dirulaguntza Plan Estrategikoan aurreikusita daude. Organismo autonomo horren Administrazio Kontseiluak onartu zuen plana, 2023ko abenduaren 14ko batzarrean hartutako erabakiaren bidez, eta, hartara, bete egin zuen Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 6. artikuluan xedatutakoa. Plan hori Lanbideren webgunean dago argitaratuta: www.lanbide.euskadi.eus.

Dirulaguntza horiek zeharkako helburu estrategiko honetan laguntzen dute: «Aukera-berdintasuna, euskal enplegu-politikaren oinarrizko ardatza». Helburu hori, era berean, gako estrategiko honetan sartzen da: «Aukera-berdintasuna enpleguan beste kolektibo zaurgarri batzuentzat».

Deialdi honen izaera berritzailearen ondorioz, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Prestazioen eta Inklusioaren Zuzendaritzak programaren jarraipen intentsiboa eta ebaluazio jarraitua egingo du. Hala, egiten diren kontratazioen emaitzen informazio zehatza emango dio organismo autonomo honetako Administrazio Kontseiluko Prestazioen eta Inklusioaren Batzordeari.

Horregatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak egindako proposamena kontuan hartuta, organismo autonomo honetako Administrazio Kontseiluak, 2024ko apirilaren 23ko saioan, etorkinen prestakuntzarako eta laneratzerako errotze-arrazoien bidez egoitza eta lanerako baimenak errazteko ibilbide integralen proiektuetara bideratutako dirulaguntzen deialdia onartu du, artikulu hauen arabera:

1. artikulua.– Xedea eta baliabide ekonomikoak.

1.– Deialdi honen xedea da 2024an emango diren laguntzak arautzea, Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta dauden eta Espainian bi urtez jarraian egon diren herritar atzerritarren laneratzerako eta gizarteratzerako ibilbide integraletan laguntzeko, beren laneratzea eta gizarteratzea erraztu eta egoitza eta lanerako baimena lortzeko aukera emanez, prestakuntzarako errotze-arrazoien ondorioz, eta, hala, pertsona horiek kontratatuz.

2.– Deialdi hau finantzatzeko baliabide ekonomikoak 3.000.000 eurokoak dira: horietatik 1.080.000 euro 2024ko ordainketa-kreditukoak dira; 632.835 euro 2025eko konpromiso-kreditukoak; eta 1.287.165 euro 2025eko ohiko aurrekontuaren ordainketa-kredituaren kargurakoak, honela banatuta:

– 1.712.835 euro ibilbide integralen proiektuak finantzatzeko (2. artikuluko 1.1, 1.2 eta 1.3 ataletan deskribatutako jarduerak); horietatik 1.080.000 euro dira 2024ko ordainketa-kreditukoak eta 632.835 euro 2025erako konpromiso-kreditukoak.

– 1.287.165 euro lan-kontratuak finantzatzeko, 2025eko ohiko aurrekontuko ordainketa-kredituaren kargura.

Kopuru horiek % 50 handitu daitezke, hala badagokio, baldin eta indarreko legeriaren arabera aurrekontuetan aldaketak onartzen badira. Aldaketa horiek eginez gero, horren berri jakinaraziko da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.

3.– Lan-kontratuak finantzatzeko laguntzak ebazteko, aurretik kreditu nahikoa eta egokia egon behar da 2025. urterako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan, betiere Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluaren ondorioetarako; agindu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargutan egiteko diren gastu-espedienteen aurretiazko izapidetzea araupetu zen.

4.– Prestakuntza-ibilbideak eta lan-kontratuak egiteko dirulaguntzak (2. artikuluko 1.3 eta 1.5 apartatuetan deskribatutako jarduketak), osorik edo zati batean, Europako Gizarte Funtsak kofinantzatu ahal izango ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko EGF+ 2021-2027 Programaren esparruan. Zehazki, 2.H.02 neurrian sartuko lirateke (pertsona zaurgarriak laneratzeko eta gizarteratzeko ibilbideak), 2. lehentasunaren barruan (gizarteratzea eta pobreziaren aurkako borroka).

2. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduketak.

1.– Diruz lagundu ahalko da, deialdi honetan aurreikusitako baldintzetan, prestakuntzarako eta laneratzerako errotze-arrazoien ondorioz egoitza eta lanerako baimenak errazteko ibilbide integralen proiektuak egitea, halakotzat jota jarduketa hauek guztiak konbinatzen dituztenak:

– Enpresa kontratatzaile posibleekin kontaktatzeko eta haiek inplikatzeko aukera ematen duen enpresa-prospekzioa eta lan-bitartekaritza.

– Gizarteratze eta laneratzeko ibilbide pertsonalizatuak.

– Prestakuntza-ibilbidea.

– Lanekoak ez diren praktika ordainduak.

– Lan-kontratazioa.

1.1.– Enplegu-aukeren prospekzioa, enpresa edo erakunde enplegatzaile posibleak kontaktatu eta inplikatzeko aukera ematen duena, lan-merkatuaren beharrizanak identifikatuz, eta partaideak proiektu integralean kontratatzen amaitzen duena, enpresei babes teknikoa eskainiz lan-kontratuak egin eta administrazioan izapidetzeko orduan.

Jarduketa horretan honako jarduera hauek sartzen dira:

a) Enpresari-sarearen beharrizanak aztertu eta identifikatzea, lanpostuen estaldurari eta langileen trebakuntza eta gaitasunei buruz, prestakuntza-ibilbidea behar bezala definitzeko.

b) Dirulaguntzaren xede den taldeari egokitutako enplegu-aukerak bilatzea eta jasotzea, banakoa oinarri hartuta. Enpresak erakartzea, partaideen lanekoak ez diren praktikak eta lan-kontratuak egiteko.

c) Prestakuntzarako errotze-arrazoien ondorioz egoitza eta lanerako baimenak sustatzeko ibilbide integralen proiektuan sartzen diren jarduketen informazioa, sentsibilizazioa eta azalpena ematea enpresei, proiektuko agente aktibo moduan duten partaidetza eta kontratazio-konpromisoa sustatzeko.

d) Laguntza tekniko osagarria ematea enpresei egoitza eta lanerako baimenak eskuratzeko lan-kontratuak egin eta administrazioan izapidetzean, prestakuntza-ibilbidea amaitutakoan.

e) Artikulu honen 1.5 puntuan aurreikusitako kontratazioa sustatzeko laguntza-eskabidea izapidetzen laguntzea.

f) Lanpostuak identifikatzea eta xehetasunez aztertzea: enpleguaren ezaugarriak eta garatze-baldintzak zehaztea, informazio garrantzitsu eta beharrezko guztia lortzeko.

g) Partaideen artean hautagai egokien lehen aukeraketa egitea. Lanpostu hori betetzeko behar diren ezaugarriak dituzten pertsonak identifikatzea.

h) Lan-eskaintzen eta enplegu-eskarien arteko kasazioa egitea. Bateragarritasuna aztertzea: alde batetik, lanpostuaren profila, eta, bestetik, postu hori betetzeko hautatutako pertsona.

1.2.– Gizarteratze eta laneratzeko ibilbide pertsonalizatuak: Partaideen egoitza eta lanerako baimenak eskuratzeko prozesu osoan informazioa, orientazioa eta laguntza emateko ekintzak.

Ibilbide horietan honako jarduera hauek sartzen dira:

a) Orientazioa, aholkularitza eta laguntza indibiduala ematea pertsonari babesa emateko orduan, prestakuntzarako errotze-arrazoien ondorioz egoitza eta lanerako baimenak eskuratzeko helburuak, estrategiak eta plangintza zehaztu eta martxan jartzeko.

b) Informazioa, aholkularitza juridikoa eta laguntza ematea eta jarraipena egitea errotze-figuraren ondorioz egoitza eta lanerako baimena eskuratzeko administrazio-izapideen prozesuan, Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioaren menpeko atzerritartasun-bulego egokiarekin, honako jarduera hauek barne:

– Atzerritartasuna izapidetzeko zerbitzurako sarbidea erraztea, aurretiazko hitzorduaren, egoitza elektronikoaren, merkurio aplikazioaren eta abarren bidez.

– Prestakuntzarako errotze-arrazoiengatik hasierako egoitza-baimena eskatzeko beharrezkoak diren baldintzak betetzen ote diren egiaztatzea eta betetze horren jarraipena egitea (egonaldi jarraitua zenbatzea, Espainian sartu aurreko bost urteetan bizileku izan den edo diren herrialdeetako agintariek igorritako zigor-aurrekarien ziurtagiria aurkeztea...), bai eta, ondoren, bigarren egoitza- eta lan-baimena lortzeko ere (soldata-mota, hitzarmen kolektibo aplikagarriaren arabera ezarritako soldatarekin, lanbidearteko gutxieneko soldata bermatuz; jasotako prestakuntzaren familia profesionalarekin lotutako kontratua...).

– Laguntza tekniko osagarria ematea prestakuntzarako errotze-figurak dituen bi faseetan laguntzeko: lehen fasea egoitzarena da eta bigarrena egoitza eta lanarena.

– Aldi baterako egoitza-baimenak luzatzeko aukerei buruzko informazioa ematea.

c) Aholkularitza ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan izena emateko moduari buruz, egoitzarako baimena nahiz egoitza eta lanerako baimena lortzeko prozesuaren fase desberdinen arabera.

d) Laguntza ematea helburu profesionala zehazteko orduan eta azalpenak ematea egin beharreko prestakuntza-ekintzetako okupazioaren eta ondoren lan-kontratuaren artean egon behar den loturaren gainean.

e) Erregularizazio-prozesu osoaren espektatiba lantzea, prozesuan esku hartzen duten fase eta baliabide desberdinen artean koordinatzeko beharra kontuan hartuta (atzerritartasun-bulegoa, prestakuntza-ibilbidea, kontratua...).

f) Partaideak bere ibilbidea garatzean gauzatu dituen ekintzen jarraipen banako eta pertsonalizatua egitea, ibilbidea berrikusi eta eguneratzea, eta mugarri, etapa eta betebeharrak finkatu eta ikuskatzea.

g) Enplegu-bilaketa aktiborako aholkularitza ematea eta teknikak ezartzea. Atal honetan, informazioa emango da, eta besteren konturako enplegua bilatzeko eskuragarri dauden bitartekoen, tekniken eta tresnen oinarrizko erabilera erakutsiko da. Azken horietan sartuko da, besteak beste, bitarteko telematikoak eta sare sozialak erabiltzeko aholkularitza.

h) Enplegu-eskariaren administrazio-egoera aldatzea, baja eman, berrikusi edo eskaera eguneratuta. Erabiltzailearentzako arreta indibidual espezifikoa ematen du. Horren barruan sartzen da eskaeraren administrazio-egoera aldatzea, eskaera berrikustea eta, hala badagokio, enplegu-eskaria, eskatutako okupazioak, prestakuntza eta esperientziaren datuak eta bestelakoak eguneratzea.

i) Lanekoak ez diren praktikekin laguntzea eta horien jarraipena egitea. Teknikariek partaide bakoitzaren jarrera eta eskumenen jarraipena egingo dute, astero, esku hartzeko modurik egokienean, zereginen ohiko jardunean eragin gabe.

j) Enpresako solaskideak ebaluazio jarraitua egiteko erraztasunak jartzea eta hurrengo fasera pasatzeko helburuan laguntzen ez duten disfuntzionaltasun posibleak bideratzea.

k) Laguntza pertsonalizatua ematea eta jarraipen indibidualizatua egitea, kontratazioa hasitakoan. Kontratua formalizatu ondoren, kontratatutako pertsonaren eta enpresaren artean jarraipena egiteko beharra ezartzen da, laneratzea behar bezala garatzen dela bermatzeko eta sor daitezkeen doikuntza desberdinak estaltzeko.

l) Ebaluazioa egitea: hala prozesu guztiaren garapenaren balorazioa, nola gogobetetze-mailarena, bai partaidearena, bai enpresarena.

1.3.– Prestakuntza-ibilbidea.

Prestakuntza-ibilbidearen barruan prestakuntza-ekintza kualifikatzaile bat, gutxienez, egon beharko da, aurrez aurreko modalitatean kontratatzeko konpromiso eta guzti. Horren barruan, enpresan lanekoak ez diren praktikak egiteko aldi bat sartu beharko da. Gainera, prestakuntza-ekintza kualifikatzailea baino lehen, diruz lagundu ahalko da zeharkako prestakuntza, bai eta eskumenak eskuratzeko prestakuntza ere, baldin eta proiektua ondo amaitzeko beharrezkoa bada.

Eman beharreko prestakuntza hori profesionaltasun-ziurtagiriak edo Prestakuntza Espezialitateen Katalogoan sartutako bestelako prestakuntzak eskuratzeko izan daiteke.

Prestakuntza-ekintzak onartzeko, gehieneko partaide-kopurua 15 izango da, eta gutxienekoa 8.

Enpresetan lanekoak ez diren praktikak 200 ordukoak izan beharko dira, salbu eta egoitza eta lanerako baimena eskuratzeko aukera ematen duen enpresaren kontratazioa hura amaitu baino lehen gertatzen bada.

Prestakuntza profesionaltasun-ziurtagiriak lortzera bideratuta dagoenean, 200 orduen barruan sartuko dira, hala badagokio, lantokiko prestakuntza praktikoaren moduluen orduak, Profesionaltasun Ziurtagiria arautzen duen Errege Dekretuaren II. eranskinean ezarritakoaren arabera.

Profesionaltasun-ziurtagiriekin lotutako lantokietako prestakuntza praktikoan zehar, bete egin beharko dira Gizarte Segurantzaren gaineko betebeharrak (alta eta kotizazioa), urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren berrogeita hamabigarren xedapen gehigarrian ezarritakoak. Ondore horietarako, prestakuntza-ekintza horietan aplikatu beharko da Lanbideren Administrazio Kontseiluak 2024ko martxoaren 19ko bileran hartutako erabakian xedatutakoa. Erabaki horren bidez, Lanbidek finantzatutako prestakuntza-ekintzak egiteko bigarren neurriak onartzen dira, profesionaltasun-ziurtagiriak eskuratzeko, prestakuntza-praktikak egiten dituzten ikasleak Gizarte Segurantzaren Sisteman sartzearen eragina jasan duten kasuetan.

1.4.– Lanekoak ez diren praktika ordainduak.

Aurreko atalean aurreikusitako prestakuntza-ibilbidea amaitutakoan, eta laneko kontratua sinatutakoan eta egoitza eta lanerako baimena eskatutakoan dagokion atzerritartasun-bulegoan, partaideek proiektuarekin duten loturari eta leialtasunari eusteko eta egoitza eta lanerako baimenak dakartzan kudeaketa administratiboen epea estaltzeko, partaideei lanekoak ez diren praktika ordainduak emango zaizkie, urriaren 24ko 1493/2011 Errege Dekretuaren esparruan (prestakuntza-programetan parte hartzen duten pertsonak Gizarte Segurantzako araubide orokorrean sartzeko baldintzak arautzen dituena), honako baldintza hauen arabera:

a) Praktika horien iraupena gehienez ere egoitza eta lanerako baimena eskuratzeko eta administrazio-kudeaketak amaitzeko behar den denbora izango da, hitz emandako kontratazioak egiteko egokia, eta, Lanbidek berariaz besterik adostu ezean, ezingo da 3 hilabetetik gorakoa izan.

b) Lantokian bekadunak benetan egin behar dituen orduak oro har egunean 6 izango dira eta astean 30, enpresak eta bekadunak presentzia handiagoa adostu ezean, baina, edonola ere, egunean 8 orduko eta astean 40 orduko muga gainditu gabe.

c) Enpresaren eta prestakuntza-zentroaren artean sinatzen diren lankidetza-hitzarmenetan alderdi hauek jasoko dira, besteak beste: enpresak daukan betebeharra, lanetik kanpoko praktiketan parte hartzen duten pertsonei gutxienez 840 euroko beka ordaintzeko, baldin eta lantokian benetan egindako ordu-kopurua egunean 6 ordukoa bada. Baldin eta, enpresak eta bekadunak hala adostuta, benetan bertan egon behar den denbora altuagoa bada, ordaindu beharreko gutxieneko zenbatekoa proportzionalki kalkulatuko da.

d) Lanekoak ez diren praktika ordainduak eta aldeen artean sinatutako hitzarmenak kudeatzeko, Lanbidek horretarako prestatutako bitartekoak erabiliko dira (LanF kudeaketa-aplikazioa), eta araudi aplikagarrian eskatutako baldintza eta formalitate guztiak bete beharko dira.

e) Enpresak Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak beteko ditu.

f) Ibilbide integralen proiektuen erakunde sustatzaileek, 1.1, 1.2 eta 1.3 jarduerengatiko laguntzen onuradun direnek, Lanbideko Prestazioen eta Inklusioaren Zuzendaritzari jakinarazi beharko diote enpresekin lanekoak ez diren praktika ordainduen hitzarmenak sinatu dituztela.

g) Enpresako langileen legezko ordezkaritzari jakinarazi beharko zaio lan-kontratua sinatzeko eta prestakuntza-praktikak egiteko hitzarmena egin dela. Enpresak eskabidean berariaz adierazi beharko du langileen legezko ordezkaritzarik baduen ala ez.

1.5.– Partaideak kontratatzea.

Lan-kontratuetan, diruz lagundu ahal izango dira deialdi honen babespean diruz lagundutako ibilbide integralen proiektuetan parte hartzen duten pertsonekin sinatutakoak, horien arabera eskuratu bada egoitza eta lanerako baimena, prestakuntzarako errotzearen figuraren bidez.

Lan-kontratuen baldintzak hemen arautzen dira: 4/2000 Legearen Erregelamenduaren 124.4 artikulua (Atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunei buruzkoa, eta atzerritar horiek gizarteratzeari buruzkoa, apirilaren 20ko 557/2011 Errege Dekretuaren bidez onartua) eta SEM 1/2022 Jarraibideak, prestakuntzarako errotzeari eta Atzerritartasunaren Erregelamenduak (apirilaren 20ko 557/2011 Errege Dekretuaren bidez onartutakoak) 124. artikuluan aurreikusitako errotze-arrazoien ondoriozko aldi baterako egoitza baimentzeko beste gai komun batzuei buruzkoak (https://www.inclusion.gob.es/web/migraciones/instrucciones).

Era berean, honako baldintza hauek ezartzen dira:

a) Kontratuak idatziz egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietan lan egiteko.

b) Lan-kontratu bakarra sinatu beharko da partaide bakoitzeko.

c) Lan-kontratuen iraupena 6 hilabetekoa izango da, gutxienez, baldin eta kontratua lanaldi osokoa bada, edo 9 hilabetekoa, lanaldi partzialekoa bada. Hala ere, goian aipatutako araudiak (4/2000 Lege Organikoaren 124.4 artikulua eta SEM 1/2022 Jarraibideak) lan-kontratuaren baldintzen artean eskatu ahalko du urteko zenbaketa orokorrean lanbidearteko gutxieneko soldata edo hitzarmen kolektibo aplikagarrian ezarritakoa jasoko dela egiaztatzeko.

2.– Ibilbide integralen proiektuek honako ezaugarri hauek beteko dituzte:

a) Kontratazioaren helburu operatiboa. Prestakuntza kualifikatzailea amaitu eta gainditzen duten ikasleen % 70 kontratatu beharko da, gutxienez, artikulu honen 1.5 apartatuan aurreikusitako baldintzak betetzen dituzten lan-kontratuen bidez.

Helburu hori betetzen ez bada, prestakuntza-ibilbidearen arabera emandako dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egin ahalko da, 16. artikuluaren 1. atalean ezarritako baldintzetan.

Ibilbide integralen proiektuarengatiko dirulaguntza jasotzen duen erakundeak konpromisoa hartu beharko du, eskabidearekin batera egindako erantzukizunpeko adierazpenean, partaideen lan-kontratazioa lortzeko, gutxienez aipatu ehunekoan, eta enpresek proiektuan parte hartzeko duten interesaren adierazpenak aurkeztu beharko dira, Lanbidek emandako ereduaren arabera. Ondoren, ekintza kualifikatzailearen parte teorikoa amaitu baino gutxienez 10 egun baliodun lehenago, enpresen kontratazio-konpromisoa aurkeztuko da.

b) Prestakuntza-ibilbidea 2024an hasi beharko da, dirulaguntza emateko ebazpena jakinaraztean, eta 2025eko maiatzaren 30a baino lehen amaitu beharko da (lantokiko prestakuntza-praktikak barne).

c) Lanekoak ez diren praktika ordainduak gehienez ere 15 eguneko epean hasi beharko dira, prestakuntza-ibilbidea amaitzen denetik.

d) Lan-kontratua egoitza eta lanerako baimena eskuratu eta jarraian hasi beharko da. Beranduenez, 2025eko urriaren 1ean hasi beharko da.

3.– Erakunde bakoitzeko ibilbide integralen bi proiektu soilik lagunduko dira diruz.

3. artikulua.– Proiektuen egikaritza: diruz lagundutako jardueraren kontratazioa.

1.– Erakunde onuradunek aholkularitza tekniko-juridikoa kontratatu ahalko dute dagokion atzerritartasun-bulegoarekin kudeaketa administratiboan laguntzeko, 2. artikuluaren 1.1 jarduketako d) atalean eta 1.2 jarduketako b) atalean zehaztutakoaren arabera.

2.– Prestakuntza-ekintzak (2. artikuluko 1.3 jarduketa) zuzenean egikarituko dituzte dirulaguntzaren prestakuntza-erakunde onuradunek, eta ezingo dute hirugarrenekin kontratatu.

Diruz lagundutako prestakuntza emateko irakasleak kontratatzea ez da azpikontrataziotzat hartuko. Irakasleak kontratatzea pertsona fisikoak kontratatzea baino ez da.

Onuraduna nortasun juridikorik gabeko talde bat bada eta kideetako ezein prestakuntza-erakundea ez bada, prestakuntza-ekintzak prestakuntza-erakundeen erregistroan egiaztatutako edo/eta inskribatutako prestakuntza-erakunde batekin kontratatu ahalko dira. Taldeko kideren bat prestakuntza-erakundea bada, 4. artikuluaren B) atalaren azken paragrafoan xedatutakoa beteko da.

3.– Diruz lagundutako jarduerak kontratatzearen aurka jotzen bada, aurreko ataletan aurreikusitako kasuetan, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da zuzenean.

Horrenbestez, 20/2023 Legearen 31. artikuluaren 7. apartatuan aurreikusitako debekuak errespetatzeaz gain, erakunde onuradunak aurrez Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren baimena eskatu beharko du hirugarrenekin kontratatutako prestakuntza-jardueraren zenbatekoa dirulaguntzaren zenbatekoaren % 20tik gorakoa denean eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa denean edo kontratua hari lotuta dauden pertsona edo erakundeekin sinatuko denean. Horretarako, baimen-eskabidearekin batera, sinatu nahi den kontratu-proposamenaren kopia aurkeztuko da, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Prestazioen eta Inklusioaren zuzendariak ebatziko du. Baimena eman dela ulertuko da, hori aurkeztu eta 10 eguneko epearen barruan berariaz ebatzi ez bada.

4. artikulua.– Enpresa eta erakunde onuradunak.

1.– Ibilbide integralen proiektuak sustatzen dituzten erakunde diren heinean, 2. artikuluaren 1.1, 1.2 eta 1.3 apartatuetan zehaztutako jarduerak egiteagatiko laguntzak eskuratu ahalko dituzte honako hauek (A eta B):

A) Baldintza hauek guztiak betetzen dituen edozein pertsona fisiko edo juridiko, publiko edo pribatu.

a) Kolokazio-agentziaren kalifikazioa duen agentzia izatea, ibilbide integralen proiektuak osatzen dituzten prestakuntza-ekintzak garatuko diren udalerrian lantokia duena, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu baino lehen.

b) Gutxienez 36 hilabeteko aurretiazko esperientzia egiaztatua edukitzea, langabeei enplegua emateko orientazio profesionaleko ekintzak zuzenean egiten, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin edo sektore publikoko beste edozein administrazio edo erakunderekin hartua, 2016ko urtarrilaren 1aren eta 2023ko abenduaren 31ren artean, denboran gainjarri gabe.

c) Prestakuntza-erakundea izatea, pribatua edo publikoa, dagokion Prestakuntza Erakundeen Erregistroan egiaztatua edo/eta inskribatua, dirulaguntza eskatu baino lehen, bere prestakuntza-proiektua osatzen duten prestakuntza-ekintzen espezialitateak egiteko.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntza lortzeko, enpresek eta prestakuntza-erakundeek laguntzaren xede den prestakuntza-proiektua osatzen duten prestakuntza-ekintzak egiteko behar diren pertsonak eta bitarteko materialak izan beharko dituzte, edo dirulaguntza esleitu ondoren, prestakuntza-jarduera hasten denean, beroriek lortzeko konpromisoa hartu beharko dute.

Instalazio eta baliabide horiek norberarenak edo beste erakunde pribatu edo publiko batzuenak izan daitezke; gainera, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean eduki beharko dira.

Informazio hori egiaztatzeko, erakundearen legezko ordezkariak erantzukizunpeko adierazpen bat egingo du (erantzukizunpeko adierazpena eskabide-orrian jasota dago). Nolanahi ere, erakunde eskatzaileak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari eskuratzeko moduan eduki beharko ditu adierazpen horretan jasotako datuak egiazkoak direla frogatzen duten dokumentuak.

B) Nortasun juridikorik gabeko taldeak, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduren 21eko 20/2023 Legearen 11.4 artikuluan xedatutakoa aplikagarri zaienak, betiere bi mota hauetako bateko erakundeek osatzen badituzte:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko jarduera ekonomikoko sektore bateko enpresak biltzen edo ordezkatzen dituzten erakunde sektorialak, kontratatzeko konpromisoa hartu duten enpresak elkarte eta sektore horretakoak badira.

Sektoreko erakundeek formalki eratuta egon beharko dute deialdia argitaratu baino lehenagotik, eta Eusko Jaurlaritzak kudeatutako enpresaz gaindiko elkarteen erregistroren batean identifikatuta egon beharko dute.

b) Haien helburuen artean etorkinen laneratzea eta gizarteratzea sustatzea duten irabazi asmorik gabeko erakundeak.

Taldekatutako erakunde bakoitza ere onuraduntzat hartuko da, eta aldez aurretik lankidetza-akordio edo -hitzarmen bat sinatu beharko du, Lanbidek emandako ereduaren arabera. Ezin izango da taldea desegin Euskadiko Ogasun Nagusiaren eskubideen preskripzio-epea, legez aurreikusitakoa, igaro arte.

Elkarteko kide den erakunderen bat prestakuntza-erakunde egiaztatua edo dagokion Prestakuntza Erakundeen Erregistroan inskribatua bada, ezingo da prestakuntza-ekintzarik kontratatu. Kasu horretan, akreditatutako edo inskribatutako beste erakunde prestatzaile baten zerbitzuak behar badira, erakunde horrek lankidetza-akordioan edo -hitzarmenean parte hartu beharko du, eta 2. artikuluko 1.3 apartatuan adierazitako jarduera gauzatzeko konpromisoa hartuko du.

2.– Lan-kontratuak sustatzera bideratutako laguntzei dagokienez, Euskal Autonomia Erkidegoan lantokia duten enpresak izan daitezke onuradun, pertsona fisikoak zein juridiko pribatuak, baldin eta ibilbide integralen proiektuetan parte hartzen duten pertsonak kontratatzen badituzte 2. artikuluko 1.5 atalean aurreikusitako baldintzetan.

Kanpoan geratzen dira administrazio publikoak eta organismo autonomoak, zuzenbide pribatuko ente publikoak eta sektore publikoa osatzen duten gainerako erakundeak, bai eta aldi baterako lan-enpresak, outsourcing enpresak eta langileen zerbitzu anitzeko enpresak ere.

3.– Aurreko apartatuetan aurreikusitakoaz gain, erakunde eta enpresa onuradunek honako betekizun hauek dituzte:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan aurreikusitakoaren arabera.

Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla, dirulaguntza eman eta ordainketa bakoitza egin baino lehen. Hala ere, eskatzaileak berariaz aurka egin diezaioke egiaztatze horri, eta, halakorik egiten badu, baldintza hori betetzen duela frogatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.

b) Dirulaguntzen arloko itzulketa-betebeharrak egunean izatea, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. artikuluan ezarritakoaren arabera.

c) Ez izatea epai edo administrazio-ebazpen irmo batez kondenatua edo zehatua, dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galduz, edo, hala izan bada, igaroa izatea kondena- edo zehapen-epea.

d) Ez jaso izana zehapen administratibo edo penalik sexu-diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik –zehazki, Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretua edo Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoa–, edo zehapen-epea igaro izana.

e) Ez egotea sartuta laguntzak edo dirulaguntzak jasotzea eragozten dion legezko kausetan, hauek barne:

– Berdintasun-planik indarrean ez edukitzea, Estatuko araudiaren arabera horretara behartuta dagoen enpresa izanik.

– Ez edukitzea ezarrita neurririk sexu-jazarpena, sexuan oinarritutako jazarpena eta indarkeria sexualak prebenitu eta borrokatzeko, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dauzkan legeen arabera, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan.

– LGTBIfobia izatea, bultzatzea edo sustatzea, bihurketa-terapiak sustatzea edo egitea barne.

f) Ez egotea zehatuta Ekonomia zirkularra bultzatzeko hondakinen eta lurzoru kutsatuen apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste astun edo oso astun batengatik eta administrazio-bidean irmoa den ebazpen baten bidez edo, hala izan bada ere, ezarri izana beharrezko neurri zuzentzaileak eta ordaindu izana dagokion zehapena.

g) Betetzea desgaitasuna duten pertsonentzat legez gorde behar den kuota, eta egiaztatzea hori bete dadin neurri alternatiboak abian jarri izana.

h) Elkarteen kasuan, ez egotea Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan aurreikusitako debeku-kausen eraginpean.

i) Ez izatea Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan jasotako debekurik.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ez badu egiaztatzen 3. apartatu honetan xedatutako betekizunen bat, eskabide-orrian dagoen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatu beharko da betekizun hori.

4.– Enpresa edo erakunde onuradunak konpromisoa hartu beharko du enpresa-deslokalizaziorik ez egiteko, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera. Konpromiso hori aurreko 3. apartatuan aipatzen den erantzukizunpeko adierazpenaren parte izango da.

5.– Eskatzailea zuzenbide publikoko erakunde bat ez den irabazi-asmoa duen pertsona fisiko edo juridikoa bada, 30.000 eurotik gorako dirulaguntzak jasotzeko, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluko 5. atalean eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.3 bis artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, erakundeak egunean izan beharko ditu Merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeak. Eskakizun hori dokumentu hauen bidez egiaztatuko da:

– Pertsona fisiko edo juridiko eskatzaileak, kontabilitate-araudiaren arabera, galdu-irabazien kontu laburtua aurkez badezake, 38/2003 Legearen 13.3 bis artikuluko a) letran aurreikusitako ziurtagiriaren bidez, Lanbidek emandako ereduaren arabera.

Ziurtagiri hori dirulaguntza-eskabidearekin batera aurkeztu beharko da.

– Eskatzaile horrek ezin badu, kontabilitate-araudiaren arabera, galdu-irabazien kontu laburtua aurkeztu 38/2003 Legearen 13.3 bis artikuluko b) letran aipatzen diren dokumentuen bidez, hau da, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek emandako ziurtagiriaren bidez, letra horren 1. zenbakian eskatutako edukiarekin; edo ziurtagiri hori ematea ezinezkoa bada, Prozedura Adostuen Txostenaren bidez, aipatutako letraren 2. zenbakian eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onartutako Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko Erregelamenduaren 22 bis artikuluan aurreikusitako baldintzetan.

Dokumentazio hori dirulaguntza eman aurretik eskatuko du Lanbidek.

6.– Nortasun juridikorik gabeko taldeak onuradun izateko, kide guztiek aurreko 3., 4. eta 5. apartatuetan aurreikusitako baldintzak bete beharko dituzte.

5. artikulua.– Proiektuen hartzaileak.

Deialdi honen babesean diruz lagundutako proiektuetan parte hartu ahal izango dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan lan-merkatu nazionalera sartzerik ez duten zerbitzuen eskatzaile gisa erregistratuta dauden atzerritarrek, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta badaude, Espainian bi urtez jarraian egon badira, eta apirilaren 20ko 577/2011 Errege Dekretuaren 124.4 artikuluan eskatzen diren gainerako baldintzak betetzen badituzte, prestakuntzarako errotze-arrazoiengatik egoitza-baimena lortzeko.

Halaber, prestakuntzarako errotze-arrazoiengatik egoitza-baimena eskatu eta lortu duten pertsonek parte hartu ahal izango dute, baldin eta prestakuntza-ekintza batean matrikulatuta daudela egiaztatzeko 577/2011 Errege Dekretuaren 124.4 artikuluan ezarritako hiru hilabeteko epean badaude eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan enpleguaren aurreko zerbitzuen eskatzaile gisa inskribatuta badaude.

6. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1.– 2. artikuluko 1.1 apartatuan zehaztutako merkatuaren prospekziorako eta bitartekaritzarako jarduerak egiteagatik, dirulaguntzaren zenbatekoa 2.800 eurokoa izango da lortutako lan-kontratu bakoitzeko, baldin eta 2. artikuluko 1.5 apartatuan ezarritako baldintzak betetzen baditu eta egoitza eta lanerako baimena lortu ondoren hasi bada. Kontratua lanaldi partzialekoa bada, dirulaguntza proportzioan murriztuko da.

2.– Gizarteratzeko eta laneratzeko ibilbide pertsonalizatuak garatzeko jarduketetan (2. artikuluko 1.2 apartatuan zehaztuta daude), 2.240 euroko dirulaguntza emango da prestakuntza-ibilbidea amaitzen duen proiektuko parte-hartzaile bakoitzeko.

3.– 2. artikuluko 1.3 apartatuan zehaztutako prestakuntza-ibilbideak garatzeko jarduerak egiteagatik, prestakuntza-ekintzetarako dirulaguntzaren zenbatekoa 123,36 euro/ordu/talde izango da, baldin eta parte-hartzaileen kopurua 14koa edo handiagoa bada.

Parte-hartzaile kopurua 14 baino txikiagoa bada, modulu ekonomikoa ezarriko da; hau da, 8,97 euro parte-hartzaile eta prestakuntza-ordu bakoitzeko.

Dirulaguntzaren zenbatekoa Lanbidek baimendutako prestakuntza-ekintzen zuzeneko eta zeharkako gastuak ordaintzera bideratuko da. Zeharkako gastuek ezin izango dute gainditu dirulaguntza osoaren % 10.

4.– Deialdi honen babesean egindako lan-kontratuetan, dirulaguntzaren zenbatekoa 5.900 eurokoa izango da lanaldi osoko kontratu bakoitzeko. Lanaldia lanaldi osoa baino txikiagoa bada, dirulaguntzaren zenbatekoa proportzionala izango da.

Dirulaguntza hori ez da emango 2. artikuluko 1.4. apartatuko c) letran ezarritako beka ordaindu ez bada.

Diruz lagundutako gutxieneko kontratazio-aldia 6 hilabetekoa da. Aldi hori amaitu baino lehen iraungitzen bada kontratua, enpresa onuradunak eskubidea galduko du emandako dirulaguntza osoa jasotzeko eta, beraz, itzuli egin beharko du, dagokion itzulketa-prozedura izapidetu ondoren, salbu eta kontratua iraungitzeko arrazoia kontratatutako pertsonaren borondatezko lagapena, heriotza, edo ezintasuna bada. Kasu horretan, dirulaguntzaren behin betiko zenbatekoa benetan lan egindako denboraren proportziora egokituko da.

7. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Deialdi honen esparruko dirulaguntzak jasotzeko eskabideak elektronikoki izapidetuko dira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren prestakuntza-aplikazio informatikoaren bidez (Lan-F).

Aplikazio horretara sarbiderik ez duten erakundeek edo enpresek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren web-orriaren bidez egin ahal izango dute eskabidea: https://www.lanbide.euskadi.eus/prestakuntza/-/informazioa/erakundeen-erregistroa/

Eskabidea elektronikoki izapidetu ahal izango da ordezkari baten bitartez. Horretarako, ordezkaritza Eusko Jaurlaritzako Ordezkarien Erregistroan inskribatu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

2.– Ibilbide integralen proiektuak sustatzen dituzten erakundeek 2. artikuluko 1.1, 1.2 eta 1.3 ataletan deskribatutako jarduerak egiteagatik aurkeztutako dirulaguntzen eskabideei dagokienez, izapidetze elektronikorako jarraibideak jasotzen dituen administrazio-prozeduraren informazio-fitxa honako helbide honetan egongo da eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1246101

Eskabide bakarra aurkeztuko da ibilbide integralen proiektu bakoitzeko eta gehienez bi eskabide erakunde bakoitzeko, 2.3 artikuluan xedatutakoaren arabera.

Eskabidea oso-osorik bete beharko da, bertan eskatzen diren datu guztiekin proiektuaren edukiari eta faseei buruz, bai eta ebaluatu behar diren kontzeptuei buruz ere. Halaber, honako agiri hauek ere aurkeztu behar dira:

a) Enpresek proiektuan parte hartzeko duten interesaren adierazpena, Lanbidek emandako ereduaren arabera.

b) 4.1 artikuluaren A) atalean aipatzen diren erakunde onuradunek, Lanbideren sektore publikoko administrazio edo erakundeekin lankidetzan orientazioaren gaineko esperientzia dutela egiaztatzeko, administrazio edo erakunde horren ziurtagiria aurkeztu beharko dute, bertan adieraziz, berariaz eta zehatz, zeintzuk izan diren egin diren ekintzak edo programak eta noiz hasi eta amaitu diren.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kudeatutako programen babespean izandako esperientzia adierazi beharko da eskabidean, eta organismo autonomo honek egiaztatuko du. Horretarako, ez da nahitaezkoa izango dokumentazioa aurkeztea.

c) Laguntzen eskatzailea 4.1 artikuluko (B atala) nortasun juridikorik gabeko taldea bada, honako hauek aurkeztu beharko dira:

– Erakunde desberdinen artean sinatutako lankidetza-hitzarmenaren kopia, Lanbidek emandako ereduaren arabera.

– Irabazi-asmorik gabeko erakundeen estatutuen kopia.

3.– Enpresek lan-kontratuak egiteagatik aurkeztu behar dituzten dirulaguntzen eskabideetan, administrazio-prozeduraren informazio-fitxa (izapide elektronikoak egiteko jarraibideak jasotzen dituena) helbide honetan eskuratu ahalko da: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1246102

Eskabidearekin batera, dokumentu hauek aurkeztu behar dira:

– Prestakuntza-erakundearekin sinatutako hitzarmenaren kopia, lanekoak ez diren praktika ordainduak egiteko.

– Prestakuntza-praktika ordainduak egin dituzten pertsonei bekak ordaindu izanaren egiaztagiriak.

– Lan-kontratuaren kopia.

– Enpresako eta haren plantillako titularrei buruzko informazioa, sexuaren arabera bereizita.

– Langileen legezko ordezkaritzari idatziz igorritako jakinarazpena, lanekoak ez diren praktika ordainduak egiteko hitzarmenari eta sinatutako lan-kontratuari buruz, LanF aplikazioan eskuragai dagoen ereduaren arabera, edo, bestela, eskabidean bertan apropos egindako adierazpena, langileen legezko ordezkaritzarik ez duela xedatzen duena.

4.– Eskabideak ez baditu eskakizun guztiak betetzen, enpresa edo erakunde interesdunari jakinaraziko zaio hamar egun balioduneko epea duela, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, izandako hutsune edo akatsa konpontzeko, edo aurkeztu beharreko dokumentuak aurkezteko. Hori egin ezean, eskabideari uko egin diola ulertuko da, horretarako beharrezkoa den ebazpena eman eta gero.

5.– Hauek dira dirulaguntza-eskabideak aurkezteko epeak:

a) Ibilbide integralen proiektuetan (2. artikuluaren 1.1, 1.2 eta 1.3 apartatuetan deskribatutako jarduerak), epea 2024ko maiatzaren 20an hasi eta 2024ko ekainaren 28an amaituko da.

b) Egindako lan-kontratuetan, hilabeteko epea egongo da zerbitzuak benetan ematen hasten direnetik (Gizarte Segurantzako altaren eguna), egoitza eta lanerako baimena eskuratutakoan.

8. artikulua.– Ebazteko prozedura.

1.– Prozedurak izapidetu eta ebazteko eskumena duen organoa Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Prestazioen eta Inklusioaren zuzendaria da.

2.– Ibilbide integralen proiektuak egiteko dirulaguntza emateko prozedura (2. artikuluaren 1.1, 1.2 eta 1.3 apartatuetan deskribatutako jarduerak) ondoz ondoko emakida izango da.

2.1.– Eskabideek deialdi honetako eskakizunak betetzen dituztela eta 9. artikuluan aurreikusitako balorazio-irizpideen arabera ezarritako gutxieneko puntuazioa gainditzen dutela egiaztatutakoan, ordenan emango dira laguntzak, espedientea osatzen den unearen arabera, 1. artikuluaren 2. apartatuan jarduketa horietarako aurreikusitako aurrekontu-zuzkidura amaitu arte.

Aurrekontu-zuzkidura amaituta, hasierakoa edo handitutakoa, geratzen diren eskabideei ezezkoa emango zaie, eta EHAAn argitaratuta emango da horren berri, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Prestazioen eta Inklusioaren zuzendariaren ebazpen bidez.

2.2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Prestazioen eta Inklusioaren zuzendariak laguntzak emateko edo ukatzeko ebazpena emango du, eta banan-banan jakinaraziko ditu, bitarteko telematikoen bidez.

2.3.– Eskabideak ebazteko eta ebazpenak jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa da, eskabide telematikoa LanF aplikazioaren bidez erregistroan sartzen den egunetik aurrera. Epe hori igarotakoan erakunde interesdunari ebazpena jakinarazi ez bazaio, dirulaguntza-eskabidea ezetsi dela ulertu ahalko da.

3.– Ondoz ondoko emakida izango da lan-kontratuak egiteagatik deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak emateko prozedura.

3.1.– Eskabideek deialdi honetako eskakizunak betetzen dituztela egiaztatutakoan, ordenan emango dira laguntzak, espedientea osatzen den unearen arabera, 1. artikuluaren 2. apartatuan aurreikusitako aurrekontu-zuzkidura amaitu arte.

Aurrekontu-zuzkidura amaituta, hasierakoa edo handitutakoa, geratzen diren eskabideei ezezkoa emango zaie, eta EHAAn argitaratuta emango da horren berri, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Prestazioen eta Inklusioaren zuzendariaren ebazpen bidez.

3.2.– Lan-kontratuak egiteagatik ez da dirulaguntzarik emango, ibilbide integralen proiektuak egiteagatik dirulaguntza eman ez bada.

3.3.– Ebazpena bitarteko telematikoen bidez jakinaraziko da.

3.4.– Eskabideak ebazteko eta ebazpenak jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa da, eskabide telematikoa LanF aplikazioaren bidez erregistroan sartzen den egunetik aurrera. Epe hori igarotakoan enpresari ebazpena jakinarazi ez bazaio, enpresak dirulaguntza-eskabidea ezetsi dela ulertu ahalko du.

4.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Prestazioen eta Inklusioaren zuzendariaren ebazpenek ez diote amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haien aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

5.– Publikotasunaren printzipioa betetzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da zer erakundek jaso duten dirulaguntzaren bat deialdi honen babesean eta zenbateko laguntza jaso duten.

9. artikulua.– Proiektuak baloratzeko irizpideak.

1.– Ibilbide integralen proiektuak garatzeko dirulaguntzak amaierako puntuazio baten arabera emango dira. Puntuazio hori proiektu-eskabide bakoitzerako zehazten diren helburuen balioespenean eskuratutako puntuen batuketaren emaitza izango da, jarraian zehazten diren ebaluazio-irizpideak kontuan hartuta:

Proiektuaren kalitatearen eta koherentziaren berariazko balioespena, eskabidean oinarritzen dena. 45 puntu, gehienez.

(Ikus .PDF)

2.– Erakunde eskatzaileak 30 puntu lortu beharko ditu gutxienez artikulu honetako guztizko puntuazioan, dirulaguntza eskuratu ahal izateko. Puntuazio hori lortzen ez duten proiektuen eskabideak ezetsi egingo dira.

10. artikulua.– Proiektuetan parte hartuko duten pertsonak hautatzea.

1.– Ibilbide integralen proiektuetako partaideek 5. artikuluan aurreikusitako baldintzak bete beharko dituzte.

2.– Profesionaltasun-ziurtagiriak eskuratzera bideratutako prestakuntza-ekintzetan parte hartzeko, partaideek 659/2023 Errege Dekretuaren 75. artikuluan eta bosgarren xedapen gehigarrian ezarritako sarbide-eskakizunak bete beharko dituzte. Era berean, prestakuntza-espezialitateen katalogoan jasotako prestakuntza-espezialitateren bateko prestakuntza-ekintzetan parte hartu nahi dutenek katalogoan espezialitate bakoitzerako ezarritako sarbide-baldintzak bete behar dituzte.

3.– Erakunde onuradunak egingo ditu ikastaroetan parte hartuko duten pertsonen azken hautaketa-lanak, Lanbiden aurrez izena eman duten hautagaien artean. Ondorio horietarako, inskribatutako hautagaien datuetara sartu ahal izango da prestakuntza emango duen erakundea, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren prestakuntza-kudeaketarako aplikazioaren bidez (LanF), eta prestakuntza-ekintzak hasi aurretik eta dagozkion bermeekin egingo du hautaketa-prozesua.

Behar duten prestakuntza-ekintza guztietan, hautaproba bat ere egingo dute, erakundearen instalazioetan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko teknikariekin aurrez adostuta edo baimenduta, ekintza behar bezala aprobetxatzen dela ziurtatzeko eta kualifikazio-ekintzen helburuak lortzeko ezinbestekoa den aurretiazko ezagutza-maila erreala zehazteko. Proba hori LanF aplikazioaren dagokion atalean erantsiko da, prestakuntza-ekintzak gauzatzeari buruz ematen diren jarraibideen arabera.

4.– Pertsona bakoitzak proiektu batean baino ezin izango du parte hartu.

5.– Hautaketa bukatu ondoren, erakunde onuradunek hautaketaren emaitza jakinaraziko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari LanF kudeaketarako aplikazio informatikoaren bidez, eta aintzat hartuz zer jarraibide ematen dituen berariaz Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak.

11. artikulua.– Prestakuntza-ekintzetan parte hartuko dutenen eskubideak eta betebeharrak.

1.– Partaideek doan egingo dituzte prestakuntza-ekintzak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak diruz lagunduko baititu.

2.– Eusko Jaurlaritzak sinatutako istripu eta erantzukizun zibileko polizak barne hartzen ditu ikasleak ikastaroetara joateagatik eta prestakuntza ematen den lekurako joan-etorrietatik eratorritako arriskuak.

3.– Parte-hartzaileek prestakuntza-ekintzetara joan beharko dute, eta segitu beharko dute prestakuntza-ekintzei etekina ateratzen. Horretarako, enpresa edo erakunde onuradunek eguneroko bertaratze-partea egin beharko dute, eta irakasleak zein partaideek sinatu beharko dute. Profesionaltasun-ziurtagirien kasuan, eguneroko parte hori bereiz egingo da prestakuntza-modulu bakoitzeko.

4.– Partaideek proiektuaren erakunde onuradunaren eta praktikak egiten diren enpresaren artean sinatutako praktiketako hitzarmenean ezarritako baldintzak onartu eta ezagutu beharko dituzte.

12. artikulua.– Partaideak baztertzeko arrazoiak eta prozedura.

1.– Honako hauek izango dira partaideak baztertzeko arrazoiak:

a) Justifikatu gabeko hiru asistentzia-faltatik gora egitea hilabetean.

b) Prestakuntza-ekintzaren iraupen osoaren % 25etik gorako asistentzia-faltak biltzea, arrazoia edozein dela ere, justifikatuta egon zein ez.

c) Ekintzatik etekinik ez ateratzea, edo ekintza behar bezala egitea eragozten duen jokabide desegokia izatea.

2.– Hau izango da ikasleak baztertzeko prozedura:

Prestakuntza-zentroak prestakuntzako teknikariari jakinaraziko dio baztertzeko arrazoietako bat gertatu dela, horretarako ezarri den eredua erabiliz. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak arrazoi hori aztertuko du, eta, ontzat ematen badu, Prestazioen eta Inklusioaren zuzendariak baztertzeko prozedura hasteko erabakia hartuko du. Partaidea baztertzeko proposamena egiteko gertaerak azalduko dira erabaki horretan, eta ikasleak bost egun baliodun izango ditu alegazioak aurkezteko. Prestazioen eta Inklusioaren zuzendariak ebatziko du prozedura, gehienez ere hamabost eguneko epean. Egoerak hala eskatzen badu, baztertze-prozedurari ekiteko erabakian behin-behineko neurriak har daitezke prestakuntza-jardueraren jarraipen egokia bermatzeko. Neurri horietako bat ikaslea ikastarotik behin-behinekoz baztertzea izan daiteke, prozedura abiatzeko erabakia jakinarazten zaionetik prozedura ebazten den bitartean. Ebazpenean adieraziko da zer errekurtso aurkeztu daitekeen.

Asteren batean ikasleren batek prestakuntza-ekintzaren ordu-kopuru osoaren % 25 baino gehiago huts egiten badu, edo justifikatu gabeko hiru asistentzia-falta baino gehiago egiten baditu hilabetean, horren berri emango dio prestakuntza-zentroak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Prestazioen eta Inklusioaren Zuzendaritzari, ikaslea baztertzeko prozedura has dezan. Modulu oso bat geratzen bada egiteko, eta % 25etik gora huts egitea arrazoi justifikatu batengatik gertatu bada (adibidez, gaixotzea edo lanean hastea), pertsona horrek geratzen den modulua egiteko aukera izatea aztertu ahal izango da.

Ikasleren batek prestakuntza-ekintzara joateari uzten badio eta ez joateak orduen % 25 gainditzen baldin badu, zentroak egoera horren berri emango dio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, eta ofizioz emango zaio baja, baztertze-prozedura erabili beharrik gabe.

13. artikulua.– Prestakuntza-ekintzak egikaritzea, lortutako eskumenak egiaztatzea eta lantokian prestakuntza praktikoa egitea.

1.– Dirulaguntzaren erakunde onuradunak deialdi honetan ezarritakoaren arabera eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak emandako ereduak aintzat hartuta gauzatu beharko ditu prestakuntza-ekintzak. Organismo autonomo honen prestakuntzarako aplikazio informatikoa (LanF) erabiliko du prestakuntzaren hasiera jakinarazteko (hasiko den eguna baino 7 egun lehenago gutxienez), bai eta gerora izan daitekeen edozein aldaketa jakinarazteko (sortzen den unean), eta prestakuntza-ekintzak bukatzearen eta partaideen bertaratzea kontrolatzearen berri emateko ere, prestakuntza-orduetara bertaratu izana kontrolatzeko orrien bidez (ikasleek sinatuko dituzte).

Oro har, eta aurkako jarraibiderik ematen ez bada, 7 egun balioduneko epealdian, gehienez, egin beharko zaizkio jakinarazpenak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari. Prestakuntza-ekintzak ezingo dira hasi, harik eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak LanF aplikazioan Hasierako Komunikazioa baimendu arte.

2.– Deialdi honen barruko prestakuntza emango duten prestatzaileek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren baimena beharko dute, eta prestatzaileen fitxategian sartu beharko dira, indarreko araudian ezarritako baldintzen arabera.

3.– Erakunde onuradunek honako hauek emango dizkiete, gutxienez, parte-hartzaile guztiei prestakuntza-ekintzetan:

– Eskuliburu bat, argitaratua edo euskarri informatikoan, espezialitateko eduki guztiak bilduko dituena.

– Ikastaroa behar bezala egiteko behar den idazmahaiko materiala.

– Beharrezkoak diren babes-elementuak.

Era berean, ikasleei zer eskubide eta betebehar dituzten azalduko diete, eta zein diren kanporatzeko arrazoiak eta prozedurak.

4.– Ikasleren batek prestakuntza-ekintza uzten badu, haren lekuan beste parte-hartzaile bat sartu ahal izango da. Halako ordezkapenak onartuko dira, baldin eta prestakuntza-ekintzaren iraupenaren % 25 igaro aurretik egiten badira.

Moduluka eman beharreko profesionaltasun-ziurtagiri edo ziurtagiri profesional osoak programatzen direnean, ziurtagiriak osatzen dituzten moduluetako bakoitzerako sarbidea errazte aldera, programatutako modulu bakoitza hasi eta lehenengo bost eskola-egunetan aukera egongo da ikasleak sartzeko, baldin eta, betiere, modulu horien iraupenaren % 25 gainditu ez bada.

Jada hasita dagoen prestakuntza-ekintza batean sartzen direnek maila nahikoa izan beharko dute, hartara ikastaroa probetxuz jarraitu ahal izateko, normaltasunez gauzatu dadila oztopatu gabe. Hala, bada, prestakuntza-ekintzari probetxua ateratzeko eta ekintza normaltasunez garatzeko, parte-hartzaileen hautaketa-prozesuak irizpide batzuk ezarri beharko ditu, ikasleek prestakuntza-ekintza behar bezala jarraitzeko eska daitekeen gutxieneko maila dutela bermatze aldera.

5.– Prestakuntza emateaz arduratzen diren erakunde onuradunek berehala jakinarazi beharko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari prestakuntza-ekintzetan parte hartzen dutenek horiei uko egiten badiete, horietara aurkezten ez badira edo ekintzak bertan behera uzten badituzte, horren zergatia adierazita, are gehiago langabeziagatik prestazio edo laguntzaren bat edo diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten pertsonak badira.

6.– Prestakuntzaren xedea ez bada profesionaltasun-ziurtagiria lortzea, parte-hartzaile bakoitzari asistentzia-ziurtagiria edo diploma emango zaio, prestakuntza gainditu badu eta ebaluazioa positiboa izan bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ezarritako ereduaren arabera. Agiri horretan, datu hauek adieraziko dira, gutxienez: prestakuntza-ekintzaren izena, prestakuntza-edukiak, zer modalitatetan eman den, zer egunetan hasi eta amaitu den, eta ikasleak guztira zenbat prestakuntza-ordu jaso dituen, bai eta Europako Gizarte Funtsaren baterako finantzaketari buruzko aipamena ere.

7.– Prestakuntzaren xedea profesionaltasun-ziurtagiriak lortzea bada, partaideak egiten duen modulu bakoitza ebaluatuko da, ikasketaren emaitzak eta, horrenbestez, lanbide-konpetentziak eskuratu direla egiaztatzeko.

Ebaluazioa sistematikoki egingo da, aldez aurreko plangintza baten arabera, zeinean honako hauek adieraziko baitira, gutxienez, modulu bakoitzarentzat: ebaluazioa zer egunetan egitea kalkulatu den, zer tokitan egingo den, zer ebaluazio-tresna erabiliko diren, eta zenbat denbora iraungo duen (LanF aplikazio informatikoan eskura dagoen ereduaren arabera). Ebaluazio-tresna horiek eta partaide bakoitzak egindako probak eskaneatu eta aplikazio informatikoan sartuko dira.

Prestakuntza-moduluetan egiaztatu beharreko ikaskuntzaren emaitzak haien gaitasunetan eta ebaluazio-irizpideetan jasotako ezaguerei eta trebetasun praktikoei dagozkienak izango dira; horrela, osotasunean, lanbide-konpetentziak eskuratu direla egiaztatu ahalko dute.

Konpetentzia-unitateak egiaztatzeko, emaitza positiboarekin gainditu beharko dituzte bakoitzari lotutako prestakuntza-moduluak, «gai» direla frogatuta.

Prestatzaileek txosten batean jasoko dituzte pertsonek prestakuntza-modulu bakoitzaren ebaluazioan lortutako emaitzak. Txosten horretan adieraziko da ikasle bakoitzaren jarduna, aplikatutako ebaluazio-tresnen arabera, egindako zuzenketak eta lortutako puntuazioak jasota (LanF aplikazio informatikoan eskuragai dagoen ereduaren arabera).

Ikastaroa bukatzean, gainditutako prestakuntza-moduluei dagokien Egiaztapen Partzial Metagarria (EPM) emango zaie parte-hartzaileei, eta profesionaltasun-ziurtagiria lortzeko prozedura hasiko da, hura osatu badute.

Parte-hartzaileak emaitza negatiboekin bukatzen badu ikastaroa, asistentzia-ziurtagiri bat emango zaio, eta, hala dagokionean, gainditu dituen prestakuntza-moduluen Egiaztapen Partzial Metagarriak edo prestakuntza-modulu baten barruan zer prestakuntza-unitate gainditu dituen zehazten duen ziurtagiria.

Profesionaltasun-ziurtagiriei edo ziurtagiri profesionalei dagozkien prestakuntza-ekintzak ematen dituen erakundeak honako datu edo dokumentu hauek sartu beharko ditu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren LanF aplikazioan:

– Ikastaroa hasi aurreko 7 egun balioduneko epean:

• Ebaluazioaren plangintza, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak LanF aplikazio informatikoaren bitartez eskuragai ezarritako ereduaren arabera.

• Erabili beharreko ebaluazio-tresnak, horiek zuzentzeko eta puntuatzeko dagozkien euskarriekin.

– Ikastaroa bukatu ondoko 7 egun balioduneko epean:

• Ikasleen emaitzak biltzen dituzten dokumentuak LanF aplikazioan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak LanF aplikazio informatikoaren bitartez eskuragai ezarritako ereduaren arabera.

• Ebaluazio-aktak betetzea.

8.– Lantokian prestakuntza praktikoa egitea:

– Enpresaren eta proiektuko erakunde sustatzailearen arteko akordio bat sinatuta egingo da, eta partaideari emango zaio horren berri; gainera, hauek azaldu beharko dira hartan: praktiken edukiaren deskribapena, iraupena, praktikak egiteko tokia eta ordutegia, eta jarraipena eta ebaluazioa egiteko tutoretza-sistema. Praktikak hasi baino lehen, enpresako langileen legezko ordezkariei emango zaie akordio horren berri. Baldintza hori bete den egiaztatzeko, langileen legezko ordezkariek akordioari buruzko informazioa jaso dutela adierazteko agiria erantsi beharko da (eredu ofiziala erabili beharko da horretarako, LanF aplikaziotik hartuta). Gainera, parte hartzen duten ikasleen zerrenda bat ere erantsi beharko da.

– Praktikak Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietan egin beharko dira, hori eragozten duten eta behar bezala justifikatuta dauden arrazoiak daudenean izan ezik, eta aldez aurretik Prestazioen eta Inklusioaren zuzendariak baimendu behar du.

– Praktiken eguneko iraupenak ezingo du 8 ordutik gorakoa izan.

– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak praktiken akordioa baliozkotzea ezinbesteko baldintza da, eta lantokietako prestakuntza-modulua hasi aurretik egin behar da. Hori betetzen ez bada, nahitaezko baimena ez duten praktikak baliogabetu ahal izango dira.

8. apartatu honetan xedatzen dena ez zaio aplikaziokoa izango lanekoak ez diren praktika ordainduak egiteari.

14. artikulua.– Prestakuntza-ekintzen jarraipena, kontrola eta ebaluazioa.

1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, prestakuntza emango duen erakundearekin lankidetzan, prestakuntza-ekintzen jarraipena eta kontrola egingo ditu. Hori eskakizunak eta alderdi formalak betetzen direla egiaztatzeaz eta prestakuntzaren emaitzez harago doan lana da, eta kalitatea bermatzeko balio izango du.

2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, prestakuntza-ekintzaren jarraipena egiteaz gain, auditoria- eta ikuskaritza-plan bat ezarri ahalko du, deialdian jasotako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eta diruz lagundutako ekintzak benetan zer baldintzatan gauzatzen diren jakiteko.

3.– Batasunaren arautegian ezartzen den bezala, eta prestakuntza-erakundeen egiaztatzea arautzen duen arautegiarekin bat etorriz, plan horretan in situ egiaztapen-bisitak sartuko dira, Europako Gizarte Funtsaren finantzabideen baldintzak betetzen direnez egiaztatzeko eta inskripzioa edo egiaztapena egiterakoan zentroak egiaztatu zituen baldintzak mantentzen diren ikusteko.

4.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak deialdi honen kalitatea ebaluatuko du, lortutako emaitzen arabera, ikasleek betetako galdetegietan oinarrituta.

Horretarako, dirulaguntzen onuradunek ebaluatu eta kontrolatu beharko dute nolakoa den, prestakuntza-planean jasotako prestakuntza-ekintzak kudeatzeko jardueren artean, eurek burutzen duten prestakuntzaren kalitatea.

Edonola ere, prestakuntza-ekintza bakoitza amaitu aurretik, parte-hartzaileek kalitateari buruzko galdetegia bete beharko dute; oro har, prestakuntza egiaztagarriko ekintza guztietan, amaierako azterketa egitean emango zaie, baita egiaztagarria ez den baina amaierako azterketa egitea eskatzen duen prestakuntzaren kasuan ere. Gainerako prestakuntza-ekintzetan, ikastaroaren azken bi egunetan beteko da.

Galdetegi horiek telematikoki beteko dituzte ikasleek. Ikastaroa ematen duen erakundearen ardura da ziurtatzea ekintza amaitu duten ikasleek kalitateari buruzko galdetegia betetzen dutela; horretarako, behar diren baliabideak jarriko ditu parte-hartzaileen eskura, diruz lagundutako ikastaroa amaitzen duten ikasleei galdetegi telematikoa betetzen laguntzeko.

15. artikulua.– Dirulaguntzak ordaintzea.

1.– Ibilbide integralen proiektuak egiteagatik emandako dirulaguntza (2. artikuluaren 1.1, 1.2 eta 1.3 apartatuetan deskribatutako jarduerengatik) bi ordainketatan ordainduko da, horiek eskatu ondoren, honela:

a) Lehen ordainketa, onartutako dirulaguntza osoaren % 63koa, lehen prestakuntza-ekintza hasitakoan, 2024ko aurrekontuaren kargura.

b) Bigarren ordainketa, guztizkoaren gainerako % 37raino, 2025eko konpromiso-kredituaren kargura, dirulaguntzak 16. artikuluan aurreikusitako moduan justifikatu eta likidatu direnean.

2.– Egindako lan-kontratuetarako emandako dirulaguntzaren % 100a 2025eko aurrekontuaren kargura ordainduko da, dirulaguntza emateko unean.

3.– Ordainketa aurreratuen zenbatekoa 180.000 eurotik gorakoa bada, dirulaguntzaren onuradun den entitateak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintzan zenbateko aurreratua estaltzeko bermea eratu izanaren frogagiria aurkeztu beharko du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan, dagokion ordainketa egin aurretik.

Bermeak ordainketa aurreratuaren nominala estali beharko du, gehi horren interesak, gehienez ere urtebetez, eta nominalaren ehuneko hamabost, gehienez ere, balizko erreklamazio judizial edo estrajudizialaren kostu eta gastuetarako.

4.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izan ditzan, erakunde eskatzaileak Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan inskribatuta behar du.

Erakundea ez badago erregistratuta, edo Ekonomia eta Ogasun Sailaren hirugarrenen erregistroko banku-datuak aldatu nahi baditu, inprimakia bete beharko du hemen ematen den ereduaren arabera: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

16. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa eta likidazioa

1.– Ibilbide integralen proiektua osatzen duten 2. artikuluko 1. apartatuko 1.1, 1.2 eta 1.3 puntuetan zehaztutako jardueren gaineko likidazioa benetan egindako ekintza hauen arabera garatuko da. Likidazioak ez du inola ere gaindituko hasiera batean onartutako dirulaguntzaren zenbatekoa.

Enpresa-prospekzioko eta lan-bitartekaritzako ekintzak egiteagatiko laguntzak (2. artikuluaren 1.1 apartatuan deskribatutako jarduera) benetan hasitako lan-kontratuen arabera likidatuko dira, egoitza eta lanerako baimenak emandakoan.

Gizarteratze eta laneratzeko ibilbide pertsonalizatuak egiteagatiko laguntzen likidazioa (2. artikuluaren 1.2 apartatuan deskribatutako jarduera) prestakuntza-ibilbidea amaitu duten proiektuko partaideek egingo dute (lantokiko prestakuntza praktikoa barne).

Prestakuntza-ekintzak egiteagatik eskuratutako laguntzen likidazioa (2. artikuluko 1.3 apartatuan deskribatutako jarduera) parte hartu duten ikasleen eta prestakuntza-ekintzen emaitzen arabera egingo da; emaitza horiek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren LanF prestakuntza-aplikazioko kalifikazioen eta datuen bidez neurtuko dira, honela:

– Prestakuntza-ekintza 14 edo 15 partaidek amaitzen badute, eragiketa hau egingo da: taldearen modulu ekonomikoa (123,36 euro) bider prestakuntza-ekintzako orduen kopurua.

– Prestakuntza-ekintza 14 partaide baino gutxiagok amaitzen badute, eragiketa hau egingo da: banako modulu ekonomikoa (8,97 euro) bider prestakuntza-ekintza amaitu dute ikasleen kopurua eta bider prestakuntza-ekintzako ordu guztiak.

– Prestakuntza amaitu ez duten pertsonen kasuan, banako modulua prestakuntza-ekintzan egindako ordu-kopuru errealarekin biderkatuko da.

c) atalean aurreikusitakoaren ondoreetarako, amaitutako ikasletzat joko dira ekintzaren iraupenaren gutxienez % 75era bertaratu diren pertsonak. Ondore horietarako, ikastaroan zehar egiaztatutako gaixotasun edo istripu baten ondorioz baja hartu dutenek ere amaitu dutela ulertuko da, betiere azken bi kasu horietan prestakuntza-jardueraren gutxienez % 25 egin badute.

– Ekintza kualifikatzailea amaitu eta gainditzen duten pertsonen % 30 kontratatzera iritsi ezean, prestakuntza-ekintzetarako emandako dirulaguntza osoaren % 50 murriztuko da, hala badagokio itzulketa-prozedura egokia izapidetu ostean.

2.– Aurreko 1. apartatuan aipatzen diren ibilbide integralen eta jardueren proiektuaren justifikazioa hilabeteko epean aurkeztu beharko da, azken lan-kontratua eraginkor bihurtzen den datatik aurrera. Bertan, honako agiri hauek jaso beharko dira:

a) Justifikazio-memoria, honako hauek batuko dituena:

– Proiektuko partaideek egindako eta hasitako lan-kontratuen zerrenda. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak aitortutako datuak egiaztatuko ditu, Gizarte Segurantzan alta emanda dagoela kontsultatuta.

– Ikasle bakoitzak benetan egindako ikastorduen kopuruaren laburpen-taula.

– Ikasleei eta erakunde onuradunen titularrei eta langileei buruzko informazioa, sexuaren arabera bereizita.

– Ibilbide integralen proiektuaren garapenaren ebaluazioa eta parte hartu duten pertsona eta enpresen asebetetzearen eta emaitzen ebaluazioa.

b) Diruz lagundutako jarduera osorik edo zati batean finantzatu duten beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuei buruzko adierazpena, horretan zenbatekoa eta jatorria adierazita, edo bestela, halakorik ez dagoela dioen adierazpena. Kontuan hartu behar da ezen, 20.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, deialdi honen babesean emandako dirulaguntza bateraezina dela beste edozein laguntza edo dirulaguntzarekin.

3.– Aurreko apartatuan ezarritako epea igaro eta bertan jasotako dokumentuak aurkeztu ez badira, organo eskudunak 15 eguneko epe luzaezina emango dio erakunde onuradunari dokumentu horiek aurkez ditzan. Azken epe horretan justifikaziorik aurkeztu ezean, itzulketa-prozedura hasiko da.

4.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ofizioz egiaztatuko du langileak altan dauden kontratazioaren lehen 6 hilabeteetan. Lan-kontratuak aurretik iraungitzen badira, dirulaguntzaren erakunde onuradunak kontzeptu horrengatik emandako laguntza jasotzeko eskubidea galduko du, osorik edo partzialki, 6.5 artikuluan xedatutakoaren arabera. Kasu horretan, dagokion itzulketa-prozedura izapidetuko da.

17. artikulua.– Erakunde eta enpresa onuradunen betebeharrak. Jarraipena eta kontrola.

a) Erakunde eta enpresa onuradunen betebeharrak dira, deialdi honen artikuluetan aurreikusitakoez gain, oro har Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluetan ezartzen direnak, eta, zehazki, hauek:

b) Dirulaguntza eman den helbururako erabiltzea.

c) Diruz lagundutako jardueren xedea edo izaera funtsean aldatzen duen edozer jakinaraztea, bai eta dirulaguntza emateko kontuan hartu den edozein inguruabar objektibo nahiz subjektiboren aldaketa jakinaraztea ere.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioak edo haren organismo autonomoek, zuzenbide pribatuko ente publikoek eta sozietate publikoek emandako laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasitako itzultze- edo zehapen-prozeduraren bat izapideetan badago, horren berri ematea.

e) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan jardutea diruz lagundutako jarduera egiaztatzeko, ikuskatzeko, jarraipena egiteko eta kontrolatzeko, ofizioz edo alde batek eskatuta; eta Ogasun eta Ekonomia Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, Ekonomia eta Ogasun Saileko Kohesio Politikaren eta Europako Funtsen Zuzendaritzak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eta Europako funtsak kontrolatzen dituzten instantziek egin beharreko egiaztatze- eta kontrol-jardunen eraginpean jartzea.

Horrenbestez, ibilbideen proiektuak sustatzen dituzten erakundeek bete egin beharko dute 14.4 artikuluan aurreikusitako betebeharra, prestakuntza-ibilbideetako ikasleek ebaluazio-galdetegiak betetzen dituztela bermatzeko.

f) Diruz lagundu daitezkeen gastuek Europako Gizarte Funtserako aukeratuak izateko baldintzak bete ditzaten, erakunde onuradunak gastuaren kontabilitate-erregistro bat izan behar du, aparteko kontabilitate-identifikazio batekin edo kontabilitate-kode egoki batekin.

g) Emakumeen eta gizonen arteko tratu- edo aukera-berdintasunaren eta bereizkeriarik ezaren printzipioa aplikatzea bermatuko da proiektuetan parte hartzeko pertsonen hauta-probetan, elkarrizketetan eta hautaketan. Deialdi hau jakinarazi eta zabaltzeko erakundeak erabiliko duen dokumentu, publizitate, irudi edo material orotan, hizkera ez-sexista erabili beharko du, emakumeen irudi diskriminatzaile edo estereotipo sexista oro saihestu beharko du, eta irudi jakin bat sustatu beharko du, balio hauek izango dituena: berdintasuna, emakume eta gizonen presentzia orekatua, aniztasuna, erantzukidetasuna, eta rolen eta genero-identitateen pluraltasuna.

h) 2030eko abenduaren 31ra arte gorde eta zaintzea diruz lagundutako gastuei eta jarduerari buruzko dokumentazio guztia, egiaztatu beharra badago ere.

i) Dirulaguntza emandakoan, eta Lanbiden inskribatutako pertsonen datuak eskuratu baino lehen, Lanbidek emango dizkien datu pertsonalen tratamenduari buruzko konpromiso sinatzea, arlo hau arautzen duen indarreko araudian aurreikusitako baldintzetan, tratamenduaren arduradunak diren aldetik.

18. artikulua.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren finantzaketaren eta Europaren kofinantzaketaren ondoriozko komunikazio-betebeharrak.

Erakundeek berariaz jaso beharko dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak finantzatu dituela diruz lagundutako jarduera guztiak, bai eta haien ondoriozko ekintzak ere, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren komunikazio-eskuliburuan ezarritako eskakizunak bete beharko dituzte (LanF prestakuntza-aplikazioaren bidez eskuratu ahal izango dute erakunde onuradunek eskuliburu hori).

Prestakuntza-ekintza guztiek Europak lagundutako finantzaketa jasoko dutela aurreikusita, erakundeek berariaz adierazi beharko dute Europako Gizarte Funtsak lagundutako finantzaketa hori, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Komunikazio Eskuliburuan jasota dagoen EGF logoaren bidez, sortzen diren material didaktiko guztietan nahiz bestelako materialetan, bai eta diruz lagundutako jardueren berri emateko, hedatzeko edo publizitatea egiteko ekintzetan ere.

Europak lagundutako finantzaketaren aipamena jaso beharko da, halaber, sinatutako kontratuetan eta prospekzio-ekintzekin lotutako material eta jarduera guztietan.

Dirulaguntzaren erakunde onuradunen zerrenda argitara emango da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren 49. artikuluan jasotako webgunean.

19. artikulua.– Dirulaguntza aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan aldaketarik gertatuz gero, emandako dirulaguntza aldatu ahal izango da, betiere deialdi honetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunei eutsiz. Baldintzen aldaketa horren ondorioz dirulaguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedurari hasiera emango zaio.

20. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Deialdi honetan prospekzio- eta bitartekaritza-jarduerak egiteko, laneratze eta gizarteratzeko ibilbide pertsonalizatuak egiteko eta prestakuntza-ekintzak egiteko ematen diren laguntzak (2.1 artikuluaren 1.1, 1.2 eta 1.3 apartatuetan araututako jarduerak) bateraezinak dira administrazio honek edo beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek kontzeptu eta xede beragatik emandako beste edozein motatako dirulaguntza edo laguntza guztiekin.

2.– Lan-kontratuak egiteagatiko finantzaketarako deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateraezinak dira kontzeptu bereko beste edozein motatako dirulaguntza edo laguntzak eskuratzearekin, Gizarte Segurantzako kotizazioan izandako murrizketa edo hobariekin izan ezik.

21. artikulua.– Dirulaguntza itzultzea.

1.– Ezingo da exijitu dirulaguntza ordaintzeko eta, hala badagokio, jasotako kopuruak osorik edo partzialki itzuliko dira eta dirulaguntzen arloan aplikatzen den atzerapen-interesa eskatuko da, dirulaguntza ordaintzen den unetik, baldin eta deialdi honetan aurreikusitako laguntzen erakunde onuardunek urratu egiten badituzte Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluetan oro har aurreikusitako betebeharrak eta deialdi honetan espezifikoki aurreikusitako baldintzak, edo 20/2023 Legearen 36. artikuluan aurreikusitako itzulketa-arrazoiren bat egiten badute.

2.– Aurreko artikuluan aipatutako ez-betetzeren bat gertatzen baldin bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Prestazioen eta Inklusioaren zuzendariak erakunde interesdunari jakinaraziko dio itzultzeko prozedura hasi dela, eta zergatik hasi den, eta 15 eguneko epea emango dio egokitzat jotzen dituen alegazioak aurkez ditzan.

3.– Alegazioak jasotakoan edo, halakorik aurkeztu ez bada ere, epea igarotakoan, prozedura amaituko da, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Prestazioen eta Inklusioaren zuzendariaren ebazpen baten bidez. Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

4.– Prozedurari amaiera ematen dion ebazpenak ez-betetzeren bat izan dela adierazten baldin badu, bertan deklaratuko da dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu dela, eta ezarriko da, hala badagokio, dagozkion zenbatekoak EAEko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra; itzultzeko epea bi hilekoa izango da ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Borondatezko alditzat joko da epe hori.

5.– Borondatezko epe horretan dirulaguntza itzultzen ez bada, dirulaguntza premiamendu-bidetik berreskuratzeko izapideak hasiko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamenduan ezarritakoaren arabera zorraren konpentsazioa aplikatu behar denean izan ezik.

22. artikulua.– Datuen babesari buruzko informazioa.

Datu pertsonalen babesaren arloan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren jarduera honako bi xedapen hauen mende egongo da: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (EB 2016/679 Erregelamendua) eta 3/2018 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. Lortutako datu pertsonalak «Enplegurako eta enplegu-prestakuntzarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren barruan egongo dira. Jarduera horren arduraduna Lanbide da, eta haren helburua da Lanbideren eskumen diren enplegu-politika aktiboekin zerikusia duten dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzea, bai eta iruzurra jazartzea eta datuak estatistiketarako erabiltzea ere. Lortzen diren datuak beharrezkoak dira Lanbideri emandako botere publikoak gauzatzeko eta lege-betebeharrak betetzeko, eta arlo horretan eskumena duten administrazio publikoei jakinarazi ahal izango zaizkie.

Datuen titularrek eskubidea dute beren datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta tratamenduaren aurka egiteko eta tratamendua mugatzeko ere. Horretarako, idatzizko komunikazio bat bidali behar dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura (Jose Atxotegi kalea 1, 01009 Vitoria-Gasteiz).

Hemen kontsulta daiteke datu-babesari buruzko informazio osagarri eta zehatza: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/074300-capa2-eu.shtml

23. artikulua.– Lehiari buruzko Europako araudia.

1.– Deialdi honetan lan-kontratuak egiteagatik zehaztutako laguntzek bat etorri beharko dute Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EE) Erregelamenduarekin, Europar Batasunaren Funtzionamendu Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak «minimis» laguntzak aplikatzeari buruz. Kalifikazio horren ondorioz, enpresa bakar bati «minimis» laguntzetan ezin zaio guztira 300.000 euro baino gehiago eman, hiru urteko edozein alditan.

Muga hori aplikatzeko, kontuan hartu beharko da nola definitzen den «enpresa bakarra» aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan.

2.– Laguntza eskatzen duenak aurreko hiru urteetan jasotako «minimis» laguntzei buruzko aitorpena egin beharko du, ziurtatzeko «minimis» laguntza berriak ez duela gainditzen aipatu erregelamenduan ezarritako gehieneko muga.

24. artikulua.– Aplikatu beharreko araudia.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako laguntzei Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta hura garatzen duen Erregelamenduan –uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua– bildutakoa aplikatu behar zaie.

Abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 17. artikuluan aurreikusten den erregelamenduzko xedapena ematen ez den bitartean, dekretu hau aplikatuko zaio bermeen araubideari, legearen kontra ez doan guztian: 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomi Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaiki Laguntzaileek bete beharreko betekizunak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena.

2.– Laguntzek Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketa dutenez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren mende ere badaude. Hain zuzen ere, erregelamendu horren bitartez ezartzen dira Eskualde Garapeneko Europako Funtsari, Europako Plus Gizarte Funtsari, Kohesio Funtsari, Bidezko Trantsizio Funtsari eta Itsasoko, Arrantzako eta Akuikulturako Europako Funtsari buruzko xedapen komunak, bai eta funts horietarako finantza-arauak eta Asilo, Migrazio eta Gizarteratzeko Funtserako, Barne Segurtasuneko Funtserako eta Mugak eta Bisatuen Politika Kudeatzeko Laguntza Finantzariorako Tresnarako finantza-arauak. Era berean, laguntza hauek Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1057 (EB) Erregelamenduaren mende ere badaude, eta, hain zuzen ere, erregelamendu horren bitartez ezartzen da Europako Plus Gizarte Funtsa (EGF+) eta indargabetzen da 1296/2013 (EB) Erregelamendua.

3.– Era berean, diruz lagun daitezkeen proiektuetako prestakuntza-ibilbideetan, deialdi honetan aurreikusi ez diren alderdietan, hauek aplikatuko dira: 30/2015 Legea, irailaren 9koa, Lan-arloko enplegurako lanbide-heziketaren sistema arautzen duena; eta TMS/368/2019 Agindua, martxoaren 28koa, 694/2017 Errege Dekretua garatzen duena.

Profesionaltasun-ziurtagiriak lortzeko prestakuntza-ekintzak ematen direnean, hauek aplikatuko dira: ESS 1897/2013 Agindua, urriaren 10ekoa, 34/2008 Errege Dekretua garatzen duena, Lanbide Heziketa antolatu eta integratzeko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoan xedatutakoaren aurka ez doan heinean; 659/2023 Errege Dekretua, uztailaren 18koa, Lanbide Heziketaren Sistemaren antolaketa garatzen duena; eta EFP/942/2022 Agindua, irailaren 23koa, administrazio eskudunek egindako Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalari lotutako lan-arloan lanbide-heziketaren sistemako prestakuntza-eskaintza arautzen duena eta oinarri arautzaileak eta berau finantzatzeko baldintzak ezartzen dituena.


Azterketa dokumentala