Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

87. zk., 2024ko maiatzaren 6a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
2110

EBAZPENA, 2024ko apirilaren 24koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, ekintzaileei laguntzeko 2024ko dirulaguntzen deialdia argitaratzeko dena.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2024ko apirilaren 23ko bilkuran hartutako Erabakiaren bidez, ekintzaileei laguntzeko 2024ko ekitaldiko dirulaguntzen deialdia onartu du. Maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartutako Lanbideren Estatutuen 10.2 artikuluaren o) apartatuan xedatutakoaren arabera, erakunde autonomo horretako zuzendari nagusiari dagokio deialdi hori argitaratzea.

Azaldutakoa dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ekintzaileei laguntzeko 2024ko dirulaguntzen deialdia argitara ematea. Deialdi hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiaren bidez onartu zen, 2024ko apirilaren 23ko bilkuran, eta ebazpen honi erantsi zaio.

Bigarrena.– Jakinaraztea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango dituela ondorioak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak laguntza-deialdia onartzeko hartutako Erabakiak.

Hirugarrena.– Aditzera ematea deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiaren aurka berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaiola organo horri berari, hilabeteko epean, Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dela zuzenean, Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hileko epean, Ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko apirilaren 24a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

FRANCISCO PEDRAZA MORENO.

ERANSKINA
EKINTZAILEEI LAGUNTZEKO 2024KO DIRULAGUNTZEN DEIALDIA

Dinamismo ekintzailea ezinbesteko faktorea da hazkunde ekonomikoa eta aurrerapena bultzatzeko, era horretan enplegu- eta aberastasun-aukera berriak sor daitezen. Horregatik, guztiz beharrezkoa da beren proiektuarekin banaka eta sozialki konprometituta dauden ekintzaileei modu integral batez laguntzea ekintzailetza prozesuaren fase guztietan.

Euskal gizarteak badaki ekintzaileak zer garrantzitsuak diren, haien laneko etorkizun propioa diseinatu eta sortzearen aldeko apustua egiten baitute, eta, aldi berean, beste pertsona batzuentzako lan-aukerak sortzen baitituzte.

Horrelako proiektuek enplegua sortzeko duten ahalmena dela eta, guztiz beharrezkoa da haiei laguntza integrala ematea.

Ideia sortzeaz bat hasten da ekintzailetzaren bidea; ideia hori egoki balioetsi eta ondu ondoren, eta sustatzaileak behar duen prestakuntza eta laguntza jasota, negozio edo enpresa bat abiaraztea ekar dezake, zeinak sendotzeko aldi bat beharko baitu ondoren, harik eta enpresa-ehunean sartzen den arte.

Negozio-ideia sistematikoki sortu, aztertu eta egituratzeko lehenengo fasean, funtsezkoa da sustatzaileari laguntzea ibilbide horretan, haren ideia baliozkotzeko edo birmoldatzeko. Aldi berean, sustatzaileak ekintzailetzarekin lotutako gaitasunak eta trebetasunak bereganatuko ditu, aholkularitza- eta laguntza-jarduketen bitartez.

Bestalde, negozio-ideia zehatz bat duten sustatzaileei laguntza ematea (enpresa-jarduera hasteko beharrezko jarduketak bultzatzen dituzten laguntza- eta tutoretza-jardueren bidez), funtsezko puntu kritiko bat da ibilbide horretan, eta horrek lagundu egiten du, halaber, sustatzaileek ekintzailetzarekin lotutako hainbat gaitasun eta trebetasun beregana ditzaten.

Gainera, jarraipena ematen zaio jarduera norberaren konturako langile gisa hasteko aktibo finkoetan inbertsioak egiten dituztenentzako laguntza-lerroari, enpresa-proiektua finantzatzeko laguntza bat bermatuta izan dezaten ezarpenaren lehen faseetan.

Azkenik, laguntza eman nahi zaie, orobat, enpresa-jarduerari berriki ekinik, gutxieneko errentagarritasun bat bermatzeko bultzada ekonomiko bat behar duten pertsonei, proiektua finkatze aldera.

Europa 2030 Estrategiaren lehentasunetako bat da Europa adimentsuago batean oinarritutako kohesio-politika eta eskualde-garapena, berrikuntzaren, digitalizazioaren, eraldaketa ekonomikoaren eta enpresa txiki eta ertainentzako laguntzaren bidez.

Eurostat erakundeak 2023ko hirugarren hiruhilekoari buruz emandako datuen arabera (horiek dira argitaratutako azkenak), 30 urtetik beherako pertsonen langabezia-tasa % 9,90ekoa da Europar Batasunean. Gure lurraldeari dagokionez, EUSTATek 2023ko hirugarren hiruhilekoari buruz jasotako datuen arabera, kolektibo horrek % 12,77ko langabezia-tasa du, eta % 43,76ko enplegu-tasa; EAEko enplegu-tasa orokorra, berriz, % 70,42koa da.

Bestalde, deialdi honek ezin ditu alde batera utzi lan-merkatuan emakumeen eta gizonen artean dauden diferentziak eta desberdinkeriak; horien erakusgarri dira EUSTATek 2023ko hirugarren hiruhilekoari buruz emandako datuak: emakumezkoen enplegu-tasa gizonezkoena baino 6 puntu txikiagoa da (emakumezkoen enplegu-tasa % 67,43koa da, eta, gizonezkoena, berriz, % 73,41ekoa); 30 urtetik beherakoen kasuan, diferentzia 3,24 puntukoa da (emakumeen enplegu-tasa % 42,09koa izanik eta gizonezkoena % 45,33koa). Horrek agerian uzten du lan-esparrura sartzeko eta bertan irauteko aukeretan badagoela arrakala bat, urtetik urtera pixkanaka murrizten ari dena, baina desagerrarazi beharrekoa dena.

Deialdi honetako laguntzak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2024ko ekitaldiko Dirulaguntza Plan Estrategikoan daude aurreikusita. Erakunde autonomo horren Administrazio Kontseiluak onartu zuen plana, 2023ko abenduaren 14ko bilkuran hartutako Erabakiaren bidez, eta, hartara, bete egin zuen Dirulaguntzen araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 6.1. eta 7.1 artikuluetan xedatutakoa. Deialdia 1.10 gako estrategikoan kokatzen da: «Ingurunean sustraituta dauden enpresa-ekimenak babestea» Plan hori Lanbideren webgunean dago argitaratuta (www.lanbide.euskadi.eus), «Laguntzak eta dirulaguntzak» atalean.

Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak egindako proposamena kontuan hartuta, erakunde autonomo horretako Administrazio Kontseiluak, 2024ko apirilaren 23ko bilkuran, ekintzaileei laguntzeko dirulaguntzen deialdia onartu du, jarraian adierazten diren baldintzetan.

I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

1.– Deialdi honen xedea da enpresa-proiektuen sustatzaileei 2024an eman beharreko dirulaguntzen oinarri arautzaileak ezartzea, lau laguntza-lerroren bitartez:

a) Ekintzailetzako toki-proiektuen esparruan, ekintzaile izan daitezkeen pertsonei zuzendutako laguntzak, enpresa-ideiak sortu, aztertu eta egituratzen jardun dezaten, arduraldi esklusiboan. (Enpresa-ideia bat garatzeko laguntzak).

b) Negozio-ideia zehaztu bat duten ekintzaileek enpresa-proiektu berriak abian jar ditzaten bultzatzeko laguntzak, ekintzailetzako toki-proiektuen esparruan. (Enpresa-proiektu berriak abian jartzeko laguntzak).

c) Enpresa-jarduera bat hasi duten eta hura ezartzeko laguntza ekonomikoa behar duten pertsonentzako laguntzak (proiektua ezartzeko laguntzak).

d) Enpresa-jarduera bat abiatu duten pertsonentzako laguntzak, jarduera hori sendotzeko. (Enpresa-jarduerak sendotzeko laguntzak).

2.– Era berean, deialdi honen xede dira aurreko paragrafoko a) eta b) apartatuetan aipatzen diren laguntzen onuradun diren ekintzaileak hautatu eta horiei laguntza edo tutoretza emateko laguntzak; 3. artikuluan aurreikusitako toki-entitate laguntzaileek egin beharrekoa da lan hori.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Deialdi honek arautzen dituen laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoen zenbatekoa 3.900.000 eurokoa da, eta, horietatik, 2.500.000 euro 2024. urteko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 1.400.000 euro, 2025. urteko konpromiso-kredituari, hala aurreikusita baitago 3211– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren aurrekontuaren erabilera izeneko programan.

2.– Aurreko paragrafoan aurreikusitako baliabide ekonomikoen zenbateko osoa aipatu diren dirulaguntza-lerroen artean banatzekoa da, honela:

a) Enpresa-ideia bat garatzeko laguntzak, II. kapituluan arautuak, finantzatzeko: 420.000 euro, 2024ko ekitaldiko ordainketa-kredituari dagozkionak.

Honela banatuko da zenbateko hori:

– 231.000 euro bideratuko dira 18 urte baino gehiago eta 30 urte baino gutxiago dituzten gazte ekintzaileentzako laguntzetarako.

– 189.000 euro bideratuko dira 30 urte edo gehiago dituzten ekintzaileentzako laguntzetarako.

b) Negozio-ideia zehaztu bat duten ekintzaileek enpresa-proiektu berriak abian jartzeko laguntzak, III. kapituluan arautuak, finantzatzeko: 400.000 euro; horietatik, 200.000 euro 2024ko ordainketa-kredituari dagozkio, eta, 200.000 euro, 2025eko konpromiso-kredituari.

Honela banatuko da zenbateko hori:

– 220.000 euro –110.000 euro 2024ko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 110.000 euro, 2025eko konpromiso-aurrekontuari– bideratuko dira 18 urte baino gehiago eta 30 urte baino gutxiago dituzten gazte ekintzaileentzako laguntzetarako.

– 180.000 euro –90.000 euro 2024ko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 90.000 euro, 2025eko konpromiso-aurrekontuari– bideratuko dira 30 urte edo gehiago dituzten ekintzaileentzako laguntzetarako.

c) Enpresa-proiektu bat ezartzeko laguntzak, IV. kapituluan arautuak, finantzatzeko: 900.000 euro, 2024ko ekitaldiko ordainketa-kredituari dagozkionak.

d) Enpresa-jarduera bat sendotzeko bideratutako laguntzak, V. kapituluan arautuak, finantzatzeko, 1.800.000 euro; horietatik, 720.000 euro 2024ko ordainketa-kredituari dagozkio, eta, 1.080.000 euro, 2025eko konpromiso-kredituari.

e) Entitate laguntzaileek onuradunak hautatzeko eta laguntzeko jarduerak finantzatzeko (deialdi honetako 3. artikuluan aipatua), 380.000 euro; horietatik, 260.000 euro, 2024ko ordainketa-kredituari dagozkio, eta, 120.000 euro, 2025eko konpromiso-kredituari.

Honela banatuko da zenbateko hori:

– 140.000 euro (2024ko ordainketa-kreditukoak) II. kapituluan (Enpresa-ideia bat garatzea) jasotako laguntzen onuradun diren sustatzaileak hautatu eta laguntzeko dirulaguntzetara bideratuko dira.

– 240.000 euro (120.000 euro, 2024ko ordainketa-kreditukoak, eta 120.000 euro, 2025eko konpromiso-aurrekontukoak) III. kapituluan (Enpresa-proiektu berriak abian jartzea) jasotako laguntzen onuradun diren sustatzaileak hautatu eta laguntzeko dirulaguntzetarako bideratuko dira.

3.– Dirulaguntza-lerroak finantzatzeko bideratutako baliabide ekonomikoei dagokienez, aurreikusitako bi kolektiboetako batean ekintzaileentzako laguntzetarako kreditua agortzen ez bada, soberakina beste kolektiborako aurreikusita dauden laguntzak ordaintzeko erabiliko da. Era berean, a), b), d) eta e) lerroengatik emango diren dirulaguntzen zenbatekoa ez bada iristen izendatutako aurrekontu maximora, funtsen soberakina erabili ahal izango da osorik finantzatu ezin izan diren beste lerro batzuk finantzatzeko.

3. artikulua.– Entitate laguntzaileak.

1.– Deialdi honetako II. eta III. kapituluetan (negozio-ideia bat aztertu eta garatzea, eta enpresa-proiektu berriak abian jartzea) araututako laguntzen onuradunen hautaketa, laguntza edo tutoretza Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriek, udalerri-elkarteek, mankomunitateek edo kuadrillek eta horien mendeko entitateek egin beharko dituzte, baldin eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren baimena jaso badute entitate laguntzaile gisa jarduteko.

2.– Nolanahi ere, sustatzaileei laguntza edo tutoretza emateko entitate laguntzaile gisa jardun ahal izateko, baldintza izango da hartarako gaitasun tekniko nahikoa dutela egiaztatzea. Horretarako, ondoren adierazten diren baldintzak bete beharko dira:

– Gutxienez, 2 urteko esperientzia izatea ekintzaileei laguntzeko lanetan.

– Sustatzaileei laguntzeko langile egokiak eta nahikoak izatea. Betekizun hori betetzen dutela ulertuko da, laguntzaren hasieran gutxienez kontratupeko teknikari bat badute, unibertsitate-ikasketak amaituta dituena eta urtebetetik gorako esperientzia eta curriculum egiaztatua duena autoenplegurako laguntza- eta tutoretza-lanen arloan. Gainera, diruz laguntzen diren ekintzak egiteko langile propio nahikoa izateko konpromisoa hartuko dute, eta langile horiek gai izan behar dute erabiltzaileei behar bezalako arreta emateko.

3.– Entitate horiek, sustatzaileak hautatu eta haiei laguntza eta tutoretza emateko jarduerez gain, deialdi honen II. eta III. kapituluetan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatu eta ordainduko dituzte.

4.– Entitate laguntzaileek dirulaguntza jaso ahalko dute ekintzaileak hautatu eta haiei laguntza/tutoretza emateagatik, baldin eta ekintzaile horiek deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte eta dirulaguntza esleitu bazaie. Dirulaguntza horiek, pertsonako, 400 eurokoak izango dira, enpresa-ideia bat garatzeko proiektuetan, eta 1.000 eurokoak, enpresa-jarduera berriak abian jartzeko proiektuen kasuan.

Laguntza horiei deialdi honen VI. kapituluan jasotako aurreikuspenak aplikatuko zaizkie, salbu prozeduraren instrukzioari eta ebazpenari buruz 25. artikuluan xedatutakoa (artikulu horretan bertan berariaz arautzen baitira) eta 26. artikuluko 2, 3, 4, 5 eta 6. puntuetan xedatutakoa.

5.– Programa honetan entitate laguntzaile gisa parte hartzeko eskabideak, eta dagokion dirulaguntza eskatzekoak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu behar dira: https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa horra iristeko, esteka bat egongo da Lanbideren web-orrian.

Izapidetzeko jarraibideak eta ereduak jasotzen dituen administrazio-prozeduraren informazio-fitxa eskuragarri dago https://www.euskadi.eus/servicios/1102117 helbidean; eta fitxa horren bitartez eskura daiteke, halaber, eskabide-orria.

Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak eta jakinarazpenak «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Eusko Jaurlaritzaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

Helbide honetan eskura daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartzen diren identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

6.– Eskabidearekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztu behar da:

– Ekintzailetza-proiektua, hauek jasoko dituena: aholkularitza- eta laguntza-prozesuan sustatzaileekin garatuko diren jarduerak; arreta emango zaien pertsonen kopurua; desberdindu egingo dira aholkularitza- eta tutoretza-jarduerak, enpresa-ideia bat garatzeko badira edota enpresa-proiektu berri bat abian jartzeko badira; halaber, jarduera bakoitzeko, zehaztu egingo dira arreta emango zaien 30 urtetik beherako pertsona-kopurua eta 30 urteko edo hortik gorako pertsona-kopurua, datuak sexuaren arabera bereizita. Nolanahi ere, proiektuan aurreikusi behar da emakume ekintzaileen % 40ri arreta ematea.

– Entitate eskatzailearen ziurtagiria, laguntza-zereginak gauzatzeko gaitasun tekniko eta materialari buruzkoa, esperientzia egiaztatuko duena eta jarduera aurrera eramango duten pertsonak zehazten dituena.

– Proiektuan parte hartuko duten sustatzaileak hautatzeko prozesuaren deskribapena; publikotasun-, lehia- eta objektibotasun-printzipioak errespetatu beharko ditu prozesuak, genero-aldagaia barne, hautatutako pertsonen % 40 gutxienez emakumeak izan daitezen ahalegintzeko.

– Halaber, 24.1.f) artikuluan aurreikusitako egoeran, galeren eta irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten sozietateak badira, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatutako auditore batek egindako ziurtagiria aurkeztu beharko da.

7.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

8.– Lanbideren Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritzak kudeatu, izapidetu eta ebatziko ditu eskabideak.

9.– Eskabideak aurkezteko epea amaituta, aztertu egingo dira, eta entitate laguntzaile gisa jarduteko baimena emango zaie deialdian aurreikusitako baldintzak betetzen dituztenei –horietako bakoitzak artatu beharreko pertsona-kopurua eta -mota zehaztuz– eta dagokien dirulaguntza emango zaie.

Entitate laguntzaileek artatuko dituzten pertsonen kopurua eskabidean proposatutakoaren arabera zehaztuko da, betiere deialdi honen II. kapituluan (Enpresa-ideiak garatzea) eta III. kapituluan (Enpresa-proiektu berriak abian jartzea) sustatzaileei emateko laguntzak estaltzeko aurreikusitako baliabide ekonomikoak ahalbidetzen duten mugaraino, 2. artikuluan araututako baldintzetan.

Baldin eta baliabide ekonomiko horiek ez badira aski entitate laguntzaileek artatu nahi dituzten pertsona guztientzako laguntzak estaltzeko, entitate laguntzaile bakoitzak artatu beharreko pertsona-kopurua murriztuko da laguntza-lerro bakoitzean, prozedura honen arabera:

– Lehenik eta behin, aurreko urteko deialdiko egikaritze-mailaren arabera (arreta eman zaien pertsonen kopurua, onartutakoekin alderatuta), zuzenketa-faktore bat aplikatuko da, eskatutako 30 urtetik gorako pertsonen kopurua murrizteko, formula honen arabera:

(Ikus .PDF)

– Oraindik ere baliabideak nahikoak ez badira, aholkularitza eman beharreko pertsonen kopurua murriztuko da eskatutakoaren proportzioan, edo, bestela, hala badagokio, aipatutako zuzenketa-faktorea aplikatu osteko emaitzaren arabera, lehentasuna emanez 30 urtetik beherakoei.

10.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariak ebazpen baten bidez emango du baimena deialdi honetan entitate laguntzaile gisa jarduteko, sustatzaileei aholkularitza eta tutoretza ematen eta deialdian aurreikusitako dirulaguntzak kudeatzen eta ordaintzen. Horretarako, dagokion lankidetza-hitzarmena sinatu beharko da, baimenaren baldintzak zehazteko, betiere I. eranskinean jasotako ereduaren arabera.

Prozedurari buruzko ebazpena bakarra izango da, eta entitate interesdunei jakinaraziko zaie, Lanbideren web-orrian argitaratuz (http:/www.lanbide.euskadi.eus). Gainera, EHAAn argitaratuko da zein diren laguntzaile gisa jarduteko baimena duten entitateak, bai eta entitate bakoitzak zenbat pertsona artatuko dituen ere.

Ebazpenean zehaztuko da zenbat pertsona artatuko diren, sexuaren arabera eta dirulaguntza-lerro eta kolektibo bakoitzeko banakatuta, bai eta entitate laguntzaileari zenbateko dirulaguntza emango zaion ere pertsona horiek hautatzeagatik eta horiei laguntza edota tutoretza emateagatik.

Prozedura ebazteko eta ebazpena jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, deialdi hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera. Epe hori amaitu eta ebazpen espresurik ematen ez bada, dirulaguntza jasotzeko eskabidea ezetsitzat joko da.

Sustatzaile interesdunek horren berri izan dezaten, Lanbideren web-orrian (http://www.lanbide.euskadi.eus) jakinaraziko dira deialdi hau egikaritzeko laguntzaile gisa jarduteko baimena duten entitateak, bai eta entitate bakoitzak zenbat pertsona artatuko dituen ere.

11.– Laneratzea Aktibatzeko zuzendariaren ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal da Lanbideko zuzendari nagusiaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

12.– Ebazpena jakinarazi ostean, dagokion lankidetza-hitzarmena sinatuko da.

Enpresa-ideia bat garatzeko laguntzen kasuan, entitate laguntzaileek hilabeteko epea izango dute, hitzarmena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita, ekintzaileei laguntza edo tutoretza emateko jarduerak hasteko.

Enpresa-jarduera berriak abian jartzeko laguntzen kasuan, berriz, entitate laguntzaileek 2024ko urriaren 31ra arteko epea izango dute, hitzarmena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, ekintzaileei laguntzeko edo tutoretza emateko jarduerak hasteko.

13.– Hautaketa-prozesuan, entitateak lehentasun-hurrenkera hau aplikatuko du, kontuan hartuta artikulu honen 6. apartatuan aipatzen den genero-aldagaia:

a) 30 urtetik beherako pertsonak.

b) 45 urtetik gorako pertsonak.

c) DSBEa jasotzen duten titularrak edo onuradunak.

14.– Entitate laguntzaileei honela ordainduko zaie dirulaguntza, hitzarmenean zehaztutako baldintzetan:

a) Enpresa-ideia bat garatzeari laguntzeko jarduerei dagokienez, pertsona bakoitzeko 400 euroko ordainketa bakar bat egingo da, laguntzeko prozesua hasten denean, 2024ko ordainketa-kredituaren kargura; halere, aldez aurretik, honako hauek egin beharko dira: sustatzaileek eginiko dirulaguntza-eskaeren azterketaren emaitza-txostenak aurkeztu, eta betekizunak betetzen dituztela egiaztatu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari. «Ordainketa aurreratu hori Dirulaguntzen araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 33.2 artikuluan xedatutakoaren arabera egingo da».

b) Enpresa-proiektu berriak abian jartzeko laguntzei dagokienez, bi alditan ordainduko dira:

– Pertsona bakoitzeko 500 euroko lehen ordainketa bat, 2024ko ordainketa-kredituaren kargura, laguntzeko prozesua hasten denean; halere, aldez aurretik, honako hauek egin beharko dira: sustatzaileek eginiko eskaeren azterketaren emaitza-txostenak aurkeztu, eta betekizunak betetzen dituztela egiaztatu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari. «Ordainketa aurreratu hori Dirulaguntzen araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 33.2 artikuluan xedatutakoaren arabera egingo da».

– Pertsona bakoitzeko 500 euroko bigarren ordainketa bat, 2025eko konpromiso-kredituaren kargura, prozesua osatzen duen eta Ekonomia Jardueren gaineko Zergan alta hartzen duen pertsona sustatzaile bakoitzeko. Entitate laguntzaileak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan deialdi honen 13. artikuluaren azken paragrafoak aipatzen duen dokumentazioa aurkezten duenean egingo da bigarren ordainketa hori.

II. KAPITULUA
«ENPRESA-IDEIA» bat GARATZEKO LAGUNTZAK, ekintzailetzako tokiko proiektuen esparruan

4. artikulua.– Diruz lagundu daitekeen jarduketa.

1.– 5. artikuluan aurreikusitako baldintzak betetzen dituzten sustatzaileek kapitulu honen babespeko dirulaguntza jaso ahal izango dute, negozio-ideia bat aztertu eta garatzeko, edozein jarduera-adarretan eta arduraldi esklusiboko erregimenean, betiere deialdi honen 3. artikuluan aipatutako entitateren baten laguntza edo tutoretzako tokiko proiektuetan parte hartzen badute.

2.– Kapitulu honen babespean garatutako jarduketek bi hilabeteko iraupena izango dute gutxienez.

3.– Sustatzaileak arduraldi esklusiboaren betekizuna betetzen duela ulertuko da, baldintza hauek betetzen baditu: lanaldiaren % 30 baino gehiago lan ez egitea edo lanaldi osoan 18 egun baino gehiago lan ez egitea diruz lagundutako aldi guztian.

Ondorio horietarako, lan egindako eguntzat hartuko dira Gizarte Segurantzan alta emanda egin dituen egunak. Lanaldi partzialeko kontratuen kasuan, egun hauek hartuko dira aintzat: alta-egunak bider kontratatutako lanaldiaren ehunekoa.

5. artikulua.– Onuradunak.

1.– Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzen onuradun izan ahalko dira laguntza-prozesua hasteko unean eta eskabidea aurkeztekoan betekizun hauek betetzen dituzten ekintzaileak:

a) Langabea izatea eta dagokion zerbitzu publikoan enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egotea. Ondorio horietarako, langabetzat hartuko da lanaldi partzialeko kontratuarekin eta % 30eko edo hortik beherako lanaldiarekin ari denean.

b) Laguntza-prozesua hasi aurreko urtean alta emanda ez egotea ez Ekonomia Jardueren gaineko Zergan, ez eta Langile Autonomoen Araubide Berezian ere.

c) Ideia bat izatea enpresa- edo negozio-proiektu bat garatzeko edozein jarduera-arlotan.

d) Deialdi honen 3. artikuluan aurreikusitako entitateren batek ekintzailetzari aholkularitza eta laguntza emateko prozesu batean sartuta egotea.

e) Aurreko deialdietan, enpresa-ideia bat garatzeko edo enpresa-jarduera berriak abian jartzeko laguntzen onuradun ez izatea (Lanbidek ekintzaileei laguntzeko kudeatu dituen deialdietan jasota dauden laguntzak).

f) Eskaera-egunean 18 urte beteta edukitzea.

2.– Laguntza horien onuradunak izateko, sustatzaileek konpromiso hauek hartu behar dituzte:

a) Arduraldi esklusiboan jardutea euren enpresa-ideia aztertzen eta garatzen.

b) Deialdi honen kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek enpresa-ideia bat sortzeko eta garatzeko zehazten dituzten aholkularitza- eta laguntza-jarduketa guztietara joatea.

c) Helburu bererako beste laguntzarik ez jasotzea.

6. artikulua.– Laguntzaren zenbatekoa.

Sustatzaileei euren enpresa-ideia garatzeko eman beharreko laguntzaren zenbatekoa 1.000 eurokoa izango da.

Zenbateko hori % 15 handituko da baldin eta sustatzailea 18 urtetik gorakoa eta 30 urtetik beherakoa bada, laguntza-prozesua hasteko unean, eta beste % 15, baldin eta emakumea bada.

7. artikulua.– Eskabideak, dokumentazioa eta horiek aurkezteko epea.

1.– Kapitulu honetako dirulaguntzak jasotzeko eskabideak II. eranskinean jasotako eredu ofizialean aurkeztu beharko dira (http://www.lanbide.euskadi.eus web-orrian egongo da eskuragarri), Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak baimendutako entitate laguntzaileen bitartez, betiere entitate horiek ekintzaileei laguntza edo tutoretza emateko zereginak egiten badituzte. Entitate horiek erregistratuko dituzte aurkeztutako eskabideak, eta egiaztatuko dute eskatzaileek bete egiten dituztela dirulaguntzak emateko beharrezkoak diren baldintzak eta betekizunak.

2.– Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu behar dira:

a) NANaren fotokopia.

b) Entitate laguntzailearen ziurtagiria, eskatzaileak laguntza edo tutoretzako programan parte hartzen duela egiaztatzen duena; laguntza edo tutoretzako planean aurreikusitako jarduerak jasoko dira bertan, bai eta prozesuaren hasiera-data ere.

c) Lan-bizitzari buruzko txostena, laguntza-prozesuaren hasiera-datan eguneratua.

3.– Kapitulu honetan araututako laguntzen eskabideak aurkezteko, 10 egun balioduneko epea egongo da, laguntzeko prozesua hasi eta hurrengo egunetik aurrera.

8. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzeko modua.

Kapitulu honetan aurreikusitako laguntza ordainketa bakarrean ordainduko zaie onuradunei, laguntza eman eta gero, 3. artikuluan aurreikusitako entitate laguntzaileen aldetik.

III. KAPITULUA
ENPRESA-JARDUERA BERRIAK ABIAN JARTZEA SUSTATZEKO LAGUNTZAK, EKINTZAILETZAKO TOKIKO PROIEKTUEN ESPARRUAN

9. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak.

1.– Kapitulu honen babespean, diruz lagundu ahal izango da 10. artikuluko betekizunak betetzen dituzten sustatzaileek enpresa- edo negozio-proiektu bat abian jartzeko beharrezkoak diren jarduketak garatzea, arduraldi esklusiboko erregimenean; jarduketa horiek deialdi honen 3. artikuluan aipatutako entitate laguntzaileetako baten laguntza eta tutoretza izan beharko dituzte.

2.– Kapitulu honen babespean garatutako jarduketek hiru hilabeteko iraupena izango dute gutxienez.

3.– Sustatzaileak arduraldi esklusiboaren betekizuna betetzen duela ulertuko da, baldintza hauek betetzen baditu: lanaldiaren % 30 baino gehiago lan ez egitea edo lanaldi osoan 27 egun baino gehiago lan ez egitea diruz lagundutako aldi guztian.

Ondorio horietarako, lan egindako eguntzat hartuko dira Gizarte Segurantzan alta emanda egin dituen egunak. Lanaldi partzialeko kontratuen kasuan, egun hauek hartuko dira aintzat: alta-egunak bider kontratatutako lanaldiaren ehunekoa.

10. artikulua.– Onuradunak.

1.– Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzen onuradun izan ahalko dira laguntza-prozesua hasteko unean eta eskabidea aurkeztekoan betekizun hauek betetzen dituzten ekintzaileak:

a) Langabea izatea eta dagokion zerbitzu publikoan enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egotea. Ondorio horietarako, langabetzat hartuko da lanaldi partzialeko kontratuarekin eta % 30eko edo hortik beherako lanaldiarekin ari denean. Betekizun hori Ekonomia Jardueren gaineko Zergan alta emateko unean ere bete beharko da.

b) Laguntza-prozesua hasi aurreko urtean alta emanda ez egotea ez Ekonomia Jardueren gaineko Zergan, ez eta Langile Autonomoen Araubide Berezian ere.

c) Enpresa edo negozio berri bat ezartzeko bideragarritasun-plan bat izatea, zeina dagokion entitate laguntzaileak baliozkotu beharko baitu laguntza-fasean.

d) Deialdi honen 3. artikuluan aurreikusitako entitateren batek enpresa-ezarpenerako aholkularitza eta laguntza emateko prozesu batean sartuta egotea.

e) Aurreko deialdietan jarduera berri bat martxan jartzeko asmoz Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ekintzaileei laguntzeko kudeatu dituen deialdietan jasota dauden laguntzetako bakar baten onuradun ez izatea.

f) Eskaera-egunean 18 urte beteta edukitzea.

2.– Laguntza horien onuradunak izateko, sustatzaileek konpromiso hauek hartu behar dituzte:

a) Enpresa edo negozioa abian jartzen jardutea esklusiboki.

b) Deialdi honen kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek enpresa edo negozioa ezartzeko zehaztutako aholkularitzako eta laguntzako jarduketa guztietara joatea.

c) Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta ematea, gehienez ere 3 hilabeteko epean, negozioa abian jartzeko diruz lagundutako tutoretza eta laguntzako prozesua amaitzen denetik aurrera. Alta horren titularrak edozer forma juridiko har dezake, baldin eta sustatzaileak egiaztatzen badu, hala dagokionean, sozietate-harremana duela harekin eta baldin eta xede soziala bat badator tutorizatutako proiektuarenarekin.

Epe horretan ekintzaileek Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta ematen ez badute, dirulaguntzaren bigarren ordainketa jasotzeko eskubidea galduko dute.

d) EAEn jartzea enpresa-jardueraren egoitza soziala eta fiskala, eta lantokia ere EAEn kokatzea.

e) Ez jasotzea beste inolako laguntzarik helburu berarako.

11. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1.– Sustatzaile bakoitzari 1.500 euroko dirulaguntza emango zaio, enpresa-proiektu berriak abian jartzeko.

Zenbateko hori % 15 handituko da baldin eta sustatzailea 18 urtetik gorakoa eta 30 urtetik beherakoa bada, laguntza-prozesua hasteko unean, eta beste % 15, baldin eta emakumea bada.

12. artikulua.– Eskabideak, dokumentazioa eta horiek aurkezteko epea.

1.– Kapitulu honetako dirulaguntzak jasotzeko eskabideak II. eranskinean jasotako eredu ofizialean aurkeztu beharko dira (http://www.lanbide.euskadi.eus web-orrian egongo da eskuragarri), Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak baimendutako entitate laguntzaileen bitartez, betiere entitate horiek ekintzaileei laguntza edo tutoretza emateko zereginak egiten badituzte. Entitate horiek erregistratuko dituzte aurkeztutako eskabideak, eta egiaztatuko dute eskatzaileek bete egiten dituztela dirulaguntzak emateko beharrezkoak diren baldintzak eta betekizunak.

2.– Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu behar dira:

a) NANaren fotokopia.

b) Entitate laguntzailearen ziurtagiria, eskatzaileak laguntza edo tutoretzako programan parte hartzen duela egiaztatzen duena; laguntza edo tutoretzako planean aurreikusitako jarduerak jasoko dira bertan, bai eta prozesuaren hasiera-data ere.

c) Lan-bizitzari buruzko txostena, laguntza-prozesuaren hasiera-datan eguneratua.

3.– Kapitulu honetan araututako laguntzen eskabideak aurkezteko, 10 egun balioduneko epea egongo da, laguntzeko prozesua hasi eta hurrengo egunetik aurrera.

13. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzeko modua.

Deialdi honen 3. artikuluan aurreikusitako entitate laguntzaileek honela ordainduko dizkiete dirulaguntzak onuradunei:

– Lehenengo ordainketa: emandako dirulaguntzaren % 50, 2024ko aurrekontuko ordainketa-kredituaren kargura, dirulaguntza eman ostean eta bideragarritasun-plana eratu eta enpresa-proiektua ezartzeko aholkularitza-prozesua hasi eta gero.

– Bigarren ordainketa: gainerako % 50, 2025eko konpromiso-kredituaren kargura, Ekonomia Jardueren gaineko Zergan (EJZ) alta eman eta gero; ordainketa hori egiteko, lehenengo, entitate laguntzaileari aurkeztu beharko dio EJZn alta eman izanaren kopia eta eginiko jarduerak zehaztuko dituen azken memoria pertsonal eta indibidualizatua, gehienez ere hiru hilabeteko epean, laguntza-prozesua amaitu zenetik. Gainera, aldez aurretik, entitate laguntzaileak egiaztatu beharko du 10.1 artikuluaren a) eta b) apartatuetan jasotako betekizunak betetzen direla.

IV. KAPITULUA
ENPRESA-JARDUERA BAT HASI ETA «PROIEKTUA EZARTZEKO» LAGUNTZA BEHAR DUTEN PERTSONENTZAKO LAGUNTZA EKONOMIKOAK

14. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak.

1.– Dirulaguntza jaso ahalko dute, deialdi honen babespean, zuzenean jarduerarekin lotuta dauden aktibo finko hauetan egiten diren inbertsioek, kontabilitate-plan orokorrak eta hura garatzen duten arauek ezarritako definizioaren arabera:

a) Eraikuntza-lanak (arkitektoaren azterlan teknikoa barne), lokalak erostea izan ezik.

b) Makinak.

c) Instalazioak.

d) Tresnak.

e) Altzariak.

f) Informazio-prozesuetarako ekipoak.

g) Enpresa-jarduerari edo jarduera profesionalari zuzenean eta esklusiboki lotutako garraio-elementuak.

Ondorio horietarako, hauek bakarrik egongo dira zuzenean eta esklusiboki jarduerari lotuta:

– Salgaiak garraiatzeko erabilitako ibilgailu mistoak.

– Kontraprestazio bidez bidaiariak garraiatzeko zerbitzuak ematerakoan erabiltzen direnak.

– Kontraprestazio bidez gidariei edo pilotuei irakasteko zerbitzuak ematerakoan erabiltzen direnak.

– Probak, saiakuntzak, erakustaldiak egiterakoan edo salmentak sustatzerakoan ekoizleek erabiltzen dituztenak.

– Lanbideari lotutako joan-etorrietan merkataritza-ordezkari edo -agenteek erabilitakoak.

– Zaintza-zerbitzuetan erabilitakoak.

– Salmenta ibiltariko ibilgailuak.

h) Frankizia-kontratuak.

i) Aplikazio informatikoak; webguneak egiteko gastuak ere hemen sartzen dira, hainbat ekitalditan erabiltzeko asmoarekin egiten badira.

j) Merkataritza-funtsa.

k) Eskualdatze-eskubideak.

2.– Onuradunak egingo dituen inbertsio diruz lagungarriak –aurreko paragrafoan adierazitakoak– gutxienez 5.000 eurokoak izan behar dira, eta 2024ko urtarrilaren 1etik dirulaguntza eskatu den egunera bitartean egindakoak.

3.– Diruz lagundutako inbertsioek enpresa-jarduerari lotuta jarraitu beharko dute gutxienez bi urtez, eskuratu zirenetik aurrera (diruz lagundutako lehen fakturaren data).

4.– Zeharkako zergak ezin izango dira diruz lagundu, baldin eta berreskuratu edo konpentsatu ahal badira, ez eta errentaren gaineko zerga pertsonalak ere.

5.– Halaber, egindako inbertsioak ez dira diruz lagunduko, baldin eta 2. mailara arteko odol- edo ezkontza-ahaidetasuneko harremana badago zerbitzuaren saltzailearekin edo hornitzailearekin, edo pertsona hori bazkidea edo partaidea bada dirulaguntza eskatu duen pertsona fisiko edo juridikoarena.

15. artikulua.– Onuradunak.

1.– Honako hauek izango dira deialdi honetan aurreikusitako laguntzen onuradun:

a) Enpresaburuak eta profesional indibidualak.

b) Ondasun-erkidegoetako eta sozietate zibiletako kideak, betiere dirulaguntza nork bere izenean eskatzen badu.

2.– Onuradunek gutxieneko betekizun hauek bete beharko dituzte eskabidea aurkezteko unean:

a) EJZn alta emateko egunaren bezperan lanik gabe eta dagokion zerbitzu publikoan enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egotea.

b) Alta emanda egotea EJZn (enpresaburua, profesional indibiduala edo ondasun-erkidegoa edo sozietate zibila, hala badagokio) eta langile autonomoen araubide berezian edo, norberaren konturako langile gisa, kasu bakoitzean Gizarte Segurantzan dagokionean, edo nahitaezko mutualitate profesionalean, 2024ko urtarrilaren 1a eta dirulaguntza eskatu den eguna bitartean, zeina beti izango baita eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehenagoko egun bat edo egun hori bera, alegia, 2024ko urriaren 31.

c) Enpresa-jardueraren egoitza soziala eta fiskala EAEn egotea, eta lantokia ere EAEn kokatzea.

d) Jarduera bera gauzatu ez izana, norberaren konturako langile gisa, Ekonomia Jardueren Zergan alta eman aurreko sei hilabeteetan.

e) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kudeatutako aurreko deialdietan, IV. eta V. kapituluetan araututako laguntza-lerroen onuradun ez izatea.

f) Eskaera-egunean 18 urte beteta edukitzea.

3.– Aurreko 2. apartatuaren c) letran jasotako betekizunak gutxienez bi urtez mantendu beharko dira, diruz lagundutako inbertsioaren eskuratze-datatik aurrera (diruz lagundutako lehen fakturaren data).

16. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1.– Kapitulu honetan araututako laguntzaren zenbatekoa 3.500 eurokoa izango da onuradun bakoitzeko.

Zenbateko hori % 15 handituko da baldin eta sustatzailea 18 urtetik gorakoa eta 30 urtetik beherakoa bada, eskabidea aurkezteko unean, eta beste % 15, baldin eta emakumea bada.

2.– Ondasun-erkidegoak edo sozietate zibilak osatzen dituzten kideen kasuan, dirulaguntza ez da inola ere 10.000 euro baino handiagoa izango kide guztientzat. Muga hori aplikatu behar baldin bada, formula hau erabiliko da bazkide bakoitzari zer dirulaguntza dagokion kalkulatzeko: deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen dituen eskatzaile bakoitzaren partaidetza-ehunekoa aplikatuko zaie 10.000 euroei, harik eta 1. apartatuan xedatutakoaren arabera legokiokeen dirulaguntzaren zenbatekora iritsi arte.

17. artikulua.– Eskabideak, dokumentazioa eta horiek aurkezteko epea.

1.– Kapitulu honetako laguntzen eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu behar dira: https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa/; horra iristeko, esteka bat egongo da Lanbideren web-orrian.

Izapidetzeko jarraibideak eta ereduak jasotzen dituen administrazio-prozeduraren informazio-fitxa eskuragarri dago https://www.euskadi.eus/servicios/1102119 helbidean; eta fitxa horren bitartez eskura daiteke, halaber, eskabide-orria.

Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak eta jakinarazpenak «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Eusko Jaurlaritzaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

Helbide honetan eskura daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartzen diren identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

2.– Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu behar dira:

a) EJZn alta eman izanaren egiaztagiria. Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du, non eta pertsona edo entitate eskatzailea berariaz aurka agertzen ez den; kasu horretan, dagokion dokumentazioa aurkeztu beharko du.

b) Gizarte Segurantzako Langile Autonomoen Araubide Berezian alta eman izanaren egiaztagiria, norberaren kontura lan egiten dutenei dagokien araubide berezian, edo kasuan kasuko mutualitate profesionalean.

c) Ondasun-erkidegoa edo sozietate zibila eratu izanaren egiaztagiria, hala badagokio.

d) Inbertsioen plana, diruz lagundu daitezkeen aktibo finkoen araberakoa.

e) Gauzatutako inbertsioak frogatzen dituzten fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan antzeko froga-balioa duten dokumentuak, edo eraginkortasun administratiboa dutenak, bai eta ordaindu izanaren egiaztagiriak ere (noiz ordaindu den jaso behar dute). Fakturaren datak eta ordainketarenak 14.2 artikuluan adierazitako egikaritze-epean sartuta egon beharko dute.

3.– Baldin eta eskatzaileak ondasun-erkidego edo sozietate zibil batean sartuta badaude, horietako bazkide bakoitzak, bere izenean, eskabide bat egin beharko du, eta guztiek batera aurkeztu beharko dituzte beti eskabideak. Bazkide bati edo bat baino gehiagori dirulaguntza eman ondoren, ondasun-erkidego edo sozietate zibileko beste kide batek eskabidea aurkezten baldin badu, hura ebaztean kontuan hartuko dira gainerako bazkideei emandako laguntzak. Horrelakoetan, aurretik emandako dirulaguntzen zenbatekoa aldatu ahal izango da, 16.2 artikuluan aurreikusitako dirulaguntza osoaren muga ez gainditzeko, eta kide bakoitzari dagokion zenbatekoa egokitu ahal izango da berdintasunez, aipatu xedapenean araututakoari jarraituz.

4.– Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2024ko urriaren 31n bukatuko da.

5.– Ondasun-erkidego edo sozietate zibil batek egindako inbertsioen frogagiriak, entitate hori osatzen duen kide bakoitzari egotziko zaizkio, betiere bakoitzak duen partaidetza-ehunekoaren arabera.

18. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzeko modua.

Aldi bakarrean ordainduko zaie dirulaguntza onuradunei, hura eman ondoren.

Dirulaguntzaren xedea den jarduera ekonomia-jardueren gaineko zergaren tarifen bigarren eta hirugarren ataletan sailkatutako jarduera profesionala bada, dirulaguntzatik kenduko dira Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagozkion atxikipenak, alegia, zerga erregulatzen duen araudia aplikatuz egin behar direnak.

V. KAPITULUA
ENPRESA-JARDUERA BAT HASI ONDOREN, «PROIEKTUA SENDOTZEKO» LAGUNTZA BEHAR DUTEN PERTSONENTZAKO LAGUNTZAK

19. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak.

1.– Deialdi honen babespean dirulaguntza jaso ahal izango da enpresa sortu berri baten proiektua sendotzeko beharrezko diren sustapen-, funtzionamendu- eta kudeaketa-gastu hauek ordaintzeko:

Langile Autonomoen Araubide Berezian norberaren konturako langile gisa eginiko kotizazioaren ordainketari dagozkion kuotak, edo, hala badagokio, Gizarte Segurantzakoak edo nahitaezko mutualitate profesionalari dagozkionak. Gastu hori ez da hartuko diruz lagundu daitekeen gastutzat, baldin eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak edo beste administrazio publiko batzuek diruz lagundu badute.

Proiektuari lotutako komunikazio-gastuak. Publizitate- eta merchandising-kanpainak, saltoki eta ibilgailuen errotuluak, errotuluen argiztapena eta diseinua.

Web-orrien diseinua eta web-orrien eta sare sozialen mantentze-kuotak, publizitate bannerrak beste enpresa baten web-orrian, web-orrian pluginak sartzearekin loturiko gastuak, web-orriaren domeinua eta posta elektronikoa eta Facebook-eko sustapen-zerbitzuen kostua.

Aholkularitza (zerga-, lan-, kontabilitate- edo administrazio-arloan, arlo juridikoan edo negozioaren kudeaketaren arloan, liburu-edukitzailetzarekin eta eguneroko zerga- eta kontabilitate-arloko betebeharrekin loturikoak, lan arriskuekin loturikoak, erakusleihoak aldatzeko eta hobetzekoak...) eta coaching-gastuak.

Ekintzaileak eginiko prestakuntza-ikastaroak, zuzenean enpresa abian eta funtzionamenduan jartzearekin lotura dutenak, baldin eta diruz lagundutako aldiaren barruan hasten badira.

Negozio-lokalen edo jarduera garatzeko lekuen errentamendua, betiere baldintza hauek betetzen badira: ez izatea familia-etxebizitzaren zati edo beste enpresa batekin partekatutako eremu; ez egotea 2. mailarainoko odol- edo ezkontza-ahaidetasunik lokalaren errentatzailearekin; eta ez izatea errentatzaile diharduen pertsona fisiko edo juridikoaren bazkide edo partaide. Coworking-espazioak ere deialditik kanpo geratuko dira, salbu eta errentamendu-kontratua onuradunaren izenean badago, eta erabilera indibidualeko espazio bat badago negozioa garatzeko, hori kontratuan jasota egonda.

2.– Diruz lagundutako aldia:

a) Aurreko paragrafoaren a), d) eta f) letretan adierazitako gastuei dagokienez, diruz lagunduko dira 10 hilabeteko epean egindako gastuak, dirulaguntza baiesteko ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera. 10 hilabete horiek hartuko dira diruz lagundutako alditzat.

b) Bestalde, b), c) eta e) letretan adierazitako gastu diruz lagungarriak izango dira EJZn alta ematen den egunetik aurrera sortu eta ordaindutakoak, 10 hilabeteko epera arte, dirulaguntza baiesteko ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuta.

3.– Aholkularitza emateaz eta laguntzeaz ardura daiteke legez eratutako edozein entitate edo enpresa, haren jardueran sartzen badira diruz lagunduko diren jarduerak.

4.– Zeharkako zergak ezin izango dira diruz lagundu, baldin eta berreskuratu edo konpentsatu ahal badira, ez eta errentaren gaineko zerga pertsonalak ere.

5.– Fakturatutako zenbatekoaren zati bat diruz lagungarria ez den aldi bati egotzi beharreko gastuei badagokie, modu proportzionalean egokituko zaio fakturan jasota dagoen eta diruz lagun daitekeen aldiaren zatiari.

20. artikulua.– Onuradunak.

1.– Honako hauek izango dira deialdi honetan aurreikusitako laguntzen onuradun:

a) Enpresaburuak eta profesional indibidualak.

b) Ondasun-erkidegoetako eta sozietate zibiletako kideak, betiere dirulaguntza nork bere izenean eskatzen badu.

2.– Onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabidea aurkezteko unetik aurrera:

a) EJZn alta emateko egunaren bezperan lanik gabe eta dagokion zerbitzu publikoan enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egotea.

b) Alta emanda egotea EJZn (enpresaburua, profesional indibiduala edo ondasun-erkidegoa edo sozietate zibila, hala badagokio) eta langile autonomoen araubide berezian edo, norberaren konturako langile gisa, Gizarte Segurantzan dagokionean, edo nahitaezko mutualitate profesionalean, 2023ko azaroaren 1a eta dirulaguntza eskatu den eguna bitartean, zeina beti izango baita eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehenagoko egun bat edo egun hori bera, alegia, 2024ko urriaren 31.

c) Enpresa-jardueraren egoitza soziala eta fiskala EAEn egotea, eta lantokia ere EAEn kokatzea.

d) Dirulaguntzen lerro horren beraren onuradun suertatu ez izana aurreko deialdietan.

e) Eskaera-egunean 18 urte beteta edukitzea.

3.– Aurreko 2. apartatuaren c) letran jasotako baldintzei eutsi egin beharko zaie, gutxienez 19.2 artikuluan adierazitako diruz laguntzeko aldia amaitu arte. Era berean, onuradunak alta emanda egon beharko du EJZn eta autonomoen araubide berezian, norberaren konturako kasuan kasuko araubide berezian edo dagokion mutualitate profesionalean, b) letran adierazitako kolektiboren baten barruan, diruz lagundutako aldia amaitu arte.

21. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1.– Kapitulu honetan araututako laguntzaren zenbatekoa 2.500 eurokoa izango da onuradun bakoitzeko.

Zenbateko hori % 15 handituko da baldin eta sustatzailea 18 urtetik gorakoa eta 30 urtetik beherakoa bada, eskabidea aurkezteko unean, eta beste % 15, baldin eta emakumea bada.

2.– Ondasun-erkidegoak edo sozietate zibilak osatzen dituzten kideen kasuan, dirulaguntza ez da inola ere 6.000 eurotik gorakoa izango kide guztientzat. Muga hori aplikatu behar baldin bada, formula hau erabiliko da bazkide bakoitzari zer dirulaguntza dagokion kalkulatzeko: deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen dituen eskatzaile bakoitzaren partaidetza-ehunekoa aplikatuko zaie 6.000 euroei, harik eta 1. apartatuan xedatutakoaren arabera legokiokeen dirulaguntzaren zenbatekora iritsi arte.

22. artikulua.– Eskabideak, dokumentazioa eta horiek aurkezteko epea.

1.– Kapitulu honetako laguntzen eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu behar dira: https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa/; horra iristeko, esteka bat egongo da Lanbideren web-orrian.

Izapidetzeko jarraibideak eta ereduak jasotzen dituen administrazio-prozeduraren informazio-fitxa eskuragarri dago https://www.euskadi.eus/servicios/1102118 helbidean; eta fitxa horren bitartez eskura daiteke, halaber, eskabide-orria.

Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak eta jakinarazpenak «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Eusko Jaurlaritzaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

Helbide honetan eskura daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartzen diren identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

2.– Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu behar dira:

a) EJZn alta eman izanaren egiaztagiria. Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du, non eta pertsona edo entitate eskatzailea berariaz aurka agertzen ez den; kasu horretan, dagokion dokumentazioa aurkeztu beharko du.

b) Gizarte Segurantzako Langile Autonomoen Araubide Berezian alta eman izanaren egiaztagiria, norberaren kontura lan egiten dutenei dagokien araubide berezian, edo kasuan kasuko mutualitate profesionalean.

c) Ondasun-erkidegoa edo sozietate zibila eratu izanaren egiaztagiria, hala badagokio.

3.– Baldin eta eskatzaileak ondasun-erkidego edo sozietate zibil batean sartuta badaude, horietako bazkide bakoitzak, bere izenean, eskabide bat egin beharko du, eta guztiek batera aurkeztu beharko dituzte beti eskabideak. Bazkide bati edo bat baino gehiagori dirulaguntza eman ondoren, ondasun-erkidego edo sozietate zibileko beste kide batek eskabidea aurkezten baldin badu, hura ebaztean kontuan hartuko dira gainerako bazkideei emandako laguntzak. Horrelakoetan, aurretik emandako dirulaguntzen zenbatekoa aldatu ahal izango da, 21.2 artikuluan aurreikusitako dirulaguntza osoaren muga ez gainditzeko, eta kide bakoitzari dagokion zenbatekoa egokitu ahal izango da berdintasunez, aipatu xedapenean araututakoari jarraituz.

4.– Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2024ko urriaren 31n bukatuko da.

23. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzeko modua.

1.– Dirulaguntzak honela ordainduko zaizkie onuradunei:

a) Lehenengo ordainketa: dirulaguntzaren % 40, dirulaguntza ematea onartu ostean, 2024ko aurrekontuko ordainketa-kredituaren kargura.

b) Bigarren ordainketa: 2025eko konpromiso-kredituaren kargura, benetan egindako eta egiaztatutako gastuengatik, eta gehienez ere gainerako % 60. Aldez aurretik, 19.1 artikuluan aurreikusitako gastuak justifikatzeko agiriak aurkeztu beharko dira. Diruz laguntzeko gastuak negozio-lokalen errentamendu-gastuak badira, gainera, errentamendu-kontratua aurkeztu beharko da. Fakturekin batera, ordainketa egin izana eta zein egunetan egin den justifikatzeko dokumentuak aurkeztu beharko dira.

2.– Dirulaguntzaren xedea den jarduera ekonomia-jardueren gaineko zergaren tarifen bigarren eta hirugarren ataletan sailkatutako jarduera profesionala bada, dirulaguntzatik kenduko dira Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagozkion atxikipenak, alegia, zerga erregulatzen duen araudia aplikatuz egin behar direnak.

3.– Ondasun-erkidego edo sozietate zibil baten faktura aurkezten bada, entitate hori osatzen duen kide bakoitzari egotziko zaio, betiere bakoitzak duen partaidetza-ehunekoaren arabera.

4.– Justifikatutako zenbatekoa emandako dirulaguntza baino txikiagoa bada, dirulaguntza doituko da, eta, hala badagokio, aldea itzuli beharko da.

5.– Egindako gastuaren justifikagiriak aldi bakarrean aurkeztuko dira, 19.2 artikuluan adierazitako diruz lagundutako 10 hilabeteko aldiaren hurrengo hilabetea amaitu baino lehen.

VI. KAPITULUA
DIRULAGUNTZEN XEDAPEN KOMUNAK

24. artikulua.– Dirulaguntzen onuradun diren pertsonak eta entitateak.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzen onuradun diren pertsonek eta entitateek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Epai irmo bidez, dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren zigorrik jaso ez izana, edo zigorrik jaso ez izana prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoen erabilera bidegabea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak direla-eta.

b) Borondatezko konkurtsoa deklaratzeko ez eskatu izana, prozeduraren batean kaudimengabe deklaratuta ez egotea, konkurtsoan deklaratuta ez egotea (konkurtso horretan hitzarmen batek eraginkortasuna hartzen duen kasuan izan ezik), esku-hartze judizialaren mende ez egotea edo Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaituta ez egotea, konkurtsoa kalifikatzeko epaian ezarritako desgaitze-aldia bukatu gabe dagoela.

c) Administrazioarekin egindako edozein kontratu ebazpen irmoz suntsiarazteko arrazoiak, haien errudun deklaratu izan direnak, sorrarazi ez izana.

d) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez egotea honako lege hauek jasotako bateraezintasun-araubidearen kasuetako batean: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legea eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko Eusko Legebiltzarraren 1/2014 Legea. Edo ez direla Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguak, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen autonomia-erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.

e) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, eta baldintza hori betetzen jarraitzea, harik eta emandako laguntza edo dirulaguntza guztiz justifikatu arte.

3.4 artikuluan araututako dirulaguntzetan, organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du onuradunek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela, dirulaguntza eman eta ordainketa bakoitza egin aurretik. Hala ere, entitate eskatzaileak berariaz aurka egin diezaioke egiaztatze horri, eta, halakorik egiten baldin badu, baldintza hori betetzen duela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.

f) Dirulaguntzen arloko itzulketa-betebeharrak egunean izatea, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. artikuluan xedatutakoaren arabera (2023ko otsailaren 17ko EHAA).

g) Ez jasotzea zehapen administratibo edo penalik sexu-diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik –zehazki, Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretua edo Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoa–, edo zehapen-epea igaro izana.

h) Ez edukitzea laguntzak edo dirulaguntzak jasotzea eragozten dion legezko kausarik, hauek barne:

– Berdintasun-planik indarrean ez edukitzea, Estatuko araudiaren arabera horretara behartuta dagoen enpresa izanik.

– Ez edukitzea ezarrita neurririk sexu-jazarpena, sexuan oinarritutako jazarpena edota indarkeria sexualak prebenitu eta borrokatzeko, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dituen legeen arabera, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan.

– LGTBIfobia izatea, bultzatzea edo sustatzea, bihurketa-terapiak sustatzea edo egitea barne.

i) Ez egotea zehatuta Ekonomia zirkularra bultzatzeko hondakinen eta lurzoru kutsatuen apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste astun edo oso astun batengatik eta administrazio-bidean irmoa den ebazpen baten bidez edo, hala izan bada ere, ezarri izana beharrezko neurri zuzentzaileak eta ordaindu izana dagokion zehapena.

j) Desgaitasunen bat duten pertsonei lanpostuak gordetzeko legezko kuota betetzea edo, hori egin ezean, hori betetzeko bestelako neurriak hartzea.

k) Dirulaguntzen araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.4 p) artikuluan xedatutakoa aplikatuta, entitate onuradunak enpresa ez deslokalizatzeko konpromisoa adierazi beharko du, 20/2023 Legearen 49. artikuluaren arabera.

2.– Artikulu honetan aurreikusitako baldintzak, 1.e) apartatuko bigarren paragrafoan adierazitakoak izan ezik, eskabide-orriaren parte den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko dira.

3.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izan ditzan, pertsona edo entitate eskatzaileak Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan inskribatuta egon behar du.

Pertsona ez badago erregistratuta, edo Ekonomia eta Ogasun Sailaren Hirugarrenen Erregistroko banku-datuak aldatu nahi baditu, inprimakia bete beharko du hemen adierazitako ereduari jarraituz: https://www.euskadi.eus/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/web01-tramite/eu/

4.– IV. eta V. kapituluetan araututa dauden dirulaguntzen lerroei dagokienez, laguntza edo dirulaguntza ematen bada ekonomia-jardueren gaineko zergaren tarifen bigarren eta hirugarren ataletan sailkatutako jarduera profesionalak egiteagatik, jarduera hasteagatiko (jarduera-hasieraren zergaldia eta hurrengo biak) pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren atxikipen-tasa aplikatzeko, eskatzaileak LANBIDEri jakinarazi beharko dio aplikatzea eragiten duten gorabeherak gertatzen direla, eta, horretarako, komunikazioa sinaturik aurkeztu beharko du, http://www.lanbide.euskadi.eus web-orriko ereduaren arabera.

25. artikulua.– Prozedura izapidetzea eta ebaztea.

1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariak kudeatu eta izapidetuko ditu eskabideak, eta prozedura ebatziko, alde batera utzi gabe II. eta III. kapituluetan araututako laguntzak izapidetzeko entitate laguntzaileei esleitzen zaizkien zereginak, zeinak aipatutako Zuzendaritzarekin lankidetzan egingo baitituzte.

2.– IV. eta V. kapituluetan aurreikusitako laguntzen eskabideak lehiarik gabeko konkurrentzia-prozeduraren arabera izapidetuko dira. Horrela, eskabideak aurkezten diren hurrenkeran aztertuko dira, eta ordenan ebatziko dira, dagokion espedientea osatzen den unearen arabera, harik eta finantzaketarako funtsak agortu arte. Aurrekontu-zuzkidura amaitzen denean, geratzen diren eskabideei ukatu egingo zaie dirulaguntza, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariaren ebazpen baten bidez emango da horren berri, ebazpena EHAAn eta www.lanbide.euskadi.eus web-orrian argitaratuta.

3.– Eskabideak ebazteko eta jakinarazteko, gehienez sei hilabeteko epea izango da, eskabidea aurkezten den egunetik zenbatzen hasita, eta epe horretan ebazpen espresurik ematen ez bada, dirulaguntzaren eskabidea ezetsitzat hartuko da.

4.– Lanbideko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariaren ebazpenek ez diote amaierarik emango administrazio-bideari, eta, haien aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

5.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, Lanbideko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariaren ebazpenez honako hau emango da jakitera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian: alde batetik, deialdi honen babesean dirulaguntza zer onuradunek jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, bestetik, zer onuraduni emandako dirulaguntzak aldatu diren. Nolanahi ere, ebazpena berariaz eta banan-banan ere jakinaraziko da.

26. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea.

1.– Hirugarren artikuluan aurreikusitako laguntzen entitate onuradunek 13. artikuluaren azken paragrafoan zehazten diren justifikazio-agiriak aurkeztu beharko dituzte.

Era berean, artatutako pertsonen eta entitate onuradunen titularren eta haien plantillaren informazioa eman beharko dute, sexuaren arabera banakatuta, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 23.3.d) artikuluan xedatutakoa betez.

2.– II. kapituluan aurreikusitako laguntzen onuradunek memoria bat aurkeztu beharko dute entitate laguntzailearen aurrean, laguntza edo tutoretza amaitu eta hurrengo hilabetean. Memoria horretan, hauek zehaztu beharko dira: laguntza jasotzeko aldian enpresa-proiektuaren bideragarritasuna aztertzeko esparruan egin diren lanak eta proiektuaren bideragarritasunari buruzko txostena. Pertsona batek baino gehiagok negozio-ideia bera garatu badute, horretarako arrazoiak behar bezala justifikatu beharko dituzte memorian. Laguntzeaz edo tutoretzaz arduratutako entitateak baliozkotu beharko ditu dokumentu horiek.

3.– III. kapituluan aurreikusitako laguntzen onuradunek Ekonomia Jardueren gaineko Zergan emandako altaren kopia eta amaierako memoria bat –egindako jardueren xehetasunak adieraziz– aurkeztu beharko dizkiote entitate laguntzaileari, hiru hilabeteko epean, laguntza-prozesua amaitu den egunetik hasita. Entitate laguntzaileak baliozkotzat jo beharko du memoria hori, eta memoriaren edukiak lan-plangintzaren eta lortutako emaitzen jarraipena egiteko aukera eman beharko du.

Ekintzaileak ez badu alta ematen Ekonomia Jardueren gaineko Zergan 10.2.c) artikuluan ezarritako epean (3 hilabete, negozioa abian jartzeko diruz lagundutako tutoretza- eta laguntza-prozesua amaitzen den egunetik aurrera), onetsitako dirulaguntzaren bigarren zatia jasotzeko eskubidea galduko du, horretarako dagokion espedientea izapidetu ostean.

4.– Deialdi honen V. kapituluan jasotako laguntzak 23. artikuluan ezartzen den moduan eta epean justifikatuko dira.

5.– Dirulaguntza aurreikusitako epeen barruan justifikatu ezean, jasotako dirulaguntza guztia itzuli beharko dute onuradunek; horrenbestez, artikulu honetan aurreikusitako epeak amaitzen badira justifikazioa gauzatu gabe, dagokion prozedurari ekingo zaio jasotako zenbatekoak itzuli beharra adierazteko eta ordaintzeke daudenak eskuratzeko eskubidea galdutzat jotzeko.

6.– Deialdi honetan jasotako laguntzak justifikatzeko fakturen ordainketa guztiak honako hauen bidez egiaztatu beharko dira: transferentziaren, taloiaren, txekearen edo ordainketa justifikatzeko beste edozein dokumenturen kopia, edo dagokion zordunketa adierazten duen banku-laburpenaren fotokopia, edo finantza-entitateak eginiko ziurtagiria. Eskudiruz eginiko ordainketak ez dira kontuan hartuko. 50 eurotik beherako gastuak frogatzeko fakturak eta dokumentuak ere ez dira kontuan hartuko justifikaziorako (zergak kanpo).

27. artikulua.– Pertsona eta entitate onuradunen betebeharrak.

Erakunde onuradunaren betebehar izango dira Dirulaguntzen araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan ezarritakoak, eta, bereziki, honako hauek:

– IV. kapituluan aurreikusitako dirulaguntzen onuradunek diruz lagundutako jardueran alta emanda egon beharko dute, eta 15.1 artikuluan adierazitako onuradun-taldeetako baten barruan egon, bi urtez gutxienez ere, diruz lagundutako aktiboaren eskuratze-datatik hasita (diruz lagundutako lehen fakturaren data).

– V. kapituluan aurreikusitako dirulaguntzen onuradunek diruz lagundutako jardueran alta emanda egon behar dute, eta 20.1 artikuluan aipatutako talde onuradunetako baten barruan egon, hamar hilabetez gutxienez, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.

– Frogatu behar dute laguntza emateko eta hura baliatzeko bide eman duten betekizunak eta baldintzak betetzen dituztela eta jarduera gauzatzen dutela.

– Honako hauen egiaztatze- eta kontrol-jarduketei baiezkoa eman beharko diete: entitate laguntzaileak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua, Lan eta Enplegu Saila, Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoa eta Herri Kontuen Euskal Epaitegia.

– Beste edozein administrazio publikok edo erakunde publikok edo pribatuk laguntzaren bat edo dirulaguntzaren bat ematen badie helburu bererako, horren berri eman beharko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

– Dirulaguntza ematerakoan kontuan hartutako egoeraren bat –objektiboa edo subjektiboa– aldatu bada, horren berri eman beharko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

– Gertaeraren batek funtsean eragiten badio diruz lagundutako jardueren xedeari edo izaerari, horren berri eman beharko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren organismo autonomoek, edo zuzenbide pribatuko erakunde publikoek eta sozietate publikoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan itzultzeko edo zigortzeko prozeduraren bat hasi bada eta oraindik bideratzen ari bada, horren berri eman beharko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

– Enpresaren dokumentazio, publizitate, irudi eta material guztietan sexismorik gabeko hizkera erabili behar da, emakumeen kontrako bereizkeria edo estereotipo sexistak bultzatzen dituzten irudiak saihestu behar dira, eta berdintasunaren aldeko irudiak sustatu behar dira, presentzia orekatua, aniztasuna, erantzukidetasuna eta rol eta genero-identitate pluraltasuna sustatzen dutenak.

– Entitate onuradunek ekintzaileei helarazi beharko diete 32. artikuluan aipatzen den datu pertsonalen babesari buruzko informazioa.

28. artikulua.– Dirulaguntza aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan gertatu den aldaketa orok ekarri ahal izango du emandako dirulaguntza aldatzea, deialdi honetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira, betiere. Gutxieneko baldintza horiek artikulu hauetan jasota daude: II. kapituluko laguntzen kasuan, 5. artikuluan; III. kapitulukoetan, 10. artikuluan; IV. kapitulukoetan, 15. artikuluan, eta V. kapitulukoetan, 20. artikuluan. Era berean, 3. artikuluan aurreikusitako entitate laguntzaileentzako laguntzetarako, 3.2 artikuluan jasota daude gutxieneko baldintzak.

Baldintzen aldaketa horren ondorioz dirulaguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, hasiera emango zaio itzulketa-prozedurari.

29. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Deialdi honen 3.4 artikuluan eta II. eta III. kapituluetan aurreikusitako dirulaguntzak ez dira bateragarriak izango beste edozein administrazio edo entitate publikok zein pribatuk kontzeptu eta xede bererako emandako dirulaguntza edo laguntzekin.

IV. eta V. kapituluetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira bata bestearekin, eta ez dira bateragarriak beste administrazio edo entitate publiko zein pribatuk kontzeptu bererako emandako beste edozer eratako dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrerarekin, edo autoenplegua sustatzea helburu dutenekin, salbu eta langabezia-prestazioaren kapitalizazioa ez bada.

30. artikulua.– Ez-betetzeak eta emandako dirulaguntzak itzultzea.

1.– Deialdi honetako dirulaguntzen erakunde onuradunek ez badituzte betetzen Dirulaguntzen araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan ezarri zaizkien betebeharrak, edo deialdi honetan berariaz ezarri zaizkienak, edo Dirulaguntzen araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36 artikuluan adierazitako dirulaguntza itzultzeko kasuren batean sartzen badira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariak, dagokion ebazpenaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari jasotako kopuruak itzuli behar zaizkiola erabakiko du, bai eta dirulaguntza ordaindu zenetik hura itzuli behar dela erabakitzen den egunera bitarte edo zordunak itzulketa egiten duen arte –itzulketa egin behar duela erabaki aurretik egiten badu– dirulaguntzen arloan aplikagarriak diren berandutze-interesak itzuli behar zaizkiola xedatu ere, egokiak diren bestelako ekintzak eragotzi gabe, Dirulaguntzen araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita.

2.– II. eta III. kapituluetan aipatutako laguntza edo tutoretzako prozesua aldez aurretik utziz gero, horren zergatia edozein dela ere, edo ekonomia-jardueren gaineko zergan alta emanez gero negozioa abian jartzeko diruz lagundutako tutoretza- eta laguntza-prozesua amaitu baino lehen, hauxe izango da emandako dirulaguntza itzultzeko araubidea:

a) Prozesua hasi eta hilabete igaro aurretik utziz gero edo EJZn alta emanez gero, jasotako dirulaguntza osorik itzuli beharko da, eta egin gabe dauden ordainketak ezeztatuko dira, horrelakorik badago.

b) Lehenengo hilabetea igaro ondoren eta laguntza-lana amaitu baino lehen utziz gero prozesua edo EJZn alta emanez gero, zenbateko hauek itzuli beharko dira:

II. kapituluan araututako dirulaguntzaren kasuan, emandako dirulaguntzaren % 50 itzuli beharko da.

III. kapituluan araututako dirulaguntzaren kasuan, jasotako diru-kopuruaren 1/3 itzuli beharko da. Halaber, ordaindu gabe dagoen dirulaguntzaren bigarren zatia jasotzeko eskubidea galduko da.

Nolanahi ere, proiektua bertan behera utzi aurretik edo EJZn alta eman aurretik gauzatutako jarduerei buruzko memoria aurkeztu beharko da. Bestela, ulertuko da dirulaguntza ez dagoela justifikatuta mantentzen den zenbatekoarekiko, eta 26.5 artikuluan xedatutakoa aplikatuko da. Horren ondorioz, dirulaguntza osoa itzuli beharko da.

3.– II. eta III. kapituluetan aipatutako laguntza- edo tutoretza-prozesuan sustatzaileak besteren konturako jarduerak egiten baditu 18 egun edo 27 egun baino gehiagotan (hurrenez hurren), dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko du, eta jasotako dirulaguntza itzuli beharko du.

4.– Baldin eta IV. kapituluko (Enpresa-proiektua ezartzea) dirulaguntzen onuradun diren ekintzaileak ez badaude jardueran alta emanda, edo alta emanda bai baina ez badaude deialdiaren 15.1 artikuluan aipatutako taldeetakoren bateko kide bezala alta emanda, 27. artikuluan adierazitako 2 urteko gutxieneko epean, jasotako dirulaguntza osorik itzuli beharko dute. Hala ere, betebehar horiek gutxienez urtebetez etengabe bete badira, jasotako dirulaguntza itzuli beharko da, bi urtera iristeko falta den denborarekiko proportzioan.

5.– Baldin eta V. kapituluko (Enpresa-jarduera bat sendotzea) dirulaguntzen onuradun diren ekintzaileak ez badaude jardueran alta emanda, edo alta emanda bai baina ez badaude deialdiaren 20.1 artikuluetan aipatutako taldeetakoren bateko kide bezala alta emanda, 27. artikuluan adierazitako 10 hilabeteko gutxieneko epean, jasotako dirulaguntza osorik itzuli beharko dute. Halaber, ordaindu gabe dagoen dirulaguntzaren bigarren zatia jasotzeko eskubidea galduko dute.

6.– Zenbateko horiek zuzenbide publikoko sarreratzat joko dira dagozkien lege-ondorioetarako, eta Dirulaguntzen araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 46. artikuluan aurreikusitako erantzukizun-araubidea jarraituko da.

31. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariak abiaraziko du itzulketa-prozedura, eta idazkia bidaliko dio onuradunari, ez-betetzea eragin duen edo duten gertaera edo gertaerak zein diren aditzera emateko, eta adieraziko dio hamabost eguneko epea duela egokitzat jotako alegazioak edo egiaztagiriak aurkezteko. Prozedura hori hasiz gero, eten egingo dira oraindik egiteke dauden ordainketak.

2.– Alegazioak aurkezteko epea igaro eta halakorik aurkeztu ez bada, edo aurkeztutakoak onartu ez badira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariak ebazpena emango du. Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

3.– Ebazpenak arauren bat bete gabe utzi dela iritzi, eta dirulaguntza osorik edo zati bat jasotzeko eskubidea galdutzat emanez gero, interesdunak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkio dagozkion diru-kopuruak; horretarako, bi hilabeteko epea izango du, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita. Epe hori borondatezko epea izango da.

4.– Borondatezko epe horretan dirulaguntza itzultzen ez bada, dirulaguntza berreskuratzeko premiamendu-bidera jotzeko izapideak hasiko dira.

32. artikulua.– Datuen babesari buruzko informazioa.

Datu pertsonalen babesaren arloan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren jarduera honako bi xedapen hauen mende egongo da: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (EB 2016/679 Erregelamendua) eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko 3/2018 Lege Organikoa. Lortutako datu pertsonalak «Enplegurako eta enplegu-prestakuntzarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren barruan egongo dira. Jarduera horren arduraduna LANBIDE da, eta haren helburua da Lanbideren eskumen diren enplegu-politika aktiboekin zerikusia duten dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzea, bai eta iruzurra jazartzea eta datuak estatistiketarako erabiltzea ere. Lortzen diren datuak beharrezkoak dira Lanbideri emandako botere publikoak gauzatzeko eta lege-betebeharrak betetzeko, eta arlo horretan eskumena duten administrazio publikoei jakinarazi ahal izango zaizkie.

Datuen titularrek datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, aurka egiteko eta tratamendua mugatzeko eskubideak erabili ahal izango dituzte tratamenduaren arduradunaren aurrean, datuen babesaren arloko eskubideak baliatzeko prozeduraren bidez. Prozedura hori https://www.euskadi.eus/datu-babesaren-gaineko-eskubideak-egikaritu/web01-tramite/eu/ helbidean argitaratu da.

Datuen babesari buruzko informazio gehiago dago hemen: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/074300-capa2-eu.shtml

33. artikulua.– Lehiari buruzko Europako araudia.

Deialdi honen IV. eta V. kapituluetan jasotako dirulaguntzak Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren mende egongo dira; erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria merkatu erkidearekin bateragarri deklaratzen dira, Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz (Kategorien araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorra, KSEO). Zehazki, enpresa-proiektu berrietarako laguntzak arautzen dituen 22. artikuluaren mende egongo dira.

34. artikulua.– Dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko arauak.

Laguntza-programa hau kudeatzeko, Dirulaguntzen araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legeaz gain, honako hauek ere aplikatuko dira: oinarrizko araudia jasotzen duen Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, eta hori garatzen duen erregelamendua, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua; eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren konturako dirulaguntzen bermeen eta itzultzeen araubide orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, araubidea eta betebeharrak ezartzen dituena.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala