Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

87. zk., 2024ko maiatzaren 6a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
2109

EBAZPENA, 2024ko apirilaren 19koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Prestazioen eta Inklusioaren zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita agortu egin dela desgaitasuna duten langileentzat enplegu-zentro berezietan enplegu egonkorra sortzeko inbertsiorako laguntzen 2024ko ekitaldiko aurrekontu-kreditua.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren 2024ko otsailaren 28ko Ebazpenaren bidez, urriaren 17ko 152/2023 Dekretuaren II. kapituluaren 3. atalaren 2. azpiatalean aurreikusitako laguntzen 2024rako deialdia argitaratu zen (152/2023 Dekretua, urriaren 17koa, zeinaren bidez arautzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoan desgaitasuna duten pertsonen enplegagarritasunarekin lotutako programak eta zerbitzuak eta Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroa). Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak onartu zuen deialdi hori, 2024ko otsailaren 27ko bilkuran.

Urriaren 17ko 152/2023 Dekretuaren 50.1 artikuluan ezartzen denez, eskabideak aurkezten diren hurrenkeran aztertuko dira, eta hurrenkera horretan emango dira laguntzak. Era berean, artikulu berean adierazten denez, aurrekontu-kreditua agortzen bada, EHAAn argitaratuko da, Prestazioen eta Gizarteratzearen zuzendariaren ebazpen baten bidez, eta ebazteke dauden eskaeretako dirulaguntzak ukatuko dira.

Era berean, 2024rako laguntzen deialdiaren 2. artikuluak xedatzen duenez, aurrekontu-ekitaldian eman beharreko laguntzen guztizko bolumenak ez du gaindituko deialdian aurreikusitako aurrekontu-kredituaren zenbatekoa edo hura handitzearen ondoriozko zenbatekoa, baldin eta indarrean dagoen legeriaren araberako aurrekontu-aldaketak onartzen badira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.

Orobat, laguntza-deialdiaren 2. artikuluan jakinarazten da deialdi horri 2024rako esleitutako kredituaren zenbateko osoa.

Urriaren 17ko 152/2023 Dekretuaren (Euskal Autonomia Erkidegoan desgaitasuna duten pertsonen enplegagarritasunarekin lotutako programak eta zerbitzuak eta Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroa arautzen dituena) II. kapituluaren 3. atalaren 2. azpiatalean araututako enplegu-zentro berezietan desgaitasuna duten pertsonentzako enplegu egonkorra sortzeko inbertsiorako laguntzetara bideratutako baliabide ekonomikoak agortu ondoren, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Argitara ematea ezen agortu egin dela urriaren 17ko 152/2023 Dekretuaren (Euskal Autonomia Erkidegoan desgaitasuna duten pertsonen enplegagarritasunarekin lotutako programak eta zerbitzuak eta Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroa arautzen dituena) II. kapituluaren 3. atalaren 2. azpiatalean desgaitasuna duten pertsonentzat enplegu-zentro berezietan enplegu egonkorra sortzeko laguntzak finantzatzeko 2024rako esleitutako aurrekontu-kreditua, 2024ko martxoaren 25ean, 16:27an aurkeztutako espedientearekin.

Bigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko apirilaren 19a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Prestazioen eta Inklusioaren zuzendaria,

SARA BUESA RODRÍGUEZ.


Azterketa dokumentala