Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

87. zk., 2024ko maiatzaren 6a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
2104

EBAZPENA, 2024ko apirilaren 25ekoa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiarena, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Graduko Ikasketen Gestiorako Arautegia argitaratzen duena.

Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak, 2024ko apirilaren 24ko osoko bilkuran, eta kontsulta publikoa egin ondoren, Graduko Ikasketen Gestiorako Arautegia onartzea erabaki zuen, Graduko Batzordearen proposamenari jarraituz eta bat etorrita Errekurtsoen, Irizpenen eta Sinplifikazioaren arloko Batzorde Administratiboaren irizpenean adierazitakoarekin.

UPV/EHUren Estatutuetako 187.1.d) artikuluak idazkari nagusiari esleitzen dio UPV/EHUko erabaki guztien publizitatea bermatzeko eginkizuna. Bestalde, 39/2015 Legeko 131. artikuluak xedatzen du arautegi eta xedapen administratiboak kasuan kasuko aldizkari ofizialean argitaratu beharko direla, indarrean jarri eta ondorio juridikoak izan ditzaten, bat etorrita Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko otsailaren 25eko 3/2004 Legeak dioenarekin 10. artikuluan.

Horregatik guztiagatik, honako hau

XEDATU DUT:

Lehenengoa.– Bidaltzea Euskal Herriko Unibertsitateko Graduko Ikasketen Gestiorako Arautegia, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak 2024ko apirilaren 24an onartua, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratua izan dadin, eranskinean jasota dauden moduan.

Bigarrena.– Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio bideari eta, kontra egiteko, aukerako berraztertze errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio ebazpena eman zuen organoari hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi errekurtsoa jarri ahal izango da jurisdikzio ordena horretako epaitegietan bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita epe biak. Edozelan ere, ezingo dira jarri bi errekurtsoak aldi berean.

Leioa, 2024ko apirilaren 25a.

Idazkari nagusia,

AITOR ZURIMENDI ISLA.

Eranskina
GRADUKO IKASKETEN GESTIORAKO ARAUTEGIA
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Helburua.

1.– Arautegi honen helburua da arautzea UPV/EHUko graduko ikasketa ofizialak kudeatzeko prozedura akademikoak.

2.– Graduko Batzordeak ikasturtero onartuko du, graduko ikasketen arloan eskumena duen errektoreordearen proposamena ikusita, arautegi hau aplikatzeko tramiteen egutegi ofiziala.

2. artikulua.– Aplikazio eremua.

Arautegi hau aplikatuko zaie UPV/EHUn irakasten diren graduko ikasketei, bai unibertsitatearen beraren ikastegietan irakasten direnei bai atxikitako ikastegietan irakasten direnei.

3. artikulua.– Datu pertsonalaren tratamendurako araubidea.

Arautegi hau aplikatzeko eskuratzen diren datu pertsonalak tratatu behar direnean, beteko dira, batetik, 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluarena, eta, bestetik, abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. Era berean, UPV/EHUren tratamendu jardueren erregistroari eutsiko zaio.

II. KAPITULUA
SARBIDEA ETA ONARPENA

4. artikulua.– Graduetan sartzeko bideak.

UPV/EHUn sartzeko eskaria egin nahi duten ikasleek bide hauetakoren bat erabili beharko dute:

a) Batxilergoa izatea eta unibertsitatera sartzeko proba edo Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa (USE) UPV/EHUn gainditzea.

b) Batxilergoa izatea eta unibertsitatera sartzeko proba edo USE beste unibertsitate batean gainditzea.

c) Lanbide Heziketako goi mailako teknikari titulua, Arte Plastiko edo Diseinuko goi mailako teknikari titulua, edo goi mailako Kirol teknikari titulua edo baliokidea izatea.

d) Europako Batxilergoko titulua edo nazioarteko Batxilergoko titulua izatea.

e) Ikasketak egin izana Europar Batasuneko estatuetako hezkuntza sistemetan edo arlo honetan aplikagarriak diren nazioarteko elkarrekikotasun hitzarmenak dituzten beste estatu batzuetako hezkuntza sistemetan, eta betetzea kasuan kasuko hezkuntza sisteman unibertsitateetara sartzeko eskatzen diren baldintza akademikoak.

f) 25 urtetik gorakoentzako unibertsitatera sartzeko proba gainditzea. Proba UPV/EHUn egin dutenek izango dute lehentasuna, eta horien ondoren joango dira proba beste unibertsitate publiko batean egin dutenak. Probak publikoak ez diren unibertsitateetan gainditu dituzten ikasleen eskariak banan–banan aztertuko dira.

g) 45 urtetik gorakoentzako proba UPV/EHUn gainditzea.

h) Lan esperientzia egiaztatzea.

i) Unibertsitateko titulazioa izatea.

j) Ikasketak egin izana Europar Batasuneko estatuetako hezkuntza sistemetan, baina ez betetzea kasuan kasuko hezkuntza sisteman unibertsitatera sartzeko eskatzen diren baldintza akademikoak, edo ikasketak Europar Batasunekoak ez diren estatuetako hezkuntza sistemetan eginda izanik, Espainiako hezkuntza sistemara homologatutako Batxilergoko titulua izatea eta unibertsitatera sartzeko proba gainditua. Modalitate honetan, Unibertsitatera Sartzeko Proba UPV/EHUn egin ahal izango da.

5. artikulua.– Plazen erreserba talde espezifikoetarako.

1.– Kupo hauek ezarriko dira gordetako plazak dituzten taldeetarako:

a) Unibertsitateko titulazioa daukaten ikasleentzat: plazen % 2.

b) % 33ko desgaitasun maila edo handiagoa duten ikasleentzat eta, desgaitasunarekin lotutako hezkuntza premia berezi iraunkorrak izanik, aurreko ikasketak normaltasun osoaz egiteko baliabide eta laguntzak behar izan dituzten ikasleentzat: plazen % 5.

c) Goi mailako edo errendimendu handiko kirolarientzat: plazen % 3 (% 5 gehiago Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Graduaren eta Fisioterapiako Graduaren kasuan).

d) 25 urtetik gorakoentzako sarbidea hartzen dutenentzat: plazen % 2.

e) 45 urtetik gorakoentzako sarbidea hartzen dutenentzat: plazen % 1.

f) Lan esperientzia egiaztatuz sartzeko bidea hartzen dutenentzat: plazen % 1.

2.– Gradu bikoitzen kasuan, berriz, eskainiko diren plazak izango dira bakar–bakarrik kupo orokorreko ikasleentzat (Batxilergoa gehi USPa eta Goi Mailako Heziketa Zikloa). a), d), e) eta f) kupoentzat izango liratekeen plazak gehituko zaizkie jatorrizko graduetan talde horiei eskainiko zaizkien plazei.

6. artikulua.– Onarpen eskaria (izena ematea).

1.– Ikasleek onarpen eskari bakar bat aurkeztu ahal izango dute UPV/EHUn ikasturte bakoitzean. Eskaria bakarra izango da unibertsitatean sartzeko bidea dena delakoa izanda, unibertsitatean onartua izateko eskaria modalitate batetik baino gehiagotatik egin arren, edota unibertsitatean sartzeko proba nahiz graduan sartzeko aukera ematen duen goi mailako heziketa zikloa ohiko deialdian zein ezohiko deialdian gainditu.

Indarrean dauden arauei jarraituz, sarrera bide batetik baino gehiagotatik egiteko baldintzak betetzen dituzten ikasleek eskari bakarra egitean gauzatu beharko dute aukera hori.

2.– Onarpen eskaria baliozkoa izan dadin, osorik bete behar da eta eskariaren gordekina eskuratu. Prozesua ez bada osatzen eta eskariaren agiria ez bada eskuratzen, ulertuko da eskaria ez dela bete, eta, ondorioz, interesduna UPV/EHUn sartzeko prozeduratik kanpo geratuko da.

3.– Onarpen eskariak behin–behinekoak izango dira 9. artikuluan zehaztutako agiriak UPV/EHUn jaso eta egiaztatu arte. Unibertsitateak dokumentazio hori behin jaso eta egiaztatutakoan, behin betiko bihurtuko dira.

4.– Egindako eskariarekin batera aurkeztu ez ziren ikasketak edo kalifikazioen aldaketaren bat aurkeztu nahi izanez gero, Sarbide Bulegora bidali beharko da dokumentazio berria, konpultsatua edo EKSrekin, betiere tramiteen egutegian zehaztutako epearen barruan.

5.– Unibertsitateko tituludunak ezin izango dira sartu graduko ikasketetan, baldin eta graduko ikasketa horiek ikasleak bukatuta dituen ikasketen ordezko badira eta graduko ikasketen parekoa edo maila handiagokoa bada titulua. Unibertsitateko tituludunak ezingo dira sartu, ezta ere, gradu bikoitzeko ikasketetan, baldin eta daukaten titulua gradu bikoitza osatzen duten ikasketetako bati badagokio.

7. artikulua.– Eskatu ahal diren graduko ikasketen kopurua eta graduak esleitzeko lehentasun hurrenkera.

1.– Ikasleek matrikularako zortzi gradu eskatu ahal izango dituzte gehienez unibertsitatea sartzeko eskari bakarrean, eta gradu horiek esleitzeko lehentasun hurrenkera ere adieraziko dute.

2.– Behin onarpen prozedura hasita, ez da onartuko, inolaz ere, plaza eskarian aldaketarik egitea edo beste titulaziorik gehitzea, eta eskari egileak eskarian ezarritako lehentasun hurrenkerari jarraituko zaio.

8. artikulua.– Onarpen eskariak eta agiriak aurkezteko modua eta epea.

1.– Onarpen eskariak online baino ez dira egingo, UPV/EHUren webgunearen bidez (www.ehu.eus), sarbide mota guztietarako eta graduko ikasketak egiteko deialdi guztietarako, Graduko Ikasketen Gestiorako Arautegia aplikatzeko tramiteen egutegi ofizialean ikasturte bakoitzerako zehaztuko den datan.

2.– Dokumentazioa, 9. artikuluan zehaztutakoa, graduko tramiteen egutegi ofizialean adierazitako epean aurkeztu beharko da: EKSdun dokumentuak badira, modu elektronikoan, onarpen eskaria aurkeztean; edo posta ziurtatuaren bidez helbide honetara bidalita: Sarbideko Bulegoa, 1.397 posta kutxatila, 48080 Bilbao.

3.– Sarrera probaren ezohiko deialdikoa edo Lanbide Heziketakoa izateagatik ikasleak ez baditu betetzen baldintza akademikoak onarpen eskaria aurkezteko epearen barruan, eskuratzen dituenean bidaliko ditu aipatutako agiriak unibertsitatera, eta hurrengo onartuen zerrendan sartuko da horrek ematen dizkion eskubideekin.

9. artikulua.– Gradu baterako onarpen eskaria egitean aurkeztu beharreko agiriak.

Honako hauek dira onarpen eskaria egiteko aurkeztu beharreko agiriak:

a) UPV/EHUren webgunearen bidez egindako onarpen eskariaren gordekina.

b) NANaren edo pasaportearen fotokopia.

c) Honako hauen fotokopia erkatuak edo EKSdunak: unibertsitatera sartzeko probako txartela; Lanbide Heziketako ikasketen ziurtagiri akademikoa, deialdia eta azken nota zehaztuta; unibertsitatean egindako ikasketen ziurtagiri akademikoa (titulazioa UPV/EHUn 1990aren ostean egin duten ikasleek izan ezik), UHUNek emandako ziurtagiria, edo unibertsitatera sartzeko aukera egiaztatzen duen beste edozein agiri.

d) Desgaitasunak dituzten ikasleentzat edo, desgaitasunarekin lotutako hezkuntza premia berezi iraunkorrak izanik, aurreko ikasketak normaltasun osoaz egiteko baliabide eta laguntzak behar izan dituzten ikasleentzat gordetako plazak eskatu nahi dituzten ikasleek, bai eta goi mailako edo goi errendimenduko kirolarientzat gordetako plazak eskatu nahi dituzten ikasleek ere, egoera hori egiaztatzen duen agiriak (edo agiria) aurkeztu behar dituzte, kasuan kasuko administrazioak emanak.

e) Ikasleei eskatzen bazaie hizkuntza jakin batean B2 maila izatea gradua egiteko, gradu hori egin nahi duten ikasleek maila hori egiaztatzen duen agiria aurkeztu behar dute, kasuan kasuko erakunde eskudunak emana.

10. artikulua.– Onarpen eskariak ebazteko beharrezkoak diren agiri osagarriak.

Onarpen eskariak ebazteko beharrezkoak iruditzen zaizkion agiri osagarriak eska ditzake unibertsitateak.

11. artikulua.– Ikasketa ofizialak hasita dituzten ikasleen onarpena.

1.– Aipatutako ikasleek aukera hauek dituzte UPV/EHUko gradu batean sartzeko:

a) Berriro egin dezakete onarpen eskaria prozedura orokorrerako ezarritako epe eta datetan, eta ikasle berritzat hartuko dira; hau da, sarrera proban lortutako kalifikazioa edo parekoa hartuko da kontuan. Horretarako, onarpen eskaria aurkeztu beharko dute 7. artikuluan zehaztutako epeei jarraituz.

b) Era berean, ikasketak hasita dituztenez, ikastegiko idazkaritzan zuzenean eskatu ahal izango dute lekualdaketa, Graduko Ikasketen Gestiorako Arautegia aplikatzeko tramiteen egutegi ofizialean lekualdaketetarako zehaztuko den epearen barruan. Eskari horiek ikastegiko dekanotzak/zuzendaritzak ebatziko ditu, errektoreak horretarako eskumenak eskuordetuta, betekizun hauei jarraikiz:

1.– Lehenengo maila osoa edo 60 kreditu gaindituta izatea, baldin eta ikasketa horietarako plaza kopuru mugatua badago edo plaza guztiak ohiko prozeduraren bidez esleitu badira.

2.– UPV/EHUn Jarraitzeko Arauak betetzea.

3.– Ikastegiko zuzendaritzak lekualdaketa kopuru jakin bat onartu ahal izango du bateragarri izango dena titulazio horretako lehenengo mailan sartzeko ezarrita dagoen ikasle kopuruarekin eta irakats ahalmenarekin. Horretarako, ikastegiko akademia antolakuntzako batzordeak zehaztutako irizpide objektiboak erabiliko dira, eta irizpideok ikastegiaren webgunean egon beharko dira argitaratuta izena emateko epea hasi baino lehen.

Ikastegiak kontuan har ditzake, aldez aurretik hala erabaki eta argitara eman badu, ikasleak justifikatutako beste egoera batzuk, zuzenean eragiten diotenak ikaslearen egoera akademikoari.

2.– Ikasleak plaza lortuz gero, espediente akademikoa lekuz aldatu beharko da. Tramite hori jatorrizko ikastegiak edo unibertsitateak egin beharko du, interesatuak UPV/EHUn onartua izan dela egiaztatu ondoren.

3.– Lekualdaketa UPV/EHUren ikastegi batetik beste batera egin bada ikasketa berberekin jarraitzeko, erabilitako deialdiak espediente berrian jasota agertuko dira, baina, edozelan ere, horrelakoetan, ikasleak bermatuta izango ditu bi deialdi.

4.– Gradu bera ematen duten ikastegiek plaza kopuru bat gorde ahal izango dute beren jatorrizko ikastegian ematen ez den aipamen bat egin nahi duten ikasleen lekualdaketa eskarientzat. Horretarako, tartean diren ikastegietako batzarren erabakia beharko da. Erabakian zehaztuko da zenbat plaza gordeko diren eta zein baldintzatan egingo diren lekualdaketak, eta informazio hori ikastegietako webguneetan argitaratu beharko da lekualdaketak eskatzeko epea hasi aurretik.

5.– Onartutako ikasleak matrikula egin beharko du ikasketak egingo dituen ikastegiko idazkaritzan, onarpen erabakian adierazitako epean. Ezer adierazi ezean, 31. artikuluan zehaztutako epeetan egin beharko du.

6.– Onartutako ikasle horien berri eman beharko die ikastegiak graduko ikasketen arloan eskumena duen errektoreordetzari.

12. artikulua.– Unibertsitateko ikasketak atzerrian hasita dituzten ikasleen onarpena.

1.– Aipatutako ikasleek aukera hauek dituzte UPV/EHUn sartzeko:

a) Ikasle horiek izena emateko prozesuan har dezakete parte, 4. artikuluan aipatzen diren bideetakoren bati jarraituta.

b) Era berean, lekualdaketa eskatu ahal izango dute, betiere baliozkotu edo aitortu ahal bazaizkie 30 kreditu, gutxienez.

Ikasle horiek onarpen eskaria aurkeztu beharko dute matrikula egin nahi duten ikastegiko idazkaritzan, Graduko Ikasketen Gestiorako Arautegia aplikatzeko tramiteen egutegi ofizialean lekualdaketetarako zehaztutako epearen barruan, eskariarekin batera arautegi espezifikoan zehaztutako agiriak aurkeztuta; eskari horiek dekanoak edo zuzendariak ebatziko ditu, errektoreak eskumenak eskuordetuta.

2.– Ikastegiko zuzendaritzak lekualdaketa kopuru jakin bat onartu ahal izango du bateragarri izango dena titulazio horretako lehenengo mailan sartzeko ezarrita dagoen ikasle kopuruarekin eta irakats ahalmenarekin. Horretarako, ikastegiko akademia antolakuntzako batzordeak zehaztutako irizpide objektiboak erabiliko dira, eta irizpideok ikastegiaren webgunean egon beharko dira argitaratuta izena emateko epea hasi baino lehen. Besteak beste, unibertsitateko espedientea hartu beharko da kontuan.

3.– Onartutako ikasleak matrikula egin beharko du ikasketak egingo dituen ikastegiko idazkaritzan, onarpen erabakian adierazitako epean. Ezer adierazi ezean, 31. artikuluan zehaztutako epeetan egin beharko du.

4.– Onartutako ikasle horien berri eman beharko die ikastegiak graduko ikasketen arloan eskumena duen errektoreordetzari.

13. artikulua.– Utzitako ikasketak berriro hartu nahi dituzten ikasleen onarpena.

1.– Ikasketak beste unibertsitate batera edo UPV/EHUko beste ikastegi batera joateko utzi eta berriro hartu nahi dituzten ikasleek ikastegiko idazkaritzan zuzenean aurkeztu beharko dute eskaria, Graduko Ikasketen Gestiorako Arautegia aplikatzeko tramiteen egutegi ofizialean lekualdaketetarako zehaztutako epearen barruan, eta dekano edo zuzendariak hartuko du eskariari buruzko erabakia.

2.– Onartutako ikasleak matrikula egin beharko du ikasketak egingo dituen ikastegiko idazkaritzan, onarpen erabakian adierazitako epean. Ezer adierazi ezean, 31. artikuluan zehaztutako epeetan egin beharko du.

14. artikulua.– Ikasketak hasita dituzten goi mailako eta errendimendu handiko kirolarien onarpena.

1.– Kirol arrazoien ondorioz bizilekuz aldatu beharra izan duten goi mailako eta errendimendu handiko kirolariek bizileku berrian euren ikasketekin jarraitu nahi izanez gero, espedientea lekuz aldatzeko eskaria egin beharko dute matrikula egin nahi duten ikastegiko idazkaritzan, Graduko Ikasketen Gestiorako Arautegia aplikatzeko egin beharreko tramiteen egutegi ofizialean lekualdaketaren bidezko onarpenerako zehaztutako epearen barruan. Eskari horiek lehentasuna izango dute kasuan kasuko ikasketetan lekualdaketetarako dauden plazak esleitzean, bat etorrita uztailaren 13ko 971/2007 Errege Dekretuak, goi mailako eta errendimendu handiko kirolariei buruzkoak, 9. artikuluko 10. atalean zehaztutakoarekin.

2.– Ezarritako epetik kanpo, esleitu gabeko plaza hutsak geratu direnean baino ez dira onartuko era honetako lekualdaketak.

3.– Onartutako ikasleak matrikula egin beharko du ikasketak egingo dituen ikastegiko idazkaritzan, onarpen erabakian adierazitako epean. Ezer adierazi ezean, 31. artikuluan zehaztutako epeetan egin beharko du.

15. artikulua.– Plazak esleitzea.

Plazen esleipena ekainaren 6ko 412/2014 Errege Dekretuan edo dekretu hori ordezkatuko duen arauan zehaztutako lehentasunei jarraituz egingo da, ikasleak adierazitako hurrenkera errespetatuz eta irizpide hauek kontutan hartuta:

a) Gordetako plazak dituzten taldeen kupoetako zenbait plaza, printzipioz, sarrera orokorreko ikasleei esleituko zaizkie, salbu eta, aurreko ikasturteetako datuen arabera, plaza horiek betetzen diren titulazioetan. Talde horien eskaririk balego, kasuan kasuko ehunekora arte onartuko dira.

b) Baimendutako plaza muga igoko da aurreko ikasturteko urriaren 31 baino lehen baliogabetutako matrikulen kopuru berean. Igoera hori kasuan kasuko ikastegiekin erabakiko da, eta plazak sarrera orokorreko ikasleek beteko dituzte, lehentasun hurrenkera zehatz–mehatz gordez.

16. artikulua.– Graduko ikasketetan onartua izateko notaren kalkulua.

1.– Graduko ikasketetara sartzeko eskariak ikaslearen batez besteko notaren hiru hamartar kontutan hartuta ordenatuko dira, dagokion balorazio irizpidea oinarri hartuta.

2.– Ikasleak unibertsitateko tituluren bat badu, unibertsitateko espedienteko batez besteko nota irailaren 5eko 1125/2003 Errege Dekretuan zehaztutakoari jarraituz kalkulatuko da. Aurkeztutako ziurtagiri akademikoaren bidez ezinezkoa bada batez besteko nota zehaztea, honetara kalkulatuko da:

a) Sarbideko kalifikazioak homologatzearren, kalifikazio kuantitatiborik ez dagoenean, taula honetako irizpideen arabera zehaztuko da kalifikazio kualitatiboaren zenbatekoa: baliozkotuta: 5,5 (kalifikaziorik gabeko irakasgaietarako); nahikoa: 5,5; oso ongi: 7,5; bikain: 9; ohorezko matrikula: 10.

b) Kreditutan egituratuta ez dauden ikasketa planetan honela kalkulatuko da batez besteko nota: gainditutako irakasgaien kalifikazioak batuko dira, aurreko taulako balioak erabilita, eta emaitza zatituko da titulazioko irakasgaien kopuruaz. Lauhileko edo seihileko irakasgaien kasuan, kalifikazioaren balioaren erdia hartuko da batuketarako eta irakasgaiaren erdia zatitzailean. Karrera amaierako proiektua urte osoko irakasgaitzat hartuko da.

c) Espedientea kreditutan egituratuta badago, honela kalkulatuko da batez besteko nota: gainditutako irakasgai bakoitzaren kreditu kopurua biderkatuko da bere kalifikazioaz, aurreko taulako balioak erabilita; gero, ateratzen diren emaitzak batuko dira eta batura zatituko da titulazioan guztira gainditutako kreditu kopuruaz.

d) Batez besteko nota kalkulatzean ez dira kontuan hartuko kalifikaziorik ez daukaten kreditu aitortuak.

17. artikulua.– Ikasleak graduetan onartzeko prozesua.

1.– Matrikula egiteko onarpena unibertsitatearen webgunean (www.ehu.eus) argitaratuko da, Graduko Ikasketen Gestiorako Arautegia aplikatzeko tramiteen egutegi ofizialean zehaztutako epearen barruan.

2.– Unibertsitatean, oro har, sei ordenatze fase egingo dira, eta onartuen sei zerrenda emango dira argitara. Onarpen prozesuaren garapena ikusirik, onartuen zerrenda gehiago atera ahal izango ditu; eta, horrela eginez gero, aldez aurretik jakinaraziko du denbora nahikoaz.

Ordenatze bakoitzaren ostean, graduren bateko itxaron zerrendan dauden ikasleek beren onarpen eskaria berretsi beharko dute gradu bakoitzerako hurrengo ordenatze fasean, eta, beraz, itxaron zerrendan jarraitzen dutela. Berresten ez diren eskariak bertan behera utzitakotzat joko dira hurrengo ordenatze fasean.

3.– Plaza guztiak bete ez dituzten graduen kasuan, azken onarpenaren ondoren itxarote zerrendarik ez badute, izena emateko beste epe bat irekiko da, plaza libreak bete arte. Epe hori gehienez ere amaituko da Graduko Ikasketen Gestiorako Arautegia aplikatzeko tramiteen egutegi ofizialean onarpen prozesua behin betiko amaitzeko zehaztutako datan.

4.– Plazak bete ondoren itxarote zerrendak izaten segitzen duten graduen kasuan, onarpen prozesua behin betiko amaituko da Graduko Ikasketen Gestiorako Arautegia aplikatzeko tramiteen egutegi ofizialean ikasturte bakoitzerako zehaztuko den datan, eta egun horretatik aurrera ez da egingo inolako aldaketarik graduetan sartzeko prozeduran.

18. artikulua.– Ikasleei onartuta daudela jakinarazteko bidea.

Graduko ikasketen arloan eskumena duen errektoreordeak ebatziko ditu onarpen eskariak. Ikasleari UPV/EHUn matrikula egiteko onartuta dagoela jakinarazteko bide ofiziala UPV/EHUren webgunea izango da; hau da, ikasleek ez dute jasoko jakinarazpen indibidualik. Erabaki horren aurka interesdunek berraztertze errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote graduen arloko eskumenak dituen errektoreordeari.

19. artikulua.– Onartutako ikasleen matrikula.

1.– Ikasleak berak egin behar du matrikula, ez beste inork, jakinaraziko zaizkion egunetan eta kasuan kasuko artikuluan (34., 35. edo 36. artikulua) adierazitako dokumentuak aurkeztuta.

2.– Matrikula egin ahal izango da Internet bidez (automatrikula) edo kasuan kasuko ikasketak ematen dituen unibertsitateko ikastegian. Gradu guztiek ez dituzte matrikula egiteko sistema berberak eta, beraz, unibertsitatearen webgunean ikusi beharko da zein den gradu bakoitzak erabiltzen duena.

3.– Ikasleak ez badu matrikula egiten zehaztu zaion egun eta orduan, ikasleak matrikula egiteko eskubideari uko egin diola ulertuko da eta, hortaz, galdu egingo du ikasketak egiteko plaza. Gero, beranduago, ikasleak UPV/EHUn matrikula egiteko nahia adieraziko balu, eskariak berriro ordenatu ondoren plaza hutsak dauzkan titulazioren batean sartzeko aukera izanez gero baino ezingo luke egin matrikula.

4.– Ikasle bekadun moduan matrikulatzeko, matrikula egiterakoan bete beharko ditu ikasleak beka deialdian eskatzen diren baldintza akademikoak, eta beka eskaria aurretik egina izan beharko du.

20. artikulua.– Onarpen eskarien aldaketak eta onarpen eskari berriak ebazteko irizpideak.

Bai onarpen eskari berriak eta bai aurkeztutako onarpen eskarien aldaketak eskari berritzat hartuko dira ondorio guztietarako, eta graduko ikasketen arloan eskumena duen errektoreordeak ebatziko ditu, honako irizpide hauen arabera:

a) Plaza libreak dituzten graduetarako onarpen eskariak onetsi egingo dira.

b) Plazarik geratzen ez den graduetarako onarpen eskariak ezetsi egingo dira.

21. artikulua.– Proba berezia Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Graduan sartzeko.

1.– Ekainaren 6ko 412/2014 Errege Dekretuko 10. artikuluan zehaztutakoaren babesean, proba berezia ezartzen da Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Graduan sartzeko.

2.– Proba hori gainditzeak ez dakar graduan onartua izatea; izan ere, proba gaindituta izateaz gain, bete beharko dira kapitulu honetan ezarritako sarbide, hautapen eta onarpen prozedura orokorrak.

3.– Proba gainditu arren ikasleak ez badu matrikularik egiten, hurrengo urteetan matrikula egin nahi izanez gero, berriro egin beharko du proba. Era berean, proba hori beste unibertsitate batean gaindituta izan arren, titulazioa Euskal Herriko Unibertsitatean ikasi nahi dutenek berriro egin beharko dute UPV/EHUn.

4.– Hezkuntza eta Kirol Fakultateko dekanoak antolatuko du proba eta epaimahaia izendatu, graduko ikasketen arloan eskumena duen errektoreordetzarekin koordinazioan.

5.– Probarako izena emateko epea izango da Graduko Ikasketen Gestiorako Arautegia aplikatzeko tramiteen egutegi ofizialean zehaztutakoa.

III. KAPITULUA
BI GRADU ALDI BEREAN EGITEA

22. artikulua.– Bi gradu aldi berean egiteko eskariak.

UPV/EHUn gradu bikoitza egiteari eta bi gradu aldi berean egiteari buruzko Arautegiak xedatzen du nola egin daitezkeen bi gradu aldi berean, hargatik eragotzi gabe arautegi honetan jasotakoa.

IV. KAPITULUA
MATRIKULA ETA PREZIO PUBLIKOAK

23. artikulua.– Irakasgai berrietan matrikulatzea.

Ikasturte bakoitzean, graduko titulazioetako ikasleek aurreko mailetan gainditzeke dituzten irakasgai guztietarako egin beharko dute matrikula, eta matrikulan, gehienez ere, 60 kreditu berri sartu ahal izango dituzte. Guztira, kreditu berriak eta errepikatutako kredituak batuta, ezin izango da 90 kreditu baino gehiagoko matrikula egin, bat etorrita UPV/EHUn Jarraitzeko Arauek diotenarekin.

24. artikulua.– Hautazko irakasgaiak.

1.– Ikasleek ikasturte bakoitzean aldatu ahal izango dute hautazko irakasgaien matrikula, nahiz eta aurreko ikasturteetan irakasgaiok gainditu gabe izan edo azterketetara aurkeztu ez.

Irakasgai berrietan zerotik hasiko dira kontatzen deialdiak.

Ikasleak hautazko irakasgai bat egin badu eta ez badu gainditu, hurrengo ikasturteetan berriz eskaintzen bada irakasgai hori, ikaslea berriro matrikulatu ahal izango da bertan, baina bestela ez.

2.– Matrikulan eskaintzen diren hautazko irakasgaietarako muga bat dago bai irakasgai kopuruari bai plaza kopuruari dagokionez, eta muga hori ikasturte bakoitzerako irakats eskaintzan zehazten da. Beraz, ez dira nahastu behar ikasketa planetan ageri diren hautazko irakasgaien kopurua eta ikasturte bakoitzerako eskainitako hautazko irakasgaiena.

3.– Ikasle bakoitzak matrikula egiteko txanda heltzen zaionean aukeratuko ditu hautazkoak. Txanda hori izango da matrikula ordena zehazteko 32. artikuluan ezarritako irizpideak aplikatu ondoren egokitu zaiona.

4.– Ikastegiek bermatu egin beharko dute hautazko irakasgaietan nahikoa plaza dagoela, ikasleak euren ikasketa planean euren mailarako ezarrita dauden kreditu guztietan matrikulatu ahal izan daitezen; era berean, matrikula egitean ikasleek aukeratu ahal izateko adinako kopuruan eskaini beharko dituzte. Era berean, bermatu egin beharko dute Euskararen Plan Gidarian graduko euskarazko hautazko irakasgaiei buruz zehaztutako irizpide eta konpromisoak.

25. artikulua.– Irakasgai osagarriak edo gehiegizko kredituak.

1.– Titulazioko kreditu guztiak eginda izan arren, ikasleek aukera izango dute, automatrikularako epea amaitu eta gero, hautazko irakasgaietan matrikulatzeko, 23. artikuluan zehaztutako mugaren barruan, dekanoak edo zuzendariak aurretik baimena emanda, eta, betiere, titulua eskatu baino lehen.

2.– Era berean, titulazioko kreditu guztiak eginda izan arren, ikasleek hautazko kredituak aitortzea eskatu ahal izango dute kultur eta kirol ekintzetan, elkartasuneko eta lankidetzako jardueretan eta ikasleen ordezkaritzan aritzeagatik, Graduko Ikasketetan Kredituak Transferitzeko eta Aitortzeko Arautegiak zehaztutako prozedurari eta irizpideei jarraituz, dekanoak edo zuzendariak aurretik baimena emanda, eta, betiere, graduko titulua eskatu baino lehen.

26. artikulua.– Eskolarik gabeko irakasgaiak.

Desagertzeko bidean dauden ikasketa planetako irakasgaiak, eskolarik gabekoak, honela gestionatuko dira:

a) Plan bateko maila bat ematen den azken urtea bada, plan hori egiten ari diren ikasleak nahitaez matrikulatu beharko dira maila horretan gainditzeke dituzten irakasgai guztietan.

b) Irakasgai horien deialdiak izango dira, oro har, bigarren lauhilekoko irakasgai bati dagozkionak. Hala ere, ikastegiak horretarako aukerarik zehaztuta izanez gero, ikasleak lehenengo lauhilekoko ohiko deialdia erabili ahal izango du, baina horren berri eman beharko du ikastegiko idazkaritzan, ikastegiak horretarako zehaztutako epean, eta idazkaritzak mota horretako ebaluaziorako izendatutako epaimahaiari jakinaraziko dio. Deialdia aurreratu baina azterketa gainditu ez duten ikasleek ikastegiko idazkaritzan esan beharko dute, maiatzaren 15a baino lehen, beste bi deialdietatik zein erabili nahi duten. Ikasleak ezer esaten ez badu, ulertuko da bigarren lauhilekoko ezohiko deialdia erabiliko duela da ikasturte horretako bigarren deialdi bezala.

c) Irakasgai horien kalifikazio orriak eta aktak eskuratzeko, gainerako irakasgai guztietarako erabiltzen den prozedura berbera erabiliko da.

d) Irakasgai horien ebaluazio probetarako egunak ikastegi bakoitzak jarriko ditu deialdi bakoitzerako, eskolak dauzkaten irakasgaietarako erabilitako prozedura berbera erabiliz.

27. artikulua.– Behin betiko matrikula.

1.– Ikasleek egindako matrikulak behin–behinekoz onartuko dira. Matrikula behin betikoa izango da egiaztatzen denean ikasleak betetzen dituela eskatu duen titulazioa egiteko behar diren baldintzak. Egiaztapena ikasleak matrikula egin eta lau hilabeteko epean egingo da.

2.– Lau hilabeteko epe hori igarota ikastegiko dekanoak edo zuzendariak ez badu matrikula horren kontrako erabakirik hartzen, matrikula behin betiko onartutzat emango da. Dekano edo zuzendariaren erabakiaren kontra gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio errektoreari.

3.– UPV/EHUk ikusiko balu ikasleak ez duela betetzen matrikula egiteko baldintzaren bat, baliogabetu egingo du matrikula, eta ordaindutako dirua itzuliko dio ikasleari, 46. artikuluan adierazitako moduan.

28. artikulua.– Irakasleen matrikula.

1.– UPV/EHUko irakasleek debekatuta izango dute irakasle diren ikastegietan ikasle gisa matrikulatzea.

2.– Hala ere, unibertsitate eskoletako irakasle titularrak irakasle diren ikastegietan matrikulatu ahal izango dira, daukaten titulua diplomatu titulua edo ingeniari teknikoarena bada, baina errektoreak eman beharko du horretarako baimena, beren–beregi.

29. artikulua.– Matrikula bakarra.

1.– Ikasturte bakoitzeko matrikula bakarra izango da bi lauhilekoetarako, baina bigarren matrikulaldi bat zabaldu ahal izango da, soilik 48. artikuluan aipatzen diren kasuetarako.

2.– Gradu Amaierako Lanerako matrikula UPV/EHUn Gradu Amaierako Lana egin eta defendatzeari buruzko Arautegiaren araberakoa da eta, horri jarraikiz, matrikularako epe orokorrean edo horretarako zabaldutako beste epe batean egin ahal izango da.

3.– Halaber, ikastegiak matrikula aldatzeko ezohiko epe bat ezarri ahal izango du, ikasleei lepora ezin dakizkiekeen arrazoiek eragindako kasuetarako. Halakoetan, ikastegiak horren berri eman beharko du bere webgunearen bidez, horretarako epea zein den zehaztuta eta matrikula nortzuek alda dezaketen adierazita.

4.– Ezohiko ebaluazio probako kalifikazioa jarri gabe duten irakasgaiak badaude, aldi baterako matrikula egingo da, behin betiko bihurtuko dena irakasgai horien kalifikazioa jarri ondoren.

30. artikulua.– Ikasleen banaketa nahitaezko irakasgaietako taldeetan.

1.– Matrikulatutako ikasleak nahitaezko irakasgaietako taldeetan banatu ahal izango dira hurrenkera alfabetikoaren arabera, ausaz edo ikaslearen nahiari jarraituz, matrikula epea ireki aurretik ikastegiko batzarrak onartutakoarekin bat.

2.– Banaketa ikaslearen nahiaren arabera egitea erabakiz gero, ikasleek matrikula egitean aukeratu beharko dute taldea, une horretan dituzten aukeren artean. Aukera horiek matrikula egiteko eskariak ordenatu ondoren ikasleari egokitu zaizkion egun eta orduaren araberakoak izango dira.

3.– Maila eta hizkuntza batean matrikulatu ondoren, ikasleek taldez aldatzeko eskatu ahal izango dute irakasgai solteetan, hizkuntzagatik. Eskabideok ikastegiko zuzendariak edo dekanoak ebatziko ditu, eskura diren baliabideak oinarri hartuta.

31. artikulua.– Lehenengo mailako ikasleen matrikula.

Lehenengo mailako ikasleek egingo dute matrikula Graduko Ikasketen Gestiorako Arautegia aplikatzeko tramiteen egutegi ofizialean zehaztutako epearen barruan.

32. artikulua.– Lehenengo mailatik gorako ikasleen matrikula.

1.– Matrikula egingo da Graduko Ikasketen Gestiorako Arautegia aplikatzeko tramiteen egutegi ofizialean ikasturte bakoitzerako zehaztuko den epearen barruan. Ikasleak edo haren ordezkari akreditatuak matrikula egin ez badu zehaztu zaion egun eta orduan, galdu egingo du espedientearen arabera daukan lehentasuna.

2.– Ikasleek automatrikula egingo dute Internet bidez. Ikasle bakoitzak aukeratu ahal izango du zehaztu zaion egun eta orduan eskaintzen diren irakasgaien artean, unibertsitateak onartutako irakats eskaintzaren arabera betiere.

3.– Matrikula egiteko egun eta orduaren jakinarazpen ofiziala Internet bidez egingo da, Graduko Ikasketen Gestiorako Arautegia aplikatzeko tramiteen egutegi ofizialean zehaztutako egunean, unibertsitatearen webgunean.

4.– Ikasle bakoitzak matrikula zein egun eta ordutan egin behar duen zehazteko, unibertsitateak ikasle guztiak ordenatuko ditu Graduko Ikasketen Gestiorako Arautegia aplikatzeko tramiteen egutegi ofizialean ikasturte bakoitzerako zehaztuko den egunean, espedientean data horretan azaltzen diren kalifikazioetan oinarrituta, eta ordena zenbaki handiagoa lortzen dutenek izango dute lehentasuna.

Matrikula ordena: MO= 0,25*A + 2,5*M + 5*F

A = gainditutako irakasgaien kalifikazioa baloratzen duen koefizientea (espedientearen batezbestekoa).

M = matrikularen urtean izandako errendimendu akademikoa neurtzen duen faktorea (matrikula ordena zehazten den egunean ikasleak ikasturte horretan gaindituta dituen kredituak/ikasturte horretan matrikulatutako kredituak).

F = titulazioaren bukatze maila definitzen du (matrikula ordena zehazten den egunean ikasleak gaindituta dituen kredituak/titulazioko kreditu guztiak).

33. artikulua.– Aurreko ikasturtean matrikularik egin ez eta ikasketak berriro hartu nahi dituzten ikasleak.

Aurreko ikasturtean matrikularik egin ez eta ikasketak berriro hartu nahi dituzten ikasleek, baita lekualdaketa eginda onartutakoek ere, ikastegiko idazkaritzan egingo dute matrikula, Graduko Ikasketen Gestiorako Arautegia aplikatzeko tramiteen egutegi ofizialean ikasturte bakoitzerako zehaztuko den epearen barruan, ikastegiak beste epe bat ezarri ez badu.

34. artikulua.– Matrikula egiteko aurkeztu behar diren agiriak.

Lehenengo mailan lehendabiziko aldiz matrikulatzen diren ikasleek, edozein izanda ere titulazioa, honako agiri hauek aurkeztu behar dituzte:

a) Matrikula prozesuan adierazi beharreko datu ekonomiko eta estatistikoak.

b) NANaren edo pasaportearen fotokopia.

c) Argazki bat.

d) Matrikularen ordainketa helbideratzeko inprimakia, bankuko kontuaren titularrak sinatuta.

e) Hala dagokionean, matrikulako prezio publikoak ordaintzetik salbuetsita egoteko edo prezio murriztua ordaintzeko eskubidea egiaztatzen duen agiria, eta administrazio egoitzaren ziurtagiria edo erroldatze ziurtagiria, unibertsitateko zerbitzu akademikoengatik ordaindu beharreko prezioak finkatzeko Eusko Jaurlaritzak onartzen duen aginduaren arabera.

35. artikulua.– Unibertsitatera sartzeko proba edo parekoa egin duten ikasleek aurkeztu beharreko agiri espezifikoak.

34. artikuluan aipatutako agiriez gain, bide honetatik sartu den ikasle bakoitzak honako hauek aurkeztu beharko ditu:

a) Unibertsitatera sartzeko probako edo pareko ebaluazioko behin betiko kalifikazioa jasotzen duen agiria. Proba horiek UPV/EHUn egin dituztenek ez dute halakorik aurkeztu behar.

b) Azken notan «ohorezko matrikula» lortu duten Batxilergoko ikasleek, horren ziurtagiria.

c) Ikaslea matrikulatuta egon den unibertsitate edo ikastegitik espedientea lekuz aldatzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina. UPV/EHUko ikasleek ez dute agiri hau aurkeztu behar.

d) Unibertsitateko ikasketak hasita dituzten ikasleek espedientea lekuz aldatu beharko dute.

36. artikulua.– Lanbide Heziketako ikasleek, atzerriko ikasketetakoek eta titulazioa daukaten ikasleek aurkeztu beharreko agiri espezifikoak.

34. artikuluan aipatutako agiriez gain, bide honetatik sartu den ikasle bakoitzak honako hauek aurkeztu beharko ditu:

a) Kasuan kasuko titulaziora sartzeko bidea ematen duen tituluaren agiria edo UHUNek emandako ziurtagiria (atzerriko ikasketak).

b) Onarpen nota hobetzeko gai espezifikoen kalifikazioa alegatzen dutenek, probetako edo pareko ebaluazioko kalifikazioak jasotzen dituen txartelaren fotokopia erkatua edo EKSduna, edo fotokopia eta jatorrizkoa. Proba horiek UPV/EHUn egin dituztenek ez dute halakorik aurkeztu behar.

37. artikulua.– Lehenengo mailatik gorako ikasleek eta lehenengoko errepikatzaileek aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Lehenengo mailatik gorako ikasleek eta lehenengoko errepikatzaileek honako hauek aurkeztu behar dituzte:

a) Datu ekonomiko eta estatistikoen inprimakia (aurreko ikasturtean matrikulatuta egon ez diren ikasleek besterik ez).

b) Hala dagokionean, matrikulako prezio publikoak ordaintzetik salbuetsita egoteko edo prezio murriztua ordaintzeko eskubidea egiaztatzen duen agiria, eta administrazio egoitzaren ziurtagiria edo erroldatze ziurtagiria, unibertsitateko zerbitzu akademikoengatik ordaindu beharreko prezioak finkatzeko Eusko Jaurlaritzak onartzen duen aginduaren arabera.

c) Ikaslea matrikulatuta egon den unibertsitate edo ikastegitik espedientea lekuz aldatzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina (unibertsitate honetako ikastegi batetik bestera edo beste unibertsitate batetik hona aldatutako ikasleentzat besterik ez).

2.– Aurreko ikasturtean matrikulatuta egon direlako automatrikula egiten duten ikasleek b) atalean adierazitako agiriak baino ez dituzte aurkeztu beharko, hala badagokie.

38. artikulua.– Erasmus programako edo antzeko nazioarteko programetako ikasle atzerritarren matrikula.

1.– Ikasle hauek ez dute UPV/EHUn matrikularik ordaindu beharko, euren unibertsitatean ordainduta dute eta.

2.– Honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Erasmus ikasle atzerritarrek edo antzekoek UPV/EHUn izena emateko orria (orri horretan koordinatzaileak zehaztu beharko ditu ikasleak egingo dituen irakasgaiak, espedientean alta emateko).

b) Nortasun agiriaren edo pasaportearen fotokopia.

c) Argazki bat, atzean izena eta abizenak idatzita.

d) Jatorrizko unibertsitatean egindako matrikularen gordekinaren fotokopia.

e) E–111 dokumentuaren fotokopia eta/edo aseguru indibidualaren erreferentzia, onarpen prozeduran Nazioarteko Harremanetako Zerbitzuak adierazitakoaren arabera.

39. artikulua.– Sicue–Séneca edo antzeko programen bidez beste unibertsitate batzuetatik datozen ikasleen matrikula.

1.– Ikasle hauek ez dute UPV/EHUn matrikularik ordaindu beharko, euren unibertsitatean ordainduta dute eta.

2.– Honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Sicue–Séneca edo antzeko programetako ikasleek UPV/EHUn izena emateko orria (orri horretan koordinatzaileak zehaztu beharko ditu ikasleak unibertsitate honetan dagoen bitartean egingo dituen irakasgaiak, espedientean alta emateko).

b) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia.

c) Argazki bat, atzean izena eta abizenak idatzita.

d) Jatorrizko unibertsitatean egindako matrikularen gordekinaren fotokopia.

e) Eskola aseguruaren ordainagiriaren fotokopia eta/edo aseguru indibidualaren erreferentzia, onarpen prozeduran Nazioarteko Harremanetako Zerbitzuak adierazitakoaren arabera.

40. artikulua.– Baldintzapeko matrikula.

1.– Beste unibertsitate publiko batean onartua izateko zain dagoela agiri bidez frogatzen duen ikasleak behin–behineko matrikula egin ahal izango du UPV/EHUn, eta behin betiko matrikula egitean ordainduko ditu matrikulari dagozkion prezio publikoak.

2.– Interesatuak behin betiko matrikula egin beharko du, edo uko egin beharko dio, Graduko Ikasketen Gestiorako Arautegia aplikatzeko tramiteen egutegi ofizialean zehaztuko den epea amaitu aurretik.

3.– Epea amaitu baino lehen ikaslea ez bada behin betiko matrikula egitera joan, unibertsitateak, ofizioz, baliogabetu egingo du baldintzapeko matrikula, eta ikasleak galdu egingo du gordeta zeukan plaza. Hori horrela egingo da behar bezala justifikatutako kasuetan izan ezik.

41.– artikulua. Matrikula ordaintzea.

1.– Ikasleek unibertsitateari ordaindu beharrekoa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak zehaztuko du ikasturte bakoitzerako.

2.– Ikasleak ez ditu ordaindu beharko matrikulari dagozkion tasak beka eskaria aurretik egina badu eta beka deialdian eskatzen diren baldintza akademikoak betetzen baditu matrikula egitean.

Ikasleak matrikulari dagozkion tasak ordaindu beharko ditu, beka eskaria aurretik egina izan arren, ez baditu betetzen beka deialdian eskatzen diren baldintza akademikoak.

3.– Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak zehaztuko dituen prezio publikoak ordaintzetik salbuetsita egoteko edo prezio murriztuak ordaintzeko eskubidea izateko, prezio publikoen aginduan jasotako baldintzak bete eta egiaztatu beharko dira.

4.– Ikasle bakoitzak matrikulagatik ordaindu beharreko zenbatekoa matrikula egiteko unean kalkulatuko da automatikoki.

5.– Ikasketa plana desagertu egin delako egokitu diren irakasgaiek ez dute kosturik izango, prezio publikoen aginduak bestelakorik zehazten ez badu bederen.

42. artikulua.– Matrikula ordaintzeko erak.

Hauek dira matrikula ordaintzeko erak:

a) Ikasleak unibertsitateari kontu zenbaki bat eman eta ordainketa horra helbideratzea. Matrikularen ordainketa helbideratzeko azken eguna ikasturte bakoitzeko otsailaren 1a izango da.

b) Kreditu txartelaren bidez, edo Bizum eta Mipago Wallet erabilita.

c) Matrikula egiten duenean ikasleari ematen zaion abonu agiri pertsonalizatuaren bidez, eta prezio publikoen aginduan zehaztutako epeetan, ikasleak epeka ordaintzea erabakitzen badu. Matrikula orrian adierazten den banketxeetako batean egin beharko da diru sarrera. Banketxeak zigilua ipiniko du abonu agirian eta baliozkotu egingo du hala egindako ordainketa. Ikasleak aleetako bat gordeko du, ordaindu izanaren egiaztagiri bezala.

43. artikulua.– Matrikula epeka ordaintzea.

1.– Ikasleak epeka ordaindu ahal izango du matrikula, betiere Eusko Jaurlaritzak prezio publikoen aginduan zehaztutako epeak beteta.

2.– Bigarren matrikulaldian eta beka ukatzen denean, matrikula ezin izango da zatika ordaindu.

3.– Matrikula egitean ikasle batek matrikula ordaintzen ez badu beka baten zain dagoelako, eta gero beken epaimahaiak beka ukatzen badio, matrikularen zenbatekoa ordaindu beharko du, epe bakarrean, nahiz eta beka ukatzearen kontrako gorako errekurtsoa aurkeztu.

4.– Ikasleek epeka ordaindu beharko dituzte beti aldi baterako matrikulak, betiere matrikulan ordaindu beharreko kopurua prezio publikoen aginduan zatika ordaintzeko zehaztutako gutxienekoa baino txikiagoa ez bada. Lehenengo epea aldi baterako matrikularen arabera kalkulatuko da. Ikaslea kalifikatu eta behin betiko matrikula zein izango den jakin ondoren, automatikoki kalkulatuko da gainerako epeetan ordaindu beharreko zenbatekoa.

44. artikulua.– Matrikula baliogabetzea.

1.– Baliogabetze arrunta.

Ikasleek matrikula baliogabetu ahal izango dute urte bakoitzeko abenduaren 31ra arte. Matrikula osorik baliogabetuko da beti, eta ezin izango da irakasgai solterik edo matrikularen zati bat bakarrik baliogabetu.

Graduaren ardura daukan ikastegian aurkeztuko da eskaria.

2.– Salbuespenezko baliogabetzea.

Matrikula baliogabetzeko eskaria ikasturteko edozein unetan egingo ahal izango da, ikasleak ezin badu ikasten jarraitu salbuespenezko, ustekabeko eta behar bezala justifikatutako egoera bat sortu delako, adibidez gaixotasun fisiko edo psikiko luzea; ikaslea bera edo berarekin lehen mailako odolkidetasuna daukan senidea hiltzen bada; ikaslea bera lanean hasten bada eta lanaren ordutegia bateraezina bada ikasketekin; edo egoera horien parekoa den beste edozein sortzen bada ustekabean.

Halakoetan, dirua itzultzeko eskaria unibertsitateko erregistroan aurkeztu beharko da, graduko ikasketen arloan eskumena duen errektoreordeari zuzendua, salbuespenezko egoera egiaztatzen duten agiriekin batera.

3.– Matrikula baliogabetu duten ikasle berriek berriro eman beharko dute izena unibertsitatean ikasten berriz hasi nahi izanez gero.

45. artikulua.– Matrikula ez ordaintzea eta ondorioak.

1.– Matrikularen prezioa ez ordaintzeak edo zati bat bakarrik ordaintzeak espediente akademikoa etetea ekarriko du.

2.– Matrikula ez ordaintzeagatik espediente akademikoa etenda daukan ikasleak zor izango dio unibertsitateari ordaintzeke daukan kopurua. Erabakia emango da ikaslea zorduna dela adierazteko, eta jakinarazpena egingo zaio.

3.– UPV/EHUrekin zorren bat dutenek ezin izango dute aurrerantzean beste matrikularik egin. Halaber, ez zaie emango titulurik edo ziurtagiririk, ez eta espediente akademikoari buruzko informazio oharrik ere, eta ezin izango dute espedientea lekuz aldatu. Era berean, ezin izango dituzte UPV/EHUren zerbitzuak erabili.

4.– Ikasleari berriro aktibatuko zaio espediente akademikoa zorra ordaintzen duen unean.

Hala ere, ikasle batek baldintza akademikoak betetzeagatik bekadun moduan egin badu matrikula, eta gero beka ukatzen badiote, ez da zorduntzat hartuko, baldin eta matrikula baliogabetzea eskatzen badu ukoa jaso eta hamabost eguneko epearen barruan.

46. artikulua.– Tasa eta prezio publikoak itzultzea.

Nahiz eta ikasleek legezko epean eta eran eskatu matrikula baliogabetzea, ez zaie, oro har, itzuliko ordaindutako dirua, irailaren 11ko 1/2007 Legegintzako Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Legearen testu bategina onartzekoak, 34.6 artikuluan ezarritakoarekin bat.

Kasu hauetan baino ez zaizkie itzuliko ikasleei ordaindutako prezio publikoak:

a) Matrikula administrazioak bere kabuz baliogabetzen duenean, baldintzaren bat betetzen ez delako, eta hori zuzentzea ezinezkoa denean.

b) Ikasleak ordaindutako zenbatekoa indarrean dauden prezioak baino gehiago izan denean, kalkula oker egin delako edo oker kobratu delako, betiere horren errua ikaslearena izan ez bada.

c) Ordaindu dutenek eskubidea dutenean ordaintzetik salbuetsita egoteko, beka eskaria onartu zaielako, edo dirulaguntza edo salbuespenen baten onuradun direlako, baldin eta eskaria legezko epean eta eran egin badute, ikasturte bakoitzerako prezio publikoen aginduan ezarritakoari jarraikiz.

d) Ikasleari onartzen zaizkionean irakasgaiak baliozkotu edo aitortzeko eskariak, aurretik ordainduta baditu.

e) Ikasleak matrikula baliogabetu eta dirua itzultzeko eskaria egiten duenean ikasturtea modu ofizialean hasi aurretik. Eskaria ikastegian aurkeztu behar da.

f) Ikasleak matrikula baliogabetzea eskatu badu ezin duelako ikasten jarraitu salbuespenezko, ustekabeko eta behar bezala justifikatutako egoera bat sortu delako, eta graduko ikasketen arloan eskumena duen errektoreordeak erabaki badu prezio publikoak itzuli behar zaizkiola. Eskaria egiten badu lehen lauhilekoko eskolak behin amaituta, bigarren lauhilekoko irakasgaien zenbatekoa itzuliko zaio, eta dirua itzultzean aldatu egingo zaio matrikula, bigarren lauhileko horretako irakasgaiak ezabatuta. Eskaria egiten badu bigarren lauhilekoko eskolak behin amaituta, ez zaio dirurik itzuliko.

a), b) eta d) ataletan adierazitako kasuetan, unibertsitateak ofizioz itzuliko du dirua, matrikula baliogabetu ondoren. Gainerako kasuetan ikasleek eskatu egin beharko dute prezio publikoak itzultzea.

47. artikulua.– Ohorezko matrikulak.

Ohorezko matrikulak prozedura honen arabera gestionatuko dira:

a) Irakasgaietan ohorezko matrikulak eman ahal izango dira: ohorezko matrikula bat hogei ikasleko multzo bakoitzeko edo hogeitik beherako ikasle multzo bakoitzeko. Horretarako, ikasketa planeko irakasgai bakoitzeko talde bakoitzean ikasle guztiak akta bakarrean daudela ulertuko da.

Dena den, ikastegietako zuzendaritza edo dekanotza taldeek beste modu batera kudeatu ahal izango dute, gradu bereko taldeen irakaskuntza bateratuagatik (gradu bikoitzak barne) edo irakasle taldeak aplikatutako metodologiagatik. Horretarako, jakinaren gainean jarri beharko dute graduko ikasketen arloan eskumena duen errektoreordetza ikasturteko lehen hiruhilekoan, eta argitara eman beharko dute ikastegian.

Gradu amaierako lanen kasuan, gehienez ikasleen % 5i eman ahal izango zaie ohorezko matrikula, kontuan hartuta ikastegiak defentsarako antolatutako aldi bakoitzean guztira, titulazio bakoitzerako, matrikulatu den ikasle kopurua.

b) Ohorezko matrikulagatik egiten diren murrizketak ikasketa berberetako hurrengo matrikulan eta kreditu kopuru berean aplikatuko dira. Matrikulan egingo den murrizketa kalkulatzeko erabiliko da kostu txikieneko kreditua. Murrizketak aplikatuko dira, halaber, ikasleak espedientea aldatzen badu ikasketa horiek barne dituen gradu bikoitz batera. Aldiz, espedientea aldatzen badu gradu bikoitz batetik hura osatzen duten graduetako batera, murrizketak bakarrik aplikatuko dira baldin eta ohorezko matrikula daukan irakasgaia titulazio berekoa bada.

c) Murrizketak UPV/EHUko ikasleei bakarrik aplikatuko zaizkie; ez zaie, beraz, preziorik murriztuko beste unibertsitate batzuetatik etorritako ikasleei, unibertsitateok publikoak izan nahiz pribatuak izan.

d) Plan zaharretik plan berrira egokitutako irakasgaien kasuan, murrizketa egingo da kontuan hartuta zenbat kreditu aitortu zaizkion ikasleari ohorezko matrikularekin gainditutako irakasgaiaren truke.

e) Batxilergoko irakasgaietan lortutako ohorezko matrikulek ez dute murrizketarako eskubiderik ematen. Hala ere, kalifikazio orokorrean «ohorezko matrikula» duten ikasleek matrikula ez ordaintzeko eskubidea izango dute unibertsitatean lehen aldiz matrikulatzean.

48. artikulua.– Bigarren matrikulaldia.

1.– Ikastegiek erabaki ahal izango dute, ikastegiko batzarrean, bigarren matrikulaldia zabaltzea bigarren lauhilekorako, irakasgai hauetarako:

a) Aurrebaldintzak dituzten irakasgai edo mailetarako.

b) Hautazko irakasgaietarako, plaza hutsik badago.

c) Nahitaezko irakasgaietarako, ikastegiko batzarrak hala onartu badu.

2.– Bigarren matrikulaldia ikastegietako idazkaritzetan egingo da, ikasturte bakoitzeko urtarrilaren 31 baino lehenago.

V. KAPITULUA
IRAKASKUNTZA-IKASKUNTZAREN PLANGINTZA

49. artikulua.– Prestakuntza programa eta irakaskuntza gidak.

1.– Ekainaren 1erako ikastegiak argitaratuta izan behar du bere webgunean titulazioen plangintzari buruzko informazioa eta, bertan, honako hauek gutxienez: ikasle bakoitzak izan beharreko arduraldia ECTS kredituetan, aurreikusitako irakasleak eta irakasgai bakoitzaren ustezko ordutegia.

2.– Epe horretan bertan bere webgunean ikasleen esku jarri beharko ditu ikastegian ematen diren titulazioetako irakasgaien irakaskuntza gidak, kasuan kasuko sailek onartuak, baita ebaluazio proben eta irakaskuntzako bestelako jardueren egutegia ere. Irakasgai bakoitzaren irakaskuntza gida e–Gelan emango da argitara lehenengo eskola astean, eta bertan egongo da ikasturtea amaitu arte, ikasleek eskuragarri izan dezaten.

3.– Irakaskuntza gida bakarra egongo da irakasgai bakoitzerako eta bertan jasoko dira, gutxien dela, prestakuntzaren helburuak, programa, programatutako jarduerak eta ebaluazio sistema, baita ebaluazio irizpide eta adierazle espezifikoak ere, proba bakoitzaren haztapena barne, horrelakorik egonez gero. Prestakuntzaren helburuek, programatutako jarduerek eta ebaluaziorako irizpideek elkarrekiko koherentzia agertu beharko dute, eta ikasketa planean onartutakoarekin bat etorri beharko dute.

4.– Irakasgaiaren oinarrizko programa taldeetako irakasle arduradunen artean adostu behar dute. Ados jartzen ez badira, saileko kontseiluak, irakasgaia ematen duten irakasle guztiei entzun ondoren, denek eman beharreko gaiei buruzko erabaki arrazoitua hartuko du, bai eta onartuko diren salbuespenei buruzkoa ere.

5.– Titulazio zehatz bateko irakasgairen bat sail batek baino gehiagok ematen badute (ikastegi edo atal batean baino gehiagotan), sailen artean adostu beharko da oinarrizko programa.

6.– Zuzenean ikastegi baten menpe dauden gai edo irakasgaien irakaskuntza gidak ikastegi horretako batzarrak onartu beharko ditu.

7.– Ezin izango da irakasgaiaren ebaluazioa egin irakasleek behar beste landu ez dituzten gaien inguruan, nahiz eta gaiok irakasgaiaren programan agertu.

8.– Ikastegiak horri buruzko informazioa eskatuko die sailei behar beste denboraz.

50. artikulua.– Jarduera akademikoen programazioa eta ordutegiak.

1.– Ikastegiak ikasgelako jardueren ordutegia argitaratu beharko du (eskola magistralak, mintegiak, ikasgelako praktikak edo ikasgelan egin beharreko beste edozein jarduera) eskola astetan antolaturik. Behar–beharrezkoa izango da, nolanahi ere, eskola magistralen ordutegia zehaztea. Beste irakaskuntza mota batzuen programazio zehatza aurreikusi ezin balitz, gutxienez, horien inguruko aurreikuspenak finkatu beharko dira.

2.– Ikastegiak ahaleginduko dira, ordutegiak zehazterakoan, ikasle guztiei batera astean bi orduko tartea uzten gutxienez, beste jarduera batzuk egin ahal izateko. Era berean, baliabideek horretarako aukera ematen dutenean eta ikasketen plangintza orokorrak ahalbidetzen duenean, maila bateko nahitaezko irakasgai guztiak txanda berean emateko ahalegina egingo da.

3.– Argitaratutako programazioan jarduera bakoitzaren ardura izango duen irakaslearen izena agertuko da.

4.– Matrikulaturiko ikasleek talde jakin batean sartzeko eskaria egin ahal izango dute, ikastegi bakoitzak horretarako zehaztutako epean. Eskarien kopurua taldeko plazen kopurua baino handiagoa bada, ikasleak irizpide objektiboen arabera banatuko dira taldeetan. Irizpideok argitara emango dira taldez aldatzeko eskariak egiteko epea hasi baino lehen. Edozelan ere, lehentasuna izango dute 5. eta 6. deialdietako ikasleek.

5.– Ikastegiko dekanoak edo zuzendariak, baliabideen arabera ahal den neurrian, talde bidaiak eta ikasketa bidaiak sustatuko ditu. Bidaiok aldez aurretik programatuko dira, denbora nahikoaz, behar bezala antolatzeko eta beharrezko baimen akademikoak eta balizko laguntzak eskuratzeko.

51. artikulua.– Irakaskuntza antolatzeko plana.

1.– Ikastegiko dekanoak edo zuzendariak hurrengo ikasturterako irakaskuntza antolatzeko plana jakinaraziko die zerikusia duten sail guztiei eta sailek, berriz, ikastegi bakoitzari jakinaraziko diote bertan eskolak ematen dituzten irakasle guztien irakaslanaren behin betiko esleipena, tutoretza orduak barne.

2.– Ikastegiaren eta sailaren arteko harremanak errazteko, sailak ordezkari lanak egingo dituen irakasle bat izendatuko du irakaskuntza eskaintzen duen ikastegi bakoitzean, ahal bada arduraldi osokoa. Sailak pertsona horren izena jakinaraziko dio ikastegiko zuzendaritzari.

Ikastegi bakarrean irakasten duten sailen kasuan, ordezkaria saileko zuzendaria bera izango da. Ikastegi batean baino gehiagotan irakasten duten sailen kasuan, berriz, ordezkari hori sailaren barne arauei jarraikiz izendatuko da, baina, ahal dela, ikastegiari atxikita dagoen eta bertan eskolak ematen dituen irakasle bat izango da.

52. artikulua.– Tutoretzak.

1.– Ikasleek eskubidea dute ikasketa prozesuan banakako laguntza eta orientazioa jasotzeko, ikasturtean zehar egingo diren tutoretzen bidez.

2.– Ikastegi bakoitzeko dekanotzak edo zuzendaritzak tutoretzen ordutegia argitaratuko du, lauhileko bakoitza hasi aurretik, bai ikastegiaren webgunean bai kudeaketa akademikorako aplikazio informatikoan.

3.– Tutoretzen ordutegian aldaketarik eginez gero, irakasleak kudeaketa akademikorako aplikazio informatikoan grabatu beharko du aldaketa. Hiru egun edo gutxiagoko aurrerapenarekin justifikatutako aldaketen kasuan, aldaketa hori ikastegiko zuzendariak edo dekanoak edo saileko zuzendariak baimendu beharko du, eta ahal bezain laster jakinarazi beharko zaie ikasleei e–gelaren bidez, eta ohar bat ere jarriko da tutoretza egin behar zen bulegoan.

4.– Ezarritako tutoretza erregimena ikasturte osoan mantendu beharko da, azken deialdia egin arte.

5.– Talde bakoitzeko irakasleen izen–abizenak kudeaketa akademikorako aplikazio informatikoko irakats eskaintzaren moduluan sartuko dira, NAN zenbaki eta guzti, kalifikazio orrietan eta aktetan izen–abizenak ager daitezen, nahiz eta horrek ez duen eragotziko Graduko Titulazio Ofizialetako Ikasleen Ebaluaziorako Arautegia aplikatzeko beharrezkoak izan daitezkeen egokitzapenak egitea.

53. artikulua.– Titulazioko, mailako eta moduluko koordinatzaileen araubidea.

1.– Graduko tituluetan, titulazioaren koordinazioa eta jarraipena bermatu ahal izateko, ikastegiko batzarrak titulazioko koordinatzailea izendatuko du, bai eta maila edo moduluko koordinatzaileak ere.

2.– Mailako edo moduluko koordinatzaileak mailako edo moduluko gaitasunen garapenaz arduratuko dira, baita irakasle taldeen koordinazioaz, ikasleen lanaren banaketa orekatuaz eta prestakuntza prozesuaren etengabeko hobekuntzarako proposamenaz ere, maila edo moduluan zehar jasotako datu eta ebidentzietan oinarrituta.

54. artikulua.– Gradu batean irakasle batek baino gehiagok ematen dituzten irakasgaietako koordinatzaileen araubidea.

1.– Ikastegi edo atal batean graduko irakasgai bat irakasle batek baino gehiagok ematen badute, nahitaezkoa izango da irakasle guztiak koordinatzea. Horretarako, irakasgaiko koordinatzaile bat egon beharko da.

2.– Irakasgaiko koordinatzailea irakasgaiaren ardura duen saileko kontseiluak izendatuko du, ikasturte bakoitzerako, irakasgaia ematen duten irakasleen artetik. Adostasunik ez badago, saileko kontseiluak irakasgaia ematen duten irakasleen artean kategoria eta antzinatasun handiena duen irakaslea izendatuko du koordinatzaile bi ikasturtez jarraian aritzeko. Hurrengo ikasturtean, gainerako irakasleen artetik kategoria eta antzinatasun handiena duena izendatuko litzateke.

3.– Irakaskuntza jarduerak koordinatzeko, honako eginkizun hauek bete beharko dira:

a) Irakasgaiko koordinatzaileak Irakaskuntza Gidaren proposamena gainbegiratu eta eguneratuko du, irakasgaia ematen duten gainerako irakasleekin ados jarrita, saileko kontseiluak onar dezan.

b) Irakasgaia ematen duten irakasleek Irakaskuntza Gidaren arabera programatu beharko dute irakasgaia; irakasgaiko koordinatzaileak gainbegiratu beharko du hori hala dela talde guztietan, edozein dela ere hizkuntza eta irakasle kopurua.

c) Irakasgai bera ematen duten irakasleak gutxienez ikasturtean bitan bilduko dira beren irakaskuntza jarduerak koordinatzeko: behin irakasgaia ematen hasi baino lehenago eta behin irakasgaia ematen amaitu ondoren, emaitzen argitan. Irakasgaiko koordinatzaileak egingo du deia bilera horietako, bai eta koordinazioa bermatzeko beharrezkoak iruditzen zaizkion gainerako guztietarako.

d) Ikasturtea amaitzean irakasgaiko koordinatzaileak txosten bat egingo du, programazioaren garapenari buruzko informazioarekin. Aipatuko ditu gorabehera nagusiak eta, halakorik dagoenean, hobekuntza proposamenak egingo ditu. Txostena saileko zuzendariari eta titulazioko koordinatzaileari aurkeztuko die.

55. artikulua.– Proba baten data aldatu beharra hainbat irakasgairen ebaluazio probak batera suertatzeagatik.

Data aldatu behar denean, honako hauek hartuko dira kontuan, Graduko Titulazio Ofizialetako Ikasleen Ebaluaziorako Arautegiko 6. artikuluari jarraituz:

a) Nahitaezko irakasgai biren ebaluazio proben datak batera suertatuz gero, goragoko mailakoa den irakasgaiko irakasleek jarriko dute beste data bat.

b) Nahitaezko irakasgai baten eta hautazko irakasgai baten ebaluazio proben datak batera suertatuz gero, hautazko irakasgaiaren eguna aldatu beharko da.

56. artikulua.– Ebaluazio probaren ziurtagiria.

Ikasleek, eskatuz gero, ebaluazio probara joan izanaren ziurtagiria jasoko dute.

57. artikulua.– Unibertsitatea itxita egongo den aldiak.

Gobernu organoen erabakiz unibertsitatea itxita egongo den aldiak baliogabeak izango dira epeak zenbatzeko eta ebaluazio probak egiteko.

VI. KAPITULUA
EGOKITZAPENAK ETA BALIOZKOTZEAK

58. artikulua.– Egokitzapenak (plan zaharretik plan berrira aldatzea).

1.– Espedienteak ikasketa plan batetik bestera egokitzeko, taula bat erabiliko da, non zehaztuta egongo den aurreko planean gainditutako irakasgai bakoitzarekin plan berriko zein irakasgai edukiko den egokiturik (gainditurik). Taula hori automatikoki aplikatuko da ikaslea plan berrira sartzean.

2.– Egokitzapenak irakasgaika, irakasgai multzoka edo zikloka egin behar dira. Ezin izango dira inola ere irakasgaien zatiak egokitu.

3.– Desagertzeko bidean dagoen plan batetik plan berrira egokitzeak ez dio kosturik ekarriko ikasleari.

4.– Plan berrira sartzean ikaslea deialdi guztiekin hasiko da egokitu gabeko irakasgaietan, kontuan hartu gabe zenbat deialdi erabili zituen aurreko planean irakasgai horien baliokideetan.

Edozelan ere, Unibertsitatean Jarraitzeko Arauetan jasotakoari jarraituz ikasleak ezin badu aurreko planeko ikasketetan jarraitu, ezin izango ditu bere ikasketak plan berrira egokitu.

5.– Aurreko planetik plan berrirako egokitzapena ikasketa berberen barruan egingo da beti. Hala ere, gerta daiteke plan zahar batetik titulazio bat baino gehiago sortzea. Horrelakoetan, matrikula egitean ikasleak erabaki beharko du titulazio berri horietatik zeinetara nahi duen egin egokitzapena.

6.– Egokitzapenak prozedura honen arabera egingo dira:

a) Titulazioa irakasten duen ikastegiak zehaztuko du plan berria ezartzeko egutegia.

b) Egokitzapena prozesu nekeza da, ikaslearen espediente osoa egiaztatu behar baita; beraz, behin egokitzapena egitea eskatuz gero, ikasleak ezin izango du atzera egin.

c) Aurreko planean kredituak baliokidetzen bidez aitortuta dauzkaten ikasleek kreditu horiek berriro aitortzea eskatu beharko dute egokitzapena egiten dutenean. Aitorpen hori ikasketa plan berrian ezartzen denaren arabera eta ikastegiko akademia antolakuntzako batzordeak ebazten duenaren arabera egingo da.

d) Egokitzapena egin behar duten ikasleek matrikularako hitzordurik izango ez dutenez, ikastegiko idazkaritzara joan beharko dira 28. artikuluan adierazitako datetan eta ikasketa plan berrira egokitzeko eskaria egin.

59. artikulua.– Gradu bat desagertzea eta beste ikasketa batzuetara egokitzea.

1.– Oro har, ikasketa planak ikasturtez ikasturte desagertuko dira.

2.– Maila bakoitza desagertuta, hurrengo bi ikasturteetan ebaluazio probarako lau deialdi egingo dira.

3.– Ikasleak deialdi horiek proba gainditu gabe agortu baditu (deialdirik izan badu UPV/EHUn Jarraitzeko Arauei jarraikiz), eta ikasketekin jarraitu nahi badu, beste ikasketa plan batzuetan sartu beharko da, ikasketak egokituta edo kredituak aitortzeko prozedurari jarraituta.

60. artikulua.– Graduko ikasketetan kredituak transferitzea eta aitortzea.

Graduko ikasketa planetako kredituak transferitu eta aitortzeko, kontuan hartuko da Graduko Ikasketetan Kredituak Transferitzeko eta Aitortzeko Arautegian xedatutakoa (Gobernu Kontseiluak onartua 2012/05/16an), edo hori ordezkatuko duen arautegian ezarritakoa.

VII. KAPITULUA
SARI BEREZIAK ETA BIKAINTASUNEZ GRADUATUA AITORPENA

61. artikulua.– Graduko ikasketa ofizialetako sari bereziak.

1.– Graduko Batzordeak (UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak eskumenak eskuordetuta) gehienez sari berezi bi eman ahal izango ditu ikasturte bakoitzean eta unibertsitateko ikastegietan ematen den titulazio bakoitzeko, espediente akademikorik onena daukaten ikasleentzat.

2.– Karrera amaierako sari berezia jasotzeko hautagai izan daitezke sariak ematen diren ikasturtearen aurrekoan titulu ofiziala lortzeko ikasketak amaitu dituzten graduko ikasleak.

3.– Sari berezirako proposamena ofizioz egingo du ikastegi bakoitzeko dekanoak edo zuzendariak, ikasturte bakoitzerako legez ezarritako azken deialdia amaitu eta gero.

4.– Ikastegi bakoitzeko batzarrak zehaztuko du sari berezia proposatzeko egoki deritzon prozedura. Prozedura espezifikorik ezean, ikastegi bakoitzak batzorde bat izendatuko du, ikastegi horretan ematen diren titulazioei lotutako sailetako irakasleek osatua, gutxienez. Batzordeak espediente akademikoa egiaztatu eta baloratuko du, hurrengo atalean zehazten den moduan.

5.– Irizpide hauek erabiliko dira espediente onena zein den erabakitzeko:

a) Titulazioko irakasgaietako kalifikazioak baino ez dira kontuan hartuko. Beraz, ez dira aintzat hartuko ikasleak egindako bestelako ikasketa edo lanak. Ikastegiko batzarrak egokitzat jotzen dituen irizpideak ezarri ahal izango ditu puntu hau garatzeko.

b) Ikastegiak erabaki ahal izango du noiz ematen duen bukatutzat aurreko ikasturtea, baina bakarrik artikulu honetako 2. atalean esaten denari dagokionez.

c) Espediente akademikoa baloratzeko, aplikatuko dira irailaren 5eko 1125/2003 Errege Dekretuko irizpide eta baliokidetzak (irailaren 18ko BOE), edo une horretan indarrean dauden arauak.

d) Sari berezirako proposamena hutsik geratuko da titulazio batean baldin eta, ikastegiko batzarrak ezarritako irizpideei jarraikiz, horretarako merezimendurik daukan ikaslerik ez badago. Horrelakoetan, eman gabe geratzen diren sariak ezin izango dira eman ikastegiko beste titulazio batzuetan.

6.– Saridunari ziurtagiria emango zaio, eta bere espediente akademikoan eta Tituluaren Gehigarri Europarrean (TGE) geratuko da jasota.

62. artikulua.– Gradu bikoitzetako sari bereziak.

Gradu bikoitzetako sari bereziak emango dira UPV/EHUko gradu bikoitzei eta bi gradu aldi berean egiteari buruzko Arautegian adierazitakoaren arabera.

63. artikulua.– Bikaintasunez graduatua aitorpena lortzea.

1.– Bikaintasunez graduatua aitorpena lortzeko baldintzak unibertsitateko Gobernu Kontseiluak onartu zituen 2017ko uztailaren 13an eta EHAAn argitaratu ziren 2017ko azaroaren 20an. Baldintza horietan esaten da, besteak beste, UPV/EHUk bikaintasunez graduatuaren aitorpena egingo diela graduko kreditu guztiak kasuan kasuko lehenengo ohiko deialdian gainditu dituzten ikasleei. Gehienez ere aitorpen bat egingo da gradu bakoitzeko azkenengo mailan matrikulatutako hamalau ikasleko multzo bakoitzeko edo hamalautik beherako ikasle multzo bakoitzeko.

2.– Azaroaren 2an aplikatuko dira aitorpen hori egiteko baldintzak, ikasturtea urriaren 31n behin betiko itxi eta gero. Une horretatik aurrera kudeaketa akademikorako aplikazio informatikoan kontsultatu ahal izango da informazioa. Data horretatik aurrera ez da aldaketarik egingo.

3.– Aitorpena egin zaien ikasleen zerrenda bat jarriko da ikastegien eskura, ikastegiak interesdunekin harremanetan jar daitezen eta aukera eskain diezaieten, dagoeneko ziurtagiri akademikoa eta/edo TGE eskuratu badute, horren ordez beste bat eskuratzeko, aitorpen hori txertatuta daukana.

VIII. KAPITULUA
SALBUESPENEZKO DEIALDIA (GRAZIAKOA)

64. artikulua.– Salbuespenezko deialdietarako eskariak ebazteko irizpideak.

Salbuespenezko deialdietarako eskariak irizpide hauen arabera ebatziko dira:

a) Graduko ikasketetan, gehienez ere, salbuespenezko bi deialdi emango zaizkio ikasle bakoitzari ikasketa plan bakoitzean.

b) Graduko ikasketetan ikasleei salbuespenezko deialdia eman ahal izango zaie 1. eta 2. mailako irakasgaietarako, baldin eta, gehienez ere, maila horietako 30 kreditu badituzte gainditzeke. Salbuespenezko deialdia 3. eta 4. mailako irakasgaietarako emateko, berriz, ikasleari gehienez ere 60 kreditu falta ahal izango zaizkio gradua amaitzeko. Kasu berezietan, salbuespenezko deialdi biak graduko ikasketen erdi berean pilatu ahal izango dira. Horrelakoak graduko ikasketen arloan eskumena duen errektoreordeak aztertuko ditu.

c) Graduko ikasketen arloan eskumena duen errektoreordeak, UPV/EHUko errektorearen eskuordetzaz, salbuespenezko deialdi bat eman ahal izango dio ikasleari, haren espedientea eta goiko ataletan sartzen ez diren bestelako xehetasunak kontuan hartuta, betiere, behar bezala justifikatuta egonez gero.

d) Ikasleak salbuespenezko deialdia zein deialditan erabiliko duen aukeratu ahal izango du, eta ikastegiko idazkaritzari jakinarazi beharko dio matrikula egiterakoan.

IX. KAPITULUA
ESPEDIENTE AKADEMIKOKO BATEZ BESTEKO NOTA GRADUKO IKASKETETAN

65. artikulua.– Espediente akademikoko batez besteko nota graduko ikasketetan.

1.– Ikaslearen espediente akademikoko batez besteko nota lortzeko honako formula hau aplikatuko da: ikasleak irakasgai bakoitzean lortutako kredituak bere kalifikazioaren balioaz biderkatu, emaitza horiek guztiak batu, eta kopuru hori zatituko da ikasleak guztira lortutako kreditu kopuruaz.

2.– Plan zahar edo berritu gabeetan, espedienteko batez bestekoa lortzeko kalifikazio guztiak batu, eta emaitza zatituko da irakasgai kopuruaz.

3.– Irakasgai egokitu, baliozkotu eta aitortuen puntuazioa izango da espedientean sartuta dagoen kalifikazioari dagokiona. Baliokidetza batean irakasgai bat baino gehiago aitortu edo baliozkotu direnean, haren nota izango da haien arteko batezbestekoa. Kalifikaziorik ez badago, 5,0na puntu emango zaie, batezbesteko haztatua kalkulatzeko.

4.– Lan esperientziaren bidez, unibertsitateko ikasketa ez–ofizialen bidez edo ikasketa planean ez dauden prestakuntza jardueren bidez aitortutako kredituei ez zaie zenbakizko kalifikaziorik emango, eta kreditu horiek ez dira aintzat hartuko espediente akademikoko batezbestekoa ateratzeko.

XEDAPEN GEHIGARRIA.– Arautegi hau interpretatzeko ahalmena.

Ahalmena ematen zaio graduko ikasketen arloan eskumena duen errektoreordeari arautegi hau aplikatzean sor daitezkeen gorabeherak interpretatu eta ebazteko.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– UPV/EHUko Errekurtsoen, Irizpenen eta Sinplifikazioaren arloko Batzorde Administratiboaren (EISBA) antolaketa eta funtzionamendu Arautegiaren aldaketa.

UPV/EHUko Errekurtsoen, Irizpenen eta Sinplifikazioaren arloko Batzorde Administratiboaren (EISBA) antolaketa eta funtzionamendu Arautegiko 3.3 artikulua honela geratzen da (2023ko abuztuaren 22ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako arautegia):

«3.– UPV/EHUko Errekurtsoen, Irizpenen eta Sinplifikazioaren arloko Batzorde Administratiboak eskumena izango du, errektoreak eskuordetuta, ebazteko unibertsitateko organoen egintzen kontra jarriko diren gorako errekurtsoak, betiere egintza horiek ez badiote ematen amaiera administrazio bideari, eskumen hori eskuordetzeko erabakian adierazitako baldintzetan eta irismenarekin.»

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Arau osagarriak emateko ahalmena.

Graduko Batzordeari ahalmena ematen zaio arautegi hau garatzeko arau osagarriak eman ditzan, eta ikasturtero datak, egutegiak eta eranskinak egunera ditzan, graduko ikasketen arloan eskumena duen errektoreordearen proposamenari jarraituz.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Indarrean sartzea.

Arautegi hau 2024/2025 ikasturteko graduko ikasketetan aplikatuko da, eta EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.


Azterketa dokumentala