Ardoaren eta Arrainaren Ibilbidea
Ardoaren eta Arrainaren Ibilbideak Urdaibaiko Biosfera Erreserba zeharkatzen du, Bizkaian bertan Lea-Artibai eskualdearekin bat egiten du, eta Arabarantz jotzen du. Ardoa eta arrainak kostaldearen eta barrualdearen artean elkartrukatzeko erabiltzen zen. Baina bestelako merkatu-gairik ere garraiatzen zen: garia, Bizkaiko burdina eta Gaztelako artilea, batez ere.
Ardoaren eta Arrainaren Ibilbideak oso eginkizun garrantzitsua bete du Euskal Herriaren historian. Urte askotan bi elikagai horien garraiobide ez ezik, merkataritzaren banaketarako eta gizarte harremanetarako bidea ere izan zen.
Arraina batik bat neguan esportatzen zen. Urte-sasoi horretan mandazainek Bermeoko arrantzale-kofradietara jotzen zuten arrain freskoa erosteko. Negu hotzeko tenperatura baxuei esker eta bideetako elurra erabiliz egiten zituzten aldaketei esker, karga hainbestean iristen zen azken helbideraino.
Arrain eta zerealen trukearen itzalpean, luxuzko produktu bat hasi zen bideetan barrena zabaltzen: ardoa. Garrantzia handia hartu zuen berehala, eta luze gabe ordeztu zuen ohiko txakolin bizkaitarra. Eta txakolina babesteko, alferrik eragotzi nahi izan zen ardo errioxarrak sartzea, zeren euskaldunak izan baitziren Errioxako ardogintza ugariaren hartzaile nagusiak.
Mandazainek korritu zituzten bideetan barrena, hainbat monumentuz gainera (dorretxeak, baserriak, jauregiak, elizak eta ermitak) eraikin txiki ugari aurkitzen dira (iturriak, garbitokiak, elurzuloak, karobiak, saroiak), eta han eta hemen sakabanatuta baita ere burdingintzari eta zerealen transformazioari loturiko hainbat eraikin protoindustrial (burdinolak eta errotak, batez ere).
Kultura Ondarearen zati diren elementu horiek guziek, batera hartuta, Euskal Herriko eremu guztiz ezberdinetako biztanleen seiehun urtetik gorako bizimodua ulertzen laguntzen dute, Ardoaren eta Arrainaren Ibilbideak denak lotzen baititu Iparretik Hegorako zeharbide horretan.
Lehenengo eta behin, itsasoaren mugakide den Bizkaiko lur-zerrenda berezi bat: Urdaibai eskualdea (Bermeo, Busturia, Gernika).
Gero, barrualdeko mendi-inguruak (Muxika, Durango, Urkiola, Otxandio).
Ondoren, Lautada (Vitoria-Gasteiz) eta malkar harritsuak (Laño), bidea Arabako Errioxan amaitzeko (Laguardia, Assa eta Oion).
Eta paraleloki, Bermeo-Oion bide nagusiarekin Durangon bat egiten zuten arteria biren moduan –bidaldiari bizitasun handiagoa emateko–, oraingo Lea-Artibai eskualdeko adar bikoitz bat (mendia eta Bizkaiko ekialdeko kostaldea), hau da: batetik,: Ziortza, Aulesti, Gizaburuaga eta Lekeitio,; eta bestetik Markina-Xemein, Barroeta, Berriatua eta Ondarroa
Laburbilduta, Ardoaren eta Arrainaren Ibilbideak paisaia historiko eta herritarren multzo interesgarri bat bertatik bertara ezagutzeko parada eskaintzen digu. Kultura bidaia bat Bizkaia eta Araba zeharkatuz, edo, bestela esanda, mendi garaiak, haitzuloak, bizirik dauden antzinako ohiturak, haran berdeak eta ordeka zabalak, baso liluragarriak, itsaso-kala gordeak eta hondartza hedatsuak, kaiak, arrain-ontziak, mendiko goroldioa eta itsasoko kresala
Horiek denek osatzen dute –toki gutxitan bezala– naturaren ondarea eta tokian tokiko arkitektura-ondasunak (elizak, ermitak, baserriak, dorreak, jauregiak, eraikin txikiak, errotak eta burdinolak) modu bikainean txertatutik erakusten dituen ibilbidea.