Eraberean
Eraberean Eusko Jaurlaritzak bultzatutako sare bat da, eta helburu dauka arraza-, etnia- edo nazio-jatorriak, sexu-orientazioak edo -identitateak eta genero-identitateak eragindako diskriminazioari aurre egitea.
Eraberean Sarea Eusko Jaurlaritzaren Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak eta zenbait gizarte erakundek osatzen dute. Erakundeok immigrazioaren, ijito herriaren eta LGTBI kolektiboen arloan lan egiten dute. Sarearen egitekoa da tratu-berdintasuna eta diskriminaziorik eza sustatzea politika publikoetan eta Euskadiko gizarte zibilean.
Eraberean Sarea osatzen duten elkarteak hauek dira:
- Araban: Aldarte, ZEHAR Errefuxiatuekin eta Gurutze Gorria.
- Bizkaian: CITE-CC.OO Bizkaia, Errespetuz, Kale Dor Kayiko, Nevipen, Anitzak, AMUGE eta Bizigay.
- Gipuzkoan: AGIFUGI, Gehitu eta SOS Arrazakeria.
Eraberean Sareak arreta espezializatua eskaintzen du: laguntza eta aholkularitza ematen dizkie, arraza-, etnia- edo nazio-jatorriak, sexu-orientazioak edo -identitateak eta genero-identitateak eragindako diskriminazioaren biktimak izan litezkeenei eta halako egoerak ezagutzen dituztenei. Arreta hori aurrez-aurrekoa zein telefonoz edo emailez izan daiteke.
Eraberean Sareak Euskal Autonomia Erkidego osoan lan egiten du eta indarra, bereziki, eremu pribatuan jartzen du. Elkarteak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan zabalduta daude eta antenen modura dihardute, egoera diskriminatzaileak detektatzen eta halakoak pairatzen dituzten pertsonei arreta ematen.
Eraberean Sareak, egoera zehatzen aurrean kalteturik gertatzen diren pertsonei laguntza eskaintzeaz gain, prebentziorako planteamendua du. Kontzientziaziorako eta gizartearen sentsibilizaziorako planteamendua da. Horretarako, sentsibilizazio-ekintzak burutzen ditu, eragileen prestakuntza, zabalkunderako materialaren lanketa, gizarte erakundeei zein bestelako instituzioei zuzendutako aholkularitza eta abar. Antenek sentsibilizazio- eta prestakuntza-lan hori osatzen dute, ekintza horien berri emanez euren bazkideei eta funtsezko diren gertuko beste eragile batzuei.
Azken aldaketako data: