38. zk., 2010eko otsailaren 25a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Xedapen Orokorrak
Herrizaingo Saila
978
AGINDUA, 2010eko otsailaren 8koa, Herrizaingoko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Bingo Jokoaren Araudiko bingo-jokoaren modalitateei aplikatu beharreko kentze-ehunekoak zehazten dituena.
Euskal Autonomia Erkidegoko bingo-jokoaren araudia hirugarrenez aldatzen duen 620/2009 Dekretuak ematen duen erredakzioaren arabera, araudi horrek 29.4, 31., 33., 37. eta 41. artikuluetan ezartzen du Herrizaingoko sailburuaren agindu bidez ezarriko direla bingo-jokoaren modalitate guztietako sarien diru-zenbatekoetatik kendu beharreko ehunekoak.
Agindu honen bidez, dekretu horretan ezarritakoa bete egiten da, sarien ehunekoak garatuz eta zehaztuz.
Horrenbestez, eta indarrean dagoen lege-antolamenduak ematen dizkidan ahalmenez baliatuz, hauxe
XEDATU DUT:
1. artikulua.- Helburua.
Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko Bingo Jokoaren Araudiko 29.4, 31., 33., 37. eta 41. artikuluetan ezarritakoa garatzea, bingo-jokoaren modalitateei aplikatu beharreko kentze-ehunekoei dagokienez.
2. artikulua.- Bingo tradizionalaren sari-banaketa.
Bingo tradizionaleko partida bakoitzaren sarietan banatuko den zenbatekoa hauxe izango da: partidan saldu diren txartelen ageriko balioaren % 64; % 9 lerroari dagokio eta % 55, bingoari.
3. artikulua.- Bingo pilatuaren sari-banaketa.
1.- Bingo pilatuaren sariaren zenbatekoa, txartelaren ageriko balioaren % 2 izango da. Zenbateko hori partida bakoitzean deskontatuko da bingorako ehunekotik, eta bingo pilatuaren saria lortuko den partidara arte pilatzen joango da.
2.- Bingo pilatuaren sarirako metatzen joan den zenbatekotik % 15 deskontatuko da saria ematen denean. Zenbateko hori, erreserba-bingo moduan, bingo pilatuaren hasierako kopurua izango da eta hurrengo partidan lortutakoari gehituko zaio. % 85 irabazleari edo irabazleei emango zaio/zaie.
4. artikulua.- Interkonektatutako bingo pilatuaren sari-banaketa.
1.- Partida bakoitzaren sarietan banatuko den zenbatekoa hauxe izango da: partidan saldu diren txartelen ageriko balioaren % 62; % 9 lerroari dagokio eta % 53, bingoari (modalitate guztietan).
2.- Interkonektatutako bingo pilatuaren saria hauxe izango da: joko-modalitate hau duen lokal bakoitzean jokatutako txartel guztien % 0,20 pilatzean lortutakoa.
5. artikulua.- Sari berezia.
Sari bereziaren zenbatekoa hauxe izango da: joko-modalitate hau duen lokal bakoitzean jokatu diren txartelen ageriko zenbateko osoaren % 2,80 pilatzean lortutakoa.
AZKEN XEDAPENA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2010eko otsailaren 8a.
Herrizaingoko sailburua,
RODOLFO ARES TABOADA.