71. zk., 2008ko apirilaren 15a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Xedapen Orokorrak
Herrizaingo Saila
2229
55/2008 DEKRETUA, apirilaren 1ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko bingo-jokoaren Araudia bigarrenez aldatzen duena.
Indarrean den Euskal Autonomia Erkidegoko bingo-jokoaren Araudia otsailaren 10eko 31/2004 Dekretuak onartu zuen eta 2005eko otsailaren 22ko 32/2005 Dekretuak zati batean aldatu zuen (2005eko martxoaren 7ko EHAA).
Araudia indarrean egon den bitartean, Administrazioak araudi horretan aldaketa partzialak egiteko beharra ikusi du, sektoreko gizarte eta ekonomia arloko errealitateari egokitzeko, izan dituen aldaketei eta bingo joko-aretoen enpresariek horretarako egindako proposamenei erreparatuz.
Euskal Autonomia Erkidegoko bingo-jokoaren indarreko araudian dekretu honek egindako aldaketa, hain zuzen, interkonektatutako bingo-joko pilatuaren modalitatean emandako saria berriro antolatzean datza, bingo Nagusia eta Txikia ezabatuz; izan ere, ez dira nahiko erakargarri erabiltzaileentzat. Hori dela eta, interkonektatutako bingo pilatuaren modalitate bakarra ezarri da. Era berean, aldaketa horren bidez, bingo-jokoaren araudiaren 15. artikuluaren 4. zenbakian araututako fidantzen zenbatekoa egokitu beharra dago.
Bestalde, bingo jokoaren sektorean dagoen egitura-krisia kontuan hartuz, beharrezkoa da enpresa-eremuak berriro konfiguratzea, bingo-aretoen enpresa titularren errentagarritasunaren oreka bilatzeko asmoz.
Horren ondorioz, Herrizaingo sailburuak proposatuta, Jokoen Euskal Kontseiluak aldeko txostena eman ondoren, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2008ko apirilaren 1ean egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe
XEDATU DUT:
Lehenengo artikulua.– Otsailaren 10eko 31/2004 Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko bingo-jokoaren araudiaren 15. artikuluaren 4. paragrafoa aldatu egiten da eta era honetan idatziko da:
"4.– Interkonektatutako bingo pilatuaren modalitate hau ustiatzeko, gainera, modalitate hau duten joko-areto guztiek baterako fidantza solidarioak egin beharko dute, 25.000 eurokoa. Fidantza hori interkonektatutako bingo pilatuko sariak eta sari "berezia" ordaintzeari loturik egongo da bakar-bakarrik."
Bigarren artikulua.– Otsailaren 10eko 31/2004 Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko bingo-jokoaren araudiaren 37. artikulua aldatu egiten da eta era honetan idatziko da:
"37. artikulua.– Sarien banaketa.
1.– Partida bakoitzean banatuko den saria hauxe izango da: partidan saldu diren txartelen ageriko balioaren % 62; % 9 lerroarentzat eta % 53 bingoarentzat (modalitate guztietan).
2.– Interkonektatutako bingo pilatuaren sariaren zenbatekoa joko modalitate hori duten bingo joko-lokaletan jokatutako txartelen zenbateko osoaren % 0,20a pilatzetik lortutakoa izango da.
Interkonektatutako bingo pilatuari dagokion zenbatekoa bingo tradizionalaren jokorako sarien ehunekotik kenduko da partida bakoitzean, gehienez 25.000 euro pilatuz.
3.– Aurreko paragrafoan aurreikusitako gehieneko kopuruetara heltzean, bertan azaltzen den kentzeko ehunekoa bingo arruntaren sarirako gordeko da.
4.– Ateratzeko ordenaren arabera, interkonektatutako bingo pilatua lortzeko azken bola hogeita hamaseigarrena izango da. Gehieneko kopurura heltzen denean, saria lortu arte egun bakoitzeko bola bat gehiago izango da."
Hirugarren artikulua.– Otsailaren 10eko 31/2004 Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko bingo-jokoaren araudiaren 38. artikuluaren 1. paragrafoa aldatu egiten da eta era honetan idatziko da:
"1.– Lehenengo partidaren hasieran, mahaiko arduradunak megafoniaz azaldu beharko die bingo-jokorako lokalean dauden jokalariei zein den pilatu den zenbatekoa eta zein izango den hori lortzeko azken bola, betiere interkonektatutako bingo pilatuari dagokionez."
Laugarren artikulua.– Otsailaren 10eko 31/2004 Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko bingo-jokoaren araudiaren 38. artikuluaren 5. paragrafoa aldatu egiten da eta era honetan idatziko da:
"5.– Interkonektatutako bingo pilatuaren sariaren zenbatekoa ez da aldatuko saio osoan zehar, sistemara atxikitako bingoan jokatzeko lokal guztietan."
XEDAPEN IRAGANKORRA
Dekretu hau indarrean sartzean dauden zenbatekoetatik lortutako erretserbak, hain zuzen, bingo Nagusiari eta bingo Txikiari dagozkien sarietatik etorrita, hurrenez hurren banatzen joango dira, 25.000 euroko zenbatekoetan edo frakzioetan, interkonektatutako bingo pilaturako aurreikusitako joko arauen eta dinamikaren arabera.
AZKEN XEDAPENA
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera hartuko du indarra dekretu honek.
Vitoria-Gasteizen, 2008ko apirilaren 1ean.
Lehendakaria,
JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.
Herrizaingo sailburua,
JAVIER BALZA AGUILERA.