Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

76. zk., 2006ko apirilaren 21a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Herrizaingo Saila
2069

AGINDUA, 2006ko martxoaren 22koa, Herrizaingo sailburuarena, joko-makinetako prozeduren izapidetze telematikoa arautzen duena.

Herrizaingo sailburuaren 2002ko ekainaren 27ko eta 2004ko urtarrilaren 23ko Aginduen bitartez, jokoaren arloko prozeduren izapidetze telematikoa arautzen da; eta hori dela-eta, jokoaren arloko enpresen sektorera teknologia telematikoa sartzeko bidea ireki zen.

Aipatu aginduak argitaratu zirenetik metatutako esperientziari erreparatuz gero, ikusten da egokia dela Informazioaren Gizartea aipatu sektore ekonomikora hedatzea, izan ere, dinamismo handiko merkatuan jarduten du eta beharrezko ditu aipatu bezalako teknologiek ematen dituzten azkartasuna, segurtasuna eta kontrola.

Hortaz, lortutako emaitzak direla-eta, gomendagarritzat jotzen da: izapide telematikoak A eta C motetako makinenen azpisektorera hedatzea, B motako makinei doazkienak zabaltzea, eta izapidetze telematikoaren onurak jokoaren beste azpisektore batzuetara hedatzea.

Guztia ere, informatika-teknologien erabilera soziala eta profesionala zabaltzeko, Eusko Jaurlaritzak duen proiektu globalean sartzen da, hain justu ere herritarren eta Administrazioaren arteko harremanak optimizatzearren. Bestalde, datuak galdu eta aldatzeari eta baimenik gabeko manipulazioen aurrean prozesu informatikoak babesteari dagokienez, baimendun pertsonentzako soilik berritzen dira sarrera- era erabilera-garantiak.

Azaldutakoaren ondorioz,

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Xedea eta aplikazio-eremua.

1.– Joko-makinen izapidetze telematikoa arautzea da agindu honen helburua.

2.– Izapidetze telematikoaren helburu diren prozedurak honako baimenak dira:

a) A motako makinak:

– A motako baimenak izapidetzea.

b) B motako makinak:

– B motako baimenak onartzea.

– B motako baimenen aldi baterako bajari berrekitea.

– B motako baimenen aldi baterako baja.

c) C motako makinak:

– C motako baimenak onartzea.

– C motako baimenaren behin betiko baja.

– C motako makina aldatzea.

– C motako baimenak eskuz aldatzea.

– C motako baimenen aldi baterako baja.

– C motako baimenen aldi baterako bajari berrekitea.

d) A motako Homologazioa-Fabrikatzaileak:

– A motako makina berria inskribatzea.

– A motako jokoak aldatzea/handitzea.

– A motako makinaren altzaria aldatzea.

e) C motako makinen Homologazioa-Fabrikatzaileak.

– C motako makinaren saiakuntza egiteko eskabidea.

– C motako makinaren proba komertziala.

– C motako makina berria inskribatzea.

– C motako makinako memoriaren bertsio berria.

– C motako makinako memoriaren bertsio berria, funtsezko aldaketarik ez duena.

– C motako makinaren altzaria aldatzea.

f) Beste makina batzuen Homologazioa-Fabrikatzaileak.

– Beste makina batzuen saiakuntza egiteko eskabidea.

– Beste makina batzuk inskribatzea.

3.– Goragoko paragrafoan aipatu prozedurak bi bidetik egin daitezke: bata, telematikaren bidez, eta, bestea, paperezko euskarriaz baliatuaz ohiko bidetik, betiere Herrizaingo sailburuaren 1997ko abenduaren 17ko Aginduan xedatutakoarekin bat etorriaz (agindu horrek Makinen Erregelamendua garatzen du).

2. artikulua.– Izapidetze telematikoan alta hartzea.

Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzako Jokoaren Erregistro Nagusian inskribaturik badaude eta jokoaren arloko prozeduren izapidetze telematikoaren sisteman alta hartzen dute, A, B eta C motako makinen operatzaileek, makinak fabrikatzen dituzten enpresek eta josteta-aretoek, bingoek eta kasinoek baliatu ahal izango dute agindu honetan aipatu izapidetze telematikoa, betiere, arlo horri dagokionez, agindu hau garatzean ezarritakoarekin bat etorriaz.

3. artikulua.– Sinadura elektronikoa.

1.– Agindu honetan ezarritakoarekin bat etorriaz, telematikoki egiten diren izapideetan sinadura elektronikoa erabiliko da, zehazki, sinadura sortzeko dispositibo seguru baten bitartez sortu eta errekonozitutako ziurtagiri baten oinarritutakoa, eta, betiere, Sinadura Elektronikoari buruzko abenduaren 19ko 59/2003 Legeko 3. artikuluan jasotako zehaztapenak errespetatuta.

2.– Aurreko paragrafoan ezarritakoa errespetaturik, interesdunak izapide-eskabidearen egiaztagiria lor dezan, errekonozitu gabeko sinadura elektronikoak erabiliko ditu administrazioak. Egiaztagiri horretan honako hauek jasoko dira: igorlearen eta hartzailearen identifikazioak, sarreraren erregistro-zenbakia, izapidearen izena, eta agindu honetan berariaz zehaztutako izapideak egiteko zein egunetan eta zein ordutan aurkeztu den.

Esan bezala sortutako sinadura elektronikoa administrazio-dokumentuei atxikitzen bazaie, dokumentu horien kautotasuna eta osotasuna bermatu beharko ditu.

3.– Sinadura elektronikoa sortzeko erabilitako ziurtagiri errekonozitutakoek zein errekonozitu gabeek konplitu egin beharko dituzte agindu hau garatzeko xedatutako betekizunak.

4. artikulua.– Segurtasuna izapidetze telematikoan.

1.– Agindu honetan aipatu egintzak eta jakinarazpenak emateko, administrazio-organoek teknika elektronikoak, informatikoak eta telematikoak erabiltzeak, betiere, bermatu egin beharko du identifikazioa eta doakion organoa eskumenaz baliatzea.

2.– Trukatutako mezuak ezetsi gabe eta kautotasunez, konfidentzialtasunez eta osotasunez egin beharko dira komunikazioak.

3.– Euskarri, baliabide eta aplikazio telematikoak erabiltzeak honako hauek bermatu beharko ditu:

a) komunikazioak erabiltzea eta euretan jasotako informazio eta datuetara sarbidea izatea, baimendutako pertsonek soilik baliatu ahal izango dute.

b) Komunikazioak tartean hartzeari eta informazioak eta datuak galdu eta aldatzeari aurrea hartzea.

c) baimenik gabeko manipulaziotatik babestea prozesu informatikoak.

4.– Agindu honetan ezarritakoak ez du aldatzen administrazio-jarduketei aplikatu beharreko araubide juridikoa, aparte dira izapide telematikoari dagozkion zehaztapenak.

5. artikulua.– Baliabide telematikoez egindako jakinarazpenak.

1.– Interesdunekin komunikatzeko baliabide legez, Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak baliabide telematikoak erabiltzeak, betiere, bermatu egin beharko du konplitu egiten direla ondoko artikuluetan ezarritako baldintzak: Egintza administratiboak jakinarazteari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 58. eta 59. artikuluak.

2.– www.euskadi.net/juegoyespectaculos helbide elektronikoan jakinarazpenetara sarbide izateko beharrezkoa izango da: aldez aurretik interesduna identifikatzea, errekonozitutako ziurtagiri elektronikoa erabiliaz identifikatu ere.

3.– Jakinarazpena ematen duen agintaritzaren edo organoaren sinadura elektroniko errekonozituaren bitartez, bermatu egingo da delako jakinarazpenaren kautotasuna eta osotasuna.

4.– Helbide elektronikoan jakinarazpenaren edukira sartzen den unean jakinarazpena egindakotzat joko da, legezko ondorio guztiekin egindakotzat hain zuzen ere. Interesduna ez bada sartzen jakinarazpenaren edukira, epea igaro egin dela-eta, jakinarazpena ezetsi egin dela ulertu beharko da, 30/1992 Legaren 59.3 artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriaz.

5.– Helbide elektronikoan jakinarazpenena zein egun eta ordutan jazo den egiaztatu eta grabaturik geratuko da datu-basean, eta, halaber, beharrezkoa bada, hartzailea edukira zein egun eta ordutan sartu den.

Urteko egun guztietan, gau eta egun egin ahal izango da jakinarazpena telematikoen bitartez.

6. artikulua.– Eskabidearen egiaztagiria.

Edozelan ere, aplikazio telematikoaren bitartez, interesdunak izapide-eskabidearen egiaztagiria eskura dezake, eta, bestalde, deskargatu, inprimatu eta beretzat gordetzeko aukera izango du. Egiaztagirian honakoak jaso beharko dira: igorlearen eta hartzailearen identifikazioak, sarreraren erregistro-zenbakia, izapidearen izena eta zein egun eta ordutan aurkeztu zen.

7. artikulua.– Agiriak artxibatu eta babestea.

1.– Baliabide telematikoen bitartez ekoitzi diren agiriak euskarri horretan kontserbatuko dira, hain justu ere formatu berean, agiria sortu zenekoan oinarrituta; edo bai beste baten ere, baldin eta agiriak erreproduzitzeko beharrezko informazioaren identitatea eta osotasuna bermatzen baditu.

2.– Agiriak gordetzeko erabilitako baliabideek eta euskarriek zenbait segurtasun-neurri izan beharko dituzte, zehazki, honako hauek bermatuko dituztenak: agirien osotasuna, egiazkotasuna, kalitatea, babesa eta kontserbazioa; baina, batez ere, erabiltzaileen identifikazioa eta sarbideen kontrola bermatu beharko dituzte.

3.– Aipatu euskarrietan gordetako agiriak administrazio-espedientearen parte izango dira, espediente horren barruko gainerako jarduketekin batera hain justu ere, eta ez da kontuan hartuko zein euskarri, fisikoa edo telematikoa, erabili den.

8. artikulua.– A motako makinak.

Baimen-espediente hau hartzen du:

Ustiapen-baimenak izapidetzea.

A motako makinen ustiapen-baimena honexetan datza: Jokoaren Erregistro Nagusian inskribatutako enpresa operatzaileen artean ustiapen-baimenak transferitzean.

9. artikulua.– B motako makinak.

Izapide hauek hartzen ditu:

1.– B motako baimenak onartzea.

"B" motako ustiapen-baimenak onartzea honexetan datza: Jokoaren Erregistro Nagusian inskribatutako enpresa operatzaileari B motako makina bat ustiatzeko baimena ematean.

2.– B motako baimenen aldi baterako bajari berrekitea.

Aldi baterako baja-egoeran diren B motako makinak ustiatzeko baimenak alta egoeran jartzea.

3.– B motako baimenen aldi baterako baja.

B motako makinak ustiatzeko baimenak aldi baterako baja egoeran jartzea honexetan datza: B motako makina ustiatzeko baimenaren aldi baterako administrazio-baja ematean, betiere interesduna aldez aurretik entzun ostean.

10. artikulua.– C motako makinak.

Baimen-izapide hauek hartzen ditu:

1.– Ustiatzeko baimena onartzea.

C motako ustiapen-baimenak onartzea honexetan datza: Jokoaren Erregistro Nagusian inskribatutako enpresa operatzaileari C motako makina bat ustiatzeko baimena ematean.

2.– Ustiapen-baimenen behin betiko baja.

C motako makinak ustiatzeko baimenak behin betiko baja egoeran jartzea honexetan datza: C motako makina ustiatzeko baimenaren administrazio-baja ematean, betiere interesdunak aldez aurretik hala eskatu badu.

3.– Makina aldatzea.

C motako makina bat aldatzea honexetan datza: ustiapen-baimen bati lotutako C motako makina bat C motako beste makina batez ordeztean.

4.– C motako baimenak eskualdatzea.

C motako makinen ustiapen-baimenak eskualdatzea honexetan datza: Jokoaren Erregistro Nagusian inskribatutako enpresa operatzaileen artean ustiapen-baimenak transferitzean.

5.– C motako baimenen aldi baterako bajak.

C motako makinak ustiatzeko baimenen aldi baterako baja honexetan datza: aldez aurretik interesdunak hala eskatuta, C motako makinak ustiatzeko baimenen aldi baterako administrazio-baja ematean.

6.– C motako baimenen aldi baterako bajari berrekitea.

Aldi baterako bajan diren C motako makinak ustiatzeko baimenei alta ematean datza.

11. artikulua.– A motako makinen Homologazioa-Fabrikatzaileak.

1.– A motako makina berria inskribatzea.

Makina berri bat inskribatzea honexetan datza: baimendutako lokaletan ustiatu dadin, delako makina baimendu eta Jokoaren Erregistro Nagusian inskribatzean.

2.– A motako joko-makinak aldatzea/handitzea.

A motako makinetan joko mota aldatzea edota handitzea baimentzean datza.

3.– A motako makinari altzaria aldatzea.

A motako makinaren altzaria aldatzea honexetan datza: modeloko elementuen kanpoaldeko itxura edo altzaria baimentzean; betiere, modeloa baimendu eta inskribatzeko ebazpenaren aldaketa badakar baimen horrek.

12. artikulua.– C motako makinen Homologazioa-Fabrikatzaileak.

1.– C motako makinaren saiakuntza egiteko eskabidea.

Saiakuntza-eskabidea honexetan datza: C motako makinaren proba- edo saiakuntza-eskabidea egitean, betiere, jokoaren araudiri egokitzen denentz egiaztatzeko eta hala makina homologa ahal dadin.

2.– C motako makinaren proba komertziala.

Aldikada jakin batez, makinaren modelo berri bat behin-behinean baimentzea da aldi baterako proba komertziala.

3.– C motako makina berria inskribatzea.

Makina berri bat inskribatzea honexetan datza: baimendutako lokaletan ustiatu dadin, makina modelo bat baimendu eta Jokoaren Erregistro Nagusian inskribatzean.

4.– C motako makinaren memoriaren bertsio berria.

Joko-memoriaren bertsio berri bat baimentzean datza, hain justu ere inskribatutako modeloari doakion joko-programa berberaz, baina joko-programari eragiten ez dioten alderdietan eraldatua.

5.– C motako makinako memoriaren bertsio berria, funtsezko aldaketarik ez duena

Joko-memoriaren bertsio berri bat baimentzen datza, hain justu ere inskribatutako modeloari doakion joko-programa berberaz, baina joko-programari eragiten ez dioten eta funtsezko ez diren alderdietan eraldatua.

6.– A motako makinari altzaria aldatzea.

A motako makinaren altzaria aldatzea honexetan datza: modeloko elementuen kanpoaldeko itxura edo altzaria baimentzean; betiere, modeloa baimendu eta inskribatzeko ebazpenaren aldaketa badakar baimen horrek.

13. artikulua.– Beste mota batzuetako makinen Homologazioa-Fabrikatzaileak.

1.– Beste mota bateko makina baten saiakuntza egiteko eskabidea.

Saiakuntza eskabidea honexetan datza: joko-makinaren proba- edo saiakuntza-eskabidea egitean, betiere, jokoaren araudiri egokitzen denentz egiaztatzeko eta hala makina homologa ahal dadin.

2.– Beste mota beteko makina berri bat inskribatzeko.

Makina berri bat inskribatzea honexetan datza: baimendutako lokaletan ustiatu dadin, makina modelo bat baimendu eta Jokoaren Erregistro Nagusian inskribatzean.

14. artikulua.– Izapide telematikoaren faseak.

Agindu honetan aipatzen diren prozedura telematikoak izapidetzeak honako fase hauek ditu:

a) www.euskadi.net/juegoyespectaculos web helbidera sarbidea.

b) Agindu honetako 1.2 artikuluak aipatzen dituen prozeduretarikoren bat hautatzea.

c) Eskatutako administrazio-prozedurari buruzko izapideak eta inprimakiak betetzea.

d) Eskabide-egilearen onarpena, hain justu ere sinadura elektronikoa aktibatzen duen identifikazio pertsonalerako zenbakia edo PINa sartuaz.

e) Administrazio-tasaren jakinarazpena eta likidazioa.

f) Administrazioko eskudun organoak era elektronikoan sinatutako baimen-agiria sortzea; horrek espedientea bukatzea dakar, betiere azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 87. artikuluarekin eta hurrengo artikuluekin bat etorriaz.

g) Agindu hau garatzean zehaztutako betekizunak konplitzen dituen eta errekonozitu bakoa den ziurtagiria erabiliaz, sortuko dira baimenen sinadura elektronikoa, salbu modeloa inskribatu eta baimendu behar denean —agindu honetako 9. artikuluan zehazten de legez— eta 8. artikuluan aipatu ustiapen-baimenak eskualdatu behar direnean.

15. artikulua.– Administrazio-tasa ordaindu eta likidatzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren tasa eta prezio publikoei buruzko maiatzaren 29ko 13/1998 Legeko 19. artikuluan ezarritako betekizunak jaso beharko ditu administrazio-tasaren likidazioak.

2.– Aipatu legean oinarriturik, administrazio-tasa honelaxe ordainduko da: interesdunak adierazten duen kontuan egindako banku-helbideratzearen bitartez.

16. artikulua.– Kontsultak.

1.– Handitze telematikoaren bitartez interesdunek honako kontsulta egin ahal izango dute: baimen telematiko baten titular bakoitzak egindako izapideen gainekoa, hain justu ere www.euskadi.net/juegoyespectaculos helbide elektronikoan.

2.– Euskarri informatikoetan bildutako agirietara interesdunek sarbidea izatea, ondoko xedapenek arautuko dute: Herri-Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio-Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 35. eta 27. artikuluak; Datu pertsonaletarako jabetza publikoko fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legea; eta Datua Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa.

3.– www.euskadi.net/juegoyespectaculos helbide elektronikora sarbidea izateko, errekonozitutako ziurtagiri elektronikoa erabiliaz identifikatu beharko dira interesdunak.

17. artikulua.– Datuak babestea.

Agindu honen eremuan, Administrazioak teknika elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiltzeak, batetik, ordenamendu juridikoan ezarritako mugak izango ditu, eta, bestetik, ondoko legeetan xedatutakoaren eraginkortasuna izango du: Datu pertsonaletarako jabetza publikoko fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legea; eta Datua Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa.

Herritarrak zerbitzu publikoez edo beste edozein administrazio-jarduera edo -prozeduraz baliatzeari dagokionez, aipatu bezalako teknikak erabiltzeak ez du ekarriko inolako murrizketa edo bazterketarik.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Legez sortutako Erregistro Telematikoaren bitartez izapidetze telematikoa egin ahal dadin, lege honekin bat, era telematikoan izapidetzeko eskabideak, idazkiak eta komunikazioak jaso eta igortzea, ondoko xedapenen arabera egin beharko da: Jokoaren arloko prozeduren izapidetze telematikoa arautzeari buruzko 2004ko urtarrilaren 23ko Agindua, Herrizaingo sailburuak emana; Joko-makinen prozeduren izapidetze telematikoa arautzeari buruzko 2002ko ekainaren 27koa Agindua, Herrizaingo sailburuak emana.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Agindu honetan xedatutakoa garatu eta aplikatzeko, egoki irizten dien neurriak eta xedapenak emateko ahalmena ematen zaio Joko eta Ikuskizun zuzendariari.

Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2006ko martxoaren 22a.

Herrizaingo sailburua,

JAVIER BALZA AGUILERA.


Azterketa dokumentala