Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

36. zk., 2004ko otsailaren 23a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Herrizaingo Saila
1021

31/2004 DEKRETUA, otsailaren 10ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko bingo-jokoaren araudia onesten duena.

Gernikako Estatutuaren 10.35 artikuluak Euskal Autonomia Erkidegoari jokoan ematen dizkion eskumenak direla bide eta gure lurralde-eremuan jokoa garatzen duen azaroaren 8ko 4/1991 Legea garatzeko ematen da araudi hau.

Orain ordezkatuko den bingo-jokoaren araudia Herrizaingo sailburuaren 1988ko otsailaren 19ko aginduaren bidez onetsi zen. Luzaroan iraun du indarrean araudi horrek eta, horregatik, sarritan aldarazi behar izan da, bere ezarpenak legearen manuei egokitzeko, eta bere edukia etengabe aldatzen ari den gizarte-errealitateari egokitzeko.

Horrenbestez, araudi honek, teknika juridikoaren ikuspegitik, funtzio hirukoitza betetzen du: aurreko araudia egokitzeko aldarazpenek sortu duten sakabanaketari bukaera ematea, arauari dagokion lerruna ematea, eta bingo-jokoa arautzeko esparruari modu orokorrean ekitea.

Bestetik, bingoaren gizarte-bilakaerari dagokionez, azken urteotan bingoaren erakargarritasuna gainbehera joan da gizartean, oro har. Arauan eginiko aldarazpenei esker, beherakada hori leundu egin da. Gorabehera kroniko horien jatorria izan da, batez ere, jokoaren jatorrizko ereduari eta bere araudiari estuegi jarraitu izan zaiela. Horregatik, aisialdiaren sektoreak egun behar duen malgutasuna eta egokitzapena ezin izan ditu bereganatu. Izan ere, aisialdiaren merkatuan gero eta lehia handiagoa dago.

Egoera hau denboran luzatzeak joko-enpresen gainbehera dakar, poliki-poliki. Honela jarraituz gero, azpisektore honen iraupena bera arriskuan jarriko da. Horregatik, enpresei behar dituzten tresnak eman beharra planteatzen da, aisialdiaren merkatuan lehiatu ahal daitezen, jokoaren gainerako azpisektoreek eta beste azpisektore ekonomiko batzuek dauzkaten baldintza beretan.

Horregatik, araudi honen ekarpenik garrantzitsuenetako bat da jokoaren mekanikan bertan zenbait aldaketa sartzea eta modalitate berriak asmatzea. Horrela, bingoaren berezko ezaugarriak gordez, azpisektoreko enpresek behar den malgutasuna izan ahalko dute jokalariek une bakoitzean nahi duten baldintzak bete ahal izateko.

Azkenik, bingo-jokoan teknologia berriak sartuko dira, bai bere osagaietan, bai bere garapenean, bai joko-lokaletako sarbideak kontrolatzeko baldintzetan.

Hori dela bide, Herrizaingo sailburuak proposatuta, Jokoaren Euskal Kontseiluak aldeko txostena eman duenez, Eusko Jaurlaritzako Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, eta Gobernu Batzordearen 2004ko otsailaren 10eko batzarrean eztabaidatu eta onetsi ondoren, honakoa

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Autonomia Erkidegoko bingo-jokoaren araudia onestea. Araudi horren testua dekretu honetan sartuko da.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

1.– Dekretu hau indarrean sartzen denean, honako xedapen hauek indargabetu egingo dira:

a) Herrizaingo sailburuaren 1998ko otsailaren 19ko agindua, bingo-jokoa arautu zuena.

b) Herrizaingo sailburuaren 1989ko abenduaren 22ko agindua, bingo-jokoaren araudiaren zenbait arloren osagarri izan zena.

c) Herrizaingo sailburuaren 1996ko abuztuaren 2ko agindua, interkonektatutako bingo pilatua arautu zuena.

d) Herrizaingo sailburuaren 1996ko urriaren 3ko agindua, interkonektatutako bingo pilatua arautu zuen 1996ko abuztuaren 2ko agindua zuzentzeko emana.

2.– Halaber, dekretu honetan ezarritakoaren aurkako diren xedapen guztiak indargabetu egingo dira, dekretu honen lerrun bera edo txikiagoa badute.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.–Herrizaingo sailburuari ahalmena ematen zaio Dekretu hau garatzeko eta burutzeko behar diren xedapenak eman ditzan, batez ere honako hauei dagozkienak:

a) Bingo-jokoaren modalitate ezberdinetan erabili beharreko joko-txartelen ereduak eta ageriko balioa.

b) Bingo-jokoaren modalitate ezberdinetako joko-arauak.

c) Dekretu honetan ezarritako balizko konbinazio-lote bakoitzaren joko-txartelen kopurua aldatzea, eta bingo modalitateetako sarien ordena aldatzea.

Bigarrena.– Bingo-jokoaren araudian aipatzen diren bingo-jokoaren modalitateak informatika sareen bide, sare telematikoz, satelite bidez edo bestelako urruneko komunikazio edo konexio sistemen bidez egin daitezke, bingoan jokatzeko lokaltzat jotzen diren lokaletatik kanpo, Herrizaingo sailburuaren aginduz xedatzen denaren arabera.

Hirugarrena.– Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2004ko otsailaren 10ean.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Herrizaingo sailburua,

JAVIER BALZA AGUILERA.

ERANSKINA
BINGO-JOKOAREN ARAUDIA
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea eta aplikazio-eremua.

Bingo-jokoa Euskal Autonomia Erkidegoan arautzea da araudi honen xedea.

2. artikulua.– Definizioak.

Araudi honen ondorioetarako, ondokoak definitu dira:

a) Bingoan jokatzeko lokalak: Bingo-jokoak eta, hala egokitzen bada, bere zerbitzu osagarriak (araudi honetan xedatutakoaren arabera) kudeatzeko eta ustiatzeko baimena duten establezimenduak.

b) Joko-aretoak: Bingoan jokatzeko lokaletan, bingoaren modalitate ezberdinetan jokatzeko beren beregi baimenduta dauden aretoak.

c) Enpresa titularrak: Aldez aurretik baimena edukirik, bingo-jokoaren modalitate ezberdinak ustiatu ditzaketen pertsona fisiko eta juridikoak.

d) Langileak: Aldez aurretik agiri profesionala edukirik, araudi honetako xedapenak betez, baimentzen diren bingo modalitateak garatzeko lan egin dezaketen pertsonak.

e) Jokorako elementuak: Bingo-jokoaren modalitate bakoitza garatzeko behar diren gailu, tresna, mekanismo edo dispositiboak, araudi honetan ezarritakoa betez. Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak aldez aurretik baimendu eta homologatu behar ditu.

f) Bingoan jokatzeko makina lagungarriak: Jokalariek bingoan jokatu ahal izateko behar diren gailuak, txartel fisikoak ordezkatzen dituztenak.

g) Jokoaren sistemak eta instalazioak: Jokalariek bingo-jokoan parte hartu ahal izateko, nagusiki edo modu lagungarrian, erabiltzen diren joko-elementuen konfigurazioa. Sare informatikoak, telematikoak, satelitea edo urruneko bestelako komunikazio edo konexio bideak erabiltzen dituztenak ere bai.

3. artikulua.– Araubide juridikoa.

1.– Bingo-jokoa baimentzeko, antolatzeko eta garatzeko, araudi honetako arauak eta arlo horretako bertako arautegiko arauak bete beharko dira.

2.– Debekatuta daude bingo-jokoaren bestelako modalitateak, araudi honetan ezarri ez badira, izen bera edo beste bat izanik ere. Araudian ezarritako baldintzak bete eta baimenak izan gabe egiten diren modalitateak ere debekatuta daude.

4. artikulua.– Bingo-jokoaren modalitateak.

Araudi honetan sartzen diren arauen arabera, bingo-jokoaren modalitate hauek ezartzen dira:

a) Bingo tradizionala.

b) Bingo pilatua.

c) Interkonektatutako bingo pilatua eta sari "berezia".

d) Bingo eratorria, bertsio guztietan.

5. artikulua.– Bingoan jokatzeko lokalak eta bitartekoak.

1.– Bingoan honela joka daiteke, bere modalitate ezberdinetan:

a) Bingoan jokatzeko beren beregi baimenduta dauden lokaletako joko-aretoetan.

b) Sare informatikoak, telematikoak, satelite bidez, edo urruneko bestelako komunikazio edo konexio bitartekoak erabiliz, garatzen duen arautegian xedatutakoaren arabera.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko bingo-areto guztien edukiera, guztira, hamar mila pertsonakoa izango da, gehienez ere.

3.– Bingoan jokatzeko lokalak lehen eta bigarren kategoriakoak izan daitezke, edukiera honekin bat etorriz:

a) Baimendutako joko-aretoetan 150 eta 300 pertsona arteko edukiera dutenak bigarren kategoriako lokalak izango dira.

b) Baimendutako joko-aretoetan 301 eta 600 pertsona arteko edukiera dutenak lehenengo kategoriako lokalak izango dira.

4.– Ezin izango dira bingoan jokatzeko lokalak baimendu, baldin eta haien joko-aretoaren edukiera 150 pertsona baino gutxiagokoa bada.

5.– Aurreko idatz-zatietan aipatu den edukieran bingo-jokoaren modalitate guztiak sartzen dira.

6.– Bingoan jokatzeko lokaletan ezin da sartu baimenean agertzen den gehieneko edukiera baino pertsona gehiago.

II. KAPITULUA
BAIMENA EMATEKO ARAUBIDEA

6. artikulua.– Enpresei baimena emateko baldintzak.

1.– Zuzenbidean onartutako sozietate-formak dauzkaten pertsona fisikoak eta pertsona juridikoak bingo-jokoaren enpresa titular gisa baimendu daitezke, baldin eta haien xede bakarra baimen hori ustiatzea bada, kapitulu honetan ezarritako prozedura eta baldintzak betez.

2.– Baimen hau ezinbesteko baldintza izango da Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan bingo-jokoa kudeatzeko eta ustiatzeko. Halaber, lokal bakoitza ustiatzeko instalazio eta funtzionamenduko baimen indibiduala beharko da, araudi honetan ezarritako prozedura betez.

3.– Sozietate-forma daukaten eta bingo-jokoaren titularrak diren enpresen gutxieneko kapital soziala 90.000 euro izango da lehen kategoriakoentzat, eta 48.000 eurokoa bigarren kategoriakoentzat. Kapital sozial hori akzio edo partaidetza izendunetan eratuko da, eta erabat harpideturik eta ordaindurik egon behar da. Kapital horiek transmititu ahal izateko, Joko eta Ikuskizunen zuzendariak baimena eman behar du aldez aurretik.

4.– Araudi honetan arautzen diren enpresetan atzerriko kapitalak zer nolako partaidetza izango duen zehazteko, atzerriko inbertsioak arautzen dituen arautegiak xedatzen duena bete behar da.

7. artikulua.– Baimena edukitzeko ezgaitasuna.

1.– Pertsona fisiko edo sozietate bat ezin da inola ere izan bingo-jokoa antolatzeko edo egiteko baimenaren titular, baldin eta bere kapitalean partaidetza daukan pertsonaren bat honelako egoeraren batean badago:

a) Baimenaren dataren aurreko bost urteetan epai irmo baten bidez faltsutze-delituengatik, jabetzaren aurkako delituengatik edo ogasun publikoaren aurkako delituengatik kondenatuta.

b) Porrot egin eta errehabilitatu ez direnak. Legez ordainketa-etenduran daudela edo hartzekodunen konkurtsoa dagoela deklaratu dutenak, baldin eta kaudimengabe jo badituzte edo euren betebeharrak osorik betetzen ez badituzte.

c) Azken bost urteetan jokoari buruzko zerga arauen urradura larri bi edo gehiagorengatik zehatuak izan direnak, epai irmoaren bidez.

d) Azken bost urteetan bi urraketa larri edo oso larri egiteagatik (jokoa arautzen duten Euskal Autonomia Erkidegoko arauak edo estatuan indarrean daudenak ez betetzeagatik) ebazpen irmo baten bidez zehatutakoak.

2.– Halaber, aurreko idatz-zatian aipatzen diren baimenen titular ezin dira izan Eusko Jaurlaritzako Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzari (edo bestelako eremuetako administrazioetan antzeko erakundeei) lan arrazoiengatik loturiko edo atxikitako pertsonak, euren ezkontideak, eta euren gurasoak eta seme-alabak.

8. artikulua.– Enpresei baimena emateko prozedura.

1.– Bingo-jokoaren enpresa titularra izateko baimena gura duten pertsona juridikoek eskaera-idazkia aurkeztu behar dute, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 70. artikuluan ezarritakoa betez. Eskaerarekin batera agiri hauek aurkeztu behar dituzte:

a) Eskatzailearen Nortasun Agiri Nazionalaren edo agiri baliokide baten fotokopia. Sozietateen kasuan, administrari, kontseilari eta bazkideenenak.

b) Sozietatea eratzeko eskrituraren eta bere estatutuen kopia konpultsatua edo lekukotza.

c) Sozietateko bazkideen zerrendaren eta partaidetza kuotaren ziurtagiria, organo eskudunak emanda, eta kapital sozialaren zifra.

d) Sozietatea Merkataritza Erregistroan izena emanda dagoela erakusten duen ziurtagiria.

e) Idatz-zati honetako a) hizkian aipatu diren pertsonen zigor-aurrekariei buruzko ziurtagiria, administrazio eskudunak egina.

f) a) idatz-zatian aipatzen diren pertsonak aurreko artikuluan ezarri diren ezgaitze kasuetan ez daudela erakusten duen adierazpena.

2.– Eskatzailea ez bada artean pertsona juridiko gisa eratu, artikulu honetan aipatzen den inskripzioa eska dezake, eskaerarekin batera eraketa eskrituraren proiektua eta estatutuak aurkeztuz. Kasu honetan, gehienez bi hilabeteko epea (izena emateko baimenetik aurrera zenbatuta) egongo da sozietatea legez eratzeko eta horren ziurtagiriak aurkezteko.

Proiektu horietan adierazten diren datuak lotesleak izango dira enpresa eskatzailearentzat. Eskritura publikoak bat etorri behar dira proiektuetan hartutako konpromisoekin, behar bezala frogatutako eta baimendutako salbuespenetan izan ezik.

3.– Artikulu honetako lehen idatz-zatiko a), e) eta f) hizkietan xedatutakoa bete behar dute pertsona fisikoek.

4.– Aurkeztutako eskaerak eta agiriek artikulu honetan azaldutako baldintzak betetzen dituztela egiaztatzen denean, Euskal Autonomia Erkidegoko Jokoaren Erregistro Nagusiko bingo-jokoko enpresen atalean inskribatuko eta baimenduko da, Joko eta Ikuskizunen zuzendariaren ebazpenaren bidez.

5.– Bingoaren enpresa titular izateko baimena jasotzean, bingo tradizionalaren jokoa ustiatzeko gaituta egongo da, beren beregi baimendutako lokaletako saletan, joko horien bestelako forma eta modalitateak ustiatzeko behar diren baimenak gorabehera.

9. artikulua.– Bingoan jokatzeko lokalak baimentzeko prozedura.

1.– Bingoan jokatzeko lokal bat instalatu gura duten pertsona fisiko edo juridikoek eskaera aurkeztu behar diote Joko eta Ikuskizunen Zuzendariari, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 70. artikuluan ezarritakoa betez. Eskaerarekin batera agiri hauek aurkeztu behar dituzte:

a) Bingo-jokoaren enpresen atalean inskribatzeko ebazpenaren kopia, edo baimendutako inskripzio-zenbakia.

b) Lokaleko obren eta instalazioen oinarrizko proiektua, teknikari eskudun batek idatzita eta dagokion elkargo ofizialak onetsita. Hau izango da beraren edukia, gutxienez:

– Bingoan jokatzeko lokala jarri nahi den lokalaren planoa, 1/500 eskalan. Joko-aretorako erabiltzen diren azalera, zerbitzu osagarriak eta bestelako dependentziak aipatu behar dira (atarteak, biltegia edo bulegoak).

– Suteen aurkako bitartekoen eta ebakuazio-bideen kokaera azaltzen duen planoa.

c) Teknikari eskudun batek eginiko ziurtagiria, indarrean dagoen arautegi aplikagarriak exijitzen dituen segurtasun neurriak betetzen direla ziurtatzen duena. Beren beregi adierazi behar dira egituraren sendotasuna, ebakuazio bideak eta larrialdietako seinaleak, suteen aurkako neurriak, instalazio elektrikoak eta hosgabetzea, eta larrialdi plan egokia edukitzea.

2.– Aurkeztutako eskaerak eta agiriek artikulu honetan azaldutako baldintzak betetzen dituztela egiaztatzen denean, interesatuari jakinaraziko zaio, eta gehienez bi hilabeteko epean, ondorengo agiri hauek aurkezteko eskatu:

a) Lokalaren disponibilitatearen ziurtagiria.

b) Bingoan jokatzeko jarri nahi den lokalean jarduera egin daitekeelako agiria, dagokion udalak egina.

c) Teknikari eskudun batek eginiko ziurtagiria, artikulu honetako 1. idatz-zatiko b) hizkian aipatzen den proiektua eta beraren azken burutzapena bat datozela adierazten duena. Beharrezkoa bada, organo eskudunak eskatuta hartu diren neurri zuzentzaileak adieraziko dira.

d) Fidantza jarri duelako ziurtagiria, bingoan jokatzeko lokalean egingo diren joko-modalitateen arabera, dagokion zenbatekoan, araudi honen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

3.– Agiri hauek ez badira aurkezten artikulu honetako 2. idatz-zatian ezarri den epean, espedientea iraungi eta artxibatu egingo da, eta interesatuari jakinarazi beharko zaio.

4.– Artikulu honetako 2. idatz-zatian aipatutako agiriak aurkeztu ostean, lokalaren instalazio eta funtzionamendurako baimena emango da, Joko eta Ikuskizunen zuzendariaren ebazpenaren bidez. Ebazpen horretan, bingoan jokatzeko lokalaren kategoria eta baimendutako gehieneko edukiera azaldu behar dira gutxienez.

5.– Bingoan jokatzeko lokalaren baimena jaso arren, indarrean dagoen arautegiaren arabera eduki beharreko udal lizentziak ere jaso behar dira.

10. artikulua.– Bideragarritasunari buruzko aldez aurretiko kontsulta.

1.– Bingoan jokatzeko lokal bat ustiatzeko interesa duen edozein pertsonak Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzari galde diezaioke lokala instalatzeko eta funtzionamenduan jartzeko baimenik jaso dezakeen.

2.– Horretarako, agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Eskatzailearen Nortasun Agiri Nazionalaren (edo baliokidearen) kopia.

b) Araudi honetako 9. artikuluko 1. idatz-zatiko b) hizkian aipatzen den oinarrizko proiektua, obra eta instalazioei buruzkoa.

3.– Aurkeztutako agiriak aztertu ondoren, Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak gehienez hiru hilabeteko epean erantzungo du baimena jasotzeko aukera dagoen edo ez. Ezezkoan, baimena jaso ahal izateko lokalean ezarri beharreko neurri zuzentzaileak zein diren jakinarazi dakioke eskatzaileari.

4.– Kontsultari baiezko erantzuna emanez gero, interesatuak baimen-espedientea hasten badu, ez ditu aurkeztu behar izango artikulu honetako 2. idatz-zatian aipatzen diren agiriak. Txostenean neurri zuzentzaileak ezarri beharra adierazten bada, interesatuak, espedientean, neurri zuzentzaileak ezarri dituela frogatu beharko du.

Idatz-zati honetan xedatutakoak ondorioak izan ditzan, lokala instalatzeko baimen-eskaera beranduenez 3 hilabeteko epean egin beharko da, interesatuak bideragarritasunari buruzko aldez aurretiko kontsultaren erantzuna jasotzen duenetik zenbatuta.

5.– Bideragarritasunari buruzko aldez aurretiko kontsultaren erantzunak ez du esan nahi, inola ere, kontsultaturiko lokala ustiatzeko administrazio baimena ematen denik. Baimen hori jasotzeko, araudi honetako 9. artikuluan ezarritako prozedura bete beharko da.

11. artikulua.– Bingo-jokorako lokaletan aldaketak egitea.

1.– Lokalaren konfigurazioan egiten diren aldaketek harrera-gelaren eta joko-aretoaren azalerari buruzko ezer aldaraztea badakarte, Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak aldez aurretik baimendu beharko ditu aldaketok. Gainerako obrak Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzari jakinarazi behar zaizkio egin aurretik.

2.– Bingo-lokalak beste lokal batera aldatzeko, instalaziorako eta funtzionamendurako beste baimen bat eman beharko du Joko eta Ikuskizunen zuzendariak.

12. artikulua.– Baimenen indarraldia.

Bingo-jokoko enpresen baimenen bidez, eta bingoan jokatzeko lokalen instalazioko eta funtzionamenduko baimenen bidez, interesatuei ahalmena ematen zaie araudi honetan araututako bingo-jokoaren modalitateak eta baimendutako bingo-lokalak ustiatzeko, bertan ezarritako baldintzen arabera. Baimen horiek bost urte iraungo dute, eta berriztatzeko modukoak izango dira.

13. artikulua.– Baimenak kentzea eta ezeztatzea.

1.– Aurreko artikuluan azaldutako inskripzioa eta baimenak kasu hauetan ken daitezke:

a) Interesatuak uko egiteagatik, Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzari idatziz jakinarazita.

b) Enpresa legez edo borondatez desegiteagatik.

c) Baimenak balioa duen epea bukatu delako eta baimena berriztatzeko eskatu ez delako, administrazioak aldez aurretik aginduta.

d) Bingo-jokoaren enpresen atalean, baimenen titularraren inskripzioa iraungi egin delako.

e) Indarrean dagoen araudiaren arabera eginiko administrazio prozedura batean, baimena ezeztatzeko ebazpena eman delako, kausa hauetan oinarriturik:

– Fidantza araudi honetako 15. artikuluan ezarritako epean birjartzen ez denean, baldin eta berme hori (edozein zio dela bide) gutxitu edo desagertu egin bada.

– Baimenak indarrean daudenean, titularrak edo lokalak baimena jasotzeko bete behar zituzten baldintza guztiak edo batzuk betetzeari uzten badiote.

– Baimenen titularrek, euren bazkideek edo euren administrariek araudi honetan ezarritako preskripzioak betetzeari uzten badiote.

2.– Bingoan jokatzeko enpresetako baimenak inter vivos eskualdatu ezinak dira.

3.– Enpresako titularra, edo bazkide edo partaideren bat hilez gero, tramite egokiak egin beharko dira, zuzenbide pribatuak oinordetzei buruz ezartzen dituen arauak betez. Gero, eskubide-hartzaile edo kausahabenteak derrigorrezko administrazio baimenak eskatu beharko dizkio Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzari.

14. artikulua.– Baimenak berriztatzea.

1.– Bingo-jokoko enpresen baimenak, eta bingoan jokatzeko lokalen instalazio eta funtzionamenduko baimenak bost urtetarako berrizta daitezke, indarrean dagoen arautegiaren arabera.

2.– Baimenak berriztatzeko eskaera, araudi honetan aipatua, Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzan egingo da, baimena bukatu baino gutxienez bi hilabete lehenago.

3.– Enpresako baimenak berriztatzeko, araudi honetako 8. artikuluko 1. idatz-zatiko a), e eta f) hizkietan aipatutako agiriak aurkeztu behar ditu interesatuak, baimenaren titularrak diren pertsona fisikoei dagokienez, edo (titularrak pertsona juridikoak direnean), administrari, kontseilari eta bazkideei dagokienez.

4.– Lokalen baimenak berriztatzeko, araudi honetako 9. artikuluko 1. idatz-zatiko c) hizkian eta 2. idatz-zatiko a) hizkian aipatzen diren agiriak aurkeztu behar ditu interesatuak.

5.– Aurkeztutako agiriak ikusita, eta aurreko idatz-zatietan azaldutako baimenak betetzen direla egiaztatuta, egiaztapen egokiak egin ondoren, Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak berriztatzea bidezkoa den ala ez ebatziko du. Epe barruan ebazpenik ematen ez bada, berriztatzea onartu dela joko da.

15. artikuluak.– Fidantzak.

1.– Bingoan jokatzeko lokalen titularrek fidantza egin behar dute, hurrengo idatz-zatietan xedatutakoaren arabera.

2.– Bingo tradizionala, bingo pilatua edo bingo eratorria izeneko aukerak ustiatzen dituztenek 18.000 euroko fidantza jarri behar dute bakoitzak. Araudi honetan xedatutakoaren itzalpean ezartzen diren administrazioko tasak eta zehapenak ordaintzeari, eta bingoko modalitate hauetako sariak ordaintzeari loturik egongo da fidantza hau.

3.– Interkonektatutako bingo pilatuaren modalitatea ustiatzen dutenek 10.000 euroko fidantza jarri beharko dute bakoitzak. Araudi honetan xedatutakoaren itzalpean ezartzen diren administrazioko tasak eta zehapenak ordaintzeari, eta bingo tradizionaleko eta bingo eratorriko sariak (bingoko modalitate horiek ustiatzen badituzte) ordaintzeari loturik egongo da fidantza hau.

4.– Interkonektatutako bingo pilatuaren modalitate hau ustiatzeko, gainera, modalitate hau duten joko-areto guztiek baterako fidantza solidarioak egin beharko dute, 225.000 eurokoa. Fidantza hori interkonektatutako bingo pilatuko sariak eta sari "berezia" ordaintzeari loturik egongo da bakar-bakarrik.

5.– Fidantza eskudirutan edo bankuen, aurrezki kutxen, aseguru-erakundeen, kreditu-kooperatiben edo elkarren bermerako sozietateen abalez era daiteke. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren alde egin behar da fidantza, eta sarien behartutako ordainketari loturik geratuko da.

6.– Edozer arrazoi dela bide fidantzaren zenbatekoa gutxitzen bada, fidantza jartzaileak falta den diru hori berriro jarri beharko du, hasierako zenbatekora iritsi arte, gehienez hilabeteko epean. Bermea birjartzen ez badu, ordea, inskripzioa edo baimena ezeztatu egingo da, araudi honetako 13. artikuluko e) idatz-zatian xedatutakoaren arabera.

7.– Administrazioak aldez aurretik baimena ematen badu soilik berreskura daitezke fidantzak. Fidantza jartzeko arrazoiak desagertzen direnean eta bete gabeko betebeharrik ez dagoenean bakarrik baimenduko da fidantza kentzea.

16. artikulua.– Joko-makinak bingo-jokorako lokaletan.

Bingoan jokatzeko lokaletan, saria ematen duten "B" motako makinak jar daitezke. Euskal Autonomia Erkidegoko joko-aretoetako makinetarako finkatutako gehieneko zenbatekoa izango da saria. Lehen kategoriako aretoetan, horrelako 8 makina jarri ahal izango dira gehienez, eta bigarren kategoriakoetan, 6.

III. KAPITULUA
JENDEA ONARTZEA ETA SARRERA DEBEKATZEA

17. artikulua.– Bingo-aretoetan sartzea debekaturik duten pertsonen zerrenda.

1.– Bingo-aretoetan sartzea debekaturik duten pertsonen zerrenda bingoetan eta joko-kasinoetan sartzea debekaturik dutenen zerrendako fitxategian dago. Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak eginiko agiria da. Bertan, hurrengo idatz-zatian azalduko diren irizpideen arabera, bingoan jokatzen den aretoetan aldi batez sartu ezin diren pertsonak daude.

2.– Bingo-aretoetan sartzea debekatuta duten pertsonen zerrendan honakoak sartuko ditu Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak:

a) Zerrendan egon nahi duten pertsonak, hiru hilabete eta bi urteko epean. Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzari idazki bat bidaliz eskatu beharko dute zerrendan sartzea. Zerrenda horretako gutxieneko egonaldia (hiru hilabete) bukatu ondoren, Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzaren aurrean zerrendan egoteari uko egin diezaiokete.

b) Bingo-jokoaren titular diren enpresek pertsona jakin batzuk zerrendan sartzeko eska dezakete, gutxienez hiru hilabetez eta gehienez urtebetez, baldin eta zioak arrazoitzen badituzte. Horretarako, administrazio espedientea izapidetuko da eta interesatuari hamar eguneko entzunaldia emango zaio.

Ondorio horietarako, jokoen ordena, lasaitasuna eta garapena eragozten dituzten ekintzak izango dira zio arrazoituak; esaterako: gainerako jokalariei jokoan parte hartzea eragoztea edo oztopatzea, bingoko langileenganako tratu ez adeitsua izatea eta jokoaren arauak ez betetzea.

Zehapena mailakatzeko, nahita egitea, sortutako kaltea eta behin baino gehiagotan gertatzea kontuan izango dira.

c) Jokoa arautu zuen azaroaren 8ko 4/1991 Legeko xedapenen (edo hura garatzeko ematen diren araudien) urratze larri edo oso larriengatik zehatzen diren pertsonak.

3.– Bingo-aretoetan sartzea debekatuta duten pertsonen zerrendan, dena delako pertsonaren izen-abizenak eta bere NANaren edo agiri baliokidearen zenbakia sartuko dira.

4.– Debekuaren lurralde-eremua Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde historiko bateko edo gehiagotako joko-aretoetarako da, salbu eta artikulu honetako 2. idatz-zatiko b) hizkian dagoen kasua, gaiak eragiten dien lokaletarako bakarrik izan daitekeena.

18. artikulua.– Sartzeko debekuen, murrizketen eta baldintzen araubidea.

1.– Bingoan jokatzeko lokaletan, honako hauei galaraziko zaie sartzea: adingabekoak; legez ezindutakoak; mozkorrak egoteagatik, substantzia psikotropikoen eraginpean egoteagatik edo adimeneko urripen edo nahasmendua izateagatik jarduteko gaitasun osoa ez dutenak; eta portaera erasokor edo bortitza izateagatik ordena, lasaitasuna eta jokoen garapena kaltetu ditzaketenak.

2.– Halaber, bingo-aretoetan sartzea debekatuta duten pertsonen zerrendan dauden pertsonek, zerrendan ezarritako denboraldian, debekatuta izango dute bingo-jokorako aretoetan sartzea.

3.– Bingoan jokatzeko lokaletako titularrek lokaletan sartzeko baldintza batzuk jar ditzakete jendearentzat oro har.

Bezeroak hartzeko eskubidea, betiere, diskriminazio ezeko printzipioa betez egingo da. Aplikazio laidagarri edo arbitrariorik ezin da inola ere erabili.

4.– Lokalean sartzeko debekuak, murrizpenak eta baldintzak lokaleko sarreretan ikusteko moduan adierazi behar dira.

19. artikulua.– Harrera, onartze eta kontrol sistema.

1.– Jokalariak onartzeko, bingo-lokal bakoitzean harrera-esparru bereizi bat jarri behar da. Esparru honen gutxieneko azalera aretorako baimendutako edukierako 15 pertsona bakoitzeko metro koadro 1 izan behar da.

2.– Halaber, bingoan jokatzeko aretoetan sartu gura duten pertsonen datuak egiaztatu ahal izateko sistema informatiko bat egon behar da, araudi honetako 17. artikuluaren bidez sartzea debekaturik daukaten pertsonek sartzerik izan ez dezaten. Euskarri informatiko horrek Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzarekin zuzeneko lotura izateko bide eman behar du, aipatutako zerrendan dauden pertsonak eguneratu ahal izateko, Joko eta Ikuskizunen zuzendariaren ebazpenetan ezarritako zehaztapenen arabera.

Identifikazio sistema horren erabilera eta borondatezkoak diren bestelako erregistro-sistemen erabilera datu pertsonalak babesteko arautegiko preskripzioen pean egon behar da. Dena den, jendea onartzeko kontrolean edo (halakorik balego) erregistroan dauden datuak ezin izango dira erabili araudi honetan ezarritako xedeekin bat ez datozen helburuetarako.

3.– Sartzeko balizko debekuak egiaztatzeko, bingoan jokatzeko aretoan sartu gura duten pertsonei euren nortasuna frogatzen duen legezko agiria eskatuko zaie. Agiri horretan, pertsonaren izen-abizenak, jaiotze-data eta NANaren edo agiri baliokide baten zenbakia agertu behar dira.

20. artikulua.– Jokatzeko debekuak.

1.– Lokaletako akziodunek, partaideek, enpresako titularrek, langileek, zuzendaritzako kideek eta langileek, eta horien guztien ezkontideek, gurasoek eta seme-alabek ezin dute lokaletan baimendutako jokoetan inola ere jokatu.

2.– Zerbitzu osagarriak (ostalaritza eta bestelakoak) ematen dituzten enpresetako langileek ere debeku bera izango dute, baina lan egiten duten lokalerako soilik.

IV. KAPITULUA
JOKO-ENPRESETAKO

PARTAIDETZAREN MUGAK.

21. artikulua.– Joko-enpresetako partaidetzaren mugak.

1.– Pertsona fisiko edo juridiko batek ezin ditu eduki bingo-jokoaren hiru enpresa titular baino gehiagotako akzio edo partaidetzarik.

2.– Pertsona fisiko edo juridiko bat ezin da izan bingo-jokoko hiru lokal edo gehiagoren titular. Ondorio hauetarako, bingo-jokoko lokalaren titularra izango da pertsona juridiko titularrean akzio edo partaidetzen erdia baino gehiago dauzkan pertsona fisiko edo juridikoa.

3.– Azaldutako mugak bere izenean baina inoren interesetan diharduen pertsona bitartekariari ere badagozkio.

V. KAPITULUA
JOKOKO LANGILEAK

22. artikulua.– Baldintzak.

1.– Bingoan jokatzeko lokaletan jokoko langile izan gura duten pertsonek agiri profesional egokia eduki behar dute, euren kategoriari dagokiona. Agiri hori Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak ematen du. Eskaerarekin batera, agiri hauek aurkeztu behar dituzte:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren edo agiri baliokide baten fotokopia.

b) Zigor-aurrekarien ziurtagiria, Jokoa arautu zuen azaroaren 8ko 4/1991 Legearen 19. artikuluko 4. idatz-zatiko a) hizkian ezarritako kasuetan ez daudela frogatzeko.

c) Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak emandako agiri normalizatu batean eginiko adierazpena. Bertan adierazi behar da aurreko bi urteetan eskatzailea ez dela ebazpen irmoz zehatua izan jokoa arautzen duten araudietan (Euskal Autonomia Erkidegoan nahiz estatuko gainerako lekuetan indarrean dagoena), hoben larri edo oso larriengatik.

d) Eskatzaileak lan egingo duen bingoan jokatzeko lokalaren titularrak eginiko adostasun-ziurtagiria. Eskatzaileak izango duen kategoria eta lanpostua adierazi behar dira bertan.

2.– Eskaera eta aurreko idatz-zatian aipatzen diren agiriak aurkeztu ondoren, Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak egoki deritzen egiaztapenak egingo ditu eta gero agiri profesional hori emango du. Agiriak 3 urteko balioa izango du, eta 3 urtean behin berriztatu beharko da.

3.– Agiri profesional hau indargabetu edo ezeztatu egin daiteke, zehapen espedientea instruitu ondoren, araudi honetan tipifikatutako urraketak egiteagatik. Halaber, agiri profesional honen titularrak agiria jasotzeko bete behar zituen legezko baldintzetakoren bat betetzeari uzten badio, ezeztatu egin daiteke, Joko eta Ikuskizunen zuzendariaren ebazpen arrazoituaren bidez. Agiria indargabetu edo ezeztatuz gero, titularrak ezin izango du bere funtzioa bete, ebazpenean adierazten den denbora-epean, Euskal Autonomia Erkidegoko bingo-lokaletan edo bestelako joko-lokaletan, lokal horietan jarduteko txartel profesionala behar baldin bada.

23. artikulua.– Kategoriak.

1.– Bingoan jokatzeko lokaletan, jokoko langileentzako kategoriak honakoak izango dira:

a) "A" kategoria: Aretoko arduraduna eta mahaiko arduraduna

b) "B" Kategoria: Esatari/saltzailea eta jendea onartzeko langileak.

2.– Lanpostu bakoitzaren funtzioak hauek dira:

a) Aretoko arduradunak joko-aretoaren funtzionamendua antolatu eta kontrolatu behar du. Bere erantzukizuna izango da langile bakoitzak bere kategoriari dagozkion lanak egitea. Lokaleko gailu, instalazio eta zerbitzu guztien funtzionamendua egokia dela begiratuko du. Joko-aretoan ordena mantendu behar du, eta jokoa behar bezala egiten dela bermatu. Jokalarien eta agintaritzaren agenteen aurrean, baimenaren titularra den pertsona edo erakundearen ordezkaria bera izango da, salbu eta ordezkaritza hori beste pertsona batek badu eta joko-aretoan badago.

Ordena, lasaitasuna eta jokoen garapena nahasten dituzten pertsonei joko-aretotik irteteko agindu ahal izango die aretoko arduradunak. Gertaera hori (eta arazoa sortu duen pertsonaren izen-abizenak, ahal badu) akta liburuan adierazi behar ditu.

b) Mahaiko arduradunaren erantzukizuna izango da bolak eta txartelak egiaztatzea eta saltzaileei ematen zaizkiela bermatzea, jokaldi edo zozketa bakoitzean saldutako eta soberan geratutako txartelen kontabilitatea egiten dela bermatzea, eta lerroari eta bingoari dagozkion sariak zehatzen direla eta publikoari jakinarazten zaizkiola bermatzea. Beraren erantzukizuna izango dira honako hauek: txartelak salduz jasotzen den dirua biltzea, saritutako txartelak egiaztatzea eta sari bakoitzari dagozkion diru-zenbatekoak esatari-saltzaileari ematea, jende guztiari horren guztiaren berri ematea, eta akta-liburuan partida bakoitzeko akta idaztea.

c) Esatari-saltzaileak txartelak zuzenean salduko ditu. Diru-zenbateko hori bilduko du eta soberan geratu diren txartelekin batera mahaiko arduradunari emango dio. Bolak ateratzeko makina berak erabiliko du, eta bolen zenbakiak irakurriko ditu, irten ahala. Mahaiko arduradunari saritutako txartelak emango dizkio, egiazta ditzan. Jokalariei lerroaren eta bingoaren diru-zenbatekoak emango dizkie. Erabilitako txartelak jasoko ditu, eta aretoko arduradunari eta mahaiko arduradunari lagundu egingo die, euren funtzioak hobeto betetzeko agintzen dizkioten lanetan.

d) Jendea onartzeko atean dauden langileek bingoan jokatzeko lokaleko bisitarien eta jokalarien sarrera kontrolatu behar dute. Sartu nahi duten pertsonei euren nortasuna frogatzen duen agiria erakusteko eskatu behar diete, eta araudi honetan azaldutako zioren batengatik sarrera debekaturik duten pertsonei sartzea galaraziko diete.

3.– Bingo-jokoa egiten ari denean, kategoria bakoitzeko bi langile egon behar dira, gutxienez, txartel profesionalarekin, aurreko idatz-zatian azaldutako funtzioak betetzen.

4.– Kategoria bakoitzeko langileak bere kategoriako edozein funtzio bete dezake, baldin eta funtzio guzti-guztiak betetzen badira bingoan jokatzen ari denean.

"B" kategoriako agiri profesionala duten langileek, aldi batez, "A" kategoriako funtzioak bete ditzakete mahaiko arduradun gisa.

5.– Pertsona berak ezin du aldi berean kategoria ezberdinetako funtzio bat baino gehiago bete, edo kategoria berean lanpostu bat baino gehiago bete.

24. artikulua.– Borondatezko eskupekoak.

1.– Bingoan jokatzeko lokaleko jokoko edozein langileri, edozein kontzeptutan, bezeroak nahi duelako ematen dizkion borondatezko eskupeko guztiak kutxa bakar batean sartuko dira berehala. Kutxa mahaian egon behar da, erraz ikusten den leku batean. Borondatezko eskupekoak zaintzea aretoko arduradunaren erantzukizuna izango da.

2.– Borondatezko eskupekoak euren artean banatuko dituzte langileek, eurek ezarritako irizpideen arabera.

3.– Baimenaren titularra den pertsona edo erakundeak erabaki dezake aldi batez edo behin betiko borondatezko eskupekoak ez onartzea. Hori erabakitzekotan, argi jakinarazi beharko da, joko-aretoko sarreretan iragarkiak jarriz.

VI. KAPITULUA
BINGOAN JOKATZEKO TXARTELAK

25. artikulua.– Jokorako txartelak.

1.– Bingo-jokoaren modalitate bakoitzeko txartel-ereduak fisikoak edo birtualak izan daitezke (hau da, bitarteko elektroniko edo informatikoz erreproduzituak). Betiere, eredu guztiak Euskal Autonomia Erkidego osorako berberak izango dira. Erabili aurretik, Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak homologatu behar ditu.

2.– Bingoan jokatzeko lokaletan ageriko balioa 2 eurotik gorakoa izan behar da, jokoaren modalitate guztietan.

3.– Lokal horietan, balizko konbinazioen lote bakoitzeko txartel-kopurua 3.888 izango da. Hau ez da aplikatuko bingo eratorriaren jokoan.

4.– Bingo-jokoaren edozein modalitate garatzean, ezin dira joko-txartel berdin bi egon.

5.– Foru aldundiek bingoko txartel fisikoak adjudikatzeko ahalmena izango dute. Dena den, Euskal Autonomia Erkidego osorako txartel berdina egongo da, Herrizaingo sailburuaren aginduz onetsitako ereduen araberakoa.

6.– Bingo-jokorako txartel fisikoak adjudikatzeko foru aldundiek ezartzen dituzten organoetan, Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak parte hartuko du.

7.– Halaber, lurralde historiko bakoitzeko foru diputazioek bingorako txartel fisikoak saltzeko ahalmena izango dute, zeinek bere lurralde-eremuan.

VII. KAPITULUA
BINGO-JOKOAREN MODALITATEEN ARAUAK
ETA GARAPENA
1. ATALA
OSAGAI KOMUNAK

26. artikulua.– Jokoaren osagaiak.

1.– Bingo-lokaletako joko-aretoetan honako osagaiak egon behar dira, gutxienez:

a) Bolak ateratzeko bi gailu.

b) Bi bola-sorta. Sorta bakoitzean laurogeita hamar bola egongo dira, eta bola bakoitzak dagokion zenbakia izango du idatzita azaleran. Zenbakia ezabatzea ezinezkoa izan behar da, eta telebista-monitoreetatik ondo ikusteko modukoa izan behar da. Bolak narriatzen badira eta horren ondorioz ezin bada bermatu jokoa behar bezala egingo dela, bola-sorta ordezkatu egingo da. Bolak, betiere, 2.500 partida eta gero ordezkatu egin behar dira.

c) Kontrol-mahai bat. Bertan, mahaiko arduradunaren eta esatari-saltzailearen funtzioak beteko dira.

d) Partidetako aktak egiteko sistema informatiko bat.

e) Megafonia-sistema bat, jokalari guztiek jokoaren garapena eta informazioa ondo entzuteko modukoa.

f) Telebistako zirkuitu itxi bat, bolak nola ateratzen diren erakusteko, aretoko edozein lekutatik ikusten dena.

g) Informazio-panelak, joko-aretoaren azaleraren arabera. Haietan, atera diren bola guztiak erregistratuko dira, atera diren ordenaren arabera zenbaki bat emanez. Halaber, lerroko eta bingoko sarien banaketa, eta joko-modalitate bakoitzeko sarien diru-zenbatekoak adierazi behar dira panel horietan. Informazioa joko-aretoko edozein lekutatik ikusteko modukoa izan behar da.

2.– Bingo-jokoaren garapenari buruzko informazio guztia Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan eman behar da, bingo-aretoko informazio-paneletan.

27. artikulua.– Garapena eta arauak.

1.– Mahaiko arduradunak saldutako txartel guztiak eta sarietarako diru-zenbatekoa jakinarazten dituenean hasiko da partida. Saritutako txartel bat, gutxienez, egiaztatzen bukatzean amaituko da. Bingoko saio bakoitza hastean eta bukatzean, mahaiko arduradunak bolak zenbatuko ditu, haien egoera eta zenbakiak egiaztatuz.

2.– Partida batean, lehenengo bola atera aurretik, gailu edo instalazioetan matxurarik edo akatsik gertatzen bada, edo jokoan jarraitzeko gorabeherarik gertatzen bada, partida behin-behinean etengo da.

Hamabost minututan ezin bada arazo hori konpondu, jokalariei txartelen zenbateko osoa itzuliko zaie, eta txartelok kontrol-mahaian utzi beharko dira.

Bolak ateratzen eta txarteletan idazten hasi bada, partidak aurrera jarraituko du, bolak eskuz atereaz, baldin eta aleatoriotasuna bermatu ahal bada, eta ateratzeke dauden zenbakiak bakarrik erabiliz.

3.– Sarietakoren batean konbinazio irabazle bat baino gehiago badago, sari bakoitzeko zenbatekoa saria aldarrikatu duten jokalarien artean banatuko da. Mahaiko arduradunak partida ixten duenean ezin da inola ere saririk erreklamatu.

4.– Bingo-jokoaren modalitate hauetako edozeinetako partida batean, ezin izango da jokalari berririk aretoan sartu, partida bukatu arte.

28. artikulua.– Joko-txartelen salmenta eta erabilera.

1.– Jokorako txartel fisikoak dagokien modalitatea jokatzen den aretoan bakarrik saldu ahal zaizkie jokalariei. Mahaiko arduradunak aurreko partidan bingo saria duen (izatekotan) txartel bat gutxienez egiaztatzen duen unetik aurrera hasiko da txartelen salmenta.

2.– Partida bakoitzeko salmenta serie bakoitzeko lehenengo zenbakiarekin hasiko da, seriea hasten denean, edo aurreko edozein partidatan (egun berean edo beste batean) saldu den azken zenbakitik aurrera. Partida bakoitzean saldutako txartelak elkarren segidakoak izan behar dira, euren hurrenkera-zenbakiaren arabera, serie bakoitzaren barruan.

3.– Txartel akastunak aldez aurretik kenduko dira eta serie osoak eta isolatuak jarriko dira haien ordez. Kasu horretan, mahaiko arduradunak publikoari horren berri emango die, eta akta-liburuan agerraraziko du txartel akastunak baztertu egin direla.

4.– Salgai jarri den serieko txartel-kopurua ez bada nahikoa jokalarien eskariari aurre egiteko, partida bererako serie berri baten txartelak sal daitezke, baldintza hauek betetzen badira:

a) Bigarren serie osagarri hori lehenengoaren ageriko balio berekoa izan behar da.

b) Bigarren seriea bat zenbakitik aurrera, edo aurreko serietik saldu den zenbakiaren hurrengotik aurrera hasi behar da saltzen.

c) Bigarren serieko txartelak, salmenta hasi zeneko lehen serieko txarteleraino sal daitezke. Horrela, partida berean ezin izango dira txartel berdin bi saldu.

5.– Txartelak erosi eta edukitzeagatik, jokalariek eskubidea dute partida indarrean dauden arauak betez egin dadin eta, egotekotan, ezarritako sariak ordain daitezen edo (bidezkoa denean) ordaindutako diru guztia osorik itzul dakien. Jokalaria partida bukatu aurretik joaten bada, ez du izango ordaindu duen txartelaren prezioa berreskuratzeko eskubiderik. Halere, nahi badu, beste jokalari bati transferitu diezaioke txartela.

6.– Jokalariek eskudirutan edo Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak onartutako beste ordainketa-bide batzuk erabiliz ordaindu behar dituzte txartelak. Ezin da egin jokalariei kreditua emateko operaziorik.

7.– Saritutako txartelak telebistako zirkuituaren bidez egiaztatuko dira: mahaiko arduradunak saritutako zenbakiak irakurriko ditu, eta txartelaren matrizea erakutsiko da.

8.– Partida bakoitzaren ostean, saritutako txartelak eta urraketa edo erreklamazioa ekar ditzaketenak kendu beharko dira.

9.– Txartel fisikoak, edozein ageriko balio dutela ere, lurralde historikoetako foru aldundietan truka daitezke, balio handiago edo gutxiagokoekin, eta diru-zenbateko berarekin.

29. artikulua.– Sarien ordainketa.

1.– Sariak esku-dirutan ordainduko zaizkie jokalariei edo, ezin bada, txeke adostuaren bidez, jokalaria aldez aurretik ados agertzen bada.

2.– Sariak partida bakoitzaren bukaeran ordainduko dira, saridun txartelak jaso eta egiaztatu ondoren. Txartelok osorik aurkeztu behar dira, zalantza sor dezakeen manipulaziorik gabe. Txartel horiek Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak eskatu ahalko dituzte, hilabete bateko epean.

3.– Saria ordaintzen ez bada, jokalariak enpresak eginiko fidantza atxikitzeko eskatu ahalko dio Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzari, idatziz, saria kobratzeko.

2. ATALA
BINGO TRADIZIONALA

30. artikulua.– Definizioa.

1.– Bingo tradizionalean laurogeita hamar zenbakirekin jokatzen da, bat eta laurogeita hamar barne, eta hauek txarteletan agertuko dira. Txartelak, bada, hamabost zenbaki ezberdinez osatuko dira eta honako egitura izango dute: hiru lerro horizontal, bakoitzean bost zenbakirekin, eta bederatzi zutabe bertikal, hiru, bi edo zenbaki batekin horietariko bakoitzean, baina zutabe guztiek beti izanik zenbakiren bat. Hurrengo konbinazioak sarituko dira:

a) Lerroa: Lerroa egingo da bera osatzen duten zenbaki guztiak atera direnean, baldin eta aurreko zenbakiak ateratzean beste jokalariren batek lerroa egin duela esan eta hori zuzentzat eman ez bada. Joko-txarteleko hiru lerroetako edozein izan daiteke: goikoa, erdikoa edo behekoa.

b) Bingoa: Bingoa egingo da joko-txarteleko hamabost zenbakiak atera direnean.

2.– Aurreko atalean ezarritakoa kontuan hartuta eta garatzeko araudiarekin bat etorriz, bingo-jokoan txartel fisikoen ordez horien erreprodukzio elektroniko edo informatikoak erabili ahal izango dira; horretarako, Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak homologatutako materialak eta sistema informatikoak erabili beharko dira.

31. artikulua.– Sarien banaketa

Bingo tradizionaleko partida bakoitzean banatuko den saria hauxe izango da: partidan saldu diren txartelen ageriko balioaren %64; %9 lerroarentzat eta %55 bingoarentzat.

3. ATALA
BINGO PILATUA

32. artikulua.– Definizioa.

1.– Bingo pilatua bingoaren modalitate bat da. Bertan, bingo tradizionalean irabazi duen jokalariak gehienez 18.000 euro gehiago eskuratu ahal izango ditu, baldin eta saria lortu arte atera den bola kopuruak baimendutako gehieneko kopurua gainditzen ez badu.

2.– Bingo pilatua, interkonektatutako bingo pilatua eta sari "berezia" bateraezinak dira.

3.– Partida bakoitzean baimendutako gehieneko bola kopurua ezarriko da, saldu den txartel kopuruaren arabera eta hurrengo eskala jarraituz:

SALDUTAKO TXARTELAK	BAIMEN. GEHIENEKO BOLA KOPURUA	

1-50 txartel	45 edo gutxiago	

51-100 txartel	44 edo gutxiago	

101-150 txartel	42 edo gutxiago	

151-200 txartel	41 edo gutxiago	

200etik gora	40 edo gutxiago	

	 	

33. artikulua.– Sarien banaketa.

1.– Bingo pilatuaren saria txartelaren ageriko balioaren %2 izango da. Zenbateko hori partida bakoitzean deskontatuko da bingorako ehunekotik, eta bingo pilatuaren saria lortuko den partidara arte pilatzen joango da.

2.– Bingo pilatuaren sarirako metatzen joan den zenbatekotik %15 deskontatuko da saria ematen denean. Zenbateko hori, erreserba-bingo moduan, bingo pilatuaren hasierako kopurua izango da eta hurrengo partidan lortutakoari gehituko zaio. %85 irabazleari edo irabazleei emango zaio/zaie.

34. artikulua.– Bingo pilatuaren jokorako elementuak.

26. artikuluan aipatutakoaz gain, joko-modalitate hau egiten den lokaletako informazio-paneletan ikusteko moduan azaldu beharko dira bolak ateratzeko ordena-zenbakia (pilatutako saria lortzeko baliagarria izango dena), eskaintzen den saria eta horren erreserba.

35. artikulua.– Eskabidea

Bingo pilatua modalitatea ustiatu nahi duten bingo-jokoaren enpresa titularrek idatzizko eskabidea egin beharko diote Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzari.

4. ATALA
INTERKONEKTATUTAKO BINGO PILATUA

ETA SARI "BEREZIA"

36. artikulua.– Definizioa.

Interkonektatutako bingo pilatua bingoaren modalitate bat da. Bertan, lokal ezberdinetako jokalariek parte hartzen dute sistema informatiko baten bidez elkarren artean konektatuta. Modalitate honetan, bingo tradizionaleko irabazleak edo irabazleek sari gehigarria lortzeko aukera izango du/dute, baldin eta saria lortu arte atera den bola kopuruak baimendutako gehieneko kopurua gainditzen ez badu.

37. artikulua.– Sarien banaketa.

1.– Partida bakoitzean banatuko den saria hauxe izango da: partidan saldu diren txartelen ageriko balioaren %63; %9 lerroarentzat eta %54 bingoarentzat (modalitate guztietan).

2.– Interkonektatutako bingo pilatuak bi sari izango ditu: bingo Nagusia eta bingo Txikia.

3.– Bingo Nagusiko eta Bingo Txikiko sariak, bestalde, hauexek izango dira: joko-modalitate hori duten lokaletan jokatu diren txartelen zenbateko osoaren %0,1 eta %0,4, hurrenez hurren, pilatzetik lortutakoak.

Aurreko paragrafoetan aipatutako zenbatekoak bingo tradizionalaren jokorako sarien ehunekotik kenduko dira partida bakoitzean, gehienez 200.000 euro (bingo Nagusia) eta 25.000 euroraino (bingo Txikia) pilatuz.

4.– Aipatutako sarientzat ezarritako gehieneko kopuruetara heltzean, aurreko puntuan azaltzen diren kentzeko ehunekoak bingo arruntaren sarirako gordeko dira.

5.– Ateratzeko ordenaren arabera, bingo Nagusia lortzeko azken bola hogeita hamargarrena izango da eta bingo Txikia eskuratzeko hogeita hamaseigarrena. Gehieneko kopurura heltzen denean, saria lortu arte egun bakoitzeko bola bat gehiago izango da.

38. artikulua.– Joko-arau bereziak.

1.– Lehenengo partidaren hasieran, mahaiko arduradunak megafoniaz azaldu beharko die bingo-jokorako lokalean dauden jokalariei zein den pilatu den zenbatekoa eta zein izango den hori lortzeko azken bola, betiere bingo Nagusiari edo Txikiari dagokienez.

2.– Sarien egiaztapena bingo tradizionalerako ezarritako moduan egingo da. Nolanahi ere, norbaitek saria lortu duenean, aretoko arduradunak lokalean dauden jokalari guztien aurrean egiaztatuko du irabazlearen zenbakiak bolak ateratzen dituen makinatik irtendakoekin bat datozela.

3.– Mahaiko arduradunak atal honetan ezarritako moduan jardun dela jasotzen duen akta sinatuko du, eta aretoko arduradunak akta ontzat emango du.

4.– Partida bukatzean, sarituak izan diren txartelak monitoreetan erakutsiko dira, matrize eran, egiaztatuak izateko.

5.– Bingo Nagusiaren eta bingo Txikiaren sarietako zenbatekoak ez dira aldatuko saio osoan zehar, sistemara atxikitako bingoan jokatzeko lokal guztietan.

6.– Saio berean saritu diren bingoak horien irabazleen artean banatuko dira. Sariak lortu eta hurrengo berrogeita zortzi orduen barruan emango dira, irabazleak egiaztatu ondoren.

7.– Saria egiaztatu eta gero, irabazleari edo irabazleei frogagiri bat emango zaio/zaie saioaren eguna, partidaren zenbakia eta saio berean egon den irabazle kopurua kontuan hartuta jasoko den saria adieraziz. Datu horiek guztiak Akten Liburuan jasoko dira, beste hauekin batera: aipatu sariaren irabazleari edo irabazleei buruzko datu guztiak, bere nortasun-agiri nazionalaren zenbakia edo horren baliokidea eta sinadura.

39. artikulua.– Datuak prozesatzeko Unitate Zentrala.

1.– Bingoan jokatzeko lokalak datuak prozesatzeko unitate zentralera konektatuta egongo dira; izan ere, saio bakoitza bukatzen denean eta hurrengoa hasi baino lehen, sistemara atxikitako bingoan jokatzeko lokaletan saldu diren txartelen zenbateko osoa aipatu unitatera bidaliko da, eta baita hala dagokionean, eman diren sariak ere.

2.– Arestian aipatutako datuak prozesatu ondoren, bingoan jokatzeko lokal bakoitzari bidaliko zaizkio eta, horrela, hurrengo saioari ekiteko interkonektatutako bingo pilatuaren zenbatekoa zein den zehaztuko da. Edozelan ere, informazioa lokal bakoitzetik datuak prozesatzeko unitate zentralera bidaltzea bermatuko da.

3.– Datuak prozesatzeko unitate zentrala bingoak ordezkatzen dituen enpresarien elkartearen egoitzetan kokatuko da; baina unitate hori, edozein arrazoi dela medio, zerbitzutik kanpo gelditzen denerako horren ordezko bat ere egon beharko da.

4.– Joko-modalitate hori egiteko elementu tekniko eta informatikoak behar bezala zigilatuko dira, beste inor horiekin ibili ez dadin.

40. artikulua.– Titulartasuna aldatzea.

1.– Sistemara atxikitako bingoan jokatzeko lokalaren titulartasuna aldatuz gero, titular berriaren eskubide eta betebehar guztiak subrogatuko dira.

2.– Edozein arrazoi dela medio joko-modalitate horri uko egiten dioten bingoan jokatzeko lokalek, ezin izango dute interkonektatutako bingo pilatura atxikitzeko eskabidea egin harik eta uko egin zenetik urtebete igaro arte.

3.– Interkonektatutako bingo pilatuaren modalitatera atxikita dagoen bingoan jokatzeko lokalen bat, edozein arrazoi dela medio, ixteak edo horrek uko egiteak ez dakar jabego-eskubiderik ezta une horretan pilatuta dauden zenbatekoak itzultzerik ere.

41. artikulua.– Sari "berezia".

1.– Sari "berezia"interkonektatutako bingo pilatuarekin batera jokatzen da. Joko horretan, bingo tradizionalekoaz gain, sari gehigarria lortuko da modalitate hori duten bingoan jokatzeko lokaletan, ateratzeko ordenaren arabera izan den bola-zenbakia kontuan hartuta eta artikulu honetako 5. zenbakian xedatutakoarekin bat etorriz.

2.– Sari "bereziaren" zenbatekoa hauxe izango da: joko-modalitate hau duen lokal bakoitzean jokatu diren txartelen ageriko balio osoaren %1 pilatzean lortutakoa.

3.– Jokalariek sari "berezia" irabazteko aukera izango dute, artikulu honetan ezartzen den eskalaren arabera, saria aipatu zenbatekora heltzen denean. Sari "bereziaren" zenbatekora helduz gero ez da aipatutako ehunekoa kenduko, bingo arruntaren saria ordaintzeko gordeko delako.

4.– Ateratzeko ordenaren arabera, sari "berezia" lortzeko azken bola berrogeita seigarrena izango da, berau barne. Dena den, sari "bereziaren" zenbatekora heldu baina aurreko puntuan ezarritako azken bolarekin jokalari batek ere ez badu saria lortu, egingo den partida bakoitzeko bola bat gehiago aterako da, sari "berezia" eman arte.

5.– Konbinazio irabazle bat baino gehiago badago, saria irabazle guztien artean banatuko da.

6.– Sari "bereziaren" zenbatekoa zein izango den zehazteko, bingo-aretoek Foru Aldundiei urtean egindako erosketak hartuko dira kontuan, hain zuzen, puntu honetako erosketa-eskala aplikatzen den ekitaldiaren aurreko urteko abenduaren 31n egindakoak.

URTEKO EROSKETAK 	SARI "BEREZIAK"

(euroak)	(euroak)

Gehienez 4.000.000 	150-300-500-750-		1.000

4.000.001etik 8.000.000ra 	300-500-750-1.000

8.000.001etik 16.000.000ra	500-750-1.000

16.000.001etik gora 	750-1.000

7.– Bingo-areto bakoitzak, saio berean, dituen sari "berezietako" edozein eskaini ahal izango die jokalariei, baldin eta une bakoitzean ezarritako saria eman bada.

8.– Mahaiko arduradunak, egun bakoitzeko saioa hastean, sari "bereziaren" zenbatekoa eta hori lortzeko bola ateratzeko ordena zein diren jakinaraziko du. Halaber, sariaren zenbatekoa aldatuz gero, horri dagokion partida hasi baino lehen jakinaraziko du.

Era berean, sari "berezirik" dagoen eta bola ateratzeko ordena zein izango den esango du dagokion partida baino lehen eta saria eman arte.

42. artikulua.– Eskabidea.

1.– Joko-modalitate hau eduki nahi duten enpresek idazki bat bidali beharko dute Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzara eta, horrekin batera, aurreko ekitaldiko salmenten bolumenari buruzko dagokion Foru Aldundiaren ziurtagiria ere bidaliko dute. Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzan aurkeztu den dokumentazioa aztertu ondoren, Araudi honetan ezartzen diren betekizunekin bat etorriz, baimena emango da (hala badagokio). Eskabidea, gainera, enpresarien elkarteak ere aurkeztu ahal izango du berak ordezkatzen dituen bingo-areto guztien izenean.

2.– Baimenak, ematen den urte naturaleko indarraldia izango du. Hurrengo urtean, bingo-aretoak eskala aldatzeko moduko salmenten bolumena badu, Araudi honetako 41.7. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzari horren berri emango dio ondorioak izan nahi dituen ekitaldiko urtarrilaren 15a baino lehen. Halaber, aurreko urteko abenduaren 31n izandako salmenten bolumenaren ziurtagiria ere bidaliko du. Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak horren gainean berariazko ebazpenik eman ez badu egutegiko hamar eguneko epean, eskala berrian sartzeko baimena ematen dela ulertuko da.

43. artikulua.– Alta eta bajak.

1.– Joko-modalitate honetan alta emanda gero modalitate hori kendu nahi duen enpresak idazki bat bidali beharko dio Joko eta Ikuskizunen zuzendariari. Bada, pilatzen egon den sari "berezia" ematen den unean lortuko du baja.

2.– Modalitate horretan baja eman denean, enpresak ezin izango du berriz modalitate hori eskatu harik eta horretatik kanpo uzteko idazkia aurkeztu zenetik sei hilabete igaro arte.

44. artikulua.– Pilatutako zenbatekoak, bingo-aretoa ixten denean.

Edozein arrazoi dela medio bingo-aretoa ixten bada, sari "berezia" ordaintzeko pilatu diren zenbatekoak Herrizaingo Sailaren esku utziko dira, honek Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusian sar ditzan.

5. ATALA
BINGO ERATORRIA

45. artikulua.– Definizioa.

1.– Bingo eratorria bingoaren modalitate bat da. 90 eta 6 bitarteko zenbakiekin jokatzen da, txartel fisiko edo birtualen bidez. Txarteletan gutxienez 6 eta gehienez 18 zenbaki ageri dira, denak ezberdinak eta lerro edo zutabetan banatuta, Atal honetan ezartzen diren preskripzioekin bat etorriz.

2.– Joko horretako sari edo konbinazio irabazle mota ezberdinak eta horien zenbatekoak (ehunekoak edo zenbatekoa emanez) jokoa hasi baino lehen zehaztuko dira. Horrela, aldez aurretik zehaztutako zenbaki-konbinazioa osatzean lortuko da saria.

3.– Bingo eratorriaren bertsio ezberdinak baimentzeko, oinarrizko baldintzak betetzen direla egiaztatu beharko da, betiere Araudi honetan aurreikusitako prozeduraren arabera.

4.– Bingo eratorria, eta horren bertsioak, aldez aurretik homologatuak izan diren sistema informatikoen bidez ere jokatu ahal izango dira, baldin eta programek atal honetako arau orokorrak betetzen badituzte.

46. artikulua.– Bingo eratorriaren bertsioak.

1.– Bingo eratorriaren bertsioak ondokoak dira:

a) Zuzena: joko honetan sariak zuzeneko jokaldian bertan zehazten dira, kontuan hartu gabe jokoan izan den apustu kopurua.

b) Diferitua: joko honetan sariaren zenbatekoa finkoa da eta partidek iraupen jakin bat izaten dute, saldu den txartel kopuruaren edo egin den apustu kopuruaren arabera.

2.– Bingo eratorrian, jokoari buruzko datuak fidagarriak direla eta jokoa nolakoa izan agintzen duten baldintzak betetzen direla bermatuko duen euskarri teknikoa egongo da.

3.– Bingo eratorriaren edozein bertsiotan sarietarako gordetzen den ehunekoa jokatu den diru kopuruaren %70ekoa izango da gutxienez; gainera, modalitate bakoitzean dauden sarietarako zein ehuneko eman den ere zehaztu beharko da.

4.– Jokorako txartel birtualak erabiltzen direnean honakoak bermatu beharko dira: jokoaren kontrola eta kontabilitatea, segurtasuna eta egin diren eragiketa guztien erregistroa.

47. artikulua.– Agiriak.

1.– Bingo eratorrira jokatu ahal izateko Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzaren baimena eduki behar da, eta horretarako ondoko agiriak aurkeztu behar dira:

a) Deskripzio-memoria. Bertan, honakoak jasoko dira: jokoaren funtzionamendu-arauak, emandako sariak, sariak emateko baldintzak, sarietarako gordetzen den ehuneko osoa, eta sariek kategoria ezberdinetan duten banaketa.

b) Zuritzeko memoria teknikoa. Bertan, honakoa zuritu beharko da: jokoa eta horren funtzionamendua atal honetan bingo-jokorako ezartzen diren ezaugarri orokorrekin bat datozela eta, teknikoki, baldintza horiek betetzen dituztela. Bertsio diferituaren kasuan, modalitate honetarako aurreikusi diren baldintza orokorrak bete ahal izateko erabiliko diren kalkulu tekniko justifikatuak eta iraupena zehaztuko dira.

c) Memoria teknikoa. Bertan, jokorako eta horren kontrolerako izango den euskarri teknikoa zehaztu eta deskribatuko da, jokoaren fidagarritasuna eta gardentasuna une oro bermatuko duten segurtasun-mailak ere zehaztuz.

2.– Aurreko puntuko b) eta c) letretan ezartzen diren baldintzak eskumena duen teknikari batek sinatuta eta dagokion Elkargoak ikus-onetsita egongo dira. Administrazioak sistemaren funtzionalitatea eta jokoaren fidagarritasuna egiaztatzeko eta jokoa aurkeztu diren agiriekin bat datorrela bermatzeko bidezkotzat jotzen dituen aldez aurreko probak egingo ditu.

VIII. KAPITULUA
BINGO-JOKOAREN ERAGIKETEN
ETA ERREKLAMAZIOEN ERREGISTROA

48. artikulua.– Akten Liburuan erregistratzea.

1.– Saio bakoitza akta batean geratuko da jasota, saioko partida guztiak azalduz. Partida egin eta aldi berean idatziko da aktan; horrela, aktan beharrezko datuak idatzi arte ezin izango da bolarik atera.

2.– Aktak azala izango du eta zenbakituta emango da. Halaber, Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak zigilatu eta izapidetuko du.

3.– Aktan saioaren hasierarako izapideak, eguna, ordua eta mahaiko arduradunaren sinadura jaso beharko dira; gero, partida bakoitzari buruzko hurrengo datuak eman beharko dira: partidaren ordena-zenbakia, seriea edo serieak, prezioa eta saldu den txartel kopurua, bildu den diru-kopurua, lerro eta bingoetan ordaindu diren zenbatekoak, eta modalitate bakoitzean izan diren sariak. Saioa bukatzean itxiera-izapidea egingo da, idatzi den ordua eta mahaiko arduradunaren sinadura emanez.

4.– Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak aldez aurretik homologatuz gero, artikulu honetan aipatzen diren Akten Liburuen ordez formatu, eduki eta baldintza berberak dituen euskarri informatikoa eman ahal izango da.

49. artikulua.– Erreklamazioen liburua.

1.– Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak zigilatu eta izapidetutako Erreklamazioen Liburua egongo da jokalariek, nahi izanez gero, erabil dezaten. Erreklamazioan honakoak agertu beharko dira: erreklamatzailearen datuak, bere nortasun-agiri nazionalaren zenbakia edo horren baliokidea eta egitateen azalpen laburra. Erreklamazioa, halaber, erreklamatzaileak eta aretoko arduradunak sinatu beharko dute.

2.– Liburu horretan, bingo-enpresek partidetan izan diren gorabehera nagusienak jasoko dituzte, hala nola: etenaldiak, hutsak edo sistema teknikoen matxurak.

IX. KAPITULUA
BINGO-JOKOAREN MAKINA LAGUNTZAILEAK

50. artikulua.– Bingo-jokoaren makina laguntzaileak.

1.– Bingo-jokoan, edozein dela horren modalitatea, jokorako makina laguntzaileak erabili ahal izango dira. Makina horiek bingoan jokatzeko lokaletan dagoen kontrol-mahaira konektatuta egongo dira eta txartel fisikoen ordez erabili ahal izango dira.

2.– Bingo-jokorako makina laguntzaileak erabiltzeko, Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak aldez aurretik homologatu eta baimendu beharko ditu.

51. artikulua.– Makina laguntzaileen gehieneko kopurua.

1.– Areto bakoitzean gehienez ere egongo den makina laguntzaileak ondorengoak izango da:

a) 1. kategoriako aretoetan:.... 24 makina.

b) 2. kategoriako aretoetan:.... 18 makina.

2.– Partida batean, makina eta jokalari bakoitzeko gehienez 6 serie eta serie bakoitzean 6 kartoi jokatu ahal izango dira.

3.– Makina laguntzaileetan, jokatu diren txartelen identifikazioa ikusteko moduan egongo da, txartelen seriea eta zenbakia azalduz eta partida bakoitzean jokatu diren txartelak zein diren adieraziz.

X. KAPITULUA
JOKALARIARENTZAKO INFORMAZIOA

52. artikulua.– Jokalariarentzako informazioa.

Bingoan jokatzeko lokaletan, bingo-jokoaren modalitate guztiei buruzko arauak egon beharko dira jokalarien esku. Arauok, gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan idatzita egongo dira. Halaber, lokal horietako titularrek aipatu joko-modalitateetako arau ofizialak jokalarien esku eduki behar izango dituzte.

XI. KAPITULUA
ERROTULU ADIERAZLEAK
ETA SUSTAPEN JARDUERAK

53. artikulua.– Errotulu adierazleak.

1.– Eraikinaren fatxadan edo bingoan jokatzeko lokala dagoen hirigintza-barrutiaren sarreran soilik jar daitezke errotuluak. Hauetan lokalaren anagrama eta merkataritzako izena adieraziko dira. Lokalean egon daitezkeen beste zerbitzu batzuei buruzko seinaleak errotulu horien osagarriak izango dira eta, beraz, hauek baino tamaina txikiagoa izango dute.

2.– Era berean, "Bingo" hitza hotel edo konplexuaren merkataritzako izenaren zatitzat erabil daiteke, bingoan jokatzeko lokala barruti honetan badago behintzat.

54. artikulua.– Sustapen-jarduerak.

Bingoan jokatzeko lokalen sustapen-jarduerak jendea informatzeko baino ez dira. Debekatuta daude jendea sinestaraztea helburu duten mezuak edo zuzenean jokatzera bultzatzen dutenak.

55. artikulua.– Baimendutako sustapen-jarduerak.

Betiere honako sustapen-jarduerak baimenduko dira:

a) Lokala eta honen kokapena eta zerbitzu osagarriak eguneko prentsan aipatzea.

b) Iragarki eta turismo-erreportajeetan bingoan jokatzeko lokala eta bertako instalazioak aipatzea, baita orokorrean zein lokala kokatzen den udalerri edo gunean eskaintzen diren zerbitzuen zerrenda ematea ere.

c) Aisia- eta bidaia-aldizkari espezializatuetan edo sektorekoetan lokalaren berri ematea.

d) Bingoan jokatzeko lokalari eta honen zerbitzu osagarriei buruzko foiletoak prestatu eta bidaltzea. Foileto hauek hoteletan, bidaia-agentzietan, bidaiarien garraiorako zentroetan eta jendaurreko ikuskizunetarako lokal edo instalazioetan jar daitezke.

e) Bingoan jokatzeko lokalaren izena erabiltzea jendaurreko ikuskizun zehatzak edo jolas-, kirol- edo kultura-jarduera zehatzak babesteko, adin txikikoentzako direnak salbu.

f) Urtero, bingoan jokatzeko lokalean jaialdia antolatzea. Horretarako, egin beharreko ekintzak labur-labur adieraziko dira aldez aurretik. Ez da beharrezkoa udalerri edo herriko zaindariaren jaia, Gabon-gaua eta Urtezahar gaua ospatzeko egiten diren jaialdien berri ematea.

56. artikulua.– Baimentzeko baldintzak.

1.– Bingoan jokatzeko lokalaren inguruko informazioa eman ahal izango da prentsan eta irratian, enpresak zerbitzua hobetzeko inbertsioak egin eta establezimendua jendearentzako itxi behar badu. Nolanahi ere, honako baldintzak bete behar dira:

a) Lokala egun osoan egongo da itxita eta, gutxienez, hiru egunez jarraian.

b) Erakunde edo enpresa eskatzaileak egin beharreko berritzeen eta itxita egongo den egunen memoria erantsiko du.

2.– Sei hilean behin, arlokako informazio-sustapenak egin daitezke jendeari bingoan jokatzearekin erlazionatuta dauden zenbait alderdiren berri emateko. Jarduera honek herria, lurralde historikoa edo autonomia-erkidego osoa har ditzake bere baitan.

3.– Kirol-jarduerak banaka zein arloka babes daitezke, baita erakunde instituzionalek antolatu edo lagundutakoak ere, zehazki adin txikikoentzat direnean salbu.

4.– Sustapen-jarduerak baimentzeko eskaeretan, hedatu nahi den informazioaren edukia, formatua eta iraupena adieraziko dira.

57. artikulua.– Publizitate komertziala.

Bingoan jokatzeko lokaletan publizitate komertziala jar daiteke, baldin eta honek ez badu jokoen garapena oztopatzen.

58. artikulua.– Opariak emateko debekua.

Debekatuta dago bingoan jokatzeko lokalera etortzen direnei edozein motatako objektuak saltzea edo oparitzea. Halaber, debekatuta daude ostalaritzan gonbit orokorrak egitea, 54. artikuluko f) idatz-zatian zehazten diren jaiak ospatzen direnean salbu.

XII. KAPITULUA
IKUSKAPENA

59. artikulua.– Ikuskatzailetzari eman beharreko informazioa.

1.–Bingoan jokatzeko lokaletako langile guztiek joko-arloko jarduerak kontrolatzeari buruzko informazioa eta agiriak eman beharko dizkiete Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzatik datozela behar bezala egiaztatzen duten ikuskatzaile eta funtzionarioei.

2.– Lokalaren atarian edo sarreran, bingoan jokatzeko lokala baimentzen duen agiria erakutsiko da nahitaez, baimenean bertan zehazten den eduki eta formatuarekin.

3.– Era berean, Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzari dagokio Euskal Autonomia Erkidegoko bingoan jokatzeko lokalak ikuskatzea, ikuskizunen arautegian ezarritakoa betetzen dela egiaztatzeko.

XIII. KAPITULUA
ORDUTEGIA

60. artikulua.– Bingo-aretoen ordutegia.

1.– Bingoan jokatzeko lokalak 16etatik aurrera irekiko dira. Lokal hauek ordutegien arloko arautegian ezartzen den orduan itxiko dira beranduenez.

2.– Bingoan jokatzeko lokaletarako baimentzen den jarduera-ordutegitik kanpo, lokalak jokorako ez beste xede batzuetarako erabili ahal izango dira, Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak baimena eman ondoren.

3.– Bingoan jokatzeko lokalaren titular den enpresak orduen aldetik ezarri diren mugen barruan zehaztuko du partidak zein ordutan hasi eta amaituko diren. Azken partida jokatzerakoan, beren beregi iragarriko zaie jokalariei eta inoiz ez da gehienez baimendutako ordua baino beranduago hasiko.

XIV. KAPITULUA
ZERBITZU OSAGARRIAK

61. artikulua.– Ostalaritza- eta ikuskizun-zerbitzua.

Bingoan jokatzeko lokalen barruan ostalaritza- eta ikuskizun-zerbitzuak jarri ahalko dira, baldin eta jokalarientzat baino ez badira. Orduen aldetik zerbitzu horiei dagozkien mugak bingoan jokatzeko lokalarenak izango dira.

62. artikulua.– Joko-makinetarako lokal zehatzak.

Bingoan jokatzeko lokaletan joko-makinak instalatzeko lokal zehatzak baimen daitezke. Leku horiek harrera-gunetik eta gainerako joko-aretoetatik bereizita egongo dira eta indarrean dagoen arautegiak lokal horiei buruz ezartzen dituen betekizunak beteko dituzte.

XV. KAPITULUA
ZEHATZEKO ARAUBIDEA

63. artikulua.– Administrazioko arau-hausteak.

1.– Jokoa arautzen duen 4/1991 Legeko 24. artikuluan eta ondorengoetan ezarritakoarekin bat etorriz, Arautegi honetan xedatutako arau-hausteak arinak, larriak edo oso larriak izan daitezke.

2.– Jokoa arautzen duen 4/1991 Legeko 25. artikuluan xedatutakoari jarraiki, honakoak dira arau-hauste oso larriak:

a) Administrazio-baimenik gabe bingo-jokoa antolatzea, egitea, ustiatzea edo horretan aritzea; halaber, baimendutako lokal edo esparruetatik kanpo edo baimendu gabeko pertsonen bidez joko hori egitea edo horretan aritzea.

Bingo-enpresetako elkarteen kapitala arauz ezarritako mugetatik behera murriztea

c) Administrazioaren baimenik izan gabe akzio edo partaidetzak eskualdatzea

d) Homologatu gabeko joko-osagarri edo elementuak erabiltzea eta material bera ordeztea edo iruzurrez manipulatzea.

e) Jokoa kudeatu, antolatu eta ustiatzeaz arduratzen diren enpresetako langileek eta zuzendariek, akzionistek, partaideek edo titularrek, baita ezkontideek edo lehen mailako aurreko zein ondorengo ahaideek ere, enpresa horiek kudeatu edo ustiatzen dituzten jokoetan parte hartzea, hala zuzenean nola hirugarrenen bidez.

f) Ezarritako sarien banaketa eta ehunekoak aldatzeko asmoz jokoak manipulatzea.

g) Jokoa arautzen duen Legeko 23. artikuluko 3. zenbakiak ezartzen duen bezala, joko-enpresen zerbitzura dauden pertsonek bingoan jokatzeko lokaletan maileguak ematea.

h) Datu faltsuak edo manipulatutako agiriak ekarriz dagozkion baimenak lortu izatea eta horiek emateko oinarritzat hartu ziren arauak haustea.

i) Baimen horiek emateko zehaztu diren baldintzak ez betetzea.

j) Apustulari edo jokalariei irabazi dituzten kopuruak osorik zein partzialki ez ordaintzea, baldin eta hutsegitea ez bada hutsegite larritzat jotzen.

k) Baimenik gabeko lokaletan edo baimenik ez duten pertsonei jokatzeko aukera eskaintzea, eta jokatzeko elementuak baimenik gabe instalatu eta ustiatzea.

l) Joko-makinak edo makina laguntzaileak administrazio-baimenik gabe edo baimendutako kopurua baino gehiago instalatzea.

m) Adin txikikoei lokal horietan jokatzeko baimena ematea edo jokatzen uztea.

n) Jokoen publizitateari buruzko arauak haustea.

o) Urtebeteko epean bi arau-hauste larri egitea.

3.– Jokoa arautzen duen 4/1991 Legeko 26. artikuluan xedatutakoari jarraiki, honakoak dira arau-hauste larriak:

a) Araudi honen eta baterako arautegiaren arabera debekatuta duten pertsonei bingoan jokatzeko lokaletan sartzen uztea.

b) Bisitarien erregistroa eta sarrera-kontroleko erregistroa behar den moduan ez egotea edo osatu gabe egotea.

c) Agintaritzako agenteek eta, zehazki, horretan diharduten funtzionarioek aurrera daramaten kontrol eta zaintzako ikuskatzailetza-ekintzari uko egitea edo oztopoak jartzea.

d) Bingoan jokatzeko establezimenduan eta, orobat, baimendutako makinetan, araudi honetan eta baterako arautegian ezarritako baimenen egiaztagiriak ez erakustea.

e) Lokaletan segurtasun-neurriak ez egotea edo kaxkarrak izatea.

f) Apustulari edo jokalariei irabazi dituzten kopuruak osorik zein partzialki ez ordaintzea, baldin eta kopurua 3.005,06 eurokoa edo gutxiagokoa bada.

g) Lokalaren gehieneko edukieraren arabera, baimentzen direnak baino pertsona gehiago onartzea.

h) Jokalari edo apustulariak adeitasunik gabe tratatzea, bai jokoan zehar, bai kexak edo erreklamazioak aurkezten dituztenean

i) Orduen aldetik joko-establezimenduetarako ezarri diren mugak gainditzea.

j) Urtebeteko epean hiru arau-hauste arin egitea.

k) Aurreko artikuluan aurreikusitako arau-hausteetako bat egitea, baldin eta horren izaera, zergatia edo inguruabarra kontuan hartuta oso larritzat kalifikatzen ez bada.

4.– Jokoa arautzen duen 4/1991 Legeko 27. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, arau-hauste arinak dira Lege horretan eta Araudi honetan ezartzen diren baldintza edo debekuetakoren bat ez betetzea (baldin eta larritzat edo oso larritzat kontsideratzen ez badira), baita aurreko artikuluan aurreikusitako arau-hausteetakoren bat ez betetzea ere (baldin eta horren izaera, zergatia edo inguruabarra kontuan hartuta ez bada larritzat kalifikatzen).

5.– Araudi honetan bildutako arau-hausteak Jokoa arautzen duen 4/1991 Legeko IV. Kapituluan ezarritako zenbatekoan eta bertan adierazten diren araubide eta prozedurarekin bat etorriz zehatuko dira.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.

1.– Interkonektatutako bingo pilatua jokatu ahal izateko, beharrezkoa da Euskal Autonomia Erkidegoan dauden bingoan jokatzeko lokal guztien artean gutxienez %55a modalitate horretara atxikita egotea.

2.–Interkonektatutako bingo pilatuaren modalitate honetara atxiki nahi duten bingoan jokatzeko lokalen titularrek 10 egun balioduneko epea izango dute Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzari eskaera egiteko. Horrezaz gain, une horretan bingo pilatu moduan dagoen kopurua adieraziko diote. Araudi hau indarrean sartu eta modalitatera atxikitzea eskatzen ez dutenek urtebete igaro arte ezingo dute berriro eskatu.

Bingoan jokatzeko lokal berrien titularrek lokala instalatu eta abiarazteko baimena ematen denetik hasi eta hilabeteko epea izango dute interkonektatutako bingo pilatuaren sistemara atxikitzeko eskaera egiteko. Hala egiten ez badute, aurretik ezarritako gabealdiari lotuko zaizkio.

3.– Araudi hau indarrean sartzen denetik eta interkonektatutako bingo pilatuaren hasierako kopurua zenbatze aldera, honela jardungo da: Bingo pilatu eta interkonektatutako bingo pilatu moduan bingoan jokatzeko aretoetan metatzen diren kopuruek (erreserbak barne) osatuko dute interkonektatutako bingo pilatuaren hasierako zenbatekoa. Joko-modalitate honetarako ezarritako gehieneko kopurua gainditzen bada, behin bakarrik eratuko da erreserba, interkonektatutako bingo pilatua banatzen den arte. Prozesu hau Araudia indarrean sartzen denetik zenbatzen hasi eta gehienez ere hilabeteko epean gauzatuko da.

Bigarrena.

1.– Araudia indarrean sartzen denean bingo-aretoak instalatzeko baimenen titular diren ongintza-, kirol-, kultura- eta turismo-erakundeek, beren izaerari eutsi artean, jarduera horrekin jarraitu ahal izango dute eta ez dute zertan Araudi honen 6. artikuluak eta hurrengoek arautzen duten enpresa-forma hartu.

2.– Halaber, Araudia indarrean sartzean dauden hirugarren kategoriako bingo-aretoek beren jarduerarekin jarraitu ahal izango dute, baldin eta baimendutako edukiera eta makina-kopurua errespetatzen badituzte.

3.– Araudi hau indarrean sartzean gehienez ere 149 pertsonako edukiera duten eta hirugarren kategoriako areto gisa sailkatuta dauden bingo-aretoak bigarren kategoriakotzat hartuko dira sailkapen horren ondoreetarako. Gainerakoan, ordea, Xedapen Gehigarri honen aurreko zenbakietan xedatutakoa aplikatuko zaie.

4.– Aurreko idatz-zatietan xedatutakoa gorabehera, enpresari dagokion jokorako lokalaren titulartasuna aldatzen bada edo sozietate den enpresaren akzio edo partaidetzen kapital sozialetik %50a baino gehiago eskualdatzen bada, bingo-aretoa nahitaez Araudi honetako aginduetara egokituko da.

Hirugarrena.

Ordezko kasuetan, Araudi honek bingo tradizionalaren jokorako ezartzen dituen agindu guztiak aplikatuko zaizkie interkonektatutako bingo pilatuari eta sari "bereziari".

Laugarrena.

Araudi honen 19. artikuluak bingo-areto izango den barrutiarentzat aurreikusten dituen baldintzak Araudia indarrean sartzen denetik aurkezten diren baimen-eskaerei bakarrik aplikatuko zaizkie.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenengoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko bingo-jokoari buruzko Araudia onesten duen Dekretuko Lehenengo Xedapen Iragankorrean aurreikusitakoa gauzatu artean, baimendutako joko-txartelen ereduek jarraituko dute indarrean.

Bigarrena.

Araudi honetako 19. artikuluan aipatzen den Joko eta Ikuskizunen zuzendariaren Ebazpenak zehaztapenak ezartzen dituenetik hasita, hiru hilabeteko epea egongo da bingoan jokatzeko lokal guztietan Onarpen Erregistroaren sistema informatikoa erabilgarri egon dadin.

Hirugarrena.

1.– Bingoan jokatzeko lokalen titular guztiak Araudi honen 15. artikuluan aipatzen diren fidantzari buruzko arau berrietara egokituko dira, Araudia indarrean sartzen denetik zenbatzen hasi eta bi hilabeteko epean. Egun dauden fidantzak berriak egiten direnean eta, aurreko arautegiarekin bat etorriz, ordaindu beharrekorik ez dagoenean jaso ahal izango dira.

2.– Bingo pilatuaren modalitateetan jokatzen ez dutenek egindako fidantza mantendu ahal izango dute, Araudi honetako 15. artikuluan aurreikusitako afektazioarekin.


Azterketa dokumentala