Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

26. zk., 2004ko otsailaren 9a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Herrizaingo Saila
752

EBAZPENA, 2004ko urtarrilaren 23koa, Joko eta Ikuskizun zuzendariarena; honen bidez, jokoaren arloko prozeduren izapide telematikoak arautzen dituen Herrizaingo sailburuaren 2004ko urtarrilaren 23ko Aginduak aipatzen dituen ziurtagirien izapideek eta eskakizunek eduki beharreko ezaugarriak zehazten dira.

Ebazpen hau Herrizaingo sailburuak 2004ko urtarrilaren 23an emandako Aginduaren Azken Xedapenetatik Lehena garatzeko eman da. Agindu horrek jokoaren arloko prozeduren izapide telematikoak arautzen ditu, eta garatu nahi den xedapenak, berriz, eskumena ematen dio Joko eta Ikuskizun zuzendariari Aginduan xedatutakoa garatzeko eta aplikatzeko egoki iruditzen zaizkion xedapenak eman eta bidezko neurriak har ditzan.

Horrenbestez, honakoa

EBATZI DUT

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da jokoaren arloko prozeduren izapide telematikoak arautzen dituen Herrizaingo sailburuaren 2004ko urtarrilaren 23ko Aginduak aipatzen dituen ziurtagirien izapideek eta eskakizunek eduki beharreko ezaugarriak zehaztea.

2. artikulua.– Izapide telematikoaren prozedura.

Jokoaren arloko prozeduren izapide telematikoak arautzen dituen Herrizaingo sailburuaren 2004ko urtarrilaren 23ko Aginduak ezartzen dituen izapideren bat egin nahi dutenek honakoa egin behar dute:

a) www.ej-gv.net/dje web helbidera jo.

b) Txartela txartelen irakurgailuan sartu, PINa tekleatu eta aplikazioan sartzea onartu.

c) Aktibatutako prozeduraren bat aukeratu, izapide telematikoaren altan aurrez zehaztutako profilaren arabera.

d) Aplikazioak agiriaren sinadura elektronikoa eskatuko du. Erabiltzaileak, horretarako, onartutako ziurtagiri elektronikoak duen txartel kriptografikoa erabili, eta dagokion PINa tekleatu beharko du.

e) Transmisioa behar bezala burutuz gero, sistemak azalduko duen pantailan, besteak beste, eskatutako izapideari buruzko datuak, eskaeraren data eta eskaeraren erregistro-zenbakia erakutsiko dira, bai eta bidaltzailearen eta hartzailearen datuak ere.

f) Aplikazioak administrazio-tasaren likidazioa eta jakinarazpena sortuko ditu, eta, hala behar denean, baimena ere bai, eta hori Aginduak berariaz adierazitako kasuetan inprimatu beharko da.

g) Eskatutako izapidea B motako makinen homologazioa baldin bada, behin Joko eta Ikuskizun zuzendariak eskaera onartzeko edo ukatzeko ebazpena eman ondoren, aplikazioak jakinarazpenaren oharra bidaliko du interesdunak adierazitako posta elektronikoaren helbidera. Era horretan, interesduna jakitun egingo da www.ej-gv.net/dje helbide elektronikoan jakinarazpen bat dagoela.

h) Interesdunak, helbide elektronikora sartzeko, lehengo urratsa egin, eta "egin gabeko jakinarazpenak" aukeratuko du.

3. artikulua.– Izapide telematikoaren prozeduran erabili beharreko aplikazioaren baldintza orokorrak.

1.– Ebazpen honek aipatzen duen Aginduak ezarritako izapide telematikoak egiteko, artikulu honen 2. idatz-zatian adierazten den ziurtagiri elektronikoa izateaz gain, interesdunei alta eman behar zaie izapide telematikoan, eta, horretarako Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak sortuko duen formularioa bete behar da.

2. Agindu horren Xedapen Iragankor Bakarrak xedatutakoa gorabehera, honela onartutako ziurtagiri elektronikoa eduki behar da:

a) Ziurtagiriak UIT X.509.V. gomendioa edo maila goragoko gomendioak bete behar ditu; eta Izenpe SA ziurtatzeko zerbitzuen emailearen "Erakundeari dagokion ziurtagiria" izeneko motakoa izan behar du.

b) Ziurtagiriak eskatzeko, kudeatzeko, emateko eta ezeztatzeko baldintza teknikoak, operatiboak eta segurtasunekoak Izenperen Ziurtatzeko Praktiken Adierazpena izeneko agirian daude jasota, eta agiri hori www.izenpe.com helbidean eman da argitara.

c) Bestalde, a) idatz-zatian adierazten diren ziurtagiriak emate aldera, administrazio-ahalmenak dituen administrazio publikoren batean lanean ari diren langileek akta formalizatu behar dute, ziurtagirien eskatzailearen nortasuna, eskatzailearen ordezkaritza, eta ordezkatutako erakundearen eraketa baliozkoa den egiaztatzeko.

d) Aurreko a) idatz-zatian deskribatutako ziurtagiria eskatu nahi dutenek behean adieraziko diren agiriak aurkeztuko dizkiote identifikazioko erakunde publikoari. Erakundeak eskatzailearen nortasuna egiaztatuko du eta interesdunak duen ordezkaritzari buruzko agiriak bidaliko dizkio agiri horiek egiaztatu behar dituen administrazio-unitateari, eta unitateak, agiriok egiaztatutakoan, interesdunari itzuliko dizkio.

e) Hauek dira Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzaren lurralde-bulegoetan aurkeztu beharreko agiriak, identifikazioko erakunde publikoan izapidetzeko:

– Eskatzailearen NANaren edo Egoitza Txartelaren kopia

– Kodea izango duten pertsonen (erakundeko langileen) NANaren edo Egoitza Txartelaren kopia.

– Ahalordetze-eskrituraren jatorrizko agiria edo benetako kopia bat; eskritura, hala badagokio, erregistro ofizial egokian inskribatuta egongo da, interesdunak duen ordezkaritza egiaztatuko du, eta, beraren bidez, erakundea behar bezala eratuta dagoela frogatuta geratuko da. Azken puntu hori eskrituran hitzez hitz jasota ez badago, erregistro ofizial egokian inskribatutako erakundearen eraketa-eskritura aurkeztu beharko da.

f) Txartelak eta gakoak jasotze aldera, horiek edukiko dituzten pertsonek nortasuna egiaztatu behar duen identifikazioko erakunde publikoko langileengana jo behar dute, eta NANa edo Egoitza Txartela erakutsi behar diete. Identifikazioko erakunde publikoak honako helbide hauek ditu lurralde historikoetan:

– Eusko Jaurlaritzaren Ordezkaritza, Kale Nagusia 85, Bilbo (Bizkaia)

– Eusko Jaurlaritzaren Ordezkaritza, Andia 13, Donostia (Gipuzkoa)

– Eusko Jaurlaritzaren Gasteizko egoitza nagusia, Lakua II

3.– Erabiltzailearen ordenagailu pertsonalaren softwareak bete beharreko gutxieneko baldintza teknikoak honakoak dira: Internet Explorer 5.01 (edo goragoko bertsioko) nabigatzailea.

4. artikulua.– Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak sinadura egiteko erabilitako ziurtagirien baldintzak.

1.– Onartu ez den aplikazioko ziurtagiriak UIT X.509.V. gomendioa edo maila goragoko gomendioak bete behar ditu; eta, gainera, Izenpe SA ziurtatzeko zerbitzuen emailearen "Aplikazioko ziurtagiria" izeneko gailu informatikoaren ziurtagiri-motakoa izan behar du.

Ziurtagiri hori informatikako aplikazio batek erabiltzen du, aplikazioak berak sinaturiko mezuen edo fitxategien benetakotasuna eta osotasuna bermatze aldera.

2.– "Erakunde publikoetako langileen" ziurtagiri onartuak UIT X.509.V. gomendioa edo maila goragoko gomendioak bete behar ditu; eta Izenpe SA ziurtatzeko zerbitzuen emaileak emango du.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Ebazpen honek ez du administrazio-bidea bukatzen, eta, ondorioz, interesdunak gora jotzeko errekurtsoa jar diezaioke Herrizaingo sailburuari, hilabeteko epean, Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

Bigarrena.– Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.

Gasteizen, 2004ko urtarrilaren 23an.

Joko eta Ikuskizun zuzendaria,

ALBERTO SANZ URIEN.


Azterketa dokumentala